2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

Ezkio-Itsaso udalerriko Itsaso herrigunea banandu eta udalerri independente gisa eratzea onartu zuen abenduaren 20ko 27/2016 Foru Dekretuaren inguruan Auzitegi Gorenak emandako uztailaren 16ko 1025/2020 epaia betetzea.        

Diputatuen Kontseiluak honako erabakia hartu zuen 2020ko abenduaren 22an eginiko bilkuran:

Abenduaren 20ko 27/2016 Foru Dekretuaren bidez, Ezkio-Itsaso udalerriko Itsaso herrigunea banandu eta udalerri independente gisa eratzea onartu zen.

Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauaren 7.1 artikuluak banantzearen ondoriozko udalerriak zuzenbidezko 2.500 biztanle baino gehiago izatea galdatzen duen arren, kasu honetan espedientea bigarren xedapen iragankorrean oinarrituta hasi zen: horren arabera, «herritarren iritzia kontuan izan gabe hirurogeiko hamarkadan elkartu ziren udalerriek berriro banatu nahi badute, eta elkartu baino lehen zituzten ezaugarri historikoak berreskuratu, aurreko araudia» erabiliko baita; eta araudi horrek ez zuen aurreikusten biztanle kopuru gutxieneko bat udalerri berriak sortzeko. 


Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2017ko abenduaren 29an emandako epaian, ez zuen onartu Estatuko Administrazio Orokorrak Itsaso banantzeko foru dekretuaren kontra jarritako 127/2017 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, legitimazio aktibo ezagatik.

Edonola ere, aipatu epaia kasatu eta deuseztatu egin du Auzitegi Gorenak uztailaren 16ko 1025/2020 epaian. Hain zuzen, Estatuko Administrazio Orokorrak aurkeztutako 3706/2018 kasazio-errekurtsoa onesten du; legitimazio aktibo ezagatik administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ez onartzea baztertzen du eta, horren ordez, errekurtso hori onetsi eta foru dekretua deuseztatu eta baliorik eta ondoriorik gabe deklaratzen du.

Auzitegi Gorenaren epaian arrazoitzen denez, espedientea hasi zenean jada indarrean zen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 13. artikuluaren 2. zenbaki berria (Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak aldatutakoa); eta horren arabera, 5.000 biztanletik gorako guneak oinarritzat harturik soilik sortu ahal izango dira udalerri berriak. Epaiak dioenez, artikulu hori oinarrizko legeria da, zuzenean aplikatzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei ere, eta ezin du alde batera utzi 2/2003 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorrak. Hori horrela, kontuan hartutako erroldaren arabera 2015eko urtarrilaren 1ean Itsasok 158 biztanle zituenez bakarrik, ezetsi egin behar zen banantzeko eskaera.

2020ko urriaren 9an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren idatzia jaso zen: Auzitegi Gorenaren epaiaren kopia bidaltzeko; eta epaitzan jasotzen diren adierazpenak osorik betearazi eta gauzatzeko egin behar dena egitea agintzeko, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioa arautzekoak, 104.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.      

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berak Auzitegi Gorenaren epaiaren epaitza argitaratu zuen urriaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Diputatuen Kontseiluari dagokio, deuseztatutako foru dekretua onartu zuen organoa den aldetik, xedatzea epaia bertan ezarritako baldintzetan bete dadin.

2016ko abenduaren 21eko 240. zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 27/2016 Foru Dekretua, argitaratu eta hurrengo eguneko ondorioekin. Inoiz ez denez etetea eskatu, onartutako banantzearen ondorioz eta, batez ere, 2017ko urtarrilaren 13an Itsasoko Batzorde Kudeatzailea eratu ostean, Ezkiok eta Itsasok bi udalerri independente gisa jardun dute orain arte, nahiz eta muga garrantzitsuekin Estatuko Administrazioaren eskumeneko gaietan.   

Horrenbestez, 2017. urtearen hasiera-hasieratik udalerri bakoitzak bere gobernu eta administrazio organoak ditu (Udala Ezkiok eta 2019ko udal-hauteskundeen ostean berritu zen Batzorde Kudeatzailea Itsasok); bakoitzak bere aurrekontuak, plantilla organikoak eta lanpostuen zerrendak onartzen ditu, baita bere ordenantza fiskalak eta bestelako erregelamenduak ere; halaber, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik bakoitzak bere kuotak jasotzen ditu.

Beraz, konplexua da Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 16ko 1025/2020 epaia gauzatzea; denbora behar da, eta koordinazioa eta lankidetza ukitutako alderdi guztien artean: Gipuzkoako Foru Aldundia, Ezkioko Udala eta Itsasoko Batzorde Kudeatzailea.   

Horiek horrela, Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta eztabaidatu ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Itsaso berriz ere batzea, epaia betetzeko.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Itsaso udalerriak bat egiten du lurralde historiko bereko Ezkio udalerriarekin, udalerri bakarra izateko, banantze aurreko azalera eta lurralde-mugekin; hala betetzen baita Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 16ko 1025/2020 Epaia.   

Bigarren.  Izena eta herriburutza.

Ondoriozko udalerriak 27/2016 Foru Dekretuaz banandu aurreko izena berreskuratzen du, hau da, Ezkio-Itsaso; baita orduko herriburutza ere: Anduaga (Santa Lutzia).        

Hirugarren.  Ondarea.

27/2016 Foru Dekretuaren II. eranskinean jasotako ondasun higiezinak Ezkio-Itsaso udalerriaren ondarera itzultzen dira.            

Laugarren.  Hirigintzako plangintza orokorra.

Indarrean jarraitzen dute Ezkio-Itsaso udalerriko Plangintzako Arau Subsidiarioetan jasotako zehaztapenek. 2007ko abenduaren 11ko bileran onartu zuen Diputatuen Kontseiluak Arau Subsidiario horien testu bategina; eta 2008ko otsailaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (41. zk.) argitaratu zen (ondoren akatsen zuzenketa bat onartu zuen 2008ko irailaren 9ko bileran eta hori irailaren 19ko 180. zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).

Bosgarren.  Eskubide eta betebeharrak.

Ezkio-Itsaso subrogatuko da Itsaso eta Ezkio udalerrien titulartasunpeko eskubide eta betebeharretan, baita horiek sinatutako kontratu eta hitzarmenetan ere.

Bereziki, Itsasoko zein Ezkioko udalerriekin lotuta, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako eskubide eta betebehar guztiak Ezkio-Itsasoko Udalaren aurrekontuari egotziko zaizkio; Itsasoko eta Ezkioko altxortegian 2021eko urtarrilaren 1ean ageriko diren izakinak Ezkio-Itsasoko Udalaren altxortegiari transferituko zaizkio; eta Itsasoko eta Ezkioko kontabilitatean 2021eko urtarrilaren 1ean kobratu gabe zein ordaindu gabe ageriko diren saldoak, aurrekontukoak eta aurrekontuz kanpokoak, Ezkio-Itsasoko Udalari esleituko zaizkio kudeatu eta likidatu ditzan.               

Seigarren.  Idazkaritza-Kontuhartzailetza.

Itsasoko Batzorde Kudeatzailea desegiten den egunean bertan amaituko da Idazkaritza eta Kontuhartzailetza funtzioak betetzeko metaketa, banantzearen aurretik Ezkio-Itsaso Udaleko Idazkaritza lanpostuaren (hirugarren mailakoaren) titularra zenari baimendutakoa; funtzionario horrek jarraituko du aipatu lanpostua betetzen.

Horrenbestez, Gobernantza Departamentuko foru diputatuak dagokion foru agindua emango du, metaketa amaitzen dela adierazteko.

Zazpigarren.  Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa.

1.  Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2020ko likidazioa onartu ondoren, ateratzen den saldoa Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauaren III. eranskinean zehazten diren kopuruen arabera banatuko da. Banaketa horretan Ezkio eta Itsasori dagozkien saldoen batura Ezkio-Itsasoko Udalari egotziko zaio oso-osorik.              

2.  2021eko ekitaldian eta hurrengoetan, Ezkio-Itsaso udalerri bakar gisa hartuta banatuko da Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura, abenduaren 23ko 15/1994 Foru Arauan aurreikusitakoa.

Zortzigarren.  Erabaki hau gauzatzea.

1.  Erabaki honetan jasotakoa gauzatzeko beharrezko jarduketak burutzeaz arduratuko den batzorde bat eratuko da.   

2.  Batzordean honako hauek hartuko dute parte: Itsasoko Batzorde Kudeatzaileko buruak, Ezkioko alkateak eta idazkari-kontuhartzaileak.

3.  Batzordeak proposamena prestatu eta Itsasoko Batzorde Kudeatzaileari nahiz Ezkioko Udaleko Osoko Bilkurari aurkeztuko die, onar dezaten.

4.  Aurreko paragrafoan aurreikusi ondorioetarako, Itsasoko Batzorde Kudeatzailearen egoera ekonomiko eta finantzarioari, bere ondasun, eskubide eta betebeharrei zein bere langile-plantillari buruzko txostena egingo du idazkari-kontuhartzaileak. Txosten horretan, lortutako dirulaguntzen eta sinatutako hitzarmen eta kontratuen zerrenda ere jasoko da, horien ezaugarri garrantzitsuenak barne.

Bederatzigarren.  Itsasoko Batzorde Kudeatzailea.

Itsasoko Batzorde Kudeatzailea, 2019ko abuztuaren 5ean eratutakoa, desegin egingo da zortzigarren atalean aipatu proposamena onartu ostean; eta beranduenik ere 2021eko otsailaren 15ean.

Hamargarren.  Argitaratzea.

Erabaki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioei bidaliko zaie, dagozkien ondorioetarako.

Hau guztia denen jakinaren gainean jartzen da.

Donostia, 2020ko abenduaren 22a.—Alfonso Acarreta Rodríguez, Departamentuko idazkari teknikoa.         (6964)