3
TOKI ADMINISTRAZIOA

BERGARAKO UDALA

Iragarkia

2021eko otsailaren 23an Alkateak emandako dekretu baten bitartez «Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Bergarako ostalaritzaren, ostatuen eta janari-edari banatzaileen sektoreetako enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak onartu dira eta honen bidez argitaratzen dira:

Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Bergarako ostalaritzaren, ostatuen eta janari-edari banatzaileen sektoreetako enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzak.

1. artikulua.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Bergarako ostalaritzaren, ostatuen eta janari-edari banatzaileen sektoreetako enpleguari eta jarduerari eusteko Bergarako Udalaren ezohiko dirulaguntzak arautzea.           

Ondorengo artikuluetan dirulaguntza hauek emateko irizpideak eta prozedura finkatuko dira.

Programa honetara 70.000 euro bideratuko dira, partida honetatik: 3900. 481.433.00.01.2021.

2. artikulua.    Araubide juridikoa.

Oinarri hauek eta dirulaguntza ematean indarrean dauden arauek arautuko dute dirulaguntza hauek ematea eta udalaren eta onuradunen arteko harreman juridikoa.

Jarraian aipatzen dira indarrean dauden arauak:

— 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

— 38/2003 Lege Orokorrak, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2003-11-18koa), eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Arautegia.

— 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, eta zehatzago 17. artikuluko 25. puntua, tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo -politikak arautzen dituena udalerrien eskumen propio bezala.

— Bergarako Udal Aurrekontuko Arauak.

Oinarrietan agertzen ez den guztian, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta indarrean dauden gainerako arauak aplikatuko dira.

3. artikulua.    Erakunde onuradunak.

Covid-19aren osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoeraren deklarazioak eta Lehendakariaren 38/2020 Dekretuak eragin dieten ostalaritzaren, ostatuen edo janari-edari banatzaileen jarduerak, jarraian zehaztutako baldintzak betetzen badituzte:   

Ostalaritza.

Ostalaritza-jarduera eten beharra izan duten pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia ostalaritza-jarduerei dagokien JEZren epigraferen batean sartzen bada, oro har, 67. edo 68. epigrafeetan.

Banatzaileak.

Janari eta edari banatzaileen jarduera burutzen duten eta 38/2020 Dekretuaren ondorioz ostalaritzak jarduera eten behar izan duelako bere fakturazioa gutxienez % 75 murriztu zaien pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia JEZren epigrafe hauetako batean sartzen bada: 6129 edo 6126.             

Ostatuak.

Ostatu-jarduera burutzen duten eta 38/2020 Dekretuaren ondorioz ostalaritzak jarduera eten behar izan duelako bere fakturazioa gutxienez % 75 murriztu zaien pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia JEZren epigrafe honetan sartzen bada: 68.

4. artikulua.    Onuradunek bete behar dituzten baldintzak.            

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:          

a.    Ostalaritzako sektoreko enpresa bada, 38/2020 Dekretuaren neurrien ondorioz enpresaren jarduera eten behar izatea (38/2020 Dekretuak aldatu egiten du 36/2020 Dekretua –urriaren 26koa, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan–). 

Janari eta edari banatzaileen sektorekoa bada, aipatutako dekretuaren ondorioz ostalaritzak jarduera eten behar izan duelako fakturazioa % 75 murriztu izatea 2020ko azaroan.           

Ostatu-jarduera bada, berriz, mugikortasuna murriztu delako fakturazioa % 75 murriztu izatea 2020ko azaroan.           

b.    Jarduera ekonomikoa Bergarako udalerrian dagoen negozio-lokal batean garatzea eta lokal hori norbanakoei edo kontsumitzaileei zuzendutako produktuak edo zerbitzuak saltzeko helburuarekin erabiltzea ostalaritzakoa edo ostatukoa bada; eta janari edo edari banatzaile sektorekoa bada, biltegia Bergaran izatea.

c.    Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea Bergaran 2020ko azaroaren 6an, eta zerga ordaintzetik salbuetsita egotea, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duen 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen 5.1.b) eta c) artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bergarako Udalak ofizioz egiaztatuko du dagokion establezimenduaren ekonomia jardueren gaineko zergaren egoera.         

d.    Norberaren konturako langile edo autonomoen kasuan, alta emanda egotea 2020ko azaroaren 6an.

e.    Pertsona juridikoen kasuan, legeztatuak izatea eta dagozkien erregistroetan inskribatuak egotea, eta Gizarte Segurantzaren dagokion erregimenean edo dagokion Mutualitatean alta emanak egotea 2020ko azaroaren 6an.

f.    Betebehar fiskaletan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean egotea.

g.    Bergarako Udalarekin inongo motatako zorrik ez izatea eta betebehar fiskaletan, zergatan eta, zergaz aparte, tasetan eta prezio publikoen ordainetan egunean egotea.

h.    Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren inhabilitazio egoeretako bakar batean ere ez egotea.

i.    Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotakoak kontuan hartuta, honako egoera batean ez egotea:

— Kideak aukeratzeko prozesuan sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten enpresak izatea.

— Emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten jarduerak antolatzen dituzten enpresak izatea.

— Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak izatea, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

5. artikulua.    Diruz laguntzeko gastuak, dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

Enpresaren funtzionamendu-gastu finkoei aurre egiteko helburuarekin, honako dirulaguntzak emango dira:

— Bi langile edo gutxiago arteko establezimenduak (autonomoak eta soldatapekoak): 500 euro; eta langile gehigarri bakoitzeko, 150 euro gehiago.

Kasu guztietan, langileen guztizko zenbaketak autonomoak zein soldatapekoak hartuko ditu barruan.

— Lokalaren alokairu-gastuei edo hipoteka-gastuei aurre egiteko: 200 euro.

— Establezimendu bakoitzeko dirulaguntza-muga 1.200 eurokoa izango da.

— Dirulaguntza bat emango da baldintzak betetzen dituen establezimendu bakoitzeko.

6. artikulua.    Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.    Eskatzaileak eskaera egingo du, derrigorrez, udalak prestatu eta oinarri hauei erantsitako inprimakia erabilita F0176C; ez da beste dokumenturik onartuko), eta eskaerarekin batera hurrengo puntuan zerrendatzen den dokumentazioa ere aurkeztuko du Bergarako Udaleko Erregistro Orokorrean, oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik kontatzen hasi eta hamabost (15) eguneko epean.

2.    Eskaera-orriarekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a.    Interesatuaren izenean eskaera ordezkari batek aurkezten badu, ordezkaritza-agiria, F0136 inprimakia erabilita, bertan zehaztutako dokumentuekin.               

b.    Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANa.

c.    Eskatzailea pertsona juridikoa bada: Eratze- edo aldaketa-eskritura (merkataritza-erregistroko idazpenaren araberakoa) eta identifikazio fiskaleko zenbakia (kopiak), eta enpresaren izenean eskaera egiten duen pertsona fisikoaren aldeko botere notarialaren kopia, eta honen NANa.

d.    Dirulaguntza-eskaera aurkezteko momentuan Ogasunean ordainketak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, ez badio udalari baimena eman hori egiaztatzeko.           

e.    Dirulaguntza-eskaera aurkezteko momentuan Gizarte Segurantzan ordainketak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, ez badio udalari baimena eman hori egiaztatzeko.          

f.    Gizarte Segurantzako kotizazio-kontu baten kodean «Alta emanda dauden langileen txostena (ALT/ITA)», 2020ko azaroaren 6ko datarekin bat etorri beharko duena.

g.    Dirulaguntza ingresatu beharko litzatekeen kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.

h.    Azaroko alokairuaren edo hipotekaren kuotaren erreziboa, horretarako ere dirulaguntza jaso nahi badu.

i.    Helburu berarekin jasotako beste dirulaguntzen agiriak edo, jaso ez bada, horri buruzko zinpeko aitorpena.            

j.    Ostatuen eta janari-edari banatzaileen sektorekoek, halaber, 2019 eta 2020ko azaroaren hilabeteko fakturazioa.       

Udalak egoki iritzitako beste edozein dokumentu aurkeztea eskatu ahal izango du enpresak oinarri hauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

Udalak ofizioz egiaztatuko du jarduera ekonomikoen gaineko zergan Bergaran altan dagoela eta baita Bergarako Udalarekin egunean ote dagoen ere.

Goian aipatutako inprimakiak interesatuen eskura egongo dira bai BAZ bulegoan, bai udalaren web-orrian (www.bergara.eus).  

Establezimendu bakoitzeko laguntza eskaera bat egin beharko da.

3.    Eskatutako dokumenturen bat dagoeneko Bergarako Udalaren organoren batek bere esku edukiko balu, dirulaguntzaren eskatzaileak aukeran heldu ahal izango dio 39/2015 Legearen 53.1.d, 28.2 eta 28.3 ataletan ezarritakoari. Horretarako, eskatzaileak adierazi egin beharko du noiz eta zein sailetan aurkeztuak edo emanak izan ziren dokumentuok, betiere ez badira bost urte baino gehiago igaro zegokien prozedura amaitu zenetik.  

Eskabideak edo dokumentazio lagungarriak akatsik izanez gero edo osatugabeak badira, interesdunei hamar (10) eguneko epea emango zaie atzemandako akatsak konpontzeko (39/2015 Legearen 68.1 art.). Epea igaro eta horrelakorik egin ezean, eskariari uko egin zaiola ulertuko da, eta beste tramiterik egin barik eskaera artxibatu egingo da.          

Eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak oinarri hauetan ezarritako baldintzak bere horretan onartzen dituela.        

7. artikulua.    Ebazteko eskumena duen organoa, dirulaguntzak emateko prozedura, ebazpena, epeak, eta berraztertzeko errekurtsoa.

1.    Dirulaguntza hauek ebazteko eskumena Alkatetzak izango du. Dekretu bidez ebatziko dira, Garapen Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.           

2.    Dirulaguntza emateko edo ez emateko erabakia arrazoitu egin beharko da, eta, edozelan ere, egiaztaturik egongo dira hartzen den erabakiaren oinarriak, oinarri-arauetan agintzen dituzten irizpide objektiboei buruz.

Eskatzaileari jakinaraziko zaion ebazpenean, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren xedea, dirulaguntza emango zaion eskatzailea edo emango zaien eskatzaileen zerrenda, zenbatekoa, ordaintzeko modua, justifikatzeko modua eta oinarri orokor hauetan eskatzen diren gainerako baldintzak eta betekizunak.   

Era berean, horren aurka jar daitezkeen errekurtsoak adieraziko dira udalaren erabakian, bai eta zein organo judizialetan aurkeztu behar diren eta horiek jartzeko epea ere, interesdunek bidezkotzat jotzen duten beste edozeinen kalterik gabe.             

3.    Eskabide guztien artean banatu beharreko diru-kopurua partidaren zuzkidura baino handiagoa bada, berriro kalkulatuko da bakoitzari zer kopuru emango zaion, jasotako eskaera guztiei aurre egin ahal izateko.

Laguntzen guztizko bolumenak ez du 1. puntuan adierazitako diru-izendapena gaindituko.

4.    Laguntza horiek izapidetzeak, salbuespen gisa, lehia baztertzen du, kasu horietan ez baita beharrezkoa eskabideak elkarren artean alderatzea, eta deialdi honetan zehaztutako baldintzak betetzen dituen edozein enpresa edo pertsona autonomori laguntzeko interes berezia dagoelako.

Era berean, lehiarik gabeko konkurrentzia da laguntza-eskaerei behar bezalako arretaz erantzuteko aukera ematen duen mekanismoa.

Ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du.

Interesdunei prozeduraren ebazpena jakinaraziko zaie 39/2015 Legearen 40. artikulutik 46. artikulura xedatutakoaren arabera. Eta hori guztia, emandako dirulaguntzak Bergarako Udalaren web-orrian argitaratzearen kalterik gabe.         

Emandako dirulaguntza guztien publizitatea egingo du Udalak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan aurreikusitakoaren eran.

8. artikulua.    Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza emanez gero, entitate onuradunaren obligazioak hauek dira:

a)    Dirulaguntza emateko arrazoia kontuan harturik, helburua betetzea, proiektua betearaztea, ekintza egitea edo jokabideari eustea.

b)    Dirulaguntza eman duen organoari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete izana, bai eta ekintza gauzatu izana eta dirulaguntza jasotzeko edo erabiltzeko helburua bete izana ere.        

c)    Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze-jardunak onartzea, bai eta eskuduntza izendaturik duten kontrol-organoek –estatukoek nahiz erkidegokoek– egin ditzaketen egiaztatze eta finantza kontroleko beste edozein ere; eta errekeritzen zaien informazioa eman behar dute aurreko jardunak burutzeko.

d)    Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea diruz lagundutako ekintzak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bitarteko batzuk lortu izana. Haien berri izan eta berehala jakinarazi beharko da, eta, edozelan ere, fondoei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e)    Egiaztatzea zerga-obligazioak betetzen dituela Gizarte Segurantzarekin, Foru Ogasunarekin eta Estatuko Ogasunarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin.           

f)    Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera aldatuz gero.

9. artikulua.    Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea eta finantziazio-muga.

Programa honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu berdinak dituzten eta/edo kontzeptu berberak diruz laguntzen dituzten erakunde publiko edo pribatuetatik jasoko diren bestelako laguntzekin, betiere gain-finantzazioa gertatzen ez bada; kasu horretan, programa honen bidez emandako dirulaguntza soberako zenbatekoan gutxituko da. 

10. artikulua.    Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak.

Onuradunei dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko zaie, deialdia ebatzi ondoren eta ebazpenean ezarritako epean, eskaeran zehaztutako kontu korrontera transferentzia eginda.            


11. artikulua.    Oinarrien interpretazioa.

Oinarri-arau hauek interpretatzerakoan sortu daitezkeen zalantzak oinarri hauen onarpenaren organo eskudunak erabakiko ditu, Garapen Zerbitzuaren proposamena aztertu eta gero.

12. artikulua.    Obligazioak ez betetzea. Itzulketa-kasuak.             

1.    Dirulaguntzen 38/2003 Legearen 36. artikuluan xedatutakoez gain, dirulaguntza emateko erabakiaren deuseztasun nahiz deuseztagarritasun kasuetan, bidezkoa izango da jasotako dirua itzularaztea eta berandutza-interesa eskatzea (dirulaguntza edo laguntza ordaindu den unetik aurrerakoa), ondorengo egoeraren bat gertatuz gero:

a.    Dirulaguntza eskuratu izana horretarako eskatutako baldintzak faltsutuz, edo dirulaguntza jasotzea galaraziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b.    Dirulaguntza ematerakoan onuradunei ezarritako baldintzak ez betetzea.

c.    Dirulaguntza emateko oinarri den xedea ez betetzea, osoki edo zati batean.

d.    Organo eskudunen kontrol-jarduerei uko egitea edo oztopoak jartzea.

2.    Diru-itzulketak udalak zehaztutako epeetan egin ezean, itzuli beharreko kopuruak premiamendu bidez ordainarazi daitezke.

13. artikulua.    Bermeak.

Oinarri-arau espezifikoek edo dirulaguntza emateko akordio zehatzek besterik xedatu ezean, ez da beharrezkotzat jotzen emandako laguntzengatik udalaren aldeko bermerik eskatzea.       

Oinarri hauen onarpen erabakiak administrazio-bidea amaitzen duenez, erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da nahi izanez gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik eta hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Donostiako Administrazioarekiko Auzi Epaitegian, bi hilabeteko epean. Aipatutako bi epe horiek zenbatuko dira oinarri-arau hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.              

Hala ere, bidezkotzat jo daitekeen den beste edozein egintza edo errekurtso ere jarri daiteke.

Bergara, 2021eko otsailaren 23a.—Gorka Artola Alberdi, alkatea.  (1374)