3
TOKI ADMINISTRAZIOA

USURBILGO UDALA

Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko laguntzak, Covid-19ak eragindako pandemiari eusteko helburuz dekretatutako itxieraren ondorioz jasandako kalteei aurre egiteko.     

Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko abenduaren 29ko bilkuran, Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko laguntzak, Covid-19ak eragindako pandemiari eusteko helburuz dekretatutako itxieraren ondorioz jasandako kalteei aurre egiteko oinarriak onartzea erabaki zuen.

Erabaki hau finkoa da eta amaiera jarri dio administrazio-bideari.

ERREKURTSOAK

— Erabaki honen aurka auzitara jo aurretik, interesdunak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen arabera Tokiko Gobernu Batzarraren aurrean. Eskatzaileak hilabeteko epea dauka horretarako: erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrerako hilabete osoa.

— Bestela, erabaki hau berraztertzeko eskatu ordez, edo berraztertzeko errekurtsoaren erantzunaren aurka joko balu, zuzen zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake. Interesatuak bi hilabeteko epea dauka horretarako, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa aurkeztekotan Gipuzkoako Kontentzioso-Administratiboetarako Epaitegira jo behar da. Bestaldetik, birjarpen errekurtsoa erantzun gabe utziko balu Administrazioak, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.     

Ondorioz oinarrien testu osoa argitaratzen da eta eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Usurbil, 2020ko abenduaren 29a.—Lur Etxeberria Gurrutxaga, alkateordea.   (7087)

Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeak berraktibatzeko laguntzak, Covid-19ak eragindako pandemiari eusteko helburuz dekretatutako itxieraren ondorioz jasandako kalteei aurre egiteko.    

Usurbilgo Udalak, azken neurri hauek direla eta sortutako egoeraren aurrean, ostalaritzari zuzendutako dirulaguntza lerro bat sortzea proposatu du, izan ere, ostalaritza sektorea itxi beharrean aurkitu da Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an emandako 38/2020 dekretuaren ondorioz.

Udalaren dirulaguntza deialdi hau Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen bidez bideratu diren diru laguntza lerroak osatzera dator.  

Aurrekoa kontuan hartuta, udaletxe honek salbuespenezko egoera horrek sortutako egoerari erantzun besterik ez du, Usurbilgo udalerriaren eta herritarren mesedetan.              

1. artikulua.  Helburua.

Laguntza hauen helburua da Covid-19 pandemiak eta alarma egoerak Usurbilgo ostalaritza establezimendu eta jatetxeetan eragindako kaltea arintzera bideratutako laguntza-programa arautzea. Alarma-egoeraren adierazpenaren baitan, birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko eta pandemiari eusteko ezarritako prebentzio neurri berezien ondorioz guztiz itxi dira ostalaritzako eta errestaurazioko establezimenduak eta zerbitzuak.

Larrialdi ekonomikoko egoera honetan Usurbilgo Udalaren lehentasuna da herriko ostalaritza sektoreari babesa eta laguntza ekonomikoa ematea. Hartutako neurrien ondorioz jarri da abian dirulaguntza hau, kaltetuak gertatu diren ostalari eta beste zerbitzu batzuen jarduera ekonomikoa berrabiarazten laguntzeko eta behar duten bultzada da emateko.           

Horretarako aldizkakotasunik gabeko dirulaguntzak emango dira.

2. artikulua.  Dirulaguntzak emateko modua.

Ebazpen hauek zuzenean ematen dira azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren 22.2c) artikuluan aurreikusitakoaren babesean, lege horren 28. artikuluaren 2. eta 3. ataletan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 67. artikuluan ezarritakoari dagokionez, interes ekonomiko, sozial eta humanitarioko salbuespenezko arrazoiengatik. 

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak bereziak dira, prozedura eragin duten gertakariak salbuespenezkoak eta bereziak dira.

3. artikulua.  Organo eskuduna.

Oinarri hauek onartzeko organo eskuduna Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarra da, Udalbatzarrak 2006ko maiatzaren 10ean bidez emandako eskumena izanik.    

4. artikulua.  Aurrekontu-partida eta zuzkidura.

Deialdi honen bidez guztira 40.000 euro emango dira diru-laguntzetan, Usurbilgo Udalaren 2020ko Aurrekontu Orokorreko partida honen kontura: 1 5000.480.241.00.06 2020 (4024) Covid-19-merkatarientzat laguntzak.

Hala ere, eskabideen kopurua eta zenbatekoa diru-laguntzetarako bideratutako kopurua baino handiagoa bada, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-erabilgarritasunaren arabera.

Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako kontsignazioa, edo kontsignazio hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera eta finantza-erabilgarritasuna kontuan hartuta, aurrekontu aldaketak onartzen badira. Aurrekontu-kreditua handitzearen ondorioz laguntzen hasierako zuzkidura handitzen bada ez da beharrezkoa izango deialdia berriro argitaratzea hura eraginkorra izateko.

5. artikulua.  Entitate onuradunak.

Dirulaguntza hauen araubidea soil-soilik ostalaritza eta errestaurazio sektoreko pertsona juridikoei edo enpresei eta norberaren konturako pertsona fisikoei aplikatuko zaie, baldin eta ezarritako baldintzak guztiak betetzen badituzte eta beren jarduera itxi beharrean ikusi badira lehendakariak azaroaren 6an emandako 38/2020 Dekretuan jasotakoaren indarrez (38/2020 Dekretua, azaroaren 6koa, lehendakariarena, zeinaren bidez honako dekretu hau aldatzen baita: 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko).

Deialdi honen ondorioetarako:

— Onuradunek urtean 1.000.000 euro edo gutxigoko fakturazioa izatea.

Fakturaziotzat hartuko da negozioen zenbateko osoa, eragiketen bolumena edo jardueraren ondoriozko salmenten bolumen osoa. Horretarako, 2020ko irailaren 23ko 757 Dekretuaren bidez onartutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren udal erroldan jasotako datua erabiliko da.

— Onuradunak JEZren epigrafe batean baino gehiagotan inskribatuta badaude, fakturazio-datuak jarduera guztietan sortutakoaren batura izango dira.

— Jarduera-urte oso bat bete ez duten onuradunen kasuan, proportzionalki urtera igoko da benetan egindako tartea.    

6. artikulua.  Entitate onuradunen baldintzak.

Deialdi honetan arautzen diren zuzeneko laguntzak eskatu nahi dituzten enpresek edo norberaren konturako langileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

— EJZn alta emanda egotea, Usurbilen, gutxienez 2020ko azaroaren 6an.

Jarduera nagusia ostalaritza jarduerei dagokien JEZko epigrafe bati egokitzea, modu orokorrean 67 multzokoa eta aldi berean 38/2020 azaroaren 6ko dekretuaren laugarren puntuan ezarritakoak eragiten dietenei.

— Gizarte Segurantzarekiko, Gipuzkoako Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea eta Usurbilgo Udalarekin zorrik ez izatea.

— Deialdi honetan eskabidea aurkeztu duten edo aurkeztuko duten enpresetako bazkide ez izatea edo horietan partaidetzarik ez izatea, eta alderantziz.

— Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren desgaikuntza-egoeretako batean ere ez egotea, eta sexu-delituengatik zehapen administratibo, laboral edo penalik ez izatea, uztailaren 28ko 26/2015 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako baldintzak betetzea.     

— Enpresa-jarduerari gutxienez 4 hilabetez eustea, jarduerari berriro ekiteko baimena eman eta hurrengo egunetik aurrera.          

7. artikulua.  Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek xede eta helburu berarekin emandako beste dirulaguntzekin.

8. artikulua.  Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako kopuru hauek ezartzen dira:

— Hasierako kopuru finkoa: 700 € establezimendu eskatzaile bakoitzeko.

— Kopuru osagarria: Gehienez ere 300 €, justifikatu beharrekoak, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako hornidura materialen kontsumorako (elikagaien erosketa, materiala, aholkularitza-zerbitzuak, konponketak...). Kontsumo hori Usurbilgo udalerrian kokatutako txikizkako saltoki edo zerbitzu-enpresetan egin beharrekoa izango da. Neurri honen helburua udalerriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea da.

Dirulaguntza osagarri hau justifikatu egin beharko da, jardueraren titularraren izenean egindako fakturen bidez.

9. artikulua.  Eskaera egiteko modua.

Eskaerak legezko ordezkariak edo eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu, Udalak prestatutako eskabide-eredu normalizatuan.

— Telematikoki, Usurbilgo web orriko zerbitzu digitaleko, usurbil.eus-eko, diru-laguntzen atalean, edo Udalean bertan horretarako aurretiazko hitzordua 943.371.951 telefonora deituz hartu ahal izango da.

10. artikulua.  Eskaerak aurkeztea eta tramitatzea.

Hauek dira establezimenduek aurkeztu beharreko agiriak:               

— Eskabide orria -inprimakia ereduaren arabera.

— Erantzukizunpeko adierazpena, oinarrietan ezarritako eskakizunak betetzen direla ziurtatuz.

— Eskatzailearen edo haren ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

— JEZren altaren kopia.

— Atxiki banku datuak eta kontu korronteko titularitatea egiaztatzen duen ziurtagiria.

— Dirulaguntza osagarriaren justifikazioa, Eredu normalizatua fakturen datuekin beteko da.

Laguntza osagarri hori justifikatzeko, jardueraren titularraren izenean egindako fakturak aurkeztu beharko dira. Fakturak ordainduta egon beharko dute, eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Abenduaren 1aren ondoren eta eskaerak aurkezteko epea amaitu bitartean eginiko gastua izango da eta justifikatu beharreko zenbatekoan ez da BEZa sartuko.

11. artikulua.  Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.  Dirulaguntzaren prozedura eta ordainketa.

Eskaera aurkeztu ondoren, egin beharreko egiaztapenak egingo dira, ebazpena emango da eta dirulaguntza ordainduko da, kopuru finkoari eta baita ere osagarriari dagokiona, ordainketa bakar batean.

Eskaerak alkatearen ebazpen bidez ebatziko dira. Ebazpena dagokion eskaera jaso eta gehienez ere hilabete bateko epean jakinaraziko da. Ebazpenik ematen ez bada eskaera ukatu dela ulertuko da.

Emateari buruzko ebazpena Usurbilgo Udalaren webgunean argitaratuta jakinaraziko da.              

Ebazpenak eskatzaileei jakineraziko zaizkie. Deialdi honi buruzko jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, eskabidean jakinerazitako helbide elektronikora.             

13. artikulua.  Ikuskaritza eta kontrola.

Laguntzen onuradunak behartuta daude laguntzak kudeatzeko prozedura behar bezala gauzatzen dela bermatzera bideratutako egiaztapenak erraztera. Halaber, dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztapen-jardueren mende daude.

14. artikulua.  Ez betetzeak.

Oinarri hauetan edo dirulaguntzaren emanketan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, dirulaguntza berrikusi egingo da, eta, hala badagokio, emandako zenbatekoa deuseztatu edo itzuli egingo da, diru-laguntzei buruzko udal-araudian aurreikusitako moduan. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, laguntza edo dirulaguntza eman zuen organoak eskatuta, eta, hala badagokio, emandako zenbatekoa deuseztatzea, murriztea edo itzultzea ebatzi ahal izango da, modu arrazoituan. Prozeduraren tramitazioan zehar uneoro bermatuko da interesdunak entzuna izateko duen eskubidea.