ZUMAIAKO UDALA
Iragarkia
Udaleko Osoko Bilkuran, Zumaiako Udaleko
Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra onartu zuen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen
egunetik zenbatzen hasita 30 egunez jendaurreko agerraldi epean egon da, eta
denboraldi horretan ez delarik inongo erreklamaziorik edo iradokizunik
aurkeztu, orain arte behin-behineko izaera zuen akordioak behin betiko izaera
hartu du.
Beraz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Ordenanantzaren
testu osoa argitaratzen da, 7/1985eko apirilaren 2ko legeko 70.2
artikuluaren arabera.
Zumaiako Udalak eta bere Erakunde Autonomoek
dirulaguntzak ematea arautzeko Ordenantza.
I. Zioen azalpena.
II. Ordenantza orokorra.
1. Xedapen orokorrak.
2. Dirulaguntzen prozedura eta Kudeaketa.
3. Dirulaguntzaren ordainketa.
4. Dirulaguntzaren xedearen justifikazioa.
5. Aurrekontu-Kudeaketako prozedura.
6. Dirulaguntzen itzulera.
7. Zehapen-araubidea.
8. Publizitatea.
9. Interpretazioa.
10. Errekurtsoak.
III. Gehigarria.
IV. Xedapen indargabetzailea.
V. Azken xedapena.
I. ZIOEN AZALPENA
Sektore publikoaren finantza-jardueraren
zati handi bat diru- laguntzen bidez bideratzen da, finantza-laguntzako
neurrien bidez erakunde publiko edo pribatuen gizarte eta ekonomia eskaerei
erantzuteko.
Zumaiako Udalean, apirilaren 2ko 7/1985
Legeak, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 25. artikuluan esleitzen
dizkion lankidetza-eskumenak dituen lurralde-administrazioa den aldetik,
dirulaguntzei buruzko jarduerak berebiziko garrantzia du.
Ikuspegi ekonomiko batetik, dirulaguntzak
gastu publikoaren mota garrantzitsu bat lirateke, eta, horregatik, aurrekontu
politikaren norabideetara egokitu behar da.
Administrazioaren ikuspegitik, dirulaguntzak
interes orokorrekotzat jotzen diren jokabide zehatz batzuk sustatzeko
teknika bat dira, eta are herri-intereseko jarduerak kudeatzeko Administrazio
publikoaren eta partikularren arteko lankidetza-prozedura bat.
Era askotako
diru-laguntzak daude, eta, beraz, jarraipen eta kontrol eraginkorrak egin
behar dira.
Diru-laguntzen Kudeaketa
eta jarraipena hobetzea, arau-urritasunak zuzentzea eta eremu horretan gerta
daitezkeen iruzurrezko jokabideak kontrolatzea funtsezkoak dira
gastu-modalitate horretatik esleipen eraginkorrak eta efizienteak lortzeko,
eta diru-laguntzen politikek gero eta garrantzi handiagoa izatea
aurrekontu-politikaren egungo orientazioarekin bateragarri egiteko.
Dotrina ia osoak eta
Kontuen Auzitegiaren hamaika gomendiok, araudien sakabanatzea eta hutsuneak
direla-eta dagoen ziurtasun-gabeziaren aurrean, problematika horri modu
integralean helduko zion dirulaguntzen lege orokor bat eskatzen zuten, eta
horixe egiten dute azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak eta
horren garapenerako Erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege
Dekretuaren bidez onartua), eta bestelako araudi ezargarriak.
Ordenantza Orokor
honen helburua, beraz, Zumaiako Udalaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzazko
jarduera guztia kokatzea da, bai eta Udaleko sail bakoitzak kudeatzen
dituen dirulaguntzen oinarri bereziak eranskin gisa txertatzea ere. Urtero,
zenbatekoa dela-eta, dagokion deialdia onartuko du organo eskudunak.
Ordenantza hau
honako titulu eta xedapen hauek osatzen dute.
II. ORDENANTZA OROKORRA
1. XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua. Aplikazioaren helburua, definizioa eta esparrua.
— Helburua:
Ordenantza honen
helburua da Zumaiako Udalak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten
dirulaguntzen irizpideak eta emate prozedurak finkatzea, azaroaren 17ko
Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege
Dekretuak, legearen garapenerako erregelamendua onartzen duenak, ezartzen
dutenaren eredura.
— Definizioa:
Ordenantza honen
ondorioetarako, Udalak edo bere erakunde autonomoek pertsona publiko edo
pribatuen alde egindako diruzko edozein xedapen da dirulaguntza, eta baldintza
hauek bete behar ditu:
a) Ematea onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe egitea.
b) Ematea helburu zehatz bati, proiektu bat egokitzeaeari, jarduera
bat egiteari, portaera berezi bat hartzeari lotuta egotea, egindakoak zein
garatu beharrekoak izan, edo hainbat egoera aldi berean gertatzea, eta
onuradunak ezarri diren betebehar material eta formalak bete beharko ditu.
c) Diruz lagundutako proiektuak, ekintzak, jokaerak edo egoerak
onura publiko edo herri-intereseko jarduera bat sustatzea edo xede publiko
bat sustatzea helburu izatea.
— Salbuetsitako
kasuak:
Ordenantza Orokor
hau ez da aplikatzekoa izango kasu hauetan:
a) Aplikatzekoa den zerga- edo sektore-araudiak araututako
dirulaguntza inpropioak (hobariak, salbuespenak...).
b) Zerbitzuaren funtzionamenduaren kontraprestazio gisa jasotzen
dituen zerbitzu publiko baten emakidadun bati emandako dirulaguntzak.
c) Udalak bitarteko soil gisa jokatzen dueneko beste administrazio
batzuek emandako dirulaguntzak.
d) Udalaren
ekarpenak erakunde hartzaileen jarduerak modu globalean diruz laguntzeko:
Erakunde autonomoak; enpresa-erakunde publikoak; partzuergoak;
mankomunitateak; fundazioak; elkarteak, etab., non Udalak ordezkapena duen eta
urtero laguntza ekonomikoak egiten dituen horien aurrekontuak diruz laguntzeko.
e) 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 5.
xedapen gehigarrian (Udalen Federazioa eta Elkartea) aipatzen dituen elkarteen
aldeko dirulaguntzak.
f) Korporazioan ordezkatutako talde politikoen funtzionamendu-gastuak
artatzeko dirulaguntzak.
2.
artikulua. Aplikatzekoa den araudia.
Dirulaguntzak
emakida eta emailearen eta erakunde onuradunaren arteko erlazio juridikoa
arautuko dituztenak dira bai udal- ordenantza hau, bai dirulaguntzen lerro
bakoitzaren oinarri bereziak eta emateko unean indarrean dagoen araudiak
barne hartzen dituen eranskinak.
Ordenantza honetan
eta oinarri berezietan aurreikusi ez den orotan azaroaren 17ko Dirulaguntzen
38/2003 Lege Orokorra (azaroaren 18ko Estatuko
Aldizkari Ofiziala), horren garapenerako Erregelamendua (uztailaren 21eko
887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua. Uztailaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta aplikatzekoak
diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.
3.
artikulua. Dirulaguntzen izaera.
1. Ordenantza Orokor honek araututako dirulaguntzek borondatezko
izaera dute, ez dute ondorengo urteetarako beste dirulaguntza batzuk lortzeko
eskubiderik sortzen (urte anitzeko gastu gisa eman ezean), eta ezin dira
aurrekari gisa alegatu.
2. Dirulaguntzak emateak baldintza gisa duen interes orokorreko
helburua betetzeari atxikita daude eta ezin dira itzuli, emateko unean
ezarritako baldintzei eta kargak ez betetzeari atxikitako itzulerari
kalterik egin gabe.
3. Nolanahi ere, Udala eta mendeko erakundeak libre geratuko dira
diruz lagundutako pertsonek edo erakundeek egin behar dituzten jardueretatik
sortutako erantzukizun zibiletatik eta merkataritzako, laneko edo edozein
motako erantzukizunetatik.
2. DIRULAGUNTZEN PROZEDURA ETA KUDEAKETA
4.
artikulua. Printzipio orokorrak.
Ordenantza Orokor
honek aipagai dituen dirulaguntzen Kudeaketa printzipio hauen arabera
egingo da:
a) Publizitatea, gardentasuna, norgehiagoka, objektibotasuna,
berdintasuna eta bereizkeriarik eza.
b) Efikazia Administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzerakoan.
c) Efizientzia baliabide publikoak esleitzerakoan eta erabiltzerakoan.
Dirulaguntzak
norgehiagoka bidez edota zuzenean emango dira.
5.
artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoak, beste Administrazio publiko batzuek
helburu berarekin emandako dirulaguntzak gehituta, ezingo du diruz lagundutako
obraren edo jardueraren kostua gainditu.
2. Ezingo da deialdian zehazten dena baino zenbateko handiagoko
dirulaguntzarik eman, Legea garatzeko Erregelamenduan aurreikusitako
salbuespenetan izan ezik.
6.
artikulua. Diruz laguntzeko gastuak.
Lege honetan
aurreikusitako ondorioetarako, diruz laguntzeko gastuak dira diruz
lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe erantzuten
dioten horiek, eta dirulaguntzen oinarri bereziek ezarritako epean egiten
diren horiek.
Egindako gastutzat
joko da dirulaguntza arautzen duen araudiak zehaztutako justifikazio-epea
amaitu aurretik egin eta ordaindu dena. Betiere zerga-betebeharrak (atxikipena
eta hala dagokionean BEZ) egunean daudela egiaztatu beharko da justifikazioan.
Legean aurreikusitako
diruz laguntzeko gastuez gain, finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo
finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak, eta diruz lagundutako
proiektua gauzatzeko adituen gastuak, eta administrazioko espezifikoak diruz
laguntzekoak dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta
badaude eta jarduera hori modu egokian prestatzeko edo burutzeko
ezinbestekoak baldin badira, eta betiere oinarri berezietan horrela
aurreikusten bada.
Diruz laguntzeko
gastuaren zenbatekoak obra egikaritzeko kostuaren kasuan 40.000 euroko
zenbatekoa gainditzen duenean, edo 15.000 eurokoa ekipamendu-ondasunez hornitzeko
edo aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresen zerbitzuak emateko
kasuan, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu
beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu
aurretik; salbuesteko arrazoia izango da diruz laguntzeko gastuen ezaugarri
bereziengatik merkatuan zerbitzu hori hornitzen edo ematen duten nahikoa
erakunde ez egotea, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egitea ere bai.
Aurkeztutako eskaintzen
arteko hautaketa (justifikatzeko dokumentazioarekin batera edo, hala
badagokio, dirulaguntzaren eskaerarekin batera ekarri beharko dena) efizientzia
eta ekonomiako irizpideen arabera egingo da; eta, proposamen ekonomikorik onena
hautatu ez bada, memoria batean berariaz justifikatu beharko da erabakia.
7.
artikulua. Aurrekontua kontsignatzea.
1. Dirulaguntzak gastu publikotzat joko dira eta horien
eraginkortasuna deialdi bakoitzean aurreikusten den nahikoa
aurrekontu-kreditu eta egokia egoteari baldintzatuta geratuko da.
2. Dirulaguntzak ematearen ondorioz sortutako eduki ekonomikoko
betebeharrei erantzuteko aurrez aurrekontuen aldaketa bat behar bada,
dagokion espedientea abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauak, Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Toki Erakundeen aurrekontuenak, edo une bakoitzean
indarrean dagoen araudiak ezarritako moduan izapidetuko da.
8.
artikulua. Finantziazioaren muga, bateragarritasuna eta
aldiberekotasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Udalak eta haren
erakunde autonomoek araudi hau betez emandako dirulaguntzak bateragarriak
izango dira edozein Administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk xede
berarekin emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo
baliabiderekin.
Aurreko kasuan,
onuradunak jakin bezain laster jakinarazi beharko dio organo emaileari
dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide horiek lortu izana, eta
nolanahi ere, jasotako fondoei emandako aplikazioa justifikatu aurretik.
Udalak eta erakunde autonomoek
emandako dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du inoiz, bere aldetik zein beste
dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera,
erakunde onuradunak diruz lagunduta garatu beharreko jardueraren kostua
gainditu.
9.
artikulua. Norgehiagoka bidez ematea.
1. Dirulaguntzak emateko ohiko modua da norgehiagoka bidezkoa.
2. Aukeratze-prozesuan ezarritako epean aurkeztutako eskaera guztiak
batera, prozedura bakar batean, aztertuko dira, eta administrazio-egintza
bakarrean oinarri berezietan aurreikusitako baldintzak betetzen ditu(zt)en
eskaer(ar)en alde ebatziko da, eta aldi berean oinarrietan bertan
finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuz puntuazio handiena lortzen duten
eskaeren alde.
3. Laguntzak emateko organo eskudunak, kasu berezietan, aukeratze-prozesua
esleitu gabe uztea, edo prozedura bertan behaera uztea ahal izango du, edo
aurreikusitako zenbateko guztia edo aurrekontuko partidari edo bere atxikitze-poltsari
dagokion kreditu erabilgarria arrazoituta agortu gabe utzi.
4. Salbuespen gisa, organo eskudunak dirulaguntzetarako den
gehienezko zenbateko globala dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzeari
ekingo dio.
5. Kide anitzeko organo bat sortuko da eskaerak aztertzeko eta
baloratzeko.
Kide anitzeko
organoa dirulaguntza ematen duen saileko informazio-batzordeko partaideek
osatuko dute.
10.
artikulua. Zuzenean ematea.
1. Dirulaguntzak zuzenean eman ahal izango dira, eta norgehiagoka
eta publizitatea ez dira nahitaezkoak izango kasu hauetan:
a) Udalaren hasierako aurrekontu orokorrean edo Osoko Bilkurak
onartutako kredituen aldaketetan izenez esleituta daudenean.
b) Administrazioari dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaren
zenbatekoa lege-mailako arau batek agindu dionean. Hauek beren araudi
propioaren arabera aplikagarri zaien emate-prozedura jarraituko dutela.
c) Interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioak diren
arrazoiak egiaztatzen dituzten beste dirulaguntzak, edo beren deialdi
publikoa eragozten duten behar bezala justifikatutako beste batzuk.
2. Aurrekontuan aurreikusi gabeko zuzeneko dirulaguntza
izendunetarako, espedientean saileko zinegotzi arduradunak sinatutako memoria
bat erantsi beharko da, dirulaguntzen izaera berezia justifikatzeko eta
interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioa egiaztatzen dituzten
arrazoiak edo beren deialdi publikoa eragoztea justifikatzen duten beste batzuk.
3. Dirulaguntza izendunek zein gainerako zuzeneko laguntzen
erabakiek baldintza hauek bete beharko dituzte, gutxienez:
a) Laguntzaren edo dirulaguntzaren xedearen deskribapen zehatza.
b) Gastua aurrekontuko zer partidari egozten zaion.
c) Dirulaguntzaren Kudeaketaren organo arduraduna.
d) Laguntzaren zenbatekoa, bere gehienezko zenbatekoa kontzeptuetan
banakatua, hala badagokio.
e) Dirulaguntza antolatzen duen itun edo hitzarmen bat sinatzea
aurreikustea eta baimentzea, hala badagokio.
f) Dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzeak,
eta nolanahi ere beste administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk
emandako laguntzak edo dirulaguntzak, eta hala badagokio, xede bererako
edozein diru-sarrera edo baliabide aldi berean lortzeak laguntza emateko
ebazpena aldatzea ekarri ahal izango duela aipatzea, non eta laguntzaren
onuradun izateko gutxieneko baldintzak zaintzen diren. Ildo horretan,
beste laguntza, dirulaguntza edo baliabide aldi berean gertatzeko aukera,
edo hala badagokio, hori jasotzeko bateraezintasuna aipatu egin beharko da.
Bateragarritasuna onartzekotan, gainfinantziazioa eragozteko mugak edo
irizpideak ezarri beharko dira ezinbestean.
g) Ordaintzeko epeak eta modua.
h) Onuradunak laguntza edo dirulaguntzaren xedea betetzea eta
jasotako fondoen aplikazioa justifikatzeko epeak eta modua.
i) Berme-araubidea, bidezkoa denean.
j) Onuradunaren betebehar zehatzak aipatzea, hala badagokio,
dirulaguntzen legearen 14. artikuluan modu orokorrean jasotakoei kalterik egin
gabe.
k) Hala badagokio, zehazki noiz ez litzatekeen bidezkoa dirulaguntzaren
ordainketa galdatzea edo noiz itzuli beharko litzatekeen, dirulaguntzen
legearen 37. artikuluan aurreikusitako suposizio orokorrei kalterik egin gabe.
4. Dagokion hitzarmenean edo hala badagokio, laguntza emateko
ebazpenean, onuradunaz eta dirulaguntzaren zenbatekoaz gain, helburua, epea
eta justifikatzeko era finkatuko dira.
Hartutako erabakiek
administrazio-bidea amaituko dute.
11.
artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntzen
onuraduntzat joko dira lagundutako jarduera gauzatu behar duen pertsona edo
erakundea, edo laguntza ematea legitimatzen duen egoeran dagoena.
Elkarteek eta
fundazioek, dirulaguntzen onuradun izan ahal izateko, dagokien erregistro ofizialean
inskribatuta egon beharko dute.
Onuradun izan ahal
izango dira pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo,
nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin ditzakeen,
edo dirulaguntza ematea eragiten duen egoeran dagoen edozein ekonomia-unitate
mota, betiere deialdi bakoitzean aurreikusten bada.
Dirulaguntza horiek
ezin eskuratuko dituzte, indarrean den araudiari jarraikiz, eskubide hori
mugatuta edo ezabatuta duten pertsonek edo erakundeek. Halaber, ezingo
dituzte dirulaguntzak lortu behin betiko ebazpen bidez eskubide hori ebazpenak
erabakitako epean galtzera zigortutakoek ere, edo Dirulaguntzen 38/2003 Lege
Orokorrak 13. artikuluan adierazitako beste edozein kasutan daudenek.
Zigor- edo
administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, dirulaguntza edo
laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen
duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonak, Emakumeen eta Gizonen
Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan
erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan
araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak
ezarritako aldian.
12.
artikulua. Organo eskudunak.
Dirulaguntzen lerro
bakoitzerako deialdia, haien ebazpena, eta zuzeneko dirulaguntzak ematea
Alkatetzari edo Tokiko Gobernu Batzarrari egokituko zaio, Zumaiako Udalaren
administrazio-antolamenduan une bakoitzean dagozkien eskumenei eta indarrean diren
aldi baterako eskuordetzeei jarraikiz. Erakunde Autonomoen kasuan, erakundeko
Lehendakaria edo, Kontseilu Errektorea edo Zuzendaritza Batzordea izango
da organo eskuduna, nor bere eskumenen arabera.
13.
artikulua. Prozeduraren hasiera.
Norgehiagoka bidez
dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, Alkatetzak edo Tokiko
Gobernu Batzarrak onartutako deialdi bidez, dagozkien eskuordetzeei
jarraikiz, eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako edukia
izango du.
14.
artikulua. Eskaerak.
Dirulaguntzak jasotzeko
aurrez eskaera egin beharko da, dirulaguntzen lerro bakoitzerako eredu
ofizialaren arabera, eta dokumentazio honekin batera egon beharko du
derrigorrez:
— Erakunde eskatzailearen
pertsona arduradunaren edo ordezkariaren NANaren fotokopia.
— Erakunde eskatzailearen
IFZaren fotokopia, hala badagokio.
— Diruz lagundua
izan nahi duen proiektuaren, jardueraren edo programaren originala, erakunde
eskatzailearen organo eskudunak onartua.
— Programaren
gastuen (kontzeptua eta zenbatekoak) eta sarreren (jatorria eta zenbatekoa)
aurrekontua.
— Beste sail,
erakunde, organismo, eta abarrei egindako dirulaguntzen eskaerak edo, hala
badagokio, eskainita daudenak bilduko dituen zinpeko aitorpena.
— Jardueraren
hedapenean euskara nola erabiltzea aurreikusi den eta Udalaren hizkuntza-irizpideen
Kudeaketarekin lotutako informazioa.
— Emakume eta
gizonen berdintasunaren ikuspuntua noraino hartzen den kontuan proiektuan.
— Zerga-betebeharrak
eta Gizarte Segurantzakoak eta Zumaiako Udalarenak eta haren erakunde
autonomoarenak bete direla, eta dirulaguntzen onuradun izateko ez daudela
Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako inolako
debeku-auzitan nahastuta egiaztatzeko aitorpena.
Dokumentazio hori
pertsona edo erakunde eskatzaileak interesgarritzat jotzen duen beste
edozeinekin osatu ahal izango du.
15.
artikulua. Akatsak zuzentzea.
Eskaerak deialdiaren
arauan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari gehienez 10
eguneko epe luzaezin batean zuzentzeko eskatuko zaio, eta gainera, egiten ez
badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaiola jakinaraziko zaio, aurrez
urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura
Erkidearenak, 68. artikuluan aurreikusten dituen baldintzen araberako erabakia
hartuta.
16.
artikulua. Eskaerak aurkezteko lekua eta epea.
Dirulaguntzen lerro
bakoitzaren deialdian zehaztuko dira.
17.
artikulua. Instrukzioa eta proposamena.
1. Norgehiagoka bidezko prozeduren instrukzioa deialdian izendatzen
den organoari egokituko zaio.
Instrukzio-jardunek barne hartuko dituzte:
a) Ebazteko
beharrezkotzat jotzen dituen edo dirulaguntza erregulatzen duten arauek
eskatzen dituzten txostenak eskatzea. Txosten horiek 10 eguneko epean egin
beharko dira, baldin epe laburragoan edo luzeagoan egitea eskatzen ez bada,
eta azken kasu horretan ez da bi hilabetetik gorakoa izango.
b) Eskaeren edo
eskarien ebaluazioa, dirulaguntza erregulatzen duen arauan edo, hala
badagokio, deialdian ezarritako ebaluaziorako irizpideen, formen eta
lehentasunen arabera eginda.
2. Instrukzio-organoak
eskaerak ebaluatu ondoren, horretarako sortutako Balorazio Batzordeak
egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena igorriko du.
Balorazio-batzordea dirulaguntza ematen duen saileko informazio-batzordeko
kideek osatuko dute, Udaleko Idazkariak edo hark eskuordetza ematen dion pertsonak
eta Kontu-hartzaileak edo hark eskuordetza ematen dion pertsonak.
3. Balorazio-batzordearen
espedientea eta txostena ikusi ondoren, instrukzio-organoak behar bezala
arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta hamar eguneko
epea eskainiko die pertsona interesdunei alegazioak aurkezteko.
Prozeduran pertsona interesdunek argudiatutakoak beste egintzarik,
alegaziorik edo frogarik agertzen ez denean, entzunaldi-izapide hori bazter
utzi ahal izango da. Kasu horretan,
ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.
4. Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko
ebazpen-proposamena egingo da.
Proposamen horrek
dirulaguntza emateko proposatzen dituen eskatzaileen zerrenda eta
zenbatekoa adierazi beharko ditu, bere ebaluazioa eta hori egiteko
erabilitako balorazio-irizpideak adierazita, bai eta zer eskaera ez dituen aintzat
hartu eta zer arrazoitan oinarritu den ere.
5. Espedientean, bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen
denez, pertsona onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak
betetzen dituztela jasotzen duen instrukzio-organoaren txostena egon beharko
da.
18.
artikulua. Ebazpena.
1. Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, organo eskudunak
prozedura arrazoitutako ebazpen bidez ebatziko du, dirulaguntzen oinarri
bereziek xedatzen dutenaren arabera, eta prozeduran bere ebazpenaren oinarriek
egiaztatuta geratu beharko dute.
2. Ebazpenak espresuki bildu beharko du, hala badagokio, gainerako
eskaerak aintzat ez hartzea eta zer arrazoitan oinarritu den.
3. Ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua,
justifikazio-forma eta ordenantza orokor honetan, oinarri berezietan edo
indarrean den araudian eskatutako gainerako baldintzak eta eskakizunak bildu
beharko dira.
4. Ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, eta banan-banan
jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde eskatzaileei.
5. Behin betiko ebazpena egiteko eta jakinarazteko gehienezko epea
sei hilabetekoa da, dagokion deialdia argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe igarotakoan, pertsona edo
erakunde eskatzaileek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren dirulaguntzarako
eskaerak.
6. Ebazpenak deuseztatzeko arrazoi Ebazpenaren deuseztasun- edo
deuseztagarritasun-arrazoiak izango dira izango dira administrazioprozeduraren
legerian aurreikusitakoak. Kausa horietako bat gertatzen denean, dirulaguntza
eskaini duen organoak bere ofiziozko berraztertzeari ekingo dio edo, hala
badagokio, kaltegarritzat jotzeari eta geroko inpugnazioari,
administrazio-prozedurari buruzko araudian xedatutakoari jarraikiz. Ebazpenak
ofizioz berraztertzea ez da bidezkoa izango Legearen 37. artikuluan aurreikusitako
itzulera-kausak gertatzen direnean.
7. Halaber, aplikatzekoa izango da egintzak ezeztatzeko eta akatsak
zuzentzeko 39/2015 Legeak 109. artikuluan xedatzen duena.
Dirulaguntzen
zuzenean ematen denetan, emateko ebazpenak eta, hala badagokio, dirulaguntza
horiek bideratzen dituzten hitzarmenek ezarriko dituzte aplikatzekoak
diren baldintzak eta konpromisoak.
19.
artikulua. Onarpena.
Dirulaguntza
eraginkorra izateko, onuradunak dirulaguntza hori eta eskaintzaren baldintzak
erreparorik gabe onartu behar ditu, oinarri bereziek edo emateko ebazpenak
adierazten duten eran eta epean.
Pertsona edo
erakunde onuradunak bere onarpena dagokion epean aurkeztuko ez balu, edo horri
buruzko erreparorik jarriko balu, Udalak, kasu berezietan, aukera izango luke
onarpenerako beste epe bat eskaintzeko edo onuradunak dirulaguntzari uko
egin diola uste izateko.
20.
artikulua. Pertsona edo erakunde onuradunaren betebeharrak.
Pertsona edo
erakunde onuradunaren betebeharrak, oinarri berezietan jasotakoez gain, hauek
dira:
a) Dirulaguntza ematea eragin duen helburua bete, proiektua gauzatu,
jarduera egin edo portaera izan.
b) Organo emailearen edo erakunde laguntzailearen aurrean
eskakizunak eta baldintzak justifikatu, jarduera egin, eta dirulaguntza jasotzeak
edo gozatzeak zehazten duten xedea bete.
c) Diruz lagundutako jarduera garatzeko eta bere zehaztapenak betetzeko
behar diren baimen guztiak lortu.
d) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jardunen mende jarri
eta lagundu, indarrean den araudiaren baldintzetan, bai eta kontrol-organoek
egin ditzaketen finantzako beste egiaztapen- eta kontrol-jardunen mende
ere, aurreko jardunetan eskatzen zaion informazio guztia ekarrita.
e) Laguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik
zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Zumaiako Udalarenak egunean
dituela egiaztatu.
Udalaren
zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eta, 39/2015 Legeak,
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 13. artikuluan
hala onartzen duenez, hiritarrek eskubidea dutenez Administrazioaren esku
dauden dokumentuak ez aurkezteko, tokiko erakundeak berak egingo du
espedienteari erantsiko zaion ziurtagiri bat.
f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta kasu bakoitzean
onuradunari aplikatzekoa den merkataritza- eta sektore-legeriak eskatutako
baldintzetan behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak eduki, bai eta
dirulaguntzen oinarri bereziek egiaztapen- eta kontrol-ahalmenen jardun egokia
bermatzeko eskatzen dituzten kontabilitate-egoerak eta berariazko
erregistro guztiak ere.
g) Hartutako fondoen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak,
dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardunen aztergai izan
daitezkeenez, lau urteko epean gorde.
h) Organo emaileari, hala badagokio, edozein Administrazio edo
erakunde publiko zein pribatutatik, nazional zein nazioartekotatik diruz
lagundutako jarduera finantzatzen duten beste dirulaguntzak, laguntzak,
diru-sarrerak edo baliabideak lortu izana jakinarazi.
i) Dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein gertaera objektibo
zein subjektiboren aldaketa jakinarazi.
j) Ordenantza honetan aurreikusitako kasuetan jasotako fondoak itzultzeari
ekin.
k) Diruz lagundutako jardueraren hedapen-ekintzetan, jasota geratu
beharko du Zumaiako Udalaren edo haren erakunde autonomoen dirulaguntza
bidezko lankidetzak.
l) Jardueran aritzean, pertsonaren funtsezko eskubideekiko
behar den errespetua erakutsiko da eta indarrean diren legeak errespetatuko
dira.
m) Erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueran argitaratzen
diren idatzi, iragarki, ohar eta gainerako komunikazioak euskaraz edo bi
hizkuntza ofizialetan idatzi eta ezagutarazi beharko ditu, eta
publizitatearekin ere, ahozko zein idatzia izan, berdin jokatuko du. Halaber,
ekitaldi zehatzetan megafoniaz igorritako mezuak euskaraz edo bi hizkuntza
ofizialetan transmititu beharko dira. Betebehar hori bete izana diruz
lagundutako jarduera egin dela justifikatzerakoan egiaztatu beharko da.
n) Onuradunak
aplikatzekoa zaion indarreko araudi guztia errespetatu beharko du, bereziki
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea.
ñ) Hizkuntza-normalizaziorako
helburuei jarraikiz, euskara sustatzeko irizpideak jarriko ditu Udalak eta haiek
bete beharko ditu onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzean.
Irizpideak zehazteko oinarri hartuko diren printzipioak azaroaren 19ko
179/2019 Dekretuan zehaztutakoak dira, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza
ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari
buruzkoan, 5. atalean, 38. artikuluan.
3. DIRULAGUNTZAREN ORDAINTZEA
21.
artikulua. Ordainketa eta ordainketa aurreratuak.
1. Dirulaguntzaren ordaintzea dirulaguntza hori lortzeko
adierazi zen xedea bete dela aurrez justifikatuta egingo da. Salbuespen gisa,
oinarri espezifikoek 15 eguneko epea ezarri ahal izango dute, dirulaguntza
ordaintzen denetik ordainketa-egiaztagiria aurkezten den arte, dirulaguntzari
loturako jarduerak egin ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa.
2. Aurrekoa horrela izanda ere, diruz lagundutako ekintzarengatik
justifikatzen bada, konturako ordainketa egin ahal izango dira. Konturako
ordaintze horiek ordainketa zatikatuen bidez egin ahal izango dira, diruz
lagundutako ekintzak gauzatzen diren erritmoaren arabera, eta aurkeztutako
justifikazioaren zenbateko baliokide bidez abonatuko dira.
3. Ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira justifikazioaren
aurretik emandako funts moduan, dirulaguntzei lotutako jarduerak egiteko
nahitaezko finantzaketa gisa, oinarri berezietan horrela erabakitzen bada,
edota hitzarmenetan edo akordioetan dirulaguntza izendunen edo zuzenekoen
kasuan. Ordainketa aurreratuak ezingo du dirulaguntzaren % 70 gainditu, salbu eta berariazko oinarrietan ehuneko handiagoa
ezartzen bada, ordainketa aurreratuaren ehunekoaren igoera justifikatu
ondoren.
4. Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin pertsona edo
erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean ez
dituen artean edo itzulketa-bidezkotasuneko ebazpenez zordun den artean.
4. DIRULAGUNTZAREN XEDEAREN JUSTIFIKAZIOA
22.
artikulua. Justifikazioa.
1. Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunak behartuta daude
jasotako funtsen xedea dirulaguntza sortzeko balio izan zuen xederako
justifikatzera. Justifikazio hori euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan idatzi
beharko da, prozedura honi jarraikiz:
a) Justifikazioak modalitate hauetakoak izan ahal izango dira:
—
Justifikazio-kontua.
— Gastuen
frogagiriak ekarrita.
— Ikuskariaren txostena
ekarrita.
— Erraztua.
— Moduluka egiaztatzea.
— Kontabilitate-egoerak
aurkeztea.
b) Justifikazioa onuradunaren edo erakunde laguntzailearen
nahitaezko egintza da, non, aitortzailearen ardurapean, dirulaguntza
publikoaren xedea egiaztatzea ahalbidetzen duten gastuaren frogagiriak edo
baliozkotasun juridikoko beste edozein dokumentu txertatu behar diren. Betiere
zerga-betebeharrak (atxikipena eta hala dagokionean BEZ) egunean daudela
egiaztatu beharko da justifikazioan.
c) Justifikazioa eta kontu-ematearen epea dirulaguntza publikoei
dagozkien oinarri bereziek zehaztuko dituzte.
d) Onuradunak bere gastu eta diru-sarrera guztien kontuak aurkeztu
beharko ditu (urteko jarduera egiteko dirulaguntzen kasuan) edo berariazko
jarduera edo programa bati dagozkionak (dirulaguntza bat jarduera edo programa
zehatz bat egiteko ematen den kasuan).
e) Organo emaileak, «moneta-unitateak» izeneko laginketa-teknikaren
bidez, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko
aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu, eta helburu horretarako
hautatutako gastu-frogagiriak igortzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.
f) Gizarte-izaerako xedeak asetzen dituzten premiazko beharrei
arreta jartzeko laguntzak edo sorospenak justifikatzea ez da beharrezkoa
izango, eta Gizarte Ongizateko Saileko langileek kontrolatuko dituzte.
g) Nolanahi ere, jarduera egin eta justifikatzeko epea amaituta,
egindako gastuen zati bat bakarrik ordaindu izan balitz, kobratzeko eskubidea
galtzeko ondorioetarako, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko litzateke.
2. Hartutako funtsen aplikazioaren justifikazioa, oro har, horrela
egingo da:
a) Dirulaguntzaren xedea obra edo instalazio bat egitea bada,
justifikazio dokumentuak teknikari eskudun baten ziurtagiriak izango dira.
Udalak egindako obra edo instalazioen berri emango duen udal-teknikari bat
izendatu ahal izango du.
b) Xedea material suntsigarria erostea, zerbitzuak ematea edo antzeko
beste batzuk badira, jatorrizko justifikazio-dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak
ekartzea eskatuko da.
3. Diruz lagundu den jarduera amaitutakoan, administrazio-unitatean
edo dagokion erakunde autonomoan eta deialdietan ezartzen diren epeetan diruz
lagundutako jarduerei edo programei buruzko dokumentu hauek aurkeztu beharko
dira:
a) Deialdi honetako dirulaguntzaren helburu diren jarduerak azaltzeko
memoria, eta lortutako emaitzen balorazioa.
b) Azterlan, programa, argitalpen, iragarki-txartel eta laguntza
ekonomikoaren ondorioz garatutako jardueran sortu den dokumentazio grafikoaren
eta idatziaren ale bat.
c) Diruz lagundutako jardueren gastuen eta diru-sarreren balantzea,
erakundeko idazkariak sinatuta eta dagokion zigiluarekin.
d) Jardueraren gastu eta inbertsioen justifikazio-dokumentuen kopia
eta zerrenda sailkatua diruzainak sinatua eta hartzekodunaren eta dokumentu
motaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data, eta hala badagokio,
ordainketa-data biltzen dituena. Dirulaguntza gutxi gorabeherako aurrekontu
baten arabera emango balitz, gertatutako desbiderapenak adieraziko lirateke.
e) Jardueraren gastuak justifikatzeko ordainagiriak. Salbuespen
gisa, oinarri espezifikoek 15 eguneko epea ezarri ahal izango dute, dirulaguntza
ordaintzen denetik ordainketa-egiaztagiria aurkezten den arte, dirulaguntzari
loturako jarduerak egin ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa.
Nahi duten pertsonek
edo elkarteek jarduera justifikatzeko epearen luzapen bat eskatu ahal izango
dute, betiere programa urte horretan hasia bada eta oinarri berezietan
ezarritako epean amaitua ez bada; kasu horretan, justifikazioak aurkezteko epea
jarduera amaitzen den hurrengo hilabetean bukatuko da.
Onuradunek dirulaguntzaren
xedea bete duten egiaztatzea.
Udalak egokitzat jotzen
dituen bideen bitartez egiaztatu ahal izan du emandako kantitateak adierazi
ziren xedeetan inbertitu direla. Ez betetzekotan, jasotako kantitateak eta
dagozkien atzerapen-interesak itzultzeari ekingo dio, eta beste erantzukizun
posible batzuk ere eskatuko dizkio.
Frogagiriak
justifikatzeko espedientea dirulaguntza eman duen organo emaileak egingo
du. Organo emaileak dirulaguntzaren justifikazio egokia, dirulaguntza
ematea eragin duen jarduera egin izana eta xedea bete izana egiaztatuko ditu,
eta horretarako udal-sailak dagokion txostena egingo du.
Dirulaguntza ematen
duen organoak urteko jarduera-plan bat egiteko betebeharra izango du urtero,
onuradunek diruz lagundutako jarduerak gauzatu dituzten egiaztatzeko.
5. AURREKONTU-KUDEAKETAKO PROZEDURA
23.
artikulua. Gastua eta ordainketa onartzeko prozedura.
1. Dirulaguntzaren deialdia egin edo zuzeneko laguntza eman
aurretik, gastuaren onarpena egin beharko da, aplikatzekoa den
aurrekontu-arauetan ezarritako baldintzekin.
2. Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastuaren konpromisoa
ekarriko du berekin.
3. Ordainketaren betebeharra eta ordenamendua aintzat ematea Alkatetza
Dekretu bidez edo Erakunde Autonomo bakoitzeko lehendakariaren ebazpen bidez
egingo da, aurrekontua gauzatzeko arauetan ezarritakoari jarraikiz.
6. DIRULAGUNTZEN ITZULKETA
24.
artikulua. Itzulketa.
1. Jasotako kantitateak itzultzea eta dagokien atzerapen-interesa
eskatzea bidezkoa izango da, dirulaguntza ordaintzeko unetik itzuleraren
bidezkotasuna adosten den data arte, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak (37.
artikuluan) eta haren garapenerako erregelamenduak aurreikusitako inguruabarren
bat gertatzen denean, bai eta oinarri berezietan jasotako kasuetan ere.
2. Itzuli beharreko kopuruak eskubide publikoko diru-sarreratzat
hartuko dira, eta hortaz, premiamendu-bidez exijitu ahal izango dira itzulketa
ez bada erabakitzen diren epeetan egiten.
3. Kudeaketa-, ikuskapen- edo kontrol-funtzioetan ondorioztatzen
bada jasotako dirulaguntza ez dela behar bezala eskuratu, gozatu edo zuzendu,
espedientean jasoko dira zantzu horiek eta kautela-neurri zehatzak erabaki
ahal izango dira.
25.
artikulua. Itzulketa-prozedura.
1. Dirulaguntza eman duen organoak eskumena izango du erabakitzeko
jasotako zenbatekoaren itzulketa osoa edo partziala exijitzea.
Administrazioak itzulketa onartzeko edo kitatzeko duen eskubidea lau
urteren buruan indargabetuko da.
2. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, dirulaguntza
eman duen organoak eskatuta, maila handiagoko batek eskatuta, eskaera arrazoitu
bidez beste organo baten eskariz, edo arlo horretako finantza-kontrola egiteko
eskumena duen organo batek eskatuta, partikularrak berak egindako salaketaz edo
komunikazioz.
3. Prozeduraren izapidean interesadunaren entzunaldi-eskubidea
bermatuko da betiere.
4. Emandako dirulaguntzaren aplikazio ezegoki osoa edo partziala
egiaztatutakoan, organo eskudunak ebazpen arrazoitua egingo du, itzuli beharra
sortu duten kausa edo kausak berariaz adierazita, hala nola itzuli beharreko
zenbatekoa, itzultzeko modua eta epea, eta itzulketa aurreikusitako epean
egin ezean, premiamendu-bidez ekingo zaiola ohartaraziz.
5. Aurreko atalean deskribatutako itzulketa-ebazpena
jakinarazitakoan, Finantza Zuzendaritzak espedientearen izapidea bere gain
hartuko du, legez eta erregelamenduz eskubide publikoko diru-sarreretarako
aurreikusitako arauei atxikita.
6. Itzulketa-prozedura arau-hauste administratiboa sor lezaketen
gertaeren ondorioz hasiko balitz, organo eskuduna jakinaren gainean jarriko litzateke,
zehapen-prozedurari hasiera emateko.
7. Itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea
hamabi hilabetekoa izango da espedientea hasteko erabakiaren datatik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarotakoan, prozeduraren iraungitzea
sortuko da, jarduerak amaiera arte jarraitzeari kalterik egin gabe eta
preskripzioa epe horren amaiera arte etentzat jo gabe.
7. ZEHAPEN-ARAUBIDEA
26.
artikulua. Arau-haustearen kontzeptua.
Dirulaguntzen
gaietan arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak
56., 57. eta 58. artikuluetan tipifikatutako egintzak; eta ez-egiteak, eta
zabarkeria soila izanda ere zehagarriak izango dira.
Dirulaguntzen baldintzak
ez betetzeak kasu bakoitzean dagozkion erantzukizunak sortuko ditu,
esparru hauetan:
a) Administrazio-erantzukizuna: Laguntza emateko
administrazio-egintzaren barruko forma eta prozedura aldeko baldintzak ez
betetzeagatik eskatuko da. Erantzukizun hori Udalak berak irekitako
zehapen-espedientearen bidez eskatuko da.
b) Kontabilitate-erantzukizuna: Bi maila hauetan eskatuko da:
b.1) Kanpo-fiskalizazioa egiteko, Herri Kontuen Euskal Epaitegia da
organo eskuduna.
b.2) Kontabilitate-erantzukizuna epaitzeko, Kontuen Auzitegia da
organo eskuduna.
c) Erantzukizun penala: Auzitegi arruntei dagokie, bereziki
dirulaguntzak izapidetzean egindako delituei eta dokumentuen faltsutasunari
dagokienez.
27.
artikulua. Zehapen-prozedura.
Zehapenak jartzeko
organo eskuduna, une bakoitzean indarrean den araudiaren eta aginpideak
eskuordetzearen arabera, eskumen hori esleituta duena da.
Zehapen-prozedura
izapidetzeko, administrazio-prozedura eta herri-administrazioen
zehapen-ahalmena arautzen dituzten legezko eta erregelamenduzko xedapenei
helduko zaie, bai eta dirulaguntza publikoak arautzeko araudian
aurreikusitakoari ere.
Arau-hausteak lau
urteko epean preskribatuko dira, egin diren egunetik kontatzen hasita.
Zehapenak lau urteko
epean preskribatuko dira, zehapena ezarri zuen ebazpenak irmotasuna hartu
zuen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Ezartzen diren
diruzko isunak itzulera-betebeharrekiko independenteak izango dira eta horiek
kobratzeko aplikatzekoa izango da eskubide publikoko diru-sarreretarako
aurreikusitako araubide juridikoa.
28.
artikulua. Zehapenak.
Zehapenak Dirulaguntzen
38/2003 Lege Orokorrak (59. artikuluan eta hurrengoetan) eta haren garapenerako
erregelamenduak aurreikusitakoaren arabera ezarriko dira. Kasu zehatz bakoitzean,
38/2003 Legearen 60. artikuluan jasotako inguruabarrak aintzat hartuta
mailakatuko dira zehapenak.
29.
artikulua. Konkurrentzia prozesu penalarekin.
Prozedura izapidetzean
pertsona onuraduna arau-hauste penala sor lezakeen ekintza edo ez-egite
batean dagoela agerian jarriko balitz, Administrazioak jurisdikzio eskuduna
jakinaren gainean jarriko luke eta zehapen-prozedura etengo luke, ebazpen judizial
irmoa egokitzen den artean.
30.
artikulua. Konkurrentzia beste zehapen-espedienteekin.
Diruz lagundutako
jarduera garatzeko behar diren baimenak ez betetzeak dagozkien
zehapen-espedienteak sortuko dituzte kasu bakoitzean, eta baimena eman zuen
administrazio-unitateak izapidetuko ditu. Espediente horiei egokitzen zaizkien
diruzko isunak jasotzeko zain dauden dirulaguntzen kantitateei zordunduta
konpentsatu ahal izango dira.
31.
artikulua. Kalteak ondasun publikoetan.
Diruz lagundutako
jardueran zehar ondasun publikoetan kalteak eragingo balira, horiek zehazteko
aldebiko espedientea izapidetuko litzateke. Sortutako kalteak konpontzearen
edo dagokiona birjartzearen zenbatekoa konpentsatzeko jaso gabe dagoen
dirulaguntzari zordunduko zaio. Zenbateko hori guztia estaltzera iritsiko
ez balitz, geratzen den kopurua kobratzeko dagozkion neurriak hartuko
lirateke.
8. PUBLIZITATEA
32. artikulua.
Emandako dirulaguntzen
zerrenda, pertsona onuradunak eta zenbatekoak adierazita, Udalaren eta haren
erakunde autonomoen webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean argitaratuko
dira.
Argitalpena ez da
beharrezkoa izango dirulaguntzek Udalaren eta haren erakunde autonomoen
aurrekontuan esleipen izenduna dutenean.
Dirulaguntzen
datuak ez dira argitaratuko, dirulaguntzaren xedea argitaratzea pertsona
fisikoen errespetuaren eta ohorearen babesaren aurkakoa eta norberaren eta
familiaren intimitatearen aurkakoa izan daitekeenean, eta dirulaguntza zehatzaren
oinarri berezietan horrela jasota dagoenean.
Dirulaguntzaren
pertsona edo erakunde onuraduna behartuta egongo da jarduera Zumaiako Udalak
edo dagokion erakunde autonomoak diruz lagundua dela hedatzera.
Hedatze-neurriak
izango dira erakunde emailearen erakunde-irudia txertatzea, bai eta finantzaketa
publikoari buruzko hitzak ere txartel, plaka oroigarri, material inprimatu,
euskarri elektroniko edo ikus-entzunezko, edo komunikabideetan egindako
aipamenetan.
9. INTERPRETAZIOA
33. artikulua.
Alkatetzak Ordenantza
hau modu egokian aplikatzeko eta interpretatzeko behar diren agindu eta
argibide guztiak emateko ahalmena du.
10. ERREKURTSOAK
34. artikulua.
Ordenantza honen
aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hilabeteko epean
Udaleko Osoko Bilkuran, edo zuzenean aurka egin ahal izango zaio ordenantzari
bi hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.
Epeak bi kasuetan
Ordenantza hau argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honetan
xedatutakoarekin kontraesanean edo aurka dauden Udaleko arau eta xedapen
guztiak indargabetuta geratzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean osorik
argitaratzen denetik hamabost egun baliodunera jarriko da indarrean.
Zumaia, 2020ko
uztailaren 28a.—Alkatea. (3879)
1. ERANSKINA
Zumaiako Udalak
dirulaguntzak justifikatzeko baimendutako dokumentu zerrenda.
— Nominak.
— Gizarte Segurantzako
TC-1 edota TC-2 dokumentuak.
— Pertsona
fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari buruzko atxikipenen
aitorpenaren 110 eta 111 agiriak.
— Finantza-erakundeek
egindako banku-zordunketen agiri edo ziurtagiriak, faktura baten datuak
dituztenak, zenbakia eta seriea izan ezik.
— Faktura (ordaindu
izanaren agiriarekin).
— Autofaktura
(hirugarren interesatuak hori kobratzeari dagokion banku-mugimenduaren
kopiarekin batera joan beharko du, edo horrelakorik ezean, baliokidea den beste
edozein dokumenturen kopiarekin).
— «Jaso dut»
dokumentua, zerga-betebeharrekin egunean, nahitaez hirugarren interesatuak hori
kobratzeari dagokion banku-mugimenduaren kopiarekin batera joan beharko du,
edo horrelakorik ezean, baliokidea den beste edozein agiriren kopiarekin.
— Faktura
sinplifikatua (ordaindu izanaren agiriarekin).
— Beste batzuk
(oinarri berezietan zehaztuta egon behar direlarik).
* Ziurtagiri
hauek baliozkoak izango dira, fakturazio-betebeharrak arautzen dituen 2013ko
otsailaren 26ko 8/2013 Foru Dekretua, fakturatzeko obligazioak arautzen
dituen Erregelamenduaren eta bertan arautzen diren baldintzetan
ezarritakoari jarraikiz.