1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GIZARTE POLITIKETAKO DEPARTAMENTUA

21/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Gizarte Politiketako Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak, eta horretarako beharrezkoa duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren: diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 13. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak, oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 9. artikuluan.

Aipatu artikuluen arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan aldundien eskumenekoak diren zerbitzuen antolakuntzak eta Kudeaketak dituen etengabeko erronkei erantzute aldera, aurreko agintaldiko jardun esparru, funtzio eta egiturari eusten die departamentuak.               

Horrez gain, kontuan izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira horiek aplikatu eta ezartzeko.

Horiek horrela, foru dekretu honek Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen du.         

Horrela bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau               

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Gizarte Politiketako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:

a)  Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman bere eskumenekoak diren zerbitzuak planifikatzea.

b)  Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22.2 artikuluan arautzen diren bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak eskaintzea.

c)  Arrisku larrian edo bakarrik dauden adingabeen babesaren alorreko eskumenak, legeak ezartzen dizkionak, gauzatzea.

d)  Gizarte ekintzaren hirugarren sektorea sustatzea.           

e)  Elkartegintza eta boluntarioen lana sustatzea.

f)  Erabiltzaileek eta profesionalek gizarte zerbitzuen Kudeaketan eta ebaluazioan parte har dezaten bultzatzea.   

g)  Mankomunitate eta beste udal-elkarte batzuk sustatzea gizarte zerbitzuak emateko.

h)  Informazio eguneratua ematea lurraldeko prestazioei eta zerbitzuei dagokienez.

i)  Lurraldeko zerbitzu, zentro eta erakundeak baimentzea eta homologatzea; eta, zerbitzu, zentro eta erakunde horiek direla eta ikuskaritza lanak egitea eta zehapen ahalmena erabiltzea.

j)  Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroa kudeatzea eta mantentzea.

k)  Eremu soziosanitarioko lankidetza eta koordinazioa gauzatzea.

l)  Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak erabiltzea.

2.  Horiez gain, Gizarte Politiketako Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien, zerbitzuen eta unitate organikoen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.           

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

2. artikulua.  Oinarrizko egitura organikoa.

1.  Departamentuak, bere eskumenak betetzeko eta foru diputatuaren goi gidaritzapean, ondorengo unitate organikoak ditu:

a)  Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zuzendaritza Nagusia:

— Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zerbitzua.

b)  Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako Zuzendaritza Nagusia:

— Plangintzako, Ituneko eta Prestazio Ekonomikoetako Zerbitzua.

— Ikuskapeneko, Inbertsioetako eta Gizarte Ekimeneko Zerbitzua.

c)  Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko Zuzendaritza Nagusia:

— Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzua.

— Gizarte Inklusioko eta Indarkeria Matxistaren Emakume Biktimen Arretako Zerbitzua.

d)  Erakunde Publikoen Zuzendaritza Nagusia.

e)  Idazkaritza Teknikoa.

2.  Gizarte Politiketako Departamentuari atxikitzen zaizkio «Fundación Uliazpi» eta «Kabia» foru organismo autonomoak.

3.  Halaber, departamentu honi atxikita gelditzen dira:

a)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseilua. 

b)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ezinduen Kontseilua.   

c)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Gizarteratze Gaietako Aholku Kontseilua.

3. artikulua.  Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.     

2.  Bere eginkizunak betetzeko, foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz departamentuko beste organo batzuei esleitutakoak.

3.  Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.

4. artikulua.  Zuzendaritza nagusiak.

1.  Zuzendari nagusiak departamentuko zuzendaritza organoetako titularrak dira eta beren gain hartzen dituzte haien buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizunak betetzea dagokie:

a)  Gobernu programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.    

b)  Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

c)  Zuzendaritza nagusiko zerbitzuen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d)  Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta beren eskumenen eremuaren barruan.

e)  Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.

2.  Funtzio horiek betetzeko, deskontzentrazio arauei jarraikiz, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute zuzendari nagusiek:              

a)  Laguntzen, dirulaguntzen eta bestelako transferentzien arloan:

— Dagozkion aurrekontu programetan eta hala ezartzen duten oinarri arautzaileetan aurreikusitako laguntzak eta dirulaguntzak ematea: betiere 18.000,00 eurora artekoak.

— Organo eskudunek aurretik baimendutako eta xedatutako gastuei dagozkien ordainketak egitea, zenbatekoa edozein delarik ere.

b)  Kontratazioaren arloan:

— Beren zuzendaritza nagusiko gaietan kontratazio espedienteak onartzea eta kontratu horiek esleitzea, kontratuaren balio zenbatetsia 75.000 euro edo gutxiago denean; berekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea eta Sektore Publikoko kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak.

— Aurrez baimenduta dauden kontratuetatik eratorritako obra ziurtagiriak eta bestelako ordainketak onartzea eta egitea, edozein zenbateko dutela ere.

— Bermeak ezereztu eta itzultzea.

c)  Zehapenen arloan:

— Gizarte zerbitzuen alorreko arau-hauste administratibo arinei buruzko espedienteak ebaztea.

3.  Deskontzentrazio arauei jarraikiz esleitu zaizkien eskumenak erabiliz zuzendari nagusiek hartzen dituzten ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.

5. artikulua.  Zerbitzu buruzagitzak.

1.  Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.  Zehazki, eginkizun hauek dagozkie:

a)  Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko Kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.

b)  Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuak adieraztea, eta horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea.

c)  Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.

d)  Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)  Zerbitzuko barne araubidea betetzen den kontrolatzea, eta gorabeheren berri ematea.

f)  Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobea eskaintzeko xedez.

g)  Esleitzen edo eskuordetzen zaizkion eginkizunak betetzea.

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKO ETA FUNTZIONALA

1. ATALA.  ‑Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zuzendaritza Nagusia

6. artikulua.  Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

1.  Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zuzendaritza Nagusiak eginkizun hauek izango ditu:

a)  Zerbitzuak planifikatu eta antolatzeko, eman beharreko informazioa ematea.

b)  Pertsonen autonomia errazten eta pertsonen mendekotasunari aurrea hartu ala hori murrizten duten programak sustatzea.

c)  Gizarte baliabideak eta baliabide soziosanitarioak sortzea mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonentzat.     

d)  Zuzendaritza nagusiaren jardun esparruko programen eta zerbitzuen plan integralak eta estrategikoak egiteko irizpideak prestatzea.

e)  Foru Aldundiak adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen partaidetzarako sortzen dituen kontsulta organoetan parte hartzea.

f)  Departamentuaren plan integraletan eta estrategikoetan jasotako gizarte zerbitzuen dagozkion politikak garatzea.          

g)  Gizarte baliabideen esleipena ebaztea.             

h)  Bere jardun eremuko gizarte baliabideen arreta, Kudeaketa eta diseinua hobetzeko proposamenak egitea.

i)  Administrazioen arteko harremanak sustatzea mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko arloan eskumena duten gainerako administrazioekin, bereziki Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalekin.         

j)  Gizarte zerbitzuen eremutik, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez araututako arreta goiztiarreko esku hartze ereduaren garapena gidatzea eta bultzatzea.     

k)  Lankidetzako harreman iraunkorrak izatea gizarte ekimeneko erakundeekin, beren xedearen arabera zuzendaritza nagusiko eginkizun eta esparruekin lotura bat dutenekin; eta erakunde horiek gizarte errealitateari buruz ematen duten informazioa jaso eta eraginkor bihurtzea.

l)  Bere kargupeko zerbitzuen zereginak zuzendu eta kontrolatzea, departamentuaren helburuak betetzeko zuzendaritza nagusiaren eginkizunetan eta jardun esparruetan.

2.  Bere eginkizunak betetzeko, 4.2. artikuluan aipatutakoez gain, gai hauetan ere ebazteko eskumena eduki eta erabiliko du Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusiak, deskontzentrazio arauei jarraikiz:

a)  Mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonentzat gizarte zerbitzuen nahiz zerbitzu soziosanitarioen zentroetan plaza publiko eta hitzartuetarako sarbidea baimentzea.

b)  Mendekotasunaren balorazioari buruz ebaztea.

c)  Desgaitasunaren balorazioari buruz ebaztea.

d)  Laguntza teknikoen erabilera lagatzeari buruz ebaztea.

7. artikulua.  Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zerbitzua.

Titularraren ardurapean, honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:

a)  Mendekotasunaren balorazioa egitea.

b)  Baliabide soziosanitario batean sartzea eskatzen dutenen balorazio mediko, psikologiko eta soziala egiten duen batzordean parte hartzea.

c)  Desgaitasunaren balorazioa egitea.

d)  Mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonak gizarte baliabide egokienetara bideratzea.        

e)  Arreta goiztiarrean esku hartzeko eredua garatzea eta gauzatzea, gizarte zerbitzuen eremutik eta gainerako administrazioekin koordinatuta.

f)  Zuzendaritza nagusiaren eskumeneko gizarte baliabideetarako eta baliabide soziosanitarioetarako sarbideak kudeatzea.

g)  Mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonentzako foru eskumenekoak diren arretarako programak eta zerbitzuak kudeatzea.

h)  Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako programak eta baliabideak diseinatzea eta ebaluatzea.

i)  Lankidetzako harreman iraunkorrak izatea udalekin eta gizarte ekimeneko eta gainerako erakundeekin, beren xedearen arabera zuzendaritza nagusiko eginkizun eta esparruekin lotura bat dutenekin.

j)  Bere eremuan sortzen diren kontsulta, kexa eta erreklamazioei erantzutea, departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

k)  Esleitzen zaizkion jarduera eta programak kudeatzea.    

2. ATALA.  ‑Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako Zuzendaritza Nagusia

8. artikulua.  Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

1.  Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako Zuzendaritza Nagusiak eginkizun hauek izango ditu:

a)  Departamentuaren plangintza estrategikoa egitea eta plangintza hori betetzen den ebaluatzea.

b)  Foru eskumeneko gizarte zerbitzuetan zer eredu landu behar den definitzea.

c)  Udalekiko eta beren oinarrizko gizarte zerbitzuekiko lankidetza koordinatzea.

d)  Mankomunitateak eta beste udal-elkarte batzuk sustatzea gizarte zerbitzuak emateko.

e)  Gizarte berrikuntza sustatzea, gizarte zerbitzuen eremuko ikerketaren eta azterketaren bidez.

f)  Gizarte zerbitzuen itun eta kontratazio publikoak zuzentzea; eta, horretarako, zerbitzuko ereduak eta estandarrak definitzea eta jarraipeneko, ekonomia azterketako eta ekonomia Kudeaketako tresnak finkatzea.

g)  Gizarte zerbitzuen hornitzaileekin adostutako baldintzak modu eraginkor eta efizientean betetzen direla aztertzea.          

h)  Gizarte zerbitzuen alorrean departamentuko estrategiak eta planak betetzeko behar diren gizarte ekipamendu propioak proposatzea.

i)  Gizarte ekipamendu propioak eta besterenak araudiarekin –eta, hala balegokio, kontratazioarekin eta ituntzearekin– bat datozela gainbegiratzea eta bermatzea, baimentze-, homologazio- eta ikuskaritza-zereginen bidez.     

j)  Jarraibideak proposatzea Gizarte Ekimeneko Laguntza Plana eta departamentuaren Inbertsio Plana egiteko.

k)  Departamentuko sistema informatikoa koordinatzea.

l)  Foru eskumeneko gizarte zerbitzuetako zentroetan eta zentro soziosanitarioetan plaza publiko edo itunduak betetzeagatik erabiltzaileek ordaindu beharreko diru ekarpena zehaztea.

m)  Departamentuaren eskumenekoak diren prestazio ekonomikoak kudeatzea.

n)  Bere kargupeko zerbitzuen zereginak zuzendu eta kontrolatzea, departamentuaren helburuak betetzeko zuzendaritza nagusiaren eginkizunetan eta jardun esparruetan.

2.  Bere eginkizunak betetzeko, 4.2. artikuluan aipatutakoez gain, gai hauetan ere ebazteko eskumena eduki eta erabiliko du Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusiak, deskontzentrazio arauei jarraikiz:

a)  Departamentuak kudeatzen dituen aldizkako prestazio ekonomikoak emateari, ukatzeari, eteteari eta ezeztatzeari buruz ebaztea; bidegabe jasotako prestazioak itzul ditzaten eskatzea interesdunei; sortutako zorrak atzeratzea edo zatikatzea baimentzea, nahiz zor horien Kudeaketarekin zerikusirik duen beste edozein jarduketa eta komunikazio gauzatzea.               

b)  Foru eskumeneko gizarte zerbitzuetako zentroetan eta zentro soziosanitarioetan plaza publiko edo itunduak betetzeagatik erabiltzaileek zenbateko diru ekarpena egin behar duten ebaztea.

9. artikulua.  Plangintzako, Ituneko eta Prestazio Ekonomikoetako Zerbitzua.

Titularraren ardurapean, honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:

a)  Gipuzkoako Lurralde Historikoan gizarte zerbitzuetan dauden premiak eta eskaera detektatzea eta ebaluatzea.

b)  Premia eta eskaera horiei erantzuteko, Departamentuaren jarduna planifikatzea, beste administrazioekin eta gizarte eragileekin elkarlanean.

c)  Departamentuak egindako edo parte hartutako plan, programa eta proiektuak ikuspegi estrategiko batetik ebaluatzea. 

d)  Departamentuaren jardunari buruzko informazio aipagarriena eskuratu, ustiatu eta aztertzea; eta interesdun guztien eskura jartzea.

e)  Udalez gaindiko Kudeaketa sustatzea gizarte zerbitzuak emateko.

f)  Gizarte berrikuntzara bideratutako jarduera eta gizarte zerbitzuen arloan departamentuarentzat lehentasunezko interesekotzat jotzen diren ikerketa eta azterlan proiektuak koordinatzea.

g)  Foru eskumeneko gizarte zerbitzuetako zentroetan eta zentro soziosanitarioetan plaza publiko edo itunduak betetzeagatik erabiltzaileek ordaindu beharreko diru ekarpena proposatzea.

h)  Departamentuaren eskumeneko prestazio ekonomikoen eskaerak kudeatzea, kasu bakoitzean bete beharreko xedapenak eta araudiak betez.

i)  Udalen eta Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuetako langileei aholku ematea eta horiek trebatzea prestazio ekonomikoen gaian.

j)  Departamentuko eskumeneko gizarte zerbitzuen Kudeaketa itunduko eredua proposatzea, horrek dakartzan kostuak definituta.

k)  Gizarte zerbitzuen, programen eta itundutako edo kontratatutako jardueren prezio eta baldintza ekonomikoak proposatzea.

l)  Departamentuaren prestazio-hitzarmenak eta programak kudeatzea.

m)  Jarduera itundu edo kontratatuaren baldintza ekonomikoak aztertzeko, kudeatzeko eta proposatzeko tresnak egitea.     

n)  Itundutako jarduera kontrolatzea eta ebaluatzea eskatutako informazioaren azterketaren bidez.

ñ)  Kontratuen gauzatzea kontrolatzea eduki ekonomikoko baldintzak betetzeari dagokionez.

o)  Bere eremuan sortzen diren kontsulta, kexa eta erreklamazioei erantzutea, departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

p)  Esleitzen zaizkion jarduera eta programak kudeatzea.   

10. artikulua.  Ikuskapeneko, Inbertsioetako eta Gizarte Ekimeneko Zerbitzua.

Titularraren ardurapean, honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:

a)  Bere eskumen eremuan, lurralde historikoko gizarte zerbitzuen baimena, homologazioa eta, hala balegokio, akreditazioa proposatzea, indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

b)  Gizarte zerbitzuei eta zentroei dagokienez aplikagarria den legeriaren inguruko kontsultetan aholku ematea.    

c)  Zerbitzuen ikuskapenak planifikatzea, egitea eta haien berri ematea, bai araudiz ezarriak direnak, bai gertakari edo erreklamazioen ondorioz egiten direnak.

d)  Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan departamentuak ematen dituen prestazioen eta zerbitzuen zerrendako programak eta zerbitzuak kualitatiboki ebaluatzea.

e)  Departamentuaren eskumenaren barruan, gizarte ekimenarekiko lankidetza prestatu, garatu eta kontrolatzea, departamentuak emandako irizpideak betez.

f)  Departamentuak berak ezarritako irizpideei jarraikiz, departamentuko Inbertsioen Plana prestatu, garatu eta kontrolatzea.            

g)  Departamentuko zerbitzuetara atxiki beharreko edo atxikitako higiezinen erosketa, eraikuntza edo egokitzapena sustatzea, departamentuak emandako irizpideak betez.

h)  Departamentuari atxikitako ondasunak eraikitzeko eta eraberritzeko proiektuak gainbegiratzea.

i)  Departamentuari atxikitako higiezinen mantentze-lanen jarraipena eta gainbegiratzea egitea.

j)  Bulegoen banaketa fisikorako proposamenak egitea; eta horien eta bertako instalazioen mantentze-lanak eta konponketak kudeatzea.

k)  Bere eremuan sortzen diren kontsulta, kexa eta erreklamazioei erantzutea, departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

l)  Esleitzen zaizkion jarduera eta programak kudeatzea.     

3. ATALA.  ‑Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko Zuzendaritza Nagusia

11. artikulua.  Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

1.  Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko Zuzendaritza Nagusiak eginkizun hauek izango ditu:

a)  Zerbitzuak planifikatu eta antolatzeko, eman beharreko informazioa ematea.

b)  Adingabeentzat eta bazterketa larrian dauden pertsonentzat gizarte baliabideak sortzea sustatzea.

c)  Zuzendaritza nagusiaren jardun esparruko programa eta zerbitzuen plan integralak eta estrategikoak egiteko irizpideak prestatzea.

d)  Departamentuaren plan integraletan eta estrategikoetan biltzen diren gizarte zerbitzuen politikak garatzea.

e)  Dagozkion gizarte baliabideen esleipena ebaztea.          

f)  Gizarte baliabideen arreta eta Kudeaketa hobetzeko proposamenak egitea.

g)  Administrazioen arteko harremanak bultzatzea, haurren babeseko eta gizarte inklusioko alorretan eskumena duten gainerako administrazioekin; batez ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalekin.

h)  Lankidetzako harreman iraunkorrak izatea gizarte ekimeneko erakundeekin, beren xedearen arabera zuzendaritza nagusiko eginkizun eta esparruekin lotura bat dutenekin; eta erakunde horiek gizarte errealitateari buruz ematen duten informazioa jaso eta eraginkor bihurtzea.

i)  Bere kargupeko zerbitzuen zereginak zuzendu eta kontrolatzea, departamentuaren helburuak betetzeko zuzendaritza nagusiaren eginkizunetan eta jardun esparruetan.

2.  Bere eginkizunak betetzeko, 4.2. artikuluan aipatutakoez gain, gai hauetan ere ebazteko eskumena eduki eta erabiliko du, Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko zuzendari nagusiak, deskontzentrazio arauei jarraikiz:

a)  Gizarte bazterketa edo marjinazio egoeran dauden pertsonei gizarte inklusioko baliabideetan sartzeko baimena ematea.

b)  Indarkeria matxistaren biktima izan diren pertsonei laguntza psikologikoaren edota juridikoaren prestazioak jasotzeko eta dagozkien zerbitzuetan sartzeko baimena ematea.

c)  Adingabeen arrisku larriko egoera deklaratzea; eta berehalako arreta emateko beharrezkoak diren neurriak hartzea.       

d)  Babes neurriak dituzten adingabeen zaintza gauzatzeko modalitateari buruz eta jatorrizko familiarekin eta hurbileko pertsonekin bisitak eta harremanak izateko araubideari buruz ebaztea.

e)  Nortasun datuak eta jaiotza datak aldatzea babes neurriak dituzten adingabeei.

f)  Familia harrerarako egokitasun eskaintzei eta familia harrerako prozedurekin lotutako neurri guztiei buruz ebaztea.         

g)  Adopziorako egokitasun eskaerei eta adopzio prozedurekin lotutako neurri guztiei buruz ebaztea.         

h)  Adoptatutako pertsonen jatorri biologikoei buruzko informazio eskaerak eta babes espedienteak ikusteko eskaerak ebaztea.

i)  Arrazoi humanitarioengatik atzerritar adingabeen aldi baterako leku-aldatze programetarako txosten eskaerak ebaztea. 

j)  Baimena ematea adin nagusitasunera iristen diren tutoretzapeko adingabeek babeseko egoitza baliabideetan eta harrera familietan egoteko egonaldia luzatzeko.

k)  Familia ugarien tituluak ematea eta ukatzeari buruz ebaztea.

12. artikulua.  Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzua.      

Titularraren ardurapean, honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:

a)  Haurren babeseko alorreko lan ereduak diseinatzeko eta hobetzeko estrategiak ezartzea, udalekin koordinatuta.             

b)  Garapeneko planak sustatzea eta elkarlanean jardutea gizarte babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeekin lan egiten duten gizarte eragileekin.

c)  Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen gaietan foru eskumenekoak diren programak, adingabeen pertsona gisako hazkuntza eta gazteen emantzipazio prozesua ahalbidetzera zuzendutakoak, diseinatzea eta kudeatzea.        

d)  Haurren babesgabetasun egoeren balizko kasuak ebaluatu eta erabakitzea, arriskua edota babesgabetasuna detektatzeko sistema baten bidez.

e)  Adingabeak bere inguruan jarrai dezan sustatzea, babesgabetasun egoerarik ez dagoela eta bere beharrak asetzen direla bermatuz.

f)  Familia eta egoitza harrerako sistemak sustatzea, adingabeen garapena ahalbidetzeko, betiere horien ezaugarri eta beharrizanak aintzat hartuz.

g)  Estatuko nahiz nazioarteko adopzio prozesuak kudeatzea.

h)  Gipuzkoar familien arreta sustatzea.

i)  Prebentzio jarduketak garatzea Gipuzkoako haur eta nerabeei arriskua edo beharra dakarkieten kasuei begira.

j)  Lankidetzako harreman iraunkorrak izatea gizarte ekimeneko erakundeekin, beren xedearen arabera zerbitzuko eginkizun eta esparruekin lotura bat dutenekin.

k)  Bere eremuan sortzen diren kontsulta, kexa eta erreklamazioei erantzutea, departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

l)  Esleitzen zaizkion jarduera eta programak kudeatzea.     

13. artikulua.  Gizarte Inklusioko eta Indarkeria Matxistaren Emakume Biktimen Arretako Zerbitzua.

Titularraren ardurapean, honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:

a)  Gizarte bazterketa egoeran edo hori jasateko arriskuan dauden pertsonak baloratzea.

b)  Gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarte baliabide egokienetara bideratzea.

c)  Zerbitzuaren ardurapeko gizarte prestazio eta baliabideetarako sarbideak kudeatzea.

d)  Talde baztertuenen enplegua lortzeko eta mantentzeko gaitasuna kudeatzea eta sustatzea; eta arreta berezia jartzea desgaitasunaren alorrean lanpostuak sortzean.

e)  Gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran daudenentzako programak eta baliabideak diseinatzea eta kudeatzea.

f)  Gizarte inklusioaren alorreko lan eredua diseinatzeko eta hobetzeko estrategiak ezartzea, udalekin lankidetzan.

g)  Indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako gizarte inklusioko ekintzak eta programak diseinatzea, kudeatzea eta ebaluatzea.

h)  Larrialdi sozialei arreta soziala emateko programak diseinatzea, kudeatzea eta ebaluatzea Gipuzkoako lurraldean.

i)  Lankidetzako harreman iraunkorrak izatea gizarte ekimeneko erakundeekin, beren xedearen arabera zerbitzuko eginkizun eta esparruekin lotura bat dutenekin.

j)  Bere eremuan sortzen diren kontsulta, kexa eta erreklamazioei erantzutea, departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

k)  Esleitzen zaizkion jarduera eta programak kudeatzea.    

4. ATALA.  Erakunde Publikoen Zuzendaritza Nagusia

14. artikulua.  Erakunde Publikoen Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Erakunde Publikoen Zuzendaritza Nagusiak eginkizun hauek izango ditu:

a)  Gizarte Politiketako Departamentuari atxikita dauden erakunde autonomoen funtzionamendu arrunta koordinatzea.

b)  Erakunde autonomoen plan estrategikoetarako jarraibideak proposatzea.

c)  Erakunde autonomoen Kudeaketa arruntaren arduradunekin etengabeko lankidetza izatea.

d)  Erakunde autonomoen eta Gizarte Politiketako Departamentuko zuzendaritza nagusien arteko koordinazio eta komunikazio prozedurak zehaztea.

e)  Erakunde autonomoen jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako helburuetara egokitzen den kontrolatzea.     

f)  Gizarte Politiketako Departamentuko zentro propioak kudeatzea.

5. ATALA.  Idazkaritza Teknikoa

15. artikulua.  Idazkaritza Teknikoaren eginkizunak.

1.  Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren mendean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusien mendean funtzionalki; eta eginkizun hauek beteko ditu, departamentuaren eskumenen barruan:

a)  Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak onartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)  Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)  Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)  Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.

e)  Departamentuko fede publikoa erabiltzea.

f)  Departamentuaren erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)  Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuta.

h)  Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.

i)  Departamentuko jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)  Departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.             

k)  Herritarren harrera eta informaziorako zerbitzuak antolatzea eta kudeatzea departamentuari dagozkion gaietan.            

l)  Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroa kudeatzea eta mantentzea.

m)  Familia ugarien titulu eskaerak izapidetzea.   

n)  Gizarte ekintzaren alorreko boluntariotza koordinatzea, Gizarte Ekimenaren Laguntzarako Planaren Kudeaketa eta kontrola barne.

ñ)  Lanpostuak behar den ekipamenduaz hornitzea.           

o)  Lankidetzan jardutea Gobernantza Departamentuarekin, langile gaietan dituen funtzioak garatzeko.

p)  Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak gauzatzea, hala balegokio.

q)  Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien Kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.

r)  Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.   

s)  Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

2.  Idazkari teknikoa izango da instruktore Gizarte Politiketako Departamentuaren gaietan bideratutako zehapen prozeduretan.

Instruktore zeregina betetzean ez du inolako mendekotasun funtzionalik izango.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusiak ordeztea.

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean, edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, egotzita dauzkaten eskumenak eta eginkizunak zuzenean foru diputatuak beteko ditu; edo, bestela, hark izendatzen duen zuzendari nagusiak.

Bigarren xedapen gehigarria.  Antolaketa-egokitzapenak.

Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere onarpenak eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio Gobernantza Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabeturik geratzen dira Gizarte Politikako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko uztailaren 19ko 21/2016 Foru Dekretua, eta foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko urriaren 20a.

                                                           Diputatu Nagusia,         
                                                      Markel Olano Arrese.

                  Gizarte Politiketako
                     Departamentuko
                      Foru Diputatua,
                  Maite Peña López.             

           Gobernantza Departamentuko
                      Foru Diputatua, 
           Eider Mendoza Larrañaga.       (5535)