1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DIPUTATU NAGUSIA

14/2020 Foru Dekretua, urriaren 20koa, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Diputatu Nagusiaren Alorraren jarduera eremua eta egitekoak, eta horretarako beharrezkoa duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren: diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoak, 4. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak (urriaren 14ko 50/2019 Foru Dekretuak aldatutakoak), oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 1. artikuluan.

Aipatu artikulu horiei jarraikiz, agintaldi honetan foru gobernuaren jardunaren oinarri izango diren izaera horizontaleko esparruak bere ardura eta lidergopean hartzen ditu diputatu nagusiak, hala nola: Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua (biak ere sortu berri den Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin batera), hizkuntza berdintasuna, genero berdintasuna, kultura demokratikoa eta komunikazioa herritarrekin. Halaber, bere gain hartzen ditu Plan Estrategikoaren ondoriozko identitate korporatiboaren Kudeaketa, eta Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentua zenaren eskumenekoa zen kanpo-harremanen eremua: aurreko agintaldiarekiko berritasunak biak.    

Foru gobernuaren buru gisa dagozkion funtzioak betetzeko, Kabinetearen laguntza izango du diputatu nagusiak. Gainera, berritasun gisa, diputatu nagusiari laguntzeko Idazkaritza eta Identitate Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako Bulegoa ere izango ditu.

Era berean, bere gain hartzen dituen jardun esparruak kudeatzeko, aurreko agintaldiko egitura organikoari eusten dio eta zuzendaritza nagusi bat gehiago gehitu zaio: Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusia, Gobernantza Departamentukoa zena.

Hori dena kontuan hartuta, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoa eta funtzionala finkatzea da foru dekretu honen xedea.

Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c) artikuluan xedatzen duenari jarraikiz, nik proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Diputatu Nagusiaren Alorraren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Diputatu Nagusiaren Alorrari izaera horizontaleko ondorengo jardun esparru hauek dagozkio:

a)  Etorkizuna Eraikiz.

b)  Estrategia eta azterlanak.

c)  Plan Estrategikoa.

d)  Komunikazioa.

e)  Bizikidetza eta giza eskubideak.

f)  Euskararen normalizazioa eta erabilera lantzeko politikak, gizartean nahiz foru administrazioan.

g)  Berdintasuna sustatzeko politikak.

h)  Identitate korporatiboa, harreman instituzionalak eta protokoloa.

i)  Kanpo-harremanak.

2.  Horiez gain, Diputatu Nagusiaren Alorrak, bere zuzendaritza nagusien, zerbitzuen eta unitate organikoen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

2. artikulua.  Egitura organikoa.

1.  Diputatu nagusiak, Diputatu Nagusiaren Laguntzarako Idazkaritzaz gain, Kabinetearen eta Identitate Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako Bulegoaren laguntza izango du.

2.  Era berean, bere eskumenak betetzeko eta diputatu nagusiaren goi zuzendaritzapean, Diputatu Nagusiaren Alorrak unitate organiko hauek ditu:

a)  Estrategia Zuzendaritza Nagusia:

— Etorkizuna Eraikiz Zerbitzua.

b)  Komunikazio Zuzendaritza Nagusia.

c)  Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza Nagusia.

d)  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia:

— Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzua.

e)  Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusia.

f)  Diputatu Nagusiaren Alorreko Idazkaritza, zerbitzu maila duena.

3.  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa, zuzendaritza nagusi maila duena, Diputatu Nagusiaren Alorrari atxikita geratzen da. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoari, berriz, Berdintasun Zerbitzua geratzen da atxikita.

3. artikulua.  Diputatu nagusiaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak eta gainerako arau eta lege xedapenek ematen dizkioten eginkizun eta eskumenak izango ditu diputatu nagusiak.

2.  Bere eginkizunak betetzeko, diputatu nagusiak ditu, printzipioz eta uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 26. artikuluan aurreikusitako eran, bere alorrak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz beste organo batzuei esleitutakoak.

3.  Diputatu nagusiaren eskumena da, halaber, berak edo bere mendeko organoek emandako egintza eta xedapenak ofizioz berrikustea; eta egintza horien aurka administrazio bidean aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.

4. artikulua.  Zuzendari nagusiak.

1.  Zuzendari nagusiak dagokien zuzendaritza organoko titularrak dira, eta beren gain hartzen dituzte haren buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizun hauek betetzea dagokie beren zuzendaritza nagusian:             

a)  Gobernu programa, Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz Eredua inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.

b)  Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

c)  Zuzendaritza nagusiko zerbitzu eta unitateen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d)  Diputatu Nagusiaren Alorraren ordezkaritza protokolarioa betetzea, diputatu nagusia ez dagoenean eta bere eskumenen esparruaren barruan.

2.  Eginkizun horiek betetzeko, gai hauetan ebazteko eskumena eduki eta erabiliko dute zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz:      

a)  Kontratazio arloan:

— Beren zuzendaritza nagusiko gaietan kontratazio espedienteak onartzea eta kontratu horiek esleitzea, kontratuaren balio zenbatetsia 75.000 euro edo gutxiago denean; berekin daramatza, baita ere, dagokion gastua onartzea eta Sektore Publikoko kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari aitortzen dizkion gainerako ahalmenak gauzatzea.

— Bermeak ezereztu eta itzultzea.

b)  Laguntza, dirulaguntza, eta bestelako transferentzien arloan:

— Aurretik administrazio egintzen bidez baimendutako gastuei dagozkien ordainketak egitea, zenbatekoa edozein izanda ere.

c)  Bestelako arloetan:

— Zuzendaritza nagusiari atxikitako aurrekontu partidetako gastuak baimendu eta xedatzea, eta ordainketak agintzea, zenbatekoa 60.000,00 euro edo gutxiago denean.

3.  Zuzendari nagusiek deskontzentrazio araubidean esleitu zaizkien eskumenak erabiliz hartutako ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio diputatu nagusiari.

5. artikulua.  Zerbitzuburuak.

1.  Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.  Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:

a)  Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko Kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.

b)  Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuen berri ematea, horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea, eta beren ardurapeko langileekin helburuen ezagutza eta lorpena partekatzea.       

c)  Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.

d)  Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)  Zerbitzuko barne araubidea betetzen den kontrolatzea; eta gorabeheren berri ematea.

f)  Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.

g)  Esleitu edo eskuordetzen zaizkien eginkizunak betetzea.

II. KAPITULUA

DIPUTATU NAGUSIAREN KABINETEA

6. artikulua.  Diputatu Nagusiaren Kabinetea.

1.  Diputatu Nagusiaren Kabineteak diputatu nagusiari gobernu lanean eta Lurralde Historikoaren interes orokorrak bultzatzen zuzenean lagunduko dio.

2.  Kabineteko buruari dagokio:

a)  Foru Aldundi osoaren ikuspegi estrategikoa bultzatzea, Estrategia Zuzendaritza Nagusiaren laguntza zuzenarekin, eta legealdiko gobernu programa dinamizatzea.          

b)  Zeharkako politikak bultzatzea, Alorreko zuzendaritza nagusien zuzeneko laguntzarekin, eta politika horiek foru jarduera osoan txertatzea.

c)  Foru Aldundiaren politiken lurralde garapenaren ikuspegia bultzatzea, soil-soilik sektore ikuspegia dutenen aurrean.            

d)  Departamentuen jardueren arteko lerrokadura sustatzea, helburu partekatuak dituztenean.

e)  Diputatu nagusiari laguntzea gobernu ekintza oinarri hauek dituen gobernatzeko eredu irekiari eta lankidetzazkoari jarraikiz gauzatzeko konpromisoa betetzen: Gipuzkoako herritarren parte hartze aktibo eta eraginkorra; administrazio publikoekin eta Gipuzkoako eragile eta aktore pribatu eta sozialekin partekatutako ikuspegiaren eredua; eta bere jarduketa guztien gardentasuna.

f)  Departamentuen jarduera planen eta ekintzen inguruan informazio prozedura egokiak ezartzea eta mantentzea, Estrategia Zuzendaritza Nagusiaren laguntza zuzenarekin, betiere Foru Aldundiaren gobernu ekintzaren koordinazioa errazte aldera.          

g)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpo ekintza koordinatua eta integratua izatea bermatuko duten informazio eta lankidetza bideak bultzatzea.

7. artikulua.  Identitate Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako Bulegoa.

Kabinetean kokatzen den bulego horri dagokio honako eginkizun hauek betetzea:

a)  Diputatu nagusiaren agenda instituzionala planifikatu, kudeatu eta koordinatzea.

b)  Komunikazio plan estrategikoa egin dadin sustatzea eta koordinatzea, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiarekin batera; hor sartzen dira: komunikazio beharren diagnostikoa, komunikazioaren plangintzaren diseinua, funtsezko ekintza ildoak eta plan horren ebaluazio sistemak.            

c)  2020-2023 Plan Estrategikoaren ondoriozko Gipuzkoako Foru Aldundiaren identitate korporatibo berriaren, irudi bisual berriaren (marka) eta dagokion identitate korporatiboko eskuliburuaren sorrera sustatzea eta gainbegiratzea.

d)  Irudi korporatiboaren erabilera egokia zaintzea eta bermatzea, bai Gipuzkoako Foru Aldunditik garatzen diren ekimenetan, bai beste eragile eta erakunde batzuek sustatzen dituztenetan.

e)  Diputatu nagusiaren gizarte eta erakunde harremanen politika ezartzea.

f)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere departamentuen ekintza, ekitaldi eta ekimenak antolatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea.

g)  Gipuzkoako Foru Aldunditik kanpoko ekitaldien protokoloa kontrolatzea eta gainbegiratzea.

III. KAPITULUA

ESTRATEGIA ZUZENDARITZA NAGUSIA

8. artikulua.  Estrategia Zuzendaritza Nagusia.

1.  Estrategia Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago hierarkikoki Etorkizuna Eraikiz Zerbitzua.

2.  Foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain, zuzendaritza nagusi honek eginkizun hauek izango ditu:     

a)  Kabineteko buruari laguntzea Foru Aldundiaren ikuspegi estrategikoa sustatzen, gobernantza ireki eta lankidetzazkoan oinarrituta.

b)  Etorkizuna Eraikizen Kudeaketa, sozializazio eta komunikazio prozesuak gauzatzea eta monitorizatzea.

c)  Mekanismoak diseinatzea eta ezartzea, gobernuaren ekintzatik ateratako politika publikoak eraginkorrak izan daitezen eta modu koordinatuan ezarri daitezen, hari estrategiko elkartu eta partekatuaren euskarriarekin.

d)  Plan Estrategikoan lehentasunezkotzat jotako esparruetan ezagutza eta gogoeta eransteko plan bat diseinatzea eta ezartzea, azterlanen batasunaren ikuspegitik.             

e)  Kabineteko buruari laguntzea duten izaera estrategikoarengatik ikuspegi orokor eta partekatua eskatzen duten proiektu edo plan sektorialak koordinatzen.

f)  Kabineteko buruari laguntzea Alorreko gainerako zuzendaritza nagusietatik bultzatzen diren zeharkako ekimenak eta planak koordinatzen.

g)  Ogasun eta Finantza Departamentuko Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea mekanismoak diseinatu eta koordinatzen: batetik Plan Estrategikoa urteko aurrekontuarekin lotzeko; eta, bestetik, gobernuaren jarduerarako Foru Aldundiaren plangintza tresnen artean koherentzia eta integrazioa lortzeko.          

h)  Mekanismo berriak bultzatzea, Gobernantza Departamentuko Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa eta politika publikoen ebaluazioa modu sistematikoan egin dadin.

i)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoa zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea, gainerako departamentuekin lankidetzan.

j)  Erantzukizun politikoa duten pertsonen eta talde teknikoen parte-hartze aktiboa bultzatzea Plan Estrategikoaren prestakuntzan, jarraipenean eta ebaluazioan.

k)  Etorkizuna Eraikizen eztabaidarako eta proposamenerako gunea den Gipuzkoa Taldeanen jarduerei laguntza eskaintzea.

l)  Etorkizuna Eraikizen esperimentaziorako eta ikaskuntzarako gunea den GipuzkoaLaben jarduerei laguntza eskaintzea.

m)  Etorkizuna Eraikizen zeharkako lerroak –ikerketa, internazionalizazioa eta sozializazioa– bultzatzeko laguntza eskaintzea.

n)  Etorkizuna Eraikizen organo kolektiboak bultzatzea eta horietan parte hartzea: zehazki, Zuzendaritza Batzordean eta Proiektuen Bulegoan.

ñ)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoen koordinazio eta jarraipenerako eratuko den departamentuen arteko batzordea bultzatzea eta bertan parte hartzea; eta 1.2 artikuluan aipatzen diren bitartekoak bultzatzea eta xede horrekin eratuko den barruko batzordea dinamizatzea eta bertan parte hartzea.

o)  Etorkizuna Eraikizen esparruan, nazioarteko sareekin konektatzea, proiektu esperimentalen garapenean ikasteko balioko duten esperientzia aurreratuekin kontrastatzeko.  

p)  Jarduketa plan bat egitea, Eusko Jaurlaritzarekin eta haren Basque Country Estrategiarekin lerrokatuta egongo dena eta nazioarteko harremanetarako eta trukerako bide berriak ezarri eta nazioarteko erreferentzia espazioetan parte hartzea definituko duena; halaber, mugaz gaindiko eta Europako jarduerak sustatzea eta nazioarteko ekintzei buruzko informazioa ematea.

9. artikulua.  Etorkizuna Eraikiz Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren mende, Etorkizuna Eraikiz Zerbitzuaren eginkizunak hauek izango dira:

1.  Etorkizuna Eraikiz ereduaren eremuan:

a)  Ezarritako helburu estrategikoak garatzeko eta gauzatzeko laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

b)  Kudeaketa, sozializazio eta komunikazioko urteko planak egiteko eta garatzeko laguntza ematea.

c)  Proiektu esperimentalak zabaltzeko (sozializatzeko eta komunikatzeko) proposamena egiteko laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

d)  Gipuzkoa Taldeanen eta Gipuzkoa Laben jarduerak garatzeko laguntza teknikoa eta administratiboa nahiz aholkularitza ematea eta lankidetzan jardutea.

e)  Etorkizuna Eraikizen sozializazio eta komunikazio jarduerak bultzatzea, kudeatzea eta haien jarraipena egitea.

f)  Etorkizuna Eraikiz ereduaren garapenari buruzko ezagutza eta dokumentazio gordailu bat sortzea.

g)  Zuzendaritza Batzordeari, Proiektuen Bulegoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoen koordinazio eta jarraipenerako departamentuen arteko batzordeari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea; baita horien bileretan parte hartzea ere.

h)  Zeharkako politika publikoen jarraipena egiteko eta departamentuen arteko batzordearekin koordinatu eta lankidetzan aritzeko departamentu guztietan eratuko diren batzordeen funtzionamendu egokia bultzatzea, departamentuekin batera.         

i)  Zuzendaritza nagusiaren dirulaguntzak kudeatzea.

2.  Emaitzetara bideratutako aurrekontuaren (EBA sistemaren) eremuan:

a)  Plan Estrategikoa bete dadin bultzatzea eta horren jarraipena eta ebaluazioa egitea; eta horretarako ezarritako barruko egiturak koordinatzeko laguntza ematea.

b)  Departamentuei aholkuak ematea Plan Estrategikoaren Kudeaketan eta jarraipenean.

c)  Ogasun eta Finantza Departamentuko Aurrekontu Zerbitzuarekin elkarlanean jardutea mekanismoak diseinatu eta koordinatzen: batetik Plan Estrategikoa urteko aurrekontuarekin eta bere gauzatzearekin lotzeko; eta, bestetik, gobernuaren jarduera aurrera eramateko Foru Aldundiak erabiltzen dituen plangintza tresnen artean koherentzia eta integrazioa lortzeko.

d)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren programak eta politika publikoak ebaluatzeko mekanismo berriak diseinatzea eta ezartzea, Gobernantza Departamentuko Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zerbitzuaren aholkularitza eta laguntzarekin.

e)  Emaitzetara bideratutako aurrekontuaren (EBA) arloan jarraibideak sortzea, eta kontrol eta jarraipen prozedurak ezartzea.

f)  Foru egiturentzat EBA arloko berariazko prestakuntza programak diseinatzen eta antolatzen elkarlanean aritzea Gobernantza Departamentuko Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin.      

g)  Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzea, hiru dimentsioak kontuan izanda (ekonomia, gizartea eta ingurumena).    

3.  Kanpo harremanen eremuan:

a)  Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren Garapenerako Mugaz Gaindiko Agentziaren (EIET) eguneroko Kudeaketa eramatea.

b)  Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekiko harremanak kudeatzea.

c)  Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoko langileekiko harremanak kudeatzea.

d)  Zuzendari nagusiari eta diputatu nagusiari laguntzea gai honen inguruan erakundeen arteko harremanetan.

IV. KAPITULUA

KOMUNIKAZIO ZUZENDARITZA NAGUSIA

10. artikulua.  Komunikazio Zuzendaritza Nagusia.

Foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain, zuzendaritza nagusi honek ondorengo eginkizunak izango ditu:

a)  Komunikazio politika bat diseinatu, planifikatu eta gauzatzea, xede izango duena Foru Aldundiaren langintza eta kezkak herritarrengana hurbiltzea.

b)  Komunikazio alorrari dagokionez Plan Estrategikoak ezarritako politikak aurrera eramatea eta Kudeaketa nahiz estrategia helburuak betetzea.

c)  Foru Aldundiak Gipuzkoarren artean presentzia aktiboa eta hurbilekoa izatea helburu dela, komunikazio politikaren ildoak ezartzea.

d)  Foru Aldundiaren eta departamentuen ekintzen zabalkunderako komunikazio ildoak lantzeko eta garatzeko lanak zuzendu eta koordinatzea.

e)  Legealdiko Plan Estrategikoaren komunikazio plana egin eta betetzea.

f)  Komunikabideetako arduradunekiko harremanez arduratzea.

g)  Foru Aldundiaren eta departamentuen publizitate estrategiari buruzko ildoak ezartzea.

h)  Foru Aldundiaren publizitatea eta marketin ekintzak kudeatzea.

i)  Foru Aldundiaren eta departamentuen komunikazio ekintzak antolatzea eta gainbegiratzea; besteak beste, Diputatuen Kontseiluaren asteroko prentsaurrekoak.

j)  Prentsarako txostenak eta informazio oharrak egitea eta Atari Instituzionalerako komunikazio edukiak prestatzea Foru Aldundiko departamentuekin elkarlanean.            

k)  Eguneroko prentsa laburpena egitea; eta idatzizko komunikabideetan agertutako informazioa oinarritzat duen datu banku bat sortu, garatu eta etengabe eguneratzea.            

l)  Foru Aldundia eta departamentuak komunikabideetan zenbat eta nola agertzen diren ebaluatzen duten txostenak egitea.

V. KAPITULUA

GIZA ESKUBIDEETAKO ETA KULTURA DEMOKRATIKOKO ZUZENDARITZA NAGUSIA

11. artikulua.  Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza Nagusia.

Foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain, zuzendaritza nagusi honek ondorengo eginkizunak izango ditu:

a)  Giza eskubide banakako nahiz kolektiboak babestu eta sustatzeko politikak diseinatu eta bultzatzea, bakea behin betiko eta modu atzeraezinean finkatzen laguntzeko helburuarekin, erreferentziatzat hartuta beti Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea.

b)  Erakundeen arteko koordinazioa sustatzea giza eskubideei, biktimei, oroimen historikoari eta oraintsuko oroimenari, espetxe politikari, birgizarteratzeari, hezkuntzari eta elkarbizitzari buruzko politika publikoak diseinatu eta ezartzeko.

c)  Kultura politikoan eta demokraziaren sakontzean eragitea, elkarrizketa oztopatzen duten egoera koiunturalak gainditzeko; eta, horretarako, elkarrekiko errespetuan oinarritutako elkarbizitza modu aktiboan bultzatzea, hezkuntza ekimenen eta ekimen sozial, politiko eta instituzionalen bitartez, zeintzuk bideratuko baitira bake kulturaren eta indarkeria nahiz gatazka suntsitzaileen prebentzioaren pedagogia egitera.

d)  Oroimen historikoa berreskuratzen eta transmititzen laguntzea: biktimei egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatzea, eta beharrezko aitorpen ekintzak bultzatzea. 

e)  Oraintsuko oroimena berreskuratzen eta transmititzen lan egitea, elkarbizitza demokratiko batera bideratuta, biktimen eskubide berdintasuneko printzipioaren pean, biktima ezberdinak daudela justifikatu nahi duten asmoak baztertuta.              

f)  Lurraldeko udalerriekin lankidetzan aritzea bakea sendotzeko; eta, xede horrekin, sentsibilitate politiko guztien arteko elkarrizketa eta erabaki guneen sorrera bultzatzea, elkarbizitza sustatzeko tokiko esparruan.

g)  Gipuzkoako herritar guztien gizarteratzea, ez baztertzea eta bizikidetza sustatzen dituzten ekintzak diseinatu eta bultzatzea, edozein dela ere haien jatorria, hizkuntza, kultura, sexu orientazioa, erlijioa edo ideologia.

h)  Migrazio, aniztasun eta bizikidetza arloko lankidetza guneak eta partaidetza dinamikak sustatzea.

i)  Lurraldeko udalerriekin batera, aniztasunari eta bizikidetzari buruzko lan foroak sortzea esperientziak eta praktika onak partekatzeko.

j)  Giza eskubideen esparruan lan egiten duten elkarte, fundazio, gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte mugimenduen partaidetza eta horiekiko lankidetza harremanak indartzea.       

k)  Gobernantza Departamentuko Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea, giza eskubideen ezagutza eta errespetua ardatz dituzten prestakuntzako, sentsibilizazioko eta zabalkundeko programak nahiz ekintzak diseinatu eta kudeatzen, Aldundiko langileentzat eta, orokorrean, gizartearentzat.

VI. KAPITULUA

HIZKUNTZA BERDINTASUNEKO ZUZENDARITZA NAGUSIA

12. artikulua.  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia.

1.  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago hierarkikoki Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzua.

2.  Foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain, aipatutako zuzendaritza nagusiak eginkizun hauek izango ditu:

a)  Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialen berdintasuna sustatzeko helburuarekin, euskararen aldeko neurri bereziak hartzea.           

b)  Euskararen ondare eta kultura balioaz jabearaztea.   

c)  Euskararen erabilera soziala normalizatzearen aldeko konpromisoa indartzea Gipuzkoar guztien artean.

d)  Euskararen erabilera soziala normalizatu eta sustatzearekin zerikusia duten ekintzetan gainerako administrazio publikoekin elkarlana sakondu eta sendotzea.

e)  Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko jarduera planifikatzea eta erakundearen Kudeaketa orokorraren baitan txertatzea, departamentuek eta zerbitzuek izan dezaten plangintza betetzeko ardura; eta, horretarako, behar adina aholkularitza, lankidetza, partaidetza eta prestakuntza eskaintzea.

f)  Itzulpen politika eraginkorra gauzatzeko oinarrizko irizpideak zehaztu eta ezartzea, euskararen erabilera normalizatzeko planaren barruan; eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.              

g)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio eta dirulaguntza espedienteetan hizkuntza ofizialen erabileraren araudia betetzen dela bermatzea, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.             

h)  Euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan herritarren parte hartzea bultzatzea.

13. artikulua.  Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren mende, Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzuaren eginkizunak hauek izango dira:

a)  Informazioaren eta jakintzaren teknologien eremuan euskararen erabilera hedatzen laguntzea.

b)  Berrikuntzaren ikuspegia lantzea hizkuntza berdintasunaren esparruan, eragile sozial eta akademikoekin elkarlanean.           

c)  Euskal kulturaren eta hizkuntzaren esparruan estrategikotzat jotzen diren kultura industriak sustatzea eta inbertsioak suspertzea, batez ere ahozkotasunaren transmisioari, aisiari, ikus-entzunezkoei eta euskarazko literatura sorkuntzari dagokienez.

d)  Kulturaren, aisiaren eta kirolaren esparruetan euskararen erabilera soziala hedatzeko programak antolatu eta laguntzea.

e)  Gipuzkoako udalerriekin koordinazio eta lankidetza egonkorreko programak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala sustatzeko onartuak dituen irizpideen eta plan orokorren arabera.

f)  Udal arduradunen eta udaletako euskararen normalizazioko teknikarien lana laguntzea.

g)  Gipuzkoako Lurralde Historikoaz kanpoko eremuetan euskararen erabilera sustatzen duten administrazio publikoekin eta bestelako erakundeekin elkarlana bultzatzea.

h)  Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana zehaztea departamentu eta zerbitzuekin lankidetzan, eta haiei laguntzea plana ezartzen, betetzen eta ebaluatzen.

i)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne zerbitzuetan euskararen erabilera garatu, sustatu eta arrazionalizatzeko urteko planak egiten laguntzea departamentuei eta zerbitzuei. 

j)  Foru sektore publikoko fundazioei eta merkataritza sozietateei laguntza eta aholkularitza eskaintzea euskararen erabilera normalizatzeko planak egiteko.

k)  Langileen hizkuntza trebakuntzarako programak (ALET programa) planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea.

l)  Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzuei nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari eskaintzen zaien agirien itzulpen eta zuzenketa lana, eta hizkuntza aholkularitzakoa planifikatu eta kudeatzea.

m)  Itzulpen eta interpretazio lanak kanpoko enpresekin kontratatzeko urratsak modu zentralizatuan definitu eta kudeatzea Foru Aldundiko departamentu guztientzat.

n)  Foru Aldundiko departamentuek hedabideen aurrean egiten dituzten aurkezpenetan eta gisakoetan hizkuntza irizpideak txertatzea eta interpretazio zerbitzua eskaintzea.

ñ)  Kanpoko enpresek Foru Aldundiko departamentuentzat egindako dokumentu elebidunen hizkuntza kalitatea gainbegiratu eta ziurtatzea, batik bat administrazio kontratuen alorrean.          

o)  Euskararen erabilera sozialaren normalizazioarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

VII. KAPITULUA

ERALDAKETA DIGITALEKO ZUZENDARITZA NAGUSIA

14. artikulua.  Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusia.

Foru dekretu honen 4. artikuluan adierazitakoez gain, zuzendaritza nagusi honek ondorengo eginkizunak izango ditu:

a)  Aldundiaren Gipuzkoa.eus ataria kudeatzea eta administratzea.

b)  Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoen zerbitzurako on-line komunikazioa bideratzea; eta, xede horrekin, web kalitatearen estandarrak betetzeko estrategia orokorra zehaztea.

c)  Komunikazio digitalaren planifikazio estrategikoa gauzatzea, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiaren gidalerroei jarraikiz.    

d)  Ingurune digitalean Gipuzkoako Foru Aldundiaren kokatze zuzena indartzea eta kudeatzea; baita interneten gizartearekiko komunikazio ekintza eraginkorrak kudeatzea ere.    

e)  Berrikuntza eta joera berrien, edukien, tresnen eta plataformen egokitzapena sustatzea ingurune digitalean.

f)  Interneteko gizarte profil nagusien community management eta komunitate digitalen estrategia kudeatzea.             

g)  Ingurune digitalean gizartearekin komunikatzeko Foru Aldundiaren ekimen ezberdinak definitu, homologatu eta garatzea, hala nola, web orriak, mugikorretako aplikazioak eta sare sozialak.

h)  Gobernantza Departamentuko Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldatzeko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta, informazio digitaleko sistemak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak diseinatzeko eta garapen planak egiteko estrategien eztabaida eta onarpen prozesuak bultzatzea; eta horien inguruko irtenbideak zehaztea.             

i)  Aldundiaren webgune, mugikorreko aplikazio eta sare sozialetako kontu guztien sorrera onartu eta horien jarraipen orokorra egitea.

VIII. KAPITULUA

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ORGANOA

15. artikulua.  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa.

1.  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak, zuzendaritza nagusi maila duenak, Berdintasun Zerbitzua dauka bere mende hierarkikoki.

2.  Foru dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitakoaz gain, aipatutako organoari dagokio emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan foru politikak bultzatzen direla bermatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak 8. artikuluan xedatutako eginkizun orokorrak eta espezifikoak izango ditu horretarako.

16. artikulua.  Berdintasun Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren mende, Berdintasun Zerbitzuaren eginkizunak hauek izango dira:

a)  Berdintasunerako Foru Plana bete dadin bultzatzea eta horren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

b)  Departamentuei aholkuak ematea beren politiketan genero ikuspegia txerta dezaten.

c)  Jarraibideak sortzea, eta kontrol eta jarraipen prozedurak ezartzea, genero ikuspegia foru politika guztietan txerta dadin.       

d)  Gobernantza Departamentuko Funtzio Publikoko Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea, berdintasuneko berariazko prestakuntza programak diseinatzen eta antolatzen Aldundiko langileentzat.

e)  Generoaren eraginaren aurretiazko ebaluazio txostenak egiteko aholkularitza ematea; eta nahitaezkoak diren txostenak egitea, bereziki, 2/2015 Foru Arauan aurreikusitakoak.       

f)  Foru Aldundiaren kontratuetan eta dirulaguntzetan berdintasunari buruzko klausulak sartzea bultzatu eta horien jarraipena egitea.

g)  Gipuzkoako udalerrietan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak sustatzeko programak eta ekimenak abian jartzea.

h)  Gipuzkoako udaletako eta toki erakundeetako berdintasun teknikarien lana sortu eta indartzea, lurraldeaz gaindiko beste sareetan egiten den lanarekin bat etorriz eta koordinatuz.     

i)  Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko Aldundiaren programak eta ekimenak bultzatu, aholkatu eta horien jarraipena egitea, emakumeen ahalduntzea xede dela.

j)  Gipuzkoako emakumeen ahalduntzea eta partaidetza sozio-politikoa sustatzeko programak eta ekimenak abian jartzea.          

k)  Mugimendu feministarekin zein emakumeen elkarte mugimenduarekin solaskidetzarako guneak bultzatzea eta horien jarraipena egitea, lan eraginkor bat egiteko baldintzak ezarrita.

l)  Sentsibilizazio sozialeko ekintzak abian jartzea: genero ezberdintasunen inguruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontra.

m)  Berdintasun arloan, hala lurralde mailan, nola autonomian, estatuan, Europar Batasunean eta nazioartean sortzen diren ekimenen jarraipena egitea; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoarentzat interesgarri direnetan parte hartzea, hala balegokio. 

n)  Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetzarako zein lankidetzarako bideak ezartzea, bai Gipuzkoa barruan bai Gipuzkoatik kanpo, erakundeon xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

ñ)  Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

IX. KAPITULUA

DIPUTATU NAGUSIAREN ALORREKO IDAZKARITZA

17. artikulua.  Diputatu Nagusiaren Alorreko Idazkaritza.

Diputatu Nagusiaren Alorreko Idazkaritza diputatu nagusiaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki; eta eginkizun hauek beteko ditu Alorrak dituen eskumenen barruan:

a)  Alorreko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak hartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)  Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)  Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)  Alorreko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.

e)  Alorreko fede publikoa erabiltzea.

f)  Alorreko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)  Alorraren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritza nagusiak koordinatuta.

h)  Alorreko organoen gastuen kontrola egitea.

i)  Alorreko jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)  Alorreko sistema informatikoa koordinatzea; eta, halaber, Alorraren barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.

k)  Laguntza teknikoa ematea Alorretik sustatutako plangintza horizontaleko zereginei; zehazki Berdintasunerako Foru Planari eta Euskararen erabilera normalizatzeko Planari.

l)  Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.

m)  Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak idazkaritza teknikoei egozten dizkien eginkizunak gauzatzea; bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien Kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.

n)  Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.         

ñ)  Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

Lehen xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusiak ordeztea.           

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, egotzita dauzkaten eginkizunak zuzenean diputatu nagusiak beteko ditu; edo, bestela, hark izendatzen duen zuzendari nagusiak.       

Bigarren xedapen gehigarria.  Antolaketa-egokitzapenak.

Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere onarpenak eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio Gobernantza Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta gelditzen dira Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko uztailaren 19ko 15/2016 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko urriaren 20a.

                  Diputatu Nagusia,             
                 Markel Olano Arrese.             (5526)