3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA

Zumaiako jabari publikoetan eta pribatuetan, erabilera publikoa duten kasuetan lurzoruaren okupazioa ostalaritzarako eta merkataritzarako arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onarpena.

2020ko maiatzaren 28ko ohiko batzarraldian Osoko Bilkurak hasierako onarpena eman zion Udalak Jabari publikoan eta pribatuetan, erabilera publikoa duten kasuetan lurzoruaren okupazioa ostalaritzarako eta merkataritzako arautzen dituen Ordenantzari.

Ordenantza hori 2020ko ekainaren 15eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (111 zk.) iragarri zen interesdunek nahi izanez gero 30 lanegunez alegazioak aurkez zitzaten. Jendaurreko epealdia agortuta ez da alegaziorik aurkeztu, eta, hortaz aipatu ordenantza behin betiko onartutzat ematen da.

Beraz, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, iragarki honetan eranskin gisa argitaratzen da ordenantzaren testu osoa.

Administrazio bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Zumaia, 2020ko abuztuaren 3a.—Alkatea.                (4054)

ERANSKINA

Jabari publikoetan eta pribatuetan, erabilera publikoa duten kasuetan lurzoruaren okupazioa ostalaritzarako eta merkataritzarako arautzen dituen Ordenantza.

Zioen azalpena.

I. titulua.  Xedapen orokorrak.

1. artikulua.  Ordenantzaren xedea.

2. artikulua.  Aplikazio eremua.

3. artikulua.  Araudi aplikagarria.

4. artikulua.  Baimenen ezaugarriak.

5. artikulua.  Definizioak.

II. titulua.  Instalazioen denboraldiak eta ordutegiak.

6. artikulua.  Denboraldiak.

7. artikulua.  Ordutegiak.

III. titulua.  Instalazio baldintzak.

Baldintza orokorrak.

8. artikulua.  Terrazen baldintza orokorrak.

9. artikulua.  Jatetxe zerbitzua.

10. artikulua.  Ingurua garbitzea.

I. atala.  Mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak eta espazioa mugatu gabeko egitura duten terrazak.

11. artikulua.  Espazioa okupatzeko baldintza orokorrak.

12. artikulua.  Terraza kale batean ezartzen denean bete beharreko baldintzak.

13. artikulua.  Plazak eta oinezkoen kaleak.

14. artikulua.  Terrazetako elementuen ezaugarriak.

II. atala.  Egiturak dituzten esparru zedarrituko terrazak.

15. artikulua.  Espazioa okupatzeko baldintza orokorrak.

16. artikulua.  Hiri espazioaren araberako baldintza bereziak.           

17. artikulua.  Terrazetako elementuen ezaugarriak.

18. artikulua.  Terrazen ezaugarri teknikoak.

III. atala.  Komertzioak.

19. artikulua.  Baldintza orokorrak.

IV. titulua.  Baimenak emateko prozedurak.           

20. artikulua.  Baimen eskariak.

21. artikulua.  Baimenak ematea.

22. artikulua.  Esparru zedarrituko egiturak dituzten terrazak ezartzeko baimena emateko irizpide teknikoak.

23. artikulua.  Esparru zedarrituko egiturak ezartzeko baimenak emateko baldintzak.

24. artikulua.  Baimenen indarraldia eta baimenak berritzea.           

25. artikulua.  Baimenak deuseztatzea.

26. artikulua.  Baimenak eskualdatzea.

V. titulua.  Eginbeharrak.

I. kapitulua.  Baimenen titularrenak.

27. artikulua.  Jarduerari buruzko betebeharrak.

28. artikulua.  Betebehar ekonomikoak.

II. kapitulua.  Udalarenak.

29. artikulua.  Baimenen titularrekiko betebeharrak.           

30. artikulua.  Herritarrekiko betebeharrak.

VI. titulua.  Mantentze plana.

31. artikulua.  Instalazioen Mantentze eta Berritze Plana.   

VII. titulua.  Zigor erregimena.

32. artikulua.  Ikuskaritza.

33. artikulua.  Kautelazko neurriak.

34. artikulua.  Arau-hausteak.

35. artikulua.  Zigor prozedura.

36. artikulua.  Mailaketa irizpideak.

37. artikulua.  Zigorrak.

VIII. titulua.  Baimenak iraungitzea.

38. artikulua.  Baimenak iraungitzea.

39. artikulua.  Instalazioak desmuntatzea.

Xedapen iragankorrak.

Azken xedapenak.

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honek Zumaiako udalerriko erabilera publikoko espazioetako ostalaritza arloko erabilerak arautzen ditu, honako lege hauetan ezarritakoa oinarri hartuta: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, Administrazio Publikoen Ondarea arautzen duen 33/2003 Legea eta Tokiko Korporazioen Zerbitzuen Araudia. Ordenantza honen ondorioetarako, Zumaiako udal-mugarteko erabilera publikoko espazioetan ostalaritzaren eta merkataritza jardueraren eremuan egin beharreko erabilerak edo erabilerak arautzeko, eremu hori udal jabari eta erabilera publikoko bide eta espazio guztiak kontuan hartuta, bai eta lehendik dauden beste espazio batzuk ere, titulartasun pribatukoak izanik, oro har herritarren erabilera publikoari atxikita daudenak.

Araudi honen xedea da ostalaritza eta merkataritza arloan erabilera publikoko espazioez egin litezkeen erabilerak arautzea, aprobetxamendu berezikoak edo erabilera pribatibokoak diren heinean; eta espazio horien erabilera komunaren babesari eustea, herritar guztiei baitagokie, denei berdin eta bereizketarik gabe. Horrez gain, auzokoen atsedenerako eskubidea zaintzea eta ostalaritzaren eta merkataritza sektorea garatzea, bereziki kontuan hartuta herritarren artean zein erro sakonak dituen eta herriko ekonomian zer-nolako eragina duen.

Hauek dira xedapenaren oinarrizko balioak eta irizpideak: Lehentasuna ematea erabilera komun orokorrari, oinezkoen joan-etorrietan arreta berezia jarrita; eta, hala, ez mugatzea herritarrei erabilera publikorako espazioetarako sarbidea, horietan erraz, eroso eta segurtasunez ibili ahal izateko moduan.

Zuhaitzak, parterreak, hiri paisaiako landaredia eta hiri altzariak babestea.

Zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzea, larrialdiko zerbitzuena bereziki.

Pertsonek ingurumen osasungarria edukitzeko duten eskubidea babestea.

Ordenantza honek, zerbitzu jardueretara oztoporik gabe iristeari buruzko 17/2009 Legea eta merkataritza eta zerbitzu jakin batzuk liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea aintzat hartuta betiere, zer udal baimen eta administrazio emakida eskatu eta lortu behar diren arautzen du, jabetza eta erabilera publikoko ondasunak erabiltzen direlako eta beharrezkoa delako horietan ongi uztartzea askotariko erabilerak, intentsitateak, mugak eta herritarrek oro har eta jarduera horien bezeroek dituzten interesak.

42/2010 Legea betetzeari begira ostalaritza arloan tabakoaren kontsumoari buruz hartu behar izan diren neurrien eraginez, aldatu egin dira herritarren ohiturak, eta, ohitura aldaketa horiek bultzatuta, azkenaldian nabarmen ugaritu dira bide publikoan terrazak ezartzeko eskariak.

Bestalde, terrazak ezartzeko bi motatako denboraldiak arautuko dira: Udakoa eta urte osokoa.

Araudi honetan, arreta berezia emango zaio altzarien eta instalazioen estetikari, baimenak emateko garaian; hain zuzen ere, elementu horien estetikak bat etorri beharko du terraza ezarriko den kalearen edo plazaren estetikarekin.

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruen erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari loturik.

2. artikulua.  Aplikazio eremua.

Udalerrian erabilpen publikoa duten leku guztietan (bide publikoak, espazio libreak, berdeguneak eta abar) izango da aplikagarria ordenantza hau, horien titularitatea publikoa edo pribatua izan.

Erabilpen publikoko baldintza betetzen den egiaztatzeko, leku bakoitzaren egitatezko egoerari eta indarrean dagoen hirigintza planeamenduak araututakoari begiratuko zaio.

3. artikulua.  Araudi aplikagarria.

Espazioen okupazioa Administrazio Publikoen Ondarearen Legearen eta Tokiko Korporazioen Ondasunen Araudiaren arabera arautuko da.

Baimen horietan, partikularrak ez du lehendik lurzoru publikoa okupatzeko eskubiderik, eta Udala izango da, segurtasun publikoaren, oinezkoen joan-etorriaren, atsedenaren, ingurumenaren defentsaren edo hiri-estetikaren alorretan dagoen interes publikoa baloratuz, baimen horiek ematea edo ez ematea erabakiko duena, bai eta horiek ez betetzeak horiek errebokatzea ekar dezakeen mugak edo baldintzak ezartzea ere.         

4. artikulua.  Baimenen ezaugarriak.

1.  Terraza eta erakustoki komertzialak instalatzeko espazioak okupatzeko, aldez aurreko udal baimena behar da, desmuntagarriak direlako.

2.  Ostalaritza eta merkataritza establezimenduen titularrek baino ezingo dituzte eskatu baimenak, betiere establezimendu horiek hirigintza arauen eta ostalaritza eta merkataritza sektoreko arauen araberako funtzionamendua eta jarduera badute.

3.  Dagokien ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen baimenei lotuak izango dira lur zorua okupatzeko baimenak, nahitaez, eta ezingo dira baimen horiek eskualdatu establezimenduen jardueratik bereiz. Ostalaritzako establezimenduaren titulartasuna aldatuz gero, titular berriak espazioa okupatzeko baimena eskatu beharko du, nahitaez.             

4.  Baimenak interes publikoaren mende egongo dira, eta, beraz, baimenak emateak ez dio titularrari inolako eskubide edo itxaropen legitimorik ekarriko, beste aldi baterako baimena lortzeko.

5.  Baimenak jabetza eskubidea gordeta eta hirugarrenen kalterik gabe emango dira.

6.  Baimenen titularrek beren gain hartuko dituzte jardueraren mentura eta arriskuak.

5. artikulua.  Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako baimen daitezkeen hiru terraza eredu zehazten dira eta mahaien gutxieneko neurriak, baita merkataritzako erakustoki moduluak ere.

1.  Terraza ereduak.

a)  1. eredua. Terrazak.

Mahaiak eta aulkiak dituzten terrazatzat hartuko dira ostalaritza jarduera garatzeko okupazioak, mahaiak, aulkiak eta eguzkitakoak dituztenak eta egunero jaso eta lokalaren barruan gordeko direnak, bide publikoa guztiz libre uzteko moduan.

b)  2. eredua: Egiturak dituzten esparru zedarriturik gabeko terrazak.

Egiturak dituzten esparru zedarriturik gabeko terrazatzat hartuko dira ostalaritza jarduera garatzeko okupazioak, mahaiak, aulkiak eta eguzkitakoak dituztenak eta bide publikoan utzi beharreko elementuren bat dutenak (eguzkitako handiak, eguzkitakoen euskarriak), neurriagatik egunero jaso eta lokalean gorde ezin dela eta.

c)  3. Eredua: Egiturak dituzten esparru zedarrituko terrazak.

Egiturak dituzten esparru zedarrituko terrazatzat hartuko dira ostalaritza jarduera garatzeko okupazioak, bide publikoan instalatutako egitura ireki eta zedarrituak dituztenak, hala nola pantailak, manparak, olanen egiturak, loreontziak.               
               

2.  Mahaiak.

a)  Mahai altutzat hartzen da 0,9 m eta 1,20 m bitarteko altuera duena.

b)  Mahai baxutzat hartzen da 0,90 m-tik beherako altuera duena.

3.  Moduluak.

Moduluak dira mahaiak eta aulkiek osaturiko multzoa.

a)  1. modulua: gehienez 70 cm-ko diametroko (edo aldearen luzeko) mahai borobil edo karratuak altuak edo baxuak eta lau aulkik osatua, 6,25 m² okupatzen duena.

b)  2. modulua: Mahai karratu baxuak, 90 cm-ko aldearekin, gehienez, eta lau aulkik osatua, 7,29 m² okupatzen duena.

c)  3. modulua: Mahai karratu edo borobilak, altu edo baxuak, 70 cm-ko diametro edo aldearekin, eta bi aulkik osatua, 2 m² okupatzen duena.

d)  4. modulua: mahai karratuak bazkari eta afari zerbitzuak errazteko, 1,20 m x 90 cm-koak eta 4 edo 6 aulki, 8,10 m² okupatzen duena. Jatetxeak diren establezimenduetan soilik.

Kontuan hartu beharko da establezimenduaren barruan aulkiak eta mahaiak gordetzeko dagoen azalera, eta, beraz, establezimenduaren barruan sartu ezin diren moduluek, kanpoan gorde ahal izateko, baimen berezia beharko dute.         

4.  Merkataritzako moduluak.

a)  Frutategi eta antzekotan:

Jakiak erakusten diren elementu desmuntagarriak jardueraren fatxadan, gehienez 120 cm-ko sakonerarekin.           

b)  Beste merkataritza jarduerak:

Gehienez 70 cm-ko sakonera duten elementu desmuntagarriak. Elementu hauek fatxadaren lerroan jarri ahal izango dira, betiere jardueraren atearen aurrean gutxienez horren zabalera duen tartea utziz (inoiz ez 90 cm baino txikiagoa). Fatxadaren eta elementu desmuntagarriaren artean, arau orokorrez, 2,00 m utzi beharko dira, eta inoiz ez 1,5 m baino gutxiago.

II. TITULUA

INSTALAZIOEN DENBORALDIAK ETA ORDUTEGIAK

6. artikulua.  Denboraldiak.

1.  Bi denboraldi mota ezartzen dira okupazioetarako baimenak emateko.

a)  Udako denboraldia: Aste Santutik urriaren 31ra.            

b)  Urte osoko denboraldia; baimendutako aldi bakoitzeko urte naturalarekin batera amaituko da.

7. artikulua.  Ordutegiak.

1.  Establezimendua irekitzen denetik jarri ahalko dira mahaiak eta aulkiak (17/2019 Dekretua, otsailaren 5ekoa, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena aplikatuz); betiere, udaleko garbiketa zerbitzuen lanak oztopatzen ez badira. Honako hau izango da terrazaren jarduera amaitzeko eta terrazak jasotzeko ordutegia:

a)  Udako denboraldian:

— Igandetik ostegunera, 00:30etan.

— Ostiral, larunbat eta jai bezperatan, 01:30ean.

b)  Udako denboralditik kanpo:

— Igandetik ostegunera, 24:00etan.

— Ostiral, larunbat eta jai bezperatan, 01:00ean.

Ordu horretatik aurrera, eta lehen aipatutako Dekretuarekin bat etorriz, lokaletako jabeek galarazi egin beharko dute edariak lokaletik kanpora ateratzea.

2.  Zati batean itxita daudelako, soinu baldintza bereziak dituzten plazetan, edo etxebizitzen forjatua plazaren forjatuarekiko altuera baxuan egoteagatik kexak dauden lekuetan, edo, beste edozein kausa dela eta, bizilagunei eragozpenak eragiten zaizkien lekuetan elementuak erretiratzeko ordua mugatu egin dezake Udalak.      

3.  Halaber, terrazara ematen duten leiho zuzenak edo zerbitzu emateko mostradoreak dituzten establezimenduek 22:30ean itxi beharko dituzte irteera horiek, establezimenduko musikak auzoen lasaitasuna hautsi ez dezan.         

Terrazak zerbitzatzeko erabiltzen diren leihoak itxita egon beharko dira 22:30etik aurrera. Leihoak jarduerari eskatutako gutxieneko isolamendu akustikoa ziurtatu beharko du.    

4.  Egun berezietan (San Telmo jaiak, San Pedro jaiak, auzoetako jaiak), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako Ordutegien Dekretuak –17/2019 Dekretua, otsailaren 5ekoa, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena– araututako itxiera ordua baino ordu bat lehenago arte luzatu ahalko da ordutegia; baina inoiz ez goizaldeko ordu bietatik haratago.               
               
               

5.  Gauzak jasotzeko ordua iritsita, ezingo da bezerorik egon instalazioetan. Ordu horretan, establezimenduko langileak izango dira bertan egon ahalko diren bakarrak, gauzak jasotzeko eta garbitzeko. Lan horiek soinurik egin gabe egin beharko dira.

6.  Egun jakin batzuetan ordutegia luzatzeko baimena eman ahal izango da, baita banakako muga edo muga orokorrak ezarri ere, terraza dagoen inguruan bizikidetza asaldatzen duen egoera bereziren bat gertatuz gero.

7.  Inola ere ezingo da terraza ezarrita eduki ostalaritzako edo salmenta establezimenduetarako onartutako ordutegitik kanpo.

8.  Komertzioetako moduluen okupazio ordutegia dendaren berbera izango da eta ezingo da inoiz tarte hau baino gehiago luzatu: 9:00-21:00.

III. TITULUA

INSTALAZIO BALDINTZAK

BALDINTZA OROKORRAK

8. artikulua.  Terrazen baldintza orokorrak.

1.  Ez da baimenik emango ezaugarri fisiko bereziak edo oinezkoen joan-etorrien intentsitatea direla-eta pertsonen segurtasun, mugikortasun eta irisgarritasunerako desegokiak izan daitezkeen tokietan terrazak ezartzeko.             

2.  Fatxadari atxiki beharreko elementuak (hala nola olanak eta erlaitzak) ezartzeko baimena emateko, hirigintza araudia betetzen den aztertuko da.

3.  Oro har, ostalaritza establezimenduaren ikuspen angeluan egongo da terraza osoaren kokapena, gehienez ere 25 m-ko distantzian, segurtasun arrazoiengatik hura jartzea gomendagarria ez denean izan ezik.

4.  Elkarren alboz alboko establezimenduetan terrazak ezartzekotan, lerrokatuta ezarri beharko dira, oinezkoen joan-etorriak zuzenak izan daitezen eta sigi-sagan ibili beharrik izan ez dezaten; gainera, bi terraza gertu dauden terrazen artean, orokorrean, 1,5 m-tik gorako distantzia utzi beharko da. Ondoz ondokoak direnean jarraian jarri ahal izango dira, betiere mugikortasuna ez badute oztopatzen.

5.  Udako denboraldirako baimena duten establezimenduek terrazako elementu guztiak bide publikotik kendu beharko dituzte baimenaren indarraldia amaitutakoan.

6.  Egitura duten terrazek martxan egon beharko dute, baimenak irauten duen bitartean. Terrazen egiturek ezin izango dute bide publikoan egon zerbitzurik eman gabe, 15 egunetik gorako aldi batez.

7.  Toki falta dela-eta terrazako altzariak lokalaren barruan gordetzerik ez duten establezimenduek baimena eskatu beharko dute horiek bide publikoan biltzeko; planoan adieraziko zaie non utzi behar dituzten. Tasaren zenbatekoa dagokion zerga ordenantzaren arabera erabakiko da.

8.  Ordenantzan ezarritako irizpide eta xedapen teknikoak betez gero, ordenantza honetan arautu gabeko baldintzak eta ezaugarriak dituzten espazioak okupatzeko eskariak ere ebatzi ahal izango dira.

9. artikulua.  Jatetxe zerbitzua.

Debekatuta dago bide publikoa okupatzen duten mahaietan bazkari edo afariak zerbitzatzea osasun saileko I. edo II. taldean sailkatuta ez dauden establezimenduentzat. Gainerakoetan, aperitibo-zerbitzua edo antzekoa baimenduko da.

10. artikulua.  Ingurua garbitzea.

Establezimenduetako jabeek garbi eta ordenatuta izan beharko dute okupatutako espazioa egun osoan, eta, horretarako, beharrezkoak diren erraztatzeak eta garbiketak egin beharko dituzte egunean zehar.

I. ATALA.  ‑Mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak eta egiturak dituzten esparru zedarriturik gabeko terrazak

11. artikulua.  Espazioa okupatzeko baldintza orokorrak.       

1.  Irisgarritasunari buruzko arauekin bat etorriz, oinezkoen eskubideak lehenetsiko dira, eta, horretarako, baimendutako elementuak jartzean, libre utziko dira denden atariak eta ezkaratzak. Oinezkoak igarotzeko jarriko den gutxieneko tarte librea, arau orokorrez, 2,00 m-koa edo handiagoa izango da, eta ezingo da inoiz 1,50 m baino txikiagoa izan.

Salbuespenezko kasuetan, mahaiak eta aulkiak fatxadari itsatsita egotea baimendu ahal izango da.

2.  Arau orokorrez, ez da ibilgailuen errepidearen beste aldea okupatzeko baimenik emango.

3.  Baimena eskatzen duten establezimenduek beren aurrealdearen %100 okupatu ahalko dute; baina, salbuespenez, azalera handiagoa okupatu ahalko dute, gehienez %50 gehiago, eskatzaileen alboko establezimenduak beren aurrealdea mahaiez eta aulkiez okupatzeko baimena eskatu ahal duten horietakoak ez badira, eta, betiere alboko establezimenduen baimenarekin. Edonola ere, ezkaratzetarako sarrerak eta denden atariak libre utzi beharko dira beti. Terrazak beste saltoki baten aurrealdea hartuz gero, ezingo da eguzkitakorik ezarri, saltokiko erakusleihoak ez estaltzeko.   

4.  Terrazako elementuek ezingo dute gainditu terrazarako baimendutako eremuaren proiekzio bertikala, ez zoruan, ez altueran.

5.  Terrazetan edo horien alboan ezingo da gorde edo pilatu bestelako produktu edo materialik (kuboak, orgak, plataformak, itzalkinen oinarriak, etab.), ezta instalazioetako hondakinak ere, arrazoi estetikoak eta higienikoak direla eta.

Horrez gain, altzari osagarri bat instalatu ahal izango da jatetxeetako terraza-zerbitzuan zerbitzuari laguntzeko elementu gisa. Terraza-zerbitzua amaitu ondoren, lokalaren barrualdera eraman beharko da.

6.  Galtzadan edo iraunkorki aparkatzeko edo antzeko beste erabilera batzuetarako finkatutako espazioetan terrazak jartzea baimendu ahal izango da, salbuespenez.

Horretarako, nibelazio-sistemak baimendu ahal izango dira, betiere desmuntagarriak badira.

7.  Ez da honako hauetan terrazak ezartzeko baimenik emango: larrialdiko irteeren aurrean, pasabideen aurrean, zabor edukiontzien aurrean, ezinduentzako aparkalekuen aurrean, autobus geltokien aurrean edo aldamioen azpian edo alboan.

8.  Arkupeetan mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak ezartzeko baimenak emateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a)  Fatxadaren hurbileneko gunea oinezkoentzako libre uztea; 2 m-tik gorako tartea, orokorrean, eta inoiz ez 1,5 m-koa baino gutxiago.

b)  Okupazioak ez gainditzea arkupeen barnealdeko zabaleraren %50a.

c)  Salbuespenez, eta betiere irisgarritasuna eta mugikortasuna mugatzen ez duten bitartean, fatxadari atxikitakoak baimendu ahal izango dira.

9.  Baimendutako okupazioaren azalera plano batean zehaztu eta finkatuko da; planoan adieraziko dira terrazako mahaien eta aulkien kokalekua, mahai eta aulki kopurua eta modulu mota, baimendutako elementuak, kalean pilatzeko baimentzen diren elementuen kokapena, baita oinezkoen joan-etorrietarako libre utzi beharreko pasabideak ere. Udal dokumentu horretan ordutegia eta denboraldia adieraziko dira.               

10.  Jaialdi, kontzertu eta bestelako ekitaldi ludikoak eta era horretako beste ekimen kultural batzuk direla eta, beharrezko irizten zaion ordutegian terraza kentzeko agindu ahal izango da.

11.  Obren edo aldamioak ezarri behar izanaren ondoriozko aldi baterako egoera berezietan, egoera hori eragin duen arrazoiak iraun bitartean baimena bertan behera utzi ahal izango da, baldin eta instalazioa beste kokaleku batera aldatzerik ez badago.

12.  Terrazek gutxienez metro bateko tartea gorde beharko dute banku publikoen aurrean.

12. artikulua.  Terraza kale batean ezartzen denean bete beharreko baldintzak.

1.  Kontuan hartuko dira oinezkoen joan-etorrietarako pasabideak, joan-etorrien intentsitatea eta espaloiaren ezaugarriak (hiri altzaririk badagoen, txorkoak dauden).            
               

2.  Irisgarritasunari buruzko arauekin bat etorriz, oinezkoen eskubideak lehenetsiko dira, eta, horretarako, baimendutako elementuak jartzean, libre utziko dira denden atariak eta ezkaratzak. Oinezkoak igarotzeko jarriko den gutxieneko tarte librea, arau orokorrez, 2,00 m-koa edo handiagoa izango da, eta ezingo da inoiz 1,50 m baino txikiagoa izan.

3.  Txorko ilarak edo hiri altzariak dituzten espaloietan edo etorbideetan, horiekin lerrokatuta egon beharko du terrazak.

4.  Estrukturadun terrazak, orokorrean, zintarriaren alboan ezarri behar dira fatxadatik hurbileneko eremua oinezkoentzat libre utzita (2 m-ko pasabidea, arau orokorrez, eta inoiz ez 1,5 m baino gutxiago).

13. artikulua.  Plazak eta oinezkoen kaleak.

1.  Arau orokor gisa, okupazioek 3 m-ko gutxieneko pasabide bat utzi behar dute libre –salbuespen gisa, 2,5 m-ko tartea–, larrialdiko ibilgailuak igarotzeko eta garaje partikularretako sartu-irtenetarako.

2.  Plazak: okupa daitekeen espazioaren banaketa plaza bakoitzaren azaleraren eta berezitasunen arabera egingo da, dagokion erabilera bermatuz, bai eta okupazioa eska dezaketen plazan dauden establezimenduen kopuruaren eta plazaren ingurumen-ezaugarrien arabera ere.               

Kasu guztietan, 68/2000 Dekretuan Irisgarritasun Baldintzen Arau Teknikoak onartzen dituen dekretua araututako tarteak utzi beharko dira: Arkupedun espazioetara eta fatxadetara, aurreko puntuan ezarritakoak; kaleko eserleku publikoetara, 2,00 m-ko gutxieneko tarte librea; ezkaratzetara, gutxieneko tarte librea, horietara iristeko beharrekoa dena, eta, gutxienez, 1,50 m-koa.

3.  Oinezkoentzako guneak: Okupazioak ezin izango du oinezkoen kalearen ardatz-erdia gainditu, eta, azalerari dagokionez, establezimenduaren aurrealdearen %100 arteko okupazioa egitea baimenduko da; betiere, ezkaratzak eta denden atariak libre geratzen badira.

14. artikulua.  Terrazetako elementuen ezaugarriak.

1.  Mahai eta aulkietarako, aluminioa eta egurra lehenetsiko dira, eta kolore neutroak.

Inola ere ezingo da erabili dagokien markaren kolore biziko bereizgarriak dituzten publizitateko plastikozko altzariak.

Dena den, gehienez 20 x 10 cm-ko publizitate guneak dituzten altzariak onartu ahal izango dira. Mahaiek eta aulkiek gomazko babesgarriak izan behar dituzte hanketan, ahal den neurrian zaratak arintzeko eta bizilagunei ahalik eta traba gutxien eragiteko. Aise pilatzeko modukoak izango dira, bilduta daudenean ahalik eta espazio gutxien okupa dezaten.

2.  Eguzkitakoek oihalezkoak, marrazkirik gabeak eta kolore bakarrekoak izan behar dute. Ezingo dira kolore deigarriak erabili, eta suaren aurkako erreakzioa m² motakoa izango dute. Eguzkitakoek ezingo dute gainditu terrazaren hedadura, oinplanoko proiekzioan, ezta inolako itxitura bertikalik eduki ere. 2,20 m-ko altuera utzi behar dute libre, gutxienez. Euskarri finkorik gabe eta zoruari lotu gabe ezarri behar dira, aise garraiatzeko moduko kontrapisuetan bermatuta.

Egitura duten terrazei dagokienez, eguzkitakoak kalean utzi ahal izango dira, egunero establezimenduaren barrura jaso beharrik izan gabe.

3.  Babesgarri gisa, honako elementu hauek baimendu ahal izango dira: zoruari lotu gabe ezarritako loreontzien edo manpara mugigarrien lerro bat, terrazak okupatutako espazioaren luzeran, baldin eta ibilgailuen zirkulazioa (bizikletena barne) espaloiaren zintarriaren albotik igarotzen bada. Gehienez ere 0,30 m-ko zabalera izango dute eta 1,00 eta 1,70 m arteko altuera.

Albo babesgarriak jarri ahal izango dira, baimendutako espazioa zedarritzeko, baldin eta ez badakarte handik igarotzen direnentzako arriskurik, ezta bide publikoaren kalte edo gorabeherarik ere.

4.  Berogailu elektriko homologatuak jarri ahal izango dira, olana edo estalkien azpian. Ezingo dira bide publikoan utzi establezimendua itxita dagoenean.

5.  Terrazaren alboetan manparak ezarri ahal izango dira, haizetik babesteko, baina egunero desmuntatu eta establezimenduaren barruan gorde beharko dira.

Zoruari lotu gabe ezarriko dira, eta 1,00 eta 1,70 m bitarteko altuera izan behar dute.

6.  Debekatuta dago baimendutako espazioan edari eta izozkietarako hozkailuak, litxarreriak, jolasak edo opariak edukitzea edo irrati, telebista nahiz musika sortzeko inolako elementurik ezartzea. Informaziorako arbel modulu bat ezarri ahal izango da baimendutako perimetroaren barruan,eta ezinbestekoa izango da testua euskaraz egotea (eleaniztuna denean, lehenetsita).

7.  Establezimenduaren titularra behartuta dago eguneko ordutegia amaitutakoan altzarien elementuak establezimenduaren barruan gordetzeko, baimenean besterik adierazten ez bada.

II. ATALA.  Egiturak dituzten esparru zedarrituko terrazak

15. artikulua.  Espazioa okupatzeko baldintza orokorrak.       

1.  Egituren bidez zedarritutako terrazak establezimenduaren beraren fatxadaren aurrean ezarriko dira eta baimena emango da lokalaren fatxadaren %100 hartzeko, baldin eta ez badu hartzen beste saltoki baten aurrealdea.

2.  Ez da baimenik emango honako hauetan era honetako terrazak ezartzeko: Portxe edo ataripekoetan, galtzadan edo iraunkorki aparkatzeko edo antzeko beste erabilera batzuetarako finkatutako espazioetan, larrialdiko irteeren aurrean, pasabideen aurrean, zabor edukiontzien aurrean, ezinduentzako aparkalekuen aurrean, autobus geltokien aurrean.

3.  Alboz alboko bi establezimenduk terraza edukiz gero, arau orokorrez, 2 m-ko tartea libre utzi beharko da terrazen artean, eta inoiz ez 1,5 m baino gutxiago. Salbuespenez, jarraian jarri ahal izango dira, betiere mugikortasuna ez badute oztopatzen.

4.  Udalak kokapen-plano baten bidez finkatu eta zehaztuko du okupazioa. Plano horretan, honako hauek jasoko dira: terraza mugatuarekin okupatu beharreko baimendutako azalera, mahaiak, mahai altu eta baxuen kopurua eta modulu-mota, aulkiak, baimendutako elementuak, baimendu den terrazako elementuak biltegiratzeko kokapen zehatza, eta oinezkoen ibilbiderako pasabide libreak. Udal agiri horretan ordutegia eta baimendutako denboraldia adieraziko dira.

5.  Terrazetan edo horien alboan ezingo da gorde edo pilatu bestelako produktu edo materialik (kuboak, orgak, plataformak, itzalkinen oinarriak, etab.), ezta instalazioetako hondakinak ere, arrazoi estetikoak eta higienikoak direla eta.

16. artikulua.  Hiri espazioaren araberako baldintza bereziak.

1.  Kaleak espaloiekin:

a)  Kontuan hartuko dira oinezkoen joan-etorrietarako pasabideak, joan-etorrien intentsitatea eta espaloiaren ezaugarriak (hiri altzaririk badagoen, txorkoak dauden).

b)  Irisgarritasunari buruzko arauekin bat etorriz, oinezkoen eskubideak lehenetsiko dira, eta, horretarako, baimendutako elementuak jartzean, libre utziko dira denden atariak eta ezkaratzak. Oinezkoak igarotzeko jarriko den gutxieneko tarte librea, arau orokorrez, 2,00 m-koa edo handiagoa izango da, eta ezingo da inoiz 1,50 m baino txikiagoa izan.

c)  Zintarriaren ondoan jarriko da, eta oinezkoari libre utziko zaio fatxadatik hurbil dagoen eremua, oro har, 2,00 m-tik gora eta inoiz ez 1,50 m-tik behera. Gainera, gutxienez 70 cm-ko pasabidea utzi beharko da ibilgailuentzako aparkalekua badago.

d)  Arau orokor gisa ez da okupaziorik onartuko ibilgailuak igarotzen diren bide baten beste aldean.

2.  Oinezkoen kaleak:

a)  3 m-ko gutxieneko pasabide bat utzi behar da libre, larrialdietako ibilgailuak eta zamalanetakoak igarotzeko.

b)  Edonola ere, okupazioak ez du gaindituko kalearen zabaleraren %50.

3.  Plazak eta oinezkoen beste espazio batzuk:

Okupatzeko espazioaren banaketa finkatzean, espazio horiek esleitua duten erabilera eta baimenaren xede den ostalaritzako jardueraren garapena bermatuko dira, kontuan hartuta plaza bakoitzeko oinezkoen pasabideak, azalera eta bestelako berezitasunak.

17. artikulua.  Terrazetako elementuen ezaugarriak.

1.  Mahai eta aulkietarako, aluminioa eta egurra lehenetsiko dira, eta kolore neutroak.

Inola ere ezingo dira erabili dagokien markaren kolore biziko bereizgarriak dituzten publizitateko plastikozko altzariak.

Dena den, gehienez 20 x 10 cm-ko publizitate guneak dituzten altzariak onartu ahal izango dira.

Mahaiek eta aulkiek gomazko babesgarriak izan behar dituzte hanketan, ahal den neurrian zaratak arintzeko eta bizilagunei ahalik eta traba gutxien eragiteko. Aise pilatzeko modukoak izango dira, bilduta daudenean ahalik eta espazio gutxien okupa dezaten.

2.  Estalki edo olanaren azpian berogailu elektriko homologatuak baimendu ahalko dira. Egiturari lotuta ez dauden berogailuak ezin izango dira bide publikoan utzi, establezimendua itxita dagoenean.

Berogailu sistemaren bat badago, hautsezko itzalgailu polibalente bat (ABC motakoa, 21A- 113B eraginkortasuna duena) izan beharko da, 15 m baino gutxiagora, erraz iristeko leku batean.

3.  Oro har, baimen edo establezimendu berari dagozkion elementu guztiek kolore, diseinu eta uki bereko materialez eginak izan behar dute. Mahaiek eta aulkiek gomazko babesgarriak izan behar dituzte hanketan, ahal den neurrian zaratak arintzeko eta bizilagunei ahalik eta traba gutxien eragiteko.      

4.  Altzari osagarriak instalatu ahal izango dira mahai-tresnak eta baxera baimendutako perimetroaren barruan.

5.  Edarien, izozkien, litxarrerien, jolasen, oparien, edozein elementuren kamerak, Irrati, telebista, hari edo musika-tresneriaren soinu-ekoizpenekoak, debekatuta daude baimendutako espazioaren barruan. Informaziorako arbel modulu bat ezarri ahal izango da baimendutako perimetroaren barruan, ezinbestekoa izango da testua euskaraz egotea (eleaniztuna denean, lehenetsita).

6.  Establezimendua itxita dagoenean, terraza zedarrituaren barruan gorde ahal izango dira elementu guztiak, egiturari lotu gabeko berogailuak izan ezik.

18. artikulua.  Terrazen ezaugarri teknikoak.

1.  Okupatutako espazioa manparen edo loreontzien bidez zedarrituko da; gehienez ere 1,70 m-ko altuera eta 0,30 m-ko zabalera izango dute elementu horiek.

2.  Manparak kristal zeharrargizkoak izango dira, gutxienez haien altueraren %50ean. Baimendutako okupazio-eremua hiru aldetan mugatu ahal izango da. Laugarren aldeak, gutxienez, luzeraren %50ean irekita egon beharko du, eta instalazioa gauez ixteko sistemak ahalbidetu beharko ditu, bandalismoa eta espazioaren erabilera desegokia saihesteko.

3.  Itzalkinak edo olanak bilgarriak izango dira, eta kolore neutroetakoak; ezin da erabili kolore bizirik. Eguzkitakoek ezingo dute gainditu esparruaren hedadura, oinplanoko proiekzioan, ezta inolako itxitura bertikalik eduki ere. 2,20 m-ko altuera utzi behar dute libre, gutxienez. Euskarri finkorik gabe eta zoruari lotu gabe ezarri behar dira, kontrapisuetan bermatuta.

4.  Ezin zaio terrazako inolako elementurik zoruari lotu.       

5.  Ezingo da beste saltoki baten aurrealdea hartu.

6.  Terrazako elementuek ezingo dute gainditu terrazarako baimendutako eremuaren proiekzio bertikala, ez zoruan, ez altueran.

7.  Berogailuak instalatu ahal izango dira, elektrikoak eta, ahal dela, egiturari ainguratuta, baita argiztapen propioa ere. Horretarako, beharrezko udal-baimena izapidetu beharko da, eta Industria Ordezkaritzak onartu beharko du.

8.  Terrazako inongo elementutan ezin da publizitaterik ezarri, ostalaritzako establezimenduaren izena, eta 16. artikuluan 1. puntuan aipatutakoa izan ezik.

9.  Terrazaren egituran ezin izango dira atxiki edo finkatu menuei eta eskaintzei buruzko iragarkiak, terrazaren irudi garbi eta duina mantentzeko.

III. ATALA. Komertzioak

19. artikulua.  Baldintza orokorrak.

1.  Ez da baimenik emango ezaugarri fisiko bereziak edo oinezkoen joan-etorrien intentsitatea direla-eta pertsonen segurtasun, mugikortasun eta irisgarritasunerako desegokiak izan daitezkeen tokietan moduluak ezartzeko.          

2.  Moduluen okupazio azalera komertzio motaren arabera egingo da:

a)  Frutategi eta antzekoetan:

Jakiak erakusten diren elementu desmuntagarriak jardueraren fatxadan gehienez 120 cm-ko sakonerarekin.            

b)  Beste merkataritza jarduerak:

Gehienez 70 cm-ko sakonera duten elementu desmuntagarriak. Elementu hauek fatxadaren lerroan jarri ahal izango dira, betiere jardueraren atearen aurrean gutxienez horren zabalera duen tartea utziz (inoiz 90 cm baino txikiagoa). Fatxadaren eta elementu desmuntagarriaren artean, ahal dela, 2,00 m utzi beharko dira, eta inoiz ez 1,5 m baino gutxiago. Salbuespenez, eta betiere irisgarritasuna eta mugikortasuna mugatzen ez duten bitartean, fatxadari atxikitakoak baimendu ahal izango dira.

Baimena eskatzen duten establezimenduek beren aurrealdearen %100 okupatu ahalko dute; baina, salbuespenez, azalera handiagoa okupatu ahalko dute, gehienez %50 gehiago, betiere alboko establezimenduen baimenarekin.

3.  Fatxadari atxiki beharreko elementuak (hala nola olanak eta erlaitzak) ezartzeko baimena emateko, hirigintza araudia betetzen den aztertuko da.

4.  Baimendutako indarraldia amaitutakoan elementu guztiak bide publikotik kendu beharko dira.

5.  Ezin dira produktuak edo materialak kalean biltegiratu edo pilatu, ezta instalazioetako hondakinak ere, arrazoi estetikoak edo higienekoak direla medio.

6.  Ez da honako hauetan moduluak ezartzeko baimenik emango: larrialdiko irteeren aurrean, pasabideen aurrean, zabor edukiontzien aurrean, ezinduentzako aparkalekuen aurrean, autobus geltokien aurrean edo aldamioen azpian edo alboan.

7.  Jaialdi, kontzertu eta bestelako ekitaldi ludikoak eta era horretako beste ekimen kultural batzuk direla eta, beharrezko irizten zaion ordutegian erakustokia kentzeko agindu ahal izango da.

IV. TITULUA

BAIMENAK EMATEKO PROZEDURAK

20. artikulua.  Baimen eskariak.

1.  Mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak eta eremu zedarrituko edo zedarritu gabeko egiturak dituzten terrazak eta komertzioetako moduluak jartzeko eskariak udal erregistroetan aurkeztuko dira eta dokumentu hauek erantsi beharko dira:    

a)  Eskatzailearen izen-abizenak eta ostalaritza establezimenduaren edo komertzioaren baimena duen titularraren identifikazio osoa.

b)  Helbidea, telefono zenbakia eta NAN zenbakia.

c)  Jardueraren izena eta kokapena.

d)  Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFK eta abar).

e)  Terraza eredua, jarri beharreko mahai kopurua eta «modulu mota», materiala eta kolorea, okupazio denboraldia, jarri nahi diren elementuak (hala nola itzalkinak, loreontziak, menuen karta), okupatu beharreko azalera, eta okupatu beharreko eremuaren kokalekua.

2.  Eskaerarekin batera, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a)  Jarduera burutzeko udal baimena izatearen ziurtagiria (instalazio edo/eta irekitze baimena).

b)  Beharrezkoa denean, aldameneko etxebizitzen edo lokalen baimena izatearen ziurtagiria.     

c)  1:100 baino eskala handiagoan egindako kokapen planoa. Bertan, instalazioak okupatutako azaleraren zehaztapen nahikoa egin, eta mahaien, aulkien, mugako babeskien eta abarren kokapena adieraziko da; eta, eskaeran, berriz, jarri nahi diren mahaien kopurua zehaztuko da. Halaber, fatxadaren luzera eta geratzen diren espazio libreen zabalera adierazi beharko dira; eta, horrez gain, hiri elementurik badagoen (trafiko seinaleak, zuhaitzak, eserlekuak, zutabeak, hiri altzariak eta abar.) eta udal zerbitzurik (ura, saneamendua, gasa eta abar) eragin dezaketen aipatu beharko da.

d)  Estruktura eta itxiturak dituzten terrazetan proiektu tekniko bat aurkeztuko da,memoria, eskala planoak, eta oinplanoaren, altxaeraren eta ebaketen xehetasunak jasoko dituena terrazaren zabalera guztian eta gutxienez 3,00 m-ko altuera arte. Horrez gain, aurkeztuko dira jabetzaren egiaztagiria eta eraginpeko komunitatearen jabeen batzarrak emandako baimenaren akta, titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko eremua okupatzen bada.

e)  Merkataritzarako moduluen kasuan krokis bat nahikoa izango da, eta merkealdi garaian ezarritako moduluek ez dute baimen eskaerarik beharko, komunikazio hutsa nahikoa izango da, baina, betiere, ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3.  Artikulu honetan adierazten den proiektua eskudun teknikari batek sinatua egon beharko da.

4.  Titulartasuna aldatu, berritu eta, oro har, baimenaren edukian funtsezko aldaketarik ez dakarten egoera guztietan, interesdunak aldaketa hori formalki baino ez du jakinarazi beharko.

5.  Emandako baimenarekiko aldaketak funtsezkoak izanez gero, eragileak baimen berria eskatu beharko du.        

21. artikulua.  Baimenak ematea.

1.  Prozedura eskariak aurkeztean hasiko da.        

2.  Eskaerak ordenantza honetan adierazitako baldintzetan aurkeztean, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, horiei buruzko erabakia hartuko du udaleko organo eskudunak legez ezarritako epean.

Hala behar izanez gero, araudi aplikagarrira egokitzeko okupazioak bete behar dituen neurri zuzentzaileen, eskakizunen edo nahitaezko dokumentazioaren gabezia zuzentzea eskatuko da, eta adieraziko da horrela egin ezean eskariari uko egin zaiola ebatziko dela eta, eskaera osorik bete ezean, baimena ukatu egingo dela.              

3.  Baimena emateari buruzko ebazpenean, okupazioaren baldintzak, elementu lagungarriak, okupazioaren azalera, aulki eta mahai kopurua, finkatuko dira. Baita ere finkatuko da baimenaren iraupena eta beharrezkoa ikusten den beste edozein berezitasun.

4.  Eskatutako lizentzia baimenduko ez balitz edo emango den lizentziak eskatutakoarekin aldaketa nabarmenak baditu, Udalak audientzia emango dio eskatzaileari honek dagozkion alegazioak aurkeztu ditzan.             

5.  Irizpide zehatzak eman ahal izango dira eremu jakin batzuetan baimenak emateko, segurtasun neurriak eta oinezkoen joan-etorriaren jarioa direla-eta (hala nola azokak, zinema irteerak, ikastetxeak edo osasun ekipamenduak, edo jendearen joan-etorria duten beste batzuk) babes berezia merezi badute, eraikina ebakuatzean kanpoko espazio segurua arriskuan jar badaiteke edo saturazioa dela-eta antolamendu berezia behar badute, honako muga hauekin:               
               

a)  Baimendu beharreko terrazen kopurua, kokapena eta gehieneko azalera zehaztea, eta establezimenduen artean banatzea.

b)  Bete beharreko ezaugarri teknikoak, estetikoak edo bestelakoak zehaztea.

c)  Terrazak egiteko erabil daitezkeen elementu motak mugatzea.

d)  Altzariak mota normalizatu batera edo batzuetara mugatzea.

e)  Baimenak emateko prozedura bereziak finkatzea, lizitazio prozeduren bidez edo nahitaezko txostenen igorpenaren bidez.

22. artikulua.  Esparru zedarrituko egiturak dituzten terrazak ezartzeko baimena emateko irizpide teknikoak.

Baimenak ukatzeko edo onartzeko proposamenetan honako irizpide tekniko hauek erabiliko dira:

1.  Instalazioak guztiz desmuntagarriak izatearen irizpen teknikoa.

2.  Zoruari eusteko modua eremuaren, bide motaren eta gainerako ezaugarri teknikoen araberakoa izatea, kontuan hartuta jarri beharreko egitura euskarririk gabe atxiki behar zaiola zoruari.

3.  Kalitatezko materialak, kristala nagusi dela, kolore neutroa, eta ingurune eta fatxadekiko harmonia.

4.  Urbanizazioa eta eraginpeko udal elementuak eta zerbitzuak egoera onean mantenduko dira.

5.  Itxituraren egituran publizitatea jartzea debekatzea.      

23. artikulua.  Esparru zedarrituko egiturak ezartzeko baimenak emateko baldintzak.

1.  Instalazio mota hauek jarri nahi dituzten ostalaritza establezimenduek beren terraza proiektuari buruzko udal irizpidearen aldez aurreko kontsulta egin ahal izango dute, eta jarri beharreko instalazioa deskribatzen duen krokis bat aurkeztuko dute, honako hauek adierazita: okupazioaren, oinplanoaren eta altxaeraren neurriak, eta kalearen sekzioa gutxienez 3 m-ko altueraraino, eta eraginpeko gune publikoarekiko lotura, zerbitzuak eta inguruabarrak, eta jarri nahi den instalazioa deskribatzeko infografia bat edo muntaia bat. Titular bakoitzari udal irizpide teknikoa jakinaraziko zaio, udal argibideen araberako behin betiko proiektua egin dezan.

2.  Proiektu tekniko bat aurkeztuko da, eskala planoak, eta oinplanoaren eta altxaeraren xehetasunak jasoko dituena.

Proiektu horrek memoria bat izango du, eta bertan adieraziko dira, besteak beste: Forma, tamaina, osatzen duten materialak, suarekiko portaera maila adierazita (M-2 gutxienez), sekzioak, euste sistemak, haizearekiko erresistentzia (onar dezakeen gehieneko abiadura adierazita), eta abar. Horrez gain, muntatzeko ziurtagiria eta eraikitzeko, erosteko edo muntatzeko aurrekontua izango ditu.

3.  Eremua okupatu eta instalazioa jartzen hasi aurretik, udal teknikariek bisita bat egingo dute lekua aztertzeko, eta okupazioaren kokaleku eta azalera zehatzak adieraziko dituzte.         

4.  Instalazioa amaitu ondoren, udal teknikariek azterketa bat egingo dute, instalazioaren amaieraren jakinarazpenetik 15 eguneko epean, jarduera martxan jartzeko oinarrizko baldintzak eta baldintza espezifikoak bete direla egiaztatzeko. Epe hori udal teknikarien bisitarik gabe amaitu bada, instalazioak onartutzat hartuko da. Obrak egiteko eta instalazioa jartzeko epea udal teknikariek kontrolatuko dute.

24. artikulua.  Baimenen indarraldia eta baimenak berritzea.

1.  Okupazio aldia urte naturalarekin batera amaituko da, eta udako denboraldikoa edo urte osokoa izan daiteke, instalatu beharreko terrazen modulu mota guztietarako; hots, mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, esparru zedarriturik gabeko egitura duten terrazak eta esparru zedarrituko egitura duten terrazak.

2.  Baimenak indarrean egongo dira urte natural bakoitzerako onartutako denboraldian, eta esan gabe luzatuko dira, gehienez 4 urtez, denboraldi bertsuetarako eta baimena lortu ondorengo urteetan, non eta aldeetako batek idatziz jakinarazten ez duen baimena aldatzeko edo eteteko asmoa, indarraldia amaitzen den egunetik hilabete bateko epean.              

3.  Baimenaren titularrak fidantza jartzeko eskakizuna bete ezean, baimenak ez du ondoriorik izango. Merkataritzarako moduluen kasuan ez da fidantzarik ezarriko.    

4.  Baimenaren titularrak baimenak iraun bitartean tasaren bat, edo fidantza, epean ordaintzen ez badu, indarraldia iraungitzea ebatziko da, zehapen txostena hasteari kalte egin gabe.         
               

25. artikulua.  Baimenak deuseztatzea.

1.  Baimenak kasu hauetan deuseztatu ahal izango dira, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe:

a)  Zigorrak jartzen direnean.

b)  Terrazak okupatutako lekua libre geratzea eskatzen duten interes publikoko gertaerak suertatzen direnean. Horrelakotzat jotzen dira desfileak, azokak, ikuskizunak, kirol ekitaldiak, manifestazioak eta lehentasuna duten antzeko ekitaldiak, obrak egitea, baimendutako aldamioak jartzea, eta larrialdiko egoerak.

2.  Baimena indarrean egongo da berriro, hura deuseztatzeko egoerak desagertzen direnean, administrazio ebazpena eman beharrik gabe.

3.  Deuseztatzea bide publikoan eginiko obren eraginez gertatzen denean, ebazpen bat emango da tasak proportzioan itzultzeko eskubidearen inguruan.

4.  Terraza atxikita dagoen ostalaritza establezimenduaren baimena amaitu edo deuseztatzen bada edo, edozer dela eta, establezimendua ixten bada, terrazaren baimena amaitu edo deuseztatu egingo da.

5.  Hasitako zigor espedienteak baimena ez berritzea proposatzen badu eta eteteko zigorra ezartzen badu, baimenak ez dira esan gabe luzatuko.

26. artikulua.  Baimenak eskualdatzea.

1.  Baimenak eskualda daitezke, indarraldia amaitzeko geratzen den epean.

2.  Ostalaritza establezimenduaren titulartasuna eskualdatzen bada eta Udalari jakinarazten bazaio, automatikoki ulertuko da terrazaren baimena ere eskualdatu dela.        

3.  Ostalaritza establezimenduko jardueraren titulartasunean aldaketa horren berri eman ezean, biak geratuko dira baimenaren titularrari eratorritako erantzukizunen menpe.               

V. TITULUA

EGINBEHARRAK

I. KAPITULUA.  BAIMENEN TITULARRENAK

27. artikulua.  Jarduerari buruzko betebeharrak.

1.  Baimendutako eremuan planoan adierazitako eta baimendutako elementuak eta modulu mota eta kopurua jartzea.      

2.  Ostalaritza establezimenduak baimendutako edariak eta janariak zerbitzatzea, berariazko ebazpen batez bidez janariak manipulatzeko zerbitzua mugatzen denean izan ezik.

3.  Herritarren eta udal zerbitzuen eskura eta ikusteko moduan edukitzea baimena eta baimenari dagokion planoa.

4.  Instalazioari jarritako ordutegia betetzea.

5.  Terrazen altzariak kentzeko betebeharra betetzea, altzari horiek bide publikoan biltzeko baimena ematen denean izan ezik. Emateko epea amaitzean, itxiturak kentzeko betebeharra betetzea.

6.  Okupatutako eremua, altzariak eta jarritako egitura egoera egokian edukitzea garbitasunari, higieneari eta mantentzeari dagokienez, erratza pasatuta eta garbiketak eginda.

7.  Baimendutako ordutegia amaitzean, pertsonek instalazioa hustu dezaten arduratzea.

8.  Instalatzeko eta eraberritzeko obrarik ez egitea, udal baimenik izan gabe.

9.  Lokalen titularrek terraza ixten den ordutik aurrera bezeroek lokaletik kanpo edariak ateratzea eragotziko dute.

10.  Jardueraren baja, eskualdatzea edo etetea jakinaraztea, 7 eguneko epean.

11.  Instalazio bakoitzean beharrezkoak diren lur azpiko hartuneen altzariei buruzko udal baldintzak betetzea, eta errespetatzea udal zerbitzuek tapakiak, erregistroak eta ur-hartuneak erabiltzeko eta manipulatzeko egin beharreko lanak.

12.  Udalari baimena ematea instalazioaren zaintza eta mantentze egoera azter dezan eta okupazioaren baldintzak betetzeko egin beharreko konponketak edo bestelako ekintzak adieraz ditzan.

13.  Instalazioak berak edo jarduerak baimendutako eremuan egindako kalte guztien erantzukizunak bere gain hartzea, eta horiek konpontzea bere kontura, udal teknikarien zaintzapean.

14.  Onartzea utzitako fidantza adierazitako edozein betebeharren ez-betetzeari erantzuteko erabiliko dela eta ordenantza honek araututako arau-hausteen erantzulea izango dela.

15.  Jardueraren arriskuak estaltzeko erantzukizun zibileko asegurua sinatuta edukitzea eta Udalak eskatuz gero egiaztatzea.            

16.  Interes publikoa dela eta, eskatzen den unean nork bere terrazaren egitura desmuntatzea, hilabete baino gutxiagoko epean. Egoera horrek hilabeteko epea gainditzen badu, Udalak behar besteko denboraz etengo du baimena.            

17.  Interes publikoagatik baimenaren ezeztatzea edozein unetan onartzea, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan gabe, egoera hauetan: gerora onartutako baldintza orokorrekin bateraezina izatea, jabego eta erabilera publikoko ondarean kalteak egitea, interes publikoko jarduerak eragoztea edo erabilera orokorrari kalte egitea.

18.  Eskubidea amaitzen den egunetik hamabost eguneko epean, okupatutako eremuaren titularraren esku eta libre uztea, eta, hondatuta egonez gero, kaltetutako urbanizazioa konpontzea.

19.  Emandako eskubidea amaitzean, instalazioak kentzea edo eraistea.

28. artikulua.  Betebehar ekonomikoak.

1.  Terrazak eta itxiturak jartzeagatik eta beste eremu batean elementu horietako batzuk biltzeko baimena edukitzeagatik, jabego eta erabilera publikoko ondarearen erabilera bereziari dagozkion tasak ordaintzea.

2.  Jabari eta erabilera publikoko edo erabilera publikoko espazioa okupatzeagatiko fidantzaren zenbatekoa ordaintzea, ordenantza fiskaletan finkatuko dena. Saltokietako moduluen kasuan izan ezik.

a)  Fidantza eratuko da baldintzak, betebeharrak eta ezarritako zigorrak betetzeko berme gisa.

b)  Eremuaren erabilerari, konponketari, kalteen ordainari, tasen eta ezarritako zigorren ordainketari erantzungo die.            

3.  Fidantzaren beste zenbateko bat ordaintzea, haren zati bat edo osorik erabili bada.

4.  Hartutako betebeharren eraginez sortutako gastuak ordaintzea, eta Udalari eta hirugarrenei egindako kalte-galerak ordaintzea.

5.  Udalari sortutako gastuak fidantzaren zenbatekoa baino handiagoak izanez gero eta borondatezko epean ordaindu ezean, premiamendu bidez eskatuko da falta den kopurua.

6.  Udal langileek, baimenik ez duen edo Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duen okupaziorik hautemanez gero, zigorrak jartzeko aukera alde batera utzita, jabego eta erabilera publikoko ondarearen erabilerari dagozkion tasak ordaintzeko eskatuko dute.

II. KAPITULUA.  UDALARENAK

29. artikulua.  Baimenen titularrekiko betebeharrak.              

1.  Baimenaren titularraren esku jarriko dira okupatu beharreko eremuak, emateko jakinarazpena egin ondoren.   

2.  Espedientean entzunaldi izapidea ematea, eta eskatzaile bakoitzari hartutako erabakiak jakinaraztea.

3.  Bide publikoaren okupazioa uzteari dagokion zenbateko proportzionala ordaintzea, baimena aurretik amaitzen bada.

4.  Ikuskapena egitea eta egiaztatzea instalazioa bat datorrela aurkeztutako proiektu eta dokumentazioarekin eta emateko baldintzekin.

5.  Ikuskapen Plana egitea, eta haren aurreikuspenak betetzea, ordutegia betetzeari, baimendutako azalerari eta onartutako maila akustikoari dagokienez.

6.  Denboraldi bakoitzean, egiaztatzea terrazetan baimendutako mahaiak, aulkiak eta gainerako moduluak kendu direla, guztia lokalaren barruan bildu dela, eskubidea amaitzean instalazioak kendu direla espazioa hutsik utzita, eta okupatutako eremuaren urbanizazioa egoera onean geratu dela.

7.  Mantentze Plan bat egitea eta martxan jartzea.

8.  Okupazioaren gehieneko epea amaitzean fidantzaren zenbatekoa itzultzea, okupatutako eremuaren instalazioa, urbanizazioa eta eraginpeko udal zerbitzuak egoera onean daudela egiaztatu ondoren.      

30. artikulua.  Herritarrekiko betebeharrak.

1.  Udalak, baimenak ematean, oinezkoen joan-etorrirako erabilera komun orokorraren lehentasun irizpidea errespetatuko du, jabego eta erabilera publikoko eremuetan.

2.  Udalak eskatuko du baimenek kutsadura akustikoaren arloko ingurumen babeserako xedapenak betetzeko eta errespetatzeko.

VI. TITULUA

MANTENTZE PLANA

31. artikulua.  Instalazioen Mantentze eta Berritze Plana.       

1.  Esparru zedarrituko egitura duten terrazen Mantentze eta Berritze Plana egingo da, baimenen indarraldiaren laugarren urtearen hasieran martxan jartzeko.

2.  Mantentze Planean, udal teknikariek udalerrian jarritako terrazetara egin beharreko bisiten erregimena ezarriko da, altzariaren, instalazioen eta jabego eta erabilera publikoko ondarearen egoera egiaztatzeko eta baimenen urteko berritzea izapidetzean baldintzak mantendu edo jarri behar diren zehazteko.     

3.  Bisita horien ondoren, teknikariek baimendutako okupazio guztien egoerari buruzko txosten bat egingo dute.

4.  Baimenen titularrei beren instalazioei buruzko txostenaren ondorioak jakinaraziko zaizkie.

5.  Baimenen titularrek eta terrazen instalazioaren eraginpeko pertsonek edo saltokiek planaren gaineko iradokizunak egin ahal izango dituzte.

VII. TITULUA

ZIGOR ERREGIMENA

32. artikulua.  Ikuskaritza.

1.  Ordenantza hau betetzen dela zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizuna Udaltzaingoari eta udal lurren erabilerari lotutako ondarea kudeatzeko ardura duen Udal Zerbitzuari dagokie.        

2.  Udaltzaingoak, eta edozein pertsonak, Prozedura Administratibo Orokorreko 39/2015 Legeko 66. artikuluaren xedapenak eta egiaztapena egiteko datuak jasotzen dituen salaketa idatzi baten bidez, salatu ahal izango dituzte Udalaren aurrean Ordenantzaren edo baimenaren baldintzen urraketak.   

3.  Partikularrek jarritako salaketek, egiaztatu ondoren, kautelazko neurriak ezartzea eta zigor espediente bat hastea ekar dezakete.

33. artikulua.  Kautelazko neurriak.

1.  Kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, Ordenantza honetan araututako xedapenak eta baimenen titularren betebeharrak ez betetzeagatik.      

2.  Honako kautelazko neurri hauek jar daitezke: Terrazetako aulkiak eta mahaiak kentzea, bide publikoan jarritako elementuak zigilatzea, eta baimena aldi baterako etetea, zigor espedientea hasiko den ala ez erabaki arte.    

3.  Baimena amaitu dela edo arau-hauste larri edo oso larri bat egin dela egiaztatuz gero, zigor prozeduraren izapidea hastearekin batera, Udaltzaingoari ebazpen baten bidez agindu ahal izango zaio terrazako mahaiak eta aulkiak kentzeko edo instalazioak zigilatzeko, bertan jarritako mahaiak eta aulkiak kenduta.

4.  Kautelazko neurria duen ebazpena Udaltzaingoari jakinaraziko zaio, bete dezan, interesduna entzuteko hiru eguneko epea igaro ondoren alegazioak egiten ez badira edo egindako alegazioak onartzen ez badira.

5.  Instalazioaren titularrak ordainduko ditu hartutako kautelazko neurriek, legezkotasuna berrezartzeak eta sortutako kalte-galerek eragindako gastuak.           

34. artikulua.  Arau-hausteak.

1.  Arau-hausteak baimena emateko udal ebazpenaren baldintzen edo, oro har, Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako ekintzak edo ez-egiteak dira.             

2.  Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

3.  Honako hauek izango dira arau-hauste arinak:

a)  Irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea, ordubetera arte.

b)  Eremu handiagoa okupatzea, planoan baimendutakoak baino modulu gehiago jartzearen ondorioz.

c)  Moduluak planoan baimendutako kokalekutik kanpo jartzea.

d)  Moduluak planoan baimendutako kokalekutik kanpo biltzea.

e)  Baimena eta baimenaren planoa ikusteko moduan ez edukitzea.

f)  Terrazako altzariak adierazitako espaziotik kanpo biltzea.             

g)  Egunero modu egokian okupazio esparrua ez garbitzea. 

h)  Larritzat edo oso larritzat hartzen ez diren Ordenantzaren beste ez-betetze guztiak, instalatu beharreko elementuen baldintza orokorrei, espezifikoei eta ezaugarriei dagokienez, asmo txarrik gabe edo ez-betetzea errepikatu gabe. 

4.  Honako hauek izango dira arau-hauste larriak:

a)  Terrazan baimenik gabeko elementuak jartzea.

b)  Baimendutakoak baino modulu gehiago jartzean behar baino eremu handiagoa okupatzea eta horren ondorioz arazoak sortzea, udal zerbitzuen segurtasun eta irisgarritasunerako.

c)  Irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea, ordubete edo gehiago luzatuta.

d)  Ordutegitik kanpo bezeroei terraza erabiltzen uztea eta hura ez erabiltzeko beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea.

e)  Baimendutako proiektua aldatuko duten obrak egitea baimenik gabe.

f)  Konpontzeko, egokitzeko edo jartzeko obrak ez hastea finkatutako epean.

g)  Hiru arau-hauste arin egitea urtebetean.

5.  Honako hauek izango dira arau-hauste oso larriak:

a)  Terraza jartzea, baimena eskatu eta eskuratu gabe.

b)  Terraza edo itxitura erabiltzea baimenik gabeko jarduera bat egiteko.

c)  Berariaz debekatutako moduluak jartzea.

d)  Hiri altzariak, eserlekuak, paperontziak, farolak kentzea edo mugitzea, udal baimenik izan gabe.

e)  Ez betetzea baimena ez edukitzeagatik instalazioa kentzeko agindua edo finkatutako baldintzekin bat ez datozen elementuak kentzeko agindua.

f)  Jabego eta erabilera publikoko ondarean edo aldameneko ondareetan kalte konponezinak egiten dituzten ekintzak edo ez-egiteak.

g)  Trafikoa, urbanizazioa, interes orokorra edo udal interesa direla eta, terraza desmuntatzeko eta kentzeko agindua eta epea ez betetzea.

h)  Emandako eskubidea amaitzean, terraza edo itxitura desegiteko eta kentzeko, eta okupatutako eremua hutsik uzteko agindua eta epea ez betetzea.

i)  Eskatutako epean ez ordaintzea okupazio tasak, fidantza edo haren eraketa berria.

j)  Baimena ostalaritza establezimendutik bereiz errentan ematea, lagatzea edo eskualdatzea.

k)  Hiru arau-hauste larri egitea, urtebetean.

6.  Ordenantza honetan araututako arau-hauste oso larriak hiru urtera geratuko dira baliorik gabe, larriak bi urtera, eta arinak sei hilabetera.            

35. artikulua.  Zigor prozedura.

1.  Zigor espedienteak Udaltzaingoaren aktak ikusirik hasiko dira, administrazioak bere kabuz edo partikularren salaketagatik eginak, eta tasaren edo fidantzaren ez ordaintzearen udal txostenarekin batera.

2.  Udaltzaingoaren aktak eta ez ordaintzeen txostenak aztertuko dira arau-hausteen kalifikazioa eta, hala badagokio, zehapen-espedienteak hasteko proposamena egiteko.

3.  Zigor espedientea gertakarien zerrendarekin hasiko da, baita arau-haustearen kalifikazioarekin eta dagokion zigor proposamenarekin ere, kontuan hartuz hura mailakatzeko dauden irizpideak.

4.  Ebazpen proposamena arau-haustearen kalifikazioarekin eta zigorren ezarpenarekin emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko entzunaldi izapidean alegazioak egin eta egoki irizten dituzten dokumentuak aurkez ditzaten.          

5.  Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, alegazioei emandako erantzunarekin eta zigorren ezarpenarekin, eta berraztertze errekurtsoa eskainiko zaie. Ebazpena irmo bihurtzen denean bide administratiboan, zigor ebazpena betearaztekoa izango da.

36. artikulua.  Mailaketa irizpideak.

Zigorren zenbatekoa ezartzeko, baimenak deuseztatzeko, baliogabetzeko eta iraungitzeko honako hauek hartuko dira kontuan: nahita egin ote diren, arau-hausteak zenbat denboraz iraun duen, unean unekoa den, noizean behingoa edo errepikatu egin ote den, ez betetzea gertatu zenean zegoen edukiera, egun berezietan gertatu ote zen, tokiko festetan adibidez, eta eragindako kalteen ezaugarriak.

37. artikulua.  Zigorrak.

1.  Zigorrak izan litezke ohartarazpen hutsa, diruzko zigor bat, fidantza bahitzea, baimena deuseztatzea eta baliogabetzea, instalazioa kenaraztearekin edo instalazioen zigilatzearekin batera, eta baimena iraungitzea eta instalazioa kenaraztea. 

2.  Sailkatutako arau-hausteak honela zigortuko dira:

a)  Arau-hauste arin bakoitzagatik, ohartarazpen hutsa edo 50 eta 200 € bitarteko isuna.

b)  Arau-hauste larri bakoitzagatik, baimena deuseztatu eta indargabetuko da, instalazioa kenaraztearekin edo instalazioen zigilatzearekin batera, hilabetera arte, eta egoki denean, 201 € eta 600 € bitarteko isuna.

c)  Arau-hauste oso larri bakoitzeko, instalazioa kentzearekin edo instalazioak zigilatzearekin batera, hiru hilabete arte, edo epe mugagabean, baimena iraungitzen bada, eta, hala badagokio, 600 €-tik 1.500 €-ra bitarteko isuna. 

3.  Zigortutako arau-hausteak behin eta berriz egiteak isunaren mailaketa hau ekarriko du, eta, gainera, baimena deuseztatzea erabakiko da, eta bide publikotik instalazioa kenaraztea, edo instalazioa zigilatzea, honako aldi hauengatik:     

a)  Urtean bi arau-hauste arin edo gehiago egiten badira, bigarrena 200 euroan mailakatuko da. Hurrengoa, ordea, larritzat joko da eta baimena deuseztatu eta indargabetuko da, instalazioa kenaraztearekin edo instalazioen zigilatzearekin batera, hilabetera arte, eta egoki denean, 201 € eta 600 € bitarteko isuna.

b)  Urtean bi arau-hauste larri edo gehiago egiten badira, bigarrena 600 euroan mailakatuko da. Hurrengoa oso larritzat joko da eta baimena deuseztatzea eta indargabetzea erabakiko da, instalazioa kenaraztearekin edo instalazioak zigilatzearekin batera, hiru hilabetera arte edo behin betiko, baimena deuseztatuta, eta egoki denean, 601 € eta 1.500 € bitarteko isuna.  

c)  Urtean bi arau-hauste oso larri edo gehiago egiten badira, bigarrena eta hurrengo isunak 1.500 euroan mailakatuko dira, eta baimena deuseztatzea erabakiko da, eta berehalakoan instalazioa kenaraztea, edo instalazioak berehalakoan zigilatzea, bost hilabetera arte edo behin betiko, baimena deuseztatuta.          

4.  Ordenantza honetan araututako zigorrei dagokienez, oso hutsegite larriengatik ezarritakoak hiru urtera baliogabetuko dira, hutsegite larriengatik bi urtera, eta hutsegite arinengatik sei hilabetera, zigorra ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik zenbatuta.

VIII. TITULUA

BAIMENAK IRAUNGITZEA

38. artikulua.  Baimenak iraungitzea.

Baimenak indargabetuko dira honako arrazoiak direla eta:

1.  Titularraren heriotza edo ezgaitasuna, eta haren nortasun juridikoa iraungitzea.

2.  Titularrak uko egitea.

3.  Eskualdatze kasuetan baimenik ez egotea.

4.  Jardueran edo establezimenduaren baimenean baja eman delako.

5.  Indarraldiaren mugaeguna betetzea.

6.  Udalak baliogabetzea, kalte-ordainik izateko eskubiderik gabe:

a)  Interes publikoa tartean denean, ondoren onartutako baldintzekin bateraezinak direnean, kalteak eragiten dituztenean okupatutako eremuan, interes publiko handiagoa duten jardueretarako erabilera eragozten dutenean eta balioztatzeko irizpide berriak hartzen direnean.

b)  Tasa ez ordaintzea baimenak ezarritako borondatezko epean, edo isuna, baimenaren baldintzak, ordenantza edo aplikagarria den gainerako araudia ez betetzeagatik.

7.  Udalak deuseztatzen dituenean oker emanak izan direlako, eragin dituzten kalte-galerak ordaindu ondoren, egindako exekuzio proiektuaren zenbatekoaren eta haren amortizazioaren gain kalkulatuak, ustiatzeko gelditzen den okupazio denbora ikusirik, eta jabetza eta erabilera publikoko ondasuna jatorrizko egoerara itzuli ondoren.

8.  Adostasunez.

9.  Baimena eman eta ondoren, titularrak kontratatzeko debekuren bat baldin badu.  

39. artikulua.  Instalazioak desmuntatzea.

1.  Jabetza eta erabilera publikoko gune baten okupazioa baimenik gabeko instalazio batekin, baimenik gabeko elementuekin, baimendutako elementu baino gehiagorekin edo behin betiko eten edo indargabetu den baimen batekin egin dela egiaztatu ondoren, eta zigor espedientearen tramiteak hasteko eragozpen izan gabe, establezimenduaren arduradunari aginduko zaio berehalakoan desmunta eta ken dezala instalazioa edo baimendu gabeko elementuak, eta ohartaraziko zaio epea agortu ondoren haren konturako betearazte subsidiarioari ekingo zaiola.

Betearaztearen kostua likidatu egingo da okupazio tasarekin eta dagokion arau-hauste larri edo oso larriaren zenbatekoarekin. Kendu diren elementuak udal eremuren batean utzi behar badira, kostuaren zenbatekoa finkatuko da eremua husten den arte.

2.  Indarraldia amaitu zaion instalazio batekin jabetza eta erabilera publikoko eremu baten okupazioa egin dela egiaztatu ondoren, establezimenduaren arduradunari aginduko zaio terraza desmuntatu eta kentzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.  Ordenantza hau indarrean sartzen denean izapidetze bidean dauden baimenek xedapen hauetara egokitu beharko dute, tramitazioari eta dokumentazioari dagokienez.

Bigarrena.  Terraza eta mahai-tokien inguruan emanda dauden baimenak ordenantza honetan arautzen diren baldintza teknikoetara eta publizitate baldintzetara pixkanaka egokitzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean behin betiko onarpena argitaratzen denetik 6 hilabeteko epea izango dute ordenantza honetan araututako baldintza teknikoak eta publizitate baldintzak betetzeko.             

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honetako xedapenak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean, eta Zumaiako udalerrian aplikatuko dira.