1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

17/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Gobernantza Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak, eta horretarako beharrezkoa duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren: diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 8. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak (urriaren 14ko 50/2019 Foru Dekretuak aldatutakoak), oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 4. artikuluan.

3/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, orain Diputatu Nagusiaren Alorrean dagoen kanpo harremanen esparrua izan ezik, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentua zenari aurreko agintaldiko azken urtean, maiatzaren 15eko 13/2018 Foru Dekretuaren bidez bere egitura organikoa eta funtzionala aldatu ostean, zegozkion jardun esparru guztiak hartzen ditu bere gain Gobernantza Departamentuak: aplikatzeko araudiak ezarritako xedeak betetze aldera azken foru dekretu horrek esleitutako kontratazio publikoaren jardun esparrua barne.   

Ildo beretik, Administrazioaren berrikuntzarako eta eraldaketarako politikei lotutako funtzioak esleitzen zaizkio departamentuari: lehendik ere modernizazio politikak izenpean betetzen zituenak.

Bestalde, departamentuari esleitutako jardun esparru eta eginkizun horiek kudeatzeko oinarrizko konfigurazio organikoa finkatzen du 19/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluak, lau zuzendaritza nagusi izango dituena: Araubide Juridikoa eta Pertsonen Kudeaketa; Zerbitzuak eta Administrazioaren Berrikuntza eta Eraldaketa; berria den Prebentzioa, Su Itzalketa eta Salbamendua; eta Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza Nagusia. Horrenbestez, azken hori Foru Administrazioaren egitura hierarkikoan sartzen da, Herritarren Partaidetzari buruzko azaroaren 12ko 5/2018 Foru Araua onartu ostean, eta bere 44. artikuluari jarraikiz, foru dekretu honetan zehazten dira izango dituen eginkizunak. Horrez gain, aurreko departamentuaren egitura organikoan zegoen Estrategia Digitaleko Zuzendaritza Nagusia Diputatu Nagusiaren Alorrean dago orain, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusi gisa.       

Halaber, foru gobernantza publikoaren esparruan Gobernu Onari buruzko martxoaren 11ko 4/2019 Foru Araua onartu izanak berekin dakar foru dekretu honetan jasotzea gai horretan departamentuari esleitzen zaizkion eginkizunak; eta zehaztea zeintzuk izango diren eginkizun horiek garatu eta beteko dituzten unitate organikoak.

Horrez gain, kontuan izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira horiek aplikatu eta ezartzeko.

Azaldutakoari jarraikiz, Gobernantza Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzea da foru dekretu honen xedea.

Horrela bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau           

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Gobernantza Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:

a)  Legezkotasunaren barne kontrola eta lege aholkularitza orokorra.

b)  Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz bere organoak auzitegietan defendatzea.

c)  Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritza.

d)  Foru Aldundiak Batzar Nagusiekin nahiz Arartekoarekin zein herriaren defendatzailearen erakundearekin dituen harremanak eta komunikazioak koordinatzea.

e)  Departamentuen arteko koordinazioa araugintzako plangintzan eta araugintzan.

f)  Foru Aldundiari dagozkion eskumenak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietako hauteskundeen dei egile den heinean.

g)  Foru Aldundiari Toki Administrazioari lotutako ondorengo esparru hauetan dagozkion eskumenetatik datozkion eginkizunak: udalerrietako nahiz udalerriez gaindiko eremuetako lurralde mugapeak; Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroa; gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioak; eta Gipuzkoako udaletako kideen Ondare Ondasunen Erregistro Berezia.  

h)  Foru Sektore Publikoko Jardueren nahiz Ondasun eta Interesen erregistroak.

i)  Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

j)  Funtzio publikoa, langileen araubidea eta lansari sistema.

k)  Langileen prestakuntzarako politika orokorra.

l)  Laneko arriskuen prebentzioa eta laneko osasuna.

m)  Giza baliabideen plangintzaren diseinua eta onarpena.               

n)  Foru Aldundiaren kontratazio publikoaren koordinazio, jarraipen eta gainbegiratze lanak.

ñ)  Administrazioaren berrikuntzarako eta eraldaketarako politikak, Kudeaketa aurreratua, informazio eta komunikazio sistema korporatiboak eta administrazio elektronikoa.

o)  Departamentuen arteko koordinazioa Gobernu Onaren alorrean.

p)  Departamentu guztientzako zerbitzuak.

q)  Foru inprimategia eta argitalpenak.

r)  Artxibo Administratibo Orokorra.

s)  Ibilgailuak.

t)  Suteen zaintza eta itzalketa, eta salbamendua.

u)  Herritarren parte hartzea.

v)  Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak betetzea.

2.  Horiez gain, Gobernantza Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien, zerbitzuen eta unitate organikoen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

3.  Gobernantza Departamentuak beharrezko bitarteko materialak nahiz langileak jarriko ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordeak, Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboak, Foru Kontratazioen Zentralak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordeak eta Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak beren lana egin ahal izan dezaten laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa emateko.               

2. artikulua.  Oinarrizko egitura organikoa.

1.  Departamentuak, bere eskumenak betetzeko eta foru diputatuaren goi gidaritzapean, ondorengo unitate organikoak ditu:

a)  Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako Zuzendaritza Nagusia:

— Defentsa eta Laguntza Juridikoko Zerbitzua.

— Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritzako, Aholkularitzako, eta Toki Administrazioarekiko Harremanetako Zerbitzua.

— Funtzio Publikoko Zerbitzua.

— Kontratazio Publikoa Koordinatzeko Zerbitzua.

Zuzendaritza nagusi honi atxikitzen zaizkio Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, Foru Sektore Publikoko Jardueren Erregistroa eta Ondasun eta Interesen Erregistroa, Gipuzkoako udaletako kideen Ondare Ondasunen Erregistro Berezia, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzordea, eta Lanpostuak Baloratzeko Batzorde Teknikoa.

b)  Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zuzendaritza Nagusia:

— Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zerbitzua.

— Zerbitzu Orokorretako Zerbitzua.

c)  Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza Nagusia:

— Herritarren Partaidetzarako Zerbitzua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa eta Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseilua zuzendaritza nagusi honi atxikitzen zaizkio: baina bakarrik aurrekontuen ondorioetarako eta, behar izanez gero, baliabideen hornidurarako, bere egitura hierarkikoan integratu gabe.

d)  Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritza Nagusia.

— Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua.           

e)  Idazkaritza Teknikoa.

2.  Gobernantza Departamentuari atxikitzen zaizkio Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea (Izfe SA) foru sozietate publikoa eta «Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa» foru fundazio publikoa.

3. artikulua.  Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Diputatuen Kontseiluko kide gisa eta beraren idazkari gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.          

2.  Bere eginkizunak betetzeko, foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz departamentuko beste organo batzuei esleitutakoak.

Halaber, langileen eta antolakuntzaren nahiz zerbitzu orokorren inguruko berariazko funtzioak ditu: uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 42. eta 44. artikuluetan aipatutakoak.

3.  Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.

4. artikulua.  Zuzendari nagusiak.

1.  Zuzendari nagusiak departamentuko zuzendaritza organoetako titularrak dira eta beren gain hartzen dituzte haien buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizunak betetzea dagokie:

a)  Gobernu programa, Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz Eredua inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.

b)  Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

c)  Zuzendaritza nagusiko zerbitzuen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d)  Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta beren eskumenen esparruaren barruan.

e)  Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.

2.  Eginkizun horiek betetzeko, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:

a)  Kontratazioaren arloan:

— Beren zuzendaritza nagusiko gaietan kontratazio espedienteak onartzea eta kontratu horiek esleitzea, kontratuaren balio zenbatetsia 75.000 euro edo gutxiago denean; berekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea eta sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak gauzatzea.

b)  Dirulaguntza, laguntza eta bestelako transferentzien arloan:

— Aurretik administrazio egintzen bidez baimendutako gastuei dagozkien ordainketak egitea, zenbatekoa edozein izanda ere.

c)  Bestelako arloetan:

— Zuzendaritza nagusiari atxikitako aurrekontu partidetako gastuak baimendu eta xedatzea, eta ordainketak agintzea, zenbatekoa 60.000 euro edo gutxiago denean, Kudeaketa zentralizatuko gastuetarako gai honetan xedatzen dena eragotzi gabe. 

3.  Deskontzentrazioko arauei jarraikiz esleitu zaizkien eskumenak erabiliz zuzendari nagusiek hartzen dituzten ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.

5. artikulua.  Zerbitzuburuak.

1.  Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.  Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:

a)  Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko Kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.    

b)  Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuen berri ematea, horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea, eta beren ardurapeko langileekin helburuen ezagutza eta lorpena partekatzea.     

c)  Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.

d)  Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)  Zerbitzuko barne araubidea betetzen den kontrolatzea, eta gorabeheren berri ematea.

f)  Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.

g)  Esleitu edo eskuordetzen zaizkien eginkizunak betetzea.

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKO ETA FUNTZIONALA

1. ATALA.  ‑Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako Zuzendaritza Nagusia

6. artikulua.  Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

1.  Titularraren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, aipatu zuzendaritza nagusiak ondorengo eginkizunak ditu, foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain:

a)  Foru Aldundia ordezkatzea eta defendatzea edozein jurisdikzio ordenaren aurrean eta Ebazpen Batzordearen aurrean.

b)  Lurralde Historikoko Foru Administrazioaren eta Administrazio Instituzionalaren kontsulta eta lege aholkularitza orokorreko eginkizuna betetzea.

c)  Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen irizpide juridikoak bateratzea.

d)  Diputatuen Kontseiluaren onespena behar duten gaien legezkotasunaren barne kontrola egitea hala eskatzen zaionean, beti ere departamentuetako idazkari teknikoei esleitutako eskumenak eragotzi gabe.          

e)  Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritza kudeatzea.

f)  Foru Aldundiaren araugintzako plangintza eta araugintza bera koordinatzea.

g)  Batzar Nagusietarako hauteskundeen deia egiten duen administrazio gisa Foru Aldundiak dituen eskumenei dagozkien eginkizunak betetzea; baita Foru Aldundia eratzeari lotutakoak ere.

h)  Foru Aldundiak Batzar Nagusiekin nahiz Arartekoarekin zein herriaren defendatzailearen erakundearekin dituen harremanak eta komunikazioak koordinatzea.

i)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordearen eta Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboaren funtzionamenduari laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa ematea, beharrezko baliabide material eta pertsonalak jarriz.

j)  Gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioen alorrean Foru Aldundiari dagozkion eskumenetatik datozen eginkizunak gauzatzea.

k)  Foru Aldundiari ondorengo esparru hauetan dagozkion eskumenetatik datozkion eginkizunak gauzatzea: udalerrietako nahiz udalerriez gaindiko eremuetako lurralde mugapeak; eta Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroa.

l)  Toki erakundeei eskatu eta behar duten gaietan laguntza eta aholkularitza juridikoa eskaintzea.

m)  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaz arduratzea eta hori kudeatzea.

n)  Foru Sektore Publikoko Jardueren Erregistroaz eta Ondasun eta Interesen Erregistroaz arduratzea eta horiek kudeatzea, arautzen dituen abenduaren 19ko 4/2011 Foru Arauak ezarritakoari jarraikiz.

ñ)  Gipuzkoako udaletako kideen Ondare Ondasunen Erregistro Bereziaz arduratzea eta hori kudeatzea.

o)  Foru Aldundiko langileentzat funtzio publikoko politikak planifikatu, definitu eta proposatzea.

p)  Foru Aldundiko langileei aplikatu dakiekeen funtzio publikoko Kudeaketa garatu eta koordinatzea.

q)  Enplegu planak egin, ezarri eta gainbegiratzea; eta departamentuei atxikitako langileen plantilla berriro diseinatzea.

r)  Foru Aldundiko zerbitzuen ikuskaritza orokorra egitea, langileriari dagokionez; eta guztientzako irizpideak proposatzea, funtzio publikoaren arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.

s)  Foru Aldundia ordezkatzea beste administrazioekin, sindikatuekin, batzordeekin eta ordezkaritza sindikaleko beste organoekin egin beharreko bileretan, zuzendaritza nagusiaren eskumeneko gaiak jorratzen direnetan.

t)  Foru Aldundiko langileen prestakuntza politika orokorra diseinatu eta kudeatzea.

u)  Laneko arriskuen prebentziorako programak eta neurriak ezartzea.

v)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio publikoaren koordinazio eta jarraipen lanak egitea.

2.  Halaber, Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiaren titularrari honako eginkizun hauek ere badagozkio:

a)  Diputatuen Kontseiluko bileretan parte hartzea eta bere idazkariari laguntza ematea.

b)  Kasuan kasu departamentu interesdunarekin hitz egin ondoren, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organo jurisdikzionaletan, epatutako prozeduretan, Foru Aldundiak alderdi kodemandatu gisa bertaratu ahal izateko agertzeari buruz ebaztea.

c)  Epaileen ebazpenen aurka errekurtsoak jarriko diren erabakitzea. Gaia dela eta eskumena dagokion departamentua ez badago ados, Gobernantza Departamentuko foru diputatuari dagokio erabaki hori.

d)  Foru Aldundiari eskatutako espediente administratiboak bidaltzea organo jurisdikzionaletara; eta interesdunak epatzea.               

e)  Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legean jasotako debekuren bat hausten duten kanpaina instituzionalak bertan behera uzteko edo zuzentzeko eskaerak ebaztea.

3.  Orobat, zuzendari nagusiak honako eskumen hauek izango ditu deskontzentrazio erregimenean:

a)  Okerreko sarreren itzulketarako espedienteak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren tasa eta prezio publikoei dagozkienak, ebaztea.

b)  Langile guztien egoera administratiboen aitorpena ebaztea.

c)  Aldi baterako lan kontratuak eta, dagokionean, kontratuen iraungipena formalizatzea.

d)  Karrerako funtzionarioen kargu hartzeak formalizatzea.

e)  Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko bitarteko funtzionarioak izendatzeko espedienteen inguruko eta Foru Aldundiak kudeatzen dituen aterpetxeetako bitarteko funtzionarioak izendatzekoen inguruko administrazio egintzak eta ebazpenak formalizatzea.   

f)  Langileei lizentziak, baimenak eta laguntzak ematea ebaztea.

7. artikulua.  Defentsa eta Laguntza Juridikoko Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Lurralde Historikoko Foru Administrazioaren eta Administrazio Instituzionalaren kontsulta eta lege aholkularitza orokorreko eginkizunak betetzea, Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritzako, Aholkularitzako eta Toki Administrazioarekiko Harremanetako Zerbitzuarekin elkarlanean.

b)  Foru arau aurreproiektuen, Diputatuen Kontseiluaren foru dekretu proiektuen eta bestelako gaien legezkotasunaren barne kontrola egitea, hala eskatzen diotenean Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendari nagusiaren bitartez, Diputatuen Kontseiluak, diputatu nagusiak eta foru diputatuek.

c)  Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendari nagusiaren bitartez, aurreko zenbakian aipaturiko organoek eskatzen dituzten lege txostenak egitea.

d)  Entzunaldiaren izapidean beste erakunde batzuetatik igorritako izaera orokorreko xedapenen aurreproiektuak aztertu eta txostena egitea, Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritzako, Aholkularitzako eta Toki Administrazioarekiko Harremanetako Zerbitzuarekin eta gaiaren arabera eskuduna den departamentuarekin elkarlanean.

e)  Foru Aldundia ordezkatzea eta defendatzea edozein organo jurisdikzionalen eta Ebazpen Batzordearen aurrean.

f)  Foru Administrazioaren jarduketak koordinatzea, prozedura judizialetan egin beharreko izapideei dagokienez.   

g)  Foru Aldundiaren kontrako errekurtsoak edo erreklamazioak sorrarazten dituzten zergatiei buruzko txostenak egitea eta halakoak murriztu edo ekiditearren jarduera administratiboa zuzentzeko neurriak proposatzea.

h)  Ebazpen judizialak betetzeko egin beharreko jarduketetan departamentuei laguntza ematea.

8. artikulua.  Diputatuen Kontseiluaren Idazkaritzako, Aholkularitzako eta Toki Administrazioarekiko Harremanetako Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Foru Administrazioari eta Administrazio Instituzionalari laguntza eta aholkularitza juridiko orokorra ematea, Defentsa eta Laguntza Juridikoko Zerbitzuarekin elkarlanean; eta departamentuetako idazkaritza teknikoei dagokien berariazko aholkularitza juridikoa eragotzi gabe.

b)  Diputatuen Kontseiluaren bileretako gai-zerrenda prestatu eta banatzea; baita erabaki-gaiak aztertzeko behar diren agiriak, aurrekariak eta datuak ere.               

c)  Egiaztatzea Diputatuen Kontseiluaren erabakiak hartzeko eta baliozkoak izateko beharkizun legalak betetzen diren; eta horren inguruan behar bezainbat txosten eskuratu edota egitea.

d)  Diputatuen Kontseiluari proposatzen zaizkion gaiak tramitatzeko prozedurak definitu eta ezartzea; behar izanez gero, gai horiei zein agiri edo txosten erantsi behar zaizkien zehazteko jarraibideak proposatzea; eta jarritako arau eta jarraibideak eta araugintza teknikari buruzkoak bete daitezen zaintzea.   
               

e)  Diputatuen Kontseiluko bileren aktak prestatu, zaindu eta artxibatzea; eta aktetako erabakien ziurtagiriak prestatzea.   

f)  Foru arauak eta Diputatuen Kontseiluak onartutako izaera orokorreko xedapenak aldizkari ofizialetan argitaratzeaz arduratzea; baita legediaren arabera publikoak izan behar duten ebazpen administratiboak ere, foru departamentuen eskumenekoak ez diren neurrian.     

g)  Garrantzi bereziko txostenen eta irizpenen erregistroak definitu, ezarri eta kudeatzea; baita Diputatuen Kontseiluak onartu beharreko hitzarmenenak ere.             

h)  Araugintzako planaren prestaketa koordinatzea; indarrean dagoen araudiaren ebaluazioa koordinatzea, hori arauketa onaren printzipioei egokitzeko, nahiz horren ondoriozko txostena egitea; eta, horretarako, departamentuei behar bezainbat informazio eta laguntza eskatzea eta eskuratzea.

i)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordearen eta Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboaren funtzionamenduari laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa emateko beharrezko baliabide material eta pertsonalak jartzea.

j)  Foru Aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeen deia egiten duen administrazio gisa dituen eskumenez baliatzeko beharrezko jarduerak planifikatu eta gauzatzea.

k)  Foru Aldundia eratzeko beharrezko jarduerak gauzatzea; baita Aldundiko kideak izendatzeko eta horiek ordezteko ere kanpoan, gaixo, bateraezintasun egoeran edo aldi baterako eragotzita daudenean.

l)  Foru Aldundiak Batzar Nagusiekin nahiz Arartekoarekin zein herriaren defendatzailearen erakundearekin dituen harremanak eta komunikazioak koordinatzea.

m)  Kontabilitate-erantzukizuna dela eta Estatuko Kontuen Auzitegiak instrukzio mailan izapidetzen dituen espedienteak tramitatzea.

n)  Askiesten diren erakunde abal emaileen ahalordetzeak kontrolatzea, Ogasun eta Finantza Departamentuko Araugintzako eta Lege Aholkularitzako Zerbitzuarekin elkarlanean.   

ñ)  Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala kudeatzea –hor sartzen dira baita ere argitaratu eta zabaltzea–.

o)  Foru Sektore Publikoko Jardueren Erregistroa eta Ondasun eta Interesen Erregistroa kudeatzea.

p)  Foru Aldundiak sortu dituen, parte hartzen duen edo haren mendean dauden erakundeen gobernu organoetan Aldundiaren ordezkariak izendatu, ordeztu eta kargutik kentzeari buruzko espedienteak izapidetzea; eta erakunde horien dagokion erregistroa eramatea.

q)  Toki Administrazioari lotutako ondorengo esparru hauetan Foru Aldundiari dagozkion eskumenetatik datozkion eginkizunak garatzea:

1.  Gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioak.

2.  Udalerrietako nahiz udalerriez gaindiko eremuetako lurralde mugapeak; udalerria baino lurralde eremu txikiagoko eta udalerriaz gaindiko toki erakundeak.

3.  Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroa.

4.  Toki erakundeei eskatu eta behar duten gaietan aholkularitza eta laguntza juridikoa.

5.  Gipuzkoako udaletako kideen Ondare Ondasunen Erregistro Berezia.

r)  Foru Aldundiaren eskumeneko gaiak kudeatzea eta tramitatzea, departamentuen berariazko eskumenekoak ez direnean edo departamentuei berariaz esleituta ez daudenean.        

9. artikulua.  Funtzio Publikoko Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Zuzendari nagusiari laguntzea langileen ordezkariekiko harreman eta negoziazioetan.

b)  Lanpostuen Zerrendako aldaketa proposamenak aztertu, definitu eta kudeatzea.

c)  Langile-plantillak berriz diseinatzeko eta lanpostuak doitzeko azterketak egitea, barne antolaketaren eraldaketa xede dela.

d)  Foru Aldundiaren gaitasun korporatiboak definitzea; eta horiek ebaluatu eta garatzeko sistemak ezartzea.        

e)  Enplegu planak eta giza baliabideak arrazionalizatzeko programak prestatu, proposatu, ezarri eta ikuskatzea.

f)  Belaunaldi erreleborako eta ezagutzaren eskualdaketarako planak diseinatzea.

g)  Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzuarekin lan egitea, hizkuntza eskakizunak ezartzen eta langileak euskalduntzen.

h)  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoarekin lan egitea, langileen artean genero berdintasuna bermatzen duten neurriak ezartzeko.

i)  Lanpostuen balorazio sistema administratu eta kudeatzea; haren espedienteak zaintzea eta gai horri buruzko txostenak igortzea.

j)  Aurrekontuko I. kapituluaren aurreproiektua prestatzea Ogasun eta Finantza Departamentuarekin elkarlanean; horren gauzapena kontrolatu eta jarraipena egitea; eta Aurrekontuei buruzko Foru Arauak I. kapituluari eta aurrekontu langile-plantillari buruz aurreikusitako txostenak egitea.  

k)  Langileen ordainsariei buruzko politikaren aldaketak aztertu eta dirutan zenbatzea.

l)  Langileen presentzia kontrolaren sistema kudeatzea, alor horretan departamentuek duten erantzukizuna baldintzatu gabe.           

m)  Foru Aldundiko langile guztien laneko egutegiak prestatu, eta lizentzia nahiz baimenak eta laneko bajak kontrolatzea.  

n)  Langileen Erregistroa mantendu eta kudeatzea.

ñ)  Langileen araubidea kudeatzea, eta zehazki:

1.  Langileen Kudeaketa arruntari dagokionez, departamentu guztientzat proposamen orokorrak prestatzea.

2.  Ebazpen proposamenak prestatzea: zerbitzu harremanen hasierari eta bukaerari buruz, lanpostuetako jardunari buruz, egoera administratiboei buruz, lizentzia eta baimenei buruz, eskubide ekonomikoen aitorpenari buruz, erreklamazioei buruz, epaiak betearazteari buruz eta, oro har, langileen Kudeaketarekin zerikusirik duten gai guztiei buruz.

o)  Langileen ordainsari araubidea, nominak eta Gizarte Segurantza kudeatzea.

p)  Langileen bateraezintasunen araubidea aplikatzea, bateragarritasun eskaerak tramitatzea, eta bateragarritasuna baimentzeko baldintzak kontrolatzea.

q)  Foru diputatuari laguntzea diziplina espedienteak tramitatzen.

r)  Foru Aldundian sartzeko hautapen prozesuak proposatu eta kudeatzea, baita lanpostuak hornitzekoak ere, hala nola: enplegu eskaintza publikoak, hautapen prozesuetako oinarriak eta gai-zerrendak proposatzea; eta deitutako hautapen prozesuetan egin beharreko probetarako behar diren azpiegiturak kudeatzea.         

s)  Foru Aldundian egiteko praktikak kudeatzea hezkuntza erakundeekin elkarlanean.

t)  Lan arriskuen prebentzioaren esparruan:

1.  Prebentzioko jarduketei buruzko planak eta programak diseinatu, aplikatu eta koordinatzea.

2.  Arrisku faktoreak neurtzea.

3.  Prebentzioko neurriak erabakitzeko garaian lehentasunak ezartzea, eta eraginkorrak diren begiratzea.

4.  Lan arriskuen prebentzioaren inguruan langileak jakinaren gainean jartzea eta prestatzea.

5.  Lan istripuagatiko edo gaixotasunagatiko bajak erregistratzea eta horien jarraipena egitea; eragindako langileen gaineko ikuskaritza egitea eta absentismoa kontrolatzeko neurriak proposatzea.

6.  Lehen sorospena ematea.

u)  Prestakuntzaren esparruan:

1.  Departamentuaren helburuekin bat eginez, prestakuntzako beharren diagnostikoak egitea.

2.  Foru Aldundiko langileentzat prestakuntzako urteko planak prestatu eta proposatzea eta horiek gauzatzeko beharrezko guztia koordinatzea.

3.  Burututako prestakuntzako ekintzen eta programen eraginkortasuna eta eragimena ebaluatzea.

4.  Bere eta beste departamentuetako prestakuntza ekintzen erregistroa kontrolatzea eta ezarritako garaietan txostenak egitea.

10. artikulua.  Kontratazio Publikoa Koordinatzeko Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Kontratazio publikoari dagokionez Foru Aldundian eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeetan aplikatu beharreko irizpideak definitu eta bateratzea.

b)  Kontratazio publikoari buruzko araudia aplikatzeko laguntza ematea departamentuetako idazkaritza teknikoei.

c)  Irizpide sozialen, berriztatzaileen, ingurumeneko irizpideen eta bestelako politika publikoen inguruko irizpideen inplementazioan departamentuetako idazkaritza teknikoei aholku ematea.

d)  Enpresa kontratista edo azpikontratisten langileen lan gaien inguruan, departamentuetako idazkaritza teknikoei aholkularitza ematea; eta gai horien jarraipena egitea.        

e)  Departamentuetako idazkaritza teknikoei kontratuen exekuzioaren kontrola egiteko laguntza ematea.

f)  Kontratazio prozesuen jarraipena egin eta hobetzeko neurriak proposatzea.

g)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren urteko edota urte anitzetako kontratazio planen prestaketa bultzatu eta koordinatzea.      

h)  Aldundiko langileentzat kontratazio publikoari buruzko prestakuntza planifikatzeko elkarlanean aritzea Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin.

i)  Kontratazio publikoaren inguruko Foru Aldundiaren barneko tresna digitalak kudeatzea; eta kanpoko tresna digitalen Kudeaketan parte hartu eta aholkatzea.

j)  Kontratazio publikoaren alorrean, Aldundiko langileentzat material didaktikoak prestatzea.

k)  Baldintza orokorren agiriak prestatzeko elkarlanean aritzea Ogasun eta Finantza Departamentuko Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuarekin.

l)  Foru Kontratazioen Zentralean eta Zerbitzu Orokorretako Kontratazio Mahaian parte hartzea.

2. ATALA.  ‑Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zuzendaritza Nagusia

11. artikulua.  Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

Titularraren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, aipatu zuzendaritza nagusiak ondorengo eginkizunak izango ditu, foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain:

a)  Foru Aldundiaren berrikuntzarako eta barne-eraldaketarako politikak zuzentzea, herritarrei eskainitako zerbitzuei dagokienez.

b)  Antolaketan Kudeaketa Aurreratuko Ereduaren ezarpena bultzatzea; ezarpen horren jarraipena egitea, eredua ebaluatzea eta bere eragina baloratzea; nahiz dagozkion egokitzapen eta eguneratzeak burutzea.

c)  Unitate administratiboen lan jarduerei eta prozesuei dagokienez, prestatu, ezarri eta gainbegiratzea administrazio prozesuak normalizatu, erraztu eta arrazionalizatzeko planak eta programak eta antolakuntzako azterketak.

d)  Herritarrei arreta eta informazioa emateko eginkizunak garatzea; eta zerbitzu elektroniko, telefoniko eta aurrez aurrekoak ematea herritarren arretan.

e)  Foru Aldundiaren informazio eta komunikazio korporatiboko sistemak antolatu, kudeatu eta administratzea.

f)  Foru Aldundiko lanpostuetako oinarrizko eginkizunetarako bulegotika-tresnak eta berariazko produktuak homologatzea.

g)  Administrazio elektronikoa ezartzeko behar diren jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

h)  Gardentasun alorrean departamentuak koordinatzea; eta Gipuzkoa Irekia ataria –gardentasuna, gobernu irekia eta open data– nahiz bertako edukia kudeatu eta administratzea.  

i)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Informazioaren Segurtasun Politika (datu pertsonalen babesa barne hartzen duena) definitu eta ezartzea eta horren jarraipena egitea; eta segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea.

j)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren Gobernu Onaren ereduaren eta Erakundearen Zuzentasun Sistemaren ezarpena sustatzea, martxoaren 11ko 4/2019 Foru Arauak jasotakoaren arabera.

k)  Plan Estrategikoarekin zerikusirik ez duen korporazio-identitatearen osagaien inguruko dagozkion proposamenak egitea horiek onartzeko eskumena duen organoari.

l)  Zuzendaritza nagusiari atxikitako departamentu guztientzako zerbitzuak zuzentzea eta Foru Kontratazioen Zentralaren eta Zerbitzu Orokorren Kontratazio Mahaiaren eskumenetik eratorritako funtzioak betetzea.

m)  Foru Aldundiaren parke mugikorra zuzentzea, ibilgailu industrialak izan ezik.

n)  Foru inprimategia eta Foru Aldundiaren argitalpen jarduera zuzentzea.

ñ)  Artxibo Administratibo Orokorra zuzentzea.

o)  Foru Kontratazioen Zentralaren, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordearen eta Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordearen funtzionamenduari laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa ematea.

12. artikulua.  Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Foru Aldundian Kudeaketa Aurreratuko Eredua ezartzeko beharrezko aholkularitza, laguntza eta prestakuntza ematea departamentuei; ezarpen horren jarraipena egitea eta ereduan beharrezkoak diren eguneratzeak eta egokitzapenak proposatzea zuzendari nagusiari.              

b)  Normalizazioa, administrazioaren sinplifikazioa eta Kudeaketa hobetzea xede dituzten programa eta jarduketak bultzatu, garatu eta koordinatzea.

c)  Aholku ematea eta laguntzea prozesuen mapak garatzeko; prozesuak hobetzeko; zerbitzuen kartak egiteko; kalitatea kudeatzeko sistemak eta ingurumena kudeatzekoak ezartzeko; kalitate adierazleen jarraipena egiteko; kalitatearen gaineko barruko eta kanpoko ebaluazioak egiteko eta gogobetetasuna neurtzeko.

d)  Zerbitzuen eskaintzan antolakuntza hobetzeko, baliabideak planifikatzeko eta informazioaren alorreko teknologiak baliarazteko proposamenak egin, bultzatu eta ebaluatzea.

e)  Onar litezkeen arrazionalizatze programei eta Administrazioa hobetzeko programei dagokienez, zabalkunde, sentsibilizazio eta sustapeneko lanak egitea; eta departamentuei aholku nahiz behar adinako laguntza tekniko eta metodologikoa ematea.

f)  Bai bere baliabideak bai kanpokoak erabilita, parte hartzen duen hobekuntzako proiektuen Kudeaketa kontrolatzea, osorik edo zati batean departamentuak finantzatzen dituenean.

g)  Administrazio elektronikoa ezartzeari edo Aldundi osorako informazio eta komunikazio sistemak hobetzeari lotutako proiektuak bultzatu, kudeatu eta koordinatzea.

h)  Bultzatzea departamentuen informazio sistemak eta aplikazioak Aldundi osorako administrazio elektronikoko azpiegitura eta zerbitzuetan txertatu daitezen; eta zehaztea Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat garatutako aplikazioen artean zein diren aplikazio korporatiboen katalogoan sartutakoak eta beste edozein departamentutan ezar daitezkeenak.    

i)  Herritarrei arreta eta informazioa emateko funtzioak garatzea, aurrez aurre, telefonoz eta bitarteko elektronikoen bidez.

j)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa kudeatzea eta administratzea.

k)  Intranet korporatiboa kudeatu eta administratzea; eta barne komunikazioko sistemak eta tresnak aztertu eta horiek ezartzen laguntzea.

l)  Foru gobernantza publikoaren esparruan Gobernu Onari buruzko martxoaren 11ko 4/2019 Foru Arauak xedatutakoari jarraikiz, gardentasunaren alorreko departamentuko unitate arduradunei foru arau horrek esleitzen dizkien eginkizunak betetzea; eta departamentuekin koordinatzea: publizitate aktiboaren xede den informazioaren argitalpena eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen gauzatzea.   

m)  Foru Aldundian Gobernu Irekiaren garapena bultzatzea; Gipuzkoa Irekia atariaren bitartez datuen irekiera eta gardentasuneko edukien argitalpena sustatzea eta normalizatzea; eta aipatu ataria kudeatzea eta administratzea.

n)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Informazioaren Segurtasun Politika (datu pertsonalen babesa barne hartzen duena) betetzeko jarduerak sustatu, horien inguruan aholku eman eta horien jarraipena egitea.

ñ)  Administrazio Elektronikoaren alorrean nahiz agirien Kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean emandako foru araudiak departamentuari edo zerbitzuari egozten dizkien eginkizunak gauzatzea.

o)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren Gobernu Onaren ereduaren eta Erakundearen Zuzentasun Sistemaren ezarpena sustatzea, martxoaren 11ko 4/2019 Foru Arauak xedatutakoari jarraikiz.

p)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordearen eta Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordearen funtzionamenduari laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa emateko beharrezko baliabide material eta pertsonalak jartzea.

13. artikulua.  Zerbitzu Orokorretako Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunaren pean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Plan Estrategikoarekin zerikusirik ez duen korporazio-identitatearen osagaien inguruko dagozkion jarduketak edo ekintzak proposatzea zuzendari nagusiari.

b)  Foru inprimategia eta Foru Aldundiaren argitalpen jarduera kudeatzea.

c)  Artxibo Administratibo Orokorra kudeatzea.

d)  Eraikinetako ekipo eta instalazio bereziak proiektatu, gauzatu eta mantentzea, zehazki: komunikazio sistemetakoak, segurtasunekoak, suteen kontrakoak eta ikus-entzunezkoak; eta bulegoetako ekipamendu orokorrak ere bai.   

e)  Departamentu guztietarako diren hornidura eta zerbitzuak kudeatzea.

f)  Eraikinetako suteen aurkako babesaren eta segurtasunaren gaietan aholku ematea departamentuei; eta Foru Aldundiko lantokien larrialdietako eta autobabeserako planak prestatu eta kudeatzea.

g)  Foru Jauregian honako zerbitzu hauek ematea: posta, mezularitza, eta etxezaintza eta antzekoak.

h)  Foru Jauregiko bilera areto komunak eta departamentu askotako eraikinetakoak kudeatzea.

i)  Foru Aldundiaren ibilgailu ofizialen eta erakundearen partekatzeko ibilgailu arinen zerbitzua ematea; eta departamentuekin batera ibilgailu arinen flota planifikatu eta koordinatzea.

j)  Foru Kontratazioen Zentralari eta Zerbitzu Orokorren Kontratazio Mahaiari laguntza materiala, teknikoa eta administratiboa emateko beharrezko baliabide material eta pertsonalak jartzea.

k)  Material inbentariagarriko biltegi zentrala kudeatzea.

l)  Ondasun eta zerbitzuen modu zentralizatuan kudeatzeko proposamenak egitea, eta horren barne:

1.  Izaeraz guztiek edo komunean erabiltzekoak eta modu zentralizatuan erosteko edo kudeatzeko egokiak diren ondasun eta zerbitzuak zehaztea.

2.  Ondasunak eta zerbitzuak normalizatzeko irizpideak zehaztea, ezarritako prozedura erabiliz kontratatzeko.       

m)  Mota guztietako inprenta lanak egitea, departamentuen eta erakunde baimenduen eskariz.

n)  Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin koordinatuta, egoitzak antolatzeko azterketak egin, estandarrak ezarri, antolamendu azterlanak egin eta burutzea; eta bulegoak ekipatzea.

ñ)  Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin koordinatuta, Foru Jauregiko instalazio bereziak mantentzea.

3. ATALA.  Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza Nagusia

14. artikulua.  Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

Titularraren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, aipatu zuzendaritza nagusiak Herritarren Partaidetzari buruzko azaroaren 12ko 5/2018 Foru Arauaren 45. artikuluan jasotako eginkizun hauek ditu, foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain:

a)  Legegintzaldirako Partaidetza Programaren aurreproiektuaren prestaketa zuzendu eta koordinatzea Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordearen barruan; Foru Aldundiak onartutako programa gauzatzea eta urte bakoitzerako zehaztapenak proposatzea.

b)  Aldundiko departamentuek sustatzen dituzten partaidetzarako beste ekimen batzuk diseinatzen eta gauzatzen laguntzea.

c)  5/2018 Foru Arauan aurreikusten diren herritarren partaidetzarako organoen jarduera koordinatzea eta kudeatzea, eta organo horietan kide gisa parte hartzea; batez ere, Foru Batzordean, Gizarte Kontseiluan eta Erakunde arteko Espazioan.

d)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardueretan partaidetzaren transbertsalitatea eta herritarrak ahalduntzea sustatzea.       

e)  Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroa kudeatzea.

f)  Sare sozialetan entzute aktiboa lantzeko definitutako estrategiak analizatzea eta herritarren partaidetzaren arloko komunikazio euskarriak dinamizatzea.

15. artikulua.  Herritarren Partaidetzarako Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Eragindako Aldundiko departamentuekin elkarlanean, Partaidetza Programan jasotako partaidetza prozesuak planifikatu, ezarri eta ebaluatzea.

b)  Herritarren partaidetza sustatzen duten programak, ekintzak eta lan-egiturak kudeatu eta dinamizatzea.

c)  5/2018 Foru Arauan aurreikusten diren herritarren partaidetzarako organoen jarduera koordinatzeko eta kudeatzeko lanetan laguntzea zuzendari nagusiari; eta Gizarte Kontseiluaren idazkari lanak betetzea.

d)  Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak eta Gizarte Kontseiluak esleituta dituzten eginkizunak bete ahal ditzaten laguntza materiala, teknikoa, administratiboa eta finantzarioa emateko beharrezko baliabide material eta pertsonalak jartzea.

e)  Gipuzkoako udalerriekin lankidetza eta koordinazio egonkorra lortzeko tresnak ezartzea Partaidetza Programa oinarri hartuta; eta dagokien esparruan partaidetza prozesuak gauzatu ahal izateko laguntza teknikoa ematea.               

f)  Gipuzkoako herri mugimenduekin lankidetza eta koordinazio egonkorra lortzeko tresnak ezartzea, Partaidetza Programa oinarri hartuta.

g)  Foru Aldundiko departamentuei eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea.

h)  Zuzendaritza nagusiaren eginkizunen esparruan sinatzen diren lankidetza hitzarmenen jarraipena egitea.        

i)  Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroa kudeatzea.

j)  Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea, herritarren partaidetzarako berariazko prestakuntza programak diseinatu eta antolatzeko, Aldundiko langileentzat zein lurralde historikoko herritarrentzat.

k)  Herritarren partaidetzarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

4. ATALA.  ‑Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritza Nagusia

16. artikulua.  Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

Titularraren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, artikuluan adierazitakoez gain, zuzendaritza nagusi honi dagokio:

a)  Indarrean dagoen araudiak larrialdien, babes zibilaren, suteen prebentzioaren eta itzalketaren eta salbamenduaren alorrean Foru Aldundiari esleitzen dizkion eginkizunak betetzea, betiere espresuki departamentuko foru diputatuari esleituta ez badaude; eta, bereziki, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Larrialdietako Foru Plana garatu eta mantentzea.

b)  Foru diputatuari laguntzea esparru horietan indarrean dagoen araudiak eta, zehazki, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Larrialdietako Foru Planak espresuki esleitzen dizkion eginkizunak betetzen.

c)  Foru Zerbitzua osatzen duten suhiltzaile-etxeak zuzentzea; eta lurralde historikoko edozein lekutan gertatutako edozein ezbeharri berehala eta eraginkortasunez erantzuteko gai izango den suhiltzaile-etxeen sare egokia bermatzea.

d)  Lurralde historikoan larrialdiak era koordinatuan kudeatzen direla ziurtatzea; Foru Aldundiko zerbitzuetatik erantzun koordinatua ematen dela; eta biztanleek larrialdien komunikazio publiko egokia jasotzen dutela.

17. artikulua.  Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunpean, zerbitzu horri ondorengo eginkizunak dagozkio:

a)  Suhiltzaile-etxeen sarea berrikustea, sortzen diren komunikabide berrietara eta parke bakoitzaren esku-hartze kopurura egokitzeko neurriak proposatzea, eta ezarritako Kudeaketa sistemak ere egokitzea.   

b)  Foru Zerbitzua osatzen duten suhiltzaile-etxeak kudeatu eta koordinatzea, beren jarduketa esparruko ezbeharrei berehala eta eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

c)  Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea suhiltzaileen prestakuntza iraunkorreko plana diseinatu eta gauzatzen.

d)  Herritarrak suteen kontrako prebentzioan eta segurtasunean eta babes zibilarekin lotutako bestelako gaietan hezi eta sentsibilizatzeko jarduerak egitea. 

e)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Larrialdietako Foru Plana garatu eta mantentzen laguntzea zuzendari nagusiari; eta zehazki:

1.  Lurralde historikoko arriskuak eta elementu ahulak identifikatu eta aztertzea.

2.  Planaren antolaketa egituratzea eta hori definitzeko eta eguneratuta mantentzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide teknologikoak zehaztea.

3.  Planari esleitutako bitarteko eta baliabide propioen eta kanpokoen katalogoa egitea.

4.  Plana ezartzea eta eraginkorki eguneratuta mantentzea uneoro.

5.  Euskadiko Babes Zibileko Planarekiko, plan bereziekiko, udal planekiko eta egin diren edo egin daitezkeen beste planekiko lotura eta integrazio mekanismoak ezartzea.    

f)  Larrialdien Komunikazio Sistemak hobetzea; eta xede horrekin, beharrezkoak diren baliabideak definitzea eta jartzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzu guztien ahots- eta datu-komunikazio erradioelektrikoak modernizatzeko jarraipena egitea, babes zibilaren oinarrizko euskarria baita.

g)  Lurralde historikoan autobabesa eta prebentzio operatiboa sustatzea eta bultzatzea, suhiltzaile etxeen esku-hartzeekin koordinatzeari dagokionez.          

h)  Babes zibileko boluntarioen lankidetzarekin eta antolaketarekin lotutako alderdiak definitzea, Gipuzkoako udalekin koordinatuta.

5. ATALA.  Idazkaritza Teknikoa

18. artikulua.  Idazkaritza Teknikoaren funtzioak.

Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki, eta eginkizun hauek beteko ditu departamentuak dituen eskumenen barruan:

a)  Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak onartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)  Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)  Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)  Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.

e)  Departamentuko fede publikoa erabiltzea.

f)  Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)  Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuta.

h)  Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.

i)  Departamentuko jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)  Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea; eta, halaber, departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea. 

k)  Foru Aldundiaren aseguru politika garatzea: aseguru polizen kontratazioa eta berritzea planifikatzea eta kontratatutakoak kudeatzea.

l)  Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak gauzatzea, hala balegokio.

m)  Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien Kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.

n)  Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.  

ñ)  Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusiak ordeztea.

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean, edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, egotzita dauzkaten eskumenak eta eginkizunak zuzenean foru diputatuak beteko ditu; edo, bestela, hark izendatzen duen zuzendari nagusiak.

Bigarren xedapen gehigarria.  Antolaketa-egokitzapenak.

Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere onarpenak eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio Gobernantza Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabeturik geratzen dira Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 31ko 7/2017 Foru Dekretua, eta foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Amaierako lehenengo xedapena.  Otsailaren 22ko 3/2011 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Kontratazioen Zentrala eta Zerbitzu Orokorren Kontratazio Mahaia arautzekoa, aldatzea.

Otsailaren 22ko 3/2011 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da; eta honela gelditzen da idatzita:              

«1.  Foru Kontratazioen Zentrala eta Zerbitzu Orokorren Kontratazio Mahaia honela osatuta egongo dira:  

Mahaiburu:

— Gobernantza Departamentuko Zerbitzu Orokorretako zerbitzuburua, edo berak eskuordetutako departamentu bereko beste norbait.

Mahaikideak:

— Gobernantza Departamentuko idazkari teknikoa, edo berak eskuordetutako zerbitzuko beste norbait; aholkularitza juridikoko funtzioak beteko ditu.

— Gobernantza Departamentuko Kontratazio Publikoa Koordinatzeko zerbitzuburua, edo berak eskuordetutako zerbitzuko beste norbait.

— Ogasun eta Finantza Departamentuko Kontuhartzailetzako eta Auditoretzako zerbitzuburua, edo berak eskuordetutako zerbitzuko beste norbait.

— Gobernantza Departamentuko Idazkaritza Teknikoko teknikari bat, edo berak eskuordetutako departamentuko beste norbait.

Idazkaritza:

— Gobernantza Departamentuko funtzionario bat.»

Amaierako bigarren xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko urriaren 20a.

                                                           Diputatu Nagusia,         
                                                      Markel Olano Arrese.

           Gobernantza Departamentuko
                      Foru Diputatua, 
           Eider Mendoza Larrañaga.       (5530)