GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
DIPUTATU NAGUSIA
06/2020 Foru Dekretua, irailaren 29koa, Gipuzkoako
Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta
eginkizunak finkatzeko ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretua aldatzekoa.
Diputatu nagusiaren ekainaren 29ko 3/2019
Foru Dekretuaren bitartez, 2019-2023 agintaldirako Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatu
ziren. Urte bat igaro ostean, eta departamentuetako egitura organiko eta funtzionalari
buruzko foru dekretuak onartu aurretik, 3/2019 Foru Dekretua aldatzeko
beharra ikusi da: departamentuen artean esparruen eta eginkizunen banaketa
zehaztu eta argitzeko; eta, hartara, Foru Administrazioaren jardueran
segurtasun juridikoa, eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko.
Hori horrela, berariaz jaso behar da kanpo
harremanen esparrua: diputatu nagusiari esleitzen zaiona, bere zeharkako
izaera indartzeko.
Halaber, Mugikortasuneko eta Lurralde
Antolaketako Departamentuari esleitutako bizikleta bideen azpiegituren
esparruari dagokionez, baliabide publikoen erabilera arduratsu eta
arrazionalak hala eskatuta, gai horretan beste bi departamentu hauek parte hartzea
ahalbidetu behar da: Bide Azpiegituretako Departamentuak eta Ingurumeneko eta
Obra Hidraulikoetako Departamentuak.
Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde
Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko
uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 26.3.b) eta 64. artikuluetan diputatu
nagusiari esleitutako eskumenak baliatuz,
XEDATZEN DUT
Artikulu bakarra. Ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoa,
aldatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzeko
ekainaren 29ko 3/2019 Foru Dekretua modu honetan aldatzen da:
Bat. Ondorengo i) letra hau eransten zaio 4. artikuluaren (Diputatu
Nagusia) 2. zenbakiari:
«i) Kanpo harremanak.»
Bi. Modu honetan idatzita uzten da 10. artikuluaren (Mugikortasuneko
eta Lurralde Antolaketako Departamentua) b) letra:
«b) Bizikleta bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako
Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen
programazioa eta bizikleta bideen obra guztien finantzazioa; errepideak
eraikitzeko proiektuetan sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak
eraikitzea; ohiz kanpoko artatze-lanak; foru bizikleta bideen mugaketa eta
mugarriak jartzea; titulartasunen eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta
bideen erabileraren sustapena.»
Hiru. Modu honetan idatzita uzten da 12. artikuluaren (Bide
Azpiegituretako Departamentua) 1. zenbakiaren c) letra; eta lehen c) letra zena
d) letra izango da:
«c) Bizikleta bideen azpiegituren arloan:
— Errepideak eraikitzeko
proiektuetan sartuta dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea, horien
trazatua errepidearen plataforma ondotik doanean.
— Gipuzkoako Foru
Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan dauden bizikleta bideen sarearen
ohiko artatze-lanak gauzatzea, eta sare hori zaintzea nahiz ustiatzea.
d) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak
gauzatzea.»
Lau. Modu honetan idatzita uzten da 14. artikuluaren (Ingurumeneko
eta Obra Hidraulikoetako Departamentua) 1. zenbakiaren j) letra; eta lehen j)
letra zena k) letra izango da:
«j) Bizikleta bideen azpiegituren arloan: lankidetza teknikoa eskaintzea
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari Foru Bizikleta Bideen
Sarea garatzeko; eta gainbegiratze teknikoa egitea, bai aipatu
departamentuak kudeatzen dituen bizikleta bideak eraikitzeko proiektuak idatzi,
izapidetu eta onesterakoan, bai proiektu horietako obrak kontratatu eta gauzatzerakoan.
k) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.»
Amaierako
xedapena. Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen
den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko
irailaren 29a.—Markel Olano Arrese, diputatu nagusia. (5040)