GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
BIDE AZPIEGITURETAKO
DEPARTAMENTUA
20/2020 Foru Dekretua,
urriaren 20koa, Bide Azpiegituretako Departamentuaren egitura organikoari eta
funtzionalari buruzkoa.
Bide Azpiegituretako
Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak, eta horretarako beharrezkoa
duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren: diputatu nagusiaren
ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak,
12. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru
Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 8. artikuluan.
3/2019 Foru
Dekretuaren 12. artikuluari jarraikiz, aurreko agintaldian zituen jardun
esparru eta funtzio berdinak izango ditu Bide Azpiegituretako Departamentuak
errepideen arloan, non eskumen osoa baitauka Gipuzkoako Lurralde
Historikoak, bi lege nagusi hauetatik datorrena: Euskal Herriaren Autonomia
Estatutua (10.34 artikulua) eta Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere
Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoa azaroaren
25eko 27/1983 Legea –7. artikuluaren a) 8. apartatua–; alde batera utzi gabe
arlo horretan erregimen komuneko aldundiei dagozkien funtzioak.
Halaber, diputatu
nagusiaren irailaren 29ko 6/2020 Foru Dekretuak egindako aldaketaren ostean,
zituen, bizikleta bideen azpiegituren arloko funtzio jakin batzuk beteko
ditu agintaldi honetan ere, baina aurrekoan baino mugatuagoak.
19/2019 Foru
Dekretuaren 8. artikuluak, berriz, departamentuari esleitutako jardun
esparruei eta funtzioei erantzuten dien oinarrizko konfigurazio organikoa
finkatzen du, aurreko agintaldian bezala bi zuzendaritza nagusik osatutakoa;
ondorengo hauek, hain zuzen: Errepide Zuzendaritza Nagusiak eta izena aldatu
zaion Plangintza eta Ustiaketa Zuzendaritza Nagusiak.
Horrez gain, kontuan
izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta
Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren
oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira
horiek aplikatu eta ezartzeko.
Horrenbestez, Bide
Azpiegituretako Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzea
da foru dekretu honen xedea.
Horrela bada, Gipuzkoako
Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari
buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan
xedatutakoaren arabera, Bide Azpiegituretako Departamentuko foru
diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta
eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,
honako hau
XEDATZEN DUT
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Departamentuaren
eginkizunak eta eskumenak.
1. Bide
Azpiegituretako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarea planifikatzea.
b) Lurralde Historikoko errepide sarea eraikitzea; baita errepideak
eraikitzeko proiektuetan sartutako bizikleta bideen azpiegiturak ere, horien
trazatua errepidearen plataforma ondotik doanean.
c) Lurralde Historikoko errepide sarea artatzea eta ustiatzea.
d) Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan
dauden bizikleta bideen sarearen ohiko artatze-lanak gauzatzea, eta sare
hori zaintzea nahiz ustiatzea.
e) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak
gauzatzea.
2. Horiez
gain, Bide Azpiegituretako Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien, zerbitzuen
eta unitate organikoen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu
Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako
proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.
Xede horrekin,
lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz
koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.
2. artikulua. Oinarrizko
egitura organikoa.
1. Departamentuko
titularraren zuzendaritzapean, departamentua ondoren adierazten diren unitate
organikoetan egituratzen da:
a) Errepide Zuzendaritza Nagusia:
— Artapeneko eta
Sistema Adimendunetako Zerbitzua.
— Bide Azpiegituren
Proiektuetako eta Eraikuntzako Zerbitzua.
— Bide Azpiegituren
Birgaitze Zerbitzua eta Bulego Teknikoa.
b) Plangintza eta Ustiaketa Zuzendaritza Nagusia:
— Plangintza eta
Ustiaketa Unitatea.
— Kontratazio Zerbitzua.
c) Idazkaritza Teknikoa.
2. Departamentuari
atxikitzen zaio Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia-Agencia
Guipuzcoana de Infraestructuras SA foru sozietate publikoa.
3.
artikulua. Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Diputatuen
Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru
diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez,
unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.
2. Bere
zereginak betetzeko, foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako
Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari
buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran,
departamentuak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru
arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz
departamentuko beste organo batzuei esleitutakoak.
3. Foru
diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez
edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.
4.
artikulua. Zuzendari nagusiak.
1. Zuzendari
nagusiak departamentuko zuzendaritza organoetako titularrak dira, eta haien
buruzagitza eta erantzukizuna hartzen dituzte beren gain. Hortaz, oro har
uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain,
ondoko eginkizunak betetzea dagokie:
a) Gobernu programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi
estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren
politika publikoetan.
b) Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor
hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza,
giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.
c) Zuzendaritzako zerbitzuen programazioa, koordinazioa eta
jardueren kontrola.
d) Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru
diputatua ez dagoenean eta bakoitzak bere eskumenen eremuaren barruan.
e) Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari
jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.
2. Eginkizun
horiek betetzeko, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute
zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:
a) Kontratazio arloan:
— Beren zuzendaritzako
gaietan obra proiektuak eta kontratazio espedienteak onartzea eta dagozkion
kontratuak adjudikatzea, balio zenbatetsiak zenbateko hauek gainditzen ez
dituenean: 200.000 euro obren kasuan, eta 60.000 euro hornidura eta zerbitzuen
kasuan; eskumen horrek berekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea
eta sektore publikoko kontratuei buruz indarrean dagoen legeriak kontratazio
organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak gauzatzea.
— Zuzendaritza
nagusiak kudeatutako kontratuen adjudikaziodun diren enpresek aurkezten
dituzten segurtasun eta osasun planak onartzea.
— Zuzendaritza
nagusiak kudeatutako kontratuen lan programak onartzea, sektore publikoko
kontratuei buruzko legeriak aurreikusitakoaren arabera.
— Segurtasun eta
osasun arloko koordinatzailea izendatzea berak adjudikatutako eraikuntza
obretan.
— Zuzendaritza
nagusiak kudeatutako kontratuei dagozkien ziurtagiriak eta konturako
ordainketak onartu eta ordaintzea, haien zenbatekoa dena dela.
— Administrazio
klausula partikularren orrian aurreikusitako zigorrak ezartzea berak
adjudikatutako kontratuetan.
— Berak
adjudikatutako kontratuetako obra, hornikuntza, zerbitzu eta bestelako
prestazioak jasotzea.
— Berak
adjudikatutako kontratuetan bermeak kitatu eta itzultzea.
b) Bestelako arloetan:
— 60.000 eurorainoko
beste edozein gastu baimentzea.
— 60.000 eurorainoko
edozein ordainketa egitea, aldez aurretik baimendutako gastuak badira.
— Oro har,
partikularren eta administrazio publikoen eskaerak ebaztea, betiere 60.000 euro
baino gehiagoko gastu konpromisorik ez badakarte.
— Bermeak kitatu eta
itzultzea.
— Bere zuzendaritza
nagusiko zerbitzuak kudeatzeko planak onestea.
3. Deskontzentrazioko
arauen arabera esleitu zaizkien eskumenak baliatuz zuzendari nagusiek ematen
dituzten ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio bideari, eta haien
aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke departamentuko foru diputatuaren
aurrean.
5.
artikulua. Zerbitzuburuak.
1. Zerbitzuburuen
eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan,
erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza
nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat
harturik.
2. Zehazki,
eginkizun hauek dagozkie:
a) Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta
zerbitzuko Kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak,
baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.
b) Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuak
adieraztea, eta horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea.
c) Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen
zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.
d) Planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea beren
ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana.
e) Zerbitzuko barne araubidea betetzen den kontrolatzea, eta
gorabeheren berri ematea.
f) Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu
eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta
arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea
herritarrari zerbitzu hobea eskaintzeko xedez.
g) Esleitzen edo eskuordetzen zaizkion eginkizunak betetzea.
II. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKO ETA FUNTZIONALA
1. ATALA. Errepide
Zuzendaritza Nagusia
6.
artikulua. Errepide Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.
Errepide Zuzendaritza
Nagusiari dagokio ondoko eginkizunak betetzea, bertako titularraren buruzagitzaren
eta erantzukizunaren pean:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarea proiektatzea eta
eraikitzea; baita errepideen eraikuntza proiektuetan sartutako bizikleta
bideak ere, foru dekretu honen 1.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sareko bide azpiegituretan
egin beharreko inbertsioak programatzea.
c) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarea artatzea; eta
Bizikleta Bideen Sarearen ohiko artatze-lanak gauzatzea, foru dekretu honen
1.1.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
d) Bidegi SAk bere ardurapeko errepideetan egindako lanen
koordinazio teknikoa, bere eskumeneko gaietan eta zuzendaritza nagusiko zerbitzuen
bitartez.
e) Lurralde Historikoko Errepideen Sarearekin zerikusia duten
gaietan, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko erakundeekin harremanak
izatea, eta erakunde horiekin koordinatzea.
7.
artikulua. Artapeneko eta Sistema Adimendunetako Zerbitzua.
1. Titularraren
ardurapean, zerbitzu honi dagokio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide
Sareko eta Bizikleta Bideen Sareko bideak artatzea eta kudeatzea eta,
horretarako: bide azpiegiturak eta horien elementuak egoera onean mantentzeko
eta segurtasun baldintza egokiak bermatzeko behar diren planak eta
proiektuak idatzi, obrak gauzatu, eta operazioak eta zerbitzuak kudeatzea;
eta, halaber, bide-zaintzari bideratutako laguntza kudeatzea.
2. Hain
zuzen, eginkizun hauek dagozkio aurreko atalean ezarritakoa garatzeko:
a) Egunean jartzea errepideak eta bizikleta bideak artatzeko
gaiei buruzko araudi teknikoa.
b) Harremanetan egotea entitate publiko nahiz pribatuekin, bide-zaintza
kudeatzeko ideia berritzaileak definitu eta gauzatzeko.
c) Bide zerbitzuaren kalitatea kudeatzea, bide-zaintzari
bideratutako jardueren bidez, neguko bide-zaintzaren bidez eta bideen ohiko
artapen eta zaintza jardueren bidez.
d) Bide ondarea babestea, ohiko artapenerako jarduketak kudeatu eta
planifikatzeko sistemak erabiliz, eta errepideko elementuak hobetu eta
araudira egokituz.
e) Teknologia berriak sustatzea, eraginkortasun operatiboaren bila,
garraioari lotutako sistema adimendunak sartuta, Errepideak Kudeatzeko
Zentroa funtzionalki garatuta, eta energia eraginkortasuna oinarrizko
elementu gisa integratuta jarduketa guztietan.
f) Errepideak erronka teknologikoetara prestatzearekin zerikusia
duten azterlanak eta jarduerak bultzatzea.
g) Organo eskudunak agindutako proiektuak idatzi, eta obrak zuzendu
eta kontrolatzea.
8.
artikulua. Bide Azpiegituren Proiektuetako eta Eraikuntzako
Zerbitzua.
Titularraren
ardurapean honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:
a) Lurralde historikoko bide azpiegiturak eraiki edo hobetzeko
aldez aurreko azterlan, informazio-azterlan eta proiektuak idatzi edo zuzentzea.
b) Organo eskudunak agindutako obrak zuzendu eta kontrolatzea.
c) Bide azpiegitura berrien eta egokitze lanen eraikuntza eta
kalitatea kudeatu eta kontrolatzea.
9.
artikulua. Bide Azpiegituren Birgaitze Zerbitzua eta Bulego
Teknikoa.
Titularraren
ardurapean honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sareko bide azpiegiturak
konpontzeko eta birgaitzeko obra-proiektuak idatzi, eta obren zein zerbitzuen
kontratuak zuzentzea.
b) Errepideari lotutako informazio geografikoko sistemak eta bide
ondarea kudeatzekoak ezarri, mantendu, ustiatu eta garatzeko lanak sustatzea.
c) Araudi teknikoa egunean jartzea; eta, teknologia berrikuntzei
dagokienez, ingurumen mailan jasangarriak diren eraikuntza material eta
teknika berrien erabilera aztertu eta sustatzea.
d) Bide azpiegitura proiektuen ingurumen azterketak egin eta
berrikustea.
e) Bide azpiegituren proiektu eta obretan ingurumen babeseko eta
jasangarritasuneko jarduerak kudeatzea, eta horien jarraipena egitea.
f) Zarata-mapak eta zarataren aurkako ekintza-planak egitea, kudeatzea
eta horien jarraipena egitea.
g) Proiektuak eta obrak teknikoki gainbegiratzea.
h) Garraio berezietako baimen osagarrien eskaerei buruzko txostenak
egitea.
i) Errepideko elementuak hobetzeko eta araudira egokitzeko
jarduketak egitea.
j) Organo eskudunak agindutako proiektuak idatzi, eta obrak zuzendu
eta kontrolatzea.
2. ATALA. Plangintza
eta Ustiaketa Zuzendaritza Nagusia
10.
artikulua. Plangintza eta Ustiaketa Zuzendaritza Nagusiaren
eginkizunak.
1. Plangintza
eta Ustiaketa Zuzendaritza Nagusiari dagokio ondoko eginkizunak betetzea,
bertako titularraren buruzagitzaren eta erantzukizunaren pean:
a) Lurralde Historikoko Errepide Sarearen plangintza orokorra
egitea: Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra prestatzeko eta
jarraipena egiteko lanetan parte hartuz; eta Gipuzkoako Errepideen
Lurraldearen Arloko Plana prestatuz eta horren jarraipena eginez.
b) Lurralde Historikoko Errepideen Sarearekin zerikusia duten
gaietan, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko erakundeekin harremanak
izatea eta erakunde horiekin koordinatzea.
c) Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerriekin koordinatzea, eta
harremanak eta elkarrizketak izatea, bide azpiegiturei buruzko gaietan.
d) Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sareko bide azpiegituretan
egin beharreko jarduketak eta inbertsioak zehaztea.
e) Bide Azpiegituretako Departamentuak eta Bidegi SAk kudeatutako
errepide sarearen plangintzaren eta inbertsioen jarraipena egitea,
gainbegiratzea eta kontrolatzea.
f) Bide segurtasuna bide azpiegituren Kudeaketan txertatzea,
bide azpiegituren segurtasuna kudeatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta
Kontseiluaren azaroaren 19ko 2008/96/EB Zuzentarauaren arabera.
g) Bide azpiegituren bide segurtasuna ebaluatzea (bide
segurtasuneko ikuskapenak, bide segurtasuneko irizpideak eta istripu datuen
ustiaketa) eta jarduketak planifikatzea.
h) Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sarea eta Bizikleta Bideen
Sarea ustiatzea.
i) Kontratazio espedienteak prestatu eta horien jarraipen lana
egitea; eta kontratuen gauzatze, aldaketa eta iraungipenaren Kudeaketa,
jarraipen, aholkularitza eta kontrol lanak egitea, departamentuko zerbitzuekin
lankidetzan.
2. Bere
eginkizunak betetzeko, 4.2 artikuluan aipatutakoez gain, gai hauetan ere
ebazteko eskumena izan eta erabiliko du Plangintza eta Ustiaketako zuzendari
nagusiak, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:
a) Errepideen eta bizikleta bideen diziplina eta babesaren arloetan:
— Errepideei eta
bizikleta bideei buruzko legeriak aurreikusitako baimenak ematea ukatzea, eta
nahitaezko txostenak egitea, errepideen eta bideen herri jabari-gune eta
babesguneetan obrak eta jarduerak egiteko eta lurzorua erabiltzeko.
— Arau-hauste
administratiboengatik irekitako edozein espediente ebaztea, hauek izan ezik:
etxebizitza edo industria pabiloiak botatzeko aginduak ematea edo 60.000
eurotik gorako isuna jartzea.
— Errepideei eta
bizikleta bideei, edo haietako elementu funtzionalei, seinaleei edo balizei
eragindako kalteengatik erantzuteko espedienteak ebaztea.
b) Orokorrean:
— Departamentuaren
beraren edo Bidegi SAren zerbitzuak eskaintzeagatik ordaindu beharreko
tasak, prezio publikoak eta zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak likidatzea,
departamentuari atxikitako herri jabariaren aprobetxamendu bereziengatik ordaindu
beharrekoak barne.
— Zerbitzu
publikoen funtzionamenduak hirugarrenei eragindako kalteengatik irekitako
ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, erreklamatutako kalte-ordaina
60.000 euro edo gutxiagokoa denean.
— Bermeak eskatzea
eta itzultzea, hala dagokionean.
3. Plangintza
eta Ustiaketako zuzendari nagusiak ondare-erantzukizunaren arloan emandako
ebazpenek amaiera emango diote administrazio bideari eta horien aurka berraztertzeko
errekurtsoa jar daiteke zuzendariaren aurrean.
11.
artikulua. Plangintza eta Ustiaketa Unitatea.
Bere titularraren
erantzukizunpean, unitate horri ondorengo eginkizunak dagozkio:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra prestatzeko
eta jarraipena egiteko lanetan parte hartzea.
b) Gipuzkoako Errepideen Lurraldearen Arloko Plana prestatu eta
jarraipena egitea.
c) Departamentuari aholku eta laguntza ematea: errepideetako plangintza
eta errepideen azterlan eta proiektuak koordinatu ahal izateko lurralde eta
hiri antolaketako planekin eta bestelako arloko planekin.
d) Udal plan eta hirigintzako beste tresnekin koordinatzeko
ahalmena erabiltzea, Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu
bateratuak (ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arau-emaileaz onartuak)
xedatutakoa aplikatuz.
e) Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideen sarea eta udal sarbideak
koordinatzea.
f) Bidegi SAren eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren jarduketen
planifikazioa koordinatzea.
g) Errepideen eta bizikleta bideen eta haien babesguneen erabilera
kontrolatzea.
12.
artikulua. Kontratazio Zerbitzua.
Titularraren
ardurapean honako zeregin hauek dagozkio zerbitzuari:
a) Kontratazio espedienteak prestatu eta jarraipena egitea.
b) Kontratuen gauzatze, aldaketa eta iraungipenaren Kudeaketa,
jarraipen, aholkularitza eta kontrol lanak egitea, departamentuko zerbitzuekin
lankidetzan.
c) Departamentuko zerbitzuekin lankidetzan jardutea, kontratuetan
sartzen diren klausula sozialen, ingurumen klausulen eta beste politika
publiko batzuei dagozkien klausulen jarraipena eta kontrola egiteko.
3. ATALA. Idazkaritza
Teknikoa
13.
artikulua. Idazkaritza Teknikoaren eginkizunak.
Departamentuko
Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren mende dago hierarkikoki, eta zuzendari
nagusien mende funtzionalki, eta eginkizun hauek izango ditu,
departamentuaren eskumenen barruan:
a) Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak onartu
beharreko xedapen, egintza eta ebazpenen legezkotasun kontrola egitea.
b) Kontratazio espedienteak tramitatzea, eta haien legezkotasun
kontrola egitea.
c) Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien
jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein
pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu,
prestatu eta horien jarraipena egitea.
d) Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen
dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.
e) Departamentuko fede publikoa erabiltzea.
f) Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.
g) Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzu
eta zuzendaritzak koordinatuta.
h) Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.
i) Departamentuaren jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa
eta kontabilitate kontrola egitea.
j) Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea;
eta, halaber, departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak
kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko
beharrezko neurriak hartzea.
k) Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak
gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.
l) Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen
berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako unitateei esleitzen
dizkion eginkizunak gauzatzea, hala balegokio.
m) Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru
araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta
informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien Kudeaketaren eta
espediente elektronikoaren alorrean.
n) Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken
aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.
ñ) Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion
gainerako eginkizunak gauzatzea.
Lehen xedapen
gehigarria. Zuzendari nagusia ordezkatzea.
Errepideetako
zuzendari nagusiaren eta Plangintza eta Ustiaketa zuzendari nagusiaren
karguak bete gabe daudenean edo haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, batak
bestea ordeztuko dute esleituta dituzten eginkizunak eta eskumenak betetzen,
betiere departamentuko foru diputatuak berak funtzio eta eskumen horiek bere
gain berariaz hartzea erabakitzen ez badu.
Bigarren xedapen
gehigarria. Foru diputatuari dagozkion beste eskumen batzuk.
Departamentuko foru
diputatuak onartuko ditu uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.6. artikuluaren
2. paragrafoan eta 40.5.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz berak
adjudikatutako kontratuei dagozkien obren amaierako ziurtapenak eta kontratu
horien likidazioak, betiere zenbatekoa adjudikazio prezioaren % 10 baino gutxiago bada. Ahalmen horrek berekin ekarriko du,
behar denean, dagokion gastua ere onartzea.
Hirugarren xedapen
gehigarria. Antolaketa-egokitzapenak.
Foru dekretu hau
indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere onarpenak
eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio Gobernantza
Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.
Xedapen indargabetzailea.
Indargabetuta gelditzen
dira: Bide Azpiegituretako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari
buruzko uztailaren 19ko 20/2016 Foru Dekretua, eta foru dekretu honetan
aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapena. Indarrean
jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen
den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko
urriaren 20a.
Diputatu Nagusia,
Markel
Olano Arrese.
Bide
Azpiegituretako
Departamentuko
Foru Diputatua,
Aintzane
Oiarbide Iruretagoiena.
Gobernantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Eider
Mendoza Larrañaga. (5534)