3
TOKI ADMINISTRAZIOA

OIARTZUNGO UDALA

Iragarkia

Udal Osoak 2021eko maiatzaren 26an eginiko Bilkuran, «Oiartzungo udalerrian uraren kudeaketa arautzen duen Erregelamendua» dokumentuari hasierako onespena eman zion.

Aipatutako erabakiari jarraiki, espedientea jendaurrean jarri zen 30 eguneko epean, 2021eko ekainaren 7ko 105 zk.ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eginiko argitalpenaren bidez. Aipatu epean ez da alegazio, ez iradokizunik aurkeztu, beraz, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 49. artikuluan jasotakoaren arabera, Ordenantzaren aldaketa behin betikoz onartutzat jotzen da.           

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio bidea amaitzen du. Nahi izanez gero, administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.     

Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoarekin bat aipatu Ordenantzaren testua argitaratzen da.

Oiartzun, 2021eko uztailaren 21a.—Alkatea.    (5110)

ERANSKINA

Oiartzungo udalerrian uraren kudeaketa arautzeko udal araudia.

— Aurkibidea

Zioen azalpena.

i. kapitulua: arau orokorrak (1. art. - 7. art.).

ii. kapitulua: Oiartzungo udalaren eta abonatutako pertsonen betebeharrak eta eskubideak (8. art. - 11. art.).

iii.  kapitulua: instalazioak (12. art. - 17. art.).

iv. kapitulua: instalazio orokorrak (18. art. - 22. art.).

v.  kapitulua: hartuneak (23. art. - 33. art.).

vi. kapitulua: saneamendua (34. art. - 36. art.).

vii.  kapitulua: kontsumoen kontrola (37. art. - 53. art.).

viii. kapitulua: uraren horniketaren baldintzak (54. art. - 56. art.).

ix. kapitulua: horniketaren emakida eta kontratazioa (57. art. - 70. art.).

x. kapitulua: erregulartasuna horniketan (71. art. - 74. art.).

xi. kapitulua: irakurketak, kontsumoak eta fakturazioak (75. art. - 85. art.).

xii. kapitulua: iruzurrak uraren horniketan (86. art. - 89. art.).

xiii. kapitulua: tarifak ezartzeko sistemak (90. art. - 97. art.).

xiv.  kapitulua: erreklamazioak eta jurisdikzioa (98. art.).

XV. kapitulua: arau-hausteak eta zigorrak (99. art. - 107. art.).

Xedapen iragankorrak.

Xedapen indargabetzailea.

Azken xedapena.

Eranskinak.

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. eta 26. artikuluetan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/216 Legearen 17. artikuluaren 15. paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hiri-erabilerako uraren ziklo integraleko zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea udalerrien eskumena da. Gai honen barruan sartzen dira goi hornidura edo adukzioa, behe hornidura, saneamendua edo herriguneetako hondakin urak eta euri urak biltzea eta hiriko hondakin urak araztea.     

Ikusirik udalerriko uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzeko baldintzak egokitu beharra, ordenantza bat prestatu da, egungo beharretara egokitua eta gaia arautzen duten printzipioekin koordinatua.

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.    Xedea.

Araudi honen xedea da udalerrian ur-hornidurarako zerbitzua arautzea, bai etxean kontsumitzekoa, bai udalerriko gainerako erabiltzaileei ematekoa, Lanbarrengo industrialdeko suteen aurkako sistemarako emandakoa barne.          

Gainera, Oiartzungo Udalaren eta abonatuak diren pertsonen eta hornidura-zerbitzuaren titularren arteko harremanak arautzen ditu, bai eta Oiartzungo Udala titular den suteen aurkako zerbitzuaren erabiltzaile erreal edo potentzialen artekoak ere, eta alderdi horien eskubideak eta oinarrizko betebeharrak zehazten dira.

Zergei eta ordainarazpenei dagokienez, Udalean indarrean dagoen ordenantza fiskalak arautuko ditu zerbitzuak, baita Araudi honetan bertan xedatzen denak ere.               

Udala toki erakunde bat da eta bere eskumenen artean, bere udalerriaren barruan ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak eskaintzea jasotzen da, une bakoitzean indarrean dagoen Estatuko eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko legedian jasotzen diren xedapenen arabera.

Udalak aurreko paragrafoan aipatzen diren zerbitzuak erregimen zuzenean kudeatzen ditu.

Araudi hau Udalak bere eskumenen esparruan eskaintzen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua.    Arau orokorrak.

Edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua honako arau hauek xedatzen dutenari egokituko zaio: Araudi honek xedatutakoari, 2006ko martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari, haren ondoko aldaketa eta zuzenketetan xedatutakoari, Eraikuntzaren Kode Teknikoari baitagokio (aurrerantzean EKT) eta Udalak onarturik dauzkan Araudi eta/edo Ordenantzek diotenari, aurrekoekin kontraesanean ez badatoz, eta, gainera, onartzean indarrean dagoen estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriari.

3. artikulua.    Eskumenak.

Ur horniduraren emakida, bere modalitate desberdinetan, eta isurketen hustuketa eta tratamendua Udalari bakarrik dagokio, eta Toki Araubideari buruzko Legedian aurreikusitako kudeaketa-sistemetako baten bidez kudeatuko du.           

4. artikulua.    Hornidura-kontratuaren titularra.

Araudi honen ondorioetarako, abonatua izango da finka, lokal edo industriaren erabilera eskubidea izanik, ur edangarriaren hornidura kontratatuta daukan titularra edo bere ordezkaria. Gainera, kontratuaren titulartzat joko da hornidura-zerbitzu horren onura edo eragina, benetakoa edo potentziala, duena, dela etxeko kontsumorako edo beste edozertarako, baita suteen aurkako titulartasun publikoko instalazioetarako ere.        

5. artikulua.    Erakunde hornitzailea.

Araudi honen ondorioetarako Erakunde hornitzailea Udala izango da.

6. artikulua.    Estaldura ingurua.

Araudi hau Udalak udalerri barruan eskaintzen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei aplikatuko zaie, betiere Ordenantza honetako 25. eta 26. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Oro har, Udalarenak ez diren barrutietara ez da ur emaririk hornituko, ez barruti horietatik isurketarik hustuko ez araztuko. Alabaina, aparteko izaeraz eta kasu bakoitzean gertatzen diren inguruabarrak kontuan izanik, Udalak ur emariak hornitu ahal izango ditu, edota ur-isurketak atera eta araztu bere eskuduntzakoak ez diren barrutietatik, baldin eta eginkizun horiek ez badiote eragozten berari dagozkion udal zerbitzuei behar bezala kasu egitea.

Zerbitzuak udal barrutitik kanpo ematen direnean, prekarioan emandakotzat joko dira. Udalak, beraz, uste badu zerbitzu horiek mantentzeak udal zerbitzua kaltetu edo gutxitu egingo duela, horniketa eteteko aukera izango du. Holakoetan, erabiltzaileak ez du inolako eskubiderik izango erabaki horren kontra jotzeko.

7. artikulua.    Derrigorrez ordaindu beharra.

Urik ezin izango da inoiz eta inolaz ere hornitu, ez eta hondakin-urak atera eta arazteko zerbitzurik eman doako izaeraz.              

Udalak bere esku gordeko du bide publikoan dauden edateko uraren iturriak erabiltzeko eskubidea, uraren erabilera hori premiazkotzat jotzen denean, hala nola udalak kontratatzen dituen enpresen makina eta zerbitzuetarako denean.        

Udalak, halaber, herritarrei zerbitzu onuragarri bat emateko beharrezkotzat jotzen badu, berari egoki iruditzen zaizkion edateko uraren iturri guztiak jarri ahal izango ditu bide publikoan.

II. KAPITULUA

OIARTZUNGO UDALAREN ETA PERTSONA ABONATUEN BETEBEHARRAK ETA ESKUBIDEAK

8. artikulua.    Oiartzungo Udalaren betebeharrak.

Udalarentzako betebehar bereziak erakar ditzaketen eta Araudi honetan arauketa bereziko gai izan daitezkeen egoeretaz aparte, Udalak honako betebehar hauek izango ditu:  

— Izaera orokorrekoak: Udalak eskura dituen baliabideekin eta bere eskuduntza eremuaren barruan, edateko ura abonatuen hartu-lekura eramateko bete beharra dauka, betiere, Araudi honetan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan finkatzen diren baldintzen arabera.

— Ura hornitzeko betebeharra: 6. artikuluan definitzen den estaldura inguruaren barne, Udalak eskatzen duen oro uraz hornitzeko betebeharra dauka eta uraren hornidura zabaltzekoa eskatzen duen amaierako pertsona abonatu orori; betiere Araudi honetan eta indarrean dauden erregelamendu-arauetan jasotzen diren baldintza tekniko eta ekonomikoen arabera, bereziki, Araudi honetako 25. eta 26. artikuluetan jasotako salbuespen eta baldintzekin. Aurreko pasartean aipatzen diren zerbitzuak emateko betebeharra, azpiegitura eta instalazioak gauzatzeko eta garatzeko Udalak erabaki ditzakeen inbertsio planetan finkatzen diren epeen baldintzapean egongo da.    


— Uraren edangarritasuna: Udalak obligazioa dauka, indarrean dauden osasun xedapenen arabera, ura hargune-giltzara bitarte, eraikinaren barruko instalazioa hasten den puntura bitarte, edangarria izango dela bermatzeko, hornidura beste toki-erakunde bati egiten zaionean izan ezik.

— Instalazioen artapena: Udalak hornidurarako eta saneamendurako behar diren sare eta instalazioak eta ur hartunearen giltza eta hartune-lepoa bere kargura zaintzeko eta artatzeko betebeharra dauka.

— Zerbitzuaren erregulartasuna: Udalak uraren horniduraren erregulartasunari eusteko betebeharra dauka. Nolanahi ere, Araudi honetan jasotzen diren balizkoetan ezin izango zaizkio zerbitzuen etenaldiak egotzi.  

— Presazko deiak: Udalak deiak jasotzeko zerbitzu iraunkor bat izan beharko du, pertsona abonatuek eguneko edozein garaitan matxuren berri eman edo larrialdietan informazioa jaso ahal izan dezaten. Zerbitzu hau Udaltzaingoan egongo da zentralizatua.

— Erreklamazioak: Udalak idatziz aurkezten zaizkion erreklamazioei erantzun beharko die, administrazio-prozedura erkiderako oro har ezarritako baldintzetan.     

— Tarifak: Udalak finkatuta dauzkan hornidura mota bakoitzari dagokion ordenantza fiskalak, une bakoitzean, onartuta dituen tarifak aplikatzeko betebeharra dauka.  

9. artikulua.    Oiartzungo Udalaren eskubideak.

Egoera berezien ondorioz Udalari egotz lekizkiokeen beste eskubideez gain, honako eskubide hauek izango ditu izaera orokorrez:

— Barneko instalazioak ikuskatzeko: indarrean dagoen legediak Administrazioko Organo desberdinei ematen dizkien eskuduntzen kalterik gabe, Udalak Araudi honetan finkatzen diren mugen barne eta edozein arrazoi tarteko zerbitzuan egon edo erabiltzen diren hornidurarekin lotutako instalazioak ikuskatzeko, berrikusteko eta kontrolatzeko eskubidea dauka.    

— Faktura bidezko kobrantza: Udalak abonatutako pertsonari egiten dizkion fakturak edo karguak kobratzeko eskubidea dauka.

10. artikulua.    Abonatutako pertsonaren betebeharrak.

Araudi honetan eta abonatutako pertsona batentzat betebehar bereziak sortaraziz, arauketa bereziko gaiak izan daitezkeen egoera haietatik aparte, honako betebehar hauek izango ditu izaera orokorrez:        

1.    Ordainagirien eta fakturen ordainketa: jasotzen duen zerbitzuaren ordainetan, abonatutako pertsona orok, Udalak une bakoitzean onartuta dauzkan prezioen arabera egiten dizkion karguak ordaintzeko betebeharra izango du, bai eta zerbitzu berezietatik eratorririk, dagokion ordenantza fiskalean finkatzen dituen prezioak ordaintzeko ere.

Uraren kontsumoari dagokionean, ordaintzeko betebehar hori zabaldu egiten da, kontsumoaren arrazoia itogina, matxura edo barneko instalazioen eraikuntzan edo artapenean izan daitekeen edozein akatsen ondorio bada ere, abonatuak eskatuta eta ezohiko arrazoiengatik zati batean ordainaraztea erabakitzen duenean izan ezik.

2.    Fidantzen ordainketa: ureztatze-ahoen bidezko aldi baterako hornidurak edo eraikinak eraikitzeko edo obra eta zundaketak egiteko hornidurak eskatzen dituzten pertsona guztiek dagokion fidantza jartzeko betebeharra daukate, Araudi honetan xedatutakoaren arabera, Udalak hala eskatzen duenean.            

3.    Instalazioen artapena: EKTn gai honen inguruan xedatzen denaren kalterik gabe, abonatutako pertsona orok bere zerbitzurako instalazioak modu zuzenean erabili behar ditu eta, hala, instalazioak modurik onenean zaintzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, ur kutsagarriak sarera itzul ez daitezen zainduko du eta, horretaz gainera, kontagailua eta hartuneko instalazioak ez direla maneiatu bermatzeko dauden zigiluak berean mantendu eta irakurketa errazteko baldintzarik onenak jarriko ditu. Hartuneen zaintza eta artapena pertsona abonatuaren erantzukizuna izango da, ura hartzeko giltzatik aurrera.              

4.    Instalazioen ikuskaritzarako erraztasunak ematea: hornidura eskatzen duen pertsona orok behar diren elementu guztiak bere jabetzan jartzeko erraztasunak Udalari emateko obligazioa dauka, bai eta, hornidurarekin lotutako egiaztapen guztiak egin ditzan. Erakunde horrek baimendutako eta egiaztatzen duen pertsonalari sarbidea emateko ere. 

5.    Era berean, eta kasu bakoitzean egokienak diren neurketa ekipoak eta gainerako elementu osagarriak jartzeko behar diren lokalak, esparruak edo kutxetak erabiltzeko eskubidea Udalari lagatzeko obligazioa dauka.

6.    Hirugarrenenganako desbideraketak: abonatutako pertsonek ezin izango diote, inola ere ez, urik beste hirugarrengo pertsonei laga, doan zein kopuru baten ordainetan, ez denbora jakin baterako ez izaera iraunkorrez, ez bada Udalak baimentzen duen kasuetan. Eta bai berak eta bai bere menpeko norbaitek horniduran egin dezakeen edonolako iruzurraren erantzule izango da abonatutako pertsona hori.

7.    Matxuren berri ematea: abonatutako pertsonek, denen eta beren mesederako, banaketako sare nagusian izan edo beren iritzian izan daitekeen edozein matxura edo hondaketaren berri eman behar dio Udalari.

8.    Erabilerak eta horniduraren irismena: abonatutako pertsonek kontratatutako urari dagokion erabilera emateko obligazioa dauka. Bereziki, Lanbarrengo industrialdeko suteen aurkako sistemaren erabiltzaileek ezin izango dute xede horretarako hornitutako ura beste erabilera batzuetarako erabili, ez giza kontsumorako, ez aurreikusitakoaz bestelako helburuetarako.

9.    Era berean, kontratatutako horniduran gehikuntzarik edo hartzaileen kopuruan aldaketarik ekarriko lukeen instalazioetako edozein aldaketaren berri eman eta Udalaren baimena jasotzeko obligazioa daukate abonatuek.    

10.    Aipaturiko arrazoi hori tarteko neurketarako ekiporen bat aldatu beharko balitz, abonatutakoak egingo du, bere kontura. Ekipoa Udalak eskatutako tipologiakoa izango da, eta indarrean dagoen ordenantzako zehaztapen teknikoak beteko ditu.              

11.    Bajaren berri ematea: etxeko kontsumorako uraren hornidura-sisteman abonatuta egonda hornidura zerbitzuan baja eman nahi duen pertsonak bere nahiaren berri Udalari emateko obligazioa dauka eta, betiere, hornidura zerbitzuari amaiera eman nahi dion data adierazi beharko du. Abonatuek hartunea deuseztatu beharko dute hartune hori buxatuz eta pasabidea ixten duen balbula kenduz, betiere Udaleko Ur Zerbitzuak gainbegiratuta. Ez da kontuan hartuko horniduraren baja lehenago deskribatutako eragiketa egin gabe.

12.    Titularra aldatzen edo kontratuaren subrogazioa egiten denean, aldaketa data jakinarazteaz gainera, egun horretan kontagailuaren irakurketak ematen duen emaitza aditzera emango da.

13.    Ur-emaria berreskuratzea: ura energia eroale gisa erabiltzen dituzten hozketa ekipoak edo izozketa instalazioak edota beren instalazioetan igerilekuak dituzten pertsona abonatuek, ura birziklatzeko ekipoak jarri beharko dituzte beren instalazioetan.

14.    Instalazioen bereizketa: finka berean banaketa publikoko urarekin batera beste jatorriko urik dagoenean, abonatutako pertsonak ura ibiliko edo bilduko duen sare eta instalazio desberdinak jartzeko obligazioa izango du eta bata eta bestea nahasteko ezein arrisku ekidin beharko.

15.    Ura arrazoizko eran erabiltzea, zarrastelkeriak saihestuz eta ura aurrezteko xedez Udalak sustatutako kanpainetan laguntza ematea.

16.    Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak: Oiartzungo Udaleko Ur Zerbitzuak udal titulartasuneko ura edukitzeko ahaldundutako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien titularrek birziklatzeko eta/edo uraren kontsumoa aurrezteko ekipoak izan beharko dituzte, Zerbitzu horrek aldez aurretik baimenduta.               

17.    Udalaren titulartasuneko suteen aurkako instalazioaren (Lanbarren) erabiltzaileek aldez aurretik, aste bete aurrez, jakinarazi beharko diote Udalari kontsumoak sortzen dituen edozein esku-hartze mota. Horrela egin beharko dute ere sistemarengan ondorioak izan dezakeen edozein jarduketarekin, horien artean euren suteen aurkako instalazioetan egin beharreko mantenu lanekin.

11. artikulua.    Abonatutako pertsonen eskubideak.

Egoera berezien ondorioz abonatutako pertsonei egotz lekizkiokeen beste eskubide haietaz gain, honako eskubide hauek izango ditu izaera orokorrez:

— Uraren edangarritasuna: indarrean dauden xedapenetan ezartzen diren edangarritasun baldintzak betetzen dituen ura jasotzea bere instalazioetan.

— Zerbitzu etengabea: edateko uraren hornidura etengabea izatea, hornidura kontratuan ezartzen diren baldintzen arabera eta Araudi honetan eta gainerako xedapen aplikagarrietan finkatzen diren bestelako mugarik gabe. Udalak bere esku gordeko du ur-hornidura mozteko eta uraren presioa aldatzeko eskubidea salbuespenezko matxura-kasuetan, eta abonatuak ez du erreklamaziorik aurkezteko edo kalte-ordainik eskatzeko aukerarik izango.    

— Fakturazioa: jasotzen dituen zerbitzuen ordainketarako, une bakoitzean indarrean dauden kontzeptuak eta kopuruak faktura dakizkion.

— Irakurketaren maiztasuna: hornidura kontrolatzen duen neurketa ekipoaren irakurketa gehienez ere zortzi hilabeteko maiztasunarekin egitea Udaleko Ur Zerbitzuak.

— Fakturazioaren maiztasuna: jasotzen dituen zerbitzuen fakturazioa, lau hilabeteko gehienezko epean jasotzea, Udalak fakturazio-aldia luzatu ahal izango duen salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Kontratua: Araudi honen 60. artikuluan finkatzen diren hornidurarako oinarrizko baldintzak jasoko dituen kontratu bat egitea, idatziz (1. eranskineko eredua).  

— Barneko instalazioak gauzatzea: abonatutako pertsonek beraiek hautatzea libreki barneko instalazioak egingo dizkion instalatzaile baimendu bat eta materialaren hornitzailea bera hautatzea, betiere, arauz eskatu daitezkeen baldintza teknikoak bete beharko baditu ere materialak.

— Erreklamazioak: Udalaren jardueraren aurkako erreklamazioak jartzea, Araudi honetan edo administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian jasotzen diren prozedurei jarraiki. Erreklamazioa uraren hornidura baldintzak betetzearekin lotuta dagoenean, erreklamaziogileak hornidura kontratuaren titularra edo haren legezko ordezkari dela egiaztatu beharko du.            

— Informazioa: zerbitzuarekin eta funtzionamenduarekin lotutako gai guztiak, norberaren hornidurarekin lotutako gaietan, kontsultatzeko; bai eta idatziz jasotzeko erantzuna ere, prozedura hori erabiliz egin diren kontsultetan. Era berean, eskatzaileak eskubidea izango du, horrela eskatuz gero, aplikagarri zaion eta indarrean dagoen Araudiaren berri eman dakion.Indarrean dagoen Araudia Udalaren Atari Elektronikoan egongo da eskuragarri, interesdunek kontsulta dezaten.

— Zigiluak kentzea: hornidura-premia larria gertatuz gero, baimendutako instalatzaileak instalaziorako ur-pasabidea ireki dezake eta horren berri Udaleko Ur Zerbitzuari eman beharko dio, ireki eta 24 orduren barruan.             

III. KAPITULUA

INSTALAZIOAK

12. artikulua.    Banaketa sarea.

Banaketa sarea hodi guztiek eta edateko ura presioan daramaten maniobra eta kontroleko gainerako elementuek osatzen dute; bertatik ateratzen direlarik abonatutako pertsonentzako ur hartuneak.

13. artikulua.    Arteria.

Arteria da hornitutako zonaldeko sektore desberdinak lotzen dituen hodia eta banaketa sarearen barne, berarekin lotuta dauden gainerako elementuak. Arteriatan ezin daitezke ur-hartuneak atera.

14. artikulua.    Bide hoditeria.

Bide hoditeria osatzen dute, bide batean zehar doazen banaketa sareko hodiak eta berauetatik, hala balegokio, hornidurako hartuneak, ureztatze-ahoak eta suteetako ur-hartuneak atera daitezke.

15. artikulua.    Hartuneak.

Bide-hoditeria hornitu nahi den finka, lurzati edo dena delakoaren barneko instalazioarekin lotzen dituen hodien eta gainerako elementuen multzoak dira.               

1.    Hartuneak honako elementuak eduki behar ditu:

a)    T bat edo kargako hartune-lepo bat, hartune-giltzarekin, horniketako kanpoko sarearen hodi banatzailearen gainean, hartunea irekitzeko;

b)    hartune-hodia, hartune-giltza eta mozketa orokorreko giltza elkarrekin lotzeko;

c)    Mozketa-giltza, jabetzaren kanpo aldean jarriko dena.

2.    Hartunea ur-bilketa pribatutik egiten bada edo ur-hornidurarako sare orokorrik ez dagoen landa-eremuan egiten bada, honako ekipoak jarri beharko dira, ur bilketarako behar denaz gain: oineko balbula, ura leku batetik bestera aldatzeko ponpa eta erregistro eta mozketa orokorreko balbulak.  

3.    Suteen aurkako hartuneak: suteen aurkako hartuneak 1. paragrafoaren ezaugarri berekoak izango dira, baina betiere erabilera espezifikora egokituta.

16. artikulua.    Ur horniduraren instalazio orokorrak.

Ur horniduraren instalazio orokortzat honako hauek hartuko dira: hodien multzoa eta bere kontrol, maniobra eta segurtasunerako elementuak; baina betiere, uraren zirkulazioari jarraiki, ixteko giltzaren ondoren kokaturik daudenak.

Instalazio orokorrak, onartutako eskemaren arabera, ondoren datozen ataletan aipatzen diren elementuetatik dagozkionak eduki behar ditu, hauek alegia:

— Mozketa orokorreko giltza: mozketa orokorreko giltza eraikinaren horniketa eteteko izango da, eta jabetzaren barruan jarriko da, erabilera komuneko zonaren batean, bertara erraz iristeko moduan eta erraz identifikatzeko eran seinalatuta. Kontagailu orokorraren armairu edo kutxetarik balego, horren barruan jarri behar da mozketa orokorreko giltza.

— Instalazio orokorraren iragazkia: instalazio orokorraren iragazkiak hoditeria metalikoa herdoildu ditzaketen ur-hondarrak atxiki behar ditu. Iragazki hori mozketa orokorreko giltzaren jarraian jarriko da. Kontagailu orokorraren armairu edo kutxetarik balego, horren barruan jarriko da. Iragazkiak Y motakoa behar du izan; iragazpen-muga 25 eta 50 μm bitartekoa izango da; sarea altzairu herdoilgaitzezkoa, eta zilarreztatua, bakteriorik ez sortzeko, eta berez garbitzeko modukoa. Garbitzea eta artatzea behar bezala egiteko moduan jarriko da iragazkia, eta eginkizun horiek horniketa moztu beharrik gabe egiteko moduan.   

— Kontagailu orokorraren armairu edo kutxeta: kontagailu orokorraren armairu edo kutxetak honako elementuak edukiko ditu barruan eta hemen aipatzen diren ordena berean: mozketa orokorreko giltza, instalazio orokorraren iragazkia, kontagailua, probak egiteko giltza, iturria edo errakorea, atxikitzeko balbula eta irteerako giltza. Horren instalazioa lurrari paraleloan dagoen planoan egingo da. Irteerako giltzak eraikinaren horniketa mozteko aukera eman behar du. Mozketa orokorreko giltzak eta irteerakoak kontagailu orokorra jarri eta kentzeko balio behar dute.

— Elikatze-hodia: elikatze-hodiaren ibilbidea erabilera komuneko zonetan zehar joango da. Horman txertatzen bada, erregistroak jarri behar dira instalazioa ikuskatu eta jarioak kontrolatzeko; erregistro horiek hodiaren ertzetan eta norabidea aldetzeko lotunetan jarriko dira.

— Banatzaile nagusia.Banatzaile nagusiaren ibilbidea erabilera komuneko zonetan zehar joango da. Horman txertatzen bada, erregistroak jarri behar dira instalazioa ikuskatu eta jarioak kontrolatzeko; erregistro horiek hodiaren ertzetan eta norabidea aldetzeko lotunetan jarriko dira.

Eraikin berezietan, hala nola osasun erabilera dutenetan, eraztunak eratuko dira banaketarako. Hartara, matxuraren bat gertatzen denean, bermatuta egongo da barruko horniketa.

— Goranzko hodiak edo hodi-muntagak: goranzko hodiak edo muntagak eraikineko erabilera komuneko zonetan zehar joango dira.

Holako hodiak berariaz egindako leku edo hutsunetan zehar joango dira. Aipatutako leku edo hutsune horiek erabilera partekatukoak izan daitezke, baldin eta erabilera horiek eraikineko ur-instalazioak badira. Leku edo husgune horiek erregistratzeko modukoak izango dira eta tamaina egokikoak, bertan mantentze lanak egin ahal izateko.Goranzko hodiek atxikipen-balbula bat, mantentze-lanetarako mozketa-giltza bat eta hustuketa-txorrota edo -tapoia duen ixteko giltza bat izan behar dituzte oinarrian, erraz iristeko moduko lekuetan kokatuta eta behar bezala seinalatuta. Atxikipen-balbula, lehenbizi, uraren zirkulazioaren zentzuan jarriko da. Goialdean purgatzeko gailuak jarri behar dira, automatikoak edo eskuzkoak; banatzailea edo ganberatxo bat edukiko dute, uraren abiadura murriztuz eta hodiaren barruko airea kanporatzeko, baita batzuetan gertatzen diren ariete kolpeen eraginak gutxitzeko ere.

— Banakako kontagailuak: banakako kontagailuak finkaren kanpoaldean, edo, halakorik ezean, eraikineko erabilera komuneko zonetan jarriko dira, leku irisgarri eta libreetan, Ur Zerbitzuaren berariazko baimenarekin.Instalazioa egokitu egingo da Udalaren irakurketa-sistemarekin bateragarria den kontagailuaren urrutiko irakurketarako gailuak lotu ahal izateko eran. Lehenengo kontagailua abonatuaren kontura izango da eta mantentze lanak Udalaren kontura izango dira. Banakako kontagailu bakoitzaren aurretik mozketa-giltza jarriko da, eta kontagailu bakoitzaren ondoren mozketa-balbula eta atxikipen-balbula.               

— Suteen aurkako instalazioak: suteen aurkako instalazioek beharrezko elementuak izango dituzte, eta instalazio mota horretarako indarrean dagoen araudi espezifikoaren araberakoak izango dira.

17. artikulua.    Saneamenduko hartuneak.

Eraikuntzaren barruko instalazioak bide-hoditeriarekin lotzen dituzten hodien eta gainerako elementuen multzoak dira. 

Hartuneak Araudi honen eranskinean agertzen den eskemari erantzungo dio eta honako elementu hauek osatuko dute:               

a)    Abio-kutxeta: beti jabetzaren mugaren ondoan egongo da, finkaren kanpoko aldean.

b)    Garraio-hodiak: hasierako kutxetetatik saneamendu sareko lotura putzuetara bitarte doazen hodi zatiak dira.          

c)    Lotuneak: hartuneko hodiak eta estolderia sarea elkartzen diren guneak dira.

IV. KAPITULUA

INSTALAZIO OROKORRAK

18. artikulua.    Baldintza orokorrak.

Uren hornidurako barneko instalazioak baimendutako instalatzaile batek gauzatuko ditu eta, EKTak agintzen dituenetara egokituko dira.

Instalazio hauen artapena eta zaintza, une bakoitzean gune horretan dauden eta horniduraren titularrak diren pertsonen kargurakoak eta konturakoak izango dira.

19. artikulua.    Instalazio motak.

Uraren hornidurako barneko instalazioak gauzatzeko eta martxan jartzeko behar den administrazio baimena izapidetzeko ondorioetarako, EKTan jasotzen diren multzoetan sailkatuko dira instalazioak.

20. artikulua.    Zerbitzuari ekiteko baimen.

Barneko instalazioetan zerbitzuari ekiteko baimena jasotzeko aurkeztu behar den dokumentazioa eta egin beharreko izapideak aurreko artikuluan xedatutakoaren eta kasu bakoitzarentzat EKTan ezartzen diren betebeharren araberakoa izango dira.    

21. artikulua.    Barneko instalazioen aldaketa.

Hornidura eta saneamendu zerbitzuan abonatuta dauden pertsonek, barneko instalazioen egituran edo ezaugarrietan edozein aldaketa egiteko baimena eskatu behar diote derrigor Udalari.

22. artikulua.    Ikuskaritza ahalmena.

Udalaren dagozkion zerbitzuek abonatutako pertsonen instalazioak ikuskatu ahal izango dituzte, hornidura nola eta zein baldintzatan erabiltzen den zaintzeko xedez.

V. KAPITULUA

HARTUNEAK

23. artikulua.    Baimena ematea.

Edateko uraren hornidurarako baimena ematea Udalari dagokio eta Araudi honetan ezartzen diren baldintza eta egoerak betetzen diren guztietan eta bertan jasotzen diren arauen arabera emateko obligazioa dauka.       

24. artikulua.    Baimenaren baldintzak.

Uraren hornidurarako hartune bat jartzeko baimena, hornidura osorako baldintzak betetzearen menpe egongo da; ondoren zehazten diren baldintzapean, alegia:

1.    Hornitu behar den eraikina horniduraren estaldura eremuaren barruan egotea.

2.    Lortu nahi den erabilerak eskatzen zaizkion baimen eta lizentzia guztiak lortu izana.

3.    Hornitu nahi den eraikinak barneko instalazioak izatea eta Araudi honetan jasotzen diren arauetan ezartzen diren baldintzetara egokitzea.

4.    Hornitu nahi den eraikinak isurketen eta euri-uren hartune bat izatea edo bestelako ebakuazio sistema bat izatea; kasu honetan, horretarako behar dituen baimen guztiak izan beharko ditu.

5.    Eraikinaren mugakide diren izaera publikoko kale edo plazetan, edo bere fatxadaren aurrean, edateko uraren banaketa sare publikoko instalazioak izatea eta martxan egotea.       

6.    Bide publiko batean ura eramateko hoditeria bi espaloietan proiektaturik badago ere, aurreko pasartean aipatutako aurreko espaloiaren beste aldekoan izatea hoditeria, ez dakar berez aurreko pasartean jasotako baldintza betetzea.

7.    Eraikina hornitu behar duen hoditeria zerbitzua emateko egoera ezin hobean egotea eta bere garraio ahalmena, desbideratu behar den hartuneko erregimen hidraulikoaren lau halako izatea.

8.    Urari ematen zaion erabilera Araudi honetan zehazten diren hornidura-baldintzetara egokitzea.

Inola ere ez zaie urik emango bizitegi-erabilera baimendua ez duten lursail, borda edo bestelako finka edo instalazioei, ezta finkaren titularraren errenta nagusia ez diren nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei ere.

25. artikulua.    Jarduerak estaldura eremuan.

Araudi honetako 6. artikuluan definitutako estaldura eremuaren barruan hornidura osorako baldintzak ematen direnean eta hartunerako dagokion baimena izapidetu denean, Udalak eskatutako hartunea edo hartuneak jartzeko beharrezko diren lanak eta instalazioak egiteko obligazioa dauka; eta, bestalde, aipatutako emakida indarrean den egunetik hurrengo hamabost lanegunetako epearen barruan egin beharko ditu dagozkion lanak.

Udalaren estaldura eremuaren barruan egon arren, hornidurarik ez duten tokietan horniketa berrien emakida egiteko edo, horniketarik izanik, inguru horretan dauden instalazioen zabalpen bat edo aldaketa bat ekar dezaketen emakidak egiteko baimenak, Udalaren iritziko aukera teknikoen eta berak onartutako inbertsio planetan jasotzen diren lehentasunen arabera emango dira.

Nolanahi, kontsumitu nahi den puntutik hurbil banaketa sarerik ez badago, Udalak eskatzaileari exijitu diezaioke Banaketa Sarearen luzapena hartunea jartzeko baimentzen den punturaino. Luzapena Udalak jarritako ezaugarri teknikoen arabera egingo da eta eskatzailearen kontura. Banaketa Sarearen luzapenaren obrak amaitutakoan, tarte berria Udalaren jabetzakoa izango da, eta horregatik eskatzaileak konpentsazio gisa ez du inongo kopururik jasoko.   


Eraikitako luzapena eskatzailearen hurbilean dauden lekuetan horniketa berriak elikatu ahal izateko erabil dezake Udalak, betiere, tarte horren edukiera gainditzen ez badu, egiterakoan ezarri zitzaizkion neurriak kontuan izanda.          

Hartuneak eskatzailearen kargura egingo dira, Araudi honek ezarritako ezaugarrien arabera. Udalak lanak nola gauzatu diren ikuskatu ahal izango du, egokiro gauzatu ez direnean horniketa ez emateko ahalmena du, akatsak zuzendu arte.         


Hartuneak edo hartune adarrak erabiltzaileen jabetzako geratuko dira. Haiena izango da beraz artapenaren, gerta daitezkeen matxuren eta funtzionamendu txarragatik sor daitezkeen kalteen erantzule, salbu eta hartunearen lepoarena eta giltzarena, horiek mantentzea Udalaren ardura izango baita.      

Udala ez da inola ere behartuta egongo emari baten hornidura presio jakin batekin izatera. Presioa handitu behar izanez gero, erabiltzaileak beharrezko presio-igogailua eduki beharko du.        

Ur emari jakin baterako nahikoa presiorik izango ez balitz, eskatzaileak berak jarri beharko du presioa handitzeko sistema partikular bat eta haren artapen lana egin. Batek edo batzuek egindako eskaerari kasu egiteko, sarea eskatzaile horien etorkizuneko premia aurreikusiei erantzuteko behar denerako baino gehiagorako zabaltzen edo aldatzen denean, gastua erabiltzaile berrien eta etorkizunekoen artean banatuko da. Horretako, sarean dabilen ur-emariarekiko erabiltzaile bakoitzari bideratzen zaiona izango da kontuan.

Sarearen zabalpen edo aldaketa oro egiteko Udalak finkatutako baldintza teknikoak jarraitu beharko dira.

Udalak ez du inolako obligaziorik izango, sare eta instalazioetan egin beharreko aldaketa, luzapen eta errefortzuak hirigintza jardueren ondorio izanik ere, aipatutako sare eta instalazio horien trazaketak edo kokapenak traba, oztopo edo menpekotasunik sortzen duenean.

Estaldura eremuaren barruan sortzen diren poligono eta urbanizazio berrien barne egiten diren jarduerak, artikulu honetako aurreko puntuetan ezartzen diren betebehar eta baldintzetatik salbuetsirik egongo dira eta ondorengo artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera arautuko.

26. artikulua.    Urbanizazioak eta poligonoak.

Araudi honen ondorioetarako urbanizazio eta poligono iritziko dira burutu beharreko hirigintza jarduerak bide eta zerbitzu azpiegitura sortzea, aldatzea edo zabaltzea eragin dezaketen guneak; hau da, lursaila banatzen den lurzati edo orube desberdinen arteko eta berauetatik hiriguneko zonaldearekin lotzeko azpiegiturak eragiten dituzteneko guneak.

Aurreko pasartean definitutako poligono edo urbanizaziorako edo bertan kokatutako orube edo eraikinen hornidura edo hartunearen emakida, ondoren zehazten diren baldintzak aldez aurretik betetzearen menpe egongo da.

a)    Aipatutako urbanizazio edo poligonoen ur hornidura zuzenerako behar diren barneko banaketa sareak eta gainerako instalazioak Udalak onartutako eskemen arabera burutu eta, gai den teknikari batek definitu eta egindako proiektu batean jaso beharko dira, ondoren Udalak onartzeko. Aipaturiko proiektua aplikagarri diren Araudietara eta Udalak ezarritako Arau Teknikoetara egokitu beharko da. Eta proiektua urbanizazioaren edo poligonoaren sustatzailearen edo jabearen kontura eta kargura gauzatuko da.

b)    Onartutako proiektuan definitutako obrak eta instalazioak, bai eta Udalaren baimenarekin proiektua gauzatzen den bitartean izan daitezkeen aldaketak, urbanizazioaren edo poligonoaren sustatzailearen edo jabearen kargura burutuko dira bere osotasunean eta betiere, eskumena duen teknikari baten eta, kasua balitz, Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzak homologatutako enpresa instalatzaile baten zuzendaritzapean.

Udalak obrak gauzatzen diren bitartean edo obra hartzeko edo zerbitzuari ekiteko unean, obrak egoki gauzatu eta proiektuan aurreikusitako materialaren kalitate ezaugarriak errespetatu direla bermatzeko beharrezko irizten dituen proba eta saio guztiak exijitu ahal izango ditu, eta proba horietatik eratorritako gastuak urbanizazioaren sustatzailearen edo jabearen kargura izango dira.

Urbanizazioaren edo poligonoaren sustatzailea edo egileak ezingo du inoiz, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe eta dagokion emakidarik jaso aurretik, uraren hornidura egin bertako eraikinetan, orubeetan edo lur-zatietan.   

c)    Poligonoen barruko sareen eta Udalaren menpeko kanpoko sarearekiko lotura edo loturak, eta urbanizazioak berak ezarritako behar berrien ondorioz egin beharreko aldaketa eta errefortzuak Udalak finkatuko ditu eta artikulu honetako a) pasartean aipatzen den proiektuan jasoko dira argi eta garbi; eta gauzatu, berriz urbanizazioaren sustatzailearen edo jabearen kontura eta kargura gauzatuko dira.        

Behin sareak eta sistema orokorrarekiko loturak egin ondoren, Udalaren jabetzakoak izatera igaroko dira; alabaina, obrak ez badira Udalak finkatutako irizpide teknikoen arabera gauzatu, Udalak obra hartzeari uko egin diezaioke eta sistema orokorrarekiko loturak egiteko baimena ezeztatu; kasu horretan, ez da hartuko ez-betetzeak konpondu arte.      

Horniduraren emakida landa lurrean edo lurzoru ez-hiritargarrian ematea, indarrean dagoen hirigintza legediak baimentzen dituen balizkoetara mugatzen da.

Hartuneko giltzako irteeratik aurrera gainerako hartune guztia abonatuaren jabetzakoa izango da; hura izango da mantentze-lanen eta artapenaren erantzukizuna izango duena eta, matxuratuz gero, hark ordaindu beharko du konponketa.

27. artikulua.    Ureztatze-ahoak.

Udalak ur hornidura ureztatze-ahoen bidez kontratatu ahal izango du aldi baterako. Hornidura hau diskrezionalki eman ahal izango die eskatzen duten interesdunei. Kontratu hauen indarraldiaren gehienezko epea hiru hilabetetakoa izango da. Kontratatu beharreko bolumena Udalak zehaztuko du.

Ureztatze-aho hauetako behin behineko loturak abonatutako pertsonak egingo ditu eta kanila izan beharko du, uraren isurketa librea eragozteko. Aipatutako ahoak erabiltzeari uzten zaien bakoitzean ondo itxita utzi beharko dira, ur galera alferrikakoak ekiditeko. Oker erabiltzeagatik ureztatze-ahoetan izan daitezkeen kalteak konpontzeko gastuak abonatutako pertsonaren konturakoak izango dira, eta ezarritako fidantzarik murriztuko.

Kontagailuak instalazioaren hasieran egon beharko du, eta Ur Zerbitzuak gainbegiratuta. Instalazioa abonatutako pertsonaren kargura egingo da eta ez dezaten ostu edo narriatu zaintzeko segurtasun neurriak hartuko ditu. Kontagailuak 38. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izan beharko ditu.

Abonatutako pertsonak Udalako langileei edo hark baimendutako langileei edo Udaltzainei hornidura kontratua erakutsi beharko die, hala eskatuz gero.               

Ikuskaritzaren ondorioz ura galtzen edo erabilera ez egokia ematen zaiola egiaztatuko balitz, kontratua iraungitzeari eta hornidura eteteari ekingo zaio. Abonatutako pertsonak, horniduran erabiltzen dituen hodiak eta mahukak modu egokian babestu eta zaindu beharko ditu, jariorik izan ez dezaten.

Abonatutako pertsonak, kontratuaren indarraldiaren barruan, kontratatutako hartunea, batetik bestera eraman nahiko balu, aldez aurretik eskatu egin beharko du eta eskaeran ureztatze-aho berriaren kokapena eta kontagailuak une horretan erakusten duen neurketa adierazi beharko ditu.

Bide publikoa ureztatzeko kontratuek Udalak bere garaian zehazten duen iraupena izango dute, eta ez dituzte aurreko puntuan jasotako obligazioak bete behar. Alabaina, Udalak hala eskatzen duenean, jakinarazi beharko diote Udalari kontagailuaren neurketa eta, Zerbitzuak erabakitzen duen garaian, kontagailua aurkeztu beharko dute udalean egiazta ditzaten.

28. artikulua.    Hartuneen ezaugarriak finkatzea.

Hartuneen ezaugarriak, non materialen neurriei, osagaiei, motari eta kalitateari dagokionez, eta non gauzatzeko moduari eta lotura guneari dagokionez, Udalak finkatuko ditu, hornitu beharreko eraikinaren erabilerari buruzko EKTan ezarritakoaren arabera, aurreikusitako kontsumoaren eta presio baldintzen eta eranskinean jasotzen diren berezitasunen arabera.  

Ondorio horietarako, merkataritzako lokalei eta zehaztu gabeko erabilerako solairuei, edo eraikuntza banaketarik edo egitura espresu jakinik gabekoei Udalak komenigarritzat jotzen duen kontsumoa esleituko zaie. Nolanahi ere, bere garaian egiten den eskaeran, kontsumo erreala aipatutako ur-emaritik gorakoa denean, eskatzaileak, eta eskaeraren ondorioz erator dakizkiokeen gainerako betebeharren kalterik gabe, emariaren hazkuntza horrek berez hartunearen ezaugarrietan eragin ditzakeen aldaketen ondorioz sor daitezkeen gastuak ordaindu beharko ditu bere kargura.

29. artikulua.    Eskaerak izapidetzea.

Hartunearen eskaera interesa duen pertsonak egingo du Udalaren erregistroan. Horretarako Udalak emango dion eskaera-orri normalizatua bete beharko du.

Eskaerarekin batera, gutxienez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a)    Kokapenaren, iturgintzaren, saneamenduaren eta suteen aurkako hartuneen planoa eta, hala balegokio, instalazioaren ezaugarri nagusien orria.

b)    Jabetza eskritura edo hornidura zein ondasun higiezinerako eskatzen den, haren erabilgarritasuna egiaztatzen duen agiria, Ondasun Higiezinen Zergaren errezibo zenbakia adierazita.

c)    Obretarako Udal Lizentzia.

d)    Dagokion baimena, hartunearen ibilbidea beste jabetzaren batetik igarotzen bada, jabetza pribatua nahiz publikoa dela. Eskatzaileak aurkezten dituen datuen arabera, eraikinaren ezaugarrien eta banaketa sareen egoeraren arabera, Udalak, eskaera aurkeztu eta gehienezko hogeita hamar laneguneko epean, interesdunari jakinaraziko dio eskatutako hartunearentzako edo hartuneentzako baimena ematen dion ala ukatzen dion eta, kasu horretan, baimenik ez emateko arrazoiak azalduko dizkio. Epe horretan erantzunik jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.            

Eskatzaileak, berriz, beste hogeita hamar egun naturaleko epea izango du Udaleko Ur Zerbitzuak egindako errekerimenduei erantzuteko edo, kasua balitz, egoki irizten dituen alegazioak aurkezteko.             

Honakoak dira interesdunak epe horren barruan formalizatu beharreko betebeharrak:

1.    Dagozkion udal tasak ordaintzea.              

2.    Kontu bat helbideratzea, egindako lanen ordainagiriak bertara kargatzeko.

3.    Udalak zehaztuko duen fidantza gauzatzea. Fidantza horrek proportzio bat gordeko du eraiki beharreko etxebizitza-kopuruarekin, eraiki beharreko pabilioi industrialaren zabalerarekin edo oro har obraren tamainarekin, eta aipameneko instalazioagatik sor daitezkeen balizko kalte eta galerei erantzuteko modukoa izango da eta, aldi berean, instalazioaren behin-behinekotasuna bermatuko du. Eskaera egin duenak Ur Zerbitzuari jakinarazten dionean berak egin zuen eskariaren xedea amaitu dela, fidantza itzuli egingo zaio eskatzaileari oso-osorik edo dagokion zatia.

Epe hori araututakoa bete gabe igaroko balitz, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da, eta Udalak ez du bestelako betebeharrik izango.

Eskaera onartu ondoren, Udalak, hogeita hamar laneguneko gehienezko epean, hartuneak edo hartuneek izan behar dituzten ezaugarriak eta baimenaren eta obrak gauzatzeko baldintzak jakinaraziko ditu.

30. artikulua.    Emakidaren xedea.

Edateko uraren banaketa sarean hartunea izateko baimena emango zaio, eraikuntza unitate independentea osatzen duen eta bide publikorako irispide zuzena duen higiezin bakoitzari.         

Araututakoa betetzearen ondorioetarako, eraikuntza unitate independentea izango da, sarrerako atari bakarra duten etxebizitza eta/edo lokalen multzoak osatzen duten eraikina.

Eraikuntza unitate independentearen beheko solairuetan kokaturik dauden lokalek, sarrera-atari berdina ez izan arren, higiezinaren kontagailuen bateria orokorretik hornitu beharko dira.

Industria- eta merkataritza-pabilioien kasuan, unitate bereizitzat joko da eraikin osoa, nahiz eta hori zatituta egon eta jabe bat baino gehiagorena izan. Sail bakoitza kontagailuen bateria orokorretik hornituko da.         

31. artikulua.    Emakida gauzatzea.

Emakidaren baldintzak bi aldeek onartu ondoren eskatutako hartunearen emakida egingo da. Dena den, emakidak ez du indarrik izango eskatzaileak Ordenantza honen eta Ordenantza Fiskalen arabera dagozkion betebehar ekonomikoak betetzen ez dituen bitartean.            

32. artikulua.    Obrak gauzatzea eta artapena.

Ur hornidurako hartuneen obrak Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzak baimendutako pertsona batek gauzatuko ditu, Araudi honetan gai honen inguruan ezarritakoaren arabera. Hartunearen artapena eskatzailearen kontura izango da, hartunearen lepoa eta ura hartzeko giltzarena izan ezik, Udalaren ardurakoak izango baitira.               

Hartune-giltza babesten duen kutxeta desegin eta berriro egin behar bada, Udalaren kargura izango dira lan horren gastuak matxura karga-lepoan, hartune-giltzaren konexio-hodian eta hartune-giltzan bertan gertatu bada. Hartune-giltzaren irteeran gertatu bada matxura, gastuak abonatuaren kargura edo abonatu-multzoaren kargura izango dira.             

Hartunearen ibilbiderako ireki eta itxi beharreko zangetako obrak, hala bide publikoan nola jabetza pribatuan, erretenak egin eta hormak eta zoladura zulatzeko lanak abonatutako pertsonak ordaindu beharko ditu, kosteak bere kontura izan eta obrak bere erantzukizunpean egingo dituelarik.

Obrak gauzatzeko eta hartunea egokiro egiteko Udalak ematen dizkion argibideei jarraitu beharko dio.         

Aurreko pasartean ezarritakoaren kalterik gabe, Udalak aipaturiko obrak gauzatu ahal izango ditu, betiere haren kontura eta hark eskatuz gero. Nolanahi ere, hartunea gauzatzearen kostua eskatzailearen konturakoa izango da. Horri dagokion ordainarazpena eta bilketa ordenantza fiskalak ezartzen duen moduan egingo da.               

Instalazio hau Udalaren langileek edo hark baimendutako langileek bakarrik maneiatu ahal izango du; eta horrenbestez, uraz hornitzen den higiezinaren jabeak ezin izango du, Udalaren baimen espresik gabe, inolako aldaketarik egin inguru horretan.

33. artikulua.    Hartunearen eskubideak.

Udalaren hartune baten eskatzaileak ordaindu beharreko kopuru ekonomikoak dira eskubide horiek, hornidura berri hori izan aurretik zerbitzua ematen zen baldintza berdinetan ematen eta gainerako hartuneetan inolako kalterik eragin gabe jarraitzeko, banaketa sarean egin behar diren zabalpen, aldaketa, berrikuntza eta hobekuntzetarako inbertsioen balio proportzionala ordaintzeko.

Hartunearen emakidak berez darama eskatzaileak Udalaren ordenantza fiskalean aurreikusitakoaren arabera dagokion prezioa ordaintzea.

Hartunearen eskubideak osorik eta behin ordainduko dira; eta hala ordaindu ondoren dagozkien instalazioei atxikita geratuko dira, bere jabea edo erabiltzailea edozein delarik ere.          

Abonatutako pertsona batek aurrez dagoen hartune baten sekzioa handitzea eskatuko balu, eskatutakoaren eta lehen zegoen hartunearen arteko zenbatekoaren diferentzia adinako kopuru baten ordainketa egin beharko du. Gainera, une horretan berraztertu egingo da bere garaian jarritako fidantza.

VI. KAPITULUA

SANEAMENDUA

34. artikulua.    Baldintza orokorrak.

Saneamenduko zerbitzuari Araudi honetan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkio izaera orokorrez, betiere, bere izaera espezifikoagatik hornidura zerbitzuari bakarrik aplikagarri zaizkion haietan izan ezik, eta ondorengo artikuluetan xedatutako berezitasunen kalterik gabe.

Aurreko pasartean ezarritakoaren ondorioetarako «hornidura», «hornidura edo horniketa», «kontsumoak» eta «hornitu» terminoak «hustuketa», «saneamendua», «isurketak» eta «ebakuazio sistema dutenak» terminoei egiten die erreferentzia.

Udaleko Ur Zerbitzuak ez du galtzada azpitik 0,80 metrotatik beherako sakonera kotarik baino handiagorik emateko obligaziorik.

Isurketaren kota kolektorean dagoena baino txikiagoa bada, eskatzaileak ordainduko ditu dagokion jasotze ekipoaren instalazioaren eta zaintzaren gastuak, eta arau orokor gisa, eraikinaren edo finkaren barruan jarriko da.

35. artikulua.    Hartuneak.

Saneamenduko Hartunea Udalak adierazten eta hark irizten duen punturik egokienean lotuko zaio saneamenduko sare nagusiari, eta eginda dagoenean Udalarena izango da.

Saneamenduko hartuneak beren diseinuan eta eraiketan iragazgaiztasuna bermatuko dute, batez ere, saneamenduko sarearekin lotzen diren puntuetan. Udalak hartunearen puntuan eta sarearekin lotzen den unean kutxetak jartzea exiji dezake, bai eta bestelako kutxetak egitea, emarien kontrol eta edukierarako, eta dagozkien neurketarako sistemak jartzea ere. Eta hori guztia, Udalak ematen dituen zehaztapenak betez gauzatuko da. Nolanahi ere, saneamenduko hartuneak estrukturalki irauteko proiektatu eta gauzatu beharko dira, bai eta, garraiatu behar diren uren erasokortasuna bermatuko duten ezaugarriekin ere.               

Udalak isurketen eta euri-uren hartune independenteak instalatzea exijituko du, bai eta, ondorioz, ebakuazio zerbitzua izango duen eraikin edo finkan sare berezituak egitea ere.              

Udalak isurkinen kontrol berezia egitea beharrezkoa edo komenigarria deritzon kasuei begira, isurkinen neurgailua kokatzeko sistema bat diseinatu eta adieraziko du; eta hori, derrigorrez instalatu beharrezkoa izango da.

Udalak isurketen laginak jasotzeko kutxetak, berak onartutako diseinuaren arabera eraikitzea exiji dezake.   

Arau hau eman baino lehenagoko instalazioetan, abio-kutxetarik ez dutenetan, alegia, instalazio partikulartzat joko da, jabetzaren mugak gaindituta ere, puntu honen eta bide publikoan dagoen erregistratzeko lehen puntuaren bitartean dagoen instalazioa.

Instalazio honen jabeak Udalari galda diezaioke hartunea sare publikoaren barruan sartzeko baldin eta aldez aurretik kanalizazio hori egokitzeko lanak gauzatzen baditu eta abio-kutxeta ordenantza honetan bertan ematen diren arau teknikoen arabera egiten badu.

Zati horren harrera egin aurretik, zerbitzuko teknikari arduradunak TB ikusketa egingo du partikularraren kargura, eta hartzekotan den instalazioaren egoera ona ziurtatuko du.

Instalazioak gutxiengo eskakizunak betetzen ez baditu, partikularra izaten jarraituko du.

36. artikulua.    Jarduerak estaldura eremuan.

Saneamenduko azpiegiturarik gabeko edo nahikoa saneamendu azpiegiturarik ez dagoen zonaldeetan erabiltzaileek irtenbide bereziak bila ditzakete, hala nola hobi septikoak edo beharrezkoak irizten diren bestelako arazketa sistemak jarriz; baina betiere bai proiektua eta bai gauzatzea gai den teknikari batek egin eta kontrolatu beharko ditu.

Nolanahi ere, konponbide horiek eta ematen diren baimenak behin behineko izaera izango dute, Udalak finkaren inguruan saneamenduko sarerik ez duen bitarterako. Beraz, saneamenduko sarea finkaren ondotik igarotzen denean, Araudi honetan aurreikusitako moduan eta baldintza orokorretan ekingo zaio sarearekiko loturari.

Holako kasuetan, behin-behineko konponbide berezi horien jabeek derrigorrez eskatu behar dute udalaren obra lizentzia, sarearen hartunea egiteko eta behin behineko instalazioa desegiteko.

Partikularrak, lan horiek egin ondoren, instalazio berriaren hartunea hartzeko eskatuko dio udal zerbitzuari.

Zati hori hartu aurretik, zerbitzuko teknikari arduradunak TB ikusketa egingo du partikularraren kargura eta hartzekotan den instalazioa egoera onean dagoela ziurtatuko du, baita behin-behineko instalazioa egoki kendu dela ere.

Aurreko pasartean aurreikusitakoaren ondorioetarako, saneamenduko azpiegiturarik gabeko zonaldeak iritziko dira, hartunea kokatu behar den inguru hartan kolektore sarerik ez dituzten zonaldeak.

Era berean, toki batek nahikoa saneamendu azpiegiturarik ez duela iritziko da, hartunea kokatu behar den toki horretan isurketa eskaera berri bati erantzuteko adinako garraio gaitasunik edo kotarik ez duen tokia.

Udaleko Ur Zerbitzuak ez du izaera bereziko etxe instalazioetako isurkinak bere gain hartzeko, garbitzeko eta saneatzeko obligaziorik, baldin eta Zerbitzuaren eta isurketen arazketa sistema partikularraren jabearen arteko akordiorik ez badago. Eta kasu honetan bi aldeen artean hitzartutakoari lotuko zaio eman beharreko zerbitzua, edo/eta, bestela, zerbitzu hori saneamenduari berez dagozkion zerbitzuak kobratzeko ordainetan ematen ez bada.

VII. KAPITULUA

KONTSUMOEN KONTROLA

37. artikulua.    Neurgailuak.

EKTan kasu bakoitzerako ezarritakoaren kalterik gabe, horniketa ororen fakturaziorako oinarri gisa erabiliko diren kontsumoen neurketa kontagailuen bidez egingo da, kontsumoaren beraren berri emango duen bide bakarra izango dena, bestalde.           

Arau orokor gisa, bide publikora ematen duten eraikinen kasuan, kontsumoaren neurketa honako era honetan egingo da:            

— Kontagailu bakarra: eraikinean edo finkan etxebizitza bakarra edo lokal bat dagoenean, obretarako behin-behineko horniketaren eta poligonoetan obrak gauzatzen diren bitartean jarriko dira, barneko banaketa sareak Zerbitzuak hartzen ez dituen bitartean egongo dira.

— Banakako kontagailu sorta: etxebizitza edo lokal bat baino gehiago dagoen eraikinean derrigorrezkoa izango da bakoitzarentzat neurgailu bat eta zerbitzu komunetarako behar diren gainerako guztiak jartzea. Gaur edo bihar gehiago jartzeko modua aurreikusi beharko da.

Kontagailua edo kontagailuak eraikinaren jabe edo sustatzaileak jarri behar ditu bere kontura.

Nolanahi ere, Udalak barneko instalazioa hasten den puntuan kontagailu orokor bat jarri ahal izango du eta bere eginkizun bakarra instalazio horren barruko kontsumo osoa kontrolatzea izango da. Kontagailu honek ematen dituen datuak ez dute ondoriorik izango fakturazioan eta barneko instalazioan izan daitekeen edozein arazo igartzeko erabiliko da. Hala, edozein matxura izanez gero berehala jakinaraziko litzaieke abonatutako pertsonei eta haiek dauden akatsak zuzentzeko obligazioa izango dute, betiere Araudi honen 68. artikuluaren «m» atalean ezartzen den zazpi eguneko epearen barruan.

Jabe bat baino gehiago dagoen sektore edo partzela pribatu baterako hartune bakarra dagoen industrialdeetan Udalak agindu ahal izango du kontagailu orokor bat jar dadila partikularren partzela independentearen mugan. Kontagailu orokor horren eta kontagailu partzialen baturaren artean alderik badago kontagailu partzialen artean banatuko da.               

Zazpi eguneko epea igaro ondoren arazoak konpondu gabe badaude, aipatutako kontagailu orokorren alta jabekideen izenean egin behar da. Jabekideen Erkidegoari dagokio kontagailu orokorrean jasotako kontsumoa ordaintzea, Banakakoen batuketan ez dagoena, diferentzia hauek finkan izandako kontsumoei baitagozkie.            

Kontagailuaren edo kontagailuen neurriak eta ezaugarriak, erabili den sistema edozein delarik ere, Udalaren eskuduntza izango da; eta hala abonatutako pertsonak, bere horniketa eskaeran egiten duen kontsumoari dagokionean adierazitakoaren arabera eta EKTan xedatutakoaren arabera finkatuko dira ezaugarriak.

38. artikulua.    Neurgailuen ezaugarri teknikoak.          

Une oro, ur-kontagailuen ezaugarri teknikoak uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuak (2006ko abuztuaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) eta urtarrilaren 31ko ITC/279/2008 Aginduak (2008ko otsailaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) edo aipatutako araudia ordezten duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezarritakoaren araberakoak izango dira.     

39. artikulua.    Kontagailu bakarra.

Babespen eta maniobra giltzekin instalatuko da armairu baten barnean, edo EKTaren bidez finkatutako neurrietako ganbera batean, Udalak homologatua. Udalak homologatutakoa izango da eta helburu hori baino ez du izango. Eraikinaren beheko solairuan kokatuko da, sarrerako atearen ondoan, eta fatxadaren horman txertatuta edo hornitu nahi den jabetzako itxitura baten barnean kokatuko da. Nolanahi ere, sarrera zuzena izango du bide publikotik.

Inoiz, eta behar bezala zuritutako arrazoiak tarteko, kontagailu bakarra, haren maniobra giltzak eta atxikipen-balbula lurpeko ganbara batean kokatu ahal izango dira, baina kaletik sarrera zuzena eta jabetzaren fatxadatik edo itxituratik ahalik eta gertuen egon beharko dute.

Kontagailuaren armairua edo itxitura iragazgaitzak izango dira eta hustubidea, instalatzen den hartuneak eman dezakeen ur emari gehienezkoa ebakuatzeko adinako izango da eta estolderiara jaitsiko zuzenean. Era berean, Udalak homologatutako ate eta sarrailak izango ditu.        

40. artikulua.    Banakako kontagailu bateria.

Banakako kontagailu bateriak helburu hori bakarrik izango duten lokaletan edo armairutan instalatuko dira. Eraikinaren beheko solairuan, erabilera komuneko zonan kokatuko dira eta ataritik sarbide zuzena izango dute.

Kontagailuak biltzeko bateriak ofizialki onartutako eta homologatutako mota eta modelokoak izango dira.

Muntaga bakoitzaren oinarrian eta banakako kontagailuen bateriaren lotunean bertan, ura banaketa sarera itzultzea eragotziko duen balbula bat instalatuko da.          

Bateriak jasoko dituen lokalen eta armairuen baldintzak eranskinean jasotzen dira.

41. artikulua.    Kontagailuaren jabetza.

Kontagailuak hasiera batez eraikineko jabe edo sustatzaileek jarriko dituzte beren kontura.

Kontagailuak homologatzeko zehaztapenak 38. artikuluan jaso dira.

Alta emandakoan, kontagailua Udalaren jabetzakoa izango da.

Abonatuari dagokio neurtze eta kontrolatzeko ekipoak zaintzeko ardura, eta Udalari, ekipoak era egokian mantentzea eta maneiatzea, baita betebehar horietatik eratorri daitezkeen ondorioei erantzutea ere.

Izozte edo suteen ondorioz kalteak gertatzen direnean, abonatuaren konturako izango dira ordezkatze-gastuak.

42. artikulua.    Egiaztapena egiteko nahitaezkotasuna.

Ondorengo egoerak ematen direnean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak agindutako erakunde eskuduna arduratuko da, bere laborategi ofizial edo baimenduaren bidez, aparatuak egiaztatzeaz eta zigilatzeaz:

1.    Aparatuen funtzionamendu arruntean eraginik izan dezakeen edozein konponketa lana egin edo zigilua hautsi behar izan denean.

2.    Abonatutako pertsonek, Udalak edo Administrazio Publikoko edozein organo eskudunek eskatzen dutenean.       

3.    Horniduraren titulartasun aldaketetan. Aparatuak arauz ezarritako baldintzak beteko ez balitu konpondu eta egiaztatua izan beharko da berriro.

Egiaztapenak laborategi ofizial edo baimendutako batean egin beharko dira; nolanahi ere, kontagailua dagoen tokian ere egingo ahal izango da, Udalaren iritziz, egiaztapena laborategian egiten den eran eta aparatu eramangarriekin egin daitekeenean.

Abonatuak Udalaz kanpoko erakunde batek egiazta dezala eskatzen badu, abonatuak ordainduko ditu kontagailua egiaztatzeak eragindako gastuak.

Kasu horretan, Udalak eragiketaren zenbateko osoa kargatuko du hurrengo fakturan.

43. artikulua.    Zigilaketa ofiziala.

Laborategi ofizialak edo baimendutakoak egiaztapenik egin dizkien kontagailuak edo aparatu guztiak zigilatuko ditu.   

Egiaztapenaren ondoren jarritako zigilu ofizialak bermatzen ditu:

1.    Kontagailua edo neurgailua onartutako sistema batekoa dela.

2.    Erregulartasunez funtzionatzen duela.

Lehen instalazioko kontagailu berrietan, egiaztapen data gisa, laborategiak jatorrizko egiaztapen markarik daukan egiaztatzen dueneko data jasoko da. Data horretatik aurrera hasiko da kontatzen kontagailuaren bizitza Araudi honetan aurreikusitako ondorioetarako.

Abonatutako pertsonaren betebeharrak izango dira kontagailua edo neurgailua eta urrutitik irakurtzeko modulua edo ekipoa zaintzea eta egoera onean edukitzea eta mantentzea, baita kontagailuen zigiluei eta etiketei dagokionez ere. Obligazio hau ez betetzetik erator daitekeen erantzukizuna horniketaren titular gisa ageri den pertsona abonatuarena izango da.    


44. artikulua.    Kontagailuen aldian aldiko berriztapena.

Berriztapenaren helburua da kontsumoen edukiera, onartutako tolerantzien barruan, bermatzea eta parkea osatzen duten kontagailuak funtzionamendu egoera onean edukitzea.

Helburu hau betetzeko, ur hotzeko kontagailuek modeloaren onarpenerako eta jatorrizko egiaztapenerako kontrol metrologikoa pasa beharko dute; eta kontrol hau, ekainaren 10eko 597/1998 Errege Dekretuan, CEE Kontrol Metrologikoa onartzen duenean, edo, kasua balitz, Estatuko Administrazioak egiten duen kontrol metrologikoa zehazten duen irailaren 11ko 1616/1985 Errege Dekretuan eta aipatutako araudia ordezten duten arau edo xedapen legalak edo erregelamenduzkoak garatzen dituzten erregelamenduetan ezarritakoaren arabera egin beharko da.       

Ezaugarri metrologiko, teknologiko, inskripzio, marka eta jatorrizko egiaztapenari dagokionean aipatutako araudian ezarritakoari lotuko zaio.

Kontagailuen bizitza baliagarria 10 urtekoa izanen da instalatzen direnetik hasita. Epe hori iraganda, ordeztu egin beharko da

45. artikulua.    Laborategi ofizialak.

Laborategi ofizialak dira Eusko Jaurlaritzak, ur horniketan erabiltzen diren kontagailuen eta neurgailuen probaketa, egiaztapen eta kontrolerako instalatuta dituenak. 

46. artikulua.    Laborategi baimenduak.

Laborategi ofizial horietatik aparte bestelako laborategiak ere ireki ahal izango dira helburu eta ondorio berdinekin; baina betiere, dagokion Administrazioak emandako baimena izan beharko dute. Era berean, Administrazio hauek baimenak emateko eta aipatutako laborategien funtzionamendua zuzenduko dituzten arauak emango dituzte.

47. artikulua.    Kontagailuen desmuntaia.

Kontagailuaren edo neurgailuaren konexioa eta deskonexioa Udalak edo baimendutako pertsona batek egin beharko du, instalazioa zigilatu beharko duelarik. Era berean, berau izango da ustiapena dela-eta, zigilua kentzeko baimena izango duen bakarra.

Kontagailuak edo neurgailuak desmuntatu ahal izango dira ondorengo arrazoi hauek ematen direnean:

— Industria, Merkataritza eta Turismo Ordezkaritzaren Ebazpenak horrela erabakitzen duenean.

— Horniketa kontratua iraungitzen denean.

— Neurgailuan matxurarik izanez gero.

— Aldian aldiko berrikuspenen ondorioz, betiere Araudi honetan ezartzen denaren arabera.

— Kontsumoen erregimenean izan daitezkeen aldaketengatik, hau da, instalatutako aparatuaren gaitasun teorikoa, goitik zein behetik, gainditzen denean.

Udalaren iritziz, kontagailuaren edo neurgailuaren funtzionamendua zuzena ez dela erakusten duten aztarna garbiak daudenean. Kasu honetan, abonatutako pertsonari jakinarazi ondoren, desmuntatu egingo da eta haren ordez, bide ofizialari jarraiki egiaztatu den beste bat jarriko da. Eta, bide batez, aurrekoaren ordez instalatutako aparatuak erregistratzen dituen kontsumoak izango dira likidaziorako erabiliko direnak.

Udalak baimendurik, kontagailuak maneiatu eta zigiluak jarri zein ken ditzaketen pertsonek, Gipuzkoako Industria, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzak luzatutako instalatzaile baimena beharko dute eta, era berean, indarrean dagoen Zurgin Instalatzaile Karnetaren jabe diren langileak beharko ditu.

— Kontagailuak aldatzeko prozedurak arrazoiaren arabera.             

1.    Aldaketa matxuragatik.

— Udalak kontagailu bat matxuratuta dagoela sumatzen duenean, Udalak aldatuko du, izozteen edo suteen kasuan izan ezik; kasu horretan, Udalak ere aldatuko du kontagailua, baina abonatuak ordainduko ditu zerbitzuaren kostuak (Araudi honen 41. artikulua).    

— Nolanahi ere, Ur Zerbitzuaren eskumena da haren jabetzako kontagailuak ordeztea edo konpontzea erabakitzea.

2.    Aldaketa aldian aldiko berrikuspenaren ondorioz.

Aldian aldiko berrikuspenaren ondorioz aldatu behar direnean, Udalak egingo du eta aldaketa gastuak bere gain hartuko ditu.     

Udalaren jabetzako kontagailuak instalatu eta 10 urte igaro ondoren aldatuko dira.

48. artikulua.    Kokapenaren aldaketa.

Kontagailuak edo neurgailuak kokatuko diren oinarrizko instalazioa instalatzaile baimendu batek egin behar du, eta higiezinaren titularraren kontura eta kargura egingo da; betiere, arauz ezarritako baldintzak betetzen dituen toki batean egin beharko delarik.

Kontagailuaren edo neurgailuaren kokapenean edozein aldaketa egiteko, horniketa atxikita duen esparruaren edo jabetzaren barruan, aldaketa egitea bultzatu duen aldearen kargura izango da, beti. Alabaina, abonatutako pertsonaren kargura izango dira, ondoren zehazten diren arrazoiengatik egiten diren kontagailuen kokaguneen aldaketak:           

a)    Kontagailuaren instalazioa egin eta gerora, abonatutako pertsonak egiten dituen erreforma obrengatik eratorri eta irakurketa, berrikuspena edo aldaketa eragozten denean.

b)    Kontagailuaren instalazioak Araudi honetan jasotzen diren betebeharrei erantzuten ez dionean eta horniketaren titularitatean aldaketarik dagoenean.

49. artikulua.    Kontagailua maneiatzea.

Abonatutako pertsonak edo erabiltzaileak ezin izango du inoiz maneiatu kontagailua edo neurgailua, ez eta desbideraketak eta hartuneak egin aparatuaren aurretik, Udalaren baimen espresik gabe.

50. artikulua.    Jakinarazpena abonatutako pertsonari.

Udalak aldez aurretik jakinarazi beharko dio abonatutako pertsonari, neurgailuen konexioa edo deskonexioa egin behar denean.

Udaleko Ur Zerbitzuak abonatutako pertsonari idatziz jakinarazi beharko dio neurgailuaren mota eta fabrika-zenbakia eta hasierako irakurketa.

51. artikulua.    Egiaztapenagatiko likidazioa.

Neurgailuetan egin beharreko edonolako probak Udalak egoki irizten duen guztietan edo abonatutako pertsonak berak eskatzen duen bakoitzean egin beharko dira. Alabaina, proba hori abonatutako pertsonak eskatuta egingo balitz, eta neurgailua funtzionamendu egoera onean dagoela egiaztatzen bada, zerbitzu honengatik sortutako gastuak eskatzailearen kontura ordainduko dira.

Neurgailua funtzionamendu egoera onean dagoela iritziko da, neurketaren erroreak, izango balira, indarrean dagoen araudiak onartzen dituen tarteen barruan badaude.    

Neurgailuaren egiaztapenaren ondorioz funtzionamendu okerra egiaztatuko balitz, Udalak dagokion likidazioa egingo du.          

Egiaztapenaren ondorioz kontagailuak baimendutako errore positibo gehienezkotik gora funtzionatzen duela egiaztatuko balitz, itzuli beharreko kopurua zehazteari ekingo zaio; betiere, kontsumo erreala kontuan izanik eta likidazioa atzeratu behar den hilabete horietan indarrean zeuden tarifen arabera.

Aurreko pasartean zehazten den denbora, kontagailua instalatu zen garaitik aurrera edo egin zen azkeneko egiaztapenaren datatik aurrera, markaketan errorea egiaztatu den egunera bitarte igarotako denbora izango da. Eta inoiz ez da sei hilabetetik gorakoa izango.

Kontagailuak emari desberdinekin oker funtzionatzen duela egiaztatzen bada, Udalak itzuli beharreko kopuruaren likidazioa, hala balegokio, aurreko pasartean finkatutako denbora horretara luzatuz egingo da; eta denbora horretan, kontagailu berria jarri eta hurrengo ehun eta hogei egunetan izandako kontsumo bera izan dela iritziko da.

Egiaztapen prozesuak irauten duen bitartean aparatu bat iruzur egiteko xedez maneiatu dela egiaztatuko balitz, egiaztatzaileak dagokion akta, Araudi honetako 87. artikuluan ezartzen diren ondorioetarako, jasoko du.

52. artikulua.    Aldaketa.

Konponketarik behar duelako, aldiko berrikuntza eta/edo egiaztapenaren ondorioz, kontagailu edo neurgailu bat instalaziotik kendu behar denean eta berria berehala jarri ezin denean, haren ordez behin behineko kontagailu edo neurgailu bat, egiaztapen probak pasa dituena, jarriko da eta bera izango da kontsumoa kontrolatuko duena.

Instalatzen den kontagailu edo neurgailu hau, beti, Udalaren jabetzakoa izango da.

53. artikulua.    Gastuak.

Egiaztapena alde baten eskaerari erantzunez egiten denean, haren ondorioz kontzeptu guztietan sortzen diren gastuak eskatzailearen kontura ordainduko dira, betiere, aparatuaren funtzionamendu okerra erakusten ez duen bitartean eta errorea beste aldearen aldekoa denean.

VIII. KAPITULUA

URAREN HORNIKETARAKO BALDINTZAK

54. artikulua.    Horniketaren izaera.

Urari ematen zaion erabileraren arabera, horniketaren izaera honako hauetan sailkatuko da:

a)    Etxeko erabilerako kontsumoa, hiri-lurzoruan eta landa lurzoruan.

Etxeko erabilerako kontsumo bereiziak.

Etxeko erabilerako kontsumoak bizilagunen komunitateetan eta kontagailu orokor batek neurturikoak.

b)    Etxeko erabilerarik ez duen kontsumoa.

Merkataritza jarduera eta garaje erabilerako kontsumoak.

Ostalaritza, zerbitzu, zundaketa eta industria eta lehen sektoreko ustiategi jarduerako erabilerako kontsumoak, 24. artikuluan deskribatutako baldintzetan.

Obrak egiteko kontsumoak.

Udalaren eta bere erakunde autonomoen erabilerako kontsumoak.

Erabilerako kontsumoak irakaskuntza arautuko ikastetxeetan, ospitaleetan, hirugarren adinekoentzako egoitzetan, kuarteletan eta bestelako antzeko ostatu kolektiboetan.

Suteei aurre egiteko kontsumoa.

Etxeko erabilerako kontsumo bereizia izango da lehen erabilerako lizentzia behar eta egoitza erabilera duten etxebizitzetan edo eremuetan izaten den kontsumoa.       

Aurreko pasartean aipatutako etxebizitza edo esparru batean egoitza erabilera eta jarduera bat aldi berean burutzen direnean, horniketa osoa jardueraren erabilerarako dela iritziko da.  

Etxeko erabilerako kontsumoak bizilagunen komunitateetan eta kontagailu orokor batek neurturikotzat iritziko dira, lehen erabilerako lizentzia behar eta egoitza erabilera duten etxebizitzetan edo eremuetan izaten den kontsumoak, betiere, abonatutako pertsona etxebizitza bat baino gehiagoko finkaren jabea edo Jabekide Elkargoa denean abonatutakoa.

Merkataritza-erabilerako horniketatzat joko dira negozio-lokaletako horniketak, baldin eta lokal horiek jarduteko edo irekitzeko lizentziaren jabeak badira eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman beharrekoak badira jardun ahal izateko. Merkataritza-erabilerako horniketatzat joko dira, halaber, herri-administrazioei eta horien erakundeei egiten zaizkien horniketak, duten erabileragatik bestelako erabileretan sartzen ez badira, eta beren jarduerak merkataritza-lokaletan edo etxebizitzak izateko diren lokaletan –ordenamenduak lokal horietan jarduerak garatzeko baimena ematen badu– garatu edo ez. Izaera hori emango zaizkie, berebat, garaje partikular, trasteleku eta oro har inolako jarduerarik ez duten lokalei ere.

Ostalaritza-, zerbitzu- eta industria-erabilerako horniketatzat joko dira, ostalaritza-, zerbitzu- eta industria-lokalak hornitzeko direnak, baldin eta jarduera horretarako jarduteko edo irekitzeko lizentziaren jabeak badira, eta jardun ahal izateko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman behar bada.        

Obrak burutzeko horniketaren izaera izango dute eraikuntza edo erreforma beharrei eta zundaketei eta, azken batean, edozein obra burutzeko behar den horniketari erantzuteko izango diren kontsumoek. Horniketa hauek baimenduko dira, hala ere, denbora jakin baterako eta prekarioan, betiere herritarren behar orokorren baldintzapean.

Alabaina, eraikuntza amaituta egon arren, dagozkien lizentziak (lehen erabilerakoak, jarduerakoak edo irekitzekoak) oraindik lortu ez badituzte, eraikuntzaren obrarako horniketatzat joko dira harik eta dagozkien lizentzia horiek lortu arte.               

Suteen aurkako horniketaren izaera izango dute, xede horretarako instalaziotik datozen edo helburu horrekin kontratatzen diren ur horniketak.

Aurrez aipatutako horniketa mota horietako edozein horniketa berezia baimendu ahal izango da, noizbehinkako edo behin-behineko izaera duen ezein beharri erantzun behar zaionean.

Nolanahi ere, horniketa hauek Udalak eskatzen den puntu horretan dauzkan instalazioek ematen dituzten aukeren eta hiritarren behar orokorren menpe egongo dira. Nolanahi ere, emakida prekarioan eta denbora jakinerako izango da.


55. artikulua.    Horniketa desberdinak.

Nolanahi ere, eraikin bakoitzean egon daitezkeen merkataritza edo negozio lokalek beren horniketa independentea izan beharko dute.

56. artikulua.    Suteen aurkako zerbitzuaren horniketa.

Eraikinen barneko suteen aurkako instalazioek, eraikinen xedea edo erabilera edozein izanik ere, erabilera hori bakarrik izango duen ur horniketa berezia izan behar dute. Eta ondorio guztietarako, Araudi honetan horniketa arrunteko instalazioetarako agintzen diren baldintzak bete beharko dituzte, ondorengo irizpideen arabera:  

1.    Instalazio berezituak izatea: suteen aurkako instalazioak beste edozein erabilera duten instalazioetatik berezituak izango dira eta berauetatik ezin izango da beste erabilerarik izan dezakeen desbideraketarik egin.

Era berean, eta Udalaren baimen espresik gabe, debekaturik dago urik hartzea instalazio hauetako edozein elementutik, suteen kasuan izan ezik.

Suteen aurkako araudi bereziak abonatutako pertsonaren jabetzako barneko instalazioan Udalak bermatzen ez duen presiorik exijitzen duenean, abonatutako pertsonaren erantzukizuna izango da, lehen aipatutako araudi berezi hori betetzera eramango duen presioa handitzeko gailuak jartzea eta haiek artapen lana egitea.

Eskakizun horiek Udalak estaltzen dituenean, suteen aurkako instalazio espezifikoen titularra delako, Lanbarren poligonoaren kasuan, Udalak gastu guztiak kobratuko dizkie instalazio horiek erabiltzen ari diren eta/edo erabiltzeko aukera duten abonatuei.

Udalak beretzat gordetzen du Ur Zerbitzuaren baimena duten kontrol-instalazioak ezar daitezela eskatzeko eskubidea. Kontrol-instalazio horiek abonatu erabiltzaileen kontura izango dira beti.

Suteen aurkako hartuneen bidez kontsumitutako ura egin den erabileraren arabera fakturatu ahal izango da, eta Udaleko Ur Zerbitzuak eskatutako ezaugarriak dituen kontagailu bat eduki beharko da instalatuta, instalazioaren ezaugarrietara eta indarreko araudira egokitzen dena.

2.    Horniketaren kontratazioa: banaketako sare publikoari suteen aurkako horniketarako hartune bat lotzeko, aldez aurretik, Udalaren eta abonatutako pertsonaren arteko horniketa kontratua sinatu beharko da.

Kontratu hauek horniketa arruntetarako kontratuen izapidetzea eta izaera bera izango dute; eta horrenbestez, arauz ezarritako manamendu berak bete beharko dituzte.

IX. KAPITULUA

HORNIKETAREN EMAKIDA ETA KONTRATAZIOA

57. artikulua.    Horniketa eskaera.

Horniketa kontratatu aurretik, interesaturik dagoen pertsonak horniketa eskaera egiteko inprimakia aurkeztu beharko du Udaleko erregistroan.

Eskaera orrian eskatzailearen izena, eskatutako urari eman nahi zaion erabilera, hornidura izango duen finka eta, bide batez, horniketaren ezaugarriak eta baldintzak egokiro definitzeko eta zerbitzuaren ordainetan dagozkion tarifak aplikatzeko, beharrezko izan daitezkeen gainerako ingurumarien berri eman behar du. Inprimaki horretan jakinarazi beharko da jakinarazpenak igortzeko helbidea, betiere, hornidura izango duen gunea ez den kasuetan.

Aurrez arautu eta horniketaren inprimakian agerrarazten diren datu guztiak zuzenak izatea eskatzailearen erantzukizuna izango da eta aipatutako horniketa arautzeko oinarri gisa erabiliko dira.

Horniketa eskaerarekin batera, interesaturik dagoen pertsonak ondorengo dokumentazioa erantsiko du:

*  Instalatzailearen buletina, Gipuzkoako Industria, Merkataritza eta Turismo Ordezkaritzak ikus-onetsia.

*  Jabetza eskritura eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiria.

*  Kontratatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria.

*  Zorraren eraketa-dokumentua, aipameneko horniketako instalazioengatik zor hori ezarri beharrekotzat jotzen denean.             

*  Horniketa etxebizitzarako bada, lehen okupazioko lizentzia ere ekarri behar da.

*  Horniketa merkataritza-, zerbitzu-, garaje- edo industria-lokaletarako bada, honako dokumentuak ekarri behar dira:

Irekitzeko lizentzia.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman izanaren egiaztagiria.

*  Nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenerako hornidurak 24. artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

58. artikulua.    Kontratazioa.

Horniketa eskaera egin ondoren, Udalak, hamabost lanegunetako gehienezko epearen barne, horniketa gauzatzeko baldintza tekniko eta ekonomikoen gaineko azterketa jakinaraziko dio eskatzaileari idatziz. Sarearekiko lotura egiteko eskubidea emateagatik ordaindu beharreko tasaren zenbatekoa ere jakinaraziko zaio.

Eskatzaileak, behin baldintza tekniko eta ekonomikoen jakinarazpena jaso ondoren, hogeita hamar egunetako epea izango du kontratua sinatzeko. Epe hori kontratua sinatu gabe igaroko balitz, eskaerak bere indarra galduko du Udalarentzako inolako obligaziorik sortu gabe.

Nolanahi ere, horniketa kontratu edo poliza horrek ez du indarrik izango, eskatzaileak, Araudi honetan xedatutakoarekin bat, konpondu edo bete behar dituen obligazio ekonomiko, tekniko eta administratiboak betetzen ez dituen bitartean.         

Behin eskatzaileak eskubideak ordaindu eta dagozkion betebeharrak bete ondoren, Udalak instalazioa eta horniketa martxan jartzeko obligazioa dauka, betiere, kontratazioa eta ordainketa egindako datatik hamabost laneguneko epearen barruan.

Nolanahi ere, lanak burutzeko behar diren baimenak lortzean atzerapenak izango balira, aurreko pasartean finkatutako epea etetea ekarriko du. Eta atzerapen horren berri emango dio idatziz Udalak eskatzaileari.             

59. artikulua.    Kontratua ukatzeko arrazoiak.

Uraren horniketaren emakidarako ahalmena, indarrean dauden arauen arabera, Udalari dagokio.  

Udalak horniketaren kontratazioa uka dezake, ondorengo kasu hauetan:

1.    Horniketa eskatzen duen pertsonak edo entitateak, uraren horniketaren kontratazioari buruz indarrean dauden xedapenen arabera eta baimendutako eredu batean luzatutako kontratua sinatzeari uko egiten dionean, edo legez ezarritako dokumentazioa aurkezten ez duenean edo, azkenik, dagozkion ordainketak egiten ez dituenean.

2.    Eskatzaile horren instalazioan, eta Oiartzungo Udalaren iritziz, behin egiaztatu ondoren, indarrean dagoen araudiak izaera orokorrez ezartzen dituen manamenduak betetzen ez direnean. Kasu honetan, Udalak aurkitutako hutsuneak adieraziko dizkio eskatzaileari zuzen ditzan.

3.    Uraren horniketarako hartunerik ez duenean edo isurketen eta euri-uren hustuketarako baimenik ez duenean.        

4.    Horniketaren eskatzaileak, aurrez, uraren horniketaren zenbatekoa ordaintzeari utzi diola egiaztatzen denean, nahiz eta horniketarako eskubidea edukitzeko betekizunak bete, Udalari uraren zerbitzuagatik diru kantitateren bat zor badiote, horniketa hori ukatuko zaie zenbateko hori kitatu arte, eta, gainera, horrela jardun beharrak eragin ditzakeen errekargu eta gastuei erantzun beharko die.

5.    Horniketa eskatzen den lokalerako, aurretik eta indarrean dagoen beste horniketa kontratu bat dagoenean.

6.    Horniketaren eskatzaileak legozkiokeen hirugarren pertsonen baimenik lortu dituela zehaztasunez egiaztatzen ez duenean, edo, kasua balitz, eskatutako zerbitzuak emateko gauzatu beharreko obrak eta instalazioak egiteko beharrezko zortasunak, erregistroan inskribaturik, ezarri ez dituenean.      

60. artikulua.    Horniketa kontratua.

Udalaren eta abonatutako pertsonaren arteko erlazioa horniketa kontratuak edo ordainketa polizak arautuko dute.

Horniketa kontratua izango da, zerbitzuaren emakida legeztatuko duen agiri bakarra eta, Araudi honetan ezarritako baldintzaz gainera, Udalaren eta abonatutako pertsonaren arteko harremanak arautuko dira. Une honetan sortzen dira udal sarearekiko lotura eskubideak. Eskubide horiek tasa arautzen duen ordenantza fiskalean kuantifikatuko dira.               

Aipatutako kontratu hori idatziz eta ale bikoitzean jasoko da; eta ale bat, behar bezala beterik, abonatutako pertsonari emango zaio, bertan, gutxienez, ondorengo datu hauek jaso beharko direlarik:

a)    Entitate hornitzailearen identifikazioa: Oiartzungo Udala.         

b)    Abonatuaren identifikazioa:

Izen-deiturak edo egoitza soziala.

NAN edo IFK.

Helbidea (hornitutako higiezinaren helbide bera ez bada).

Helbideratze agindua.

c)    Hornikuntzaren datuak:

Hornikuntza mota.

Jarduera (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafea).

Jarduera/irekiera lizentziaren titularra eta eguna.

Aurreko jarduera.

d)    Hornitutako finkaren datuak:

Helbidea.

Etxebizitza, letra, eskailera.

Etxebizitza kopurua, guztira.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren errezibo zk.

e)    Barne instalazioaren ezaugarriak:

Baimendutako instalatzailearen buletinaren erreferentzia.

f)    Horniketaren ezaugarriak:

Tarifa.

Hartunearen diametroa.

Kontratatutako emaria, eskariaren arabera.

g)    Neurgailua:

Mota.

Fabrikazio zenbakia.

Kalibrea, milimetrotan emana.

h)    Baldintza ekonomikoak:

Hartune eskubideak.

i)    Baldintza bereziak:

Kontagailuen kokapena.

Kontratuaren argibideak.

j)    Kontratua sinatzen den tokia eta eguna.

k)    Aldeen sinadurak.

Nolanahi ere, Araudi honetan aurreikusitako hornidura-kontraturik ez egoteak ez du eragotziko Araudi honetan jasotako zerbitzu eta jarduerengatik sortutako tarifak kudeatzea, likidatzea eta baita premiamendu bidez ere kobratzea pertsona fisiko edo juridikoei eta, nortasun juridikorik izan ez arren, zergapetu daitekeen unitate ekonomiko edo ondare banandua osatzen duten erakundeei, zerbitzu horien eraginpeko eta onuradun diren higiezinen jabe badira.          

61. artikulua.    Sinatu beharreko kontratuak.

Kontratuak horniketa mota bakoitzarentzako ezarriko dira eta, horrenbestez, tarifa edo baldintza bereziak aplikatu behar diren kasu haietarako, kontratu desberdinak sinatu beharko dira derrigorrez.

1.    Etxeko edo landako kontsumoagatik.

2.    Ostalaritzako kontsumoagatik.

3.    Etxekoa edo ostalaritzakoa ez den kontsumoagatik.

4.    Lanbarren poligonoko suteen aurkako sistema espezifikoko zerbitzua eskura izateagatik.

62. artikulua.    Kontratuaren sinatzaileak.

Horniketa kontratua Udalak eta hornitu behar den etxebizitzaren, finkaren, lokalaren edo industriaren titularrak, edo hura ordezkatzen duen pertsonak sinatuko dute.

63. artikulua.    Abonatutako pertsonen toki-aldaketa eta aldaketa.

Etxez aldatzean eta lokala kontratua sinatu zuen beste pertsona batek okupatzeak beste kontratu berri bat sinatzea dakar berez, edo kasua balitz, aurrekoaren subrogazioa egitea; baina betiere, Araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen badira eta finkaren titulartasuna aldatzen bada.

Izaera orokorrez, abonatuak ezin izango dizkio bere eskubideak beste inori utzi, ez eta Udalarekin dauzkan erantzukizunei itzuri ere. Alabaina, Udalarekin dauzkan betebehar ekonomikoak eguneratuta badauzka, bere kontratua lokal hori hartuko duen beste norbaiti aldatu ahal izango dio kontratatutako baldintza berberetan, betiere finkaren titulartasuna aldatzen bada.         

Finka hirugarren bati errentan emanda edo beste edozein tituluren bidez lagata badago, tasaren ordainketa azken horren kontu korrontean helbideratu ahal izango du.

Abonatuak idatziz jakinaraziko dio Udalari egindako aldaketa.        

Udalak, jakinarazpena jaso eta abonatu berriak betebehar formal eta ekonomikoak bete ondoren, kontratu berria egingo du abonatu berriaren izenean. Abonatu berriak zerbitzu horiek kontratatzeko behar diren dokumentu eta baimenak ekarri behar ditu; era berean, Udalean jarduera ekonomikoaren titulartasuna aldatzeko tramiteak egiten ari dela egiaztatzeko dokumentuak ere ekarri behar ditu.               

64. artikulua.    Subrogazioa.

Ordainketa polizaren titularra hilko balitz, polizaren eskubide eta betebeharren subrogazioa egin ahal izango da, betiere, heriotzaren dataren aurretik, gutxienez bi urteko epean, ohiko etxebizitzan elkarrekin bizi zitezkeen bere ezkontide, izatezko bikote, ondorengo, seme-alabatzako oso, aurreko eta anai-arreben artean. Elkarrekin bi urtetan bizitzeko betebehar hori ez da betetzea derrigorrezkoa izango, zenduaren guraso-agintepean egon zitezkeenentzat ez eta ezkontidearentzat ere. Nolanahi ere, finkaren titular berria kontratuaren subrogatzailea eta ordaintzeke dauden kopuruen arduraduna izango da.

Era berean, beste oinordeko edo legatudun batengan ere subroga daitezke eskubideak eta betebeharrak, betiere hornidura egiten den etxebizitzaren edo lokalaren jabetza edo erabilera beretzat hartzen badu.

Entitate juridikoen kasuan, subrogatzen duenak edo eskubideetan eta betebeharretan hura ordezkatuko duenak, gauza bera egin dezake ordainketa polizari dagokionean, baina, Udalen beharrezko liratekeen baimen administratibo guztiak aurkeztearen baldintzapean.

Subrogaziorako epea, gertaera izan eta hamabi hilabetekoa izango da.

65. artikulua.    Kontratuaren xedea eta irismena.

Horniketa kontratuak etxebizitza, lokal, industria edo unitate bereizitua osatzen duen obra bakoitzeko sinatuko dira.     

Horniketa bakoitza eman zeneko helburuei atxikita geratuko da; beraz, debekatuta dago beste helbururekin erabiltzea edo bere irismena aldatzea. Horrelakorik egin nahiko balitz, eskaera berri bat egin eta, kasua balitz, legokiokeen kontratu berria sinatu beharko da.

66. artikulua.    Gordailutzak.

Iraupen labur edo aldi bateko zerbitzuetan, betiere hiru hiletik beherakoetan, behin-behineko zenbateko bat gordailutzeko eskatuko da kontratua egiterakoan, eta hori kontagailuaren kalibre eta aurreikusitako erabilera-orduen arabera kalkulatutako da aurretiaz. Gerora egingo da behin betiko likidazioa, benetako kontsumoaren arabera.            

67. artikulua.    Kontratuaren iraupena.

Horniketa kontratuaren iraupena behin betikoa izango da, bestelako eperik finkatzen duen erabaki espresik izan ezean. Alabaina, abonatutako pertsonak edozein garaitan erabaki dezake kontratuaren iraungipena, nahiz eta horretarako, erabakiaren berri Udalari eman beharko dion hilabeteko aurrerapenarekin.

Obretarako horniketa, eremu mugikorretako aldian aldiko ikuskizunetarako eta, oro har, noizbehinkako jardueratarako denean, kontratuan espresuki zehaztuko den denbora jakin horretarako kontratatuko da.

Denbora jakinerako kontratuak luzatu ahal izango dira horniketaren titularrak eskatuz gero, baina arrazoi zurigarriak izanik Udalak berariazko baimena ematen badu.

68. artikulua.    Horniketa eteteko arrazoiak.

Udalak, indarrean dagoen legediak babes diezazkiokeen izaera zibil edo administratiboko akzioei ekitearen kalterik gabe, abonatutako pertsonen horniketa eten ahal izango du ondorengo kasu hauetan:

a)    Ur-horniketa eta saneamenduari dagokion tasaren ondoz ondoko hiru ordainagiri ordaintzen ez direnean, edo Udalak emandako edozein zerbitzuri dagozkion zenbatekoen sortzapen-datatik kontatzen hasita, abonatuak hiru hileko epearen barruan ordaintzen ez dituenean.

b)    Bere izenean horniketa izateko tartean kontratu idatzirik ez dagoenean eta Udalaren errekerimenduari jaramonik egin gabe kontratua sinatzeari uko egiten dionean.

c)    Iruzurrik egin edo iruzurrean berrerori dela egiaztatu ondoren egiten zaion likidaziotik eratorritako kopuruak, jakinarazpenaren datatik aurrera hurrengo hamabost lanegunetan, ordaintzen ez direnean.

d)    Abonatutako pertsonak hornitzen zaion urari, kontratu duen helburu eta erabilera desberdina ematen dion kasu guztietan.

e)    Abonatutako pertsonak uraren horniketarako bere instalazioan, eta horniketa kontratuan jasotako beste finka, lokal edo etxebizitzetarako desbideraketak egiten eta egitea uzten duenean.

f)    Udaleko pertsonalak horniketako sareetan kontraturik gabeko ur kontsumoak egiaztatzen dituenean, hau da, ezkutuan egindako hartuneak aurkitzen dituenean. Kasu horietan, Udalak berehala eten ahal izango du ura aipatutako desbideraketetan, eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio idatziz.

g)    Abonatutako pertsonak kontratatutako horniketa kontrolatzen den lokalean, Udalak baimendutako eta dagokion nortasun dokumentazioa erakusten duen pertsonalari, laneko orduetan edo kanpoko harremanak izateko ordutegi normalean, instalazioak ikuskatzera sartzen uzten ez dionean. Kasu honetan, Udalak gertakarien akta jaso beharko du.               

h)    Abonatutako pertsonak, Entitatearekin sinatuta daukan kontratuko erabakiak edo zerbitzua erabiltzeko baldintza orokorrak, edozein gai delarik ere, betetzen ez dituenean.

i)    Urari ematen zaion erabileragatik edo barneko instalazioen egiturarengatik banaketa sareko uraren edangarritasunean eragin kaltegarririk sor daitezkeenean. Etenaldiak abonatutako pertsonek egoera horiek ez daitezen gertatu, neurri egokiak hartzen dituzten bitartean iraungo du. Kasu horretan Udalak berehala eten dezake horniketa, eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio idatziz.

j)    Abonatutako pertsonak erregistroa edo kontagailuaren kutxeta eta are barneko instalazioa, aldatzeari uko egiten dionean; betiere, Araudi honek baimentzen dituen arrazoiengatik kontagailua aldatu behar den kasuetan.

k)    Abonatutako pertsonak beste jatorriko urak nahasten dituenean Udalak ur hornidura berehala eten ahal izango du eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio idatziz.

l)    Kontagailuaren irakurketa egiteko prozedura arruntari jarraiki hamabi hilabeteko epean ezinezkoa gertatzen denean, abonatutako pertsonari egoz dakizkiokeen arrazoiengatik. Kasu honetan Udaleko Ur Zerbitzuak eten ahal izango du horniketa izaera iragankorrez eta, abonatutako pertsonak, bere kargura eta kontura, neurgailuen instalazioan, irakurketa egiteko sarbiderako oztopoak kenduz, aldaketak egiten ez dituen bitartean.

m)    Abonatutako pertsonaren utzikeriagatik; hau da, Udalak, idatziz, bere instalazioetan dauden matxurak konpontzeko errekerimendua egin arren, zazpi egunetik gorako epea igaroko balitz matxura konpondu gabe.

n)    Abonatutako pertsonak bere instalazioetan matxuraren bat badu eta gainerako abonatuen zerbitzua edo hornidura arriskuan jar badezake, Udalak hornidura berehala eten ahal izango du eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio idatziz.

69. artikulua.    Horniketaren etenaldirako prozedura.

Araudi honetan aurreikusitako berehalako horniketa etenaldien kasuetan izan ezik, Udalak hartutako erabakiaren jakinarazpena igorriko dio abonatutako pertsonari. Eta jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar lanegunetan akatsak bere hartan badirau, horniketa etengo da.

Udaleko Ur Zerbitzuak, berehalako etenaldiko kasuetan salbu, ezin izango du uraren horniketa eten jaiegunetan edo, edozein arrazoi tarteko, jendearen harrerarako zerbitzu administratibo eta teknikorik ez dagoen egunetan, –betiere zerbitzua berrezartzeko izapidetze osoa egin ahal izateko–, ez eta mota horretako egoeraren bat sortuko den egunen bezperatan.       

Zerbitzua egun berean berrezarriko da edo, ezinezkoa balitz, horniketaren etenaldirako izan ziren hutsegiteak bere onera ekartzen diren hurrengo lanegunean.

Horniketaren etenaldirako jakinarazpenean, gutxienez, honako puntu hauek jasoko dira:

— Abonatutako pertsonaren izen-deiturak eta helbidea.

— Hornitutako finkaren identifikazioa.

— Etenaldirako arrazoi zehatza.

— Etenaldia eragin zuten hutsegiteak konpondu ahal izateko Udal bulegoen helbidea, telefonoa eta ordutegia.              

Horniketaren birkonexioa Udalak egingo du eta abonatutako pertsonari, lan horrengatik eta une horretan instalatutako kalibre berdinerako, indarrean dagoen kontratazio kuotaren zenbatekoaren kopuru baliokide eta gehienezkoa kobratu ahal izango dio.

Etenaldiaren arrazoia ordainketarik ez egitea bada eta etenaldiaren egunetik hiru hilabeteko epean abonatutako pertsonak ordaintzeko dauzkan ordainagiriak ordaintzen ez baditu, kontratua iraungitzat emango da, Udalak zorra ordaintzeko eta sor zekizkiokeen kalte eta galeren kalte-ordainak exijitzeko eskubidea erabiltzearen kalterik gabe.

70. artikulua.    Horniketa kontratuaren iraungipena.

Uraren hornidurarako kontratua da, eta Araudi honetako 68. artikuluan zehaztutako arrazoiengatik horniketa eteteko bideak erabiltzearen kalterik gabe, honako arrazoi hauengatik iraungi daiteke:

1.    Abonatutako pertsonaren eskaeraz.

2.    Entitate hornitzailearen erabakia tarteko, honako kasu hauetan:

a)    Araudi honen 68. artikuluan araututako horniketa etenaldirako edozein arrazoi delarik, berean jarraitzea hiru hilabetetik gorako epean.

b)    Horniketa kontratuan jasotzen diren epeak eta baldintzak betetzen direnean.

c)    Zerbitzua kontratatzerakoan zeuden zerbitzu eta instalazioen erabilera aldatzen denean, bai eta, horniketa kontratatu zeneko finkaren eraispen, zabalpen edo berrikuntzarik izaten denean.

Behin, aipatutako edozein arrazoiarengatik kontratua iraungitzen bada eta horniketa berriro izan nahi bada, bakar bakarrik, eskaera berri bat eginez, kontratu berri bat sinatuz eta legozkiokeen eskubideak ordainduz lortu ahal izango da.

X. KAPITULUA

ERREGULARTASUNA HORNIKETAN

71. artikulua.    Zerbitzuaren maiztasuna.

Ezinbesteko arrazoiak tarteko edo instalazio publikoetan izan daitekeen matxurarik salbu, Udalak, zerbitzuari etenaldirik gabe eusteko obligazioa dauka, betiere, horniketa kontratuetan edo polizetan bestelakorik ezartzen ez den bitartean.

72. artikulua.    Denbora jakinerako etendurak.

Udalak zerbitzuaren denbora jakinerako etendurak egin ahal izango ditu, bere kargura dauden instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo hobetzeko lanak egiteko.

Aurreikusitako eta programatutako etenduretan, Udalak etetearen berri eman beharko die erabiltzaileei hogeita lau orduko aurrerapen minimoarekin eta, gutxienez, herrian zabalkunderik handiena duen komunikabide baten bidez. Alabaina, komunikabideen bidez egitea ezinezkoa izango balitzaio, bere eskura dauden bestelako bideak erabiliko ditu etetea nahiko denborarekin iragartzeko eta haren berri jasoko dela bermatzeko moduan.          

Udalaren kargura dauden instalazioetan izandako matxuren eraginez horniketa eten behar denean, halabeharrezko arrazoiak ez direnean tarteko eta bederatzi egunetatik gorako epean izango direnean, abonatutako pertsonak, Araudi honen 91. artikuluan zehazten den kuota finkoa edo zerbitzuko kuotaren zati proportzionala itzul dakion eskatzeko eskubidea izango du.

73. artikulua.    Ur erreserbak.

Sektore bakoitzaren arauketa berezian ezartzen denaren kalterik gabe, ura osasun publikorako edo pertsonen eta ondasunen segurtasunerako behar ezinbesteko eta etengabekoa den jarduera burutzen den lokal guztietan eta, bereziki, Ospitaleetan, gai sukoien eta erregaien biltegietan eta merkataritza gune handietan, erreserbako ur biltegiak jarri beharko dira eta, gutxienez, estali behar diren behar minimoei hogeita lau ordutik gora erantzuteko adinako autonomia emango dizkien moduko biltegiak izango dira.       

Era berean, produkzio prozesuan edo produktuen kontserbaziorako ura ezinbesteko elementu den industrietan ur erreserbak egokitu eta dimentsionatu egin beharko dira, betiere, autohornikuntza, gutxienez, hogeita lau ordutan bermatzeko moduan, zerbitzu desberdinetan edateko ur gisa erabili gabe.         

74. artikulua.    Murrizketak horniduran.

Lehorteak, ur emariaren urritasunak edo trataerako zailtasunak horrela eskatzen duenean, Udalak murrizketak ezarri ahal izango ditu abonatutako pertsonen horniketa zerbitzuan.              

Kasu honetan, Udalak aplikatu behar dituen neurriak, ahalik eta modurik argienean, abonatutako pertsonei azaltzeko obligazioa dauka, bai eta, murrizketak hasiko diren daten berri emateko ere, eta horretarako komunikabideak erabiliko ditu. Komunikabideen bidez azaltzea ezinezkoa izango balitz, Entitateak abonatutako pertsona bakoitzari jakinarazi beharko dio gutun pertsonal baten bidez.

Horniketa eteteko arrazoia nahikoa ur emaririk ez izatea denean, erabiltzaileen beharrei erantzuteko, kontratatutako erabileraren modalitateari jarraituko zaio, eta horniketa ondoren finkatzen den ordenari jarraiki etengo da: Iparraldeko III. Plan Hidrologikoan edo, hala badagokio, Euskal Autonomi Erkidegoko Plan Hidrologikoan adierazitako aprobetxamenduen lehentasunen alderantzizko ordenari jarriki.

1.    Prekarioan egindako horniketak.

2.    Apainketa erabilerako horniketak.

3.    Jolas erabilerako eta kirol instalazioen horniketak.    

4.    Industria, merkataritza eta zerbitzu erabilerako horniketak.

5.    Etxeko erabilerako horniketak.

XI. KAPITULUA

IRAKURKETAK, KONTSUMOAK ETA FAKTURAZIOAK

75. artikulua.    Irakurketaren maiztasuna.

Udalak irakurketarako sistema iraunkor eta aldizkakoa ezartzeko obligazioa dauka, betiere, abonatutako pertsona bakoitzaren kontagailuaren irakurketa, ahal den neurrian, ziklo berdinetan egin dadin.

76. artikulua.    Irakurketako ordutegia.

Udalak espresuki baimendutako pertsonalak irakurketa lanegunetan eta laneko edo kanpoko harremanetarako ordutegi normalean egingo du; nolanahi ere, langile hauek beren identifikazio agiriak izango dituzte.

Abonatutako pertsonak ezin izango du, inoiz, irakurketa egiteko obligazioa ezarri Udalak horretarako erabakita daukan ordutegitik kanpo.

Behin behineko horniketarako baimena ematen den kasuetan eta horniketa neurgailu mugikorren bidez egiten denean, abonatutako pertsonak dagokion kontratuan edo emakidan finkatzen diren toki edo lokaletan eta aipatutako agiri horretan bertan finkatzen diren egunetan, neurgailu mugikorrak aurkeztu beharko ditu irakurketa egin dadin.        

77. artikulua.    Abonatutako pertsonek egindako irakurketa.

Abonatutako pertsona bertan ez dagoelako irakurketa egitea ezinezkoa izango balitz, pertsonal arduradunak abonatutako pertsonaren etxebizitzaren ate azpian edo postontzian txartel bat utziko du abonatuak irakurketaren datuak eman ahal izateko.            

78. artikulua.    Kontsumoaren zehaztapena.

Oro har, abonatutako pertsonak egiten duen kontsumoaren zehaztapena, fakturazioko ondoz ondoko bi epeen artean izandako irakurketen diferentziaren arabera egingo da.

79. artikulua.    Balioetsitako kontsumoak.

Benetan izandako kontsumoa zein den jakitea ezinezkoa bada, neurgailuan matxuraren bat dagoelako, irakurketa egin nahi izan zen momentuan abonatutako pertsona ez zegoelako bertan edo Udalari egotz dakizkiokeen bestelako arrazoiengatik, kontsumoaren fakturazioa, denbora epe berean eta urteko sasoi berean izandako kontsumoaren arabera egingo da; alabaina, neurketa horiek eskura izango ez balira, aurreko sei hilabeteetan izandako kontsumoaren batez beste aritmetikoaren arabera likidatuko dira fakturak.

Aurreko pasartean aipatzen den batez bestekoa lortzeko datu historikorik ez dagoen kasu haietan, kontsumoak aurreko aldietan ezagutzen zaizkion kontsumoen batez bestekoa eginez zehaztuko dira. Hori ere ezinezkoa izango balitz, irakurketa-aldi batean kontsumoa neurtuko duen neurketa-sistema fidagarria erabiliko da. Aldi horretako irakurketaren kontsumoa ordaintzeke dauden aldiak likidatzeko erabiliko da.            

Modu honetan balioesten diren kontsumoek izaera irmoa izango dute kontagailuan matxurarik bada ere eta lehenengo paragrafoko gainerako kasuetan.

Kontsumoen balioespenari ere ekin ahal izango zaio, Udalean abonatutako pertsonak emandako neurgailuen datuak ikusirik, bertan azaltzen diren kontsumoak, abonatutako pertsonak izan ohi duen kontsumo erregimenarekin bat ez datozenean.   

Aurreko pasartean aipatzen diren kasuetan, Udalak, epe edo aldi horretako fakturazioa egiteko xedez, kontsumoen balioespena edo hurrengo aldira atzeratzea erabaki dezake, azkeneko aldi horretan bilduko direlarik bi aldi horietako kontsumoak. 

80. artikulua.    Fakturazioaren xedea eta maiztasuna.

Udalak XIII. Kapituluan jasotzen eta kasu bakoitzari egokitzen zaizkion kontzeptuak fakturatuko ditu, horniketa motaren eta une bakoitzean indarrean dauden tarifen arabera. Kontsumoak indarrean dagoen ordenantza fiskalak xedatzen duenaren arabera fakturatuko dira.

81. artikulua.    Fakturen eta ordainagirien betebeharrak.

Hornidura eta saneamendu zerbitzuak jasotzetik abonatutako pertsonari egozten zaizkion zorrak jasotzen diren ordainagirietan, indarrean dagoen legediak une bakoitzean exijitzen dituen zehaztasunak jasoko dira eta, bide batez, prezioak, kontsumoak eta erabiltzailearentzako interesgarriak izan daitezkeen gainerako datuak jaso beharko dira modu argi eta ulergarrian.

82. artikulua.    Informazioa ordainagirietan.

Fakturazio kontzeptuetan edo formetan aldaketa handiak edo garrantzitsuak izaten direnean, Udalak tarifak aplikatzeko moduari eta fakturazioan jasotzen diren kontzeptuak babesten dituzten eta indarrean dauden xedapenei buruzko informazioa emango die abonatutako pertsonei.

83. artikulua.    Ordainketa epea.

Udalak, uztailaren 5eko Foru Arauko (Gipuzkoako tokiko ogasunak arautzen dituena) 14.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, egoki diren zerga-erroldak onartzera joko du, eta horiek ordaintzeko epea urteko zerga-egutegian ezarritakoa izango da. Nolanahi ere, hori guztia Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bilketa Araudian ezarritakoari lotuta egingo da.

84. artikulua.    Fakturen edo ordainagirien ordainketa modua.

Udalak fakturatutako zenbatekoa ondorengo sistemen bidez ordaindu ahal izango du abonatutako pertsonak:              


— Udalak gaitutako Banketxe edo Kutxan dirutan ordainduz.         

— Abonatutako pertsonak adierazten duen kontuan helbideratuz.

85. artikulua.    Aldez aurretik erabakitako kontsumoak.

Bere izaera behin behinekoa delako, edo izaera prekarioan eman delako, edo bestelako salbuespenagatik, bolumen edo emari finko baten, edo erabilerako denbora unitateko kopuru zehatz baten horniketa kontratatzen den kasuetan, ezin izango zaizkie hitzartutako kontsumoei bestelakoak egotzi, iruzurrezko erabilera edo ezarritako kontratua betetzen ez denean salbu.   

Era berean, horniketa hauek kontratatzen dituen pertsonak ezin izango du inolako arrazoirik eman edo zirkunstantziarik argudiatu, hitzartutako kontsumoetan edo kopuruetan murriztapenik egiteko.

Kasu hauetan fakturazioa aldez aurretik egin ahal izango da, horniketaren emakida bera jakinarazten den une beran.

XII. KAPITULUA

IRUZURRAK URAREN HORNIKETAN

86. artikulua.    Baimendutako ikuskatzaileak.

Udalak nortasun txartel batekin kreditatuko ditu bere ikuskatzaileak eta bertan bere argazkia ipiniko da eta dagozkion atribuzioak jasoaraziko dira.

Baimendutako ikuskatzaileek, Araudi honen ondorioetarako eta edozein hutsegite dagoen egiaztatzeko xedez, dagozkion instalazioak erabiltzen diren lokalak ikusteko eta ikuskatzeko gaitasuna izango dute.

87. artikulua.    Ikuskapenaren akta.

Hutsegitea egiaztatu ondoren, baimendutako ikuskatzaileak, ahal bada, iruzurrarekin lotutako elementuak zigilatuko ditu eta dagokion akta jasoko du. Aktan lokalaren kokapena eta bisitaren ordua, ikusitako hutsegitearen deskribapen zehatza eta proba-elementuak, baleude, jasoko dira eta abonatutako pertsonari, edo berarentzat lanean ari den pertsonalari, senitarteko edo ikuskaritza lana ikusten duen edozein testiguri akta sinatzeko aukera emango zaio eta, bertan bide batez, abonatutako pertsonak, bere sinadurarekin, egoki iriz ditzakeen azalpenak jasoarazi ahal izango ditu. Sinatzeari uko egiteak ez du inolako eraginik izango izapidetzean ez eta gerora atera daitezkeen ondorioetan ere; eta, era berean, ez dira bere oharpenak kontuan hartuko ez bada akta sinatzen.

88. artikulua.    Jokabidea hutsegiteen kasuan.

Udalak, jasotako aktaren arabera, instalazioan ikusitako hutsegiteak zuzentzeko errekerimendua luzatuko dio jabeari eta bost lanegunetako epean arazoa konpontzen ez bada, dagokion horniketa etenez aplikatuko da erabakia.

Udalak bere sareetan horniketarako desbideraketak inolako hitzarmenik gabe topatuko balitu, hau da, ezkutuan eginikoak aurkituko balitu, horniketa berehala eten dezake aipatutako desbideraketak.   

Iruzur salaketa baten egiaztapena egiterakoan pertsonal eskudunari abonatutako pertsona baten etxebizitzan sartzea eragotziko balitzaio horniketa eten ahal izango da.

89. artikulua.    Iruzurragatiko likidazioa.

Udalak, Akta aurrean duelarik, iruzurragatiko likidazioa egingo du ondorengo kasu hauek kontuan izanik:

1.    Uraren horniketarako kontraturik ez izatea.               

2.    Edozein prozedura erabiliz, kontagailua edo neurgailuaren erregistroa maneiatzea edo aldatzea.

3.    Emarian desbideraketak egitea abonatu gabeko erabiltzaile batentzat, izaera iraunkorrez nahiz egoera bati erantzuteko, Udalaren baimenik gabe.

4.    Emarian eta neurgailuaren aurretik desbideraketak egitea, izaera iraunkorrez nahiz egoera bati erantzuteko.

5.    Urari kontratatutako bestelako erabilerak ematea, aplikatu beharreko tarifaren arabera kontsumoen fakturazioan eragina izanik.Udalak dagokion likidazioa egingo du, kasu bakoitzaren arabera eta honako era honetan:

— 1 kasua. Iruzurragatiko likidazio bat egingo da eta bertan iruzurrezko egintza horretan erabili beharko liratekeen instalazioei arauz egokituko litzaizkiokeen kontagailuen kapazitate nominaleko kontsumoa egotziko da, betiere, titulartasuna edo aipatutako instalazioen erabilera eskubideak eskuratu eta detektatutako iruzurra zuzendu bitarte igarotako denboran eguneko hiru ordutako kontsumoa izan dela iritziz; nolanahi ere, ez da urte betetik gora luzatuko aipatutako epe hori.

— 2 kasua. Instalatutako kontagailuko edo aparatuko markaketak faltsutu badira, berauen funtzionamendu okerra eragiten duten prozedura edo gailuak erabiliz, iruzurraren zenbatekoaren likidazioa finkatzeko oinarri gisa nominalaren kapazitatea hartuko da eta kontagailuaren azken egiaztapen ofiziala egin eta iruzurra zuzendu bitarte igarotako denboran eguneko hiru ordutako kontsumoa izan dela iritziko da; nolanahi ere, iruzurraren egileari denbora-epe horretan ordaindu dituen kontsumoak deskontatuko zaizkio.               

— 3 kasua. Iruzurra egin bada emaria kontagailuaren aurretik desbideratuz, lehen kasuan bezala likidatuko da horniketa kontraturik izango ez balitz, eta ez da kontagailuan neurtutako uraren deskonturik egingo.

— 4. kasua. Emariak abonatua ez den beste erabiltzaile batengana desbideratzen badira Oiartzungo Udalaren baimenik gabe, titularrari fakturatuko zaio emari desbideratuari dagokiona, 1. kasuan adierazitako moduan, eta desbideraketa hori berehala itxi beharko da.

— 5 kasua. Kasu honetan, erabilera okerra eman zaion ur kopuruaren likidazioa Udalaren alde egingo da eta, hala, urari ematen zaion benetako erabilerari aldi bakoitzean dagokion tarifaren eta kontratatutako erabilera kontuan izanik aplikatu zaion tarifaren arteko diferentzia kontsumoari aplikatuz egingo da. Aldi edo denbora-epe hori ezin izango da urte betetik gorakoa izan. Kontagailuaren emari nominaltzat hartuko dira, kontrakorik erakusten duen frogarik aurkezten ez den bitartean, ondorengo taulan kontagailuaren diametroaren arabera, jasotzen direnak.

Kalibrea/mm                                 Emari nominala (m³/h)

13 mm                                                     1,5

15 mm                                                     1,5

20 mm                                                     2,5

25 mm                                                     6,0

30 mm                                                     6,0

40 mm                                                   10,0

50 mm                                                   50,0

65 mm                                                   65,0

80 mm                                                 120,0

100 mm                                               180,0

125 mm                                               180,0

150 mm                                               450,0

200 mm                                               700,0

Kasu guztietan eta aurreko pasartean ezarritako manamenduen arabera ondoriozta daitekeen zenbateko horri, saneamenduko tasa eta gainerako zergak aplikatuko zaizkio eta, ondorioz, egiten diren likidazio horietan jaso beharko dira.

Udalak egiten dituen likidazioak interesdunei jakinaraziko zaizkie eta, hauek bere aldetik, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

XIII. KAPITULUA

TARIFAK EZARTZEKO SISTEMA

90. artikulua.    Baldintza orokorrak.

Araudi honetako ondorioetarako, tarifa-sistema izango da abonatutako pertsonak ordaindu beharreko prezioa osatzen duten kontzeptuen multzoa, Udalak bere zerbitzuak eskaintzeko oreka ekonomikoa eta finantzarioa lortzeko eta hari eusteko ordaintzen dena, alegia.

Tasak urtero eguneratuko dira Oiartzungo Udaleko Ordenantza Fiskaletan.

Ordenantza Fiskalak ezarriko duen bezala, ordenantza honen xede diren zerbitzu edo jardueren erabilgarritasun erreal edo potentzialak edo erabilera efektibo edo posibleak zehazten du zergapeko egitatea, baldin eta jarraian zerrendatzen badira eta dagozkien tasak sortzen badituzte:

a)    Edateko uraren hornidura-zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua.

b)    Saneamendu-estolderia zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua.

c)    Lanbarrengo industrialdeko suteen aurkako sistemaren zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua.

d)    Edateko uraren hornidura-zerbitzua erabiltzea.Tasa hori aldatu egiten da uraren erabileren edo xedeen arabera.

e)    Hartuneak ura banatzeko eta/edo hondakin-urak husteko sareetara lotzea.Hornidura eta/edo saneamendu zerbitzua fisikoki izatea barne hartzen du. Egikaritze materiala eta hartuneen kostua eskatzailearen kontura izango dira, eta ur-zerbitzuak ematen duen zerbitzua obren azterketa eta gainbegiratze teknikoa izango da.               

f)    Ur-kontagailuak egiaztatzea.

g)    Lanbarrengo industrialdeko suteen aurkako sistemaren elikadura-emariaren hornidura-zerbitzua erabiltzea.

91. artikulua.    Tarifak.

Ur-horniduraren tasa.

Ur-horniduraren eskuragarritasun potentziala eta/edo erreala kontuan hartuta.

— Kuota finkoa edo zerbitzu kuota.

Erabiltzaileek erabilgarritasunagatik, aldian aldian eta berdin zerbitzua erabiltzen edo erabiltzen ez bada, ordaindu behar duten kopuru finkoa da.        

1.    Edateko uraren hornidura-zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua.

2.    Saneamendu-zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua.

3.    Lanbarren industrialdeko suteen aurkako zerbitzurako sarbidea eskuragarri izatea Udalaren jabetzako hornidura-sarean.

4.    Lanbarren industrialdeko suteen aurkako zerbitzuaren erabilgarritasuna eta mantenimendua, udalaren hornidura-sarera konektatutako suteen aurkako instalazioa izanez gero.

Prezioa aldatu egingo da hornidura-mota bakoitzerako ezarritako tarifaren arabera.

92. artikulua.    Kuota aldakorra edo kontsumoko kuota.

Edateko uraren hornidura-zerbitzua erabiltzea.

Abonatutako pertsonak aldian-aldian izan duen kontsumoaren arabera ordaintzen duen kopurua da. Kuota hori kuantifikatzeko, tarifa konstante bat aplikatzen da hornidura-mota bakoitzerako.

93. artikulua.    Saneamendua.

Hondakin-urak benetan edo potentzialki hustea ur horien saneamendu- eta tratamendu-sareetara. Ondorio horietarako, soilik jotzen da benetako ebakuaziorik edo ebakuazio potentzialik ez dagoela, baldin eta Udaleko Ur Zerbitzuaren txosten tekniko batek zehazten badu epe laburrean saneamendu-sareetara ebakuatzea ezinezkoa dela. Abonatuak txosten tekniko hori idazteko eskatu behar du.

Saneamendu kuota aldi horretan fakturatutako uraren zenbatekoaren arabera fakturatuko da.

94. artikulua.    Kontagailuen artapena.

Arau orokor gisa, Udala arduratuko da kontagailuak mantentzeaz, eta tarifa bat aplikatu ahal izango du horretarako edo zerbitzu hori kobratu ahal izango du edateko uraren hornidura-zerbitzuaren erabilgarritasun eta mantenimendu gisa ezarritako kuota finkoan.

95. artikulua.    Udal-sarera konektatzeko eskubideak. Kontagailuaren alta.

Tasa hori sortzen da, lehenengo erabilera eman ondoren, jabe bakoitzak bere jabetzako ondasun higiezinerako ur-hornidura eskatzen duenean, bai lehenengo aldia denean, bai horniduran aldez aurretik baja eman ondoren berriz lotzea denean.

96. artikulua.    Hartuneak udal-sarera.

1.    Hartunea obragatik.

2.    Behin betiko hartunea.

3.    Behin betiko hartuneak aldatzea, ordeztea edo handitzea.

97. artikulua.    Zergak.

Fakturatzen diren kontzeptu desberdinei une bakoitzean aplikagarri zaizkien zergak jasoko dira fakturetan.

XIV. KAPITULUA

ERREKLAMAZIOAK ETA JURISDIKZIOA

98. artikulua.    Baldintza orokorrak.

Toki Administrazioaren gaietan indarrean dagoen legedian ezartzen den prozedurarekin bat etorriz, eta Udalaren jardueren eta erabakien aurka egiteko egoki irizten diren bideak hautatzearen kalterik gabe, zerbitzuak eskaintzeko baldintzen inguruan sortzen diren erreklamazioak, zalantzak eta interpretazioak, kasu bakoitzean eskudun den Administrazio Publikoko organoak erabakiko ditu bide administratiboan.              

Aurreko pasartean ezarritakoaren kalterik gabe, Justiziako Auzitegiei dagokie, beren jurisdikziopeko gai propioetan eta alde interesdunaren eskaerari erantzunez, esku hartzea.               

Nolanahi ere, eta Araudi honetan arautzen diren zerbitzuetatik eratorritako harremanen ondorioz Udalaren eta abonatutako pertsonen artean sortzen diren auziak, Donostiako Epaitegi eta Auzitegien jurisdikziopean egongo dira, beste ezeini uko eginez.        

XV. KAPITULUA

ARAU-HAUSTE ETA ZIGORRAK

99. artikulua.    Arau-hausteak.

Abonatuak egindako arau-haustetzat joko dira, Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak ez betetzea, hala nola 2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz Udalak onartzen dituenak ez betetzea. Arau-hausteak zergatzekoak eta ez-zergatzekoak izan daitezke.

100. artikulua.  Ez-zergatzeko arau-hausteak.

Ez-zergatzeko arau-hausteak, era honetara sailkatuko dira garrantziaren eta ondorioen arabera: arinak eta larriak.

Arau-hauste arinak izango dira Ordenantza honetako ondorengo artikulu eta ataletan abonatuari ezarritako betebeharrak ez betetzea: 10. artikulua, 7., 8., 9., 10., 11. eta 12. atalak.             

Arau-hauste larriak izango dira honako artikulu eta ataletan datozen arauak ez betetzea: 10. artikulua, 3., 4., 5., 6., 8. (Lanbarrengo suteen aurkako sistemari dagokionez), 13., 14.tik 17.rainoko atalak. Arau-hauste larritzat joko da, berebat, arau-hauste arintzat jotako arau-haustea behin eta berriz egitea.              

101. artikulua.  Zergatzeko arau-hausteen motak.

Zergatzeko arau-hausteak izango dira, larriak zein arinak, araua aplikatzerakoan indarrean dagoen legerian izaera hori ematen zaizkienak.

102. artikulua.  Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinek Zerbitzuaren ohartarazpena ekarriko dute, eta abonatuak bere egoera normaldu beharra hori beharrezkotzat jotzen denean. Ohartarazpena jaso eta hamabost eguneko epea izango du abonatuak. Abonatuaren kargura izango dira egoera normaltzeko gastu guztiak. Lanbarrengo suteen aurkako sistemaren kasuan, motorren konponketa eta erabilera bidegabeak eragindako presio hazkuntzarengatik izandako fugen konponketaren gastuak ere barneratuko dira zigorrean.

103. artikulua.  Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak, 107. artikuluaren arabera egin beharreko likidazioak likidazio, uraren 500 metro kubikori dagokion tarifaren zenbateko baliokideaz zigortuko dira, salbu eta tokiko erregimenaren arloan aplikatu beharreko legeak muga txikiagoa ezartzen badu, edo, arau-haustearen larritasunagatik, zigor handiagoa ezar badaiteke, aplikatzekoa den sektore-legearen arabera. Horrela jarritako zigorra edozein delarik ere, kasuak hala eskatzen duenean, zerbitzuak etengo dira harik eta Zerbitzuak instalazioa bere onera ekarri dela ziurtatu arte edo arau-haustearekin jarraituko dela ekiditeko neurri zuzentzaileak hartu direla ikusi arte. Aurrean ezarritakoak ez ditu ukatuko abonatuak berak sortutako egoeragatik dagozkion zuzeneko erantzukizunak.           


Edonola ere, ur-horniketarik ez da emango, egindako arau-haustearen ondorioz gastuak eragin badira eta horiek ordaindu ez badira. Lanbarrengo suteen aurkako sistemaren kasuan, motorren konponketa eta erabilera bidegabeak eragindako presio hazkuntzarengatik izandako fugen konponketaren gastuak ere barneratuko dira.

104. artikulua.  Arau-hauste arina berriro egitea.

Arau-hauste arina behin eta berriz egitea arau-hauste larritzat joko da.

105. artikulua.  Zergatzeko arau-hausteak.

Zergatzeko arau-hausteak legeria aplikagarriak edozein unetan ezartzen duenaren arabera zigortuko dira.     

106. artikulua.  Instalazioak manipulatzea.

Iruzurra instalazioak manipulatzearen ondorioz egiten denean, eten egingo dira kontratatutako zerbitzuak, harik eta manipulatutako instalazioak bere onera ekarri arte eta manipulazio horren ondorioz eragindako gastuak araua hautsi duenak ordaindu arte.

107. artikulua.  Iruzurrezko arau-hausteak.

1.    Iruzurrezko arau-hausteek, egoki diren zigorrez gain, egindako iruzurrari dagokion likidazioari erantzun beharra eragingo dute.         

2.    Iruzurraren ezaugarriengatik, eta aurreko atalean aipatzen den likidazioari begira, ezinezkoa gertatzen denean kontsumitutako ur-bolumena kalkulatzea, iruzurra egin den aldian hartunetik igaro ahal izan den gehienezko ur-bolumena izango da kontuan, betiere egunean hogeita lau ordutan kontsumitu izan balitz bezala. Iruzurra egin den aldi hori ezin bada zehaztasunez kalkulatu, honako denboraren eskalak erabiliko dira likidazioa egiteko, betiere kasu bakoitzean ematen den egoera kontuan izanik:         

— Zantzuen arabera susmatzen denean, iruzurraren aldia ez dela izan hamabost egunetik gorakoa: hamabost egun.      

— Susmoen arabera, iruzurra hilabete ingurukoa izan dela susmatzen denean: hogeita hamar egun.

— Susmoen arabera, iruzurra hilabete eta hiru hilabete artekoa izan dela susmatzen denean: laurogeita hamar egun.

— Susmoen arabera, iruzurra hirutik sei hilabete bitartekoa izan dela susmatzen denean: ehun eta laurogei egun.

— Sei hilabetetik urtebetera artekoetan: hirurehun eta hirurogeita bost egun.

— Urtebetetik gorakoentzat: zazpiehun eta hogeita hamar egun.

Xedapen iragankorrak.

1.    Kutxetek, erregistro-kutxek eta kontagailuen gelek beren bateria eta guztikoek araudi hau indarrean sartzen denean bertan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte eraikuntzen ezaugarriei dagokienez, Araudi honetako eskakizunetara egokitu behar dira. Horretarako, 8. Xedapen Iragankorrean jasotzen den prozedura beteko da.

2.    Kutxetetan, erregistro-kutxetan, aire librean, baterian edota etxebizitza edo lokaletan dauden kontagailuek araudi hau indarrean sartzen denean bertan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte kokapenari dagokionez, eta ez-betetze horrek irakurketa eta mantentzea eragozten edo zailtzen badu, Araudi honetako betekizunetara egokitu behar dira. Horretarako, 8. Xedapen Iragankorrean jasotzen den prozedura beteko da.      

3.    Araudi hau indarrean jartzen den egunean, aurreko puntuan sartzen ez diren kontagailuek, araudi honetak 44. artikuluan jasotzen diren homologazio-baldintzak betetzen ez badituzte, ordezkatu egin behar dira, 8. Xedapen Iragankorrean jasotzen den prozeduraren arabera.

4.    Arau hau indarrean jartzen den egunean kontagailuak dituzten kutxatilek, erregistroek eta gelek kontagailuak irakurri eta mantentzeko giltza behar badute, Udalak homologatutako sarraila-sistema erabili beharko dute. Eguneratzeko prozedura 8. Xedapen Iragankorrean jasotakoa izango da. 

5.    Araudi hau indarrean jartzen den egunean kontratu edo polizarik ez duten abonatutako pertsonek ez dute sinatu beharrik izango horniketaren erabileran aldaketarik izaten edo egungo eskubideen eskualdaketa edo subrogazioa izaten ez den bitartean, salbu eta Udalak beharrezkotzat jotzen badu horniduraren benetako egoera argitzeko eta kontratua sinatzea proposatzen badu 8. Xedapen Iragankorrean deskribatutako prozeduraren arabera.

6.    Araudi hau indarrean jartzen den egunean egiten diren horniketak erabilera anitzerako kontagailu bakar baten bidez egiten badira, barruko instalazioa aldatu behar dute, erabilera bakoitza kontagailu desberdinaren bidez hornitzeko eta egoki diren poliza berriak sinatzeko.Eguneratzeko prozedura 8. Xedapen Iragankorrean jasotakoa izango da.        

7.    Udalaren kargurakoa izango lepoa, hartune-giltza eta kutxeta/erregistroa mantentzea, Araudi hau onartu eta gero egiten diren instalazioetan, betiere araudian bertan ezarritakoarekin bat etorriz.

8.    Kutxeta/erregistroa berriro egin behar bada, Udalari egotziko zaio eginbeharra, hori hodi nagusiaren eta hartune-balbularen irteera bitartean gertatutako matxuraren ondoriozkoa bada. Nolanahi ere, abonatuak edo abonatuek ordaindu beharko dute, kutxeta egin beharra eragin duen matxura balbula horren eta instalazio orokorraren bitartean gertatu bada.

9.    Araudi honetako 1etik 6ra bitarteko Xedapen Iragankorretan aipatzen diren eguneratzeko prozeduretan honako pausuak emango dira:

Aldizkako ikusketa baten ondorioz erabakitzen bada instalazioa ez dagoela araudira egokituta honako arrazoiengatik:

— Kutxeta, erregistro, kontagailuen gelak eta kontagailuen baterien eraikuntza baldintzak.

— Kontagailuen kokapena.

— Kontagailuen bizitza baliagarria.

— Kontagailuen ezaugarri teknikoak.

— Kontagailuaren gelara sartzeko behar den giltzaren homologazioa.

— Zerbitzua kontratatzeko behar diren daturik ez ematea edo zuzenak ez izatea.

— Kontagailu bat bakar baten bidez erabilera askorako egitea horniketa. Holako egoera ez egokiak gertatzen direnean ikusketa-aktan jasoko dira, eta une horretan bertan erabiltzaileari ohartaraziko zaio, kasu bakoitzean, zuzendu behar dituen okerrak; egin behar dituen tramiteak; ustezko gastuak; epeak eta horiek betetzen ez baditu jasoko dituen zigorrak.

Xedapen indargabetzailea.

Araudi hau indarrean jartzen den egunean, indar eta baliorik gabe geratuko dira Araudi honen aurka doazen bere pareko edo maila txikiagoko xedapen, erregelamendu eta araudi guztiak.           

Azken xedapena.

Araudi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean behin betiko onarpena argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.    

ERANSKINAK

Edateko uraren hartuneak gauzatzeko arau teknikoak, neurgailuak eta instalazio bereziak.              

1.    Xedea.

Arau honen xedea da hartuneek funtzionamendu egokia izateko exijitu behar diren baldintza minimoak ezartzea, betiere, ohiko erabilerako baldintzen barruan, horniketa nahikoa eta erregularra izan dadin.

Arauak egiteko Eraikuntzaren Kode Teknikoa hartu da erreferentzi gisa. Aurrerantzean, kode hori aipatzen den aldiro EKT deituko zaio. Aldiz, agiri honetan jasotzen diren arauak, «Arau Teknikoak» izenarekin azalduko dira.

Derrigorrez betetzekoak izango dira eraikuntza berriko instalazioetan, bai eta egun daudenetan zabalpenak egiteko ere. 

2.    Gai orokorrak.

Hartuneak behar bezala baimendutako enpresek edo profesionalek egingo dituzte; eta, hain zuzen ere, haiei eta proiektuak idazten dituzten pertsonei zuzentzen zaizkie Arau Tekniko hauek.           

Ezaugarriak, eranskin honetako 5. eta 7. puntuekin bat etorriz, uraren presioaren, hitzartutako ur emariaren, aurreikusitako kontsumoaren, hornitu behar den eraikinaren kokagunearen eta dituen zerbitzuen arabera finkatuko dira.

Arau orokor gisara, finka bakoitzak bere hartune propio eta bakarra izango du eta horretarako eraikinean izan daitezkeen kontsumo guztiak, merkataritzako lokalenak barne, aurreikusi beharko dira, suteen aurkako hartunea izan ezik, hori independentea izango baita.

Hasiera batean, ez da hartunerako baimenik emango, azterketa xehekatua egin ondoren, diametroa edo balioetsitako kontsumoaren arabera sareko baldintzak erantzungo ez diola aurreikusten denean.

3.    Definizioak.

3.1.    Hartunea eta maniobrako giltzak.

— Hartune-hodia eraikinen, lokalen, lurzatien edo bestelako eraikinen barruko instalazio orokorra banaketa sareko hoditeriarekin lotzen duen hodia da.

— Hartunea banaketa sareko hodiaren gainean dago eta instalazioaren barruko hartunearen eta sarearen arteko lotura da. Komenigarria da erabiltzen den sistemak sarean, hodia zerbitzutik kanpo utzi gabe, hartuneak egiteko eta hartuneetan maniobrak egiteko aukera ematea.

— Hartuneko giltza muntaiaren arabera, hartunearen lepoan edo «t»an egongo da eta sarea eta hartune-hodiaren arteko lotura eteteko izango da.

— Hartune-hodia hartunearen gailu eta jabetzatik kanpo dagoen mozketagiltzaren arteko zatia da. Mozketa-giltzarik ez da jarriko bien artean bost metro baino gutxiagoko tartea badago.             

—Mozketa-giltza hartunearen gainean egongo da, bide publikoan eta eraikuntzaren ondoan. Udalak edo bereziki baimendutako pertsonak bakarrik erabili ahal izango dute; inolaz ere ez ordea, abonatuek, jabeek edota hirugarren pertsonek. Behar bezala homologatutako erregistro-kutxetan egongo da, erabili eta konpondu ahal izango den moduan.

—Mozketa orokorreko giltza, elikadura-hodiaren gainean egongo da, barneko aldean, erregistro-kutxeta batean; eta higiezinaren kanpoko hormaren ondoan edo finkaren itxituraren ondoan kokatuko da. Alabaina fatxadan, behar bezala iragazkaiztutako eta nahiko neurriko ganbara batean ere jarri ahal izango da. Ganbara honek bere ate edo dagokion erregistroko estalkia izango du; itxitura sistema egokia eta behar bezala identifikatuta egongo dena. Bestalde, ganbara hori eraikinaren sustatzaileak edo hartunearen berriketa edo zabalpena eskatu duen elkargoaren edo pertsonaren kargura eraikiko da. Beharrezkoa izango balitz itxi egin ahal izango da eraikineko barneko instalazio osoa urik gabe uzteko, baina betiere, jabearen edo higiezinaren pertsona erantzulearen erantzukizunpean itxiko da.

3.2.    Eraikinaren barruko instalazio orokorra.

— Elikadura-uraren hodia higiezineko hartunea banakako kontagailuen bateriarekin edo, bateriarik ez dagoen kasuan, kontagailuarekin lotzen duen hodia da. Eraikinaren itxitura-horma zeharkatuko balu, horman irekitako pasabide baten bidez egingo da eta juntura estankoak izango ditu atmosfera bateko presioan, elikadura-hodiaren dilataziorako aukera eman dezan. Bestalde, erabilera komuneko ingurutatik igaroko da eta, posible izango balitz, agerian egongo da bere ibilbide osoan. Nolanahi ere, horretarako eraiketa trabarik izango balitz plastikozko hodi estanko baten barnean sartuko da eta guztia hormigoiez estaliko da erresistentzia mekanikoa emateko. Plastikozko estaldura, gutxienez, elikadura-hodiaren bi halako diametrokoa izango da eta bere muturretan erregistroak eta izan daitekeen edozein itogin kontrolatzeko ikuskaritza egiteko aukera eman ditzaketen norabide aldaketak izango ditu.

Hodia hormetatik edo forjaketatik barrena igaroko balitz, 10 mm-ko gutxieneko lasaiera izango duen PVCko zorro bat pasako da, eta karezko morteroz edo plastiko hedagarriko materialez atxikiko da. Hutsunea masilla plastikoz beteko da. Obraren harrera egin aurretik, Udalak hormetako zorro horiek eta beraien atxikipena kontrolatzeko ikuskaritza egingo du eta, automatikoki baztertuko dira diametroa edo atxikipena egokiak ez badira.Behin instalazioa manamendu hauen arabera egin ondoren Udalak edo horrek delegatzen duen pertsonak egingo du instalazioa.

— Banakako kontagailuen bateria, elikadura-hodiaren amaieran instalatuko da, eta, zirkuitu itxi bat osatuz, hodi horizontal eta bertikalen multzo batek osatuko du eta gehienez, kontagailuak elikatzen dituen hiru hodi horizontal izango ditu; bide batez, aparatu horien eta beren giltzen euskarri izango dira. Uraren sarrera-giltza, kontagailuaren aurrean kokatuko dena, bateriarekin lotuko du eta irteerako giltzak uraren itzulera eragotziko duen gailu bat jartzeko aukera emango du.

Bateriak helburu horretarako eraikiko diren armairu edo gelatan kokatuko dira eta eraikinaren behe solairuan edo lehen sotoan edo eraikinaren kanpoko aldean jarriko dira, sarbide errazeko eta higiezinaren erabilera komuneko toki batean. Bertara indar elektrikoa eramango da eta indarra hartzeko hartune bat izango du Behe-Tentsioko Araudi Elektroteknikoaren (MI-BT 027 argibidea) arabera. Era berean, hustuketa sifonikoko iragazkaizketa izango du eta, matxura izanez gero, ur guztia saneamenduko sarera botatzeko adinako neurria eta, gutxienez, elikadura-hodiaren diametroaren bi halako izango da. Eta bide batez, bateria hauek gas eta elektrizitate kontagailuak biltzen dituzten bestelako aretoetatik bereziturik egongo dira.

Armairuak, gutxienez, kontagailuen muntaia, desmuntaia eta irakurketa egiteko adinako neurriak izango ditu. Kasu guztietan manipulatzeko gune librearen altuera, gutxienez, 2 metrotakoa izango da eta, kontagailuen irteera-giltzatik aurrera, metro bateko espazio librea izango du.

Bateria osatzen dituzten hodiak, gutxienez, inguratzen dituzten paramentuetatik, 0,2 metrotako distantziara egongo dira eta kontagailuak, zorutik gorako altuera izanik, gutxienez 0,30 m-tara eta gehienez 1,50 m-tara egon beharko dute.

Bateria dagoen tokira sartzeko beste ate bat igaro beharko balitz, gelaren beraren ateaz beste bat, alegia, berau beti irekita egongo da edo Udalak erabakitako itxitura sistema izan beharko du. Baldintza hau betetzetik salbuetsita dago kaletik barrura, eraikinera sartzeko atea.

Kontagailuen gelatan telefono linea bat instalatu ahal izango da, etorkizunean tele-irakurketarako aukera izan dadin.

— Baterian instalatuta ez dagoen kontagailua ixteko giltza dagoen ganbara berean eta haren ondoren jarriko da elikadura-hoditik bereziturik, partzialki bada ere. Nolanahi ere, instalazioa kontagailuaren funtzionamendu egoki baterako egingo da eta, horretarako, kontagailuaren aurretik eta ondoren, bere kalibrearen eta ezaugarrien arabera, behar dituen hodi zati zuzenak izango ditu. Kontagailua desmuntaia erraztuko duten bi giltzen artean kokatuko da eta atxikipen-balbula bat eta egiaztapenetarako hartune bat izango ditu. Ganbarak hustuketa naturala izango du; eta matxurarik izanez gero, ur guztia kanpora husteko adinako neurriak izango ditu eta, gutxienez, hartuneko hodiaren bi halako diametrokoa izango da.

Ixteko Giltza eta Jarritako Kontagailu Orokorreko Kutxetaren Gutxieneko Neurria hau izango da: EKT HS4ko 4. artikuluan adierazten dena.

Nolanahi ere, kanpoko horman txertatuta ere instalatu ahal izango dira; ganbararen barruko alde osoa luzitu egingo da eta kontagailua mozketa-giltzatik ahalik eta gertuen kokatuko da, gehienez ere, 3 metrotara.

Atea orri bat edo gehiagokoa izango da, baina armairuaren zabalera osoa hartu beharko du.

Itxitura normalizatua izango du eta, era berean telefono linea izan ahal izango du.

Kontagailuaren Armairurako Gutxieneko Neurria hau izango da: EKT HS4ko 4. artikuluan adierazten dena.

Atxikipen orokorreko balbula elikadura-hodiaren gainean kokatuko da ixteko giltzaren ondoan edo, baterian instalaturik ez dagoen kontagailuaren kasuan, haren ondoren. Bere helburua banaketa sarera itzul daitezkeen ur susmagarrietatik babestea da.           

Era berean, derrigorrezkoa baterian instalatutako kontagailu bakoitzean atxikipen-balbula bat jartzea.

4.    Neurgailuak (kontagailuak).

Araudi honetako VII. kapituluan ezarritakoa bete beharko dute.

5.    Hartuneen dimentsionamendua, neurgailuak eta haien kokapena.

Edateko uraren horniketarako hartuneek, printzipioz, EKTak finkatzen dituen neurriak izango dituzte.

Suteen aurkako sareen hartuneek, berriz, EKTa eta abenduaren 3ko 2267/2004 EDa kontuan izanik, dagozkien neurriak izango dituzte. Kontagailua izan beharko dute beti, eta Udalak homologatutakoa izateaz gainera, hartunearen diametroaren neurri berekoa izango da.

Berdeguneen eta iturri publiko edo apaingarrien ureztaketarako hartuneak, aurreikusitako kontsumoaren eta sarearen baldintza hidraulikoen arabera legokiokeen neurria izango du; eta sarrera errazeko toki batean kokatutako kontagailua izan beharko dute.

Industriarako eta aurreko kasuetan aurreikusi gabeko bestelako kasuetan, aurreikusitako kontsumoaren araberako neurriak izango dituzte hartuneek eta, betiere, kontsumoa arrazoitu egin beharko da.

Edozein kalkulu egiteko kargako galerak zehaztuko dira Darcy-Weisbach-en adierazpena erabiliz eta, beroni, Colebrook-White-en ekuaziotik ateratzen den koefizientea aplikatuko zaio. Zimurtasuna koefizientea burdinurturako 0,6 mm-koa izango da eta polietilenorako 0,03 mm. Erabili beharreko biskositate zinematikorako balioa 0,0000011 m²/seg izango da. Aipatu diren koefizienteak kontserbadoreak badirudite ere, instalazioaren zahartzea bermatzen dute eta, gainera, ezin izango dira kontuan hartu kargako galera singularrak.

«Airearen hozketan edo egokitzapenean» ere emari handiak behar izaten dira eta, horrenbestez, instalazioak Uraren Barne Instalazioen Oinarrizko Arau zaharretako 3. tituluan ezarritakoari egokituko dira.

— Hartuneen neurriak. EKTak, HS4 Oinarrizko Dokumentuak eta Hartune, Elikadura-hodi eta Presio Taldeak dimentsionatzeko Memoria Teknikoak adierazten duenaren arabera neurtuko dira, eta holakorik ezean, ordezko konponbidean ezarritakoaren arabera (EKTko 5.1.3 artikuluko b atalean ezarritakoaren arabera).

6.    Instalazio bereziak.

— Gainpresioko taldeak.

Udalak bermatuko du, oro har, sareko presioaren bidez uraren zuzeneko horniketa, hartuneko edo hartunearen adarreko presioa ez denean 15 metrokoa baino gehiagokoa bere gailurrean. Holako kasuetan, igotzeko ekipo bat instalatu beharko da, eta horretan ponpa bultzatzaileek andel lagungarri batetik hartu beharko dute ura halabeharrez. Erabat debekatuta dago ura instalazioko hodietatik zuzenean hartzea.  

Presio-ponparen ekipoa eraikineko beheko solairuan edo sotoan jarriko da.

Neurriak EKTan adierazitakoaren araberakoak izango dira.

— Suteetarako hartuneak.

Eraikineko hartune orokorretik bereizita egingo dira; horien instalazioan hartune orokorrak egiteko erabiltzen diren elementu berberak erabiliko dira.

Neurriak finkatzeko hartuneko adar bakoitzerako aurreikusitako kontsumoen baturatik ateratzen den emaria hartuko da kontuan.

— Klimatizazio eta aire egokituko unitate sistemak.         

Sare publikoko ura erabiltzen duten hozketako eta aire egokituko unitateen sistemetarako, azerketa bat egin beharko da, birzirkulaziorako instalazio bat eta dagokien atxikipen-balbula jarri behar ote zaien ikusteko.      

7.    Erabili beharreko materialak.

Hartuneetan erabil behar diren hodi eta giltzen materiala, oro har, 16 kgr/cm²-ko gutxieneko presioan lan egiteko gauza izan behar dute, betiere, zerbitzuaren presioa eta kanilak ixterakoan sortzen diren ariete-kolpeei aurre egiteko behar besteko indarra izan dezaten.

Hartuneak:

— Diametroa 80 mm-koa edo handiagoa:

Burdinurtu nodularra juntura automatiko malguarekin. Burdinurtu nodularreko piezak.

— Diametroa 80 mm-tik beherakoa:

Dentsitate altuko polietilenoa, PE100, UNE-EN12201 arauen arabera, laneko presioaren goitik tinbratua, gutxienez PN16. AENOR 001 kalitate marka izan beharko du. Piezak latoi estanpatukoak.

Material guztiek, osagaiak eta instalatutako gainerako elementuek ofizialki homologatuak izan behar dute.

Nolanahi ere, instalazioa osatzen duten elementuek UNE arauen edo berauen baliokide europarren, egun aplikagarri diren eta etorkizunean eman daitezkeen arauetan finkatuko diren jarraibideen arabera eginak izan beharko dute.

8.    Trazadura.

Trazadura hornidura sarearekiko, ahal den guztietan, ortogonala izango da, eta derrigorrezkoa ez den bihurgune oro kenduko da.

Printzipioz ez dira gurutzadurak onartuko galtzadan eta bakar bakarrik egin ahal izango dira, beste trazadurarik egitea guztiz ezinezkoa denean; eta betiere, Udalaren baimenarekin eta beti honek eskatzen dituen baldintzak betez egin beharko da.

— Beste zerbitzuekiko lotura (gurutzadurak eta paralelismoak).

Bere trazaduran edateko uraren eta gainerako zerbitzuen artean izango diren gurutzadura eta paraleloki joateko distantziak, une bakoitzean Legediak eta Udal Ordenantzek ezartzen dituztenak izango dira.

Nolanahi ere edateko uraren hartuneen eta saneamenduko hartuneen arteko distantzia paraleloa, gutxienez, 0,40 metrokoa izango da. Dena den, ur hartunea horien guztien gainetik joango da.         

9.    Ikuskaritzak.

«Arau Tekniko» hauen arabera gauzatu diren instalazioak martxan jarri aurretik, enpresa edo pertsona instalatzaileek «Arau Tekniko» hauetan aurreikusitako erresistentzia mekanikoko eta estankotasun probak egin beharko dituzte; eta horretarako Udala jakinaren gainean jarri beharko da.             

Udalak arauz ezarritako probak egin eta, Arau Tekniko hauen arabera gauzatu diren instalazioen funtzionamendu ona bermatzeko, beharrezko irizten dituen gainerako ikuskaritza, gainbegiraketa eta egiaztapen proba guztiak egin ahal izango ditu.      

Proba hauek emaitza ona izan dutela iritziko da Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzak emandako Ziurtagiria aurkezten bada.       

10.    Probak instalazioetan.

Instalazioa osatzen duten elementu eta osagai guztiak izango dira arauzko probak egiteko gai.

Hodiak estaltzeari ekin aurretik, enpresa instalatzaileek proba hauek egin beharko dituzte derrigorrez:

— Erresistentzia mekanikoko eta estankotasun probak. Proba hau presio hidraulikorekin egingo da. Instalazioa osatzen duten hodi, elementu eta osagai guztiei egin beharko zaie proba hau.       

— Probak hodi instalatuan. Erregelamendu edo araudietan eskatzen diren probetara mugatzearren, MOPUren Ur-horniketako hodietarako Agindu Tekniko Orokorren agiriko edukiari lotuko gara, eta batez ere horko 11. kapituluan xedatzen denera, hau da:

11.    Probak hodi instalatuan.

11.1.    Derrigorrezko probak.

11.1.1.    Zangan instalatutako hodian honako bi proba hauek egin behar dira derrigorrez:

1.    Barruko presioaren proba.

2.    Estankotasunaren proba.

Proba horiek egiteko behar diren elementu guztiak ekarriko ditu kontratistak, baita horretarako behar diren langileak ere; Administrazioak manometroak eta ekipo neurgailuak ekarri ahal izango ditu, baldin eta egoki iruditzen bazaio kontratistak ekarritakoak ikuskatzea.

11.2.    Barruko presioaren proba.

11.2.1.    Hoditeria muntatu ahala, hodiaren barruko presioaren probak egingo dira Administrazioak finkatutako luzerako zatietan. Gomendagarria da zati horiek 500 (bostehun) metro ingurukoak izatea, baina aukeratutako zatian, sestrarik behekoenaren eta sestrarik goikoenaren arteko presio-diferentzia ez da ezarritako proba-presioaren ehuneko hamar (100eko 10) baino handiagoa izango.

11.2.2.    Probak egiten hasi aurretik, behin betiko lekuan jarrita egon behar dute hodiaren osagarri guztiek. Zangak beteta egon behar du hein batean, eta junturak agerian.     

11.2.3.    Probaren xedeko zatia urez betetzen hasiko gara, poliki-poliki eta barruko airea kanpora dezaketen gailu guztiak irekita utziko dira; horiek gero, hodian airerik ez dagoela egiaztatu ondoren, ondoz ondo itxiz joango gara behetik gora. Ahal bada ura beheko aldetik sartuko dugu, horrela erraztu egingo dugulako airea goiko aldetik irtetea. Hori ezin izango balitz egin, urez betetzea askoz ere mantsoago egingo dugu, hodian airerik gera ez dadin. Hodiaren gailurrean iturri bat jarriko dugu behetik gora datorren airea purgatzeko eta probaren xedeko hodi zatiaren barrua erabat komunikatuta eta modu egokian dagoela egiaztatzeko.              

11.2.4.    Uraren presioko ponpa eskuzkoa edo mekanikoa izan daiteke, baina mekanikoa denean deskargako giltzak edo presioaren gehikuntza erregulatzeko gailu egokiak eduki behar ditu. Ponpa probatuko den hodiaren gunerik baxuenean jarriko da eta bi manometro edukiko ditu; horietako bat Administrazioak berak ekarriko du aldez aurretik ikuskatu ondoren.

11.2.5.    Probatu nahi den hodiaren muturrak pieza bereziekin itxiko dira eta horiek zurkaiztu egingo dira, irristatzeak edo ihesak ekiditeko. Pieza horiek, halaber, erraz desmuntatzekoak izango dira, hodiaren muntaiarekin nahi denean jarraitu ahal izateko. Arreta handiz zainduko da proban dagoen zatiko giltzak, halakorik badago, behar bezala daudela irekita. Norabide-aldagailuek, pieza bereziek eta abarrek ainguratuta egon beharko dute, eta beren fabrikek behar besteko erresistentzia izan beharko dute.

11.2.6.    Hodia zangan dagoela probatuko da, eta horko presioa probatzen ari garen hodi zati baxuenean presio handieneko gunean dagoen gehieneko presioa baino bat koma lau (1,4) bider handiagoa izango da. Presio hori emeki-emeki igoaraziko da, presioaren gehikuntza ez dadin kilogramo bat (1) baino handiagoa izan zentimetro kuadroko eta minutuko.

11.2.7.    Nahi den presioa lortu ondoren, hogeita hamar minutuko etena egingo da, eta denbora horretan manometroa askorik jaisten ez bada (p/5en erro karratua; p = zangan egindako proban zentimetro koadroko lortu den presioa) ontzat emango da. Manometroa hori gehiago baino jaisten bada, akatsak zuzentzera joko da, ura galtzen duten junturak errepasatuz eta, behar bada, hodiren bat aldatuz, edo behar dena eginez, presioaren jaitsiera ez dadin adierazitako neurri hori baino handiagoa izan.

11.2.8.    Hormigoizko eta amianto-zementuzko hodien kasuan, presioaren proba egin baino lehen, hodia urez beteko da eta horrela edukiko, gutxienez hogeita lau (24) orduz.

11.2.9.    Kasu berezietan, hala nola muntatzerakoan, hodia betetzeko ur gutxi dagoenean edota bestelako egoeretan, alegia, kontratistak proposatu ahal izango du, arrazoiak emanez, beste sistema bereziren bat erabiltzea, junturak ikuskatzeko segurtasun neurri berdinak gordez. Proposatutako proba-sistemak berme nahikorik ematen ez badu, Administrazioak proba gaitzesteko aukera izango du.

11.3.    Estankotasunaren proba.

11.3.1.    Hodiaren barruko presioa ikusteko probek emaitza onak izan dituztela ikusi ondoren, estankotasunaren proba egingo da.

11.3.2.    Probaren xedeko hodi zatian zegoen presio estatiko gorena izango da estankotasun-probako presioa.             

11.3.3.    Probetan dagoen hodi zatia urez bete eta gero, estankotasunaren proba egingo dugu. Horretan lortutako presioa konstante mantentzeko, ura sartu beharko dugu hodian ponpatxo baten bidez, eta presio hori mantentzeko sartu behar dugun urari galera deituko diogu.

11.3.4.    Estankotasunaren probak bi orduko iraupena izango du, eta denbora horretan izango duen galerak honako formularen bidez ateratzen den balioa baino txikiagoa izan behar du:

V = K L D.

Hizkien honako balioez:

V = probako galera guztira, litrotan.

L = probaren xedeko zatiaren luzera, metrotan.

D = barruko diametroa, metrotan.

K = materialari dagokion koefizientea.

Honako taularen arabera:

Hormigoia masan. K = 1,000.

Hormigoi armatua atorrarekin edo gabe. K = 0,400.

Hormigoi aurreatezatua. K = 0,250.

Fibrozementua. K = 0,350.

Burdinurtua. K = 0,300.

Altzairua. K = 0,350.

Plastikoa. K = 0,350.

11.3.5.    Edozein modutara, finkatutako galerak edonolakoak izanik ere, horiek gaindituz gero, kontratistak bere kargura ikuskatu beharko ditu juntura eta akatsak dituzten hodi guztiak; kontratistak, halaber, hoditerian atzemandako edozein ur-galera konpondu beharra dauka, nahiz eta galera hori onartzeko ezarrita dagoena baino txikiagoa izan.

Instalatutako hodien probetarako proposatutako muntaketa.

Probak egiterakoan kontuan izan beharrekoak:

a)    Aire-hondakinezko poltsak uretan disolbatzen dira, baina proba egiterakoan berriro bere onera etor daitezke eta presio-kolpea eragin. Beraz hodia sareko punturik baxuenetik betetzea gomendatzen da era honetako mugekin: Dn 160 mm-ko hodietan, 0,1 litro segundoko emaria baino gutxiago. Baldintza horiek betez gero, ez da aire-poltsarik eratzen eta era berezian errazten dira puntu garaietan, presio-probak egiterakoan, nahitaezkoak diren purgaketak.

Komenigarri da saio edo proba ofizialak egunaren barruko puntako tenperaturaren ondoren egitea eta ez gauetan. Probatan dagoen zatian, hein batean agerian dagoenean, giroko tenperatura asko igotzen da probaren hasieratik eta amaieraino; ondorioz hodiaren dilatazioa urarenaz bestelakoa izan daiteke eta presio jaitsaldi garrantzitsua eragin, batez ere polietilenozko hodietan. Tenperaturaren gorabehera horrek probaren emaitzak nahas ditzake.

b)    Proba 20 kg/cm²-ko presioan egingo da. Proba egiten hasteko instalazio guztia urez beteko da, eta horretarako amaierako iturri guztiak irekita egongo dira, harik eta ziur izan purgaketa guztia egin dela eta aire tanta batik ere ez dela gelditzen. Ondoren, purgarako ireki ditugun giltza guztiak itxiz joango gara, baita elikatze-iturria bera ere. Gero, ponpa erabiliko dugu, ordurako lotuta egongo dena, eta funtzionatzen mantenduko, harik eta probako presioa lortu arte. Behin eta presio hori lortzen dugunean, ponparen ixteko giltza itxiko dugu. Eta azkenik, instalazio guztia ikuskatuko, galerarik ez dagoela ziurtatzeko.     

c)    Ondoren, presioa gutxituz joango gara, zerbitzuko presioa lortu arte: 6 kg/cm²-ko gutxienez, eta presio horri eutsi egingo diogu hamabost minututan. Instalazioa ontzat emango da denbora horretan manometroaren irakurketak gorabeherarik izan ez badu, hau da, konstante mantendu bada. Proba honetan erabili beharreko manometroa irakurketa argikoa izango da, kg/cm²-en hamarrenak irakurtzeko modukoa.

d)    Aurrean aipatu ditugun presio-unitateak galtzadaren mailan hartutakoak dira.

12.    Harrera.

Aurreko araudia bete ondoren hartunearen instalazioa ontzat emango da. Eta une horretatik aurrera Uraren horniketa ezarri ahal izango da; betiere Saneamenduko hartunea edo ordezko instalazioren bat egin bada.

Saneamenduko hartuneak egiteko arau teknikoak.               

1.    Xedea.

Arau honen xedea da eraikin, finka, industria edo zuzkidura-instalazio bateko hondakin-urak husteko kanpoko instalazioetan eskatu behar diren baldintzak ezartzea; betiere, erabilera arrunta izanik, bere funtzionamendu eta ustiaketarako nahikoa izan eta zerbitzua bermatuta egon dadin. Saneamenduko hartuneen arau tekniko hauek «Oiartzungo udalerrian proiektuak idazteko eta lanak hartzeko ordenantzan» gai honi buruz adierazitakoarekin osatuko dira.               

2.    Definizioa eta hartune bateko elementuak.

2.1.    Definizioa.

Hartune bat izango da, abio-kutxetatik udal kolektoreetara abiatzen diren eta isurketa mota desberdinak (euri-urak, ur fekalak eta industrialak) biltzeko erabiltzen diren adarren multzoa.

Normalki, ur hartune bakoitzeko saneamenduko hartune bat eta bakar bat izango da.

Baldintzak zerbitzua jasotzen duen jabegoaren motaren eta ingurutan dagoen Estolderia Sarearen arabera finkatuko dira.              

Saneamenduko hartuneen adarrak bereizgarriak izango dira, bai eta kolektore batean bilduko badira ere.

2.2.    Elementuak.

Saneamenduko hartune bateko elementu garrantzitsuenak honako hauek izango dira:

— Abio-kutxetak.

— Hodiak.

— Lotuneak.

2.2.1.    Abio-kutxetak.

Beti jabetzaren mugaren ondoan, finkaren kanpoko aldean jarriko dira.

Hartunea hasten den puntua da eta erabiltzailearen jabetzan amaituko da; eta, beti, hartune bateko adar desberdin bakoitzaren hasiera izango dira. Bide batez, kokapena eta abio-erregistroa bertan egon eta garbiketarako hartune gisa erabili ahal izango dira.

Bertan, kolektorera doan isurketaren itxierarako mekanismoak jarriko dira.

2.2.2.    Hodiak.

Abio-kutxetak Estolderiako Udal Sareko putzuekin lotzen dituzten hodi zatiak dira.       

2.2.3.    Lotuneak.

Hartuneko adarrak estolderiako putzuen bitartez estolderia sarearekin lotzen diren guneak dira.

2.2.4.    Jabetzaren barruko kutxeta.

Jabetza pribatuan dagoelako hartunearen zati ez bada ere, derrigorrez instalatu beharko da jabetzaren barruko aldean, toki egoki batean, eta erregistro kutxeta bat jarri beharko da bertako ur fekal eta/edo industrialak jasotzeko eta sifoi motakoa izan beharko du.

3.    Hartuneko adar motak.

— Euri-urak. Zenbait izan daitezke eta bakar bakarrik euri-ura jasotzeko izango dira.

— Fekalak. Eraikin bakoitzeko adar bat jarriko da eta, bakar bakarrik, izaera fekal edo asimilatuko urak hustuko ditu.

— Industrialak. Bakar bakarrik edo nagusiki izaera industrialeko urak husteko izango dira, nahiz eta zati batean, txikienean, izaera fekal edo asimilatutako isurkinekin nahas daitezkeen.

4.    Hartuneen neurriak.

4.1.    Xedea.

Saneamenduko hartune bateko zati guztien neurriak zerbitzua eman zaion eraikinean, finkan, industrian edo bestelako eraikinetan sortzen diren isurkinen emari gehienezkoak (erabilera normalean) hustutzeko aukera eman beharko dute.

Garbiketa lanak errazteko xedez, ez dira ur fekaletako eta/edo industrialen hustuketarako 300 mm-tik beherako diametroak onartuko, ez eta 250 mm-tik beherakoak euri-uren isurketetarako.

4.2.    Gutxieneko diametroa eta materialak.

1. taula:

Hartuneko hodiren materiala

Gutxieneko diametro nominala

P.V.C. (Saneamendua)

250 edo 315 mm

Fibrozementua, Burdinurtua, F.V. Poliester, Gresa

250 edo 300 mm

Hormigoizko Juntura Estankoa

300 mm

A. D. Polietilenoa

250 edo 315 mm

 

4.3.    Gehienezko diametroa.

Aurreko pasartean ezarritakoaren kalterik gabe, saneamenduko hartune baten diametroa, oro har, ez da saneamenduko sarean elikatzen duen kolektoreak daukan diametroa baino handiagoa izango.

4.4.    Diametroaren normalizazioa.

Saneamenduko hartuneak gauzatzen direnean, gutxieneko diametroen mugak kontuan izanik, ondorengo eran normalizatuko dira:

2. taula:

Materiala

Diametro nominal normalizatuak

P.V.C. (Saneamendua)

250, 315, 355, 400 eta 500 mm

Fibrozementua, Burdinurtua

250, 300, 350, 400 eta 500 mm

Hormigoizko Juntura Estankoa

300, 400, 500 eta 600 mm

A. D. Polietilenoa

250, 315, 350 eta 400 mm

 

5.    Adarren neurriak.

5.1.    Euri uretako adarren neurriak.

Euri urak jasotzeko adarren neurriak dagokion proiektuan jaso beharko dira eta drenatu behar den azaleraren, inguruko plubiometriaren, hustu beharreko inguruaren kontzentrazio denboraren eta finkatutako itzulera denboraren (10 urte) arabera erabakiko da. Estalkiaren eta terrazen hustuketetarako eta datu zehatzagorik ez dagoenez, hustu beharreko emaria ondorengo adierazpenaren bidez (emariaren kontzentrazioa 3 minututan denean) kalkulatuko da: Q = [ S (m²) x 160 / 3600 ] (l / s) 1. Formula.

5.2.    Ur fekaletako adarren neurriak.

Ur fekalen adarren neurriak, Uraren Horniketako Barneko Instalazioetarako Oinarrizko Arauetako 1.3 artikuluan egiten den sailkapenari jarraiki, eraikinak dituen etxibizitzen kopuruaren arabera kalkulatzen dira. 4.484.

3. taula:

Adarraren diametroa

Etxebizitza kopuru maximoa

A mota

B mota

C mota

D mota

E mota

300 mm

274

200

146

100

65

350 mm

443

322

236

161

104

400 mm

674

490

360

245

159

 

 

5.3.    Industria edo zuzkidura-instalazio bateko hartune bateko adarren neurriak, euri-urak sartu gabe. Industrietako, Ospitaleetako, Ikastetxeetako eta abarretako hartuneetako adarren neurriak dagokion proiektuan jaso beharko dira eta hustea aurreikusi diren gehienezko emarien arabera kalkulatuko dira (dagozkien gehienezko koefizienteak ere kontuan izanik). Horrela erabili behar diren emari hauen arabera:

4. taula:

Adarraren diametroa

Hustu beharreko emari gehienezkoa

300 mm

40 l/seg bitarte

350 mm

40 - 63 l/seg

400 mm

63 - 90 l/seg

500 mm

90 - 163 l/seg

 

6.    Trazadura.

Saneamenduko hartune baten trazadura elementu guztiz garrantzitsu bat da. Trazadura egoki batekin honako helburu hauek lortu nahi dira:

— Funtzionamendu egokia bere erabilera normalean.

— Une oro hartunea aurki daitekeen moduan edukitzea eta hiri zerbitzuen multzoaren barruan bere egoera ezagutzea.

— Mantenimenduko, garbiketako eta abarretako lanak bermatzea.

— Eraikuntza erraztea. 2.1. puntuan jaso denaren arabera, arau orokor gisara, erabiltzaile bakoitzak (eraikina, industria, finka, zuzkidura instalazioa, eta abar) hartune bakar eta independente bat izango du; betiere, erabiltzaile batzuen isurketak inguru pribatu batean biltzea erabaki eta hustuketa sare nagusira hartune bakar baten bidez egitea erabiltzen ez bada.

6.1.    Trazadura plantan.

Saneamenduko hartune baten trazadura plantan, ahal den guztietan, estolderia sarearekiko lotunean, ortogonala izango da, baina lotuneko putzuetara bitarteko zatian trazadura diagonalak ere onartuko dira. Trazadura plantan beti zuzena izango da eta norabide aldaketarik egin beharko balitz bestelako putzuak edo kutxetak jarri beharko dira (ikus 1. irudia).

6.2.    Trazadura aurretiko bistatik.

Saneamenduko hartune baten trazadura beti behera, estolderia sarerantz, joango da eta gutxieneko malda ehuneko batekoa (% 1) izango da. Malda uniformea izango da. Aurretiko bistatik ez da trazaduran ukondorik jartzea onartuko (guztiz beharrezkoa ez den kasuetan izan ezik). Nolanahi ere eta ukondorik jarri behar izanez gero, hodirako pieza berezi eta propioen bidez egin beharko da eta ez dira inoiz kutxeta itsuak erabiliko. Ukondo horientzako onartutako gehieneko angelua 45° da ukondo ganbiletarako eta 30° ukondo ahurretarako. (ikus 2. irudia). Hartune bateko adar batean onar daitezkeen ukondoen kopuru gehienezkoa bi izango da. Nolanahi ere, mugimenduak, garbiketa lanak eta abar izan daitezkeela aurreikusiz ukondoak ez direla mugituko bermatu beharko da.

6.3.    Beste zerbitzuekiko loturak (gurutzadurak eta paralelismoak).

Bere trazaduran saneamenduko hartuneen eta gainerako zerbitzuen artean izango diren gurutzadura eta paraleloki joateko distantziak, une bakoitzean Legediak eta Udal Ordenantzek ezartzen dituztenak izango dira. Nolanahi ere saneamenduko hartuneen eta edateko ur hartuneen arteko distantzia paraleloa, gutxienez, 0,40 metrotakoa izango da.        

7.    Abio-kutxeten motak.

7.1.    Sifoi motakoak.

Barne aldean kutxetarik jartzea guztiz ezinezkoa denean sifoi motako kutxetak jarriko dira. Bide publikoan sifoi motako kutxetaren bat jarri beharko balitz, bere diseinuak ez du hartunearen garbiketarako gune izatearen futzioa eragotziko.

7.2.    Sifoi motatakoak ez direnak.Normalean jarri edo instalatuko direnak dira.

8.    Estolderia sarearekiko lotunea.

Lotunea putzu baten bidez. Sarean ordurako eraikita dagoen putzu batean egingo da edo bestela putzu bat eraikiko da helburu bakar horrekin. Aurrefabrikatutako putzuen kasuan ezik, bai baitituzte behar dituzten zuloak, putzu berriak egiten direnean, eta eraiketak aukera hori ematen duen guztietan, zuloak makineria egokia daukan barauts handiko daratulu batekin egingo dira. Hartuneko hodia putzura ekarri, eraiketak horretarako aukera ematen duen guztietan, hodi horren eta Estolderia Sareko Kolektorearekin lotzeko gako-kotak berdintzeko moduan ekarri beharko da. Nolanahi ere, hartuneko hodiaren Kota Hidraulikoa, putzuaren zorutik 0,80 metrotatik behera geratzea gomendatzen da.

8.2.    Juntura malgu estankoarekin.

— Putzuaren paretan zuloa egin eta aro edo pieza malgu bat jarriko da eta, beronen bidez, hartuneko hodia sartuko da putzuan (putzu aurrefabrikatutakoek prestatuta etor daitezke paretetan zuloa izanik).

— Hartuneko hodia putzuan sartuz, hormako zulo baten bidez eta putzuaren paretan juntura malgu baten bidez lotuz. 

8.2.    Irtenuneko putzuarekin.

Hartuneko hodiaren sestraren arabera putzuarekin lotzeko gunea, zorutik 0,80 metrotatik gora derrigorrez egin beharra dagoen kasuetan erabiliko da. Kasu hauetan eta langileak putzura sartzea errazteko irtenuneko putzu erantsi bat eraikitzea gomendatzen da; putzu horren bidez, lotunea edo sarrera putzuaren zorutik 0,80 m-tatik behera egin ahal izango da.     

9.    Gomendatutako materialak.

9.1.    Hodiak.

Hartune baten eraiketa, normalean, Estolderia Sarea bera baino baldintza okerragoetan egiten denez, estankotasun arazoak emango ez dituen materialeko hodiak eta adar bakoitzean ahalik eta juntura gutxien jartzeko aukera ematen duten materialak erabiltzea gomendatzen da, hau da, hodiak luzera jakin batekoak izan daitezela. Hala, bada, honako gomendio hau egiten da:

— P.V.C.

— Poliesterra, Beira-zuntza.

— Burdinurtu nodularra.

— Dentsitate altuko polietilenoa.

— Gresa.

— Estankotasun Junturako Hormigoia DN 400-etik gorakoa izatea (gutxieneko luzeera 2,20 m).

— Fibrozementua. Saneamenduko hartuneetan erabiltzen diren hodien eta exijituko zaizkien ezaugarri mekanikoak izango dira, 400 DN/IN diametrora bitartekoetan, erresistentzia mailarik altuena izatea, material mota bakoitzaren arabera. 400 DN/ID diametrotik gorakoentzako, berriz, zuritu egin beharko da kalkulu baten bidez, hartuneko hoditeriari exijitzen zaizkion erresistentzia mekanikoen mailara iristen direla.

9.2.    Kutxetak.

Hodientzako proposatutako bestelako materialak erabili ahal izango dira kutxeta aurrefabrikatuetan. (P.V.C., Burdinurtu nodularra, Polietilenoa, Hormigoia, Fibrozementua, Gresa).

9.3.    Erregistro estalkiak.

Burdinurtu nodularreko materialak gomendatzen dira, baina zenbait kasutan (espaloietako estalkiak) baldosa eta hormigoiez estalitako metalezko estalkiak erabili ahal izango dira. UNE-EN124 arauan exijitzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.

9.4.    Loturako junturak.

Loturako junturak kautxu sintetikokoak edo naturalekoak izango dira, lotura, estankotasuna, angelu desbideraketa eta isurketen eta lurzoruaren ezaugarrienganako erresistentzia bermatzeko modukoak.

10.    Harrera eta probak hartuneetan.

Estolderia Sare bateko hartuneetan dauden hodien luzera guztira, kolektoreetako hodien luzera bikoiztu dezakete. Hala, maila honetan, garrantzi berezia dauka hartune horiek modu egokian eraikitzea eta kolektoreen sareko betebehar eta exijentzia berdinak izatea.

10.1.    Hartuneen harrera.

Hartune bakoitzak bere Harrera izan beharko du, baina, aldez aurretik, ondorengo baldintzak bete direla egiaztatu beharko da:

— Barneko kutxetaren eta abio-kutxetaren arteko lotura izatea.

— Abio-kutxeta: akabera orokorra, zolarriaren osaketa, estaldurak, estalkia, hodien sarrera eta irteera,…

— Hartuneko hodiak: trazaketa plantan, trazadura aurreko bistatik, ezarpena, ainguraketen gauzatzea, betelana eta trinkotzea.

— Putzuarekiko lotunea: gauzatzea.

— Beste zerbitzuekiko paralelismoa eta gurutzadura, distantziak, babespena eta seinaleztapena.

— Bidezorua bere onera ekarri izana.

10.2.    Probak hartunean.

Hartune guztiak banan-banan probatu beharko dira.        

10.2.1.    Hormigoizko (masa-hormigoia edo hormigoi-armatua) eta gresezko hodiko hartunetan egin beharreko probak. Estankotasun probak urarekin edo airearekin egin ahal izango da, ondoren zehaztutako prozedurari jarraiki.

10.2.1.1.  Hartuneetako proba indibidualizatuak urarekin (hormigoia edo gresa): Uren beheko obturatzailetik gora egingo da betetze lanaren ondorioz hodian dagoen airea atera dadin errazteko; eta proba egiteko unean, proban (h) finkatutako ur zutabearen altuerari dagokion presioa aplikatuko zaio hodiari, 4m.c.aren baliokidea. Hormigoizko hodien kasuan eta probari ekin aurretik, behar den denbora guztia emango zaio hormigoiaren inpregnazio prozesua egonkortu dadin, eta ondoren ekingo zaio probari. Hala, probarako finkatutako presioari eusteko behar den ur bolumena gehituko zaio. Ondoren ur zutabeko muturreko presioa, presio gehienezko onargarrira iristen ez dela egiaztatu beharko da. Presio hori ez da inoiz 1 kg/cm²-tik gorakoa izango. Proba zuzena izango da, hogeita hamar minutu igaro ondoren, mailari eusteko gehitu behar izan zaizkion litroen kopurua ez bada hau baino handiagoa:

V < ID2 (m). L (m) litro.

2. formula.

Aurrekoan oinarriturik, estankotasun proba onargarria izateko gehitutako bolumen gehienezko onargarria, ondorengo baloreetan finkatzen dena izango da:

— 10 m linealeko hodirako:

5. taula:

Hartunearen diametroa

Litroak/30 minutuko (mm)

250

2

300

3

400

5

500

8

600

11

 

Aurreko adierazpena, proba egin den zatian bil daitekeen bolumenaren milako 4ri dagokio. Aurkitzen diren ur galerako puntu guztiak gainbegiratu beharko dira, nahiz eta probaren emaitza ontzat eman.

10.2.12.  Hartuneetako proba indibidualizatuak airearekin:

Prozedura:

— Probatu behar den hodi zatia garbitzea, batez ere, itxiturako baloi metalikoak jarri behar diren tokietan. Baloi hauek fabrikatzaileak adierazten duen barneko presioarekin puztu beharko dira.               

— Airea pixkanaka sartzea probatu behar den zatian, barneko presioak 0,27 kg/cm²-ko mailara iristen den arte.

— Behin presio horretara iritsi ondoren, airea, presioari eta tenperaturari dagokionean, egonkortzen utziko da, gutxienez, bi minututan eta ondoren 0,27 kg/cm²-ko presioari eusteko behar den aire kopuru justua sartuko da.

— Presioa eta tenperatura egonkortu denean presioari, gehienez, 0,24 kg/cm²-ra arte bakarrik jaisten utzi ahal izango zaio. Proba izango da, 0,17 kg/cm²-ko presiora jaisten behar duen denbora aurrez finkatutako «t» balioarena baino handiagoa dela egiaztatzea, hau da, «t» denbora baten barne presioa 0,07 kg/cm² baino gehiago ez jaistea.

— Aire presioarekin proba (0,24 kg/cm²).

6. taula:

Probaren Luzera (m)

Hartunearen diametroa (mm)

250

300

400

500

600

Probaren iraupena (minutuak eta segundoak)

15

0:50

1:12

2:08

3:20

4:48

25

1:23

2:00

3:33

5:33

8:00

35

1:57

2:48

4:58

7:46

10:12

40

2:13

3:12

5:41

8:30

10:12

45

2:30

3:26

6:24

8:30

10:12

50

2:47

4:00

6:48

8:30

10:12

60

3:20

4:48

6:48

8:30

11:31

70

3:53

5:06

6:48

9:20

13:26

80

3:53

5:06

6:48

10:40

15:21

 

 

Estolderia Sareko Proba bat egiteko, kolektoreak eta hartuneak batera egiaztatzeko, alegia, ASTM C924 Arauan jasotzen den Presioan sartutako Aireko Proba egitea gomendatzen da. 10.2.2. Burdinurtuko, Fibrozementuko, PVC-ko, Poliesterreko, beira-zuntzeko edo Polietilenoko hodiko hartunetan egin beharreko probak. 10.2.1. puntuan jasotako prozedura bera erabiliz, Urarekin egindako proba egingo da, baina, kasu honetan, ez da inolako ur galerarik onartuko.