ZUMAIAKO UDALA
Zumaiako herrian 36
urtetik goragoko pertsonei etxebizitzak alorakairuan hartzeko dirulaguntzak
ematea arautuko duen ordenantzaren behin betiko onarpena.
Udalbatzarrak
2020ko irailaren 24an egindako bilkuran haserako onespena eman dio Zumaiako
herrian 36 urtetik goragoko pertsonei etxebizitzak alorakairuan hartzeko
dirulaguntzak ematea arautuko duen ordenantzari.
Ordenantza 30
eguneko epean jendaurrean jarri da, eta ez denez aurkeztu inolako
erreklamaziorik zein iradokizunik, aldaketak behin betiko onartutzat ematen
dira.
Beraz, Toki
Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2
artikuluan ezarritakoaren arabera, iragarki honetan eranskin gisa argitaratzen
da arau-oinarrien testu osoa.
Administrazio bidean
behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa
jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren
Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia argitaratzen den
hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Hala ere, aldez
aurreko izaeraz, Udal honen Osoko Bilkuraren aurrean aukerako berraztertzeko
errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, iragarkia argitaratu
eta hurrengo egunetik hasita. Kasu honetan ezingo da administrazioarekiko
auzietako helegiterik aurkeztu berraztertzeko errekurtsoa erabaki arte.
Zumaia, 2020ko
azaroaren 18a.—Alkatea. (5832)
Zumaiako herrian 36
urtetik gorako pertsonei etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak
ematea arautuko duen Ordenantza.
ZIOEN AZALPENA
Dagokigun honen
xedea da Zumaiako herrian etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak ematea
arautuko duten oinarriak adostea, konkurrentziazko lehiaren erregimenean eta
Zumaiako Diru-laguntzen Ordenantza Nagusian ezarritakoa betez. Diru-laguntzek
honako helburu hauek izango dituzte:
— 36 urtetik gorako
pertsonei diru-laguntza ematea.
— Modu orokorrean,
Zumaiako herrian etxebizitzen alokairua sustatzea.
— Alokatzen den
etxea partekatzea.
I. XEDEA
1. artikulua. Xedea.
1. Laguntza hauen xedea da eskaera egiten dutenen ohiko bizilekua
den etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea, dagoeneko
etxebizitza errentan hartuta badaukate.
2. Laguntza hauek 36 urtetik gorako adin tarteari eta gehienez
urtean 25.000 euroko diru sarrerak dituztenei zuzentzen zaizkie. Halaber,
laguntza hau diru sarreren % 30
edo gehiago alokairura bideratzen dutenei dago zuzenduta.
Oinarri hauetan
ezarritako baldintzen arabera tramitatu eta emango da dirulaguntza, eta
onuradunak hamabi hilabetean ordaindu beharreko alokairua ordaintzeko
erabiliko da, baldintza horiek epealdi horretan zehar mantentzen baldin
badira.
3. Diruz lagundu daitezkeen gastuak: diruz lagunduko diren alokairu-gastuak
deialdia zabaltzen den urte horretako urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra
bitartekoak izango dira.
Araudi honetan
jasotakoari jarraiki, alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik
kanpo geldituko dira garaje eta komunitate eta administrazioko gastuak, bai eta
kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere, dagokion kontratuan
berariaz sartuta egonda ere.
Alokairuko hileko
kuotatik 30 euroko balio finko bat kenduko da, aurreko paragrafoan
deskribatutako garaje edo komunitate gastuengatik, alokairu kontratuan sartuta
badaude eta ez bada horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko
justifikaziorik aurkezten.
2. artikulua. Organo eskuduna.
Oinarri hauek onartzeko
eskumena duen organoa Zumaiako Udaleko Osoko Bilkura da (Toki Araubidearen
Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.e) artikuluak
dioenaren arabera).
3. artikulua. Araudi aplikagarria.
Diru-laguntza hauek
ematea bera, eta onuradunaren eta erakunde emailearen arteko harreman
juridikoa, oinarri hauek eta diru-laguntzak ematen direnean indarrean den
araudiak aginduko ditu.
Oinarri hauetan
ezarritakoaz gain, honako hauek arautuko dituzte diru-laguntzak:
— Diru-laguntzen
38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.
— Diru-laguntzen
Araudi Orokorra, 887/2006 Errege Dekretuak onartua, uztailaren 21ekoa.
— Zumaiako Udalak
eta bere erakunde autonomoek diru-laguntzak emateko ordenantza orokor arautzailea.
4. artikulua. Onuradunak.
Indarrean dagoen
aurrekontu ekitaldiaren kargura emango diren diru-laguntzen onuradunak izango
dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
oinarri hauek argitaratzen diren egunean eta diruz lagundu daitekeen epean,
baldintza zehatz hauek beteko dituzten pertsonak:
a) 36 urtetik
gorako adina izatea.
b) Eskatzaileek
ez izatea beren jabetzan etxebizitzarik, herentzia edo dohaintza bidez
eskuratutako etxebizitza baten edo batzuen titularkide diren kasuetan izan
ezik, baldin eta titularkidetasun horren ehunekoak ez badu % 50 gainditzen eta etxebizitzetako
partaidetzaren balioa 75.000,00 eurotik gorakoa ez bada.
Hala ere, laguntza eskatu ahal izango du etxebizitza baten jabe % 50ean baino gehiagoan denak baldin
eta egiaztatzen badu ez daukala eskuragarri edo bere borondatearekin
zerikusirik ez duen beste arrazoiren batengatik ezin dela bertan bizi.
c) Diru-laguntzen
onuradun diren pertsona guztiak diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan
erroldatu beharko dira alokairu kontratua sinatu ostean, eta datu hau
diru-laguntza jaso baino lehen egiaztatu beharko dute.
Halaber, kontratuaren titular ez diren pertsonak baleude etxebizitzan
erroldatuta, kontratuaren titularrek erroldan baja eskaera egin beharko dute
pertsona horientzat, diruz lagun daitekeen epearen barruan.
d) Errenta banku-transferentzia edo banku-agiri bidez ordaindu
beharko da.
e) Zumaiako herrian erroldatua egon izana, gutxienez 6 hilabetean.
f) Diru-sarreren muga, honako hau baino txikiagoa izango da:
25.000,00 euro gordin urtean.
g) Banandu edo dibortziatuen kasuan, diru sarreren zenbatekoa
kalkulatzerakoan seme-alabengatiko mantenu pentsioa bai eta hipoteka kargei
dagokien hileroko kuoten zenbatekoak kenduko zaizkie.
h) Diru-sarreren osaketari dagokionez, amaitutako azken zerga
ekitaldiko kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa
ezin izango da urtean 600 eurotik gorakoa izan.
i) Zumaiako Udaleko zerga, tasa, ariel eta zehapenen ordainketak
eguneratuta izatea.
j) Onuradunaren eta errentatzailearen artean ezin izango da inolako
familia loturarik izan odolkidetasun edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.
Nolanahi ere,
onuraduntzat jotzeko, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.
artikuluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren 18. artikulutik 29.era bitartekoetan,
eta Zumaiako Udaleko diru-laguntzak emateko ordenantzan ezarritako baldintzak
bete izana egiaztatu beharko da.
1. Salbuespen egoerak.
Dirulaguntza eskatzeko
aukera izango dute eskatzaile hauek:
* Jabetzako
etxebizitzarekin lotutako salbuespenak:
— Bananduta edo
dibortziatuta daudenean. Kasu horretan, epai judiziala eta hitzarmen
arau-emailea aurkeztu beharko dira, etxebizitzaren erabilera beste
ezkontideari eman zaiola egiaztatzeko.
— Ohiko etxebizitzatik
etxe-gabetu dituztenean. Kasu horretan, etxe-gabetze erabakia duen epaia
aurkeztu beharko da.
— Indarkeria matxistako
edo familia barneko indarkeriako kasu bat denean. Zumaiako daleko Zerbitzu
Sozialek egiaztatu beharko dute egoera hori.
— Bere etxebizitza
erabili ezin dutenean hondamendiren bat gertatu delako (uholdea, sutea, eta
abar) edota suntsituta dagoela legez aitortu izan den kasuetan.
5. artikulua. Etxebizitzek
bete beharreko baldintzak.
1. Diruz
lagunduko den etxebizitzak Zumaiako udalerrian kokatuta egon beharko du eta
dagokion bizigarritasun baimena izan beharko du.
2. Edonola ere,
etxebizitzak gutxienez ondorengo bizigarritasun baldintzak bete beharko
ditu:
a) Erabiltzeko moduan dagoen sukaldea, elikatze iturri elektriko
edo gasezkoa duena, eta behar bezala hornitua.
b) Dutxa edo bainuontzia duen bainugela.
c) Erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistema, bainugelara eta
sukaldera zerbitzuarekin.
d) Erabiltzeko egoeran dagoen 220 volteko instalazio elektrikoa,
dagokion buletinarekin.
e) Iturriko ura izatea.
f) Sare orokorrera isurketa duen saneamendua.
g) Kalerako aireztatzea.
h) Bi pertsonako (gehienez) logela bat, salbuespena egingo da adin
txikikoak dauden kasuan.
Bete beharreko baldintza horiek Udaleko Hirigintza sailak ikuskatuko
ditu.
6. artikulua. Baztertzeak.
Ez dira diru-laguntzaren onuradun izango honako egoera hauetan aurkitzen
diren eskaerak:
a) Ondorengo
etxebizitzak:
1. Sustapen
publikoko babes ofizialeko etxebizitzak.
2. Azpierrentamenduak.
3. Logelen alokairuak (logela eskubidea).
4. Helburu turistikoa duena.
5. Etxebizitza gisa erabilitako lokalak.
6. Bizigune programaren barruan dauden alokairu etxebizitzak.
b) Ez da onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen
kontraturik.
c) Beren izaera edo helburua kontuan izanik, beste Udal sail edo
erakunde autonomoren baten programetan lagundu beharrekoak.
Nolanahi ere,
dagokion sail edo erakundeari helaraziko zaizkio eskaera horiek, eta
interesdunari egoera horren berri emango zaio.
II. ESKAERAK
7. artikulua. Onuradunaren
betebeharrak.
Diru-laguntzetarako Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Zumaiako
Udalaren Diru-laguntzak ematea arautzen duen Ordenantzan datozenez gain,
onuradunak honakoak ere bete beharko ditu:
— Ematearen oinarrian den helburu zehatza betetzeko erabiltzea
diru-laguntza.
— Eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko diote
Zumaiako Udalari.
— Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako edozein gorabehera
–hala objektibo, nola subjektibo– aldatzen bada, horren berri ematea.
— Oinarri hauen 4.
artikuluan (b hizkia) adierazitako baldintzak betetzeko behar diren Kudeaketa
lanak egitea.
8. artikulua. Eskabideak aurkeztea: epea eta modua.
Laguntza hauek
jaso nahi dituzten pertsonek, deialdian jasotakoari jarraiki, Zumaiako
Udalean eskura daitekeen eskabide eredu ofiziala aurkeztu beharko dute.
Dokumentazioa:
Oinarri orokorren 5.
artikuluan adierazitako baldintzak betetzeaz gain, diru-laguntza lerro
honetarako eskatzaileak honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu.
Orokorrean, kasu
guztietarako:
1. Eskabidea, behar bezala beteta eta sinatuta.
2. Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren Nortasun
Agiriaren edo egoitza txartelaren fotokopia.
Adin txikikorik
balego, Familia Liburuaren fotokopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hori
kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta
ondorengotza alegatu bada.
3. Eskatzailearen eta etxe berean bizi diren pertsonen errolda
agiriak.
4. Etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia, indarrean dagoena
eta diruz lagundu daitekeen epe barnekoa.
5. Kontu Korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.
6. Errenta banku-transferentzia edo banku-agiri bidez ordaindu
izanaren agiriak.
7. Estatu mailan etxebizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria,
laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza
erregistroak igorria, laguntza eskaera eman baino gehienez 15 egun
lehenagokoa.
Etxebizitza baten
titularkide izanez gero, aurkeztu beharreko agiriak:
— Herentzia kasuan, herentziaren onarpen agiria eta etxebizitza
partaidetzaren eskritura.
— Dohaintza kasuan,
dohaintza eskritura.
— Bi kasuetan,
partaidetza saldu izan balitz: eskualdatzearen eskritura.
8. Eskatzailearen diru sarreren egiaztagiriak: nominak edo beste
diru sarreren agiriak (erakunde eskumendunak egindakoa).
A) PFEZ aitortzeko derrigortasuna duenak edo dagoeneko aitortu
duenak, honakoak aurkeztu beharko ditu:
— Pertsona
Fisikoen Errentaren gaineko Zerga dela eta, betetako azken zerga ekitaldian
aurkeztutako Aitorpenaren fotokopia eta horren jatorrizkoa, biak erkatzeko,
eskaera hau aurkezteko unean. Bestalde, Pertsona Fisikoaren Errentaren
gaineko Zergaren aitorpen bateratua egin den kasuan, pertsona fisiko bakoitzaren
oinarri ezargarri osoa egiaztatzeko zerga oinarriaren ziurtagiria.
— Gainera
zergapekoak ez diren prestazioak jasoko balira, prestazio horien ziurtagiria.
B) PFEZ aitortzeko derrigortasunik ez duenak honakoak eman beharko
ditu:
Kasu guztietan:
— Ekitaldi horretan
(eskaera hau aurkezteko unean betetako azken zerga-ekitaldia) PFEZ aitorpena
aurkezteko derrigortasunik ez izatea egiaztatzen duen ziurtagiria, Foru
Ogasunak emana.
— Lanbizitzari
buruzko ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egindakoa.
Gainera, hala behar
denean:
— Besteren konturako
langileen kasuan, kontzeptu guztiengatik ekitaldi horretan jasotako diru
sarrera gordin guztiei buruzko dokumentua, enpresak edo enplegu-emaileak
emandakoa.
— Bekak, prestazioak
edo subsidioak jasotzen dituztenen kasuan (Gizarte Ongizateko laguntzak
barne), ekitaldi honetako dokumentua, ekitaldi horri buruzkoa eta enpresak edo
enplegu emaileak laguntza horien ziurtagiria.
C) Banandu edo dibortziatuta dauden pertsonen kasuan:
— Epai irmoaren fotokopia bat, non zehazten den hitzartutako
seme-alabengatiko mantenu pentsioa. Mantenu pentsioaren ordainketaren
ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
— Hipoteka kargei
dagozkien hileroko ordainketen ziurtagiriak.
* Diru
sarrerak egiaztatzeko orduan, ezingo da ekitaldi berdin bateko errenta
aitorpena edo ordezko agiriak, urte desberdinetako diru-laguntzak eskatzeko
aurkeztu.
9. Etxe gabetzea denean, etxe-gabetzea erabaki duen epaia.
10. Indarkeria matxistako edo famili barneko indarkeria kasu bat
denean, oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena.
11. Hondamendia denean, Zumaiako Udaleko zerbitzuek frogagiri gisa
emandako txostena. Suntsitze egoeran dauden etxebizitzen kasuan kasuan,
hori aitortzen duen legezko agiria.
12. Administrazioarekin zerga-betebeharrak Gizarte Segurantzakoak
egunean dituela egiaztatzea, edo Udala baimentzea administrazioarekin
zerga-betebeharrak betetzerakoan egunean dituela egiaztatzeko.
13. Alarguntza kasuetan, heriotza ziurtagiria eta familia liburua.
14. Aniztasun funtzionalaren kasuan, mendekotasuna edo desgaitasunen
ziurtagiriak.
15. Orokorrean edonolako diru-laguntzak jasotzea eragozten duen inolako
egoeratan ez dagoela eta oinarri hauen 4. eta 5. artikuluetan zehaztutako
baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.
Adierazpen horrek
honakoak adieraziko ditu: alokairuko etxebizitzan bizi d(ir)en edo biziko
d(ir)en pertsona(k), deialdiaren baldintza zehatzak betetzen ditu(zt)ela.
16. Diru-laguntza emateko betebeharrak kontuan izanik, baliagarria
izan daitekeen beste edozein agiri.
Eskatzaileek
berariazko baimena eman beharko diete Zumaiako Udaleko udal zerbitzuei,
eskumena duten erakundeek laguntzen onuradun izateko betebehar diren baldintza
guztiak betetzeko datuak bil ditzaten, Datu Pertsonalak Babesteko
indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraikiz.
Arau bera ezarriko
da Ogasunari dagokion informazio honetan (betetako azken zerga-ekitaldikoa):
— PFEZ: Aitorpenaren laburpena.
— Ondasun higiezinak: Hiri etxebizitzen titularra.
— Ondasun
higiezinak: Gipuzkoatik kanpoko etxebizitzak.
Eskabideak
aurkezteko epea:
Eskabideak, urtero
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratuko den deialdian adierazitako epealdian aurkeztuko dira.
Eskabideak
aurkezteko epea, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratutako egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko da.
9. artikulua. Akatsak zuzentzea.
Eskabideak edo
harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak akatsen bat baldin badu edo
osatu gabe baldin badago, interesatuei hamar laneguneko epea emango zaie,
jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, antzemandako hutsak konpon
ditzaten. (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikulua).
Emandako epea amaitu
eta aurkitutako akatsak konpondu ezean, eskaera bertan behera utzi dutela iritziko
da eta prozedura artxibatuko da, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidea
arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluan xedatutakoarekin
bat ebazpena eman eta gero.
III. DIRULAGUNTZAK EMATEA
10. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa alokairua ordaintzeko bideratzen
den errentaren proportzioaren arabera finkatuko da, ondorengo formularen
arabera:
L= A/M – 0.3xS.
L= Laguntzaren
zenbatekoa.
A= Alokairuaren
zenbatekoa.
M= Maizter kopurua
(kontratuan agertzen diren titularrak).
S= Eskatzailearen
diru-sarrerak.
2. Dirulaguntzen gehienezko hileko 150 eurokoa izango da.
3. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa kuantifikatzeko, kontuan
hartuko da oinarri hauetako 1.3. artikuluan bazterketei buruz ezarritakoa.
4.Alokairu
partekatua denean, eskatzaile bakoitzari emateko laguntza kalkulatzeko,
etxebizitza osoaren hileko errenta zatituko da kontratuko titularren
kopuruaren artean.
Eskarien zenbateko
osoak dagokion aurrekontuko partidan esleitutako zenbatekoa gainditzen badu,
ondorengo doitzea egingo da:
— Lehenik, kolektibo
zaurgarrienen artean (alargunak, bananduak, aniztasun funtzionala dutenak,
genero indarkeriaren biktimak zein etxegabetuak), diru sarrera txikienetik
handienerako ordenean.
— Bigarrenik, gainontzeko
eskatzaileen artean, diru sarrera txikienetik handienerako ordenean.
11. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.
Diru-laguntzaren
ordainketa bi zatitan zatikatuta egingo da.
— Lehenengo
ordainketa deialdiaren ebazpena egin ondoren izango da.
Lehen ordainketaren
zenbatekoa, data horretara arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan
egingo da.
— Bigarren
ordainketa, diru-laguntzaren gainerako zatiari dagokiona, oinarri hauetako
12. artikuluan eskatzen diren egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan egingo
da.
Alokairu partekatua
denean, kontratuan ez bada zehazten zenbat ordainduko duen pertsona bakoitzak,
bakoitzari emateko laguntza kalkulatzeko, etxebizitza osoaren hileko
errenta zatituko da kontratuko titularren kopuruaren artean. Beste era batera
izango balitz, zinpeko adierazpen bat sinatu beharko dute kontratuaren titular
guztiek adierazteko bakoitzak zenbat ordainduko duen, eta kopuru horrek bat
egin beharko du justifikatzeko ekarriko duen ordainagiriarekin.
Etxebizitza bakoitzeko
eskatzaile bi edo gehiago daudenean eta laguntzarako eskubidea dutenean,
ordainketa eskatzaile bakoitzaren bankuko kontuan egingo da, betiere, pertsona
bakoitzak Udalari aurkezten badio dagokion alokairuaren zatiaren ordainagiria.
12. artikulua. Justifikatzeko agiriak.
Modu orokorrean,
oinarri hauen xede diren diru-laguntzak egiaztatzeko, egiaztatze agiri hauek
aurkeztu beharko dira:
a) Alokairu
kontratuaren baitan egindako hileko ordainketa agiriak, eskatzailearen
izenean. Pertsona bakoitzak aurkeztu beharko du dagokion hileko alokairuaren
zatiaren ordainagiria. Onartuko da alokairu osoaren ordainagiri bakarra pertsona
desberdinak baldin badaude partekatzen alokairua, betiere alokairuaren
ordainagiria eskatzaile guztien izenean badago.
b) Banandu edo
dibortziatuen kasuan, seme-alabengatiko mantenu pentsioa bai eta hipoteka
kargei dagozkien hileko ordainketa agiriak.
c) Administrazioarekin
Gizarte Segurantzako betebeharrak eta Zerga betebeharrak betetzerakoan
egunera dagoela egiaztatzea. Gainera, 18 urtetik gorako eskatzaile guztiek
Zumaiako Udalarekin zergak, tasak, arielak eta zehapenak eguneratuta edukiko
dituzte.
d) Zinpeko aitorpena sinatuta
adierazteko eskatzaileak ez duela beste inolako diru-laguntzarik jaso edo
jasotzen ari alokairua ordaintzeko.
Agiriak
aurkezteko epea:
Artikulu
honetan zerrendatutako egiaztagiriak, urte bakoitzean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den
deialdian adierazitako epearen barruan aurkeztuko dira.
Deialdian,
diru-laguntza egiaztatzeko ezarritako epea igarota, onuradunak ez baldin
badu aurreko atalean aipatutako dokumentazioa aurkeztu, Zumaiako Udalak
diru-laguntzak emateko ordenantzan aurreikusitako ondorioak izango ditu.
13. artikulua. Beste diru-laguntzekin bateragarritasuna.
Oinarri hauen arabera emandako diru-laguntzak
helburu berarekin ematen diren beste diru-laguntzekin bateragarri ezinak
izango dira.
Helburu bereko beste diru-laguntza bat ez
dela kobratzen frogatzeko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko da.
Laguntza horien eskatzaile gisa,
berariaz baztertuta daude Bizigune programaren bitartez etxebizitza alokatuta
duten eskatzaileak.
14. artikulua. Finantzazioa.
Alokairurako diru-laguntzak finantzatzeko
diru baliabideak Zumaiako Udalaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako
ezarritako aurrekontu kredituak erabiliko dira.
Diru-laguntzak emateko, Udalak dagokion
aurrekontu partida bideratuko du, eta aurrekontu horren zenbatekoa izango da
Zumaiako Udalak emango duen gehieneko kopurua.
IV. PROZEDURA
15. artikulua. Balorazio irizpideak.
Diru-laguntzak emateko oinarrizko
irizpideak oinarri hauen 4 eta 5. artikuluetan zehaztuta daude.
Ezarritako baldintzak eta bete beharrak
betetzen direla egiaztatu ondoren, dagozkion diru-laguntzak ordenantza
honetan ezarritako baldintzetan emango dira.
Eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoak
dagokion aurrekontu partidan aurreikusitako zenbatekoa gainditzen badu, Udalak
zenbateko horren banaketa proportzionalki egingo du.
16. artikulua. Diru-laguntza eskaeren ebazpena.
Espedientearen izapideak egin ondoren,
Udaleko teknikariek dagokion azterketa egin eta txostena egin ostean,
Alkateak, oinarrietan ezarritakoarekin bat, eskaera onartzeko edo ukatzeko
ebazpena emango du.
Ebazpenean diru-laguntzaren zenbatekoa
eta ordainketa era zehaztuko dira.
Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.
V. DIRULAGUNTZAREN KONTROLA
17. artikulua.
Zumaiako Udalak egokitzat jotako agiriak
aurkez ditzatela eskatu ahal izango die onuradunei.
Udal zerbitzuak bertaratu ahal izango
dira, edota Udalaren datu baseak kontsultatu ahal izango dituzte diru-laguntzaren
oinarrietan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko helburu
bakarrarekin.
Zumaiako Udalak, bere
fiskalizazio-eginkizunak betetzeko, informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen
onuradunek eman egin beharko diote.
VI. ARGITARA EMATEA
18. artikulua.
Zumaiako Udalaren
webgunean eta iragarki oholean argitaratuko dira emandako diru-laguntzen
zerrenda, horiek jasoko dituzten onuradunak eta jasotako diru-kopuruak.
Diru-laguntzen
datuak ez dira argitaratuko, baldin eta diru-laguntzak argitaratze hori pertsona
fisikoen errespetu eta babesaren nahiz intimitate pertsonal zein
familiarraren aurkakoa denean, eta diru-laguntza hori arautzen duten
oinarrietan horrela jasota dagoenean.
VI. OINARRIEN INTERPRETAZIOA ETA HIZKUNTZA-OHARRA
19. artikulua. Hizkuntza oharra.
Euskarazko eta
gaztelaniazko testuen artean kontraesanik edo inkoherentziarik antzemanez
gero, euskarazko testuak izango du balioa.
20. artikulua. Oinarrien interpretazioa.
Oinarri hauen
interpretazioaren harira edozein zalantza sortuz gero, diru-laguntza emateko
ardura duen organo berari dagokio horri buruz erabakitzea.
VII. ERREKURTSOAK
21. artikulua. Errekurtsoak.
Oinarri hauen aurka
berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean hura
onartu duen organo eskudunaren aurrean, edo zuzenean aurka egin ahal izango
zaio bi hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean.