GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA
DEPARTAMENTUA
10/2020 Foru Dekretua,
irailaren 29koa, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoari eta
funtzionalari buruzkoa.
Ogasun eta Finantza
Departamentuaren jarduera eremua eta egitekoak eta horretarako beharrezkoa
duen antolaketa ezartzen dituzte, hurrenez hurren, ondorengo xedapen hauek:
diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru
Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak
finkatzekoak, 11. artikuluan; eta uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretuak, Gipuzkoako
Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoak, 7. artikuluan.
Bereziki, Ogasun eta
Finantza Departamentuak hiru zuzendaritza nagusi ditu, Ogasunekoa, Finantza
eta Aurrekontuetakoa eta Zerga eta Finantza Politikakoa, baita Idazkaritza
Teknikoa ere.
Era berean, Foru
Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa ere haren mende dago.
Foru dekretu honek
lehenago aipatutako egitura gordetzen du.
Ogasun Zuzendaritza
Nagusian Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusia sortzen da,
zergadunarentzako zerbitzuak hobetzeko eta iruzurraren aurkako borrokan
efizientzia maila handia ekartzen duten baliabide teknologikoak ezartzeko.
Bestetik, Finantza
eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen du bere eskumenen
eremuarekin lotutako gaietan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kontu Orokorraren
kontsolidazio perimetroa osatzen duten entitateei eta beste entitate
partaidetu batzuei aholkua emateko eginkizuna.
Azkenik, Zerga eta
Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen du nazioarteko
praktika fiskal hobeak aztertu eta haien ezarpena proposatzeko eginkizuna.
Horrez gain, Gipuzkoako
Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz eredua
agintaldi honetako foru gobernuaren jardunaren oinarri izango dira, eta
departamentuaren antolaketa eta eginkizunak egokitzen dira horiek aplikatu
eta ezartzeko.
Aurrekoari
jarraikiz, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala
finkatzea da foru dekretu honen xedea.
Gipuzkoako
Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari
buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 31.4.c), 40.2.a) eta 65.
artikuluetan xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantza Departamentuko
foru diputatuak eta Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko
Departamentuko foru diputatuak batera proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak
gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua. Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Ogasun
eta Finantza Departamentuari eginkizun eta jardun esparru hauek dagozkio:
a) Zerga Administrazioa.
b) Ekonomia Ituna, Estatuaren aldeko Kupoa, eta Autonomia Erkidegoari
eta Gipuzkoako udalei egin beharreko ekarpenak.
c) Eskumen edota zerbitzu transferituak baloratzea.
d) Europako funtsak kudeatzea.
e) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak prestatu,
Kudeaketa orokorra bideratu, jarraipena egin eta kontrolatzea.
f) Barne kontrol ekonomikoa eta kontabilitatea.
g) Diruzaintza, zorpetzeak, bermeen prestazioa eta entitate finantzarioekiko
harremanak.
h) Udal entitateen eta udalez gaindikoen tutoretza eta aholkularitza
finantzarioa.
i) Araudi aplikagarriaren arabera ematen zaizkion gainerako
ahalmenak.
2. Era
berean, Ogasun eta Finantza Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien,
zuzendariordetzen, zerbitzuen eta unitate organikoen bidez, lankidetza
estuan jardungo du Proiektu Estrategikoen Departamentuarekin azken horren
lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.
Era berean, lanean
zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz
koordinazioa errazteko eta ziurtatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko
dira.
3. Ogasun
eta Finantza Departamentuak honako eskumen hauek izango ditu:
a) Ekonomia Itunaren Legean eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren
arabera Foru Aldundiak bereganatu dituenak, salbu eta Diputatuen Kontseiluari
eta diputatu nagusiari dagozkienak eta beste departamentu batzuei berariaz
esleitzen zaizkien eskumenak.
b) Zergen Foru Arau Orokorrean zehaztutako eskumenak.
c) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu
Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauan eta dirulaguntzei
buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan ezarritakoak.
d) Indarrean dauden arau eta xedapenek ematen dizkioten gainerako
eskumen guztiak.
2.
artikulua. Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Diputatuen
Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru
diputatuari unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea dagokio,
bertako titular eta hierarkikoki goreneko organoa baita.
Bere eginkizunak
betetzeko, printzipioz departamentuko foru diputatuari departamentuak kudeatzen
dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak dagozkio, uztailaren 12ko 6/2005 Foru
Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta
Administrazioarenak, 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituta, indarrean
dauden foru arauek eta erregelamenduek beste organo batzuei berariaz
esleitutako gaiak direnean izan ezik.
Departamentuko foru
diputatuaren eskumena izango da berak edo departamentuko maila beheragoko
organoek emandako ebazpen eta egintzen aurka jarritako errekurtsoak
administrazio bidean ebaztea, zerga alorreko gaiak direnean izan ezik.
2. Era
berean, departamentuaren eginkizun eta jardun esparruen arabera legeriak esleitzen
dizkion eskumenak ere izango ditu departamentuko foru diputatuak.
3.
artikulua. Zuzendari nagusiak.
Zuzendari nagusiak
zuzendaritza organoen titularrak dira, eta haien buruzagitza eta ardura hartzen
dute beren gain. Horretarako, ondoren aipatzen diren eginkizunak bete behar
dituzte oro har, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde
Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioarenak 46.
artikuluan xedatutakoak ahaztu gabe:
a) Gobernu programa eta Plan Estrategikoa eta Etorkizuna Eraikiz
eredua inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako
Foru Aldundiaren politika publikoetan.
b) Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo arlo
hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza,
giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.
c) Zuzendaritzako zuzendariordetza eta zerbitzuen lana
programatu, koordinatu eta kontrolatzea, eta haien helburuak eta Kudeaketa
planak onartzea.
d) Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru
diputatua ez dagoenean eta beren eskumenen barruan.
e) Betetzea Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde
Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru
Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetzan
ematen dizkien eginkizunak.
4.
artikulua. Zuzendariorde nagusiak.
1. Zuzendariordetza
nagusien titularren ardura da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren
esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko
behar diren ekintzak aztertzea eta proposatzea, beren goiko arduradunek
emandako jarraibideak aintzat harturik.
Zehazki, honako hau
dagokie zuzendariorde nagusiei:
a) Foru gobernuak proposatutako erronkei ekitea eta beren
zuzendariordetzako Kudeaketa planak proposatzea, betiere helburuak, ekintzak,
baliabideak eta haiek ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.
b) Zuzendariordetzaren beste egitura mailetako langileei helburuak
jakinaraztea, horiek lortzeko eraginkorrak izango diren lan sistemak modu
egokian antolatzea, eta beren gain hartzea beren ardurapeko langileen
zuzendaritza eta hurbileko kontrola.
c) Beren ardurapeko langileen taldeko eta bakarkako lana planifikatu,
antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
d) Zuzendariordetzan barne araubidea betetzen den kontrolatu eta
gorabeheren berri ematea.
e) Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu
eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea,
arrazionalizazio eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramanez
herritarrei zerbitzu hobea eskaintzearren.
f) Indarrean dauden arau eta xedapenek esleitutako eginkizunak betetzea,
bai eta zuzendari nagusiak eta foru diputatuak esleitu edo horiek eskuordetzan
ematen dizkieten eginkizunak ere.
2. Zuzendariordetza
nagusi baten mende ez dauden zerbitzuburuek aurreko 1. zenbakian jasotako funtzioak
izango dituzte euren jarduketa eremuan.
II. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONALA
1.
SEKZIOA. Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa
5.
artikulua. Oinarrizko egitura organikoa.
1. Bere
eskumenak betetzeko, departamentuak honako unitate organiko hauek izango
ditu, departamentuko foru diputatuaren goi zuzendaritzapean beti:
— Ogasun Zuzendaritza
Nagusia.
— Finantza eta
Aurrekontu Zuzendaritza Nagusia.
— Zerga eta Finantza
Politikako Zuzendaritza Nagusia.
— Idazkaritza
Teknikoa.
2. Foru
Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa ere departamentuko organoa da.
6.
artikulua. Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta
eginkizunak.
1. Ogasun
Zuzendaritza Nagusiak unitate organiko hauek ditu:
* Zerga
Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusia, eta horren menpean:
— Zuzeneko Zergak
Kudeatzeko Zerbitzua.
— Zeharkako Zergak,
Eskualdaketen gaineko Zergak eta Ingurumen Tributuak Kudeatzeko Zerbitzua.
— Udal Zergak Kudeatzeko
Zerbitzua.
* Zerga-bilketako
Zuzendariordetza Nagusia, eta horren menpean:
— Zerga-bilketa
Zerbitzua.
— Unitate Teknikoko
Zerbitzua.
— Prozedura
Berezietako Zerbitzua.
* Ikuskaritzako
Zuzendariordetza Nagusia eta, horren menpean:
— Ikuskaritzako
unitate eragileko zerbitzuak.
* Estrategia
Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusia. Haren menpe daude:
— Informazioaren
Analisirako Zerbitzua.
— Zerga Arloko
Eraldaketa Teknologikoko Zerbitzua.
* Herritarren
Arretarako Zerbitzua.
2. Ogasun
Zuzendaritza Nagusiari honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Zergen Kudeaketa, likidazioa, ikuskapena, berrikuspena eta
bilketa zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
b) Zuzendaritzaren eskumeneko gaietan arau proposamenak zuzendu,
koordinatu eta gainbegiratzea, ezarritako jarduketa politikari jarraikiz.
c) Exekutatzea Europar Batasunean onartzen diren arauak, bertako
administrazio erakundeen egintzak eta haren organo jurisdikzionalen ebazpenak,
zerga alorreko xedapen eta egintzei buruzkoak direnean.
d) Zergen Foru Arau Orokorrak eta indarrean dagoen gainerako legeriak
emandako eginkizunak.
e) Zergen Foru Arau Orokorrak 168. artikuluaren 4. puntuan jasotako
eskumenen erabilpena, Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusiari esleituta ez
dauzkanak.
f) Lurraldeko jarduera sektoreen egoera ekonomiko-finantzarioa
aztertzea, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko
Departamentuarekin batera, horretarako osatzen den batzordearen barruan.
7.
artikulua. Zerga Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusia.
1. Zerga
Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusiak eginkizun eta eskumen hauek beteko
ditu, hala badagokio, erabakitzen dituen organoen bitartez:
a) Kudeaketaren arloan planak eta jarduketak programak prestatzea
eta diseinatzea, haiek Iruzurraren aurkako Egiaztapen Planean sartzeko.
Haren exekuzioa koordinatzea bere eskumenen esparruan.
b) Zerga erroldak kudeatzea, helbide aldaketako espedienteak barne.
c) Identifikazio fiskaleko zenbakia ematea, kudeatzea eta ezeztatzea.
d) Ikuskaritzako Zuzendariordetzari proposatzea delitu
fiskaleko, egiaztapen murriztuko edota ikerketako espedienteak hastea, eta hari
txostenak eskatzea.
e) Bere eskumeneko gaietan araugintza proposamenak egitea.
f) Zergapekoek aurkeztutako zerga kontsulta idatziak eta
aurretiazko tributazio proposamenak aztertzea, eta bidezko ebazpena tramitatzea
eta prestatzea.
g) Aitorpenak aurkezteko zerga obligazioak betetzeari buruzko
kanpainak antolatzea eta bultzatzea.
h) Zergen Kudeaketan zerga jakin batekin identifikatzen ez diren
funtzioak betetzea.
i) Beste administrazio batzuekin kolaboratzea eta elkarri laguntzea.
2. Berariazko
izaeraz, bere zerbitzuen bitartez, arauek eta erregelamenduek zerbitzu
horiei zergen aplikazioa kudeatzeko ematen dizkieten funtzioak beteko ditu,
eta, besteak beste, honako hauek:
a) Era guztietako agiriak aztertzea, zerga alorrean ondorioak
dituztenean.
b) Banan-banako informazioa eskatzea, Zergen Foru Arau Orokorrak
aurreikusitako eran.
c) Aurkeztutako autolikidazioak edo aitorpenak eta horiei erantsitako
dokumentazioa berrikustea, betiere zerga araudia behar bezala aplikatu den
ikusteko eta adierazitako datuak Administrazioak edozein modutan
eskuratutakoekin bat datozen egiaztatzeko.
d) Beharrezko egiaztapen eta ikerketa funtzioak betetzea aitortu
gabeko zerga egitatearen ofiziozko likidazioak egiteko, bai ofizioz hasitako
likidazio prozeduretan eta bai egiaztapen mugatuko prozeduretan.
e) Zergapekoek zerga obligazioak betetzen dituztela kontrolatzea
eta, hala badagokio, aitorpenak aurkezteko errekerimenduak egitea.
f) Behin-behineko
likidazioak egitea.
g) Okerreko diru sarrerak itzultzeko espedienteak tramitatu eta
ebaztea.
h) Zehapenak ezartzeko prozedurak tramitatu eta ebaztea.
i) Zergak aplikatzeko egintzak berrikusteko prozedurak tramitatu
eta, hala badagokio, ebaztea, prozedura horiek Kudeaketa zerbitzuaren
jarduketen ondorio direnean, betiere Zergen Foru Arau Orokorrak xedatutako
moduan.
j) Zerga onuren espedienteak eta araubide bereziei dagozkienak zerga
araudi aplikagarriaren arabera tramitatzea.
k) Erregistro administratiboetan inskribatzeko espedienteak
tramitatu eta ebaztea, horien Kudeaketa esleitu zaienean.
l) Kautelazko neurriak hartu daitezela proposatzea, erabakia beste
organo batzuei dagokienean.
m) Erabakitzea Kudeaketa prozesuetatik ordaindu eta itzultzera
ateratzen diren diru kopuruen borondate aldiko ofiziozko konpentsazioa.
n) Zergak kudeatzeko behar diren aitorpen ereduak eta laguntza
programak aztertu eta prestatzea.
ñ) Ziurtagiriak egitea.
o) Biltzea eta mantentzea Foru Ogasunean aurkeztutako aitorpen
informatiboetako datuak edo beste administrazio batzuekin egindako
trukeetatik eratorritako datuak.
p) Departamentuko beste zerbitzu batzuei zergen Kudeaketan
agindu ez zaizkien gainerako funtzioak betetzea.
3. Zeharkako
Zergak, Eskualdaketen gaineko Zergak eta Ingurumen Tributuak Kudeatzeko Zerbitzuari
aurreko 2. apartatuan jasotako eginkizunak ere esleituko zaizkio oinordetzen
eta dohaintzen gaineko zergari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaile
eta larrialdi zerbitzuen mantenimenduarengatik ordaindu beharreko tasari
dagokienez.
4. Udal
Zergen Kudeaketako Zerbitzuak eginkizun hauek izango ditu:
a) Ondasun higiezinen katastroak eratu, artatu, berrikusi eta zaintzea,
baita katastroko ikuskapena ere.
b) Balorazio ponentziak prestatzea, eta lurzoruaren oinarrizko
balioak eta ondasun higiezinen balorazioan esku hartzen duten gainerako
faktoreak ezartzeko behar diren azterketa ekonomikoak egitea.
c) Ondasun higiezinak baloratzea.
d) Ondasun higiezinen balorazio espedienteei buruzko txostenak
egitea, subjektu pasiboek egindako erreklamazio eta errekurtsoei eta
higiezinen bermeak aurkezteko proposamenei dagokienez.
e) Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikula eratzea, artatzea,
berrikustea eta zaintzea.
f) Jarduera ekonomikoak kalifikatzea jarduera ekonomikoen gaineko
zergaren ondorioetarako.
g) Urteko kobrantzarako erroldak eratzea ondasun higiezinen
gaineko zergan eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, eta kuotak finkatzea.
h) Udalekin kolaboratzea ondasun higiezinen gaineko zergaren eta
jarduera ekonomikoen gaineko zergaren Kudeaketa tributarioan eta, bereziki,
udalek Ogasun eta Finantza Departamentuarekin sinatutako hitzarmenen Kudeaketa
tributarioan.
i) Derrigorrezko txostenak idaztea ondasun higiezinen gaineko zergan
eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan ematen diren hobari eta salbuespenei
buruz.
8.
artikulua. Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusia.
1. Zerga-bilketako
Zuzendariordetza Nagusiak honako eginkizun eta eskumenak beteko ditu, hala
badagokio, erabakitzen dituen organoen bitartez:
a) Gauzatzea Zerga Iruzurraren aurkako Egiaztapen Planean definitzen
diren plan eta jarduketa programak bere eskumenen esparruan.
b) Zorra kobratuko dela ziurtatzeko jarduketak aztertu eta aurrera
eramatea, eta zehazki, kautelazko neurriak eta bestelako neurri osagarriak hartzea.
c) Zergadunek beste administrazio batzuetan bidegabe egindako
sarreren jarraipena eta kontrola egitea.
d) Kontu korronte fiskala irekitzeko komenigarritasunari buruzko
txostena egitea eta organo eskudunari horren inguruko proposamena aurkeztea.
e) Estatu laguntzen berreskurapena tramitatzea, baldin eta
berreskurapenari buruzko erabakia betetzeak berekin ez badakar zerga
betebehar baten erregularizazioa.
f) Tramitatzea zerga zorra gauza bidez ordaindu eta konkurtsoko
prozedura judizialetan Gipuzkoako Foru Aldundiari ondasun edo eskubideak
esleitzeko espedienteak.
g) Txostenak egitea errekurtso eta erreklamazioetan zorra eteteko
edo araudian jasotako kasuetan bermatutako itzulketa bat egiteko eskaintzen
diren bermeen nahikotasun ekonomikoari buruz.
h) Zerga Administrazioak onartutako bermeen formalizazioa eta haien
deuseztapena kudeatzea.
i) Bere eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren zentsuak
mantendu, berrikusi eta kontrolatzea.
j) Bere eskumeneko gaietan araugintzako proposamenak egitea.
k) Ziurtagiriak egitea zuzendariordetzaren berezko esparruan.
l) Zorrak kobratzeko akordio bereziak sinatzeari buruz ebaztea,
Zergen Foru Arau Orokorrak 168. artikuluaren 4. puntuan jasotakoari jarraituz,
baldin eta haiek zorraren kita ez badakarte, zenbatekoa 150.000 eurotik
beherakoa bada, ordainketa epea gehienez 24 hilekoa bada eta berandutze
interesen ordainketa badakarte.
m) Konkurtsoko prozedura judizialen barruan, ebaztea ondasun edo
eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren alde bermatutako kredituaren
preziotik behera saltzearen onarpenari buruz.
2. Berariazko
izaeraz, funtzio eta eskumen hauek izango ditu bere zerbitzuen bitartez:
2.1. Zerga-bilketaren
Kudeaketako gaietan honako hau dagokio:
a) Premiamenduzko prozedurak tramitatu eta haien jarraipena eta
kontrola egitea. Barruan sartzen dira erantzukizun zibilarengatik eta Herri
Ogasunaren aurkako delituen isunengatik sortutako zorra kobratzeko
irekitakoak.
b) Premiamenduzko
probidentziak ematea.
c) Interesen
behin-behineko likidazioak bide exekutiboan egitea.
d) Zehapenak
ezartzeko prozedurak tramitatu eta ebaztea, haien Kudeaketa esleitua
duenean.
e) Erantzuleen eta oinordekoen aurkako prozedurak tramitatzea.
Kobrantzak deribatzeko egintza administratiboak ematea.
f) Sarrera publikoak itzultzeko espedienteak eta bermeen kostua
berreskuratzekoak tramitatu eta ebaztea, Zerga-bilketa Zerbitzuaren
berezko esparruan.
g) Zor publikoen preskripzioa deklaratzea, berari esleitutako
prozeduretan.
h) Berari esleitutako prozeduretan emandako egintzen aurka
aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.
i) Europar Batasunaren eremuan kobrantza kudeatzeko eskaerak
izapidetzea.
2.2. Ordainketak geroratzeko
gaietan honako hau dagokio:
a) Aztertzea eskatzaileek aurkeztutako dokumentazio juridiko-ekonomikoa
nahiz beste edozein iturritatik datorren informazio osagarria; aztertzea
eskainitako edo lehendik dauden ordainketa-bermeen babes juridiko eta
ekonomikoa.
b) Ordainketen gerorapena onartu edo ukatzeari buruzko txostena
egitea, eta organo eskudunei horren inguruko proposamena aurkeztea.
c) Jarraipena egitea, hala badagokio, bermeak aurkeztetik erabat edo
partzialki salbuetsita dauden zergadunen bilakaera ekonomikoari.
d) Kontrolatzea gerorapenen ordainketa eta haietatik datozen gainerako
obligazioak betetzen direla.
e) Onartzea Gizarte Politiketako Departamentuak ordaindutako
aldizkako prestazioak eta pentsioak direla-eta oker jasotako zenbatekoen itzulketen
zatikapena, betiere bide exekutiboan dauden zorrak badira eta araudi aplikagarriaren
arabera ez badago bermerik zertan aurkeztu eta interesik zertan kobratu.
f) Esleituak dituen prozeduretan emandako egintzen aurkako errekurtsoak
tramitatzea, eta bere eskumenekoak direnak ebaztea.
g) Gerorapen eta zatikapen espedienteetan berandutze interesen
likidazioak egitea.
2.3. Prozedura berezien
arloan, honako hauek dagozkio:
a) Konkurtsoko prozedura judizialetan ekintza judizialak proposatzea,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskubideak epaiketan ordezkatzeaz eta defendatzeaz
arduratzen den organoaren eginkizunak eragotzi gabe.
b) Organo eskudunei informatzea eta proposatzea hitzarmen
judizialen proposamenen aurka edo alde egin ahal dezaten eta konkurtso zorrak
kobratzeko akordio berezien eskaerak ebatzi ahal dezaten. Horretarako,
aurretik aztertuko da eskaini diren edo lehendik badauden ordainketa bermeen
estaldura juridikoa eta ekonomikoa.
c) Konkurtso zorrak kobratzea helburu duten hitzarmen judizialak
eta akordio bereziak exekutatzea eta kontrolatzea.
d) Ebaztea, behin ordainketako borondatezko epea amaituta, kreditu
onartuak dituzten zorren ofiziozko konpentsazioaz, hartzekodunen konkurtsoan
ordaintzera behartutakoek eskatu dutenean.
e) Berandutze interesen behin-behineko
likidazioak egitea, hartzekodunen konkurtsoan ordaintzera behartutakoen
espedienteetan.
f) Informazioa lortzea, aztertzea
eta jarduketak proposatzea, Kudeaketa eta ikuskapen prozeduretan zorraren
kobrantza ziurtatzeko hartutako kautelazko neurriak hartzeari, gauzatzeari,
zabaltzeari eta kentzeari dagokionez.
g) Esleituak dituen prozeduretan
emandako egintzen aurkako errekurtsoak tramitatzea, eta bere eskumenekoak
direnak ebaztea.
9.
artikulua. Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusia.
1. Ikuskaritzako
Zuzendariordetza Nagusiak eginkizun eta eskumen hauek beteko ditu, berak
erabaki ditzakeen organoen bitartez:
a) Ikuskaritzako Zuzendaritza
Nagusiari Zergen Foru Arau Orokorrean, Zerga Ikuskapeneko Erregelamenduan eta
indarrean dagoen gainerako araudian esleitutakoak.
b) Ikuskapen Plana prestatu eta proposatzea, eta haren exekuzioa
koordinatzea bere eskumenen esparruan.
c) Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetzarekin koordinatzea,
Ikuskapen Planean onartutakoaren arabera zergapekoak hautatzeko irizpideak
zehaztearren.
d) Ogasun Zuzendaritza Nagusiari proposatzea planaren barruan
sartu daitezela egiaztapen eta ikerketari, egiaztapen murriztuari eta
zergapekoa bertaratu gabeko erregularizazioari buruzko prozeduretan sartu behar
diren zergapekoak, betiere haren hedadura, kontzeptuak eta epealdiak
zehaztuta.
e) Onartzea ikuskapen jarduketetako bati lotuko zaizkion
zergapekoak planean sartzea, betiere haren hedadura, kontzeptuak eta epealdiak
zehaztuta.
f) Gipuzkoaren esparruan koordinatzea foru ogasunek landutako
Iruzurraren aurkako Plan Bateratuaren prestaketa eta exekuzioa.
g) Ikuskapen prozedurengatik, zehapenak ezartzeagatik eta, hala
badagokio, okerreko sarreren itzulketengatik bidezkoak diren behin betiko
likidazioak egitea.
h) Likidazioak egitea edo, hala badagokio, espedientea jurisdikzio
eskudunari edo Ministerio Fiskalari bidaltzeko proposatzea, Herri Ogasunaren
aurkako delitu zantzuak daudenean.
i) Kautelazko neurriak hartu daitezela proposatzea, erabakia beste
organo batzuei dagokienean.
j) Erabakitzea ikuskapen prozesuetatik ordaintzera eta itzultzera
ateratzen diren diru kopuruen borondate aldiko ofiziozko konpentsazioa.
k) Zergak aplikatzeko egintzak berrikusteko prozedurak tramitatzea
eta, hala badagokio, ebaztea, prozedura horiek ikuskapen jarduketen ondorio
direnean, Zergen Foru Arau Orokorrak xedatutako moduan.
l) Ziurtagiriak egitea.
m) Bere eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren erroldak mantendu,
berrikusi eta kontrolatzea.
n) Ikuskaritzaren esparruan administrazioen arteko lankidetza eta
elkarren laguntza bultzatzea.
2. Berariaz bere unitate
eragileko zerbitzuen bidez, Zerga Ikuskaritzari Zergen Foru Arau Orokorrean,
Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan eta indarrean dagoen gainerako araudian
berari esleitutako eginkizunak dagozkio, eta bereziki honako hauek:
a) Zerga egitateak ikertzea, Administrazioak ezagutzen ez dituenak
aurkitu eta zergapekoari egozteko.
b) Zerga oinarrien behin betiko integrazioa proposatzea oinarri
horiek zehaztapen edo zenbatespen erregimenetan aztertuz eta ebaluatuz, eta
aitorpenak nahiz aitorpen-likidazioak berrikustea egiazkoak direla eta arauak
ondo aplikatu direla zehazteko, zerga zorren zenbatekoa.
c) Prozedurak tramitatzea eta zehapenen ezarpena proposatzea.
d) Informazioa lortzeko jarduketak egitea zergen aplikazioarekin
lotuta.
e) Eskubide, errenta, produktu, ondasun, ondare, enpresa eta
gainerako elementuen balioa egiaztatzea, zerga betebeharrak zehazteko
beharrezkoa denean.
f) Egiaztatzea zerga onurak edo pizgarriak eta zerga itzulketak
lortzeko exijitutako beharkizunak betetzen direla nahiz zerga erregimen
bereziak aplikatzeko behar diren baldintzak izan badirela.
g) Ikuskapen jarduketak direla-eta, zergapekoei informazioa ematea
beren eskubideei eta beren zerga obligazioei buruz, eta azken horiek nola bete
behar duten jakinaraztea.
h) Zerga berezien alorrean, esku-hartze tributario iraunkorrak eta
ez-iraunkorrak egitea.
i) Eragiketa lotuen merkatuko balio normala egiaztatzeko prozedura
tramitatzea.
j) Estatu laguntzak berreskuratzeko prozedura tramitatzea,
erabakiak eragindako zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan.
k) Proposamenak prestatzea eta aztertzea aurretiazko
administrazio lotespeneko prozeduretan.
10.
artikulua. Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusia.
1. Estrategia
Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusiak eginkizun hauek beteko ditu, berak
erabakitzen dituen organoen bitartez:
a) Gipuzkoako Foru Ogasunak iruzurraren aurkako borrokan duen
estrategia teknologikoan laguntza eskaintzea, praktika onenetan oinarrituta.
b) Teknologia berriak aplikatzea, arrisku fiskalen analisia etengabe
hobetu, informazio iturri berriak erakarri eta zerga garrantzia duen
informazioa normalizatu eta ustiatzeko asmoz, betiere Ogasun Zuzendaritza
Nagusiko arloen beharren arabera.
c) Honako hauek garatu, eguneratu eta mantentzeko beharrak
planifikatzea, organo arduradunekin bat eginez: aplikazioak, informazioa
analizatzeko sistemak, ezagutza kudeatzeko sistemak eta berrikuntza
teknologikoko proiektuak.
d) Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren informatika arloko eskaera eta
beharrizanak koordinatzea Izfe SA Informatika Zerbitzuen Foru
Sozietatearekin, Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntza eta
Eraldaketako Zuzendaritza Nagusiarekin eta zerga arloko eskumenak dituzten
beste administrazio batzuekin.
e) Zerga araudian ikuskapen organoei esleitutako eginkizunak,
artikulu honetan esleitutakoekin bat datozen neurrian.
f) Bere eskumenen eremuan zehapenak ezartzeak dakartzan
likidazioak egitea.
2. Berariaz,
bere barruan antolatutako zerbitzuen barruan:
2.1. Informazioaren
Analisirako Zerbitzuari dagozkio:
a) Zentralizatzea eta koordinatzea Zerga Administrazioaren
informazio osoaren analisia, tratamendua eta ustiapena.
Horretarako,
jarraian adierazten diren ikuskapen eginkizunak beteko ditu:
i. Zerga
egitateak ikertzea, Administrazioak ezagutzen ez dituenak aurkitzeko.
ii. Zergen
aplikazioarekin lotutako informazio lorpenerako jarduketak egitea, eta zerga
egitateak egiaztatu eta ikertzeko zerga arloan garrantzia duten gertaera
eta zirkunstantziak prestatu eta ziurtatzeko lanak egitea.
iii. Zehapen
prozedurak izapidetzea, bere eskumenen eremuan zerga arau hausteak izan
daitezkeela atzematen denean.
b) Zerga arloan garrantzia duten datu mota guztiak analizatzea
eta erakartzea, Ikuskapen Planari jarraituz, eta jarduketa horien ondorioz
erabakitzen diren ikuskapen jarduketetan sartu behar diren zergapekoak hautatzea,
betiere azaroaren 16ko 31/2010 Foru Dekretuak onartutako Ikuskaritza
Erregelamenduko 8. artikuluan jasotakoaren arabera.
c) Zergak kudeatu eta biltzeko eskumena duten zuzendariordetzen
beharrei erantzutea, Egiaztapen Planaren jarraibideen arabera zergadunak
hautatzeko.
d) Tresna informatikoak garatzea, zerga arloan garrantzia duten
datu mota guztiak aztertzeko.
e) Beste administrazio batzuekin, entitateekin eta organismoekin
informazioa trukatzeko akordioak eta hitzarmenak formalizatu eta aldatzeko
proposatzea, sistemetara zerga arloan garrantzia duen informazio berria
erakarri eta haietan txertatzeko.
f) Aginte mahaiaren datuak prestatzea, egiaztapen planen emaitzak
egiaztatzeko.
g) Datuak araztu eta kalitatezko bihurtzeko prozesuak garatzea.
2.2. Zerga
arloko Eraldaketa Teknologikorako Zerbitzuari dagozkio:
a) Zerga obligazioak betetzearen arloan eraldaketa digitala bultzatzea,
Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren prozeduren garapenari dagokionez, zerga
obligazioak sinplifikatuz, haiek betetzea orokortuz eta haiek ondoren
kontrolatzea sustatuz.
b) Zergak kudeatu, ikuskatu eta biltzean eskumena duten
zuzendariordetzekin kolaboratzea, proiektu berrien analisi funtzionalari,
haien ezarpenari eta haien martxa egokiaren balioztapenari dagokienez.
c) Administrazio elektronikoa sustatzea, espediente elektronikoa
ezartzeko aplikazio eta utilitate korporatiboak erabiltzea, digitalizazio
bermatua eta paperik gabeko bulegoa.
d) Fakturazio elektronikoko sistemak berrikustea eta kontrolatzea.
e) Informazioa emateko eta datu tributarioak ziurtatzeko prozesuak
garatzea.
11.
artikulua. Herritarren Arretarako Zerbitzua.
Herritarren
Arretarako Zerbitzuari eginkizun hauek dagozkio:
1. Herritarrei
eman beharreko arreta pertsonalizatua departamentuaren eskumeneko gai
guztietan garatzea apirilaren 26ko 26/2005 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru
Aldundiaren herritarrentzako laguntza eta arreta zerbitzuak arautzen
dituenak, 6. eta 8. artikuluetan jasotzen dituen funtzioak kontuan hartuta,
eta martxoaren 11ko 4/2019 Foru Arauak, foru gobernantza publikoaren
esparruan Gobernua Onari buruzkoak, IV. tituluan gardentasunari, datu irekiei
eta informazio publikorako sarbideari dagokienez jasotakoari erreparatuta.
2. Herritarrentzako
informazio eta arreta gaur dauden kanalen bidez bultzatzea eta koordinatzea,
betiere departamentuak garatzen dituen funtzioekin lotuta.
3. Laguntzea
departamentuaren prozedura, jarduketa eta zerbitzuei buruz era guztietako
azterketa, analisi, gida edo katalogoak diseinatzen eta prestatzen.
4. Departamentuak
egiten dituen kanpainetan laguntzea, informazio bulegoetako azpiegitura erabiltzea
exijitzen dutenean.
5. Gipuzkoako
Foru Aldundiaren izapideei buruzko informazioa eta arreta eskaintzea.
6. Euskarri
teknikoa ematea herritarren partaidetza, kolektibo, elkarte eta
herritarrekiko harremana eta zerga heziketaren sustapena helburu duten
politikak ezartzeko.
12.
artikulua. Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiaren
egitura eta eginkizunak.
1. Finantza
eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiak honako zerbitzu hauek ditu:
— Aurrekontu Zerbitzua.
— Kontabilitate
Zerbitzua.
— Finantza Zerbitzua.
— Kontu-hartzailetza
eta Auditoretza Zerbitzua.
2. Finantza
eta Aurrekontuetako Zuzendaritza Nagusiari eginkizun hauek dagozkio:
a) Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitate gaietan eta
kontu-hartzailetza eta auditoretza arloan Foru Aldundiaren Kudeaketa
zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, eta horri begira beharrezkoak diren
jarduketa eta aplikazio jarraibideak ematea.
b) Zuzendaritzaren eskumeneko gaietan egiten diren arau
proposamenak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ezarrita dagoen jarduketa
politikari jarraikiz.
c) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu
Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak eta indarrean dagoen
gainerako legeriak emandako eginkizunak.
d) Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin eta Administrazioaren kanpo
kontrolerako organoekin dauden harremanak koordinatzea, Gipuzkoako Lurralde
Historikoko Foru Sektore Publikoaren jarduketei dagokien guztian.
e) Aztertzea urteko aurrekontuaren esparrua gainditzen duten Foru
Aldundiaren proiektu edo jarduketa bereziak, horretarako izendatzen diren
zerbitzuen laguntzarekin, hala badagokio.
f) Proposatzea Foru Aldundiari eta horri atxikitako entitateei
aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloan aplikagarri
zaizkien garapen arau eta jarraibideak.
g) Hitzartzea eta gauzatzea arriskua estaltzeko finantza
eragiketak negoziatu, formalizatu eta egitearekin lotutako eragiketak, egintzak
eta kontratuak.
h) Likidazioak edota abonuak onartzea:
— Eusko Jaurlaritzaren
aldekoak, tributuen Kudeaketatik eta zor exekutiboetatik eratorriak.
— Finantza kargari
eta banku zerbitzuek eragindako beste gastu batzuei lotutakoak.
— Fakturei
lotutakoak, kontratuen eta dirulaguntzen nahiz beste zuzendaritza batzuei
esleitu gabe dauden departamentuko beste ordainketa batzuetatik exekuziotik
eratorriak.
i) Baimentzea Foru Aldundiaren eta horrek tutoretzapean dituen
adingabeen izenean banku kontuak irekitzea, aldatzea eta deuseztatzea.
j) Kontratazioan erabilitako abalen deuseztapena edo bermeen itzulketa
agintzea.
13.
artikulua. Aurrekontu Zerbitzua.
1. Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren
27ko 4/2007 Foru Arauak III. tituluan ezarritako eginkizunak betetzea dagokio
Aurrekontu Zerbitzuari, kanpoan utzita, betiere, Administrazio
Instituzionaleko beste organo eskudun batzuei araudi aplikagarriak
esleitutakoak.
2. Zehazki,
honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Jarraibideak eta orientabideak proposatzea aurrekontu politikaren
alorrean, eta politika horren jarraipena eta azterketa egitea.
b) Urteanitzeko aurrekontu eszenarioak prestatzea eta haien
segimendua egitea.
c) Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren
aurreproiektuak prestatzea, horiek prestatzeko jarraibide ekonomiko eta
teknikoak proposatzea, eta departamentuei eta Foru Sektore Publikoko gainerako
erakundeei aholku ematea, modu koordinatuan haien aurrekontu propioak egin ditzaten.
d) Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontuen jarraipena
egitea eta bilakaera aztertzea, eta aurrekontuen exekuzioa aurreikusitako
helburuetara egokitzeko neurriak edo jarduketak proposatzea.
e) Aurrekontuko kredituen jarraipena egitea, eta aurrekontuan egin
litezkeen aldaketak aztertu eta tramitatzea.
f) Txosten eta azterketa orokorrak edo partzialak egitea gastu
publikoaren eta gastu programa eta politiken bilakaerari buruz, aurrekontu
politika eraginkorra eta koherentea ahalbidetzeko.
g) Foru Sektore Publikoan emaitzen araberako aurrekontua mantentzea
eta hobetzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrak Foru
Gobernuaren plan edota programa gidariekin uztartuta.
h) Prestatzea urteko aurrekontuen prestaketari eta haren oinarrizko
ildoekin lotutako epe ertaineko aurrekontu planak, Nazioetako eta
Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemak (SEC) ezarritako definizio eta
mugapenei jarraituz.
i) Foru Aldundiaren ekonomia eta finantza plana prestatzea, baldin
eta aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoaren helburua edo
gastuaren araua betetzen ez bada.
j) Prestatzea, Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuarekin
batera, herri administrazioen esparruko entitateen ekonomia eta finantza plan
bateratua, baldin eta aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoaren
helburua edo gastuaren araua betetzen ez bada.
k) Idaztea Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauak
67. artikuluan jasotako aurrekontu eraginari buruzko derrigorrezko txostenak,
salbu foru dekretu honetako 19.3 artikuluan aipatutakoak.
14.
artikulua. Kontabilitate Zerbitzua.
1. Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren
27ko 4/2007 Foru Arauak VI. tituluan ezarritako eginkizunak betetzea dagokio
Kontabilitate Zerbitzuari, kanpoan utzita, betiere, foru administrazioko
beste organo batzuei esleitutakoak.
2. Zehazki,
honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Kontabilitate Publikoko Plana
eta hori garatzeko proposamenak prestatzea.
b) Kontabilitate arloko tramiteen prozedurak normalizatu eta hobetzeko
proposamenak egitea, eta, orobat, datuak erregistratzeko nahiz kontabilitate
arloko informazioa aurkezteko irizpide orokorrei dagozkienak aurkeztea.
c) Interpretatzea, geroa aplikatuak izateko, kontabilitate printzipio
eta irizpideak, eta, orobat, transakzioei, gertaera ekonomikoei eta ondare
elementuei aplikatu beharreko onarpen eta balorazio arauak.
d) Aurrekontu orokorrak gauzatzeko eragiketak eta ondare alorreko eragiketak
kontabilizatzea, eta deszentralizatuta erregistratzen diren eragiketak
kontabilitatean jasotzeko ere balioztatzea.
e) Kudeatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko faktura elektronikoen
sarrera puntu orokorra eta fakturen erregistroa.
f) Ordainketak zein sarreren itzulketak egiteko aginduak
prestatu eta tramitatzea, bidezkoak diren atxikipenak, konpentsazioak eta
bahiturak eginda.
g) Ezartzea kontabilitate printzipio publikoak aplikatu behar
dituzten Foru Sektore Publikoko entitateen kontabilitateko oinarrizko printzipioak.
h) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Kontu Orokorra prestatzea,
departamentuko Aurrekontu Zerbitzuarekin batera.
i) Prestatzea eta zabaltzea kontabilitate, aurrekontu, zerga eta
ondare alorrean zuzendaritzaren maila desberdinetan Kudeaketa egiteko
beharrezkoa den informazioa.
j) Ziurtagiriak egitea.
15.
artikulua. Finantza Zerbitzua.
1. Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren
27ko 4/2007 Foru Arauaren IV. eta V. tituluetan ezarritako eginkizunak betetzea
dagokio Finantza Zerbitzuari, kanpoan utzita, betiere, administrazio
instituzionaleko beste organo eskudun batzuei araudi aplikagarriak
esleitutakoak.
2. Zehazki,
honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Finantza publikoei buruzko jarraibide, orientabide eta neurriak
proposatzea.
b) Foru Aldundiaren finantza beharrak planifikatzea gastu
politikak eta inbertsio plan handiak aintzat hartuta.
c) Urteko Diruzaintza Plana prestatzea, funtsen beharrak finkatzeko,
aurreikusitako egoera finantzarioari egokitutako neurriak proposatuz bai funtsak
erabiltzeari eta bai merkaturatzeari dagokionez.
d) Finantza baliabideak kudeatzea aurrekontuko zein aurrekontuz
kanpoko kobrantzak eta ordainketak eginaraziz.
e) Finantza merkatuen etengabeko segimendua egitea aktibo eta
pasiboko posizioen Kudeaketan epe labur, ertain eta luzerako politika
aktiboa garatzeko.
f) Diru baliabideak modu egokian esleitzea, zorraren kostua
murrizteko eta soberakinen errendimendua areagotzeko, likidezia, kaudimen eta
berme irizpideak beteko dituzten inbertsioak eginez.
g) Finantzaketa iturriak aztertzea, eta Foru Aldundiaren zorpetze
egiturari ondoen egokitzen zaizkion finantza eragiketak hitzartzeko proposatzea.
h) Foru Aldundiaren zorpetzea eta hortik datorren zama finantzarioa
kudeatzea, formalizatutako eragiketa finantzarioen fluxuen tramitazioa ere
barne.
i) Estaltze eragiketak aztertu eta proposatzea, pasibo edo aktiboko
posizioetan kostu edo errentagarritasun egokia bermatzeko edo arriskua
murrizteko.
j) Finantza entitateetan kontuak ireki, itxi eta bertan irekitako
kontuetako saldoak erabiltzeko proposatzea, bai eta kobrantzak zein
ordainketak egitea ahalbidetzen duten kontuak kudeatzea ere.
k) Entitate laguntzaile eta ordaintzaileekin harremanak izateko
baldintzak proposatzea, eta entitate horien jarraipena eta kontrola egitea.
l) Kobrantza eta ordainketa bitartekoak erabiltzeko proposatzea,
bidezkoa denean erabilera baldintza bereziak jarriz, eta balizko gorabeherak
konpontzea.
m) Foru Aldundiak ematekoak diren abalak baimendu ote daitezkeen
aztertu eta, hala badagokio, proposatzea.
n) Agintzen zaizkion bermeak zaindu eta kudeatzea.
ñ) Rating agentziekin beharrezko gestioak egitea Foru Aldundiaren
kaudimena neurtzen duen kreditu kalifikazioa lortzeko edota hura eguneratzeko.
16.
artikulua. Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzua.
1. Martxoaren
27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta
Aurrekontu Araubidearenak, departamentuko beste organoei VII. tituluan ematen
ez dizkien eginkizunak dagozkio Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuari,
eta, zehazki, honako hauek:
a) Zuzenean edo zeharka gastuak onartzen, konpromisoak gauzatzen,
eskubide edo obligazio ekonomikoak aitortzen edo funts edo baloreen
mugimenduak erabakitzen dituzten egintzak fiskalizatzea, horien tramitazioak
kasuan kasu aplikagarri den legeria bete duela bermatzearren.
b) Kontu-hartzailetza lana egitea ordaintzeko obligazioa onartzean,
ordainketa agintzean eta ordainketa gauzatzean.
c) Eduki ekonomikoko arau xedapenak fiskalizatzea, bazter utzita zerga
itunduei buruzko arau xedapenak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko
aurrekontu orokorrak, horien aldaketak eta kontu orokorrak onartzea helburu
duten bestelakoak, ekonomian, finantzetan eta aurrekontuan duten eragina
ebaluatzeko. Foru Ogasunaren berezko gaietan eragin eta garrantzi handikoak
izateagatik muntadunak diren alderdiak fiskalizatuko ditu.
d) Foru sektore publikoko zerbitzu eta entitateen egoera eta funtzionamendua
ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik aztertzea, erregulartasun,
legezkotasun, eraginkortasun, eragimen eta ekonomia printzipioei egokitzen
zaizkien ziurtatzeko.
e) Foru sektore publikoa ez diren pertsona eta entitate onuradunak
kontrolatzea, Foru Aldundiaren, foru organismo autonomoen eta foru fundazio
publikoen aurrekontuaren kontura dirulaguntzak jaso dituztenean.
f) Auditoretzen urteko plana prestatu eta gauzatzea.
g) Barne kontrolaren ondorioz egiten diren proposamen eta gomendioen
konplimendu eta aplikazioa bultzatzea.
2. Kontu-hartzailetza
eta Auditoretza Zerbitzuari honako eginkizun hauek ere dagozkio:
a) Foru Aldundiak parte hartzen dituen partzuergo, sozietate edo
fundazioen ekonomia, finantza edo ondare egoera kontrolatzea.
b) Aurreikusitako informazio obligazioak betetzeko behar den
informazioa biltzea, koordinatzea, prestatzea eta bidaltzea, betiere
aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudia betetzearren.
c) Baldintza orokorren agiriak prestatzea eta, hala badagokio, kontratazio
arloko jarduketa komunak proposatzea, Gobernantza Departamentuko Kontratazio
Publikoa Koordinatzeko Zerbitzuarekin elkarlanean.
d) Zaintzea Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Europako Kontuen
Auzitegiak eta, hala badagokio, kanpo kontroleko gainerako organoek kontuak
fiskalizatzeko beren txostenetan azaltzen dituzten ondorio, gomendio eta
irizpideak aplikatzen direla.
e) Nazioetako eta Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemak (SEC)
ezarritako definizio eta mugapenei jarraituz Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako
entitateei dagokienez, gainbegiratzea desorekatuta dauden entitate
merkatu-sortzaileen saneamendu planaren prestaketa.
f) Aholkua ematea Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontu Orokorraren kontsolidazio
perimetroa osatzen duten entitateetan eta beste entitate partaidetu batzuetan
dituen ordezkariei, betiere Zuzendaritzaren eskumen eremuarekin lotutako
arloetan.
17.
artikulua. Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza
Nagusiaren egitura eta eginkizunak.
1. Zerga
eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu:
a) Araugintzako eta Lege Aholkularitzako Zerbitzua.
b) Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzua.
2. Zerga
eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiari eginkizun hauek dagozkio:
a) Bere zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, funtzionamenduaren
ildo nagusiak finkatzea, eta irizpide nahiz lehentasunak ezartzea.
b) Zerga politikari buruzko proposamenak eta zergen nahiz finantzen
araudia garatzeko proposamenak egitea.
c) Kupoari, Autonomia Erkidegoarentzako ekarpenei eta udalen finantzaketari
buruzko gaietan jardutea.
d) Ekonomia Itunetik eratortzen diren gaietan beste administrazio batzuekin
elkarlanean eta modu koordinatuan aritzea.
e) Epaiak betetzeari buruzko ebazpenak ematea.
f) Erakundeekiko konpromisoetatik datozen likidazioak edota abonuak
onartzea.
g) Udalen aldeko likidazioak edota abonuak onartzea, udal zergen Kudeaketatik
eta zor exekutiboetatik nahiz zerga ez-itunduetako partaidetzatik datozenean.
h) Agintzea BEZarengatik eta zerga bereziengatik Estatuarekin eta
lurraldeen artean egin beharreko doikuntzak kontabilizatu eta, hala badagokio,
ordaindu daitezela.
18.
artikulua. Araugintzako eta Lege Aholkularitzako Zerbitzua.
Araugintzako eta
Lege Aholkularitzako Zerbitzuari honako eginkizun hauek dagozkio:
1. Azterketak
eta txostenak egitea Gipuzkoako Lurralde Historikoko politika fiskalari
buruz eta zerga arloko araugintzari buruz.
2. Ogasun
Zuzendaritza Nagusitik eta haren zuzendariordetza eta zerbitzuetatik zerga
arloan iristen zaizkion araugintzako ekimenak jasotzea eta aztertzea.
3. Entitate,
organismo eta agenteekin lankidetzan aritzea zerga xedapenak aldatzeko
prozesuetan.
4. Departamentuaren eskumeneko
gaietan zerga arloko xedapenen aurreproiektu eta proiektuak egitea, eta
departamentuko foru diputatuak edo Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza
Nagusiak departamentuaren eskumeneko bestelako arloetan eskatzen dizkiotenak
prestatzea.
5. Estatuko Administrazioak
jakinarazitako zerga arauen proiektuak aztertzea.
6. Aztertzea Estatuak eta
Europar Batasunak onartutako lege xedapenek zerga antolamenduan sartzen
dituzten aldaketen eragina, eta, hala badagokio, derrigorrezkoak diren
irizpenak ematea.
7. Euskadiko Zergen
Koordinaziorako Organoan, Ekonomia Itunak aurreikusten duen Araugintza
Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordean edo bestelako batzordeetan
agertutako gaiei buruzko txosten eta irizpenak egitea.
8. Euskadiko Zergen
Koordinaziorako Organoarekin lotura duten kontsultak eta Araugintza
Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordean planteatutakoak kudeatu eta tramitatzea,
departamentu honetan sortuak izan nahiz beste zerga administrazioetan sortuak
izan.
9. Gipuzkoako eta estatuko
zerga araudia Ekonomia Itunera nola egokitzen den ebaluatzea, araudia
aldarrikatu aurretik edo aldarrikatu ondoren, eta proposamenak eta ekimenak
prestatzea Itunaren erregimena defendatu eta eguneratzeko.
10. Zerga araudia interpretatzeko
proposamenak egitea.
11. Gipuzkoako Lurralde
Historikoko erakunde eskudunek onartutako zerga araudia zabaltzea, bereziki
bide telematikoak erabiliz.
12. Txostenak egitea Batzar
Nagusiek zerbitzuaren eskumeneko gaietan bidalitako arau proposamenei buruz.
13. Departamentuari berariazko
lege aholkularitza ematea, bai departamentuaren zerga alorrean bai
departamentuko foru diputatuak edo Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza
Nagusiak eskatzen dizkioten departamentuaren eskumeneko bestelako arloetan.
14. Zuzenbidezko txosten eta
irizpenak egitea bai zerga araudian beharrezkotzat jotzen direnean, bai auzia
edo erreklamazioa ebatzi behar duen agintari edo funtzionarioak eskatzen
dituenean.
15. Lege eta zerga auziak
interpretatzen edo ebazten dituzten organo eta batzordeetan parte hartzea.
16. Zergen Aholku Batzordearen
idazkaritzari propio dagozkion eginkizunak betetzea.
17. Izaera berezikoak
izateagatik departamentuari esleitzen zaizkion espedienteen jarraipena eta
kontrola egitea.
18. Departamentuak entitate
abal emaileei buruz eta aseguru entitateei buruz duen erregistroa eramatea eta
mantentzea, eta aztertzeko aurkezten zaizkion abalak, ahalordeak eta
nortasunezko gainerako agiriak askiestea.
19. Idaztea epaiak betetzeko
txostenak eta proposamenak, betiere departamentuaren eskumeneko gaiak
direnean, eta jarduketak zentralizatzea hala eskatzen denean departamentuko
espedienteak prozedura judizialetara bidaltze aldera.
20. Beharrezko jarduketak
egitea Ekonomia Itunean aurreikusita dagoen Arbitraje Batzordearen aurrean
jarraitzen diren prozedurak direla eta.
21. Nazioarteko praktika
fiskal onenak aztertzea, sare, foro eta batzordeetan parte hartuta, bereziki
Europaren eremuan.
19. artikulua. Erakundeekiko
Konpromisoen Zerbitzua.
Eginkizun hauek dagozkio Erakundeekiko
Konpromisoen Zerbitzuari:
1. Gipuzkoako Lurralde
Historikoko egoera ekonomikoari buruzko txostenak egitea, eta herri administrazioek
Gipuzkoan egiten duten jarduerari buruzko azterketak eta txostenak prestatzea.
2. Epe ertain eta luzeko plan
ekonomikoei nahiz haien aurrekontu eszenariei buruzko azterketetan parte hartzea.
3. Zergek izan ditzaketen
ondorio ekonomikoak aztertzea, zerga araudia aldatzeko proiektuek
zerga-bilketan duten eraginaren memoria prestatzea, hain zuzen ere martxoaren
27ko 4/2007 Foru Arauak 67. artikuluan aipatzen duena, eta uztailaren 12ko
6/2005 Foru Arauaren 70.1.b) artikuluak bideragarritasun ekonomikoari buruz eta
Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontuetan izango duten eraginari buruz
agintzen duen txostena egitea.
4. Zerga itunduen sarrera eta
gastu fiskalen aurreikuspen eta exekuzioari buruzko azterketak egitea, eta
horiek aurrekontuko baliabideekin nola egokitzen diren analizatzea.
5. Laguntza ematea bai
departamentuko jarduketa politikak definitzeko azterketetan eta bai
departamentuaren eskumeneko gaiak izanik agintzen zaizkionetan.
6. Departamentuak zerga-bilketari
dagokionez lanerako dituen programak aztertu eta ebaluatzea, eta, orobat,
departamentuari buruzko analisi estatistikoa eta, bereziki, urteko txosten
estatistikoa egitea.
7. Foru Aldundiak
Estatuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoarekin, beste foru aldundiekin eta Gipuzkoako
Lurralde Historikoko udalekin eta Europar Batzordearekin dituen harreman
finantzarioei buruzko azterketak eta txostenak egitea.
8. Erakundeekiko
konpromisoengatik egin beharrekoak diren ordainketa eta sarrera proposamenak
kalkulatu eta tramitatzea: Estatuarentzako Kupoa, BEZaren eta zerga berezien
doikuntzak, Autonomia Erkidegoari egin beharreko ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko
Foru Funtsa.
9. Eskumen mailak kalkulatu
eta baloratzeko analisi eta azterketak egitea, bereziki zerbitzuen
eskualdaketetan, erakundeen finantzaketan eragina dutenean.
10. Herri Finantzen Euskal
Kontseiluan eta beste batzorde batzuetan planteatzen diren gaiei buruzko
txostenak eta irizpenak prestatzea.
11. Aurrekontu, kontabilitate,
finantza eta zerga alorrean udal entitateei aholku eta laguntza ematea, eta
gai horien inguruan araugintzako proposamenak egitea.
12. Gipuzkoako toki
entitateen aurrekontuak onartu eta tramitatzeko prozesuen segimendua egitea,
eta aurrekontu horien aldaketak, euren likidazioa eta kontu orokorra gertutik
jarraitzea. Baita zergak ezartzeko eta ordenantza fiskalak onartzeko
erabakien segimendua egitea ere, indarrean dagoen araudira behar bezala egokitzeko
irizpideak emanez.
13. Udal zergen konturako
aurrerakinak eta zerga horien likidazioa ordaintzeko proposamenak tramitatzea,
eta telekomunikazioetako operadoreek udalei ordaindutako konpentsazioak nahiz
itundu gabeko zergetan parte hartzeagatik jasotzen dituztenak izapidetzea.
14. Txostenak eta
espedienteak prestatu eta tramitatzea kreditu eragiketak egiteko nahiz
ondasun lokalak, ondarezkoak edo propio eta komunalak besterentzeko, tutoretza
finantzarioa ematearen ondorioetarako. Udal entitateei aholku ematea ondasunen
inbentarioa eratu eta eguneratzeari dagokionez.
15. Finantza
tutoretza egitea, toki entitateek aurrekontu egonkortasunari eta finantza
iraunkortasunari buruzko araudiari lotutako gaietan nahiz Toki
Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari lotutako gaietan
gauzatutako egintzen gainean.
16. Udal
entitateen aurrekontu, finantza eta zergei buruzko informazioa jasotzen
duten datu baseak prestatu eta mantentzea.
17. Europar
Batasunetik datozen funtsak kudeatzea, bitarteko organoa den aldetik, eta
solaskide gisa jardutea Foru Aldundiko departamentuen, Gipuzkoako udal
entitateen eta Kudeaketa komunitarioko agintarien aurrean (EAE, Estatua eta
Europar Batasuna). Kasuan kasuko erregelamenduetan exijitzen diren kontrolak
egiteko bideak ematea, horretan laguntzea eta antolatzaile izatea.
18. Gipuzkoako
Foru Aldundiko departamentuek eta Gipuzkoako udalek Europako funtsekin
finantzatu litezkeen proiektuetan parte har dezatela bultzatzea.
20.
artikulua. Idazkaritza Teknikoa.
Departamentuko
Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki, eta funtzionalki
zuzendari nagusien menpean. Departamentuaren eskumenen barruan, eginkizun hauek
ditu:
1. Departamentuko
organoei eta Diputatuen Kontseiluari onartzeko aurkezten zaizkien xedapen,
egintza eta ebazpenen legezkotasuna kontrolatzea, salbu Araugintzako eta
Lege Aholkularitzako Zerbitzuaren eginkizunei dagokienez.
2. Kontratazio
espedienteak tramitatzea, kudeatzea eta haien legezkotasuna kontrolatzea.
3. Beste
herri administrazioekin eta erakunde publiko zein pribatuekin izenpetzen diren
lankidetza hitzarmen edota protokoloak eta xedapen orokorrei buruz agintzen
zaizkion bestelako proiektuak aztertzea, prestatzea eta haien segimendua
egitea.
4. Departamentuko
organoei lege arloko aholkularitza generikoa ematea, eskatzen zaizkion txostenak
eginez eta kontsultak erantzunez.
5. Departamentuari
berariazko lege aholkularitza ematea, bai finantza arloan eta bai
departamentuko foru diputatuak eskatzen dizkioten departamentuaren eskumeneko
bestelako arloetan.
6. Departamentuaren
fede publikoa.
7. Departamentuaren
erregistro orokorra eta agiritegia eramatea.
8. Departamentuko
aurrekontu aurreproiektua prestatzea, departamentuko unitateak elkarrekin
koordinatuz.
9. Departamentuko
jarduera ekonomikoaren Kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola
egitea.
10. Lankidetzan
jardutea Gobernantza Departamentuarekin langile gaietan dituen funtzioak garatzeko.
11. Departamentuko
zerbitzu orokorrak kudeatzea.
12. Departamentuko
identifikazio, ordezkaritza eta jakinarazpen sistemak kudeatzea.
13. Departamentuarentzat
interes komunekoak diren programa berriak ezartzea eta garatzea, hala badagokio
Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza Nagusiarekin elkarlanean.
14. Agirien
Kudeaketarekin eta espediente elektronikoarekin lotuta dituen funtzioak
betetzea (ekainaren 14ko 17/2011 Foru Dekretua).
15. Informazio
sistemetan segurtasun neurriak ezartzea. Departamentuko datu sarbideetan
segurtasuna kudeatzea.
16. Euskarri
teknikoa ematea, departamentuaren barruan Plan Estrategikoa eta politika
horizontalak ezartzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna,
jasangarritasuna eta beste batzuk).
17. Zerga
zehapenak barkatzeko espedienteak eta bestelako gaietan agintzen zaizkionak
tramitatzea.
18. Zerga
iruzurrari buruzko salaketak prozedurari jarraituz izapidetzea.
19. Administrazioaren
berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea
departamentuko organoei.
20. Onartutako
foru araudiak Foru Aldundiaren eskumen esparruen barruan ematen dizkion
eginkizunak, eta, orobat, bere lan esparruaren barruan esleitzen edo eskuordetzan
ematen zaizkion bestelakoak betetzea.
2.
SEKZIOA. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa
21.
artikulua. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.
1. Foru
Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak instantzia bakarrean ezagutzen ditu
indarrean dagoen legeriaren babesean aurkezten diren erreklamazio
ekonomiko-administratiboak, denak ere Gipuzkoako Lurralde Historikoko
Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak edo bestelako foru arauek
adierazitako gaietan eta kasuetan aurkeztuak.
2. Bere
osaera, antolakuntza, funtzionamendu eta eginkizunak arautzeko kontuan hartzekoak
izango dira martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Zergen Foru Arau
Orokorra eta 41/2006 Foru Dekretua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen
Foru Arau Orokorra, egintzak administrazio bidetik berrikusteari dagokionez,
garatzeko Erregelamendua onartzen duena, edo, kasua bada, horren ordezko
araudia.
Lehen xedapen
gehigarria. Zuzendari nagusiak ordezkatzea.
Zuzendari nagusien
karguak bete gabe daudenean edota titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean,
haien eskumen eta eginkizunak zuzenean beteko ditu foru diputatuak, edo,
bestela, horrek izendatzen duen departamentuko zuzendari nagusiak.
Bigarren xedapen
gehigarria. Baimena ematea.
Ogasun eta Finantza
Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio Zerga Kudeaketako
Zuzendariordetza Nagusiak eta Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusiak
borondatezko zerga-bilketa alorrean gaur egun dituzten eskumenak
Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusiari nola eman arautzeko.
Hirugarren xedapen
gehigarria. Antolaketa-egokitzapenak.
Foru dekretu hau
indarrean jartzen den egunetik hilabete bateko gehieneko epean, bere
onarpenak eragiten dituen antolaketa-egokitzapenak proposatuko dizkio
Gobernantza Departamentuak Diputatuen Kontseiluari.
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe geratzen
dira foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo
txikiagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, honako hau: 2016ko uztailaren 19ko
19/2016 Foru Dekretua, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organiko
eta funtzionalari buruzkoa.
Era berean,
indargabetuta gelditzen da martxoaren 13ko 24/2001 Foru Dekretua, Gipuzkoako
Foru Aldundiarekin kontratatzeko gaitasuna egiaztatzeko prozedura ezarri
eta kontratuen erregistroari buruzko zenbait gai arautzen dituena.
Azken xedapenetan
lehena. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Ikuskaritzaren
Erregelamendua aldatzea.
Aldatu egiten da
azaroaren 16ko 31/2010 Foru Dekretuak onartutako Gipuzkoako Lurralde
Historikoko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduko 2. artikuluaren 2.
apartatua, eta honela idatzita gelditzen da:
«2. Gipuzkoako
Foru Aldundiaren eremuan, ikuskaritzako langileak dira Ogasun eta Finantza
Departamentuan ondoko lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioak:
a) Ikuskaritzako zuzendariorde nagusia.
b) Estrategia Teknologikoko zuzendariorde nagusia.
c) Ikuskaritzako unitate eragileetako buruak eta Informazioaren
Analisirako zerbitzuburua, Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza
Nagusiaren barruan dagoena.
d) Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusiko goi mailako teknikari
ikuskariak eta erdi mailako ikuskariordeak, bai eta Informazioaren Analisirako
Zerbitzukoak ere, azken horiek Estrategia Teknologikoko Zuzendariordetza
Nagusikoak.
e) Zerga agenteak.
f) Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusiak dituen gainerako laguntzako
organo eta unitateak.
Ogasun eta Finantza
Departamentuko foru diputatuak hala aginduta, apartatu honetan zerrendatutako
Ikuskaritzako langileei dagozkien eginkizunak eta eskumenak garatuko dira,
erregelamendu honetan xedatutakoari jarraikiz».
Azken xedapenetan
bigarrena. Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen
den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko
irailaren 29a.
Diputatu
Nagusia,
Markel
Olano Arrese.
Gobernantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Eider
Mendoza Larrañaga.
Ogasun eta Finantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Jabier
Larrañaga Garmendia. (5081)