2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

MUGIKORTASUNEKO ETA LURRALDE ANTOLAKETAKO DEPARTAMENTUA

Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia

Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak, eta 2021eko deialdia.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa, legegintzaldi honetako gobernu ekintzaren lidergorako tresna nagusi gisa eratua, Gipuzkoan sortzen ari diren erronkei eta premiei erantzuteko eta lurraldearen etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko tresna nagusi bihurtu da.  

Planak zenbait erronka ezartzen ditu Gipuzkoarentzat: nola bermatu gure udalerri eta eskualde guztien arteko lurralde oreka, desberdintasunak gutxituta esparru guztietan (ekonomikoa, soziala, laborala, kulturala, azpiegiturak eta zerbitzuak)? Nola indartu eskura dugun ondare naturalaren Kudeaketa aktiboa eta integrala? Nola izan erreferente klima aldaketaren kontrako borrokan eta beharrezko trantsizio energetikoan?      

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde eredua garatzeko bete behar duen baldintzetako bat, gobernu ekintzatik harago, ikaskuntzarako eta berrikuntzarako espazio irekiak sortzea da, pertsonak eta erakundeak elkarrekin jarduteko, lankidetzan aritzeko eta, azken batean, elkarrekin lan egiteko lekuak ahalbidetzea, erronkei aurre eginez, proposamenak sortuz edo agenda publikoaren arazoei irtenbideak bilatuz, horiek identifikatzeko, aztertzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoen bitartez ezar daitezkeen irtenbideak planteatzen saiatzeko.    

Hori guztia eraikitzeko, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiak, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 19/2020 Foru Dekretuan hari esleitutako eginkizun eta eskumenekin bat etorriz, komenigarri eta beharrezkotzat jotzen du beka batzuk sortzea lurralde antolaketaren, lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketaren eta eraikuntza arkitektonikoaren joera eta aldaketei buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuak bultzatzeko. Horretarako, dagozkion oinarriak eta deialdia egin dira, aipatutako arloetan ikertzaileen jarduera diruz laguntzeko.       


Bestalde, beka mota bakoitzak bere aurrekontu partidari eusten badio ere, eta eskaerak onartzeko eta ebaluatzeko prozesu bereizia duen arren, gainerako alderdiak berdinak dira guztientzat, hala nola deialdia bera edo araudi orokorra; izan ere, guztientzat epe berak ezartzen dira eta dokumentazio bera eskatzen da Bekek 12 hileko iraupena izango dute eta ordainketa bi zatitan egingo da: lehenengoa, kopuru osoaren % 50, beka emateko unean, eta bigarrena, gainerako % 50a, hasierako txostena aurkeztearekin batera, ebaluazio eta jarraipen batzordeak onartu ondoren. Bekaren onuradunek proiektuak abian jartzeko beharrezkoak diren lehen gastuak beren gain hartu ahal izateko beharrak justifikatzen du ordainketa aurreratua.        

Beka horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude.

Beka hauek ez dira estatuaren laguntza Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera; izan ere, ez dute lehia faltsutzen, ez eta faltsutzeko mehatxurik egiten ere, eta ez diote Estatu kideen arteko merkataritzari eragiten; beraz, tratatuko 108.3 artikuluan aurreikusitako jakinarazpen prozeduratik kanpo geratzen dira.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 16.1 artikuluaren arabera, Diputatuen Kontseiluari dagokio beka horiek emateko oinarri arautzaileak onesteko eskumena.  

Azaldutako guztiagatik, erabaki honen bidez proposatzen da oinarri arautzaileak onestea, bai eta beka horien 2021eko deialdia ere, gehienez ere berrogeita bost mila euroko (45.000,00 €) zenbatekoarekin.

Horrenbestez, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta gaiaz hitz egin ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.    Onestea lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak (erabaki honen I. eranskin gisa jasotzen dira).

Bigarren.    Onestea beka horien 2021eko deialdia (erabaki honen II. eranskin gisa jasotzen da).

Hirugarren.    Baimentzea berrogeita bost mila euroko (45.000,00 €) gastua, deialdi horri aurre egiteko, partida hauen kontura:

1.0520.210.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

1.0520.220.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

1.0520.230.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

Laugarren.    Erabaki honen bidez onetsitako oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek erabaki honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Administrazioarekiko Auzien Donostiako epaitegietan, hilabeteko epean, erabakiaren jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita.     

Hala ere, aukera dute horren aurretik Diputatuen Kontseiluaren aurrean berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.

Donostia, 2021eko abuztuaren 4a.—María Teresa Iribarren Goicoechandia, idazkari teknikoa.       (5491)

I. ERANSKINA

Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak.

1.  Xedea. Beka kopurua, eremua eta azpieremua.

1.1.    Oinarri hauek arautzen dituzten dirulaguntzen xedea da lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketaren, lurralde antolamenduaren eta eraikuntza arkitektonikoaren arloko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak ematea.    

1.2.    Hiru beka independente emango dira, bakoitza hamabost mila eurokoa (15.000,00 €), eremu hauetarako:           

a)    Beka bat, lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

b)    Beka bat, lurralde antolamenduaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

c)    Beka bat, eraikuntza arkitektonikoaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

Deialdi honen babesean egindako lanen ondorioz sortzen diren eduki guztiak zabaldu egingo dira, etorkizunean gai horiei buruzko proiektuetan erabil daitezen. 

1.3.    Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketaren arloko ikerketarako bekak, maila globalean zein tokikoan, honako azpieremu hauetakoren batean eragina duten proiektuei emango zaizkie:            

Higiezinen eta lurzoruaren merkatuko joeren azterketa.              

Administrazio publikoen ondarea kudeatzeko lege sistemen azterketa.

Administrazio publikoen ondarearen Kudeaketa eta analisia errazten duten informazio geografikoko sistemak.

Administrazio publikoen ondarearen Kudeaketa hobetzeko prozesuak, herritarren parte hartzearen eta lehia publikoaren bidez.

Ondarea kudeatzeko proposamenak, genero desberdintasunak eta diskriminazio soziala murrizten laguntzeko.        

1.4.    Lurralde antolamenduaren arloko ikerketarako bekak, maila globalean zein tokikoan, honako azpieremu hauetakoren batean eragina duten proiektuei emango zaizkie:

Lurralde antolamenduaren eta jasangarritasunaren arloan dauden erronka eta joera globalak eta tokikoak.

Hondatutako eta degradatutako eremuak leheneratzeko erronka eta joera globalak eta tokikoak.

Hirigintzan genero ikuspegia aplikatzeko joera globalak eta tokikoak.

Hirigintzaren bidez gizarteratzea bultzatzen duten joera globalak eta tokikoak.

1.5.    Eraikuntza arkitektonikoaren arloko ikerketarako bekak, maila globalean zein tokikoan, honako azpieremu hauetakoren batean eragina duten proiektuei emango zaizkie:     

Eraikuntzako eta birgaitze arkitektonikoaren alorreko erronka eta joera globalak eta tokikoak.

Eraikuntza arkitektoniko jasangarri eta energetikoki eraginkorrerako erronkak.

Higiezinak birgaitzea ekipamendu publiko gisa erabiltzeko.       

Eraikuntza arkitektonikorako proposamenak, genero desberdintasunak eta diskriminazio soziala murrizten laguntzen dutenak.

1.6.    Aurkezten diren proiektuek jatorrizkoak izan behar dute, aurretik argitaratu gabeak.

2.    Eskatzaileak.

2.1.    Espainiako edo Europar Batasuneko beste Estatu bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute beka, baldin eta bekarekin bateraezina den lan jarduerarik egiten ez badute. Ondorio horietarako, bateraezina da lanaldi erdia baino dedikazio handiagoa duen edozein lan jarduera.   

2.2.    Eskatzaileek unibertsitateko gradu edo graduondoko tituluren bat izan beharko dute, betiere eskatzen den bekaren xedearekin zerikusia badu. Titulazio akademikoa honako adar hauetako batekoa izango da:            

Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketarekin lotutako beketarako, gizarte zientzien adarretako titulazioak (ekonomia, enpresa zuzendaritza, zuzenbidea, zientzia politikoak), eta eraikuntzarekin lotutakoak (arkitektura eta ingeniaritza, edo antzeko esparruak).

Lurralde antolamenduaren arloko beketarako, gizarte zientziekin zerikusia duten adarretako titulazioak (soziologia, zientzia politikoak, geografia, zuzenbidea edo antzeko eremuak), edo eraikuntzarekin zerikusia dutenak (arkitektura, ingeniaritza edo antzeko eremuak).

Eraikuntza arkitektonikoarekin lotutako beketarako, eraikuntzarekin lotutako adarretako titulazioak (arkitektura, ingeniaritza edo antzekoak).

2.3.  Eskatzaileek ezin izango dute izan debekurik Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluko 2, 3 eta 4. zenbakietan ezarritakorik, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauaren 26.3 artikuluan adierazitakorik ere, eta oinarri hauetan adierazten diren gainerako baldintzak bete beharko dituzte.       

Aurreko paragrafoan adierazitakoa egiaztatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.        

2.4.  Eskatzaileak tutore bat dutela egiaztatu beharko du. Pertsona hori unibertsitate batekoa, ikerketa zentroko batekoa, enpresa publiko batekoa edo enpresa pribatu batekoa izango da, eta bekaren gaiarekin lotura zuzena izango du.

3.    Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Oinarri hauetan aurreikusitako beka bateraezina izango da xede bera edukiz, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako edo eman ditzakeen bestelako beka, dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

4.    Beka eskaerak aurkezteko modua eta epea.

4.1.    Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa Internet erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen inprimakia betez. Eskaerak eta dokumentazio osagarria 23/2010 Foru Dekretuak, irailaren 28koak, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duenak, aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.        

4.2.    Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

4.3.    Eskaerak aurkezteko epea urteko deialdian ezarriko da.

4.4.    Eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko jada Gipuzkoako Foru Aldundiak eskura dituen agiriak, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28.2 eta 53.1.d artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, betiere agiriak indarrean badaude eta aurkeztu ondoren ez badira bost urte igaro. Horrelakoetan, eskaera orrian adierazi beharko da agiri horiek noiz eta zein organoren aurrean edo bulegotan aurkeztu ziren edo, hala badagokio, zein organok edo bulegok eman zituen.         

4.5.    Eskaerak edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak ez baditu identifikazio datuak biltzen, akatsen bat badu edo osatu gabe badago, eskatzaileari eskatuko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritakoaren arabera, hamar eguneko epean zuzen ditzala antzemandako akatsak, eta, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, lege bereko 21. artikuluan aurreikusitako moduan.         

5.    Laguntza emateko prozedura.

5.1.    Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, deialdi eta hautaketa prozedura bakarraren bidez.     

5.2.    Prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak onetsitako eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdi publikoaren bidez.

6.    Izapideak.

6.1.    Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko Idazkaritza Teknikoak bideratuko du beka hauek emateko prozedura, eta ofizioz egingo ditu ebazpen proposamena egiteko datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak.            

6.2.    Eskaerak 7. oinarrian jasotako irizpideen arabera baloratuko dira. Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak, proiektuak aztertu ondoren, ebazpen proposamena emango du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta, eta organo eskudunari helaraziko dio onar dezan.      

6.3.    Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeko kide izango dira: Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiko titularra, batzordeburu izango dena; Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiko bi teknikari; Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuko teknikari bat eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko Idazkaritza Teknikoko pertsona bat, batzordeko idazkari gisa.

Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen osaeran trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatzeko, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea bermatuko da, ahal den guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.     

7.    Hautagaiak aukeratzea eta balorazio irizpideak.

7.1.    Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak aurkeztutako proiektua eta ikertzailearen ezaugarriak baloratuko ditu.            

7.2.    Ikertzailearen merituak.

Prestakuntza, esperientzia, argitalpenak eta hizkuntzen ezaguera baloratuko dira, gehienez ere, 40 puntu.

a)   Prestakuntza: gehienez, 10 puntu.

Unibertsitateko gradua: 4 puntu.

Ikerketara bideratuta ez dauden graduondokoak: 6 puntu.

Ikerketa metodologia duen graduondokoa: 8 puntu.

Doktoretzak: 10 puntu.

b)    Esperientzia ikerketa lanetan: gehienez, 10 puntu. Hautagaiek 2,5 puntu jasoko dituzte parte hartu duten ikerketa proiektu bakoitzeko, gutxienez 150 lanordu egin badituzte.           

c)    Argitalpen zientifikoak, teknikoak eta/edo dibulgaziozkoak. 2,5 puntu esleituko zaio baliozko argitalpen bakoitzari, gehienez ere, 10 puntu.

d)    Euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea. Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera baloratuko da: 2 puntu B2 mailari, 3 puntu C1 mailari eta 5 puntu C2 mailari, betiere gehienez, 10 puntu.

7.3.    Ikerketa eta dibulgazioko proiektuaren interesa eta kalitatea: gehienez, 60 puntu.

a)    Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoarekin bat etortzea (gehienez, 10 puntu).

b)    Ikerketa edo dibulgazio proiektuaren planteamendua (gehienez, 25 puntu).

c)    Proiektuaren gardentasuna eta bideragarritasuna, metodologia eta kronograma barne (gehienez, 20 puntu).

d)    Proiektuen genero ikuspegia eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planarekin bat etortzea (gehienez, 5 puntu).

7.4.    Eskaeren balorazio orokorra.

Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak zalantzarik badu ikerketa eta zabalkunde proiekturen bati buruz, hautagaiak hautatzeko prozesuaren barruan elkarrizketa pertsonal bat egitea erabaki dezake, proiektu horiek argitzen saiatzeko. Aurreko guztiaren akta egingo da, eta administrazio espedienteari erantsiko zaio.   


Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ez dira kontuan hartuko. Puntuazio handiena lortzen duten proposamenak izango dira onuradunak.

Nolanahi ere, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak, arrazoituta, deialdia hutsik utzi ahal izango du aurkeztutako proiektuek behar besteko kalitaterik ez dutenean, foru ekimen eta planekin lerrokatuta ez daudenean, edo lurraldearentzat interesgarriak ez direnean.

8.  Ebazpena.

8.1.    Balorazioa egin ondoren, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitza eta lortutako puntuazioen araberako hautagaien hurrenkera zehaztuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, puntuazio altuena lortu dutenak lehenetsiko dira zerrendan, ikerketa eta dibulgazio proiektuaren interesa eta kalitatea kontuan hartuta. Proposamenak orobat jasoko du ordezkoen zerrenda bat, inoiz onuradunak uko egiten badio, eta baztertuen zerrenda bat, non zehaztuko baita baztertzearen arrazoia; eta, hala badagokio, deialdia hutsik geratu den adierazpena.    


Uko egite bat edo atzera egite bat badago, ordezkoak jasoko duen beka zatia proportzionala izango da uko egin duen pertsonak kontsumitu ez duen aldiarekiko.

8.2.   Arlo batean deitutako bekaren bat hutsik geratzen bada, beka horren zenbatekoa beste bietan beste beka bat emateko erabili ahal izango da, eta hautatu gabeko beken artean puntuaziorik handiena lortu duen eskabideari emango zaio beka hori.

8.3.   Adjudikazio proposamena Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuari helaraziko zaio, eta hark bekak emateko berariazko ebazpena emango du, eta, hala badagokio, hutsik deklaratuko du deialdia. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, eta gainera Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Bekak eman aurretik, beka bakoitzerako gehieneko puntuazioa lortu duten hautagaiek dagozkien egiaztagirien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte. 

8.4.    Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, eta, nolanahi ere, oinarri hauetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

8.5.    Beka emateak ez du esan nahi Foru Aldundiarekin inolako lan loturarik dagoenik, eta, beraz, ez du Gizarte Segurantzarekiko betebeharrik sortzen.               

8.6.    Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, dagokion deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.   Behin epe hori igaro ondoren eskatzaileei ez bazaie ebazpena behar bezala jakinarazi, beka eskaera ezetsitzat jo ahal izango da, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.  

9.    Bekaren onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak obligazio hauek bete behar ditu:     

Tutoreak proiektuari buruz plantea ditzakeen behar, galdera edo kezkei erantzutea.

Ezarritako jarraipen bileretan parte hartzea. Bilerak lau hilean behin egingo dira.

Beka zertarako eman den, horretarako erabiltzea, eta tutoreari, zehaztutako kronogramaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri ematea. Emaitza horiek onespena edo oniritzia jaso beharko dute.      

Ikerketa edo dibulgazio proiektu bat prestatzea, emandako beka motaren xedea behar bezala betetzen duena.

Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeari ematea, euskarri informatikoan, egindako jardueren hasierako txostena eta amaierako memoria, ikerketa eta dibulgazio proiektua barne hartzen duena.

10.   Tutorearen betebeharrak.

Tutoreak edo proiektua zuzentzen duenak betebehar hauek izango ditu:

Gidaritza, tutoretza eta aholkularitza eskaintzea beka jaso duen pertsonari, proiektua burutzen lagunduz. Halaber, pertsona hori bideratzea ahal den dibulgazio proposamen osatuena eta askotarikoena egin dezan. Hasieran aurkeztutako proiektuarekiko desbiderapenik sumatuz gero, tutoreak horren berri eman beharko dio Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeari. Tutorearen eta beka jaso duen pertsonaren azalpenak entzun ondoren, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak onartu edo atzera botako ditu proposatutako aldaketa horiek.

Bermatzea bekaduna aurkeztutako proiektuari eta kronogramari jarraikiz ari dela, eta horren berri ematea Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeari.

Aurreko lanaren ondorioz, proiektuari oniritzia ematea, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordean aurkeztu aurreko baldintza bezala. Era horretan, tutoreak proiektuaren egokitasun zientifikoa ziurtatuko du, eskaeran definitutako helburuekin nahiz geroztik bertan onartuak izan diren aldaketekin ere bat datorrela bermatzearekin batera.

Garatu beharreko ikerketetan genero ikuspegia txertatzen dela zaintzea.

11.    Iraupena.

Bekak 12 hileko iraupena izango du, deialdiaren ebazpena argitaratzen den unetik kontatzen hasita.               

12.    Proiektuaren jarraipena.

Ebaluazio eta jarraipeneko batzordeek egingo dute bekaren xedea den proiektuaren jarraipena. Horretarako, lau hilean behin jarraipen bilerak egingo dira. Bekaren onuradunek, aribideko urteko azaroaren 15a baino lehen, egindakoari buruzko behin-behineko txosten bat aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako proiektuaren plangintza, metodologia eta kronogramarekin bat etorriz. Era berean, onuradunak bekaren amaierako memoria bat aurkeztu beharko du bekaren aldia amaitu eta hilabeteko epean. Memoria horretan laburpen exekutibo bat eta lortutako emaitzak zabaltzeko proposamen bat jaso beharko dira, emaitzen ezarpenaren eta, hala badagokio, hedapenaren balorazio ekonomiko batekin. Proiektuaren tutoretza edo zuzendaritza lanak egiten dituen pertsonak balioztatuko du lehenik azken memoria, eta Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeko kideek jarraian.               

13.    Bekaren ordainketa.

Beka bakoitza hamabost mila eurokoa (15.000 €) izango da. Zenbateko horri dagozkion atxikipenak egingo zaizkio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian ezarritakoaren arabera.               

Beka bi zatitan ordainduko da: lehena, zenbateko osoaren % 50, ematen den unean; eta bigarrena, gainerako % 50a, urte horretako abenduan, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak proiektuaren hasierako txostena onartu ondoren, hargatik eragotzi gabe 12. oinarrian eskatutako azken justifikazioa. Hala ere, aipatutako ordainketen baliozkotasuna 12. oinarrian adierazten den bukaerako memoriaren aurkezpenera eta ondorengo balioespenera baldintzatuta dago. Betetzen ez bada, 15. oinarriaren arabera jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira.              

Aldez aurretik ordaintzea justifikatuta dago beharrezkoa delako bekaren onuradunek beren gain hartzea proiektuak abian jartzeko egin beharreko lehenengo gastuak.  

14.  Proiektuaren zabalkundea.

14.1.    Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak bekaren xede den proiektua argitaratzeko eskubidea izango du, osorik edo zati batean. Edozein formatutan argitaratzen dela ere, egiletzaren aipamena agertuko da beti eta jabetza intelektualaren eskubideak arautzen dituen legea errespetatuko da.         

14.2.    Halaber, bekaren xede den proiektuaren edozein argitalpenetan eta publizitatean, egileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza adierazi beharko du, eta bere marka korporatiboa erreproduzitu beharko du dagokion publizitate euskarrian.  

15. oinarria.    Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

15.1.   Entitate onuradunak ez baditu oinarri hauetan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako baldintza eta betebehar guztiak betetzen, dirulaguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko zaio, eta dirulaguntza osoa edo zati bat eta dagozkion berandutza interesak itzuli beharko ditu, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 35. artikuluan eta apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako garapen araudiko 63. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraikiz; eta hortik ondorioztaturiko erantzukizunei ere aurre egin beharko die, foru arau horren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. 

15.2.    Ez-betetzeak mailakatzeko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira eta egindako jarduera guztien eta jasotako zenbatekoaren arteko proportzioaren arabera kalkulatuko dira.               

15.3.    Proiektuaren bideragarritasunari edo izaerari dagozkion arrazoiengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ezin bada edo lana egiten jarraitu nahi ez bada, bi aldeen adostasunez dirulaguntza etetea erabaki ahal izango da.

16.    Araudi aplikagarria.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaz gain, honako hauek xedatutakoa bete beharko da: 3/2007 Foru Araua, martxoaren 27koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzena, eta foru arau hori garatzeko Erregelamendua (apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaz onartua).

Oinarri hauetan araututako bekak ez dira estatuaren laguntza izango, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera, ez baitiete eragiten estatu kideen arteko merkataritza trukeei.

II. ERANSKINA

Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak emateko 2021eko deialdia.

1.    Oinarri arautzaileak.

Lurzoruaren eta ondarearen Kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak, Diputatuen Kontseiluak 2021eko uztailaren 27ko erabakiaren bitartez onartutakoak eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdi honekin batera argitaratutakoak dira.

2.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.    Finantzazioa.

Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa berrogeita bost mila eurokoa (45.000,00 €) izango da, honako aurrekontu partida hauen kontura:

1.0520.210.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

1.0520.220.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

1.0520.230.480.02.01.2021: 15.000,00 €.

4.    Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Beka eskatzeko inprimakia, behar bezala beteta.         

Aurreproiektua: bertan jasoko dira titulua, bekaren xedea den proiektuaren planteamendua, helburuak, laneko metodologia, kronograma, baliabideak eta bibliografia. Agiri honetan emaitzak dibulgatzeko lehenengo proposamena jasoko da.          

Dokumentu horrek 15-20 orrialde izango ditu gutxi gorabehera, eta laburpen exekutibo bat izan beharko du.

Titulu akademikoaren, euskararen eta beste hizkuntza batzuen ezagutza egiaztatzen duten tituluen, NANaren, curriculum labur baten eta eskatzaileak alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuen kopia, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Bekaren xede den proiektuaren tutoretza edo zuzendaritzarako, lan horiek egingo dituen pertsonaren NANaren kopia aurkeztu beharko da. Era berean, pertsona horrek sinatutako eta zigilatutako ziurtagiri bat aurkeztuko da, bekaren xede den proiektuaren tutoretza edo zuzendaritza garatzeko konpromisoa egiaztatzen duena. Halaber, titulazioa, jarduera eremua (proiektuarekin zerikusia izan beharko du) eta lan profesionalak egiten dituen erakundea adierazi beharko dira.

Erantzukizuneko adierazpena, non jasoko den eskatzailea ez dagoela sartuta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2015eko martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak 26. artikuluan onuradun izateko aurreikusten dituen debekuetan.

Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak objektu eta xede bererako beste inolako dirulaguntza, laguntza, beka, diru sarrera edo baliabiderik eskatu ez duela egiaztatzen duena.         

Erantzukizunpeko adierazpena, bekaren garapenarekin bateraezina den lan jarduerarik ez duela adierazten duena.

Eskatzaileak beka honen Kudeaketaz arduratzen den erakundeari emandako baimena, Administrazio eskudunean bitarteko elektronikoaren bidez, edo eskura dauden bitartekoen bidez, beka hau lortzeko beharrezkoak diren obligazioak betetzen direla ezagutzeko, jasotzeko edo egiaztatzeko, baina Administrazio Publikoak esleituak dauzkan egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzako ahalmenak batere murriztu gabe.

Inprimakia eta erantzukizunpeko adierazpenen eta baimenen ereduak Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus) egongo dira eskuragarri.            

5.    Jakinarazpena.

39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz, dirulaguntzei buruzko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du; eta jakinarazpena egintzat hartuko da lege ondorio guztietarako argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horren berri ez izateak ez du eragotziko ondorio horiek sortzea, baina interesdunei bide hauetakoren bat edo batzuk erabiliz jakinarazteko ahalegina egingo da: ebazpena departamentuaren webgunean argitaratzea, posta elektronikoa, telefonoa, faxa, etab.