1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

KULTURA, LANKIDETZA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUA

22/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak eta horretarako beharrezkoa duen oinarrizko antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren: diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 7. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 3. artikuluan.

3/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, aurreko departamentuaren jardun esparru guztiak bereganatzen ditu Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak; turismoa kenduta, hori Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren esku gelditzen baita.           

Horrez gain, kontuan izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira horiek aplikatu eta ezartzeko.

Ildo horretatik, departamentuaren helburu estrategikoak dira: kultura eredu jasangarriago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago baten bidean aurrera egitea; nazioarteko lankidetzaren esparruan Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak (GJH) garatzea; haurren, nerabeen eta gazteen ahalduntzea, autonomia eta emantzipazioa sustatu eta laguntzea; eta Gipuzkoako kirol egitura eta jarduera fisikoa bera indartzea, arreta berezia ipiniz osasunerako estrategiei, balioetan hezteari, berdintasunari eta talentua garatzeari.

Bukatzeko, departamentuaren antolaketa irizpideak aintzat hartuta, aurreko agintaldian bakarra zen Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia bitan banatu da, organikoki eta funtzionalki bereizita; eta Kultura Berrikuntza eta Parte hartze Unitatea, berriz, desagertu egin da, eta Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuaren barruan sartu da.              

Azaldutakoaren arabera, foru dekretu honen xedea da Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzea, ondorengo lau zuzendaritza nagusietan banatuta:

— Kultura Zuzendaritza Nagusia.

— Nazioarteko Lankidetzako Zuzendaritza Nagusia.

— Gazteria Zuzendaritza Nagusia.

— Kirol Zuzendaritza Nagusia.

Horrela bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.    Departamentuaren eginkizunak eta jarduera esparruak.

1.    Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:

a)    Liburutegia, kulturaren sustapena eta hedapena.

b)    Ondare artistikoa, artxiboak eta museoak.

c)    Lurraldeko kultur, gazteria, kirol eta lankidetzako esparruko elkarte eta erakundeekiko harremanak.

d)    Lankidetza.

e)    Haurrak, nerabeak eta gazteak.

f)    Gazteentzako aterpetxeak.

g)    Kirola.

h)    Kirol ekipamenduaren sustapena eta arrazionalizazioa.

i)    Lurraldeko kirol federazioak eta kirol elkarteak.  

j)    Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

2.    Departamentu honi atxikitzen zaio «Kirolgi Fundazioa» foru fundazio publikoa.

3.    Halaber, departamentuari atxikita gelditzen dira:

a)    Gipuzkoako Kirol Kontseilua, Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Batzordea eta Gipuzkoako Lankidetzarako Mahaia.           

b)    Gaztematika: haur, nerabe eta gazteen sustapenerako erakunde arteko sarea.

4.    Horiez gain, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien eta zerbitzuen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.           

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

2. artikulua.    Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.    Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen funtzioez gain, departamentuko foru diputatuari dagokio, hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.       


2.    Bere funtzioak betetzeko, departamentuko foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen gaietan erabakitzeko eskumenak, baldin eta foru arau horrek, foru dekretu honek edota geroagoko beste arau batek beste organoren bati berariaz esleitzen ez badizkiote.

3.    Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.

3. artikulua.    Zuzendari nagusiak.

1.    Zuzendari nagusiak departamentuko zuzendaritza organoetako titularrak dira eta beren gain hartzen dituzte haien buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizunak betetzea dagokie:

a)    Gobernu programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.    

b)    Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

c)    Zuzendaritzako zerbitzu eta unitateen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea eta, halaber, haien helburuak eta kudeaketa planak onartzea.

d)    Mezenasgoaren eta babesaren arloan, interes orokorreko jardueretan partaidetza pribatua sustatzea, aplikatzeko araudiak xedatutakoaren arabera.

e)    Beren eskumen esparruaren barruan, departamentua ordeztea protokoloetan, foru diputatua ez dagoenean.      

f)    Foru diputatuak eskuordetzen dizkien beste eginkizunak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.    Eginkizun horiek betetzeko, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:

a)    Dirulaguntza, laguntza eta bestelako transferentzien arloan:

— Organo eskudunek aurrez baimendu eta xedatutako gastuei dagozkien ordainketak egitea, edozein zenbatekoa dutela ere.

b)    Kontratazio arloan:

— Beren zuzendaritza nagusiko gaietan kontratazio espedienteak onartzea eta kontratu horiek esleitzea, kontratuaren balio zenbatetsia 75.000 euro edo gutxiago denean; berekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea eta sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak gauzatzea. 

— Aurrez baimenduta dauden kontratuetatik eratorritako obra ziurtagiriak eta bestelako ordainketak onartzea eta egitea, edozein zenbateko dutela ere.

— Bermeak kitatu eta itzultzea.

c)    Bestelako gaietan:

— Gastuak baimendu eta xedatzea, hemezortzi mila (18.000,00) euro gainditzen ez badituzte.

— Aldez aurretik baimendutako edozein gastu ordaintzea.     

3.    Deskontzentrazioko arauei jarraikiz esleitu zaizkien eskumenak erabiliz zuzendari nagusiek hartzen dituzten ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.

4. artikulua.    Zerbitzuburuak.

1.    Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.    Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:

a)    Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.

b)    Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuak adieraztea, eta helburu horiek lortzeko egokiak eta eraginkorrak izango diren lan sistemak antolatzea.

c)    Beren kargupeko pertsonalaren zuzendaritza beren gain hartzea eta pertsonal horrek dagozkion arauak betetzen dituela zuzenean kontrolatzea.

d)    Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)    Zerbitzuko barne araubidea betetzen den kontrolatzea, eta gorabeheren berri ematea.

f)    Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.

g)    Esleitu edo eskuordetzen zaizkien eginkizunak betetzea.

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKO ETA FUNTZIONALA

5. artikulua.    Oinarrizko egitura organikoa.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak ondorengo oinarrizko egitura organikoa dauka:

a)    Kultura Zuzendaritza Nagusia:

— Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzua.

— Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua.

— Gordailua eta Museoen Zerbitzua.

b)    Nazioarteko Lankidetzako Zuzendaritza Nagusia.

c)    Gazteria Zuzendaritza Nagusia:

— Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzua.

d)    Kirol Zuzendaritza Nagusia:

— Kirol Zerbitzua.

e)    Idazkaritza Teknikoa.

6. artikulua.    Kultura Zuzendaritza Nagusia.

1.    Foru dekretu honen 3. artikuluan jasotzen diren izaera orokorreko zereginez gain, Kultura Zuzendaritza Nagusiak bere alorrari dagozkion ondorengo zeregin bereziak izango ditu:

a)    Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondare historiko-artistikoa, arkeologikoa, dokumentala, bibliografikoa, etnografikoa eta ez-materiala zaintzea eta balioan jartzea.

b)    Gipuzkoako kultura ondarea eta historia ezagutaraztea eta gizartea ondare balioaz jabearaztea.          

c)    Gipuzkoako gizartean bizirik dagoen kulturaren sorkuntza, sustapena eta hedapena bultzatzea eta indartzea, kultura propioaren garapena bereziki ahalbidetuz.

d)    Gipuzkoa guztian bermatzea eguneroko kulturaz baliatzeko eta gozatzeko aukeraren hedapen orekatua.

e)    Gipuzkoako komunitate artistikoaren sorkuntza, ekoizpena eta barneratzea sustatzea, ekonomia eragile eta enplegu sortzaile gisa.

f)    Kultur gobernantzaren eredu berri bat sustatzea herritarren parte hartzearekin eta gizarte zibilarekin etengabeko elkarrizketen bidez.

g)    Foru Aldundiak partaidetza zuzena duen edo beraien jarduna diruz laguntzen duen lurraldeko kultura arloko erakundeekin lankidetzan aritzea: kultura arloko proiektu estrategikoen garapena eta, oro har, kulturaren hedapena bultzatzeko, egiten duten kultura programazioaren bidez.

2.    Halaber, Kulturako zuzendari nagusiak gai hauetan ebazteko eskumena izan eta erabiliko du, deskontzentrazio araubidean:

a)    Kultur Ondareari lotutako gaietan baimenak eman edo ukatzea, dagokion prozedura arautzen duen araudiari jarraikiz.   

b)    Kultur Ondareari lotutako gaietan zehapen ahalmena erabiltzea, dagokion prozedura arautzen duen araudiari jarraikiz, beti ere arau-hauste arinak direnean.     

7. artikulua.    Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)    Gipuzkoako ondare historiko-artistikoaren eta arkeologikoaren zaintza, balioespena eta hedapena bermatzea Euskal Kultura Ondarearen Legean ezarritako terminoetan. Hori guztia, Gordailua eta Museoen Zerbitzuarekin elkarlanean.   

b)    Gipuzkoako Artxibo Orokorreko eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoko dokumentu ondarearen zaintza, antolaketa, deskribapena eta hedapena bermatzea.

c)    Foru erakundeek sortu eta interes historikoa izan dezaketen dokumentuak, eta Gipuzkoarentzat interesa duten dokumentuak Gipuzkoako Artxibo Orokorreko eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan gordetzea bermatzea. Gipuzkoako dokumentu ondarea zaintzen laguntzea.             

d)    Gipuzkoako historia hobeto ezagutzen parte hartzen duten erakundeekin eta eragileekin lankidetzan aritzea, bai ikerketa historikoa bai ondare historiko-artistikoari buruzko ikerketa sustatuz, baita horren hedapena ere.

e)    Aholkularitza eta informazioa ematea Kulturako Zuzendaritza Nagusiko gainerako zerbitzuei, eta beste erakunde, entitate eta partikularrei ondare historiko-artistikoaren ikerketa, zaintza, kudeaketa eta hedapen kontuetan.

f)    Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondare ezmateriala bildu, ikertu, zaindu eta hedatzea.

8. artikulua.  Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Liburutegiaren helburua osatzen duten zerbitzuak eta ekintzak osorik kudeatzea: informazioa eskura jartzea, Gipuzkoako herritarren bizitzan zeharreko ikaskuntza erraztea; hori guztia lurraldeko memoria kultural, sozial eta historikoaren gune izateko.

b)    Liburutegiko dokumentuen bilduma mantendu, babestu, gehitu eta jendearen eskura ipini, berrikuntza teknologikoak txertatuz, dokumentu digitalen sarrera eta sarearen bitartez beren banaketa errazteko helburuarekin.

c)    Koldo Mitxelena Kulturuneko urteko kultur eta erakusketa programa osorik finkatzea, kudeatzea eta gauzatzea.

d)    Aztertzea lurraldeko kultur esparru desberdinetako beharrak, eragile artistiko eta kulturalenak eta horien entitate sustatzaileenak, arte eta kultur praktikak Gipuzkoako lurraldean modu orekatuan sustatzen eta garatzen laguntzeko neurriak proposatzeko.

e)    Dantzagunea plataforma mantendu eta garatzea, Gipuzkoan dantzaren arloko ikaskuntza eta sorkuntza prozesuak bultzatzeko xedez.

f)    Gainerako zerbitzuekin lankidetzan, ondare bibliografikoa eskuratzeko prozesuak dinamizatu eta antolatzea, foru-bilduma handitu dezaketenak.

9. artikulua.    Gordailua eta Museoen Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)    Ondare higigarriko bildumen zaintza, balioespena eta hedapena bermatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legean ezarritako terminoetan, hala nola ondare higigarriaren eta museoen ondarearen ikerketa sustatzea.

b)    Aholkularitza eta informazioa ematea Kulturako Zuzendaritza Nagusiko gainerako zerbitzuei, eta beste erakunde, entitate eta partikularrei Gipuzkoako ondare higigarriaren ikerketa, zaintza, kudeaketa eta hedapen kontuetan.

c)    Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren zentroa kudeatzea eta zuzentzea, lurraldeko bilduma publiko zein pribatu garrantzitsuenak edo adierazgarrienak jaso, zaindu eta hedatzeko. Gipuzkoako material arkeologiko eta paleontologikoen gordailua kudeatzea eta zerbitzuak eskaintzea lurraldeko museoei eta beste kultur zentroei, bai ondare higigarria hedatu eta ikertzeko, eta baita ondare higigarriaren esparruan profesionalei aholkuak, prestakuntza eta laguntza emateko.      


d)    Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea, ondare historiko-artistiko eta arkeologikoarekin zerikusia duten funtzioetan.

e)    Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroko instalazioetatik kanpo (Aldundiko egoitzetan, lurraldeko museoetan) dauden foru bildumetako arte lanen eta bestelako piezen gainbegirada, kontrola eta mantenua egitea, bere esparrua, diziplina eta formatua edozein dela ere.  

f)    Foru titulartasuneko museoen kudeaketaz arduratzea. Gipuzkoako beste museoekin lankidetzan aritu, kudeaketa eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko, sareko lana sustatuz.      

10. artikulua.    Nazioarteko Lankidetzako Zuzendaritza Nagusia.

Foru dekretu honen 3. artikuluan jasotzen diren izaera orokorreko zereginez gain, Nazioarteko Lankidetza Zuzendaritza Nagusiak bere alorrari dagozkion ondorengo zeregin bereziak izango ditu:

a)    Lankidetzaren esparruan jarduten diren erakunde publiko eta sozialekin harremanetan egotea, oro har; eta Europako, estatuko eta eskualdeko garapen erakunde eta agentziekin, bereziki.

b)    Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak (GJH) lankidetza deszentralizatuaren esparruan inplementatzeko eta betetzeko prozesua koordinatzea eta bultzatzea.

c)    Gipuzkoa Coopera programaren garapenaren bidez lankidetzarekin zerikusia duten gizarte-eragileen kopurua handitzea.

d)    Nazioarteko lankidetzaren misioan eta helburuetan eragina duten gizarte-eragileek batzeko eta hitz egiteko eta eztabaidatzeko gobernantza-espazioak eskaintzea.

e)    Garapenerako lankidetzaren arloan, politika eraldatzaileak lantzea, beste herrialde eta herri txirotuei dagokienez elkartasun desinteresatuaren printzipioa aurrera eramateko eta sustatzea gizakiaren garapen jasangarria maila lokalean nahiz globalean, bereziki pobrezia desagertarazteko, giza eskubideak eta justizian oinarritutako nazioarteko harremanak benetan betetzeko.

f)    Garapenerako lankidetzaren inguruko sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak egitea, batez ere Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

g)    Garapenerako lankidetzako elkarte, fundazio, gizarte mugimendu eta gobernuz kanpoko erakundeekin harremanak izatea, sustatzeko gizakiaren garapen jasangarria eta egiturazko pobreziaren kontrako borroka.

h)    Garapenerako lankidetzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako eta Europako gainerako administrazio publikoekin hitz egiteko eta koordinatzeko ekintzak bultzatzea.

i)    Garapenerako lankidetza proiektuak, eraldaketa sozialerako proiektuak eta garapenerako hezkuntza proiektuak aztertzea eta ebaluatzea, diruz laguntzeari begira eta, halaber, egintza humanitarioekin loturik.

j)    Harremanak sendotzea garapenerako lankidetzaren esparruan ari diren eragileekin.

k)    Lankidetza eragile espezifiko gisa jardutea, zuzeneko elkarlan hitzarmenak sinatuz eta, zuzendaritzaren esparru funtzionaletan, bete daitezen zainduz.

l)    Zuzeneko lankidetza programak garatzea.

m)    Gipuzkoako Foru Aldundiko Aurrekontuetan garapenerako lankidetzara bideratutako baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea.

n)    Garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten jardueren koherentzia sustatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu desberdinek egiten dituztenak, hain zuzen.

ñ)  Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen emergentziaz-ko laguntza humanitarioa koordinatzea.

o)    Nazio Batuen Erakundeko Garapen Agendarekin elkarlanean aritzea.

11. artikulua.    Gazteria Zuzendaritza Nagusia.

1.    Foru dekretu honen 3. artikuluan jasotzen diren izaera orokorreko zereginez gain, Gazteria Zuzendaritza Nagusiak bere alorrari dagozkion ondorengo zeregin bereziak izango ditu:

a)    Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sistema sustatzea eta koordinatzea Gipuzkoako udalekin eta arlo horietan aritzen diren gainerako eragileekin lankidetzan; eta, beste sistemekiko eta eragileekiko dituen harremanak indartzea, bai lurraldean bertan, bai beste lurraldeetan, autonomia erkidegoetan eta erakunde publiko zein pribatuetan, mugaz gaindiko lankidetza ere garatuz.  

b)    Baldintza egokiak sustatzea gazteriaren emantzipazio soziala eta ekonomikoa lortze aldera.

c)    Haur, nerabe eta gazteen sustapenaren inguruko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza sustatzea, bizi kalitaterako eta gizarte kohesiorako oinarrizko faktore gisa, eta pertsonen adin horietan aukera berdintasuna sustatzea.        

d)    Haur, nerabe eta gazteen sustapenak Gipuzkoako gizarteari eta asoziazionismoari ekartzen dizkion balioak bultzatzea eta ezagutaraztea.

e)    Gazte taldeentzako eta gizarteko beste sektoreentzako aterpetxeen azpiegitura egoki eta ona garatzea eta eskaintzea, bertan aisialdirako programak gara ditzaten.             

2.    Halaber, Gazteriako zuzendari nagusiak gazteriaren arloko baimenak ematea edo ukatzea ebatziko du, deskontzentrazio araubidean, dagokion prozedura arautzen duen araudiaren arabera.             

12. artikulua.    Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)    Kudeatzea haurren eta gazteen sustapenaren arloan lurraldean egiten diren jarduerak eta jarduketak eta baita Foru Aterpetxeen Sarea.

b)    Haur, Nerabe eta Gazteak Sustatzeko Gipuzkoako Sarearen (Gaztematika) dinamizazioa, aholkularitza teknikoa eta ezagutza teknikoaren kudeaketa, eta hori planifikatzeko eta ebaluatzeko prozesuak egiten direla bermatzea. Baita sistemaren barruko eta kanpoko komunikazioa eta harremanak kudeatzea ere.

c)    Udalekin lankidetzan Gipuzkoako haurrak, nerabeak eta gazteak sustatzera zuzendutako zerbitzuen eta ekipamenduen sare koherente eta integrala garatzea.       

d)    Haurren eta gazteen sustapenerako udal ekimenak garatzeko baliabide ekonomikoak eta materialak ematea, hala nola aholkularitza teknikoa haurren, nerabeen eta gazteen arteko asoziazionismoa bultzatzeko.          

e)    Gazteentzako bekak eta laguntzak kudeatzea.

f)    Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion lege-baliozkotze lanak egitea, haurren eta gazteen sustapenaren arloan.  

g)    Gazte Aterpetxearen bereizgarria daukaten instalazioak aldizka ikuskatzea, eta instalazio horien erregistroa eramatea.

13. artikulua.    Kirol Zuzendaritza Nagusia.

1.    Foru dekretu honen 3. artikuluan jasotzen diren izaera orokorreko zereginez gain, Kirol Zuzendaritza Nagusiak bere alorrari dagozkion ondorengo zeregin bereziak izango ditu:

a)    Gizarte gipuzkoarrean jarduera fisikoa eta kirola sustatzea bizi kalitatea eta osasuna mantendu eta hobetzeko oinarrizko faktore gisa eta identitate eta kohesio sozialeko elementu gisa: goi mailako kirola eta kirol ikuskizunak.  

b)    Gipuzkoako kirol sistemaren egituraketa eta sistema horretan bildutako kirol eragile guztien lankidetza eta koordinazioa sustatzea.

c)    Gipuzkoako kirol sistemaren eta lurralde mugakideen, Eusko Jaurlaritzaren, beste autonomia erkidegoen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko harremanak sustatzea, mugaz gaindi lankidetzan jarduteaz gain.               

d)    Kirolean aukera berdintasuna eta Eskolako kide guztiak kirola egiten has daitezen sustatzea, bereizketarik gabe, derrigorrezko eskolatze aldian, kirola egiteko ohitura biztanleria gipuzkoar guztian heda dadin.   

e)    Sektore ekonomiko pribatua jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenean lankidetzan jardun dadin eta parte hartu dezan sustatzea.

f)    Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza babestea, eta Gipuzkoako kirol sisteman IKTen erabilera finkatzea.

g)    Gipuzkoako errendimenduko kirol jarduera egituratzen laguntzea, goi mailarako gaitasuna duten gipuzkoar kirolariek beren ahalbide guztiak garatu ahal izan ditzaten.    

h)    Gipuzkoako gizartean kirolaren balioak eta onurak sustatu eta hedatzea eta boluntariotza sustatzea kiroletan.  

2.    Halaber, Kiroletako zuzendari nagusiak gai hauetan ebazteko eskumena izan eta erabiliko du, deskontzentrazio araubidean:

a)    Eskola kirolaren arloko baimenak eman edo ukatzea, dagokion prozedura arautzen duen araudiari jarraituz.      

b)    Kirol gaietako zehapen ahalmena erabiltzea, Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak xedatutakoari jarraikiz, arau-hauste arinak direnean.  

c)    Kirol federazioen erregelamenduak eta horien aldaketak onartzea.

14. artikulua.    Kirol Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)    Gipuzkoako kirol federazioei laguntza eman eta haien modernizazioa bultzatzea, eta Gipuzkoako kirol elkarteekin lankidetzan aritzea.

b)    Kirol politikak biztanleriaren beharren arabera segmentatzea.

c)    Gipuzkoako neska, gazte eta emakumeek kirola egitea sustatzea.

d)    Sektore ekonomiko pribatua jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenean lankidetzan jardun dadin eta parte hartu dezan sustatzea.

e)    Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza babestea, eta Gipuzkoako kirol sisteman IKTen erabilera finkatzea.

f)    Gipuzkoako errendimenduko kirol jarduera egituratzen laguntzea, goi mailarako gaitasuna duten gipuzkoar kirolariek beren ahalbide guztiak garatu ahal izan ditzaten.    

g)    Gipuzkoako gizartean kirolaren balioak eta onurak sustatu eta hedatzea eta boluntariotza sustatzea kiroletan.   

15. artikulua.    Departamentuko Idazkaritza Teknikoa.

1.    Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki, eta eginkizun hauek beteko ditu departamentuak dituen eskumenen barruan:

a)    Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak hartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)    Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)    Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)    Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea, eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzunez.

e)    Departamentuko fede publikoa erabiltzea.

f)    Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)    Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuta.

h)    Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.

i)    Departamentuko jarduera ekonomikoaren kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)    Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea; eta, halaber, departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.

k)    Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.

l)    Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak, hala balegokio.

m)    Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.

n)    Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.    

ñ)  Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikita dauden eraikinen kudeaketa eta mantentze lanak.

o)    Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

2.    Idazkari teknikoa izango da instruktore Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren gaietan izapidetzen diren zehapen prozeduretan.       

Instruktore funtzio hori betetzen ari dela, ez du mendekotasun funtzionalik edukiko.

Lehen xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusien ordezkotza.

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean edo haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, esleituta dauzkaten eskumen eta eginkizunak zuzenean foru diputatuak beteko ditu, edo bestela hark izendatzen duen departamentuko zuzendari nagusi batek.

Bigarren xedapen gehigarria.  Antolaketa-egokitzapenak.

Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere onarpenak eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio Gobernantza Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta gelditzen dira foru dekretu honek xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta bereziki, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko uztailaren 19ko 16/2016 Foru Dekretua.

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko urriaren 20a.

                                                           Diputatu Nagusia,         
                                                      Markel Olano Arrese.

           Kultura, Lankidetza, Gazteria      
              eta Kirol Departamentuko         
                      Foru Diputatua, 
          Harkaitz Millán Etxezarreta.
     

           Gobernantza Departamentuko
                      Foru Diputatua, 
           Eider Mendoza Larrañaga.
       (5536)