2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

2021eko Zerga Egiaztapenerako Plana

2021eko Zerga Egiaztapenerako Plana onartu du Ogasun eta Finantza Departamentuak 2021eko martxoaren 10eko 128/2021 Foru Aginduaren bidez. Azken horren eranskin gisa, 2021eko Ikuskaritza Plana eta horri buruzko irizpide orokorrak jasota daude.

2005eko martxoaren 8ko 2/05 Foru Arauak, Gipuzkoako zergen Foru Arau Orokorrak, 112. artikuluan jasotakoa betez, Zerga Egiaztapenerako Planak eta horren eranskinak izaera erreserbatua dute, baina ez, ordea, hari buruzko irizpide orokorrak. Hori dela eta, jarraian azken horiek argitaratuko dira.

Donostia, 2021eko martxoaren 11.—Laura Gallastegui Amiama, Ogasun eta Finantza Departamentuko idazkari teknikoa.             
                (1810)

Ogasun eta Finantza Departamentuko 2021eko Zerga Egiaztapenerako Planaren Irizpide Orokorrak.        

SARRERA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan, Ogasun eta Finantza Departamentua da Ekonomia Ituna garatu eta gauzatzeko eskumena duen organoa, bai araugintza lanaren bitartez bai tributuen kudeaketa, ikuskapena, bilketa eta berrikuspena eginez.             

Arauak emateko ahalmenak aberastasuna hobeto birbanatzeko eta Gipuzkoako ekonomia bultzatzeko tresna izan behar du, eragileengan segurtasuna eta egonkortasuna sortuz.               

Gainera, Ekonomia Itunak zerbitzu publikoak mantentzea bermatuko duten baliabideak eskaini behar ditu erakunde maila desberdinetarako.

Baliabide horiek eskura jartzen dituen zerga sistemak printzipio hauek errespetatu behar ditu beti: justizia, berdintasuna, progresibitatea, zama tributarioaren banaketa ekitatiboa, eta ez-konfiskagarritasuna.

Testuinguru horretan, 2/2005 Foru Arauak, Zergen Foru Arau Orokorrak, 112. artikuluan dio urtean behin Zerga Egiaztapenerako Plan bat prestatu beharko dela, eta haren barruan Ikuskapen Plana ere sartu. Izan ere, hura da Ogasun eta Finantza Departamentuak baliatzen duen tresna unitate desberdinetatik zerga iruzurraren aurka urtero egiten den lana bultzatu, koordinatu eta antolatzeko.

Hori aintzat hartuta, eta Ogasun eta Finantza Departamentuari 2019-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoan esleitu zaizkion helburu eta lerro estrategikoen barruan, 2021. urteko Zerga Egiaztapenerako Plana prestatu dugu.

Plan berri hau gaur egungo larrialdi sanitario, ekonomiko eta sozialaren testuinguruan kokatu behar da. Izan ere, nahiz eta larrialdi horrek 2020an izan eraginik handiena, haren bilakaerak Zerga Administrazio honen jarduketen nondik-norakoa segituko du markatzen 2021ean.

Alde horretatik, adierazi nahi dugu ezen, Covid-19aren ondorioz, 2020. urtean zehar aurreikusi gabeko egoerak gertatu direla, eta horiek atzeratu egin dutela jarduera jakin batzuen garapena, bai departamentuaren beraren jarduerari dagokionez, bai langileak EPEen bitartez hautatzeko prozesuei dagokienez. Funtsezkoa gertatzen da behar bezala egokitzea bai lanpostu berrietara bai horrek dakarren berariazko prestakuntzara, eta horrek guztiak nabarmen kontsumituko ditu baliabideak. Aurrekoa gorabehera, uste dugu abian jarritako prozesua ezinbestekoa dela datozen urteetan Gipuzkoako Foru Ogasunaren oinarriak finkatu eta haren eraginkortasuna hobetu dadin.

Egoera hori aintzat hartuta, autonomia mailan Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako zortzigarren Plan Bateratua prestatu da.

2013ko irailaren osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrak 6. ebazpena onartu zuen. Bertan jasotzen denez, «beharrezkotzat jotzen da iruzur fiskalaren aurkako borrokako batzordea sortzea, Iruzurraren kontrako Borrokarako Plan Bateratua prestatzeaz arduratuko dena, hiru lurralde historikoen eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin, Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan». Ekimen horren bidez, Foru Ogasunen jarduketak koordinatzeko tresna berri bat izateko beharra adierazi zen. Legebiltzarraren ebazpena betez, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren (EZKO) 2013ko urriaren erabakiaren bitartez, Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortu zen, eta beste eginkizun batzuen artean, urtero Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratu bat prestatzea enkargatu zitzaion. Agindu zitzaion, irizpide orokorrak zehazteaz gainera, Plan Bateratuak Foru Aldundiek gauzatu beharreko jarduketa koordinatuak hartu behar dituela kontuan, eta jarduketa horien artean egongo direla informazioa lortzeko ekintzak, prebentzioaren ingurukoak eta erregularizazio eta kobrantza ekintzak.             

Foru aldundiek zerga iruzurraren aurka borrokatzeko eta zergak egiaztatzeko banakako planak egitea eragotzi gabe, eta arlo horretan esleitu zaigun eskumena garatzeko autonomiaren kalterik gabe, irizpide orokorra da zerga iruzurrari aurre egiteko politika eta estrategia bateratuak garatu behar direla eta haien eraginkortasuna indartu egingo dela zerga administrazioan eskudun diren erakundeen artean aliantzak eginez eta lankidetza harremanak ezarriz. Izatez, nazioartean, azken urteotan inoiz baino nabarmenagoa da kezka nagusia dela iruzurraren aurkako estrategia bateratuak ezartzea baina ez jurisdikzio bakarra hartuta, eskala handiagoan baizik, eta, alde horretatik, nabariak dira Europako Batzordearen eta ELGE/G20ren ekimenen ondorioz egin diren aurrerapenak.    

Foru ogasunen jarduketen programazio bateratua behin finkatuta, Gipuzkoako Foru Ogasunaren Egiaztapen Planak eta haren Ikuskapen Planak Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzurraren aurkako Borrokarako Plan Bateratuaren egitura bera dute, eta horrekin erraztu nahi izan da EAEren esparruan zerga iruzurrari aurre egiteko hartzen diren ekimen eta neurriak gardenak eta ulergarriak izatea eta haien neurketa sinplifikatzea.   
               

Zentzu horretan, zerga iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatuta daude:

A)    Informazioa lortzeko jarduketak; halakotzat hartzen dira zergen ikuspegitik garrantzia duen informazio oro lortzera, normalizatzera eta aztertzera zuzendutako jarduketak, guztiak ondorengo helburu hauekin: zergapekoak dagozkion tributu obligazioak bere borondatez bete ditzan erraztea, aitortutako datuen kongruentzia ezak atzematea eta tributuak aplikatzeko prozeduren xede izango diren zergapekoen hautapena hobetzea. Ondorioz, era honetako jarduketak funtsezkoak dira edozein tributu administraziotarako, baldin eta eraginkortasunez jardun nahi badu iruzur fiskalaren kontra.

B)    Prebentzio jarduketak, hau da, izaera desberdineko neurriak, iruzur egitea zaildu eta iruzur arriskuak murriztea helburu dutenak. Neurri horien barruan daude arrisku fiskaleko egoera jakin batzuetara iristeko kontrolak, zerga jardunbide egokiak sustatzeko jarduketak eta balio zibiko-tributarioen heziketa eta kontzientziazioa bultzatzekoak. Horiek modu egokian ezartzeak ahalbidetuko du zergapekoek iruzur jokabiderik ez egitea, horrelakoei aurrea hartuz.             

Prebentzio jarduketek ez dute, bere horretan, iruzurtutako zenbatekorik azaleratuko, iruzur hori ez gertatzea baitute xede. Uste dugu Zerga Administrazio ororentzat horixek izan beharko lukeela egoerarik onena: iruzurra saihestea. Eta horretarako, hiru lan ildo nagusi jorratzen ditugu: i) herritarrak bidezko tributuen garrantziaz jabetzeko ekintzak antolatzea, zerga betebeharrak borondatez betetzea erraztuz; ii) iruzurra egin aurretik hura atzeman eta galaraztea ahalbidetuko duten kontrolak ezartzea; eta iii) iruzurgile potentzialak beren zerga betebeharrak borondatez betetzea komeni dela konbentzitzeko neurriak hartzea. 
               
               

Aurrekoarekin bat eginez, komeni da prebentzio jarduketen garrantziaz ohartaraztea, ebaluatzen zailagoak direlako, eta haietako askok ez dutelako berehalako emaitzarik; hala ere, ezinbestekoak dira iruzurrerako joera egituratik beretik murrizteko, eta zuzeneko isla dute erregularizazio eta kobrantza jarduketetan: iruzurra saihesten bada, hots, iruzurrik ez badago, ez da baliabiderik erabili behar erregularizazio eta kobrantza jarduketak egiteko.

C)    Erregularizazio eta kobrantza jarduketak, hau da, Foru Ogasunen kudeaketa eta ikuskaritza organoek tributuen aplikazio prozeduren barruan zergapekoen egoera fiskala egiaztatzera, ikertzera eta, hala badagokio, erregularizatzera bideratutako jarduketak. Horien artean sartzen dira Foru Ogasunen bilketa organoek garatzen dituzten jarduketak ere, zergapekoak izan ditzaketen zorren ordainketa lortzea xede dutenak, bai horretarako ezarritako borondatezko epean, bai epe exekutiboan.     

Jarduketa horiek gauzatzeko, garrantzitsua da informazioaren tratamendurako beharrezko diren garapen teknologikoak izatea, foru ogasun bakoitzean tributuak aplikatzeko organoek koordinazioz jardutea eta hiru foru ogasunak elkarrekin eta beste organismo edo entitate batzuekin elkarlanean aritzea.          

Informazioa lortu eta aztertzeari dagokionez, nabarmendu nahi dugu dagoeneko egiten ari den eta datozen urteetan arlo guztietan areagotuko den ahalegina datuaren kalitatea hobetzeko; izan ere, iritzita gaude hori aldez aurretik egin beharreko urratsa dela informazioa adimen artifizialaren bidez aztertzeko prozesu berrien ezarpenak arrakasta izan dezan.

2021. urtean eta hortik aurrerakoetan, teknologia berriak bultzatzen jarraituko dugu, dagoeneko martxan dauden proiektuak garatuz, eta proiektu estrategiko berriak aztertzeari ekinez. Horietako bat PFEZerako eta BEZerako liburu normalizatu eta digitalizatuak ezartzea da, misio bikoitza izango dutenak: batetik, zergadunari laguntza hobea ematea, eta, bestetik, iruzurraren aurkako prebentzio neurri gehigarri bat ezartzea.      

Alde horretatik, funtsezkotzat jotzen dira, halaber, informazioaren gardentasunari esker zerga betebeharren betetze maila hobetzeko egiten diren jarduketa guztiak, eta horretarako, arazketa lanak egiteaz gainera, zergadunaren informazio eta laguntza zentsalaren kalitatea hobetzen ari da, horretarako beharrezkoak diren proiektu teknologikoen bitartez.

Zergadunak jasotzen duen laguntzari eta haren zerga betebeharrak betetzeko era errazteari dagokionez, aurten ere zergabidea plataforma garatzen jarraituko da, eta helburua da 2021eko ekitaldian autolikidazio guztiak haren bitartez prestatu eta aurkeztu ahal izatea, hodeian egoteak eskaintzen dituen utilitate guztiak aprobetxatuz; gainera, ogasunean dauden datuak zergadunaren esku jarri nahi dira autolikidazioak errazagoa eta seguruagoa presta daitezen. 2021. urtearen hasieratik, Berehalako Informazio Hornidura erabili behar duten zergadunek BEZaren hileko ereduaren (330 ereduaren) zirriborroa eskura dezakete.

COVID-19aren ondorioz nagusituz joan diren joerei jarraituz, eta azken urteotan departamentuak azpiegitura teknologiko homogeneo eta aurreratu bat izateko egin duen ahaleginari esker, gaur egun, herritarrek aukera dute beren betebeharrak telematikoki betetzeko. Hala eta guztiz ere, herritarrak, oro har, gero eta digitalagoak badira ere, biztanlerian badago segmentu bat, jarduera ekonomikorik gabeko PFEZaren zergadunak oro har, gaur egun aurrez aurreko arreta bat eskatzen duena, eta departamentuak arreta hori eman behar duela uste du. Horregatik, ekitaldi honetako errenta kanpainan, ogasuneko teknikariek errenta aitorpena (errenta mekanizatua delakoa) egiteko eta aurkezteko arreta zerbitzua ematen jarraituko dute. Orobat, ogasuneko langileek beste aitorpen batzuk egiten ere jarraituko dute, zergabidea plataformaren bitartez, behar den laguntza eskainiz. Laburbilduz, departamentuak kanal anitzeko eskaintza bat jartzen du herritarren eskura, bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den bitartekoa erabil dezan.      
               
               

Bestalde, iruzur fiskalaren aurkako borrokan erakundeen artean dagoen lankidetzaren testuinguruan, beharrezko gertatu da abian zeuden programa jakin batzuen erritmoa berrikusi eta birbideratzea edo hura aldatzea. Zehazki, egokitzapenak egin behar izan dira prebentzio estrategien arloan funtsezkoak diren urte anitzeko bi proiektu bateratutan.

Alde batetik, zerga heziketako programari dagokionez, zeinaren helburua baita gazte-gaztetik kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzea hezkuntzaren ingurunean, ikastetxeak martxoaren 13tik aurrera itxi izanak behartu zuen horrek programaren garapenean zeukan eragina aztertzera, eta, horren ostean, erabaki zen doikuntza eta egokitzapen batzuk egitea programaren birtualizazioa % 100ean ahalbidetzeko.

Bestetik, TicketBAI proiektuari dagokionez, zeinaren xedea baita jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona edo entitateen tributazioa modu integral batean kontrolatzeko sistemak ezartzea, jakin badakigu osasun krisiak ekarri duen egoera ekonomikoak zuzeneko eragina duela programatik ondorioztatzen diren zerga betebehar berrietara egokitu behar den kolektiboaren zati handi batean, eta, beraz, una hauetan ez gaude egoerarik onenean autonomoei eta enpresei ahalegin edo zama gehigarririk eskatzeko. Hori guztia dela eta, hasieran aurreikusitako ezarpen datak atzeratu egin dira (2022ko urtarrilaren 1era arte, nahitaez).

Azkenik, azpimarratu nahi dugu iruzurraren aurkako planen arrakastaren beste gakoetako bat aurreko urteetako lan ildoei eustea dela. Kasu askotan hartzen diren neurriak irismen handikoak izaten dira, eta beharrezkoa da horien ondorioak ekitaldi batean bat baino gehiagotan luzatzea benetan eraginkorrak izango badira.

Jarraian zehazten dira, gorago aipatutako hiru ataletako bakoitzean, 2021. urterako proposatzen diren jarduketa lerroak, bai EAEko Iruzurraren aurkako Plan Bateratuan sartuta daudenak eta bai Gipuzkoako Foru Ogasunak berariaz garatuko dituenak.         

A)    INFORMAZIOA LORTZEKO JARDUKETAK

2021. urtean zehar, nazioarteko akordioen ondorioz jasotzen jarraitzen den nazioarteko informazioa aztertuko da, bai eta informazioa bildu eta instalazioak erregistratze aldera zergadunen bulego edo lokaletara bertaratzea eskatzen duten auditoretza informatikoko jarduketetatik datorrena ere. Era berean, ikuskapen jarduketen barruan, zergadunek beren zerga obligazioak borondatez betetzea ere sustatuko da.       

Informazioa beste zerga administrazio batzuekin trukatzeko prozesuak garatzen jarraituko da.

1.    Zerga ondorioak dituen informazioa trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzea, gure zergadunek atzerrian dituzten ondasun eta eskubideak detektatzeko. 

2021. urtean hobetu egingo dira, AEATekin koordinatuta, hirugarren herrialdeetatik informazioa eskuratzeko prozedurak eta sistemak, eta informazioa lortzeko jarduketa selektiboak egingo dira, zerga iruzurraren zantzuak ageri dituzten zergadunei dagokienez, aipatutako informazio trukeetan lortutako informaziotik abiatuta. Horren ondoren, erregularizazio eta kobrantza jarduketak egingo dira, hala dagokionean. Zehazki, jarduketa hauek egingo dira: 

a)    Lehentasuna emango zaio kontu edo aktibo finantzarioei buruzko informazio trukean jasotzen diren datuen azterketari, truke hauen kasuan:

— FATCA trukea, Espainiako Erresumak eta Amerikako Estatu Batuek 2013ko maiatzaren 14an Madrilen sinatutako hitzarmenaren ondorio dena, eta helburu hauek dituena: nazioarteko betebeharren betetze fiskala hobetzea eta Foreign Account Tax Compliance Act (atzerriko kontuen zerga obligazioak betetzeko Legea) ezartzea.

— CRS-DAC 2 trukeak, bi hauek direla medio ezarriak: batetik, Agintari Eskudunen Akordio Aldeaniztuna, kontu finantzarioei buruzko informazioaren truke automatikoari buruzkoa, Berlinen 2014ko urriaren 29an formalizatua; eta, bestetik, Europar Batasunaren esparruan, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentaraua, 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena.

Jasotako datua benetakoa den edo aitortzeko obligazioa bete ote den egiaztatu behar denean, aurretiazko egiaztapen jarduketak egingo dira, egiaztapen eta ikerketa jarduketetan zer zergadun sartu behar diren hautatzeko.       

b)    Behar diren jarduketak aztertu eta gauzatuko dira 2011/16/EB Zuzentarauan (DAC 1) aurreikusitakoaren arabera jasotzen den informazioarekin lotuta: lan etekinak, administratzaile eta kontseilarien ordainsariak, pentsioak, ondasun higiezinen gaineko jabetza, eta etekin higiezinak.

c)    Mugaldeko tax ruling-ari eta transferentzia prezioen inguruko aurretiazko akordioei buruzko informazioa alderatuko da, haietan foru lurraldean helbidea duten pertsona edo entitateak sartuta daudenean (DAC 3 eta BEPSeko 5. ekintza).

d)    Aurten DAC6 obligazioa jarriko da indarrean, eta horrek esan nahi du 234, 235 eta 236 eredu berriak prestatuko direla, zerga betebehar hori betetzea ahalbidetu eta, horren ondoren, informazio hori nazioartean trukatu ahal izateko. Bestalde, beste estatu kide batzuek obligazio horri dagokionez bidaltzen duten informazioa aztertzeari ekingo zaio.     

2.    Nazioarteko fiskalitatearen esparruan diharduten zergapekoak aztertzea.

a)    Arlo honetan, eragiketa lotuen tratamendu fiskalak garrantzia berezia hartzen du. 2016ko urtarrilaren 27an Espainiako Erresumak Agintari Eskudunen Akordio Aldeaniztuna sinatu zuen, beste 30 estaturekin batera, ELGEren BEPS proiektuan jasotako «herrialdez herrialdeko txostena» trukatzeko. Tresna horri esker, merkataritza taldeen transferentzia prezioko politikan dauden arriskuak ebaluatu daitezke. Era berean, Batzordearen 2016/881 (EB) Zuzentarauak, 2016ko maiatzaren 25ekoak, 2011/16 (EB) Zuzentaraua aldatu zuen. Hala, talde multinazional handiek aurkeztu beharreko «herrialdez herrialdeko txostenetara» ere hedatu da informazio truke automatikoa.               
               

Aurreko urteetan bezala, 2021ean ere jarduketak egingo dira informazio betebehar horiek Gipuzkoako zergapekoek betetzen dituztela ziurtatzeko eta nazioarteko informazio truke automatikoen ondorioz lortzen den informazioa ustiatzeko.    
               

b)    Informazioa lortzeko jarduketak egingo dira, gezurrezkoak edo abusuzkoak izan litezkeen gastu finantzarioengatik kenkari bat aplikatzen ari diren sozietate taldeak detektatzeko.    

c)    Aztertuko da zer zergadun, eragiketa edo jurisdikziok ageri duten zerga iruzurrerako arrisku handiagoa paradisu fiskalekin duten loturagatik, eta, horretarako, dibisa trafikoari buruz jasotako informazioa alderatuko da, tributazio txikiko edo deusezeko lurraldeetan egindako eragiketak atzemateko.

d)    Azkenik, egiaztatuko da pertsona eta entitate ez-egoiliarrek Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten dituzten jardueren tributazioa.

Jarduketa horien xedea izango da EAEko zergadunek lurralde espainiarreko ez-egoiliarrei ordaindutako errenten tributazioaren erregulartasuna egiaztatzea, establezimendu iraunkor bidez egin edo hura gabe egin. Kanonen, royaltyen eta dibidenduen ordainketei begiratuko zaie bereziki.   

Era berean, informazioa lortzeko jarduketak egingo dira, atzerriko enpresek Gipuzkoan aitortu gabeko establezimendu iraunkorrak dituzten atzemateko.         

3.    Zergabidea plataforman sortu eta integratuko dira 2021eko ekitaldian indarrean jarriko diren zerga berriak, betiere batzorde mistoan zerga berri horiek behar den eran hitzartu eta gero. Hauek dira zerga horiek: zerbitzu digitalen gaineko zerga, transakzio finantzarioen gaineko zerga, eta proiektatuta dauden gainerako ingurumen zergak.  

4.    Informazioa beste tributu administrazio batzuekin trukatzeko prozesuak sendotu, garatu eta areagotzea, eta zerga ondorioak dituen informazioa zergen arlokoak ez diren beste administrazio, organismo eta entitate publiko batzuekin trukatzeko prozesuak zabaldu eta hobetzea.

Zehazki, jarduketa hauek egingo dira:

a)    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanen esparruan, aurreikusita dago 2021. urtean ere bildu eta ustiatzea 2016an informazioa trukatzeko sinatutako esparru-hitzarmenen babesean adostutako aldizkako informazioa.       

b)    2021ean honako hauek koordinatuko dira zerga administrazioen artean eta, bereziki, AEATrekin:

— BIHko (berehalako informazio horniduraren sistemako) datu trukearen protokolizazioa.

— Etxebizitza turistikoen erabilera lagapenari buruzko eredu informatibo berrian egiten den trukearen azterketa.

c)    Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekin izenpetutako hitzarmena eguneratuko da zerga ondorioak dituen informazio berria bertan sartzeko.

5.    Informazioa lortzeko beste formula batzuk indartu eta eguneratzea, aldizkakoak zein arau bidez erregulatuak, hala nola izaera orokorrez ezarritako eredu informatiboen bitartez eratutakoak, Zergen Foru Arau Orokorrean ezarrita dagoen informatzeko betebehar orokorra betetze aldera.

6.    Foru Ogasunak tributuen ikuspegitik garrantzia duten informazioen bilketa masiboak egingo ditu, haien berri emateko obligazioa eredu informatiboen bidez izaera orokorrez ezarrita ez dagoenean.

Jarduera arrisku fiskal handiko sektore ekonomikoetan garatzen duten zergapekoei buruzko informazioa –tributuen ikuspegitik garrantzitsua dena– handitu eta hobetzea da jarduketa hauen xedea.

Era berean, errekerimenduak edo egiaztapen jarduketak egingo dira, jasotako datua erregularizazio jarduketak hasi aurretik benetakoa den egiaztatu behar denean.

Zehazki, jarduketa hauek egingo dira, besteak beste:         

a)    Ekonomia Itunean, zerga desberdinei dagokienez, eragiketak lokalizatzeko konexio puntuak zergadunek zuzen aplikatzen dituztela egiaztatzeko jarduketak, Arbitraje Batzordearen azken ebazpenetan eta Auzitegi Gorenaren epaietan finkatutako interpretazio irizpideei jarraituz, eta arreta berezia jarriz Ekonomia Itunaren aldaketa indarrean jartzean (abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez) ondorioztatu diren konexio puntu berrietan. 

b)    Informazio errekerimendu espezifikoak egingo dira ez-kengarri gisa sailkatutako gastuak, jarduera ekonomikoekin loturarik ez duten kontsumo pribatuak, eta aitortu gabe utzi litezkeen diru sarrerak detektatzeko.

c)    Errekerimendu espezifikoak egongo dira, ondarearen gaineko zergan partaidetzak salbuesteko beharkizunak egiaztatzeari dagokionez.

d)    Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarrian egindako doikuntzak aztertuko dira, tamaina handikoak direnean, iruzurrezko jokabideak detektatzeko.

e)    Zergapekoek egindako enpresa berregituraketak aztertuko dira, 20R ereduaren bidez lortutako informaziotik abiatuta, saiheste fiskala bilatzen duten egitura amarrutsuak detektatzeko. Era berean, eskurapen balioak egiaztatuko dira, ondorio fiskaletarako.

f)    Ondare sozietateen eta haien bazkideen tributazioa aztertuko da, behar bezalakoa dela egiaztatzeko.

g)    Higiezinen sektorean egindako eragiketak ikertuko dira, eta, bereziki, eraikinak birgaitzeko lanen tributazio egokia, balio erantsiaren gaineko zergan behar bezala zergapetzeari dagokionez.               

h)    Hirugarrengoei berariazko informazio errekerimenduak egingo zaizkie, aitortu gabeko fakturak detektatzeko.

i)    Errekerimenduak egingo dira oinordetzen eta dohaintzei buruzko eskriturei dagokienez, administrazio honetan aurkeztu ez direnean.

j)    Errekerimenduak egingo dira ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarekin lotutako eskriturei dagokienez, administrazio honetan aurkeztu ez direnean.

k)    Onartuta dagoen hirigintza antolaketa eskuratuko da ondasun higiezinen balorazio katastralean aplikatzeko.

l)    Erregistroko finken ohar soilak eskatuko zaizkio Jabetza Erregistroari, katastroa eguneratzeko.

m)    Zergadunei dokumentazioa eskatzea, obra berriei alta emateko.

n)    Dokumentazioa eskatuko zaie zergadunei, jarduera ekonomikoei alta emateko.

o)    Zerga-bilketako Zuzendariordetzaren esparruan, eta Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusi berriarekin koordinatuta, jarduketekin jarraituko da informazio iturri berriak zerga-bilketaren kudeaketan pixkanaka sartu eta automatizatzeko: BIHa, TicketBAI, Data Warehouse, Big Data tresnak.               

Bereziki, jarraituko da zerga-bilketaren ikuspegitik arrisku profila dutenak aztertzen eta detektatzen, Gipuzkoako Foru Ogasunarekiko zordun direnek lehendik izan dituzten portaerak aztertuz.

Gainera, BIH sistematik datorren informazioa premiamenduzko espedienteak kudeatzeko tresnekin osorik integratzeko lana amaituko da.

p)    Informazio errekerimendu espezifikoak egingo dira balio erantsi handiko zerbitzuak emateko jarduerei dagokienez, eta, bereziki, jarduera horietan, azken kontsumitzaileei zuzenduta egoteagatik, Zerga Administrazioak beste bide batzuetatik behar adina informazio ez duenean eta iruzurrezko praktiken zantzuak dituenean.

7.    Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergapekoek aitortutako etekinen kontrol integrala. Alde horretatik, Ikuskaritzako funtzionarioen eta zerga agenteen jarduketa presentzialak antolatuko dira, kontuan hartuta, betiere, COVID-19ak sortutako osasun larrialdiaren egoerak, 2021ean ere irauten duenak, hainbat muga ekarri dituela.     

8.    Negozio eredu berrien analisia. Aurreko ekitaldian hasitako ildoek jarraituko dute 2021ean, eta jarduera ekonomikoen negozio eredu berriak aztertu eta ikertuko dira. Ekonomia digitala aldaketak eragiten ari da gizartean eta jarduera ekonomikoetan. Administrazioak haietan sortzen diren negozio berriak aztertu, ulertu eta haien gainean jardun behar du, haien betebehar fiskalen bidez modu zuzen eta ekitatibo batean ekarpena egin dezaten.

Nabarmentzekoa da ELGA nahiz Europar Batasuna hainbat ekimen gauzatzen ari direla esparru digitalean aritzen diren pertsonek eta entitateek lurralde bakoitzean zergak behar bezala ordaintzen dituztela ziurtatzeko.

Jarraian, arlo nagusietako batzuk aipatuko dira:   

a)    Merkataritza elektronikoari lotutako plataforma digitalak erabiliz ondasun eta zerbitzuak hornitzeko jarduera logistikoak, haien esparruan egiten diren eragiketak foru lurraldean lokalizatu daitezkeen neurrian, igorpenen triangulazioa, esate baterako. Merkatu hori aztertu, haren arriskuak definitu eta haren jarduera kontrolatuko da.

b)    Moneta birtualen operatiba aztertu eta ikertuko da. Zehazki, kontuan izanik Gipuzkoan urte bakoitzeko abenduaren 31n 50.000 €-tik gorako balioespena duten kriptomoneten titulartasuna 720 ereduan jakinarazteko betebeharra dagoela, aktibo horiek kudeatzen dituzten plataformei eredu informatibo baten bidez urtero titularrei buruz informatzeko eskatu ahal izatea aztertuko da.

Informazioa lortzeko jarduketa horiek guztiak egitean, Foru Ogasunean zergak aplikatzeko eskumenak dituzten organoak ahaleginduko dira oreka egokia lortzen zerga iruzurraren aurka egiten duten lanaren efikaziaren eta izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudian datuei dagokienez ezartzen diren proportzionaltasun eta kalitate printzipioen artean.      

B)    PREBENTZIO JARDUKETAK

Sailkapen talde honen barruan sartzen dira bai zerga obligazioak borondatez betetzea sustatzen duten kontzientziazio eta gizarte lankidetza estrategiak eta bai iruzurra egin aurretik zergapekoek hura egitea atzeman eta saihesteko kontrol jarduketak.      

2021ean jarduketa hauek egingo dira bereziki:    

1.    Jarduera ekonomikoak egiten dituztenen fakturazioari buruzko informazioa lortzea.

Foru Ogasunaren helburuetako bat aurrerapen teknologikoak erabiltzea da, bai herritarrei zerga obligazioak betetzea errazteko eta bai haiek betetzen ez dituzten zergadunen iruzurra pertsegitzeko. Helburu horrekin, gaur egun hiru proiektu garatzen ari dira, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen edo entitateen fakturazioa epe ertainean osorik jasotzera bideratuak. Proiektu horietan nahitaezkoa da aztertu eta planifikatzea zer aurrekontu zuzkidura beharko diren informazioa jaso eta aztertzea ahalbidetuko duten inbertsioak gauzatzeko:             

a)    Berehalako Informazio Hornidura (BIHa).

2018ko ekitaldian indarrean jarri zen Berehalako Informazio Hornidura (BIHa). Sistema horren arabera, hileko aitorpenak aurkezten dituzten enpresek Gipuzkoako Foru Ogasunaren egoitza elektronikotik eraman behar dituzte beren BEZeko erregistro liburuak. Horretarako, oso epe laburrean bidali behar dituzte egiten eta jasotzen dituzten fakturen datuak. 

Informazioa berehala emateko sistema honek aldaketa bat ekarri du zergak kudeatzeko eran, eta zuzeneko eragina izaten ari da bai kudeaketan, bai ikuskapenean eta bai zerga-bilketan. Horren ondorioz, 2018. urteaz geroztik hainbat egokitzapen egiten ari dira barruko zein kanpoko aplikazioetan, zergadunei begira.         

Zergadunek erabil dezaketen aplikazioari dagokionez (web zerbitzuak), Araba, Bizkai eta Nafarroako Foru Ogasunekin batera jardun da, eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin ere elkarlanean aritu da, 2017ko uztailean AEATk abian jarritakoa bezalako sistema bat ezartzeko.      

Barrura begira, 2018an jarduketak hasi ziren datu berri horiekin lan egiteko, 2019an ere jarraipena izan zutenak: datuak Foru Ogasunaren sistemetara bihurtzea, BIHa ezarri ondoren ukitutako zeharkako zergen prozesuak egokitzea, eta informazio hornidura hori ziurtagirien, errekerimenduen eta abarren sisteman sartzea. Gainera, aurrerago azalduko den bezala, datuen bolumen handiak iruzurraren aurkako borrokan duen garrantzia dela eta, administrazio honek arriskua aztertzeko proiektu bat taxutu du informazio horrekin, BIG dataren azpiegituraren bidez. 

Barne kudeaketan beharrezkoak diren aldaketak egin ondoren, 2020an aztertu da zer beharkizun tekniko ziren beharrezkoak BIH sistemak barne zein kanpo mailan dituen funtzionalitate guztiak abian jartzeko.

2021. urterako, hauek dira sistemaren helburu nagusiak:

*  2021eko balidazio berriak: urtarrilean eta otsailean ezarriko dira egindako eta jasotako fakturei dagokienez AEATk argitaratutako balidazio berriak.

*  Otsailean zehar, eskura jarriko da bai web zerbitzuetan bai formularioen aplikazioan ondasunak kontsignan saltzeko erregistro liburu berria.

*  Lanean segitzen dugu, 5 zerga administrazioekin batera, informazio trukean:

— BIHaren errolda instrumentalean, zeinetan edozein zerga administraziotako zergadunak egongo baitira erroldatuta, BIHa erabiltzera behartuta egon edo ez.

— Zerga administrazio bakoitzeko zergapekoei buruzko BIHaren erroldan.

— Gainerako administrazioekiko elkartrukean, bakoitzari dagozkion ahalmenen arabera (ikuskapena edo kudeaketa).   

*  Barne kudeaketa eta zerbitzu berriak:

Era berean, inplementatuta ez dauden funtzionalitate batzuk garatu behar dira, bai barne mailan, bai zergadunarentzako zerbitzu berrietan, hobekuntzak behar dituzten funtzionalitateak diren heinean. Azpimarratzekoak dira hauek:

— Epeen kalkulagailua.

— Fakturen kontrastea.

— Egozpenen kontsulta.

— Autolikidazioa kalkulatzeko hobekuntzak.

— BIHtik jasotzen den informazioa premiamenduzko espedienteak kudeatzeko aztertzea.

*  Bestalde, informazio iturri horrek, departamentuan dagoen teknologiarekin batera, hileko BEZaren aitorpenaren zirriborroa egiteko aukera ematen digu, 330 eredua bete behar dutenentzat. Zerbitzu hori 2021eko ekitaldi honetatik aurrera hasiko da, eta, bertan, aipatutako aitorpena egin ahal izango da, BIHtik datozen datuak, zergadunen errolda datuak eta lehendik aurkeztutako beste aitorpen batzuetatik datozen eta autolikidazio horietan islatu behar diren datuak oinarri hartuta (konpentsatu beharreko kuotak, itzulketak, ordaindutako kuotak). Zergadunak beti izango du eskainitako datuak deskargatu eta aldatzea. Horrela, departamentuak herritarren zerga betebeharrak betetzea errazteko estrategiarekin jarraitzen du, administrazioaren esku dauden datuak haien eskura jarriz. Zerbitzu berri horren azpian dagoen filosofia PFEZaren autolikidazio-proposamenekin hasitako berbera da, eta, gainera, zergadun horiei aukera ematen die egiaztatzeko Gipuzkoako Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan erregistro liburuak osatzeko bidaltzen den informazioa haien eragiketen errealitatearekin bat datorrela.         

b)    TicketBAI proiektua.

Iruzurraren aurkako Borrokarako 2016ko Plan Bateratuan konpromisoa hartu zen urte anitzeko proiektu bat abian jartzeko, eskudiru ugari erabiltzen duten jarduera sektore jakin batzuetan kutxa erregistratzaileen kontrol sistema bat eta beste edozein fakturazio gailu ezartze aldera. Hori guztia Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) 2013ko urrian argitaratutako azterlanean gomendatzen da («Salmenten ezabapen elektronikoa: sarrera fiskalen aurkako mehatxua»), kontuan hartuta gure inguruko beste herrialde batzuetako esperientzia.

TicketBAI proiektuaren xedea da ziurtatzea jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoek salmenta eragiketa guztiak aitortzen dituztela.

Helburua da lege eta teknika mailako betebehar batzuk ezartzea, Zerga Administrazioak jarduera ekonomikoen sarrerak kontrola ditzan, eta, bereziki, sarrera horiek ezkutatzeko joera duten sektoreetako jarduerenak, aintzat hartuta amaierako kontsumitzaileei ondasunak entregatu edo zerbitzuak ematen dizkietela, nagusiki eskudirutan kobratuta. 

2020an azaroaren 6ko 3/2020 Foru Araua onetsi da, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duena. Bertan ezartzen denez, foru araua onartuta, 2022tik aurrera araututa geratzen da TicketBAI betebehar berria. Betebehar horren arabera, gure lurralde historikoko sozietateen gaineko zergaren araudia edo, jarduera ekonomikoak egiten dituztenen kasuan, PFEZaren araudia aplikatzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek TicketBAI software bermatzailea erabili beharko dute fakturazio prozesuan.

Orobat, abenduaren 11ko 32/2020 Foru Dekretua onartu da, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamendua onesten duena.

Horrez gain, abenduaren 23ko 521/2020 Foru Agindua ere onetsi da, TicketBAI Softwarearen zehaztapen tekniko eta funtzionalak eta TicketBAI Softwarearen Erregistroan alta emateko aitorpena arautzen dituena. (2020/12/24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala).

— I. eranskina. Altako fitxategia.

— II. eranskina. Baliogabetze fitxategia.

— III. eranskina. Sinadura elektronikoaren zehaztapenak.

— IV. eranskina. Igorpenaren baldintzak.

— V. eranskina. TicketBAI kodea. QR kodea.

Erregelamenduak sistema hori pixkanaka ezartzeko egutegi berria ezarri du, eta egutegi hori 2022tik aurrera abiatuko da. Gainera, erregelamenduak dio zergadunek badutela borondatez betetzea TicketBAI betebeharra 2021eko urtarrilaren 1etik hasita ezarpen egutegiaren arabera hura nahitaez bete beharrekoa izan arte.               

TicketBAI sistemak Gipuzkoan duen ezaugarri esanguratsuenetako bat da informazioa faktura edo frogagiria egiten den unean bidaltzen dela, eta horri «online» bidalketa deitu diogu.    

Horrek esan nahi du 2021eko urtarrilaren 1az geroztik gure sistema informatikoak prest daudela, eta, dagoeneko, informazioa jasotzen ari direla, denbora errealean, TicketBAI sistemara borondatez bildu diren zergadunek egindako eragiketei buruz.

Era berean, 2020ko abenduaren 15az geroztik, zergadun guztiek FakturaBAI aplikazioa dute eskuragarri Zergabidea plataforman. Aplikazio sinple baina osatu horren bitartez, posible da fakturak zuzenean jaulkitzea gure egoitza elektronikoan, TicketBAI betebeharra betez, eta, aldi berean, faktura bera jaulkitzeko betebeharra betetzen da.

Softwarea garatzen dutenen Erregistroa ere martxan dago dagoeneko, eta, horri esker, 2020. urtearen amaieratik posible da jakitea zer enpresa informatiko ari diren egokitzen beren programak betebehar berrira.

Proiektu honetan, gure informatika zerbitzuek 10 modulu diferente garatuko dituzte: fakturak jasotzea, balidazioak kudeatzea, zergadunei akatsak jakinaraztea, QR kodea kontsultatzea, gailuak erregistratzea, etab.   

Hona hemen 2021eko lan edo zeregin nagusiak:

— XML fitxategien inportazioa edo lotekako igorpena: sistema horren bitartez, interneteko konexiorik ez duten zergadunek loteka bidali ahal izango dituzte fitxategiak, konexioa duen postu batera sartzen direnean.

— Jasotako artxiboak kontsolidatzeko prozesuan txertatu beharreko balidazio ekonomiko eta fiskalak.

— Sistema hobetzea, gailu bat onartzeko edo baztertzeko epearen kontrola, esate baterako.

— Kontsulta egitea identifikatutako erabiltzailearen QR-a erabiliz.

— FakturaBAI aplikazioan aukera berriak garatuko dira, hala nola fakturak sarreren liburu formatuan deskargatzea, edo bezeroari posta elektronikoz bidaltzea faktura.              

— BIHaren ordez TicketBAI bidalketak egiteko, TicketBAI bidalketaren osagarri izango diren web zerbitzuak diseinatu eta garatuko dira, BIHak beharrezkoa duen informazio gehigarria bidaltzeko, beharrezkoa den kasuetan.

Era berean, departamentuak oso garrantzitsutzat jotzen du proiektuaren ezaugarriak ezagutaraztea eta zerga arloko eragileekin lankidetzan aritzea, bereziki aholkularitzako profesionalekin, elkarteekin, entitateekin, softwarea garatzen duten enpresekin eta abarrekin. Izan ere, tamaina honetako proiektu batean arrakasta lortzeko oso garrantzitsuak izango dira horiek guztiak.            

Horregatik, azken urteetan egindakoari jarraipena emateko, 2021ean, eta haiekin koordinatuta, dibulgaziozko hitzaldiak antolatuko dira, gidak egingo dira, webguneko edukiak eguneratuko dira, kontsulten postontziei erantzungo zaie, galdera-erantzunak prestatuko dira, informazio kanpainak egingo dira hedabideetan, eta, azken batean, behar diren ekintza guztiak gauzatuko dira borondatezko ezarpenaren urte hau ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, 2022an nahitaezko aplikazioak ustekaberik izan ez dezan.

c)    Zerga berezien prozedura berriak: Silicie.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Silicie izeneko prozedura berria jarri da indarrean. Haren arabera, fabriken, gordetegi fiskalen, harrera gordetegien, biltegi fiskalen eta ozpin fabriken titularrak behartuta daude fabrikazio zerga bereziei lotutako produktuen kontabilitatea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez eramatera kontabilitate sistema informatiko bat erabilita. 

Nahiz eta prozedura hau 2020ko urtarrilaren 1ean jarri den indarrean, kontabilitatea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez eramatera behartuta dauden establezimenduek 2021eko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean bete ahal izango dituzte 2020ko kontabilitate idazpenak.           

Horrek tresna berri bat jartzen digu eskura, zerga bereziei lotutako establezimenduetan egiten diren prozesu eta mugimendu guztiak kontrolatzeko.

Silicieri dagokionez, 2021eko ekitaldirako zeregin nagusia da eragiketen aitorpenen kalkulua abian jartzea eta egun erabiltzen diren ereduen ordez SILICIEtik eskuratutako informazioan oinarritutako kalkulua erabiltzea. 2020an, azterketa lan bat egin da, eta lehen eredu bat hasi da prestatzen: ardoen eta edari hartzituen fabrika eta gordailu fiskaletan egindako eragiketen aitorpena (lehengo 553 eredua). Geroago, eragiketei buruzko gainerako aitorpen ereduei helduko zaie.

2.    Teknologia berriak aplikatzea arrisku fiskalen analisia etengabe hobetzeko.

2021. urtean zehar, baliabide material eta pertsonal ugari bideratuko ditugu adimen artifizialeko soluzio berriak inplementatzea ahalbidetuko duten plataforma teknologikoak garatzeko eta informazio iturri berriak, BIHa, TicketBAI eta, etorkizun hurbilean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona guztien erregistro liburuak eraginkortasunez tratatzeko.     

Era berean, adimen artifizialeko beste proiektu batzuk jarriko dira abian, zerga zorren kobrantzan arriskua detektatzeko eta zerga-bilketaren inguruko aurreikuspenak egiteko.

a)    Zergadunen arteko harreman proiektua.

2018an gauzatu zen proiektu pilotu batean Big Data egitura bat ezarri zen Ogasuneko datu baseetan dauden zergadunen arteko harremanei buruzko datuak ustiatzeko.        

2019an abian jarritako aplikazio batek ahalbidetzen du zergadunen arteko zerga harremanak modu erraz eta dinamikoan ikustea, grafoen bidez. 2020an, egindako probetan, akatsak antzeman ziren datuaren kalitatearekin lotuta, eta tresna berri hori kontsultatzeko aukera ematen diguten informazio iturriak normalizatzeari ekin zitzaion.             

2021ean, erreminta hori erabiltzaile berriei ezarri aurretik, lana indartuko da bazkideen, administratzaileen eta haien sozietateen arteko harremanei buruzko informazioa hobetzeko, eta zergadunen helbideak katastroko lokal batekin normalizatzeko.       

b)    Arriskua aztertzeko proiektua, Berehalako Informazio Horniduraren sistemak eskaintzen duen informazioan oinarrituta.

2019an proiektu pilotu bat abiatu zen Berehalako Informazio Horniduraren sistema ezarri zenetik jaso diren datuei buruzko lehen hurbilketa analitikoa egiteko. Proiektuak Big Dataren barruan harremanen proiekturako definitu den azpiegitura bera erabiliko du.

Helburua BIHko datuak aztertzea da, bai haien artean eta bai datu horiek BEZeko autolikidazioekin eta interesgarriak diren bete datu fiskal batzuekin harremanetan jarrita. Analisi kasuen multzo bat definitu da, eta horietako bakoitzak txostenak sortuko ditu iruzur arriskuko egoerei buruz ohartarazita.

2019an eta 2020an proiektu pilotu bat garatu ondoren, bertan aztertu diren kasuetako bi produzituko ditugu 2021ean.    

c)    Konputazio kuantikoaren proiektua.

2020an adimen artifizialeko proiektu pilotu bat jarri zen abian, faktura faltsuak erabiltzen edo jaulkitzen dituzten enpresak aurkitzeko. Horretarako, aurrenik, algoritmo tradizionalak erabili ziren, datuetan anomalia edo inkoherentzia gehien erakusten dituzten zergadunak detektatzea ahalbidetzeko.

Iruzur mota hori detektatzeko egokien diren aldagaiak hautatu ondoren, aurten lehenengo emaitzak aztertuko dira, eta behin kontrastatuta, eredua hobetzea ahalbidetuko dute, emaitza gero eta zehatzagoak lortuz.

Lehen azterketa hori amaitu eta gero, kuantifikazio kuantikoa aplikatzeko proban, lan nagusia izango da kuantifikazio kuantikoko egungo teknologia erabiltzen duten sailkatzaileak eraikitzea, Gipuzkoako lurralde eremuan iruzur mota bera identifikatzeko. Metodo horiek algoritmo kuantikoetan oinarritzen dira, eta haien errendimendua ohiko algoritmo klasikoekin alderatu ahal izango da.

d)    Ikaskuntza automatikoko ereduak baliozkotzen dituzten plataformak kontrastatzeko proba pilotuak.

2021ean, merkatuko produktu jakin batzuek eskaintzen dituzten soluzioak probatuko dira, zehazki, datu eredu batzuei adimen artifiziala aplikatzea errazten dutenak, azkarrago eta modu normalizatuagoan gure erakundearen barruan.

Zehazki, Departamentuaren barruan, bi arazo mota aztertuko dira bi pilotu desberdinetan:

— Zerga-bilketako arriskuaren analisia, gerorapen eta zatikapen espedienteetako datuen historikoa kontuan hartuta.      

— Zerga-bilketan gehien eragiten duten zerga kontzeptuen bilketako denbora serieen aurreikuspena.

3.    Heziketa zibiko-tributarioaren sustapena.

Ogasun eta Finantza Departamentuarentzat lehentasunezko jarduketa lerroetako bat da zerga iruzurra justifikatzen duten baldintza sozialak deuseztatzea, finantza publikoak gizarte mailan hobeto ulertzea eta kontzientziazio fiskal handiagoa izatea lortzen duten estrategien bidez.

Horren helburua da zerga obligazioak borondatez betetzea bultzatzea, herritarrak zerga iruzurrak dakartzan justiziarik ezaz eta ondorio kaltegarriez jabearazita eta, gainera, funts publikoen erabilerari buruzko ezagutza sustatuta: zer zerbitzu ematen diren herritarren diruarekin eta berauen bidez nola laguntzen den Gipuzkoa solidarioagoa eta orekatuagoa izaten.               

Horretarako, programa hauek gauzatzen ari dira:

a)    Ikastetxeetako heziketa programa.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Foru Aldundiek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2017ko uztailaren 7an, heziketa programa hau garatzeko asmoz: ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko bat, EAEko ikastetxeetan ezarriko dena, jada ikasleak gaztetxo direnean iruzurrezko portaerak zilegitasunik gabe gelditzearren. Hitzarmen horren babespean, 2018-2019 ikasturtean Gipuzkoako 62 ikastetxetan eskaini da programa. 2019-2020 ikasturtean, Gipuzkoako 88 ikastetxetan eman da ikastaroa, eta 2020-2021 ikasturtean 92 ikastetxetan (Gipuzkoan 115 ikastetxe daude guztira).     
               

Hitzarmen horrek, hasiera batean, 2018ko ekainaren 30era arteko indarraldia izango zuela aurreikusi bazen ere, beste hiru ikasturtetarako luzatzeko aukera ere jasotzen zen bertan, eta luzapen horiek elkarren segidan aplikatu dira.

Zehazki, hezkuntza programa bat garatzeko lankidetza hitzarmenaren azken luzapena 2018ko apirilaren 17an formalizatu zen, eta luzapen hori 2020-2021 ikasturtea amaitu arte sinatu da.        

Programaren garapenak izan duen balorazio positiboak agerian utzi du merezi duela hura Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan finkatzea eta pixkanaka ikastetxe gehiagotara eta ikasle talde handiago batera zabaltzea. Testuinguru horretan, parte hartu duten administrazio publikoek beharrezkotzat jo dute unitate didaktiko komun hori ezartzen laguntzeko ekintzei jarraipena ematea, hitzarmen berri bat sinatuz. 

Horrela, 2021eko otsailaren 9an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hitzarmena sinatu dute, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate komun bat ezartzeko.    

Nabarmentzekoa da hitzarmen berriak beste bi ikasturte luzatzeko aukera aurreikusten duela, 2025eko irailaren 30era arte.         

b)    Unibertsitateetako heziketa programa.

Unibertsitate arloan, Ogasun eta Finantza Departamentuak topaketak antolatzen ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Tecnum-Nafarroako Unibertsitatean ari diren ikasleekin, fiskalitate arloan ikasleentzat interesgarriak diren gaiak jorratzeko.             

Unibertsitatearen testuinguru horretan, jarduketak jarraituko dira egiten zerga administraziora talentuak erakartzeko, profil interesgarri berriak definituz (ingeniaritza, datu analisia…), praktiketan jardungo duten ikasleak hartuz, eta unibertsitateetako enplegu foroetan parte hartuz.

4.    Zergapekoek beren zerga obligazioak borondatez betetzea sustatzeko ekintzen sustapena.            

Aurrerantzean ere ahalegin handia egingo da zergapekoei autolikidazioak eta aitorpenak teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak egiten laguntzeko eta, bereziki, hirugarren pertsonek komunikatu dituzten, Foru Ogasunean dauden eta zerga arloan garrantzia duten datuak autolikidazioetara eramatea ahalbidetzen duten laguntza programak garatzeko.  
               

a)    Zergabidea plataforma.

Ogasun eta Finantza Departamentua aitzindaria izan da zergadunari zuzendutako zerbitzuak sustatzen, eta, zehazki, zerga ereduen laguntza programak prestatzen. Etengabeko eraldaketa teknologikoak eta administrazio elektronikora egokitzeko beharrak Zergabidea plataforma sortzea ekarri zuen. Hona hemen plataformaren ezaugarri nagusiak:             

*  Zergabidea zerga eredu desberdinen elaborazio eremua da. Eredu guztiak prestatzeko era bateratu eta normalizatu egin da, horren helburua izanik Zergabidea zergadunen sarbide puntua izatea eta bertan aurkitzea beren zerga betebeharrak betetzeko behar dituzten tresnak. 

*  Plataforma horrek sarrera bateratua ere ematen die zerga kudeaketan aurkeztu behar diren idazki guztiei, eta zergadunei, txantiloien bidez, hasiera-hasieratik izapidetzeko behar den informazio guztia sartzeko eskatzen die, Foru Ogasunak gerora errekerimendurik egin ez dezan, eta, beraz, erantzuteko epeak atzeratu ez daitezen.

— Proposamenen aurkako alegazioak: likidazio proposamenak, zehapen proposamenak, …

—Llikidazioen aurkako errekurtsoak (kuotengatik, interesengatik, zehapenengatik, errekarguengatik,…).

— Bidegabeko itzulketen eskaerak, autolikidazioak zuzentzekoak, berandutze interesenak,…

— Aitorpena ez aurkezteagatik bidalitako informazio errekerimenduen erantzunak,…

— Beste batzuk…

*  Zergabidea hodeian dagoen idazmahai fiskal bat da, eta bertan zergadun bakoitzak eremu pribatu bat erabiltzen du aitorpenak prestatzeko: sistema eragile eta nabigatzaileen mendekotasun teknologikoak saihesten ditu, eta haren bidez desagertzen dira ekipoetan programak instalatzeko eta eguneratzeko arazoak.

Lan eremu pribatuan sartzen den informazioa erabat konfidentziala da, baita Ogasun eta Finantza Departamentuarentzat ere.

Eremu pribatura sartzeko, bi identifikazio mota erabili daitezke: ahula (erabiltzaile-pasahitza) edo indartsua (pasahitz operatiboa, B@kQ, ziurtagiria). Identifikatzeko moduak baldintzatzen ditu zergadunak Zergabidean izango dituen funtzionalitateak.

Edozein gailutatik sartu daiteke Zergabidea plataformara.

— Fitxategien inportazioak aukera ematen du zergadunak beste laguntza programa batzuk erabilita egindako aitorpenak Zergabidean integratzeko.

— Zerga eredu jakin batzuen kasuan, datu fiskalak egozteko aukera ematen du, hau da, Ogasunak zergadunari buruz dituen datuak inportatu daitezke eta, aldi berean, aitorpenaren zirriborro bat prestatu. Une hauetan, informazioa zuzenean inportatuz (PFEZ edo BEZeko 330 eredua) edo beharrezkoa den informazioa emanez (JEZ, SZ, BEZ, zentsu aitorpenak), posible da datu horiek aurkeztu behar diren autolikidazioetara iraultzea, zergadunek beren aitorpenak aldatu edo osatzeko aukera oztopatu gabe. Horrek esan nahi du zergadunek modu erraz eta seguruan bete ditzaketela beren zerga betebeharrak, izapide burokratikoak aurreztuz eta dokumentaziorik aurkeztu gabe.    

— Datuak egozteko funtzionalitatea gainerako autolikidazioetara zabalduz joango da, datuak Ogasunean dauden neurrian, modu erraz eta intuitiboan, azken helburua baita autolikidazioak aurkezteko betebeharra zergadunek ahal den errazen betetzea, Ogasunaren gardentasun helburuan sakonduz eta zergadunei beren zerga betebeharrak betetzen lagunduz. 
               

— Zergabideak bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzen du, eta Administrazio Elektronikoaren Legean jasotako arauak betetzen ditu, administrazio elektroniko integratuari erantzuna ematen baitzaio.

— Zergabidea plataformatik posible da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoarekin zuzenean konektatzea, eta bertan edozein zerga eredu aurkeztea.

— Plataformak aurkezpen prozesu guztiak homogeneizatzea lortu du, eta horrek sinplifikazioa eta efizientzia handiagoa ekarri die.

— Elaboraziorako plataforma departamentuaren barne erabilerarako ere sartu da, zergen kudeaketari begira, halako moduz, non posible baita funtzionario batek hainbat zerga eredu prestatu eta aurkeztea. Era horretan, prozesuak optimizatzen dira, kalkulua eta funtzionamendu orokorra bateratzen dira, bai zergadunentzat, bai barne kudeaketarako, hau da, autolikidazio lagunduaren aurkezpena deritzona egiten da.

— Zergabidean, erabat bateratu eta berritu da, zerga guztietarako, ordainketaren kudeaketa ordaintzekoak diren autolikidazioen kasuetan, eta une honetan kudeaketa azkarra eta malgua da, 3 ordainketa modalitate daude, eta ordainketa zatikatzeko edo geroratzeko eskatu daiteke. Halaber, banku kontuen kudeaketa normalizatu eta eguneratu da zergadunentzat, hala sarreretarako nola itzulketetarako, eta Ogasunean jasota dauden kontuetara sartzea ahalbidetzen zaie, bai eta kontu berriak gehitzea ere.    

— Bestalde, autolikidazio osagarriak eta ordezkoak aurkezteko aukera sartu da plataforman, aurretik aitorpen bat aurkeztu den kontuan hartuta, eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen da zein zerga aurkeztu nahi den eta jatorrizko aitorpenak zer emaitza duen. Kasu horietan, idazmahai bakarra egongo da Ogasun osorako.             

Hau izango da jarduteko era:

— Zergaduna bera da aurkezlea.

— Barrura begira, aitorpena prestatu duen funtzionarioa enplegatu gisa agertuko da beti (sarbide kodea eta izena).        

— Zergadunak aitorpena aurkeztu izanaren frogagiria sinatuko du eskuz, eta sinatutako frogagiri hori artxibatu egingo da. Gero, agiri hori digitalizatu egingo da, aurkezpenarekin batera hasitako espediente elektronikoan sartzeko.  

— Sinatutako frogagiria aurkezpenean sortzen den frogagiriaren bertsio berri bat izango da. Aurrerago, sinadura biometrikoa ezartzen denean, aurkezpenean sortzen den frogagiri sinatu hori balioduna izango da. Aurreikuspena da aurtengo errenta kanpainan proba pilotu bat egingo dela, 030 eredu zentsalaren aurkezpen lagunduan behin inplementatu eta gero.

2021ean, autolikidazio eta aitorpenen ereduak integratzen jarraitu nahi da, eta, bereziki, 036 eredu zentsala. Beste eredu zentsala, jarduerarik gabeko pertsona fisikoena, 2020an integratu zen. Gainera, une honetan zergadunei beren identifikazio datuak erakusten zaizkie (helbide fiskala, jakinarazpenetarako helbidea, posta elektronikoa, …), Ogasunean ageri diren bezala, eta jarduera ekonomikoak egiten badituzte edo pertsona juridikoa izanez gero, zerga betebehar diferenteei buruzko egoera zentsala erakutsiko zaie, zerga betebeharrak egoki betetzen laguntzeko. Zergabidea plataformatik bertatik, dagokion aitorpenaren bidez, zergadunek datu zentsal horiek eguneratu edo zuzendu ditzakete. 

Aurtengo zeregin bat izango da aurretiazko ordainketa bat exijitzen duten autolikidazioak plataforma honetan aurkeztu ahal izatea. Aurrenik, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga autolikidatzeko 671, 670 eta 672 ereduekin hasiko gara, eta, gero, matrikulazio zergaren eta eskualdaketen eta EJDen gaineko zergaren ereduekin jarraituko dugu. Horretarako, eragile ezberdinekin izenpetu diren hitzarmenak hartuko dira kontuan, eta, bereziki, notarioekin sinatutakoak.              

Eredu horiek aurkezteko, hainbat profil ezarri dira, autolikidazio horiek aurkezteko garaian ahalmen handiagoa edo txikiagoa izan dezaketenak.

Oro har, plataformak aipatu diren autolikidazioak prestatu, ordaindu eta aurkezteko aukera ematen du. Hala ere, 670, 671 eta 672 ereduak ezingo dira telematikoki aurkeztu hurrengo kasuotan:

— Zerga egitatea eskritura publiko batean dokumentatuta dagoenean.

— Zerga egitatea gozamen bat azkentzea denean.             

— Zerga egitatea ibilgailu bat eskuratzea denean.              

Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin hitzarmena formalizatu duten kolektiboetako subjektuei ez zaie aplikatuko murrizketa hori.             

Plataforma honek, autolikidazio eta aitorpen eredu guztiak bete eta aurkezteko balio izateaz gain, harrerarako ere erabiltzen den plataforma bakarra da; beraz, haren bidez aurkeztutako autolikidazioak ez ezik, autolikidazio eta aitorpen guztiak ere kontsulta ditzakete zergadunek, aurkezteko modua edozein dela ere (papera, mekanizatua, autolikidazio proposamen onartua…).      
               

Zerga desberdinei eta betebehar fiskalak betetzea errazteko eskainitako funtzionalitateei dagokienez, datu hauek aipatu daitezke:

•  PFEZ.

*  Errenta eta ondare ereduak (109 eta 714), ekitaldia bukatu aurretik argitaratzen diren simulazio bertsioak barne.        

*  Errenta aitorpena modu hauetan bete eta aurkeztu daiteke:

— Eskuz.

— Zerga informazioa jaitsiz, pasahitz operatiboa, B@kQ kodea edo ziurtagiria erabilita.

— Autolikidazio proposamena jaitsiz, pasahitz operatiboa, B@kQ kodea, ziurtagiria edo onarpen kodea erabilita.             

— Aurreko urtean Zergabidean prestatutako aitorpena inportatuz.

— Zergabideako simulazio programarekin prestatutako aitorpena inportatuz.

•  Sozietateen gaineko zerga.

*  200 eredua.

— Aurreko aitorpenaren datuak inportatzea.

— Kontabilitate datuak kanpoan sortutako fitxategi bidez inportatzea.

— Azken bi ekitaldietako kontabilitate datuak esportatzea, Merkataritza Erregistroan uzteko.

— Banakako aitorpenak Zergabideatik esportatzea eta bertara inportatzea.

*  220 eredua.

— Aurreko ekitaldiko datuak zuzenean inportatzea.

— Banakako aitorpenak esportatzea/inportatzea.

— Ekitaldiko datuak entitate indibidualen 200 ereduetatik zuzenean inportatzea.

•  BEZa.

*  330 eredua (hileko BEZa). Autolikidazioaren zirriborroa eskainiko da bere horretan aurkezteko, foru ogasun honetan dauden datuekin ados egonez gero daturik gehitu beharrik gabe. BIH sisteman zergadunak aurkezten duen kalkuluan eta eredu zentsaletan oinarrituko dira, batik bat, datu horiek.

*  Eredua betetzeko aintzat hartu behar diren guztietan, datu hauek eskaintzen dira: aurreko zergaldietatik konpentsatu beharreko kuotak, zergaldian egindako diru-sarrerak, eta epealdi horretan lortutako itzulketak.

*  347 eta 349 ereduak. 347 eredua hainbat funtzionalitaterekin sartu da Zergabidea plataforman: fitxategi batetik abiatuta aurkeztea, aitortuak eta errentamenduak inportatzea, Gipuzkoako eta Estatuko fitxategiak inportatzea, aurkezpena kontraste datuarekin egin ahal izatea, eta PDF ofiziala paperean aurkezteko eskuratzea. Eta 349 ereduaren kasuan, BEZaren araudiaren aldaketak exijitzen dituen aldaketa guztiak sartu dira bertan, 2020an eta 2021ean indarrean jartzeko, denak ere Brexitagatik eta Europar Batasunak BEZaren erregulazioan egindako arau aldaketengatik egin beharrekoak.

•  JEZa.

*  Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren 840 eta 841 ereduetan, goitibeherako zerrenda batzuk sartu dira laguntza programan, jardueraren helbidearekin lotuta. Horrek, alde batetik, aitorpena prestatzea erraztuko dio erabiltzaileari, eta, bestetik, helbide horiek zehatz eta egoki identifikatzea ahalbidetuko digu guri. Izan ere, hori zutabeetako bat izango da, helbideak beste aitorpenetara zabaltzen denean, kudeaketak behar duen kalitatezko datua lortu dezagun.         

— Epigrafe bakoitzak aukera ematen du zerga elementu guztiak modu errazean aitortzeko, eta argibideak ematen ditu ohar eta salbuespenetara bildu ahal izateko. Orobat, 842 eredua erraz aurkeztu daiteke, eman beharreko datuak zergadun bakoitzeko adieraziz.

— Zergadunaren matrikularen datuak egozteko aukera ematen du programak. Funtzionalitate horri esker, zergadunek jakin dezakete zein den beren egungo egoera zergan, eta kontrol horrek saihesten du zergadunek altak aurkeztea dagoeneko alta emanda daudenean. Gainera, bi klik eginez, ahalbidetzen du eredu horietan bajak ematea eta aldaketak sartzea.

*  Telekomunikazio operadoreen tokiko tributazioaren 810 eta 890 ereduetan laguntza programa bat dago haiek modu errazean aurkezteko.

*  Eredu berri guztiak plataforma honetan integratuak izateko sortzen dira (2020an, hala egin da, esate baterako, 318 eta 179 ereduekin).

b)    Zerga Kudeaketak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk.

Horrez gain, kudeaketa zerbitzuek jarduketa hauek egingo dituzte 2021ean:

*  Itzulketei ahalik eta azkarren erantzutea, BEZekoei bereziki, sisteman likidezia injektatzeko (Covid-19ak sortutako egoeragatik). Egiaztapena a priori egin beharrean a posteriori egingo da, irizpide objektiboekin hala erabakitzen den kasuetan.

*  Errentan eta ondarean zerga obligazioak betetzea errazten duten jarduketak egiten jarraituko da.   

— Kolektibo batzuei errentako autolikidazio proposamena gure webgunean ikusteko kodea helaraziko zaie, proposamen osoa paperean bidali beharrean. Horrekin, helburu hauek lortu nahi dira: informazioa bidaltzean segurtasuna areagotzea, proposamenak egiaztatu eta onartzeko prozesua erraztea eta paperaren kontsumoa nabarmen jaistea. 

— Hobekuntzak errenta eta ondarea aitortzeko programetan, aitorpenak internet bidez aurkezteko.

— Errenta eta ondarea aitortzeko kanpainarako gidaliburua.            

— Kasu jakin batzuetan, errentako bigarren autolikidazio proposamen bat prestatuko da, lehenengoak akatsak dituela erreparatzen bada.

— Teknikarien kopurua handituko da, 30 langile gehiagorekin. Errenta kanpainaz arduratzen den taldean parte hartu ondoren, teknikari horiek kanpainatik ondorioztatzen diren zereginetan arituko dira 3 hilabetez.

— CBK eredua berriaren (carry back ereduaren) ezarpena. Honen bitartez, 2020an jarduera ekonomikoan galerak izan dituzten enpresaburu eta profesionalek –batik bat Covid-19ak eragindakoak– posible dute galera horiek konpentsatzea 2019an jarduerak izan dituen etekin positiboekin, eta ordaindu dituzten zergen itzulketa jaso dezakete.

— Bi eredu hauek jarriko dira ZergaBidea plataforman: 002 eredua (mugaldeko langileen erregistroa) eta 005 eredua (jarduera ekonomikoen ordainketa zatikatua helbideratzea).

— Departamentuaren zerbitzu elektronikoetan autentifikatzeko, BAK gakoa erabili ahal izango da errenta kanpainan, eta, besteak beste, aitorpenak aurkeztu, zerga informazioa eskuratu eta zerga kontsultak egiteko.      

— Pertsona fisiko eta juridikoei aitorpenak egiteko helarazten zaien informazio fiskalak datu gehiago eta kalitate handiagokoak izango ditu, bai errenta zergan eta bai sozietate zergan. Horretarako, jarduketa hauek egingo dira, besteak beste:

Zerga informazioari datu berriak gehitu zaizkio, urteko eredu informatiboetan kontzeptu berriak jaso ahala.

Errekerimenduak bidaliko zaizkie eredu informatiboak (190, 196, 180, 347, 349) aurkezten ez dituztenei.

Hirugarrenen aitorpen informatiboak aurkeztera behartuta dauden subjektu pasiboei komunikazioak bidaliko zaizkie, aitortu beharreko datuen eta epeen berri emateko.

*  Arreta berezia eskainiko zaie erantzuteko denborei arlo hauetan:

— Kontsultei eta kexa eta iradokizunei erantzuteko batez besteko denbora.

— Errentako eskaeretan (proposamenak, mekanizatuak eta telematikoak), sozietateetan eta BEZean (hilekoak eta urtekoak) itzulketak egiteko erabilitako batez besteko epea, Covid-19agatik 2020an ezarri diren ezohiko epeak aintzat hartuta.

— Teknikarien arreta telefonikoa, dei kopuru osoaren aldean hartu ez diren deiak murrizteari dagokionez.

— Errekurtsoak epe barruan ebazteko izapideak.

c)    Zerga-bilketa arloan, beste neurri batzuen artean, argitara emango da ordaindu gabeko zor eta zehapen handien zordunen zerrenda.              

5.    Beste administrazioei informazioa lagatzea beren eginkizunak bete ditzaten.

Informazio trukearen barruan, nabarmendu nahi dugu zerga informazioa gainerako administrazioei lagatzean oso lan garrantzitsu bat betetzen dela, gure ZFAOren 92. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Honako hauei lagatzen zaie informazioa: beste zerga administrazio batzuei, zerga betebeharrak beren eskumenen esparruan betetzen direla egiaztatzeko; administrazioei, gizarte segurantzaren sistemaren kargura jasotzen diren prestazioak lortu eta gozatzean dagoen iruzurraren aurka egiteko; eta administrazio publikoei, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak pertsegitzeko, bait eta funts publikoen eta Europar Batasunaren konturako diru-laguntzak lortu eta jasotzean egiten den iruzurrari aurre egiteko ere.

Orobat, informazioa lagatzen zaie beste administrazio publikoei, beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean, betiere datuen jabeak diren zergapekoek aurrez baimenduta, herritarrek egin beharreko izapideak errazte aldera.             

Informazioa lagatzeko sistemak era askotakoak dira, eta kasu bakoitzera egokituta daude.

Administrazioei aukera ematen zaie ziurtagiriak modu automatizatuan lortzeko, dagoeneko prestatuta dagoen datu multzoari buruzko informazioa eskatzeko, edo elkarreragingarritasuneko tresnak erabiltzeko.

2021ean, elkarreragingarritasunaren erabilera sustatu nahi da. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, bultzada emango zaio NISAE nodoari. Nodo horren bitartez, praktikan antolatzen eta inplementatzen da paperezko ziurtagirien ordez egiten den datu-trukea, hala Euskal Administrazio Publikoen artekoa nola horien eta estatuko gainerako administrazioen artekoa –batez ere Estatuko Administrazio Orokorrarekin–, sinergiak batuta.

2021ean ere, urte anitzeko proiektu bat hasiko da, ziurtagiriak ematen dituzten sistemak optimizatu eta eguneratzeko.

6.    Zentsuak kontrolatzeko jarduketak.

a)    Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroa eta Hileko Itzulketen Erregistroa kontrolatuko dira, balio erantsiaren gaineko zergan dauden iruzur sareak lehen fasean atzeman eta deuseztatzeko. Entitate taldeen erregistro berezirako sarbideen kontrolari dagokionez, komunikazioak, bajak, altak eta egiaztapen formalak begiratuko dira.

b)    Bidaltzen diren identifikazio fiskaleko zenbakien kontrol prebentiboa egingo da, arriskuko egoerak atzemateko.

c)    Egiaztatuko da zergadunek enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan egiten diren alta, aldaketa eta baja aitorpenetan komunikatutako datuak benetakoak direla eta, bereziki, zergapekoek aitortutako helbide fiskalak, jarduera ekonomikorik gabeko pertsona fisikoen helbide fiskalak ere barne.               

d)    Entitateei identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatuko zaie lurralde historikoko araudian ezarritako kasuetako batean daudenean.

7.    Garraiobideak kontrolatzeko jarduketak.

Kontrol jarduketak egingo dira estatu barruko eremutik zein Europar Batasuneko beste estatu batzuetatik datozen ibilgailuen eskualdaketetan, balio erantsiaren gaineko zergan, garraiobide jakin batzuen gaineko zerga berezian eta beste zerga batzuetan iruzurrik egon ez dadin. Kontrol jarduketak izango dira, halaber, zenbait garraiobideren gaineko zerga berezian eta beste zerga batzuetan ibilgailuak eskuratzeagatik onura fiskalak lortzen direnean.

8.    Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusiaren jarduketak.

Jarduketa hauek egingo dira:

Behin-behineko kautelazko neurriak hartuko dira, zerga zorren kobrantza ziurtatzeko, kudeaketa eta ikuskaritzako organoekin koordinatuta eta bilketa exekutiboko prozeduretan, beharrezkoak diren jarduketak bultzatuz informazioa lortzeko.  

a)    Jarduketak egingo dira iruzurtutako kuotak ziurtatzeko, Herri Ogasunaren aurkako delituetan eta isunetan.

b)    Bermeak eratuko dira bai zerga-bilketa prozeduretan, bai konkurtso prozeduretan eta bai gerorapen edo zatikapen prozeduretan, zorraren kobrantza ziurtatzeko.       

c)    Aztertuko dira erreklamazioak ebatzi bitartean kobrantza eteteko aurkezten diren bermeak, hala esparru ekonomiko-administratiboan nola administrazioarekiko auzietan aurkeztutakoak.

d)    Aplikazio berri bat garatuko da eratutako bermeak eta hartutako kautelazko neurriak kudeatu eta kontrolatzeko.        

e)    Zerga betebeharren betetze mailaren jarraipena egingo da konkurtso prozeduretan, eta Departamentuko zerbitzuei informazioa emango zaie.

f)    Aplikazio berri bat garatuko da konkurtso prozedurak kudeatu eta kontrolatzeko.

9.    Jarduera jakin batzuen borondatezko erregularizazioa sustatzeko jarduketak.

Sektore jakin batzuetan, alegia, zergapekoen kopuru handiak hala justifikatzen duenean, beharrezkoa da ziurtapen jarduketa disuasorioak edo informazioa lortzeko jarduketak egitea, betiere zerga egoeren borondatezko erregularizazioa bultzatze aldera. Jarduketa horien emaitzaren ondorioz egiaztapen jarduketak hasiko dira, hala badagokio, zergadunak bere zerga obligazioak betetzen ez dituenean.

10.    Beste jarduketa batzuk.

Informazio eta laguntza zerbitzuak emango dira, zerga obligazioak borondatez betetzea sustatzearren.

Jarduketa mota honen barruan kokatzen dira Administrazioa aurrez lotesteko prozedurak, zeinen xedea baita gure zerga zuzenbideari segurtasun juridikoa eta ziurtasuna ematea administrazioaren jarduketak operadore ekonomiko guztientzat eskaintzen dituen bermeak nahikoak izan daitezen egonkortasunari, konfiantzari eta aurreikusgarritasunari dagokienez. Horien artean daude, esate baterako, hauek: amortizazio planen baimenak, softwarearen homologazioak, aurretiazko balorazio akordioen izapideak, Administrazioa aurrez lotesteko txosten eta prozedurak, kontsulta lotesleak, eta zergadunen bestelako eskaerak.

Departamentuaren barruko prestakuntza planari dagokionez, zerga zuzenbideak agintzen duen etengabeko prestakuntza bideratzeaz gain, ahalegin handia egingo da praktiketan hasiko diren funtzionario taldeek berariazko prestakuntza jaso dezaten. Horretaz gain, ikastaro espezifikoak ere antolatuko dira garrantzi berezikoak diren gai sektorialetan: auditoretza informatikoa eta nazioarteko fiskalitatea.

C)    ERREGULARIZAZIO ETA KOBRANTZA JARDUKETAK

Atal honetan sartzen dira kudeaketa eta ikuskaritza organoek zergak aplikatzeko garatzen dituzten prozeduren xede diren zergapekoen egoera fiskala egiaztatzeko, ikertzeko eta, beharrezkoa bada, erregularizatzeko egiten dituzten jarduketak, bai eta zerga-bilketako organoek zergapekoek borondatez ordaintzeko epean zein epe exekutiboan, ordain dezatela lortzeko egiten dituztenak ere.               

Erregularizazio jarduketen xedea da iruzurra kuantifikatzea behin hura egin denean, eta zergaduna iruzurrezko jokabidetik aldentzeko balio dute. Hala ere, hein batean, jarduketa horien arrakasta foru ogasuneko organoek egiaztatuko dituzten zergapekoak egoki aukeratzearen baitan dago. Hori dela eta, askotan, jarduketa horiek Administrazioak informazioa lortzeko jarduketak egitean lortzen duen eta zerga ondorioak dituen informazioaren kalitatearen eta hedaduraren ondorio dira. Era berean, kudeaketa eta ikuskapen organoek agerian jarritako zerga zorraren kobrantza, askotan, baldintzatuta dago zerga-bilketako organoek ordaintzera behartuta dauden guztiei buruzko informazioak egiazkoa eta osoa izan behar duelako, izan horiek zordun nagusiak izan haiekin erlazionatuta dauden erantzule solidario eta subsidiarioak. Horren ondorioz, guztiz erabakigarria da zerga administrazioko organo guztiak elkarlan hertsian aritzea beren helburuak lortzen dituztela bermatzeko.       
               

Ikuskapen jarduketen efizientzia handitzearren, orokortu egingo da egiaztapen eta analisi teknikak erabiltzea zergapekoek beren jarduera ekonomikoak (osorik edo partez) ezkutatzeko erabiltzen dituzten sistema eta ekipo informatikoetan.          

Auditoretza informatikoko kontrol horiek egitearekin ebidentziak lortu nahi dira, ikuskariek iritzi oinarridun bat izan dezaten kontabilitateko egoera orrien eta zerga aitorpenen oinarrian dauden sistema informatikoetan erregistratuta edo idatzita dauden eragiketa ekonomikoen zuzentasun eta zehaztasunari buruz. Horretarako, mota guztietako prozesuak eta kontrolak egingo dituzte, tresna informatiko egokiez baliatuta eta Europar Batasunak gomendatutako estandarrak eta lan metodologia erabilita.

Anomalia fiskalak eraginkortasunez aztertu eta detektatzea ahalbidetzen diguten tresna teknologikoak hobetzeaz gainera, kontrol jarduketak bultzatuko dira, orain arte bezala, zergapetutako jarduerak edo ustiapenak egiteko erabiltzen diren bulego, finka, lokal eta gainerako establezimendu edo lekuetan. Zenbait kasutan jarduketa horiek gure inguruko beste tributu administrazio batzuekin koordinatuta egingo dira.  
               

Erregularizazio ekintzen ondorioz ikusten bada herri ogasunaren aurkako delituak egin izanaren zantzuak daudela, Foru Ogasunek txostenak helaraziko dizkiote Fiskaltzari, azken horrek, egoki iritziz gero, salaketa aurkez dezan. Era berean, zerga-bilketako organoek iruzurrezko jokabideak ikertuko dituzte, haien xedea ondasunak edo eskubideak ezkutatuz zerga zorrak ez ordaintzea denean. Ikerketa horietan, gainera, arlo penalean pertsegi daitezkeen jokabideak ere aurkitu daitezke, eta halakoen kasuan ere, salaketa aurkeztuko da.               
               

Horrez gain, Ikuskaritzako Zuzendariordetzak bere gain hartuko ditu Kudeaketako Zuzendariordetzak identifikatu dituen eta egin ezin dituen espedienteak ere, balizko arriskua gertatzeko aukerarengatik eta egon daitekeen iruzur motarengatik Ikuskaritzako Zuzendariordetzak parte hartzea bidezkoa eta egokia denean.

Jarraian azalduko diren lerroez gain, egiaztapen jarduketak hasiko dira, hala behar denean, Egiaztapen Plan honetako A) atalean aipatzen diren ziurtapen espedienteetatik edo informazioa lortzera bideratutakoetatik ateratzen denaren arabera.  

1.    Enpresa taldeen kontrola.

2021ean, kontrol espezifikoak egingo dira enpresa talde handietan agertu ohi diren arrisku handieneko gorabehera fiskalen gainean.

Lerro honetan, nazioartekotutako enpresa taldeek zergak saihesteko egiten dituzten jardunbideak pertsegituko dira, baita zergak saihesteko helburua besterik ez duten sozietate egitura erabat artifizialen sorrera ere. Horretarako, beste informazio iturri batzuen artean, enpresak berregituratzeko eragiketak eta entitateen balantzeak aztertuko dira.  

2.    Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergapekoek aitortutako etekinen kontrol integrala, batez ere zirkunstantzia hauetakoren bat detektatzen denean:   

a)    Aitortzen diren etekinak jarduera sektorean edo negozio ereduan izan ohi den batezbestekoa baino askoz txikiagoak izatea. Horrelakoetan, gastu kengarriak egiaztatuko dira sozietate zergan, baita aitortu ez diren sarrerak ere.

b)    Irregulartasunak detektatzea kreditu txartelen, eskudiruaren edo konturako diru sarreren bidez kobratzeko kudeaketa sistemari atxikita dauden gailuen titularretan.               

c)    Zantzuak egotea eduki ekonomikorik gabeko fakturak egoteari buruz edo iruzur egiteko sare organizatuetan parte hartzeari buruz, batez ere balio erantsiaren gaineko zergaren kasuan.

d)    Balio erantsi handiko sektoreetan jarduten duten eragileak izatea, edo, bestela, eragiketen zati handi bat eskudirutan kobratzeagatik edo eragiketak azken kontsumitzaileentzat egiteagatik arrisku fiskal handikoak diren sektoreetan jarduten duten eragileak izatea.

e)    Pertsona fisikoen zerbitzu oso pertsonalak fakturatzeko tarteko sozietateak erabili izana kontrolatzeko jarduketak.    

3.    Ondare sozietateek eta haien bazkideek behar diren zerga guztietan ongi tributatzen dutela egiaztatzea, batik bat sozietate horiek mikro, enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatuz, baldintza horiek bete arren halakotzat tributatzen ez dutenak detektatuz, eta haiek banatzen dituzten dibidenduen tributazio egokia kontrolatuz.            
               

4.    Zergapekoen kontrola, zergen autolikidazioak aurkezten ez dituztenean horretara behartuta egon arren, edo hainbat aitorpen edo zergalditan etengabe itzulketak eskatu edo konpentsatzeko zenbatekoak aitortu dituztenean.        

5.    Atxikipenak eta konturako sarrerak egiteko eta ordaintzeko betebeharra duten zergapekoen gaineko kontrola.

6.    Autolikidazioen kontrola, haietan onura fiskalak aitortzen direnean, sorrerako ekitaldian bertan aplikatzekoak izan ala ez, edo aurreko aldietan egiaztatutako kenkariak edo bestelako pizgarri fiskalak finkatzeko baldintzak betetzeko epeak amaitzen direnean.

7.    Fabrikazioaren gaineko zerga berezien ondorioetarako erregistratuta dauden fabrikak, gordailu fiskalak, biltegi fiskalak eta establezimenduak kontrolatzea.

8.    Eragiketa bolumenagatik zerga administrazio batean baino gehiagotan –lurralde erkidean edo foru lurraldean– tributatzen duten entitateek aitortutako tributazio portzentajeak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzea.

Batetik, egiaztatuko da zergapekoek Ekonomia Itunaren aldaketa indarrean jartzeak (abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez) ekarritako konexio puntu berriak behar bezala aplikatzen dituztela, eta, bestetik, kontrolatuko da Ekonomia Itunak finkatutako konexio puntuak behar bezala aplikatzen direla, Arbitraje Batzordearen azken ebazpenetan eta Auzitegi Gorenaren epaietan finkatutako interpretazio irizpideei jarraituz.      

9.    Zerga Administrazioak duen informaziorekin alderatuta, beren aitorpenetan inkoherentzia nabarmenak ageri dituzten zergapekoak.

Bereziki:

a)    PFEZan:

— Lan etekinetan dauden inkongruentziak egiaztatuko dira, bereziki BGAEetan eta atzerakinetan.

— Geroratutako ondare irabazietan dauden inkongruentziak berrikusiko dira, atzerrira eramaten direnean, eta haien exijigarritasuna eta aitorpena ere begiratuko dira.

— Atxikipenetatik salbuetsitako kopuruak egiaztatuko dira.               

b)    Oinordetza eta dohaintzetan:

— Autolikidazioen kontrol orokorra egingo da, dohaintza eta oinordetzen bidez eskualdatzen diren akzio eta partaidetzetan arreta berezia jarriz.

c)    BEZean:

— Hirugarrengoek aurkeztutako eredu informatiboak egiaztatuko dira.

— Batasunaren barruko ondasun eskurapenen kontrola egingo da, hala sarrerei nola kenkariei dagokienez, horretarako SCAC bidez egindako eskaerak erabilita.

— Ziurtatuko da zergaldi bakoitzeko sarrerak behar bezala tributatzen direla, tributazio hori ez dela sortzapenaren arabera atzeratzen kontrolatuz.

10.    Ondasun eta eskubideen azterketa, baldin eta horiek ez badatoz bat zerga administrazioei aitortu zaizkienekin edo zergaldian lortutako sarrerekin. Besteak beste, hauek begiratuko dira:

a)    Atzerriko ondasun eta eskubideen 720 ereduan adierazitakoaren aldean, nazioarteko informazio truketik ondorioztatzen diren inkongruentziak.

b)    Ondasunak eta eskubideak egiaztatuko dira, zenbatekoak Ogasunean dauden datuekin alderatuko dira, eta oinordetza handiak ondarearen gaineko zergarekin gurutzatuko dira. Bakar-bakarrik datuak baldin baditugu.

11.    Higiezinen negozioei dagokien tributazioaren kontrol integrala, eskualdaketetatik eta errentamenduetatik datorrena barne.

12.    Bestelako erregularizazio eta kobrantza jarduketak BEZean.

a)    Tasa murriztuarekin zergapetutako eskurapenen kontrola.

b)    BEZean edo ondare eskualdaketen gaineko zergan aurkeztutako eskrituren kontrola.

c)    Dagokion erregimenean behar bezala tributatu izanaren kontrola, erregimen erraztutik baztertzekoa den kolektiboan bereziki.

d)    Kreditu kobraezinengatik zuzendutako zerga oinarrien egiaztapena. 952 eta 95B ereduak.

13.    Bestelako erregularizazio eta kobrantza jarduketak eskualdaketen gaineko zergan.

a)    Obra berrietan eta banaketa horizontaletan aitortutako balioaren kontrola.

b)    Ondare eskualdaketetan, sozietate eragiketetan eta egintza juridiko dokumentatuetan aplikatutako salbuespena zuzena dela eta ondare eskualdaketen tasa murriztua behar bezala aplikatu dela kontrolatzea.

c)    Kontrol berezia irabazpidezko sozietateen desegiteetan eta gehiegizko adjudikazioetan.

14.    Zerga bereziak eta zeharkako beste zerga batzuk. Egiaztapen mugatuak zerga bereziari eta hidrokarburoen gaineko zergako gasari aplikatutako salbuespen portzentajean, eta doikuntzak gas fluordunen zergapekoei dagokienez.

15.    Erregularizazio jarduketak udal zergetan: OHZ eta JEZa.

a)    Titulartasunak eguneratuko dira honako hauek aintzat hartuta: salerosketen eskriturak, katastroko datuak (obra berrien, banaketa horizontalen, segregazioen eta elkarketen eskrituren araberakoak), BEZari lotutako salerosketak, partzelarioen kartografia, eta udalerrien aireko argazkiak.

b)    Ondasunak baloratuko dira administrazio, departamentu, atal edota subjektu pasiboentzat.

c)    U-4 inprimakiak (obra berriak) eta haiei buruzko dokumentazioa kontrolatu eta egiaztatuko dira, finka berriei alta emateko.

d)    Enpresa taldeen negozio zifraren zenbateko garbia egiaztatuko da, baita haien kontrola Gipuzkoatik kanpoko pertsona fisikoek eta subjektu pasiboek dutenean ere (842 ereduaren bidez aitortuak).

e)    Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalen administrazio kontratuen adjudikazioak egiaztatuko dira, JEZaren epigrafeak eta esparruak erregularizatzeko.

f)    Higiezinen sustatzaileek saldu eta aitortutako metro karratuak egiaztatuko dira.

g)    Udalek izapidetutako ikuskapen aktak tramitatuko dira.              

16.    Erregularizazio eta kobrantza jarduketak zerga-bilketa arloan:

Zerga-bilketa arloan, egin beharreko jarduketen helburua ez da soilik zorra kobratzea edo iruzurraren aurka borrokatzea behar adina ondasun eta eskubide aurkituz zor hori ordaintzeko. Jarduketek pizgarriak kentzeko efektua ere bilatu behar dute zerga-bilketaren fasean dagoen zerga iruzurrari dagokionez, eta ordainketa espontaneoa bultzatu behar dute, nahiz eta ordainketa hori berehala ez egin. Aurrekoa kontuan hartuta, erregularizazio eta kobrantza jarduketa hauek egingo dira:     

a)    Zerga-bilketa fasean:

— Enbargatu egingo dira berehala eta epe ertainean gauzatzekoak diren ondasun eta eskubideak, zorraren kobrantza ziurtatzeko.

— Errekerimenduak egingo dira, banaka zein kolektiboak, enbargoak egiteko (ondasun eta eskubideen zerrendak, kontuak, jardueren txostenak, notarioekiko hitzarmen bidezko eskriturak, Europar Batasuneko beste estatu batzuekiko elkar laguntza, DGTri ibilgailuei buruzko egindako informazio eskaerak, beste zerga administrazio batzuei egindako informazio eskaerak).

— Enbargoak egingo dira merkataritza establezimenduan bertan, eta, oro har, handitu egingo da kanpoan izango den presentzia informazioa lortu eta enbargoak egiteko.

— Erantzukizunak deribatuko dira: ikerketa jarduketekin jarraituko da araudian aurreikusten diren egitatezko kasuak gertatzen direla egiaztatzeko eta erantzuleei zerga zorren ordaintzeko exijitzeko.

— Ordaintzeke dagoen zorra kontrolatuko da, hura murrizten saiatuz eta zaharrena berrikusiz. Huts egindako espedienteak berrikusiko dira, espediente horietan egoera mantentzen dela egiaztatzeko.

— Neurriak hartuko dira administrazioaren jarduna azkartzeko, gertatzen diren intzidenteak eta zerga-bilketako egintzen aurkako berraztertze errekurtsoak ahalik eta azkarren ebazte aldera.

— Zordun handiek jarraipen berezia izango dute, haien ondarearen bilakaerari erreparatuz, egon litezkeen ondare hustuketak detektatzeko.

b)    Konkurtso prozeduren esparruan, prozedura horien menpe dagoen kreditu publikoa defendatzen jarraituko da, jarduketa hauek direla medio:

— Zor konkurtsala: zor konkurtsalari buruzko ziurtagiriak prestatuko dira, aurretik ziurtatutako zorraren onarpena kontrolatuko da, konkurtso administratzailearen analisiaren bidez, eta, oro har, konkurtso prozeduran aurkeztutakoak kontrolatuko dira: hartzekodunen zerrenda, ondasun eta eskubideen inbentarioak eta abar.

— Beharrezkoa denean, errekerimenduak proposatuko dira edo bidezko intzidenteak aurkeztuko dira prozedura judizialean.       

— Zorraren ordainketa kontrolatuko da, konkurtsoen kasuan, bai likidazio fasean eta bai hitzarmen fasean, edo akordio berezien bidez zor pribilegiodunen kasuan. Bete ezean, jarduketak egingo dira hala bide judizialean nola administratiboan.

— Konkurtso prozeduraren faseetan egin beharreko jarduketak koordinatuko dira departamentuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuekin.

c)    Ordainketen gerorapen eta zatikapenen esparruan, jarduketekin jarraituko dira gerorapenak edota zatikapenak exijitzen dituen baldintzak arrazionalizatu eta eguneratzeko, eta, batik bat, web bidez egiten diren gerorapen edota zatikapen eskaeretan. Bereziki:  

— Jarraipena eta kontrola egingo da ordainketa zatikatzeko espedienteak bermea aurkeztu beharretik salbuetsita daudenean, zergadun horien gainerako zorren egoerari erreparatu behar zaionean eta ordainketa plana zorrotz betetzen dela ziurtatu behar denean.

— Jarraipena eta kontrola egingo da gerorapen edo zatikapen espedienteetan zordunaren egoerari buruzko bermeak aurkezteko obligazioa dagoenean, eta eskainitako bermeak eta ordainketa planaren konplimendua kontrolatu behar direnean.

— Informazioa lortzeko jarduketak egingo dira, gerorapenak ematea komeni den eta zer baldintzatan emango diren aztertzeko, gerorapen eta zatikapenen azterketak exiji ditzakeen banakako errekerimenduak ere barne.