1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

INGURUMENEKO ETA OBRA HIDRAULIKOETAKO DEPARTAMENTUA

16/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak eta horretarako beharrezkoa duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren, diputatu nagusiaren 3/2019 Foru Dekretuak, ekainaren 29koak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 14. artikuluan, eta 19/2019 Foru Dekretuak, uztailaren 1ekoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 10. artikuluan.

Aipatutako 3/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bere gain hartzen ditu izen bereko aurreko departamentuaren jarduketa arlo eta eginkizun guztiak, eta berariaz sartzen ditu gai hauei buruzkoak: klima aldaketaren kontrako borroka, jasangarritasun energetikoa, jasangarritasuna (Agenda 21 eta Agenda 2030), ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa, eta ekonomia zirkularra.

Bestalde, departamentuen arteko arloen eta eginkizunen banaketa argitze aldera, diputatu nagusiaren irailaren 29ko 6/2020 Foru Dekretuaren bidez, aipatutako 14. artikuluaren j) letra aldatu da, adierazitako eginkizunez gain, departamentuari gai hauek esleitzeko: bizikleta bideen azpiegituren arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen Sarea garatzeko; eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu departamentuak kudeatzen dituen bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi, izapidetu eta onesterakoan, bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.

Bestalde, aipatutako 19/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluak departamentuari esleitutako jardun esparru eta eginkizun horiei behar bezala erantzungo dien oinarrizko konfigurazio organikoa finkatzen du, bi zuzendaritza nagusi hauek osatutakoa: Ingurumena eta Obra Hidraulikoak.

Horren arabera, departamentuaren egitura honako hau da: aipatutako bi zuzendaritza nagusiak –bakoitza bere zerbitzuekin– eta, gainera, Idazkaritza Teknikoa.

Ingurumenaren alorrean, 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7. artikuluko c) 6 atalean, sailkatutako jardueren gainean esleitzen dizkion eskumenak eta 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Herriko Ingurumena Babestekoak, aitortzen dizkionak izango ditu.

Obra hidraulikoen alorrean, departamentuaren zereginak eta eskumenak dira 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak 7. artikuluaren a) 10 eta b) 4 ataletan zehaztutakoak eta Uraren 2006ko ekainaren 23ko 1/2006 euskal Legetik eratorritakoak, hau da: azpiegitura hidraulikoei buruzko herrilanak; eta ibaietako ur publikoen eta horien berezko ubide, urbazter eta zorguneen zaintza. Horrez gain, departamentuaren esku egongo dira baita ere diputazioek dituzten zereginak ondorengo alorretako udal mailako edo udalaz gaindiko zerbitzu publikoei dagokienez: ur hornidura eta saneamendua, uholdeen prebentziorako obrak eta hiri hondakinak.            

Orobat, hainbat funtzio garatzen dira, sorburu dituztenak lege eta estrategia hauek: bai 4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa; bai Gipuzkoako Klima-Aldaketaren Aurkako Borroka-Estrategia 2050, zeintzuek ezartzen baitituzte, alde batetik, zenbait xede eta helburu, bideratuak daudenak energia-aurrezpena eta energia-efizientzia bultzatzera, eta energia berriztagarriak sustatzera eta ezartzera, eta bestetik, zenbait ekintza zehatz, klima-aldaketaren arintze eta egokitzapen arlokoak, lurraldean. Gai horretan, eta nola sortu baita Jasangarritasun Energetikoaren Gipuzkoako Batzordea, bitarteko dela 4/2020 Foru Dekretua, martxoaren 17koa, bada, aparteko garrantzia hartzen du koordinazio betekizunak, hau da, Ingurumen Zuzendaritzak foru departamentu eta entitateen artean betetzen duenak.

Horrez gain, kontuan izanda Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango direla, departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitu dira horiek aplikatu eta ezartzeko.

Aurrekoari jarraikiz, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzea da foru dekretu honen xedea.

Horrenbestez, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren indarrez, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren eginkizunak eta jarduera esparruak honako hauek dira:

a)  Hiri hondakinen Kudeaketaren planifikazioa eta garapena, eta ekonomia zirkularra.

b)  Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa. Agenda 21 eta Agenda 2030.

c)  Jasangarritasun energetikoa.

d)  Erresilientzia eta azpiegitura berdeak. Ingurumen ebaluazioa.

e)  Klima aldaketaren aurkako borroka.

f)  Hondartzen eta itsasertzaren Kudeaketa integrala.

g)  Jarduera sailkatuak.

h)  Lurraldeko hornidura eta saneamendu sarea osatzea.               

i)  Aforalekuen sarea. Ibaien eta akuiferoen azterketa eta kontrola, mantentzea eta berritzea.

j)  Uraren kalitatearen kontrola.

k)  Oztopoak iragazkortzeko Plan Gidaria.

l)  Bizikleta bideen azpiegitura arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen Sarea garatzeko, eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu departamentuak kudeatzen dituen bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi, izapidetu eta onesterakoan, bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.

m)  Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

2.  Horiez gain, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien, zerbitzuen eta unitate organikoen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.               

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

2. artikulua.  Oinarrizko egitura organikoa.

1.  Departamentuak, bere eskumenak betetzeko eta foru diputatuaren goi gidaritzapean, ondorengo unitate organikoak ditu:

a)  Ingurumen Zuzendaritza Nagusia:

— Ingurumen Zerbitzua.

b)  Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusia:

— Obra Hidraulikoetako Zerbitzua.

— Geotekniako eta Baliabide Hidraulikoetako Unitatea.

— Uraren Kontrol eta Kalitateko Unitatea.

c)  Idazkaritza Teknikoa.

2.  Departamentu honi atxikitzen zaio «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» foru fundazio publikoa.

3. artikulua.  Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.      

2.  Bere eginkizunak betetzeko, departamentuko foru diputatuak ditu, printzipioz eta uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen eta foru arau hark, foru dekretu honek, edo ondorengo beste arauren batek berariaz departamentuko beste organo batzuei esleitzen ez dizkieten gaiak ebazteko eskumen guztiak.

3.  Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.

4. artikulua.  Zuzendari nagusiak.

1.  Zuzendari nagusiak departamentuko zuzendaritza organoetako titularrak dira eta beren gain hartzen dituzte haien buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizunak betetzea dagokie:

a)  Gobernu programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.            

b)  Politika publikoak ezartzea eta departamentuko foru diputatuak ezarritako Kudeaketa helburuak betetzea.              

c)  Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

d)  Zuzendaritza nagusiko zerbitzu eta unitateen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.

e)  Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta dituen eskumenen esparruaren barruan.

f)  Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.

2.  Eginkizun horiek betetzeko, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:

2.1.  Laguntza, dirulaguntza eta bestelako transferentzietan:

a)  75.000,00 eurora arteko laguntzak eta dirulaguntzak ematea: betiere aurrekontu programetan eta hala ezartzen den oinarri arautzaileetan aurreikusitakoak.    

b)  Aurretik administrazio egintzen bidez baimendutako gastuei dagozkien ordainketak egitea, zenbatekoa edozein dela ere. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa onuradunak benetan egindako gastuari egokitu ahal izango dute.

c)  Beraiek emandako dirulaguntzen itzulketak.

2.2.  Kontratazio arloan:

a)  Beren zuzendaritzako gaietan obra proiektuak onartzea, eta obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteak onartzea eta dagozkion kontratuak esleitzea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 75.000,00 euro artekoa denean; berarekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea eta indarrean dagoen sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak.

b)  Kontratuen enpresa esleipendunek aurkez ditzaten segurtasun eta osasuneko planak onartzea.

c)  Sektore Publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoaren arabera kontratistek aurkeztutako obra egitarauak onartzea.

d)  Obra ziurtapenak eta bestelako konturako ordainketak onartu eta ordaintzea, zenbatekoa edozein dela ere.

e)  Kontratuko epeak betetzeari dagokionez atzerapen zigorrak jartzea.

f)  Obra, hornidura eta bestelako prestazioen harrera egitea; eta departamentuak onartutako kontratuetan obren amaierako ziurtapenak eta likidazioak onartzea, betiere gastu gehigarria esleipen prezioaren %10 baino gutxiagoa bada.       

g)  Bermeak ezereztu eta itzultzea.

2.3.  Derrigorrezko desjabetzapenak, departamentuaren eskumeneko proiektuen Kudeaketari dagokionez: balio justuak ordaintzea 75.000,00 euro edo gutxiagokoak badira.

2.4.  Bestelako gaietan:

a)  75.000,00 eurorainoko beste edozein gastu egiteko baimena ematea.

b)  Lehendik baimenduta dauden gastuei dagozkien edonolako ordainketak egitea, zenbatekoa edozein dela ere.

c)  Zerbitzu publikoen funtzionamenduak pertsonengan eragindako kalteengatik irekitako ondare erantzukizuneko espedienteak ebaztea, erreklamazio administratiboa 75.000,00 euro baino gehiagokoa ez denean.

d)  Oro har, partikularren eta herri administrazioen eskariei erantzutea, baldin eta 75.000,00 euro baino gehiagoko gastu konpromisoa ez badakarte.

3.  Ondare erantzukizuneko gaietan izan ezik, deskontzentrazioko arauei jarraikiz esleitu zaizkien eskumenak erabiliz zuzendari nagusiek hartzen dituzten ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.

5. artikulua.  Zerbitzuburuak.

1.  Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.  Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:

a)  Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko Kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.

b)  Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuen berri ematea, eta horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea.

c)  Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.

d)  Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)  Zerbitzuko barne erregimena betetzen den kontrolatzea, eta gorabeheren berri ematea.

f)  Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea, arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramanez herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.

g)  Esleitu edo eskuordetzen zaizkion eginkizunak betetzea.

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONALA

1. ATALA.  Ingurumen Zuzendaritza Nagusia

6. artikulua.  Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

1.  Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ondorengo eginkizunak ditu:

a)  Hiri hondakinen Kudeaketaren planifikazioa eta garapena, eta ekonomia zirkularra.

b)  Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa. Agenda 21 eta Agenda 2030.

c)  Jasangarritasun energetikoa.

d)  Lurralde erresilientzia, azpiegitura berdeak. Ingurumen ebaluazioa.

e)  Klima aldaketaren aurkako borroka.

f)  Hondartzen eta itsasertzaren Kudeaketa integrala.

g)  Jarduera sailkatuak.

h)  Indarrean diren arauen arabera gai horietan dagozkion gainerako eskumenak.

2.  Bere eginkizunak betetzeko, 4.2 artikuluan aipatzen direnez gain, gai hauetan ere ebazteko eskumena izan eta erabiliko du Ingurumeneko zuzendari nagusiak deskontzentrazioko arauei jarraikiz:

2.1.  Ingurumen eraginari dagokionez:

a)  Irismen Agiria ematea planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoko prozedurei dagokienez, eta proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluaziokoei dagokienez.      

b)  Txostenak egitea, zeintzuekin bukatzen baitira planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedurak (Ingurumen Txosten Estrategikoa), eta proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatukoak (Ingurumen Inpaktuaren Txostena).

c)  Ingurumeneko eraginaren adierazpenen eta txostenen baldintzak betetzen direnari buruzko ebazpena.

d)  Lurraldeko Natura 2000 Sarearen esparruetan eragina izan dezaketen proiektuek eta planek ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar duten ala ez erabakitzeko ebazpena.

2.2.  Jarduera sailkatuen arloan, bizitegi lurzoru hiritarreko jardueren neurrri zuzentzaileak seinalatzeko txostenak egitea.           

2.3.  Bestelako gaietan:

a)  Foru Aldundiari dagozkion azpiegitura linealeko obretatik datozen indusketako soberakinekin betelanak edo biltegiak egiteko baimen espedienteen ebazpena.

b)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 65. artikuluan aurreikusitako kenkaria lortzeko ingurumen egokitasunaren egiaztagiriaren eskaera ebazpena baita foru arau horretako 21. artikuluan aurreikusitako txostenarena ere.     

7. artikulua.  Ingurumen Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunaren pean, zerbitzu horrek ondorengo eginkizunak ditu:

1.  Hiri hondakinen Kudeaketaren planifikazioa eta garapena, eta ekonomia zirkularra:

a)  Gipuzkoako hiri hondakinen esparru plangintza prestatu, garatu eta haren jarraipena egitea (Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra –2019-2030 Hondakin Plana–).

b)  Gipuzkoako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Behatokia bultzatu eta garatzea. Behatokiko Mahaia garatzea.

c)  Solaskidetzan aritzea Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Hondakinen Koordinazio Organoarekin.

d)  Udal jarduketak koordinatzea eta udalez gaindiko azpiegiturak bultzatzea.

e)  Ekintza hauek bultzatzea: prebentzioa, gaikako bilketa sistemak hobetzen laguntzea, berrerabilera eta birziklapenerako prestatzea, balorizazio material eta energetikoa, eta ezabaketaren optimizazioa.

f)  Zabor sakabanatua murrizteko eta zuzentzeko plana bultzatzea eta garatzea.

g)  Birziklapeneko eta moda jasangarriko enpresetako lantaldeak bultzatzea. GK Recycling eta GK Green Fashion. Erosketa zirkularreko taldea.

h)  Ekonomia zirkularreko gobernantza kudeatu eta garatzea.

2.  Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa:

a)  Tokiko ekintzaren jasangarritasuna bultzatzea. Agenda 21 eta Agenda 2030.

b)  Jasangarritasuneranzko politika publikoen jarraipena eta ebaluazioa.

c)  Ingurumen hezkuntza. Gipuzkoa Naturaldia.

3.  Jasangarritasun energetikoa:

a)  Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoko Estrategia: prestatu, garatu, jarraipena egin, eta ebaluatzea. Energia berriztagarriak ezartzeko ereduak.

b)  Trantsizio energetikoa bultzatzea udalerri, eskualde eta kontsumo sektoretan.

c)  Energia arloko informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza.

d)  Jasangarritasun energetikoko gobernantza kudeatu eta garatzea.

e)  Foru Aldundiaren eta haren menpeko entitateen proiektuak, obrak eta jasangarritasun energetikoa.

f)  Inbentario energetikoa prestatzea.

g)  Foru sektore publikoko kontsumo energetikoaren oinarrizko maila zehaztea.

h)  Kontsumo energetikoaren monitorizazioa eta kontrola.

i)  Hobekuntza energetikoko ziurtapenak, auditoretzak, azterketak, proiektuak eta obrak.

j)  Jarduketa Energetikoaren Plana: prestatu, garatu, eta jarraipena egitea. Energia jasangarriko ekintza planei buruzko txostenak egitea.

k)  Eraikinen zaharberritzeko eta eraikuntza berriko proiektuen eta obren gainbegiratze energetikoa, baita ekipamendu, instalazio eta ibilgailu flotak berritzekoena ere.

l)  Jasangarritasun Energetikoko Gipuzkoako Foru Batzordearen koordinazioa.

4.  Erresilientzia, azpiegitura berdeak eta ingurumen ebaluazioa:

a)  Aholku ematea Foru Aldundiari eta beste administrazio batzuei, alderdi hauen definizioan, balorazioan eta kontrolean: ingurumen kalitateko helburuak, eta lurraldean planteatzen diren plan eta proiektuei aplikagarri zaizkien jasangarritasun irizpideak.

b)  Ingurumen ebaluazioko prozedurak izapidetzea:      

b.1)  Egiteko edo baimentzeko funtsezko eskumena Foru Aldundiarengan dagoen plan, programa eta proiektuen irismen agirien eta ingurumen deklarazioen proposamenak prestatzea.  

b.2)  Txosten proposamenak egitea beste administrazio batzuek bere eskumenekoak diren eta ingurumen ebaluazioaren mende dauden plan eta proiektuei buruz egiten dituzten kontsultei erantzunez.

b.3)  Txosten proposamenak prestatzea honi buruz: Foru Aldundiaren eskumenekoak izanik Natura 2000 Sarearen espazioetan eragina izan dezaketen plan eta proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozeduraren baten mende jarri beharra dagoen edo ez.

b.4) Ingurumen ebaluazioko txosten eta deklarazioetan ezarritako baldintzak betetzen diren, zaintza eta kontrol zereginak bultzatzea.

c)  Natura eta ingurumen aldetik degradatuta dauden guneak leheneratzeko azterketak, proiektuak eta obrak.

d)  Azpiegitura berdeak bultzatu eta garatzea.

5.  Klima aldaketaren aurkako borroka:

a)  Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategia: prestatu, garatu, jarraipena egin, eta ebaluatzea. Aginduzko txostenak.

b)  Klima gobernantzaren Kudeaketa eta garapena.

6.  Hondartzen eta itsasertzaren Kudeaketa integrala:

a)  Udalekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

b)  Monitorizazioa eta azterketak. Itsasertzeko bideometria sare forala.

c)  Gipuzkoako Hondartzen Kudeaketa Integratuko Plana: prestatu, garatu, eta jarraipena egitea.

d)  Hondartzen garbiketa eta zaintza.

e)  Areatzak eta dunak kudeatzea. Klima aldaketari egokitzeko ekintzak.

7.  Jarduera sailkatuak:

a)  Bizitegi lurzoru hiritarrean kokatutako edo lurzoru horretan instalatu gabe beren izaeragatik bertan koka daitezkeen jarduera sailkatuei neurri zuzentzaileak seinalizatzea.

b)  Udalei gaiari buruzko aholkularitza teknikoa ematea.

8.  Foru Aldundiari dagozkion azpiegitura linealeko obretatik datozen hondeaketa soberakinak biltegiratzeko edo betelanetan erabiltzeko baimenen txostenak prestatzea.     

2. ATALA.  Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusia

8. artikulua.  Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak.

Zuzendari nagusiaren buruzagitza eta erantzukizunaren pean, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiak ondorengo eginkizunak ditu:

1.  Lurraldeko hornidura eta saneamendu sarea osatzea.

2.  Aforalekuen sarea. Ibaien eta akuiferoen azterketa eta kontrola, mantentzea eta berritzea.

3.  Uraren kalitatearen kontrola.

4.  Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria.

5.  Bizikleta bideen azpiegituren arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen Sarea garatzeko; eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu departamentuak kudeatzen dituen bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi, izapidetu eta onesterakoan, bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.

6.  Indarrean diren arauen arabera gai horietan dagozkion gainerako eskumenak.

9. artikulua.  Obra Hidraulikoetako Zerbitzua.

Bere titularraren erantzukizunaren pean, zerbitzu horrek ondorengo eginkizunak ditu:

1.  Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioen artean sartutako obrak eta gainerako jarduketak planifikatzea, eta koordinatzea tartean diren gainerako administrazio, ente kudeatzaile, arroetako erakunde, ingurumen organo eta abarrekin.          

2.  Aldez aurreko azterketak, aurreproiektuak eta proiektuak idatzi edo zuzentzea, aipatutako funtzioak edo agintzen zaizkionak garatzeko behar diren azpiegiturak eraikitzeko edo hobetzeko. 

3.  Aipatutako funtzioak edo agintzen zaizkionak garatzeko behar diren azpiegiturak eraikitzeko obrak zuzendu eta kontrolatzea.               

4.  Lankidetzan aritzea Foru Aldundiko beste departamentu batzuekin, udalekin eta gainerako ente publikoekin, zerbitzu teknikoak edo aholkularitzakoak ematean, proiektu eta obrei dagokienez.

5.  Bizikleta bideen azpiegituren arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen Sarea garatzeko; eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu departamentuak kudeatzen dituen bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi, izapidetu eta onesterakoan, bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.

10. artikulua.  Geotekniako eta Baliabide Hidraulikoetako Unitatea.

Obra Hidraulikoetako zuzendari nagusiaren ardura zuzenaren menpean, unitate horrek ondorengo eginkizunak ditu:

1.  Gipuzkoako Lurralde Historikoko baliabide eta behar hidraulikoak planifikatu, kontrolatu eta ebaluatzea.

2.  Azterketa geotekniko eta hidrogeologikoak zuzendu eta kontrolatzea, dagokion jarraipen teknikoa eginez Zuzendaritzako obretan eta proiektuetan. Informazio geoteknikoko datu baseak eguneratu eta mantentzea.

3.  Ibaietako aforalekuen sarea kontrolatu eta ustiatzea, alarmen jarraipena eta Kudeaketa eginez prezipitazio handien gertakarietan.

4.  Ekosistema akuatikoen berreskuratze morfologikoa sustatzea eta garatzea beste departamentu eta erakunde batzuekin batera.

5.  Urtegien Kudeaketan aholkularitza hidrologikoa eskaintzea.

6.  Udalerriei aholkularitza teknikoa eskaintzea unitatearen lan esparruko gaietan.

11. artikulua.  Uraren Kontrol eta Kalitateko Unitatea.

Obra Hidraulikoetako zuzendari nagusiaren ardura zuzenaren menpean, unitate horrek eginkizun hauek ditu:

1.  Uraren kalitate kontrolak egitea eta koordinatzea, eta kalitatezko sareak mantentzea eta ustiatzea.

2.  Zuzendaritza nagusiari bere eskumeneko azterlan eta proiektuetan aholkularitza ematea, dagozkion txosten teknikoak eginez.

3.  Obra hidraulikoen plangintzan laguntzea, lanen jarraipena eginez.

4.  Ibai, zabortegi eta bestelako kutsadura guneetara egiten diren isurketa industrialen kontrola kudeatzea.

5.  Hornidura eta saneamendu sistemen ustiapena kontrolatzea, dagozkion txostenak eginez.       

6.  Ekosistema akuatikoen berreskuratze ekologikoa sustatzea eta garatzea beste departamentu eta erakunde batzuekin batera.

3. ATALA.  Idazkaritza Teknikoa

12. artikulua.  Idazkaritza Teknikoaren funtzioak.

1.  Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki, eta eginkizun hauek beteko ditu departamentuak dituen eskumenen barruan:

a)  Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak hartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)  Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)  Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)  Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea, eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzunez.

e)  Departamentuko fede publikoa erabiltzea.

f)  Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)  Departamentuaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuta.

h)  Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.

i)  Departamentuko jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)  Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea; eta, halaber, departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.      

k)  Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.

l)  Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak, hala balegokio.

m)  Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean (martxoren 11ko 4/2019 Foru Araua) eta agirien Kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean (ekainaren 14ko 17/2011 Foru Dekretua).

n)  Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.         

ñ)  Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

2.  Idazkari teknikoa izango da instruktore Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren gaietan bideratutako zehapen prozeduretan.  

Instruktore funtzio hori betetzen ari dela, ez du menpekotasun funtzionalik edukiko.

Lehen xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusien ordezkotza.       

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean, edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, bata bestearen ordez arituko dira egotzita dauzkaten eginkizun eta eskumen guztietan, departamentuko foru diputatuak funtzio eta eskumen horiek bere gain espresuki hartzea erabakitzen duenean izan ezik.

Bigarren xedapen gehigarria.  Uren zaintza.

Foru dekretu honetan ibaietako ur publikoen eta hauen berezko ubide, urbazter eta zorguneen zaintzari buruz emandako eskumenek ez dituzte oztopatuko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak ehiza eta ibaietako arrantza alorrean dituen zaintza administratiboko eginkizunak.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Foru diputatuari dagozkion beste eskumen batzuk.

Departamentuko foru diputatuak onartuko ditu obren amaierako ziurtapenak eta kontratuen likidazioak, betiere gastu gehigarria esleipen prezioaren %10 baino gutxiagoa bada, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.6. artikuluaren 2. paragrafoan eta 40.5.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz esleitzen dituen kontratuei dagokienez. Ahalmen horrek berekin ekarriko du, dagokion gastua onartzea ere. 


Indargabetzeko xedapena.

Indargabetuta gelditzen dira foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Bereziki, uztailaren 19ko 22/2016 Foru Dekretua, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko urriaren 20a.

                                                        Diputatu Nagusia,      
                                                       Markel Olano Arrese.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako    
                   Departamentuko              
                    Foru Diputatua,              
          José Ignacio Asensio Bazterra.

      Gobernantza Departamentuko
                    Foru Diputatua,              
             Eider Mendoza Larrañaga.         (5529)