GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
DIPUTATU NAGUSIA
7/2020, azaroaren 16koa, Gipuzkoako Foru
Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta
eginkizunak berriro finkatzekoa.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako
Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari
buruzkoak, diputatu nagusiari esleitzen dio foru dekretu bidez Foru Aldundia
egituratzen duten departamentuak sortu, kendu, batu, edo birmoldatzeko
ahalmena (64. artikulua), bai eta, foru dekretu bidez ere, departamentu horiek
izan behar dituzten jardun esparruak eta eginkizunak zehaztekoa ere –26.3.b)
artikulua–.
Aurreko legealdian hasitako gobernantza
ireki eta kolaboratiboaren ereduaren ezarpenari, Etorkizuna Eraikiz Planean
jasotako proiektu estrategikoekin gauzatu denari, jarraipena emanez, diputatu
nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuaren bitartez Gipuzkoako Foru
Aldundiaren departamentu berriak eta haien jardun esparruak eta eginkizunak
zehaztu ziren 2019-2023 legealdi honetarako.
Hori horrela, Proiektu Estrategikoetako
Departamentua sortu zen eta Etorkizuna Eraikiz eredua bultzatzera bideratuta
zeuden jardun esparruak eta eginkizunak esleitu zitzaizkion.
Aintzat hartuz legealdi honek urtebete
baino gehiago egina duenean metatu den esperientzia eta, halaber, Gipuzkoaren
errealitate sozioekonomikoan gertatu diren aldaketa garrantzitsuak,
komenigarria da ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuaz ezarritako departamentu
egitura berrantolatzea.
Ildo horretan, egokiago ikusten da legealdi
honetako proiektu estrategikoak Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa
Inguruneko Departamentutik bultzatzea eta koordinatzea, bera baita Gipuzkoaren
ekonomiaren departamentu traktorea; eta, ondorioz, Proiektu Estrategikoetako
Departamentua ezabatzea.
Bestalde, 3/2019 Foru Dekretua bi aldiz
aldatu da jadanik: otsailaren 13ko 5/2020 Foru Dekretuak departamentu
hurrenkera berria ezarri zuen; eta irailaren 29ko 6/2020 Foru Dekretuak,
berriz, Kanpo Harremanen arloa sartu zuen Diputatu Nagusiaren Arloan, eta
bizikleta bideen arloko eginkizunen banaketa argitu zuen Mugikortasuneko eta
Lurralde Antolaketako Departamentuaren, Bide Azpiegituretako Departamentuaren
eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren artean.
Orobat, Proiektu Estrategikoetako
Departamentua ezabatzeak beste aldaketa bat dakar berekin; eta, beraz,
segurtasun juridikoa indartzearren, komeni da foru dekretu berri bat onartzea,
aipatutako aldaketa guztiak batera jasotzeko eta, horrenbestez, 3/2019 Foru
Dekretua ordezteko.
Horiek horrela, uztailaren 12ko 6/2005 Foru
Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta
Administrazioari buruzkoak, 26.3.b) eta 64. artikuluetan diputatu nagusiari
esleitutako eskumenak baliatuz,
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea da finkatzea
Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta
eginkizunak.
2. artikulua. Departamentuak.
Foru Aldundia departamentu hauetan egituratzen
da:
1. Gobernantza Departamentua.
2. Ingurumeneko eta Obra
Hidraulikoetako Departamentua.
3. Ekonomia Sustapeneko,
Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentua.
4. Mugikortasuneko eta
Lurralde Antolaketako Departamentua.
5. Ogasun eta Finantza
Departamentua.
6. Bide Azpiegituretako
Departamentua.
7. Gizarte Politiketako
Departamentua.
8. Kultura, Lankidetza,
Gazteria eta Kirol Departamentua.
3. artikulua. Departamentuen
lehentasun hurrenkera.
Departamentuen lehentasun hurrenkera
aurreko artikuluan xedatutakoa izango da.
4. artikulua. Diputatu Nagusia.
1. Uztailaren 12ko 6/2005 Foru
Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta
Administrazioari buruzkoak, eta gainerako xedapenek ematen dizkioten
eginkizunak betetzeko, diputatu nagusiak Kabinete baten laguntza izango
du; eta, halaber, Diputatu Nagusiaren Laguntzarako Idazkaritza bat eta
Identitate Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako Bulego bat izango
ditu.
2. Gainera, izaera horizontala
duten jardun esparru hauek kudeatuko ditu:
a) Etorkizuna Eraikiz.
b) Estrategia eta azterlanak.
c) Kudeaketa Plan
Estrategikoa.
d) Komunikazioa.
e) Bizikidetza eta giza
eskubideak.
f) Euskararen normalizazioa
eta erabilera lantzeko politikak, gizartean nahiz foru administrazioan.
g) Berdintasuna sustatzeko
politikak.
h) Identitate korporatiboa,
harreman instituzionalak eta protokoloa.
i) Kanpo harremanak.
5. artikulua. Jardun esparruak
eta eginkizunak banatzea.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak diputatu
nagusiari eta Diputatuen Kontseiluari esleitzen dizkien eskumenak eta
diputatu nagusiordeei esleitzen zaizkienak eragotzi gabe, datozen
artikuluetan xedatzen diren jardun esparruetako zereginak gauzatuko dituzte 2.
artikuluan aipatu diren departamentuek, zeinek bere foru diputatuaren zuzendaritzapean.
6. artikulua. Gobernantza
Departamentua.
1. Gobernantza
Departamentuari, zeinaren foru diputatua Diputatuen Kontseiluko idazkaria
izango baita, jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Diputatuen Kontseiluko
Idazkaritza.
b) Foru Aldundiak Batzar
Nagusiekin nahiz Arartekoarekin dituen harremanen eta komunikazioen
koordinazioa.
c) Legezkotasunaren
barne kontrola, lege aholkularitza orokorra, eta Gipuzkoako Foru Aldundia
nahiz bere organoak auzitegietan defendatzea.
d) Foru
Aldundiari Toki Administrazioari lotutako ondorengo esparru hauetan dagozkion
eskumenak: udalerrietako nahiz udalerriez gaindiko eremuetako lurralde
mugapeak, Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroa, gaikuntza
nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioak eta aholkularitza.
e) Departamentuen
arteko koordinazioa araugintza egutegia prestatzeko.
f) Foru
Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietako hauteskundeen
dei egile den heinean dituen eskumenak.
g) Foru
Sektore Publikoaren Jardueren eta Ondasun eta Interesen Erregistroak.
h) Gipuzkoako
Aldizkari Ofiziala.
i) Funtzio
publikoa.
j) Kontratazio
publikoa.
k) Gobernu
ona eta zuzentasun instituzionala.
l) Administrazioaren
berrikuntzarako eta aldaketarako politikak.
m) Administrazio
elektronikoa eta digitala.
n) Antolaketa
eta informazio sistemak.
o) Zerbitzu
orokorrak.
p) Ibilgailuak.
q) Foru
inprimategia eta argitalpenak.
r) Gardentasunaren
alorreko koordinazioa.
s) Herritarren
partaidetza.
t) Prebentzioa,
suteen itzalketa eta sorospena.
u) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Gobernantza
Departamentuak beharrezko bitarteko materialak nahiz langileak jarriko ditu, Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordeak, Kontratazio alorreko
Errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboak, Gipuzkoako Lurralde
Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordeak eta
Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak beren lana egin ahal izateko.
3. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (Izfe SA)
foru sozietate publikoa eta «Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa» foru
fundazio publikoa.
7.
artikulua. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua.
1. Ingurumeneko
eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek
dagozkio:
a) Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka.
b) Iraunkortasun
energetikoa.
c) Iraunkortasuna
(Agenda 21 eta Agenda 2030), eta ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa.
d) Ingurumen
eraginaren ebaluazioa.
e) Hiri
hondakinen Kudeaketaren planifikazioa eta garapena, eta ekonomia zirkularra.
f) Jarduera
sailkatuak.
g) Lurraldearen
hornidura eta saneamendu plan orokorra.
h) Uraren
kalitate kontrola.
i) Hondartzen
eta itsasertzaren Kudeaketa integrala.
j) Bizikleta
bideen azpiegituren arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea Mugikortasuneko
eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen Sarea garatzeko;
eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu departamentuak kudeatzen dituen
bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi, izapidetu eta onesterakoan,
bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.
k) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren
Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» foru fundazio publikoa.
8.
artikulua. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko
Departamentua.
1. Ekonomia
Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari jardun esparru eta
eginkizun hauek dagozkio:
a) Ekonomiaren
sustapena eta garapena.
b) Berrikuntza
eta nazioartekotzea.
c) Turismoa.
d) Nekazaritza
eta landa garapena.
e) Abeltzaintza,
mendiak eta naturagunea.
f) Baso
baliabideak antolatzea eta hobetzea.
g) Natura
artatzea.
h) Ehiza
eta arrantza aberastasunaren aprobetxamendua babestu, artatu eta sustatzea.
i) Lurralde
oreka.
j) Nekazaritza,
landa garapena, natura ingurunea eta lurralde orekaren koordinazioa.
k) Etorkizuna
Eraikiz programaren proiektu estrategikoen Kudeaketa.
l) Elkar-EKIN
programaren Kudeaketa integrala.
m) Erreferentzia
zentro hauen arreta, laguntza eta koordinazioa:
— «Ziur Fundazioa».
— «Fundación
Adinberri Fundazioa».
— «Mubil Fundazioa».
— «2deo».
— «LABe».
n) Gipuzkoarako
izaera estrategikoko proiektu sozial eta ekonomiko berrien azterketa.
o) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio «Etorlur Gipuzkoako Lurra SA» foru sozietate
publikoa eta «Ziur Fundazioa», «Fundación Adinberri Fundazioa» eta «Mubil
Fundazioa» foru fundazio publikoak.
9.
artikulua. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua.
Mugikortasuneko eta
Lurralde Antolaketako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek
dagozkio:
a) Garraioak
eta plangintza.
b) Bizikleta
bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen
Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen programazioa eta bizikleta
bideen obra guztien finantzazioa; errepideak eraikitzeko proiektuetan
sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea; ohiz kanpoko artatze-lanak;
foru bizikleta bideen mugaketa eta mugarriak jartzea; titulartasunen
eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta bideen erabileraren sustapena.
c) Lurralde
antolaketa eta kohesioa.
d) Hirigintza
planak sustatu eta gainbegiratzea.
e) Lurraldea
sustatu eta lurzorua kudeatzea.
f) Foru
Aldundiak bere erabilera administratiboetarako behar dituen eraikinak eraiki
eta birgaitzea.
g) Ondarearen
Kudeaketa teknikoa.
h) Lurralde
informazioa.
i) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
10.
artikulua. Ogasun eta Finantza Departamentua.
Ogasun eta Finantza
Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Zerga
administrazioa.
b) Ekonomi
Ituna, Estatuaren aldeko kupoa, eta Autonomia Erkidegoari nahiz Lurralde
Historikoko udalerriei egin beharreko ekarpenak.
c) Eskualdatutako
eskumen nahiz zerbitzuen balioespena.
d) Europako
funtsen Kudeaketa.
e) Lurralde
Historikoaren aurrekontu orokorrak egin, kudeatu, jarraitu eta kontrolatzea.
f) Barne
kontrol ekonomikoa eta kontabilitatea.
g) Diruzaintza,
zorpetzea, bermeen eraketa eta finantza erakundeekiko harremanak.
h) Udalen
eta udalez gaindiko erakundeen finantza babesa eta aholkularitza.
i) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
11.
artikulua. Bide Azpiegituretako Departamentua.
1. Bide
Azpiegituretako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Errepide
sarea planifikatzea.
b) Lurraldeko
errepide sarea eraiki, artatu eta ustiatzea.
c) Bizikleta
bideen azpiegituren arloan:
— Errepideak eraikitzeko
proiektuetan sartuta dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea, horien
trazatua errepidearen plataforma ondotik doanean.
— Gipuzkoako Foru
Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan dauden bizikleta bideen sarearen
ohiko artatze-lanak gauzatzea, eta sare hori zaintzea nahiz ustiatzea.
d) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak gauzatzea.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia–Agencia
Guipuzcoana de Infraestructuras SA» foru sozietate publikoa.
12.
artikulua. Gizarte Politiketako Departamentua.
1. Gizarte
Politiketako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Mendekotasuna
dutenentzako arreta.
b) Gizarte
zerbitzu komunitarioak.
c) Asistentzia
zentro propioak nahiz hitzartuak.
d) Desgaitasuna.
e) Enplegu
politika aktiboak.
f) Ekintza
komunitarioa eta gizarte-inklusioa.
g) Adingabe babesgabeak.
h) Adopzioak.
i) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio «Fundación Uliazpi» eta «Kabia» foru organismo
autonomoak.
13.
artikulua. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua.
1. Kultura,
Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari jardun esparru eta eginkizun
hauek dagozkio:
a) Liburutegia,
kulturaren sustapena eta hedapena.
b) Ondare artistikoa, artxiboak eta museoak.
c) Ikus
arteak.
d) Lurraldeko
kultur esparruko elkarte eta erakundeekiko harremanak.
e) Lankidetza.
f) Gazteria
eta garapen komunitarioa. Gazte egoitzak eta aterpetxeak.
g) Kirola.
h) Kirol
ekipamenduaren sustapena eta arrazionalizazioa.
i) Lurraldeko
kirol federazioak eta kirol elkarteak.
j) Indarrean
diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Kirolgi Fundazioa» foru fundazio publikoa.
Xedapen gehigarria.
Egitura organiko eta
funtzionalari buruzko dekretuetan jasota dauden Proiektu Estrategikoetako
Departamentuaren aipamenak Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko
Departamentuaren aipamentzat joko dira.
Xedapen indargabetzailea.
Indargabeturik geratzen
da ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoa.
Amaierako xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko
azaroaren 16a.
Diputatu Nagusia,
Markel
Olano Arrese. (6099)