GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
MUGIKORTASUNEKO ETA LURRALDE ANTOLAKETAKO DEPARTAMENTUA
19/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak eta horretarako beharrezkoa duen antolaketa ezartzen dute, hurrenez hurren, ondorengo hauek: diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 10. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 6. artikuluan.
Ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak izen bereko aurreko departamentuaren jardun esparru eta funtzio guztiak hartzen ditu bere gain, hala nola: garraioak eta plangintza; bizikleta bideen azpiegiturak; lurralde antolaketa eta kohesioa; hirigintza planen sustapena eta gainbegiratzea; lurraldearen sustapena eta lurzoruaren kudeaketa; Foru Aldundiak bere erabilera administratiboetarako behar dituen eraikinen eraikuntza eta birgaitzea; ondarearen kudeaketa teknikoa; eta lurralde informazioa.
Era berean, eragindako departamentuen artean esparru eta funtzioen banaketa argitze aldera, diputatu nagusiaren irailaren 29ko 6/2020 Foru Dekretuak 10. artikulu horren b) letra aldatu du: Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bizikleta bideen azpiegituren gainean dituen egitekoak zehazteko.
Bestalde, uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluak departamentuari esleitutako jardun esparru eta eginkizun horiei behar bezala erantzungo dien oinarrizko konfigurazio organikoa finkatzen du, bi zuzendaritza nagusi hauek osatutakoa: Mugikortasuna eta Garraio Publikoa; eta Lurralde Antolaketa.
Mugikortasun eta
garraio gaietan, Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagozkion eginkizun eta
eskumenak, oinarrian Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.32 artikulutik
datoz; eta ondorengo arau xedapen hauetan daude zehaztuta eta garatuta:
Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru
erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10.
artikuluan; uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan, garraio gaietako eskumenak
eskuordetzekoan; martxoaren 5eko 46/1985 Dekretuan nahiz martxoaren 5eko
30/1985 Foru Dekretuan, Garraioaren arloko Zerbitzuak Euskal Autonomia
Erkidego Osorako Erakundeetatik Gipuzkoako Lurralde Historikora eskualdatzekoan;
eta martxoaren 18ko 4/2004 Legean, Bidaiarien errepideko garraioarenean.
Errepide bidezko bidaiarien herriarteko garraioari dagokionez, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak kudeatzen ditu eskumen horiek, Lurraldebus markarekin.
Gainera, mugikortasun jasangarria sustatzearen arloan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 Foru Arautik eratorritako eskumenak erabiltzen dira.
Lurralde antolaketa eta hirigintza arloko eginkizunak eta eskumenak dira, alde batetik, 27/1983 Legeak 7. artikuluaren c) 5 paragrafoan –uztailaren 16ko 5/1993 Legeak eginiko idazketan– aurreikusitakotik eratorritakoak; eta, bestetik, maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak, Euskal Herriko Lurralde Antolaketakoak, eta ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoak, aurreikusitakoetatik eratorritakoak.
Eginkizun eta
eskumen horiei gehigarri gisa eransten zaizkie gainera, alde batetik, horiek
ondo eta zentzuz betetzearren, lurraldeari buruzko hausnarketa eta
antolaketari dagozkionak, lurralde informazioa antolatu eta mamitzekoak, eta,
oro har, Gipuzkoako lurraldean aurrera eramaten diren politiketan lurralde
ikuspegi antolatu eta orekatu bat lantzearekin eta zaintzearekin zerikusia
dutenak. Eta beste aldetik, lurrari buruzko politikarekin zerikusia dutenak,
horien xedetzat jarririk, lurralde premiei erantzuten laguntzea ez ezik,
lurralde osoaren ikuspegia galdu gabe erantzutea, lurraldearen garapen
orekatu eta antolatua kontu handiz zainduz.
Gipuzkoako Lurralde
Historikoaren ondareari dagozkion eginkizun eta eskumenak, uztailaren 9ko
8/1996 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarearenak, ezarritakotik
datozkio; eta Foru Aldundiaren ondasunak eta eskubideak kudeatu eta
administratu beharra dakar, ahal den erabilpen onena emango zaiela bermatzeko
helburuarekin, eskuratzeak, besterentzeak, errentan hartu edo emateak eta
ondarearen gaineko bestelako eragiketak, sustatu eta kudeatu behar dituelarik.
Eginkizun eta
eskumen horiez gainera, Foru Aldundiaren eraikin guztiak egitea, birgaitzea
eta zaharberritzea, departamentuei laguntza teknikoa eskainiz, eraikuntza
proiektuak gainbegiratuz, zerbitzu eta obra kontratuen zuzendaritza teknikoa
emanez eta departamentuetako eraikinak mantenduz; eta, azken batean, Foru
Aldundiak Gipuzkoako lurralde osoan dituen egoitzei buruzko politika definitzea.
Horrez gain, kontuan izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira horiek aplikatu eta ezartzeko.
Azaldutakoari jarraikiz, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzea da foru dekretu honen xedea.
Horrela bada,
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta
Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a)
eta 65. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Mugikortasuneko eta Lurralde
Antolaketako Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko
foru diputatuek batera proposatuta, Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran
eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATZEN DUT
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ondorengo jardun esparru eta eginkizunak dagozkio:
a) Gipuzkoarako mugikortasun jasangarriaren plan bat egitea, estatuan, autonomia-erkidegoan eta Europan daudenen osagarri, lurraldearen diagnostiko bat eta jardunbide egokien kode bat barne hartzen dituen kudeaketa-tresna gisa.
b) Mugikortasunaren eta garraio publikoaren eredu integrala sustatzea. Garraioak eta plangintza. Garraio azpiegiturek ahalbidetzen duten mugikortasun sistema integrala eta multimodala garatu eta sustatzea, Gipuzkoako garraio publikoaren eredua osatuko duena.
c) Bizikleta
bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen
Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen programazioa eta bizikleta
bideen obra guztien finantzazioa; errepideak eraikitzeko proiektuetan
sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea; ohiz kanpoko artatze-lanak;
foru bizikleta bideen mugaketa eta mugarriak jartzea; titulartasunen
eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta bideen erabileraren sustapena.
d) Lurralde antolaketa eta kohesioa.
e) Hirigintza planak sustatu eta gainbegiratzea.
f) Lurraldea sustatu eta lurzorua kudeatzea.
g) Foru Aldundiak bere erabilera administratiboetarako dituen eraikinak eraiki eta birgaitzea.
h) Ondare higiezinaren kudeaketa teknikoa.
i) Lurralde informazioa.
j) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Horiez
gain, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, bere zuzendaritza
nagusien eta zerbitzuen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu
Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako
proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.
Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.
2. artikulua. Oinarrizko egitura organikoa.
1. Bere
eskumenak betetzeko eta foru diputatuaren goi gidaritzapean, departamentuak
unitate organiko hauek ditu:
a) Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusia:
— Mugikortasun eta Garraio Zerbitzua.
b) Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia:
— Lurralde Plangintzako Zerbitzua.
— Arkitektura Zerbitzua.
— Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzua.
c) Idazkaritza Teknikoa.
2. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari atxikitzen zaizkio entitate hauekiko harremanak: Ortzibia SL, Irungo Aduana-Guneko Elkarte Sustatzailea SA (Zaisa) eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza.
3. artikulua. Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Diputatuen
Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru
diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez,
unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.
2. Bere eginkizunak betetzeko, foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz departamentuko beste organo batzuei esleitutakoak.
3. Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.
4. artikulua. Zuzendari nagusiak.
1. Zuzendari nagusiak dagokien zuzendaritza organoko titularrak dira, eta beren gain hartzen dituzte haren buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizun hauek betetzea dagokie beren zuzendaritza nagusian:
a) Gobernu
programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta
zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.
b) Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.
c) Zuzendaritza nagusiko eta zerbitzuen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.
d) Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta beren eskumenen esparruaren barruan.
e) Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.
2. Eginkizun horiek betetzeko, zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz, ondoko ahalmen eta eskumen hauek izan eta erabiliko dituzte:
2.1. Laguntza, dirulaguntza eta bestelako transferentzietan:
a) Horrela
arautzen duten oinarrietan eta dagozkion aurrekontu programetan aurreikusitako
laguntzak eta subentzioak ematea, 75.000,00 euro gainditzen ez badituzte.
b) Hitzarmen,
akordio edo egintza administratiboen bidez baimendutako gastuak ordaintzea,
zenbatekoa edozein dela ere. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa onuradunak
benetan egindako gastuari egokitu ahal izango dute.
2.2. Kontratazio arloan:
a) Proiektuak
onartzea; eta obra-, hornikuntza- eta zerbitzu kontratuetarako 75.000,00
euro arteko gastua baimentzea.
b) 75.000,00
euro arteko kontratuak esleitzea.
c) Esleipendunek
aurkezten dituzten Segurtasun eta Osasun planak eta hondakinak kudeatzeko
planak onartzea.
d) Kontratistek aurkeztutako lan egitarauak onartzea, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoaren arabera.
e) Berak esleitutako eraikuntza obretan, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailea izendatzea.
f) Obra ziurtapenak eta bestelako konturako ordainketak onartu eta ordaintzea, zenbatekoa edozein dela ere.
g) Kontratuko epeak betetzen ez badira, baldintza administratibo berezien agirietan aurreikusitako atzerapen zehapenak jartzea.
h) Harrera egitea obra, hornikuntza, zerbitzu eta bestelako prestazioetan.
i) Bermeak kitatu eta itzultzea.
2.3. Nahitaezko desjabetze gaietan, departamentuaren eskumeneko proiektuen kudeaketari dagokionez: balio justuak ordaintzea, 75.000,00 euro edo gutxiagokoak badira.
2.4. Bestelako gaietan:
a) 75.000,00 eurorainoko beste edozein gastu egiteko baimena ematea.
b) Lehendik baimenduta dauden gastuei dagozkien edonolako ordainketak egitea, zenbatekoa edozein dela ere.
c) Zerbitzu
publikoen funtzionamenduak hirugarrenei eragindako kalteengatik irekitako
ondare erantzukizuneko espedienteak ebaztea, erreklamazio administratiboa
75.000,00 euro baino gehiagokoa ez denean.
d) Oro har, partikularren eta herri administrazioen eskariei erantzutea, baldin eta 75.000,00 euro baino gehiagoko gastu konpromisoa ez badakarte.
3. Ondare
erantzukizuneko gaietan izan ezik, zuzendari nagusiek deskontzentrazio araubidean
esleitu zaizkien eskumenak erabiliz hartutako ebazpenek ez diote amaiera emango
bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu
ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.
5. artikulua. Zerbitzuburuak.
1. Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.
2. Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:
a) Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.
b) Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuen berri ematea eta horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea.
c) Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.
d) Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
e) Zerbitzuko barne erregimena betetzen den kontrolatzea; eta gorabeheren berri ematea.
f) Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.
g) Esleitu edo eskuordetzen zaizkion eskumenez baliatzea.
II. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONALA
1.
ATALA. ‑Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko
Zuzendaritza Nagusia.
6. artikulua. Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.
1. Zuzendari
nagusiaren mende, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza
Nagusiaren zereginak izango dira:
a) Gipuzkoarako mugikortasun jasangarriaren plan bat egitea, estatuan, autonomia-erkidegoan eta Europan daudenen osagarri, lurraldearen diagnostiko bat eta jardunbide egokien kode bat barne hartzen dituen kudeaketa-tresna gisa.
b) Garraio azpiegiturek ahalbidetzen duten mugikortasun sistema integrala eta multimodala garatu eta sustatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mugikortasun eta garraio politika definitzea eta inplementatzea.
c) Lurraldebus
markarekin eskaintzen den errepide bidezko bidaiarien herriarteko garraioko
zerbitzu publikoa antolatzea.
d) Garraio publikoaren, bai bidaiariena baita salgaiena ere, antolatzea, kudeatzea eta ikuskatzea.
e) Lurralde osoan mugikortasun jasangarria sustatzea, bereziki, mugikortasun eta intermodalitate proiektu estrategikoak bultzatzea.
f) Bizikleta
bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen
Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen programazioa eta bizikleta
bideen obra guztien finantzazioa; errepideak eraikitzeko proiektuetan
sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea; ohiz kanpoko artatze-lanak;
foru bizikleta bideen mugaketa eta mugarriak jartzea; titulartasunen
eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta bideen erabileraren sustapena.
g) Donostialdeko Metroa garatzea, Gipuzkoako ekialdeko korridorearen trenbide lotura gisa, proiektuaren kofinantzaketan eta kudeaketan parte hartuta; halaber, bultzatzea Loiolako Erriberako aldageltokia; hori guztia Eusko Jaurlaritzarekin batera.
2. Bere
eginkizunak betetzeko, foru dekretu honen 4.2 artikuluan deskontzentrazioz
eman zaizkion ebazteko eskumenez gainera, errepideko garraioaren antolatze eta
diziplina arloko gai hauetan ere ebazteko eskumena izango du Mugikortasuneko
eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak deskontzentrazioko arauei
jarraituz:
a) Bidaiarien garraio publiko erregularraren arloan:
— Zerbitzu erregularrei lotutako baimenak eta zerbitzu horien baldintzak aldi baterako ezartzeko edo aldatzeko aginduak ematea, erabilera orokorreko nahiz erabilera bereziko zerbitzuak izan.
— Erabilera orokorreko zerbitzuei lotutako baimenak eta zerbitzu horien baldintzak aldatzeko aginduak ematea, baldin emakidan funtsezkotzat jotako klausuletan eraginik ez badute, edo emakidaren baldintzak nabarmen aldatzen ez baditu.
— Prezio edo tarifen taulen fiskalizazioa, indarrean dagoen araudia aplikatuz.
b) Bidaiarien eta salgaien lineaz kanpoko garraioaren arloan:
— Modalitatea
gorabehera, zerbitzu mota horiek eskaintzeko behar izaten diren baimen
nagusi edo osagarriak ematea.
c) Arau-hausteen arloan:
— Lehorreko garraioa antolatzeko
araudia ez betetzearen inguruko administrazio arau-hauste eta zigorrei
buruzko espedienteak ebaztea, edozein kopurutakoa izanda ere, eta zigorra
diruzkoa izan edo ez.
— Garraio arloko zehapenetatik sortutako
zorrak borondatezko epean zatikatzea eta geroratzea onartzea.
d) Errepideko garraiorako gaitasun profesionalari dagokionez:
— Ikastaroak eta zentroak homologatzea, errepide bidezko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko; azterketak antolatzea, eta gaitasun profesionala egiaztatzen duten txartelak ematea eta berritzea.
e) Takografo digitalari dagokionez:
— Takografo digitalaren txartelak
ematea eta berritzea.
f) Orokorrean:
— Garraio gaietako eskumen eta eginkizunekin lotuta dauden era guztietako tasak likidatzea.
— Bermeak eskatzea eta itzultzea,
hala dagokionean.
7. artikulua. Mugikortasun eta Garraio Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean,
Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza
nagusiari esleitutako funtzio orokorren barruan:
a) Foru Aldundiaren mendeko garraioak antolatzeko, ikuskatzeko eta zigortzeko eskumenen barne kudeaketa eraginkortasunez eta eragingarritasunez egitea, erabiltzaileen zerbitzuan.
b) Lurraldeko
garraio politika zehaztea eta ezartzea.
c) Bidaiarien zerbitzu publikoa sustatzea eta hobetzea.
d) Mugikortasun
jasangarria sustatzea lurralde osoan.
e) Lurraldebus markarekin eskaintzen den errepide bidezko bidaiarien herriarteko garraioko zerbitzu publikoa kudeatzea.
f) Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana kudeatzea eta ezartzea.
2. ATALA. Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia
8. artikulua. Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.
1. Zuzendari
nagusiaren mende, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren zereginak
izango dira:
a) Lurralde antolaketa eta kohesioa.
b) Lurralde Informazioa.
c) Lurraldearen gaineko hausnarketa estrategikoa.
d) Hirigintza planak sustatu eta gainbegiratzea.
e) Pasaialdea biziberritze integraleko proiektua sustatzea eta Irungo biziberritze prozesuan laguntzea.
f) Pasaia-Irun plataforma bultzatzea eta garatzea, trenbideko eta portuko trafikoa sustatzeko elementu gisa.
g) Lurraldea sustatu eta lurzorua kudeatzea.
h) Foru Aldundiak bere erabilera administratiborako behar dituen eraikinak eraikitzea, zaintzea eta zaharberritzea.
i) Ondare higiezinaren eta higigarriaren kudeaketa teknikoa, baita sozietateena eta markena ere.
j) Indarrean diren arauen arabera gai horietan dagozkion gainerako eskumenak.
2. Bere
eginkizunak betetzeko foru dekretu honen 4.2 artikuluan deskontzentrazioz
eman zaizkion ebazteko eskumenez gainera, ebazteko beste eskumen hauek izango
ditu Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak, hauek ere deskontzentrazioz:
2.1. Nahitaezko desjabetze gaietan:
a) Gordailuak egitea eta lurrak hartu aurreko aktak sinatzea.
b) Administrazioaren
izenean lurrak hartzea.
c) Balio justuak finkatu eta ordaintzea, gehienez 75.000,00 eurokoak direnean.
d) Nahitaezko desjabetzearen legerian aurreikusita dauden beste jarduketa administratiboetan Administrazioaren ordezkari izatekoa.
2.2. Hirigintza gaietan:
a) Plangintzen
behin betiko onarpenaren tramitazioan edo beste hirigintza espediente batzuenean,
tramitazioa bera geldiarazi eta epea eteteko eskumena, edukia osatu gabe edo
tramiteren bat egin gabe egonez gero, eta, behar denean, udalari espedientea
itzultzea.
b) Hirigintza-intereseko Elkarteen Erregistroren kudeaketa egitea.
c) Lur hiritarrezinean erabilerak eta jarduerak interes publikotzat jotzea.
9. artikulua. Lurralde Plangintzako Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean,
Lurralde Plangintzako Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza
nagusiari esleitutako funtzio orokorren barruan:
a) Foru
Aldundiaren hirigintza irizpideak zehaztea.
b) Foru Aldundiaren hirigintza eskumenak kudeatzea, Aldundiaren izenean.
c) Gipuzkoako Hirigintzako Erregistroa kudeatu eta mantentzea.
d) Hirigintza ikuskapenak egitea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legetik eratorritako eskumenen arabera.
e) Gipuzkoako Foru Aldundiko beste departamentu edo zerbitzu batzuekin baterako hausnarketa bultzatzea, Gipuzkoako Lurralde Eredua definitu eta aplikatzean, eta lurralde oreka lortzeko proiektuak bultzatzea.
f) Lurralde antolaketarako eta horri buruzko hausnarketarako mekanismoak bultzatzea, sustatzea eta horietan parte hartzea.
g) Lurraldea ondo erabiltzea ahalbidetuko duten estrategien inguruan hausnarketa sistematikoa egitea Foru Aldundiaren beste departamentu edo zerbitzu batzuekin batera.
h) Gipuzkoako
Azpiegitura Geodesikoa, Gipuzkoako Udal Mapa, Gipuzkoako Datu Espazialen
Azpiegitura eta Inspire Direktiba garatzea eta mantentzea, eta Foru Aldundi
osoarentzat, erakunde publiko eta pribatuentzat eta, oro har, hiritarrentzat
eskuragarri jartzea.
i) Departamentuko
beste zerbitzuekin eta Foru Aldundiko beste departamentuekin batera lan
egitea lurraldearen antolaketari zuzenean eragiten dioten departamentu
politikak, bereziki hirigintzakoa, garraioetakoa eta lurrarena,
zehazterakoan.
10. artikulua. Arkitektura Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean, Arkitektura Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren barruan:
a) Foru Aldundiaren egoitza eta eraikinen politika finkatzeko eta kudeatzeko irizpideak eta prozedurak zehaztea Gobernantza Departamentuarekin batera.
b) Foru Aldundiaren egoitza eta eraikinen politika kudeatzea, prozeduran ezarri bezala.
c) Foru
Aldundiaren erabilera administratiborako eraikinak eraiki, birgaitu eta mantentzea,
eta laguntza teknikoa ematea arkitektura arloan, obra hauetarako ulertuta:
lehen ezarpenekoak, eraberritze, zaharberritze, birgaitze edo konpontze
handikoak, kontserbaziokoak eta eraispenekoak, baita urbanizaziokoak ere.
Laguntza teknikoa emango da, bai obra kontratua prestatzeko jarduketetan,
bai kontratua egikaritzerakoan, bai, hala badagokio, obren zuzendaritza
fakultatiboan.
d) Departamentuak sustatutako eraikuntza proiektuak gainbegiratzea eta, behar denean, proiektuetako erredakzioa eta zerbitzu kontratuen eta eraikuntza eta urbanizazio lanen zuzendaritza teknikoa egitea.
e) Foru Aldundiak bere erabilera administratiborako dituen eraikinen eta departamentu anitzetarako eraikinen mantentze-lan osoa kudeatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea, hauek salbuetsita: segurtasuneko, suteen aurkako babeseko, eta ahots eta datuetarako instalazioak. Halaber, legez mantentze-lan prebentiboa egin beharra daukaten instalazio termikoen mantentze-lan osoa kudeatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
f) Foru Aldundiaren irisgarritasun politika zehaztea eta koordinatzea.
g) Departamentuak diruz lagundutako eraikuntza eta hiritartze proiektuen eta lanen jarraipena egitea.
11. artikulua. Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren
erantzukizunaren pean, Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzuak
eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren
barruan:
a) Lurren
desjabetzearekin lotura duten politikak kudeatzea, bai bere ekimenekoak, bai
Foru Aldundiko beste departamentu batzuen eta foru sektore publikoko
entitateen konturakoak, eta, halaber, Foru Aldundiaren lurrak mugatzeko,
mugarriak jartzeko eta Erregistroan idazteko eginkizunez arduratzea.
b) Ondare politika zehaztea.
c) Ondare
politika ezartzea eragiketa hauetan: eskuratze eta besterentzeetan;
lagapen, esleipen eta zerbitzu publikorako atxikipenetan; eraikinen administrazioan;
merkataritza sozietateak eratzean, eta haien kapital handitze eta txikitzeetan;
eta jabetza industrial eta intelektualeko eskubideak kudeatzean.
d) Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Ondarearen ondasun eta eskubideen Inbentario Orokorra egin
eta eguneratzea eta baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ondarearen
ondasunak edo eskubideak ordezkatzen edo hezurmamitzen dituzten agiri,
eskritura edo titulu baloreak eduki eta zaintzea ere.
e) Foru Aldundiaren lur eta ondare politikak definitzen parte hartzea, Lurralde Plangintzako eta Arkitekturako zerbitzuekin batera.
f) Lurralde Plangintzako eta Arkitekturako zerbitzuekin batera lan egitea, lurralde antolaketako eta sustapeneko hirigintza politiketan.
3. ATALA. Idazkaritza Teknikoa
12. artikulua. Idazkaritza Teknikoaren funtzioak.
Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki, eta eginkizun hauek beteko ditu departamentuak dituen eskumenen barruan:
a) Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak onartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.
b) Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.
c) Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.
d) Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.
e) Departamentuko fede publikoa erabiltzea.
f) Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.
g) Departamentuko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzu eta zuzendaritzak koordinatuta.
h) Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.
i) Departamentuko jarduera ekonomikoaren kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.
j) Departamentuko
sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea; eta, halaber, departamentu
barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har,
administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.
k) Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.
l) Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak, hala balegokio.
m) Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.
n) Administrazioaren
berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea
departamentuko organoei.
ñ) Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.
Lehen xedapen
gehigarria. Zuzendari nagusien ordezkoak.
Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean, edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, bata bestearen ordez arituko dira egotzita dauzkaten eginkizun eta eskumen guztietan, departamentuko foru diputatuak funtzio eta eskumen horiek bere gain espresuki hartzea erabakitzen duenean izan ezik.
Bigarren xedapen
gehigarria. Garraio arloko funtzioak.
Garraio jarduerak aurrera eramateko behar
diren baimenak eta batzuek behar duten aldian aldiko ikus-onespena,
eskumenaren organo titularraren baimena duten langileek eman ahal izango
dituzte.
Ikuskaritza lanak horretarako ahalmena duten langileek egingo dituzte, Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 25eko 9/1982 Dekretuak, Errepideko Garraioa Ikuskatzeko Zerbitzua Antolatzekoak, aurreikusi bezala.
Ikuskaritza
Agenteek egingo dute zigor espedienteen instrukzioa, baina ebazpena
departamentuko foru diputatuak edo Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko
Zuzendari nagusiak emango dute beti, nork bere eskumenen esparruan.
Xedapen indargabetzailea.
Indargabetuta gelditzen dira: Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko uztailaren 19ko 18/2016 Foru Dekretua, eta foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Amaierako xedapena. Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko urriaren 20a.
Diputatu
Nagusia,
Markel
Olano Arrese.
Mugikortasuneko eta Lurralde
Antolaketako Departamentuko
Foru Diputatua,
Rafaela
Romero Pozo.
Gobernantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Eider
Mendoza Larrañaga. (5533)