2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GIZARTE POLITIKETAKO DEPARTAMENTUA

2020ko urriaren 8ko 743/2020 Foru Agindua, Gipuzkoako Boluntariotzaren 2020ko Sariaren deialdia egitekoa.

Diputatuen Kontseiluak, 2014ko urriaren 14an egindako batzarraldian, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria emateko oinarri arautzaileak onetsi zituen.

12. oinarriak Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen dio urtero Gipuzkoako boluntariotzaren saria onartzeko, baldin eta ez badira aldaketak egiten oinarrietan.

Hori horrela, Gizarte Politikako foru diputatu honek

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Gipuzkoako Boluntariotzaren 2020ko Sariaren deialdia egitea.

Bigarren.  Foru Agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete haren aurka Administrazioarekiko Auzien Donostiako Epaitegietan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete foru diputatu honi, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo uztezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.   

Jakin dezazun eta ondorio egokiak izan ditzan adierazten dizut hori.

Donostia, 2020ko urriaren 8.—M.ª Socorro Equiza Equiza, idazkari teknikoa.             (5195)

ERANSKINA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria arautzen duten oinarriak.

1.  Xedea.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea ikuspegi sozial, humanitario eta/edo solidariotik komunitateari zerbitzua emateko bokazioz boluntarioekin eta boluntariotzan jarduten duten pertsonek nahiz gizarte erakundeek egindako ibilbidea, interes orokorreko programetan, baztertutako taldeei laguntzen eta/edo jarraian zehazten diren arloak sustatzen nabarmendu direnena: berdintasuna, giza eskubideak, osasuna, gizarteratzea, kultura, kirola, babes zibila, gazteria, ingurumenaren babesa edo garapenerako lankidetza.           

Sari honek aipatzen duen boluntariotza kontzeptua, 1998ko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, Boluntarioei buruzkoak, 2. artikuluan definitzen duena da.

Sariak modalitate bakarra dauka; eta pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskuratu ahal izango dute.

2.  Sariaren dotazioa.

Saria honako hau izango da: ziurtagiri edo diploma bat, saria jaso izanaren frogagiri gisa; eta oroigarri enblematiko bat. Ez da izango inolako ordain ekonomikorik.

3.  Betekizunak.

Saria lortzeko hautagaiak honako hauek izan daitezke:

a)  Gipuzkoan gutxienez 10 urtean irabazi asmorik gabeko gizarte entitateetan boluntario gisa diharduten edo jardun duten pertsona fisikoak, adin nagusikoak eta edozein nazionalitatetakoak.

b)  Gipuzkoan gutxienez 10 urtean gizarte intereseko proiektuak boluntarioen bidez landu dituzten entitateak, legez eratuak eta irabazi asmorik gabeak; eta, halaber, boluntariotza sustatzeko xedea duten entitateak. 

Hautagai diren pertsonak eta erakundeak ondorengo printzipioen aldekoak izango dira, edo behintzat ez dira kontrakoak izango: euskara erabiltzea berdintasuneko, kohesioko eta gizartegintzako elementu komun gisa; eta herritarren jatorri aniztasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna errespetatzea eta onartzea.

4.  Hautagaiak aurkeztea.

Lehenengo oinarrian zerrendatutako arloetan diharduten irabazi asmorik gabeko entitateek eta baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakundeek eta pertsona fisikoek aurkeztu ahal izango dituzte sari honetarako hautagaiak.

Ez dira aintzat hartuko entitateek bertako kideei buruz aurkeztutako hautagaitzak; ezta norberaren burua hautagai aurkeztea ere.

Epaimahaiak sarirako aurkeztutako hautagaien ibilbidea baloratu ahal izan dezan, proposamenekin batera hautagaiaren merituak ere aurkeztu beharko dira. Era berean, hautagai bat sarirako aurkezteko edo aurkezpenari abala emateko entitateak hartutako erabakiaren egiaztagiria ere erantsi beharko da. Hautagaitzei beste entitate batzuen abalak gehitu ahal izango zaizkie. Proposatutako hautagaia pertsona fisikoa bada, haren adostasuna eta lan egiten duen edo egin duen entitatearena ere beharrezkoak izango dira.

Ez dira hautagaitzaren abaltzat hartuko ez pertsona fisikoen sostenguak, ezta sinadura bilketak ere.

Hautagaitzak www.gizalde.eus gunetik deskargatzen den ereduan aurkeztuko dira, bertan zehaztutako egitura eta luzera errespetatuz.

5.  Aurkezteko epea eta lekua.

Hautagaitzak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Gizarte Politiketako Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztu ahal izango dira Gizarte Politiketako Departamentuko Erregistro Orokorrean (Zarategi pasealekua, 99 behea, 20015 - Donostia), Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean (Gipuzkoa plaza z/g, beheko solairua, 20004, Donostia), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako batetik. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://www.gfaegoitza.net) dagoen Erregistro Elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

6.  Epaimahaia.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Sarira aurkeztutako hautagaien merituak hamar lagunek osatutako epaimahai batek aztertu eta baloratuko ditu. Epaimahaikide guztiak lehenengo oinarrian zerrendatutako arloetan diharduten irabazi asmorik gabeko entitateetakoak izango dira.

Epaimahairen osaketan tamaina handiko zein txikiko entitateek parte hartuko dute.

Gainera, epaimahaikideetako bat aurreko urtean saria jaso zuen entitatea edo pertsona izango da.

Epaimahaian parte hartu nahi duten entitateek ordezkari bat eta haren ordezkoa izendatu beharko dituzte.

Ahalegina egingo da gizonen eta emakumeen kopurua berdina izan dadin epaimahaian; eta honako alor hauek denak ordezkatuta egon daitezen:

— Haurrak eta gazteria.

— Helduak eta adinekoak.

— Kultura aniztasuna.

— Desgaitasuna eta gaixotasuna.

— Gizarte inklusioa.

— Babes zibila eta emergentziak.

— Ekologia eta ingurumena.

— Garapenerako lankidetza.

— Beste batzuk.

Eztabaidan parte hartuko dute, hitzarekin baina botorik gabe, honako hauek: Gizarte Politiketako Departamentuko kargudun politiko batek eta teknikari batek (bera izango da idazkaria); eta Gizalde boluntariotza sustatzeko zerbitzuko kide batek, aipatu departamentuarekin hitzartuta.

Hitza eta botoa duten epaimahaikideak ezingo dira izan sarirako hautagai diren edo hautagairen bati abala eman dioten entitateetakoak.

Epaimahaikideek beren artean izendatuko dute mahaiburu lanetan arituko dena.

7.  Hautagaien ebaluazioa.

Hautagaiak aurkezteko epea amaitutakoan, eta epaimahaia eratu aurretik, Gizarte Politiketako Departamentuak egiaztatuko du betekizun guztiak betetzen dituztela; eta hautagaiak aurkeztu dituzten entitateei jakinaraziko die beren hautagaia onartua izan den ala ez.

Aldi berean, Gizarte Politiketako Departamentuak behar diren izapideak burutuko ditu epaimahaia eratzeko, 6. oinarrian zehaztutako irizpideetan oinarrituta.

Epaimahaia eratutakoan, banan-banan aztertuko ditu onartutako hautagaitza guztiak. Gero, 8. oinarrian azaldutako balorazio irizpideen arabera eztabaidatu ondoren, saria emateko proposamena egingo du, saria entregatzeko aurreikusitako eguna baino 10 egutegi-egun lehenago gutxienez. Epaimahaiak isilpean gordeko ditu aurkeztutako hautagaitzak, izandako eztabaidak eta saria emateko proposamena.

Saria hutsik deklaratu eta inori ere ez ematea proposatu ahal izango du epaimahaiak, ikusten badu aurkeztutako hautagaietako batek ere ez daukala saria jasotzeko behar den adinako meriturik.

Berdinketarik gertatuz gero, mahaiburuak izango du kalitatezko botoa.

8.  Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako hautagaien merituak baloratzeko, alderdi hauek izango ditu kontuan epaimahaiak: konpromiso sozial eta solidarioaren maila; jardueran etenik gabe daraman denbora; gizarte proiekzio positiboa eta egindako lanaren balioa; eta egoki deritzon beste irizpideren bat ere gehitu ahal izango du.              

9.  Saria ematea.

Saria ematea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da; eta dagokion iragarkiak hautapena egin duen epaimahaiaren osaera ere azalduko du.

10.  Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria entregatzea.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria ekitaldi publiko instituzional batean entregatuko da. Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian izango da, abenduaren 5aren inguruan, hori baita Boluntariotzaren Nazioarteko eguna; eta saria jasoko duen pertsona edo entitatea bertan dela.

Ekitaldira gonbidatuko dira epaimahaikideak, hautagaiak eta, oro har, Gipuzkoako Lurralde Historikoko boluntariotzako elkarte eta entitateak.

11.  Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren zabalkundea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egoki iritzitako bideetatik emango die zabalkundea Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariari eta sarituen merituei, hala nola: prentsaren bidez, erakundearen webguneetan, etab.      

12.  Deialdia.

Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio urtero Gipuzkoako boluntariotzaren saria onartzeko, baldin eta ez bada aldaketarik egiten oinarri hauetan.

13.  Oinarri hauek onartzea.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Sarian hautagai gisa edo epaimahaikide gisa parte hartzeak esan nahi du oinarri hauek denak banan-banan onartzen direla.