2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

KULTURA, LANKIDETZA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUA

0910/338/2021 Foru Agindua, uztailaren 5ekoa, 2021. ekitaldiko deialdia onartzen duena, arkeologi ondasunei eragiten dien obren ondoriozko arkeologi jarduerak gauzatzeko diru laguntzak emateko.    

2004ko maiatzaren 18ko 43/2004 Foru Dekretuaren bitartez, arkeologi ondasunei eragiten dien obren ondoriozko arkeologi jarduerak gauzatzeko diru laguntzen oinarri arautzaileak onartu ziren, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako programen kargura.

Foru Dekretuaren 2. eta 5. artikuluek finkatu zuten diru laguntza horiek emateko urtero-urtero deialdi irekia egingo zela eta bertan finkatuko zirela gastua eta eskaera orriak aurkezteko epea.         

Bidezko da beraz adierazitako programa horien 2021eko deialdia egitea.

Hori guztiagatik, foru diputatu honek Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren ordez, legez emandako eskumenak erabiliz,

ERABAKI DU

Lehena.    2021. ekitaldiko diru laguntzen deialdia egitea, arkeologi ondasunei eragiten dien obren ondoriozko arkeologia-jarduerak gauzatzeko, Kultura Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako programen kargura.       

Deialdi hori Foru Agindu honen eranskin gisa jaso da.   

Bigarrena.    Deialdi horri aurre egiteko 30.000 euroko gastua baimentzea ondoren aipatzen den kontu sailaren kargura: 1.0910.100.770.00.01.2021.

Foru Agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Hortaz, erabaki honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesatuek, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegietan, argitarapenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke. 

Jakin dezazun eta bidezko ondorioetarako igortzen dizut.

Donostia, 2021eko uztailaren 5a.—Iñaki Sainz Paredes, idazkari teknikoa.     (4795)

ERANSKINA

2021ko deialdia, arkeologi ondasunei eragiten dien obren ondoriozko arkeologia-jarduerak gauzatzeko.        

1.    Oinarri arautzaileak ezartzen dituen xedapena eta zein aldizkaritan argitaratu diren.

2004ko maiatzaren 18ko 43/2004 Foru Dekretua (102 zk.ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2004ko ekainaren 1ekoa).

2.    Aurrekontu kredituak.

Aurtengo ekitaldian honako gastua baimentzen da, ondoren adierazten den aurrekontuko kontusailaren kargura:

Programa: Arkeologia ondasunak eragiten dituzten obren ondorioz burututako arkeologi jarduerak.

Aurrekontu saila: 1.0910.100.770.00.01.2021

Zenbatekoa: 30.000 €.

3.    Diru laguntza eskatzeko baldintzak.

1.    Diru laguntza hauen xedea da onuraduna konpentsatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenaz arkeologia interesa duten gune edo ondasunetan egin diren obren ondoriozko arkeologia jarduerak egiteak sortzen dituen gastuengatik.         

2.    Arkeologia jardueratzat honako hauek hartuko dira: Arkeologia prospekzioak (lurra aterata nahiz lurra atera gabe egindakoak), arkeologia zundaketak, arkeologia indusketak, eta arkeologia kontrolak, beti ere 2019ko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, bere 64. artikuluan xedatzen dituen zehaztapenekin bat eginez.

3.    Diruz lagundu nahi diren jarduerek gauzatu aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu behar dute, lurra atera gabe egindako arkeologia prospekziorako izan ezik, horretarako nahikoa baita horren berri ematea. Beraz, beharrezko baimena eskuratu ez duena ezin bilduko da diru laguntza deialdi honetara.

4.    Deialdi ezarritako diru laguntzak eskatzeko aukera Gipuzkoako Arkeologi Ondarearekin zerikusirik duten jarduerak sustatzen dituzten pertsona nahiz erakunde pribatuek edukiko dute. Zernahi dela ere, gogoan izan behar da aurreko oinarrian arkeologia baimena aurrez izan beharraz esandako guztia.       

5.    Laguntza hauetatik bazter gelditzen dira zuzenbide publikoko erakundeen jabetzapeko ondasunei eragiten dieten jarduerak, 2019ko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, 67. artikuluan xedatzen duenaren arabera; dena dela, halakoetan ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena beharko da.

4.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 16an bukatuko da.

5.    Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiri eta informazioak.

1.    Deialdi honetan ezarritako diru laguntzak jaso nahi dituzten eskatzaileek ondoko agiri hauek bidali behar dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusira:           

a)    Eskaera orria behar bezala beterik.

b)    Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiria (estatutuak, dagokion erregistroan inskribatutako eraketa eskriturak, dagokion erregistroak emandako ziurtagiria, eta abar).

c)    Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia, nortasun agiria edo antzekoa.

d)    Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean egon, 6. atalean aurreikusitako moduan egiaztapena baimendu.

e)    Eskatzaileak irekitako kontu korronte baten jabetasuna ziurtatuko duen aurtengo agiria, diru etxe batek emana.      

f)    Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren barruan dagoela zuritzen duen agiria. Salbuetsita egongo dira profesional edo enpresaburu ez diren pertsona fisikoak.

g)    Arkeologia jarduerari buruzko txostena, alderdi hauek guztiak bildurik:

— Aztarnategiaren kokalekua.

— Hondeatutako eremuaren estratigrafiaren azalpen xehatua, dokumentazio grafiko eta fotografikoarekin batera (indusketa unitateen planoak, sailak, eta abar).

— Materialen behin-behineko inbentarioa, nondik datozen estratigrafia seinalatuz.

— Laborategiko analisien emaitza eta interpretazioa (datazioak, palinologia, jalkiera, arkeometria, antropologia, eta abar.              

— Aztarnategiaren okupazio aldiak, kultur segida eta interpretazio historikoa.

— Aztarnategiaren ekarpena historiaren ezagupenean.

— Jatorrizko dokumentazio grafikoa eta fotografikoa edo kalitatezko kopiak.

h)    Jardueraren jatorrizko fakturak.

2.    2004ko maiatzaren 18ko 43/2004 Foru Dekretuak arautzen duen eremuan aurreko urteetan diru laguntzarik eskuratu dutenek aski izango dute bakar-bakarrik aurreko pasarteko a) eta d) puntuetan xedatutako agiriak aurkeztea.

3.    Eskatzen diren agirietakoren batzuk Administrazio Publikoen esku baldin badaude, eskatzaileak erabil dezake Administrazio Publikoen prozedura administratibo komunari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 53.1. artikuluko d) paragrafoan xedatuta dagoena, betiere agiriak zein egun eta zein organoren aurrean aurkeztu ziren adierazita, edo agiriak zein organok eman zituen adierazita.               

4.    Eskaerak, Kultura Zuzendaritza Nagusiak emandako ereduaren arabera, eta ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztea hobetsiko da, ahal dela eta dituzten ezaugarriek bide hori ixten ez badie, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoan (https://www.gfaegoitza.eus helbidean) barrena, diru laguntzen atarian sartu eta ondorio hauetarako bertan eskuragarri jarri den berariazko inprimakia erabiliz.Eskaerak eta dokumentazio osagarria Internet bidez aurkezterakoan Administrazio Publikoen prozedura administratibo komunari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 14.2 eta 68.4 artikuluak ezarritakoari jarraituz.

5.    Eskaera orria edo harekin batera aurkeztu beharreko agiriak akatsez edo osatu gabe baldin badaude, interesatuari hamar laneguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko; epe hori amaituta horrela egiten ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21. artikuluan jasotakoaren arabera hartutako ebazpenaren bitartez.

6.    Zerga betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izanaren ziurtagiria.

Interesdunek organo kudeatzailea baimentzen dute, zerga betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izanaren informazioa hori emateko eskumena duten Administrazio Publikoengandik zuzenean jaso dezan. Kasu horretan, ez dute dagokion ziurtagiria aurkeztu beharrik izango.     

7.    Diru laguntzak jakinarazi edo argitaratzeko bidea. 

Interesdunei ebazpena banan-banan jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira emandako diru laguntzak eta bertan agertuko da deialdia, programa eta aurrekontu xedapena, onuraduna, emandako zenbatekoa eta zertarako den.