2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren arteko Gizarte Lankidetza Hitzarmena, zerga-aitorpen puntualak aurkezteko eta ordaintzeko.         

2021eko ekainaren 7an sinatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren arteko gizarte lankidetza hitzarmena, zerga-aitorpen puntualak aurkezteko eta ordaintzeko.

Dagozkion ondorioetarako eta denek jakin dezaten hitzarmenaren testu osoa argitaratzen da.

Donostia, 2021eko ekainaren 8a.—Laura Gallastegui Amiama, idazkari teknikoa.          (4031)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren arteko Gizarte Lankidetza Hitzarmena, zerga-aitorpen puntualak aurkezteko eta ordaintzeko.               

ELKARTURIK

Alde batetik, Jokin Perona Lertxundi jauna Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren (aurrerantzean, Departamentua) izenean diharduena, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eta bestetik, Iñigo de la Peña Criado jauna, Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren (aurrerantzean, Elkargoa) lehendakaria, Elkargo horren izenean eta ordezkaritzan diharduena entitatearen estatutuetan ezarritakoarekin bat.

Bi aldeek hitzarmen hau izenpetzeko legezko ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri, eta xede horrekin honako hau,

ADIERAZTEN DUTE

Lehena.    Lurralde historikoetako erakundeek beren zerga araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena dute, hala jasotzen baitu 1. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak (2002ko maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartua). Eta lurralde historikoetako zerga sistema osatzen duten zergak ordainaraztea, kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea, berrikustea eta biltzea foru aldundiei dagokie, bakoitzari bereak.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren Legearen eta hori garatzeko xedapenen arabera bere gain hartutako funtzioak beteko ditu Ogasun eta Finantza Departamentuak, salbu Diputatuen Kontseiluari, diputatu nagusiari eta beste departamentu batzuei berariaz ematen zaizkionak, hala jasotzen baitu 2020ko irailaren 29ko 10/2020 Foru Dekretuak, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoak, 1. artikuluaren 3. ataleko a) letran.

Bigarrena.    Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (2/2005 Foru Araua, martxoaren 8koa) 89. artikuluan ezartzen du, tributuen aplikazioak behar duen gizarte lankidetza bideratzeko, zerga Administrazioak akordioak sinatu ditzakeela beste herri administrazio batzuekin, entitate pribatuekin eta gizarte, lan, enpresa edo lanbideetako sektore edo interesen ordezkari diren instituzio edo erakundeekin, eta, zerga Administrazioak berak ezarriko dituela baldintzak eta beharkizunak gizarte lankidetza teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz gauzatu dadin.         

Hirugarrena.    Departamentuak, bere eskumenak baliatuz eta kudeaketa eraginkorra izan dadin, komenigarritzat jo du zerga jakin batzuen kudeaketan laguntzeko lanak egiten laguntzeko baldintzak ezartzea. Nolanahi ere, horien gaineko eskumena Departamentuarena da, hala jasotzen baitu 2002ko maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunarenak.  


Laugarrena.    Departamentuak zerga-ordezkaritzaren errolda bat du, azaroaren 5eko 584/2014 Foru Aginduan arautua. Sistema horren bidez, erroldan erregistratutako zerga-kudeaketako profesionalek, Zergabidea plataformaren bidez, aldizkako autolikidazio-ereduak aurkez ditzakete hirugarrenen izenean, baldin eta hirugarren horrek ordezkatua izateko borondatea adierazten badio Departamentuari.             

Hitzarmen honen bidez, izapideak erraztu nahi dira zerga-ordezkaritzaren erroldan erregistratutako profesionalek hirugarren pertsonen izenean noizbehinkako zerga-autolikidazioko ereduak aurkeztu ahal izateko.    

Akordio hau sinatzen den egunean, atxikitako elkargokideek aurkez ditzaketen zerga-ereduak 670, 671 eta 672 zerga-ereduak dira. Hiru eredu horiei dagozkien autolikidazioak aurkezteko oinarriak eta prozedura III. eranskinean jaso dira. Eredu berrien aurkezpena hitzarmen honen eranskinetan ezarriko da.               


Departamentuak zerga-eredu berriak aurkezteko aukera jakinaraziko die atxikitako elkargokideei. Jakinarazpen horretan, zerga-eredu berrien aurkezpena arautuko duen hitzarmenaren eranskina jasoko da.

Unean uneko edo noizbehinkako zerga-autolikidazioko eredu horiek aurkeztu ahal izango dituzte elkargokide diren pertsonek, baldin eta baldintza bikoitza betetzen badute: zerga-ordezkaritzaren erroldan erregistratutako profesionalak izatea eta hitzarmen honi atxikita egotea.

Aurreko atalari dagokionez, atxikitako pertsonei alta emango zaie beren ohiko negozioa osatzen duten ereduen aurkezpenean. Horrela, eredu puntualak aurkezteko laguntzaile profesionalizatuak eduki nahi dira.     

Bosgarrena.    Gizarte-lankidetzaren esparru horretan, Elkargoak adierazi du interesa duela elkargokideek [elkartekideek] parte har dezaten zergadunei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzen eta laguntzen.

Seigarrena.    Lankidetza-hitzarmen honen funtzionamendurako, lehenik eta behin, Elkargoak Departamentuari bidali behar dizkio, erregistro elektroniko bidez, hitzarmenari atxikitzeko eskabideak (I. eranskina), interesa duten elkargokideek elektronikoki sinatuta. Ondoren, elkargokideek zerga-autolikidazioko ereduen aurkezpena arautzen duten dokumentuak (III. eranskina eta hurrengoak) behar bezala elektronikoki sinatuta bidaliko dituzte Departamentura, erregistro elektroniko bidez. Azkenik, edozein aurkezpen egiteko, elkargokideak zergapeko pertsonaren ordezkaritza izan beharko du. Ordezkaritza horrek adieraziko du zer egintza juridikorentzat ematen den, eta harekin lotutako zerga-autolikidazioko ereduak aurkezteko aukera emango du. Atxikitako pertsonak dokumentu horren jatorrizkoa gordeko du.          

Gauzak horrela, bi aldeek erabakitzen dute hitzarmen hau sinatzea, ondoko klausulei jarraituz:      

KLAUSULAK

Lehena.    Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da oinarrizko lankidetza esparrua ezartzea Departamentuaren eta Elkargoaren artean, hirugarren klausulan zehaztutako zerga-ereduak aurkezteko betebeharrak kudeatzen eta betetzen laguntzeko.     

Bigarrena.    Subjektuak.

Hitzarmen honi atxiki ahal izango zaizkio Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialeko edo Estatuko beste Gizarte-Graduatuen Elkargoko kide diren pertsona fisiko edo sozietate profesional guztiak, baldin eta beren jarduera-eremu profesionalean ohikotasunez aurkezten badituzte hirugarren klausulan deskribatutako zerga-ereduak eta, gainera, zazpigarren klausulako baldintza guztiak betetzen badituzte.

Hitzarmen honen eranskinetan zerrendatutako ereduak aurkeztu ahal izango dituzte Elkargoan edo Estatuko beste Gizarte-Graduatuen Elkargo batzuetan inskribatutako sozietate profesionalek eta elkargokideek, bai eta pertsona horiek legezko ordezkaritza duten erakundeek ere. Nolanahi ere, erakunde horiek zerga-kudeaketaren ordezkari profesional gisa agertu beharko dute.     

Hirugarrena.    Hitzarmenaren edukia.

Atxikitako elkargokideek aurkeztu ahal izango dituzten zerga-ereduak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eta Departamentuaren webgunean argitaratuko dira. 

Laugarrena.    Aplikazio eremua.

Apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga Kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduaren 33. artikuluaren 2. atalean xedatutakoari jarraituz gizarte lankidetza hitzarmen honen ondorioak Elkargoaren kide diren pertsonei ere zabaldu ahal izango dira.

Bosgarrena.    Hitzarmenera atxikitzeko protokoloa.

Hitzarmenera atxikitzeko interesa duten pertsonek hitzarmenari atxikitzeko agiri indibidualizatua sinatu beharko dute, I. eranskin gisa ageri dena, eta, besteak beste, hitzarmenaren eduki osoa onartzen dutela berariaz jasotzen duena.

Seigarrena.    Hitzarmenari atxikitzeko prozedura.

Elkargoak Departamentuari bidaliko dizkio, erregistro elektroniko bidez, hitzarmenari atxikitzeko eskabideak. Atxikitzeko interesa duen elkargokideak elektronikoki sinatuko du igorritako atxikimendu-dokumentua.

Elkargoak kudeatu eta Departamentuari bidali ahal izango dizkio hitzarmenari atxikitzeko interesa duten Estatuko beste Gizarte-Graduatuen Elkargo batean elkargokide diren pertsonen atxikitzeko eskabideak.

Era berean, atxiki nahi den elkargokideak erregistro elektroniko bidez bidaliko dizkio Departamentuari aurkeztu nahi dituen zerga-ereduak aurkezteko modua zehazten duten eranskinak, elektronikoki sinatuta.      

Hitzarmenari atxikitzeko prozedura aldatu ahal izango da, bi alderdiak ados jarrita, beste hitzarmen bat sinatu beharrik gabe.        

Zazpigarrena.    Hitzarmenaren xede diren ereduak eta eskakizunak aurkeztea.

Autolikidazioak aurkeztean eta, hala badagokio, ordaintzean, dagokion zerga aurkezteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzenbide publikoko sarrerak bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez ordaintzeko oinarri eta prozeduren eranskinean eta araudi erregulatzailean ezarritako betekizunak eta baldintzak beteko dira.

Hitzarmenari atxikitako elkargokideek hitzarmen honen xede diren zerga-ereduak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere honako baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:  

a)    Ordezkari profesional gisa erregistratu beharko dira Ogasun eta Finantza Departamentuko zerga ordezkarien erroldan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko zerga ordezkarien errolda arautzen duen azaroaren 5eko 582/2014 Foru Aginduak 9. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako moduan.          

b)    Hitzarmen honetara bildu, I. eranskin gisa ageri den atxikimendu agiri indibidualizatua sinatuz.             

c)    Sinadura elektroniko balioztatuko ziurtagiria izatea.  

d)    Erregistro elektroniko bidez Departamentuari bidaltzea aurkeztu nahi dituen zerga ereduak aurkezteko prozedura zehazten duten eranskinak, elektronikoki sinatuta.            

Zortzigarrena.    Departamentuak bere gain hartzen dituen konpromisoak.

Izaera orokorrez, Departamentuak konpromiso hauek hartzen ditu:

a)    Hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren zuzendaritza bere gain hartzea; eskatzen denean, beharrezkoa den aholkularitza ematea; eta jarduera horien kudeaketa eta exekuzioa jarraitu eta gainbegiratzea.

b)    Elkargoari eta hitzarmenera bildutako pertsonei beharrezko laguntza eta babesa ematea, hitzarmenean jasota dauden eginkizunak hobeto bete ahal izateko.

c)    Hitzarmen honen zazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta, betetzen diren kasuan, atxikimendua balioztatzea.

Bederatzigarrena.    Elkargoak hartzen dituen konpromisoak.

Izaera orokorrez, Elkargoak konpromiso hauek hartzen ditu:

a)    Hitzarmenera bildutako Elkargoaren kide diren pertsonek haren klausulak eta eranskinak behar bezala betetzen dituztela zaintzea.

b)    Elkargoko kide diren pertsonek hitzarmenera biltzeko aurkezten dizkioten eskaerak izapidetzea, betiere egiaztatuz eskatzailea benetan elkargoko edo Estatuko beste Gizarte-Graduatuen elkargo bateko kide dela.

c)    Atxikipen-egintzan den elkargokidearen borondate-deklarazioa egiaztatzea.

d)    Atxikitze-agiria sinatu duten elkargokideen errolda eguneratua mantentzea.

Elkargoak errolda horren kopia bat bidaliko dio Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, errolda horretan aldaketak egiten diren bakoitzean.

Bereziki, berehala emango dio Departamentuari elkargokideen bajen berri. Kide horiek hitzarmenetik kanpo geratuko dira automatikoki.

e)    Laguntzea hitzarmenera bildutako pertsonek izapidetutako prozedurak eta espedienteak egiaztatzeko egin daitezkeen auditoretza prozesuetan.

Apartatu honetan zerrendatutako edozein konpromiso betetzen ez bada, Departamentuak egoki irizten dituen neurriak hartu ahal izango ditu, baita hitzarmena suntsiaraztea ere ez-betetze larriaren arabera.               

Hamargarrena.    Atxikitzen den elkargokideak bere gain hartzen dituen konpromisoak.

Oro har, hitzarmenera atxikitzen den elkargokideak konpromiso hauek hartzen ditu:

a)    Ordezkatzen diren zergadunen ordezkaritza nahikoa izatea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 46. artikuluan eta apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga Kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduaren 61. eta 62. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Horretarako baliozkoa izango da hitzarmen honen II. eranskin gisa ageri den 001MP ordezkaritza eredua.               

Ordezkaritza horrek ahalmena emango die hitzarmenari atxikitako pertsonei, soilik, eman zen egintza juridikoarekin lotutako zerga-ereduak aurkezteko. Aurkeztu beharreko agiriak egokian ez badira edo eredua onartzen ez bada, ordezkariari jakinaraziko zaio. Ordezkatutako pertsonaren beste edozein autolikidazio aurkezteko, bai eta beste edozein kudeaketa egiteko ere, nahiz eta Departamentuan aurkeztutako hasierako aitorpenaren ondorio izan edo harekin lotuta egon, dagokion ordezkaritza izapidetu beharko dute, azaroaren 5eko 582/2014 Foru Aginduan araututakoaren arabera.            


Hitzarmenera atxikitako pertsonek beren gain hartuko dute ordezkaritza horren egiaztatzeko agiriak gordetzeko erantzukizuna.    

Dokumentazio hori Departamentuaren eskura egon beharko da une oro, eta eskatuz gero atzerapenik gabe aurkeztu beharko da.

Izapidetze elektronikoak hala eskatzen badu, ordezkariak ordezkaritza erregistratu beharko du eta/edo ordezkaritza hori erabiliz jarduten dela egiaztatu.

b)    Datu pertsonalak eta zerga-arloan eragina duten datuak babestu eta gordetzeari buruz aplikatu beharreko araudia betetzea.

c)    Hitzarmenari atxikitako pertsonak izango dira hitzarmenaren babesean aurkeztutako autolikidazioen egiazkotasunaren eta osotasunaren erantzule, bai eta horiekin batera emandako informazioaren erantzule ere.

Halaber, erantzungo dute hitzarmenean jasotako edozein obligazio ez betetzearen ondorioz sor daitezkeen kalte-galera guztiez.    

Hitzarmen honetan aurreikusitako edozein betebehar eta atxikimendu agiri indibidualizatuetan onartutako betebeharren bat ez betetzea arrazoi nahikoa izango da Departamentuak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzeko, hitzarmenetik kanpo uztea eta atxikitako pertsona izaera ezeztatzea barne, ez-betetze larriaren arabera.

Hamaikagarrena.    Ereduak ez erabiltzeagatik aurkezteko aukera etetea.

Departamentuak bertan behera utziko du atxikitako pertsonak dagokion eranskinean jasotako zerga-ereduak aurkezteko aukera, gutxienez urtebetez sinatutako eranskineko eredurik aurkeztu ez badu. Hitzarmen honetan araututako autolikidazioko zerga-ereduak aurkezteko aukerari berriro ekiteko, beharrezkoa izango da dagokion eranskina bidaltzea eta bertan jasotako autolikidazio-ereduren bat aurkeztea.     

Hamabigarrena.    Hitzarmena gauzatzea eta gatazkak konpontzea.

Hitzarmen honen zehaztapenak interpretatzeko ahalmena Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari dagokio.

Hitzarmen honen gainbegiratze-, jarraipen- eta kontrol-lanak Ogasun eta Finantza Saileko Idazkaritza Teknikoak eta Zerga Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusiak egingo dituzte.        

Hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatze aldera, eta, era berean, hitzarmena gainbegiratu, haren segimendua egin eta kontrolatzeko, alderdiek koordinazio eta jarraipen batzorde bat osa dezakete.

Batzorde hori eratuz gero, Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuak izendaturiko hiru ordezkarik eta Elkargoak izendaturiko beste hiruk osatuko dute; batzordearen funtzionamendurako Sektore Publikoko Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era ezarritakoa bete beharko da. Hori guztia, beharrezkotzat jotzen den beste edozein pertsona aholkulari gisa sartzeko aukerari kalerik egin gabe.

Hamahirugarrena.    Eguneratzeak eta aldaketak.

Hitzarmen honen edukia eguneratu edo aldatu ahal izango da, alderdien adostasunarekin, edozein unetan. Horretarako, alderdiek hitzarmen horretako dagokion eranskina sinatuko dute.

Hala ere, hitzarmenaren funtsezko aldaketarik ez dakarten araudi-aldaketak zuzenean ezarri ahal izango dira, hitzarmena aldatu beharrik gabe.

Hamalaugarrena.    Eragina izatea eta iraungitzea.

Hitzarmen honek eragina izango du sinatzen den unetik, eta lau urteko iraunaldia izango du. Epe hori amaitu aurretik edozein unetan alderdiek aho batez onar dezakete hura luzatzea, gehienez beste lau urterako.       

Bere epea amaitzeagatik ez ezik, arrazoi hauengatik ere iraungi daiteke hitzarmena:

a)    Sinatzaileak berariaz hala adosteagatik.

b)    Sinatzaileetako edozeinek hitzarmena espresuki salatzeagatik, baldin eta beste aldeari forman jakinarazten bazaio salaketa.

c)    Alderdiek harturiko konpromisoak betetzen ez direlako.          

Hitzarmena iraungitzen den kasuan, arrazoia edozein dela ere, aldeek konpromisoa hartzen dute beharrezko izapideak egingo dituztela hasitako jarduerak amaitzeko.              

Hamabosgarrena.    Araubide ekonomikoa.

Hitzarmen honek ez du sortzen obligazio ekonomikorik Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Hamaseigarrena.    Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legeak 47.2.a) artikuluan aurreikusitako hitzarmen motari dagokio.

Era berean, sektore publikoko kontratuei buruzko araudiaren aplikazio esparrutik kanpo geratzen da, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (9/2017 Legea, Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak Espainiako ordenamendu juridikora ekartzekoa).

Hitzarmena garatu eta gauzatu bitartean alderdien artean sortzen diren gatazkak ezin badira konpondu zortzigarren klausulan aurreikusitako koordinazio eta jarraipen batzordean, administrazioarekiko auzien jurisdikziotik ebatziko dira, hura arautzen duen legean ezarritakoari jarraituz.

Eta adostasuna erakusteko, bi aldeek hitzarmen hau izenpetzen dute, sinaduran adierazitako egunean.

Jokin Perona Lertxundi, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua.

Iñigo de la Peña Criado, Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren lehendakaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren arteko gizarte lankidetza hitzarmena, zerga-aitorpen puntualak aurkezteko eta ordaintzeko.

III. ERANSKINA

OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN KUDEAKETA
(670, 671 eta 672 EREDUAK)

Lehena.    Eranskinaren edukia.

Eranskin honen xedea da Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari dagozkion autolikidazioak aurkezteko oinarriak eta prozedura ezartzea (670 –Oinordetzak–, 671 –Dohaintzak– eta 672 –Bizi-aseguruak– ereduak), III. eranskin hau sinatzen duten pertsona atxikien bitartez.       

Bigarrena.    Eremu objektiboa.

3. eranskin honen eremu objektiboak 670, 671 eta 672 ereduen bitartez aitortzen diren zerga-gaiak hartzen ditu, salbuespenik gabe.

Hirugarrena.    Eranskin hau sinatzen duten pertsona atxikiek egin beharreko jarduerak.

Atxikitako pertsonek egin beharreko Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren kudeaketarekin lotutako jarduera zehatzek berekin dakarte Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren autolikidazioa egitea eta aurkeztea (670, 671 eta 672 ereduak), dagokion dokumentazioarekin batera, eta dokumentu eta eredu bakoitzari dagokionez, honako egiaztapen hauek egin beharko ditu:      

— Oro har, egiaztatu behar dute aurkeztu den dokumentazioa baliozkoa dela ondorio juridikoetarako, eta autolikidazioan adierazitako datuak bat datozela eskrituran, agiri pribatuan edo agiri judizialean ageri direnekin, betiere Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren araudian eta eredu bakoitzari dagozkion jarraibideetan ezarritakoa kontuan hartuta.              

— Begiratu behar dute badagoela korrespondentziarik zerga-egitatearen eta aurkeztutako autolikidazio ereduaren artean.

— Ereduaren jarraibideak kontuan hartu, hura erabat bete arte.       

Laugarrena.    Araubide juridiko aplikagarria.

— Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko araudia.

— Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Gipuzkoako Gizarte-Graduatuen Elkargo Ofizialaren arteko gizarte lankidetza hitzarmena, zerga-aitorpen puntualak aurkezteko eta ordaintzeko.