1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

4/2021 Foru Dekretu-Araua, uztailaren 27koa, TicketBAI betebeharraren borondatezko ezarpena sustatzeko presazko zerga neurriei buruzkoa.

Azaroaren 6ko 3/2020 Foru Arauak, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duenak, derrigorrezko egin zuen zergadunek fakturazio sistemetan tresna teknologiko berrien bidez neurri teknologiko aurreratuak erabiltzea, betiere pertsona juridikoen eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen tributazioaren kontrola ahalbideratzeko asmoz. Horretarako, aipatutako xedapenaren bitartez, aldatu egin ziren Sozietateen gaineko Zergaren, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauak.            

Izan ere, obligazio horrek berekin dakar ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatuko dituen sistema informatiko bat erabiltzea.  

Fakturazio terminalen sistema berriak eskatutako egokitzapenak eragin ekonomikoa sortzen duenez, haren modua edozein izanik ere, pertsona juridikoek gaur egun beren ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak fakturatzeko erabiltzen dituzten sistema informatikoen gainean, eta betiere pertsona horietako gehienak TicketBAI indarrean jarri eta ondorioak izan aurretik beren borondatez sistemara bildu daitezen, 3/2020 Foru Arauaren bidez aldi baterako zerga pizgarriak ezarri ziren sozietateen gaineko zergan, establezimendu iraunkorren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, kuotan 100eko 30eko kenkaria egiteko aukera emanez.      

Bestetik, 3/2020 Foru Arauan jasotako zerga onurak areagotu egin zituen, TicketBAI obligazioa borondatez betetzea bultzatzeko asmoz, martxoaren 23ko 2/2021 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19arekin zerikusia duten aparteko zerga neurri gehigarriak ezarri eta jarduera ekonomikoa berrabiarazten eta digitalizatzen laguntzeko beste neurri batzuk onesten dituenak.

Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasota dagoen kenkaria, 3/2020 Foru Arauaren bidez ezarria, 100eko 60raino areagotu zen. Hura pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunei ere aplikatuko zaie, baldin eta beren borondatez obligazioa betetzea 2021eko azaroaren 1era aurreratzen badute.

Gainera, foru dekretu-arau horri esker, txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatzea ahalbidetu zen, zeina jasota zegoen bai COVID-19ren osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzera bideratutako koiunturazko tributu neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan eta bai COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 15. artikuluan. Hori horrela, aipatutako kenkaria lehenago adierazitako kenkari areagotuaren espezialitate berberekin aplikatzen da, TicketBAI obligazioa borondatez 2021eko azaroaren 1aren aurretik betetzeagatik.

Lehenago azaldutakoaren arabera, kenkariak gehitzearen xedea TicketBAI obligazioa borondatez betetzea bultzatzea zen. Halere, nahiz eta mesedegarria izan TicketBAI obligazioak borondatez 2021eko azaroaren 1aren aurretik betetzea aukeratzen zuten zergadunentzat, kenkarien gehikuntza hori ez zen onuragarria beste zergadun batzuentzat, baldin eta obligazioa borondatez betetzea aukeratzen bazuten data horretatik TicketBAI derrigorrezkoa izan arte, betiere TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamenduari buruzko abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean jasotako ezarpen egutegiaren arabera.               

Testuinguru horretan, zergadun jakin batzuek kenkari areagotuaren onura izango dute, zehazki haien jardueraren epigrafearen arabera TicketBAI obligazioa 2022ko urtarrilaren 1ean bete behar duten zergadunek, nahikoa baitute betebeharraren ezarpena bi hilabetez aurreratzea. Beste zergadun batzuek, ordea, ezin izango dute zerga onura areagotua aplikatu, baldin eta ezarpen egutegiaren arabera TicketBAI obligazioa martxo, maiatz, urri edo abenduaren 1ean exijigarria bazaie eta ezarpena exijigarritasun datatik harago aurreratzen badute, baina 2021eko azaroaren 1aren ondoren.              
               

Tratamendu desberdin hori arintzeko, foru dekretu-arau honetako 1. eta 2. artikuluen asmoa da aldatzea bai TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkaria eta bai txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari areagotua. Bi kenkari horiek 2/2021 Foru Dekretu-Arauaren 4. eta 5. artikuluetan onartuta daude, hurrenez hurren, betiere haiek aplikatzeko eskubidea izan dezaten zergadunek, baldin eta beren borondatez aukeratzen badute TicketBAI obligazioa derrigorrezko data baino gutxienez hilabete bat lehenago betetzea.            

Bestetik, 2/2021 Foru Dekretu-Arauaren lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan, kenkariek 2020an izango dituzten ondorioak ezartzen dira. Beraz, beharrezkoa da haien edukia egokitzea ere.

Gainera, TicketBAI obligazioa betebehar orokor gisa eratu da, zeinak pertsona fisikoen arloan jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona guztiei eragiten baitie eta, pertsona juridikoen arloan, aldiz, ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak egiten dituzten pertsona guztiei, betiere kontuan hartu gabe haiek ustiapen ekonomiko baten barruan edo kanpoan egiten diren.    

TicketBAI betebeharraren orokortzeari buruzko ezaugarri hori ezarrita ere, badira obligazioa betetzea salbuesteko kasu tasatu jakin batzuk. Partikularki, sozietateen gaineko zergaren zergadunei dagokienez, ezartzen da partzialki salbuetsitako entitateak obligazio hori bete beharko dutela, baldin eta soilik zergaren zerga oinarrian sartu behar diren eragiketak egiten badituzte.           

Hori horrela, sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez, zergaren foru arauak xedatzen du bere 12. artikuluaren 2. apartatuan aipatutako entitate partzialki salbuetsiak ez direla aitorpena aurkeztera derrigortuta egongo beharkizun batzuk betetzen dituztenean. Alegia: beren sarrera guztiak urteko 100.000 eurotik beherakoak izatea; atxikipenari lotutako errenta ez-salbuetsiei dagozkien sarrerak urteko 2.000 eurotik beherakoak izatea; eta berek lortzen dituzten errenta ez-salbuetsi guztiak atxikipenari lotuta egotea.

Erregulazio hori dela eta, 2.000 eurotik beherako eragiketa ez-salbuetsiak eta atxikipenari lotuak dituzten entitate partzialki salbuetsiek TicketBAI obligazioa bete behar dute eragiketa horiengatik, nahiz eta sozietateen gaineko zergan autolikidaziorik aurkeztera derrigortuta ez egon.         

Beraz, foru dekretu-arau honen bidez, inkongruentzia hori ezabatu nahi da, bai eta TicketBAI obligazioa betetzea salbuesteko kasua zabaldu ere, entitate partzialki salbuetsiak sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorik aurkeztera derrigortuta ez egotearekin bat etor dadin.    

Horrela, aurreko lehen zergaldian sozietateen gaineko zergan autolikidaziorik aurkeztera derrigortuta ez zeuden entitate partzialki salbuetsiak uneko zergaldian ere ez dira TicketBAI obligazioa betetzera derrigortuta egongo.       

Bada, foru dekretu-arauaren 3. artikuluaren bidez, aldatu egiten da sozietateen gaineko Zergaren foru arauaren 122 bis artikulua, TicketBAI obligazioa betetzetik salbuetsita gelditu daitezen aurreko zergaldian sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera derrigortuta ez zeuden entitate partzialki salbuetsiak.

Proposatutako neurrien izaerak eta egungo egoerari lehenbailehen erantzun beharrak beharrezko egiten dute era horretako neurriak presako bidetik onartzea foru dekretu-arau baten bitartez.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari eragin. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.    TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko kenkaria.

1.    Sozietateen gaineko zergaren zergadunek, baldin eta, batetik, eskubidea badute ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko baten ezarpena sustatzeko kenkaria, hain zuzen ere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotakoa, aplikatzeko eta, bestetik, TicketBAI obligazioa gutxienez hilabete bat lehenago betetzea aukeratzen badute beren borondatez, kenkari hori aplikatu ahal izango dute, xedapen horretan zehaztutako termino eta baldintzetan, betiere berezitasun hauek aplikatuta:

a)    Aipatutako hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuaren lehen paragrafoan jasotako kenkariaren oinarria paragrafoan bertan aipatutako inbertsio eta gastuen zenbatekoaz osatuta egongo da, betiere haiek gauzatuak badira TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamenduari buruzko abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuak xedapen iragankor bakarrean jasotako ezarpen egutegiaren arabera obligazioa derrigorrez betetzea egokitu aurretik.         

b)    Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aipatzen den kenkari portzentajea 100eko 60 izango da.        

c)    Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 2.b) apartatuan aipatzen diren zenbatekoak 1.500 euro izango dira.             

Berezitasun horiek aplikatzeko, zergadunek beren borondatez aurreratutako obligazioa betetzen jarraitu behar dute, harik eta ezarpen egutegiaren arabera derrigorrez bete beharra egokitu arte.

2.    Kenkari hori aplikatzen duten zergadunek ezingo dute hogeita bigarren xedapen gehigarri horretan jasotako kenkaria aplikatu ezarpen egutegiaren arabera derrigorrez bete beharra egokitzen zaienetik aurrera egindako inbertsio eta gastuengatik.       

3.    Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta eskubidea badute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarrian jasotakoari jarraikiz, hurrenez hurren, aurreko 1. apartatuan aipatutako hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotako kenkaria aplikatzeko, kenkari hori aplikatu ahal izango dute, aurreko apartatuetan jasotako berezitasun eta beharkizunak beteta.

Horretarako, ulertuko da aurreko 2. apartatuan hogeita bigarren xedapen gehigarrira bidalitakoa aurreko apartatuan aipatutako hogeita hamaseigarren eta hamargarren xedapen gehigarrietara bidalita dagoela.

2. artikulua.    Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta, batetik, eskubidea badute COVID-19aren osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzera bideratutako koiunturazko tributu neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan eta COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan jasotako txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkariak aplikatzeko eta, bestetik, TicketBAI obligazioa gutxienez hilabete bat lehenago betetzea aukeratzen badute, kenkari hori aplikatu ahal izango dute, aurreko apartatuetan jasotako termino eta baldintzetan, betiere berezitasun hauek aplikatuta:

a)    Aipatutako 15. artikuluen 3. apartatuaren lehen paragrafoan jasotako kenkariaren oinarria haietan aipatutako inbertsio eta gastuen zenbatekoaz osatuta egongo da, betiere haiek gauzatuak badira TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamenduari buruzko abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuak xedapen iragankor bakarrean jasotako ezarpen egutegiaren arabera obligazioa derrigorrez betetzea egokitu aurretik.            
               

b)    15. artikulu horien 1. apartatuan aipatzen den kenkari portzentajea 100eko 60 izango da.

c)    15. artikulu horien 3.b) apartatuan aipatzen diren zenbatekoak 1.500 euro izango dira.

Berezitasun horiek aplikatzeko, zergadunek beren borondatez aurreratutako obligazioa betetzen jarraitu behar dute, harik eta ezarpen egutegiaren arabera derrigorrez bete beharra egokitu arte.

3. artikulua.    Aldatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua.        

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, azken paragrafo bat gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 122 bis artikuluaren 1. apartatuari. Hona hemen haren edukia:

«Dena den, aurreko apartatuan aipatutako entitate partzialki salbuetsiek ez dute betebehar hori izango aurreko lehen zergaldian zerga honetan aitorpenik aurkeztera behartuta egon ez direnean foru arau honek 126. artikuluan jasotako beharkizunak betetzeagatik.»               

Lehen xedapen gehigarria.    2020an egindako inbertsio eta gastuetarako TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkariaren aplikazioa.

1.    Sozietateen gaineko zergadunek foru dekretu-arau honetako 1. artikuluan jasotako kenkaria aplikatu ahal izango dute, haren terminoetan, 2020an egindako inbertsio eta gastuengatik, ez ekitaldi horri dagokion autolikidazioan baizik eta ondoko lehen ekitaldiko autolikidazioan, baldin eta aplikatu badute ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko baten ezarpena sustatzeko kenkaria, hain zuzen ere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotakoa.

Kasu horretan, zergadunek aurreko ekitaldian inbertsio eta gastu horiengatik berengatik sortutako kenkariaren zenbatekoa deskontatu beharko dute, hain zuzen ere ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko baten ezarpena sustatzeko kenkariari dagokiona (aipatutako xedapen gehigarrian jasota dago).           

2.    Era berean, aurreko apartatuan xedatutakoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunei ere aplikatuko zaie, 2020an egindako inbertsio eta gastuengatik, baldin eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarriaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarriaren bidalketarengatik, hurrenez hurren, 2/2014 Foru Arauaren hogeita hamabigarren xedapen gehigarrian jasotako kenkaria aplikatu badute.               

Bigarren xedapen gehigarria.    Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek foru dekretu-arau honetako 2. artikuluan jasotako kenkaria aplikatu ahal izango dute, haren terminoetan, 2020an egindako inbertsio eta gastuengatik, ez ekitaldi horri dagokion autolikidazioan baizik eta ondoko lehen ekitaldiko autolikidazioan, baldin eta aplikatu badute COVID-19aren osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzera bideratutako koiunturazko tributu neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan jasotako txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria.           

Kasu horretan, zergadunek aurreko ekitaldian inbertsio eta gastu horiek berengatik sortutako kenkariaren zenbatekoa deskontatu beharko dute, txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkariari dagokiona (aipatutako foru dekretu-arauaren 15. artikuluan jasota dago).

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Foru dekretu-arau hau indarrean jartzen denetik aurrera, indargabetuta gelditzen dira foru dekretu-arau honetan jasotakoaren aurka doazen xedapen guztiak eta, bereziki, COVID-19arekin zerikusia duten aparteko zerga neurri gehigarriak ezarri eta jarduera ekonomikoa berrabiarazten eta digitalizatzen laguntzeko beste neurri batzuk onesten dituen martxoaren 23ko 2/2021 Foru Dekretu-Arauaren 4. eta 5. artikuluak eta lehen eta bigarren xedapen gehigarriak.

Azken xedapenetako lehena.    Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Azken xedapenetako bigarrena.    Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Dena den, 1. eta 2. artikuluek eta lehen eta bigarren xedapen gehigarriek 2021eko martxoaren 24tik aurrera izango dituzte ondorioak.

Donostia, 2021eko uztailaren 27a.

                                                        Diputatu Nagusia,      
                                                     Markel Olano Arrese.

               Ogasun eta Finantza          
                   Departamentuko              
                   Foru Diputatua,              
            Jokin Perona Lerchundi.       
(5206)