2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza sektorean Covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia.

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2020ko uztailaren 21ean:

«2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia-mailara igo zuen Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi egoera. Deklarazio horren ondorioz, 2020ko martxoaren 14an, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta indarrean jarri zen, zeinaren bidez alarma egoera deklaratu baita, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko.    

Egoera horrek ekonomia- eta enpresa-sektore askotan izan du eragina, besteak beste, nekazaritza-sektorean. Sektore horietan, eragina desberdina izan da, azpisektore batzuek jarduerari eutsi ahal izan diotelako (bereziki, premia biziko elikagaiak hornitzera bideratutakoa), eta beste batzuek, berriz, geldialdi ekonomikoak eta eskari-krisiak zuzenean eragin dietelako.    
               

Ildo horretan, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak, osasun-krisiaren eragina bereziki garrantzitsua izan den azpisektoreak edo jarduera eremuak identifikatu ditu, eta egiaztatu da horrek kalte ekonomiko esanguratsuak eragin dizkiela ustiategietako eta enpresetako titularrei.        
               

Egoera horretan, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak erabaki du laguntza ekonomikoko ekintzak abiaraztea aipatutako azpisektoreei laguntzeko. Helburua da orekatzea azpisektore hauetako ustiategi askok jasan dezaketen errentagarritasun egoera prekarioa, hartara desager ez daitezen, horrek berekin baitakar lanpostuak suntsitzea eta landa zonalde hainbat indargabetzea.     

Testuinguru horretan, 2020ko martxoaren 19an, Europako Batzordeak C(2020) 1863 Komunikazioa argitaratu zuen, eta, bertan, aldi baterako esparru bat onartu zen, estatu kideei Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesten jarraitzen laguntzeko. Bestalde, Espainiako estatuko erregioetako administrazioek C(2020)1863 Komunikazioaren esparruan antolatzen dituzten laguntza-araubide guztiei estaldura emateko, agintari nazionalek honako laguntza-araubide honen berri jakinarazi diete Europako Batzordearen zerbitzuei: «Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu».           

Aldi baterako esparru hori, 2020ko apirilaren 3an aldatu zen laguntza kategoria berriak sartzeko, Europako Batzordeak baimendu zuen 2020ko apirilaren 2ko SA.5681 eta 2020ko apirilaren 24ko SA.57019 erabakien bidez, bertan jasotako laguntza neurriak barne-merkatuarekin bateragarriak izanik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.3.b) artikuluaren babesean: «estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larri bati konponbidea emateko» bideratutako laguntzak.

Esparru horren bidez, agintari eskudunei (Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioa, toki administrazioa osatzen duten erakundeak, etab.) zenbait laguntza lerro emateko aukera ematen zaie, bertan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bitartean, Europako Batzordeari jakinarazi beharrik gabe. Horretarako, enpresei eta autonomoei aldi baterako laguntzeko neurriak hartuko dira, hainbat tresnaren bidez (zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, abantaila fiskalak, maileguen gaineko bermeak, maileguen interes-tasen hobaria, etab.). Horien helburu zehatzen artean honako hau dago: «Covid-19aren agerraldia dela eta, likidezia eskuratzea eta beste kalte ekonomiko esanguratsu batzuetatik babestea».         
               

Horrela, I. aldi baterako esparru nazionalaren babesean, erabaki honen bidez onartu beharreko laguntzak zuzeneko dirulaguntzak izango dira, Covid-19ak eragindako kalte eta galera ekonomikoak konpentsatzeko eta alarma egoera deklaratzeko. Dirulaguntza horiek ez dituzte, inola ere, araudi horretan aurreikusitako gehieneko mugak gaindituko.

Nahiz eta SA.5681 Erabakiaren (2020/N) 33. paragrafoak eta SA.57019 Erabakiaren (2020/N) 16. paragrafoak berariaz adierazten badute ere aipatutako laguntza neurriak Europako Erkidegoko baliabideekin finantzatu daitezkeela, hasieran, akordio honen bidez onartu beharreko laguntzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baliabide propioen bidez finantzatuko dira.          

Horretarako, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren aurtengo aurrekontuetan 1.100.000,00 euro daude jasota.

Martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 16.1. artikuluan ezartzen duenaren arabera, Diputatuen Kontseiluari dagokio dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak onartzea.              

Dirulaguntza lerro hau ez dago sartuta Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bilkuran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Beraz, lerroa ezarri aurretik, han sartu behar da.        

Hori horrela, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta eztabaidatu ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Sartzea «Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza sektorean Covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko dirulaguntzak», 2020-2023 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bileran onartu zuena.

Bigarren.  Onartzea, Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza sektorean Covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko dirulaguntzen oinarri arautzaileak, azpisektore edo eremu hauei buruzkoak:

A)  Ardi eta ahuntz azienda.

B)  Sagardoaren elaborazioa.

C)  Txakolinaren elaborazioa.

D)  Landare apaingarriak (lore moztua).

E)  Nekazaritza-turismoa.

F)  Behi azienda suharra.

Oinarri arautzaileak erabaki honen I. eranskinean jaso dira.

Hirugarren.  Onartzea dirulaguntza horien 2020ko deialdia: erabaki honen II. eranskinean jaso dena.

Laugarren.  Baimentzea 1.100.000,00 euroko gastua, 2020ko deialdiari aurre egiteko, 1.0240.400.470.00.12.2020 kontu sailaren kargura.

Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Zenbateko gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da, dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik, kreditua erabilgarri deklaratzea.             

Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Erabaki honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Bide hori erabili aurretik, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete partikularrek Diputatuen Kontseiluari, aipatutako egunetik hasita hilabeteko epean. Dena dela, egokitzat hartutako beste edozein ere aurkez daiteke.» 

Donostia, 2020ko uztailaren 21a.—Segundo Díez Molinero, Departamentuko idazkari teknikoa.     (3631)

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILE OROKORRAK

1.  Dirulaguntzen objektua.

Oinarri hauen objektua da Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan Covid-19ak eta Espainiako Estatuak gaixotasun horrek eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoeraren deklarazioak eragindako kalte eta galera ekonomikoak konpentsatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzea, azpisektore edo eremu hauei buruzkoak: 

A)  Ardi eta ahuntz azienda.

B)  Sagardoaren elaborazioa.

C)  Txakolinaren elaborazioa.

D)  Landare apaingarriak (lore moztua).

E)  Nekazaritza-turismoa.

F)  Behi azienda suharra.

Laguntza horiek, Europako Batzordearen SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez baimendutako «Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko enpresei eta autonomoei emandako laguntza neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalari» (I. aldi baterako esparru nazionala) atxikitzen zaizkio.

2.  Dirulaguntzen onuradunak.

1.  Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuraduntzat hartuko dira azpisektore bakoitzerako aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluan onuradun izateko aurreikusitako debekuetako batean ere sartuta ez dauden eskatzaileak:  

A)  Ardi eta ahuntz azienda: Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak, baldin eta beren jarduera nagusia nekazaritza (ATP) bada eta 100 eme ugaltzaile edo gehiago deklaratzen badituzte ardi aziendaren 2020. urteko nahitaezko aitorpenean (DAO) edo 40 eme ugaltzaile edo gehiago deklaratzen badituzte ahuntz aziendaren 2020. urteko nahitaezko aitorpenean.

B)  Sagardoaren elaborazioa: Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan alta emanda dauden nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak. Jarduera: sagardoa eta/edo frutetatik hartzitutako beste edari batzuk egitea.

C)  Txakolinaren elaborazioa: Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak, txakolina egiten dutenak eta Getariako Txakolina jatorri deituran inskribatuta daudenak.

D)  Landare apaingarriak (lore moztua): Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak, eta, gainera, lore moztua laborantzarako azalera dutenak.

E)  Nekazaritza-turismoa: Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak, baldin eta, gainera, nekazaritza turismoko jarduera egiten badute eta Euskadiko turismo enpresen eta jardueren Erregistroan alta emanda badaude, nekazaritza-turismoko modalitatean. Gainera, ustiategiak gutxienez 0,4 Nekazaritzako Lan Unitate (NLU) izan beharko ditu.

F)  Behi azienda suharra: Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden eta zezen-ikuskizunak egiteko behi azienda suharra duten nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak. Gainera, 2019ko PFEZren aitorpenean, nekazaritzako jardueratik eratorritako diru-sarrerak gehi zezen-ikuskizunetatik eratorritakoak beste jarduera batzuetatik eratorritakoak baino handiagoak izango dira.

2.  Oinarri hauetan araututako laguntzak ezin izango zaizkie eman 2019ko abenduaren 31n jada krisian zeuden enpresei eta autonomoei (Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoaren eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 14. paragrafoaren definizioaren arabera).

3.  Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

Eskaerak, berariazko ereduaren arabera eta ezarritako dokumentazioarekin batera, aurkeztu ahal izango dira:         

— Erregistro elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/registro) pertsona juridiko guztiek, bai eta horretarako identifikazio elektronikorako bitartekoak dituzten pertsona fisikoek ere (sinadura elektronikoa, BakQ, gako operatiboa...). Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezterakoan foru dekretu hau bete behar da: irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, Foru Administrazioan baliabide elektronikoen erabilera arautzen duena.         

— Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko Erregistroan, ustiategiari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan, edota Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako gainerako lekuetan, gainerako pertsona fisikoak.

Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatua eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren Landa Garapeneko web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/landagarapena/laguntzak.       

Eskaerak aurkezteko epea eta horri erantsi beharreko dokumentazioa deialdian ezarriko dira.

4.  Akatsak zuzentzea.

Eskariak edo horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak ez badituzte identifikazio datu guztiak, edo akatsen bat baldin badute, edo osatzeke baldin badaude, 10 egun balioduneko epean akats horiek guztiak konpontzeko eskatuko zaio eskatzaileari, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearenak 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz; eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aipatutako legearen 21.1 artikuluan aurreikusitako moduan.      

5.  Emateko prozedura.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 20.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen helburua kontuan hartuta (Covid-19ak sortutako ondorio negatiboak konpentsatzea, azpisektore bakoitzerako ezarritako baldintza betetzen dituzten guztiei), ez da bidezkoa eskaerak konparatzea eta horien arteko lehentasuna ezartzea; beraz, dirulaguntzak elkarren arteko lehiarik gabeko prozeduraren bidez emango dira, betiere, aurrekontuaren mugen barruan. Dirulaguntzak kopuru hori baino handiagoak badira, banaketa proportzionalki egingo da.  

6.  Finantzazioa.

Dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdiak ezarriko du dirulaguntzak aurrekontuko zein kreditu zehatzen kontura izango diren.           

7.  Prozedura antolatu eta bideratzeko eskumena duten organoak.

Dirulaguntza horiek emateko prozedura bideratzea Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko Landa Garapeneko eta Nekazaritza Egituretako Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek, ofizioz, proposamena formulatzeko datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko behar diren jarduketa guztiak egingo ditu.               

8.  Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko dira diruz lagundutako azpisektore bakoitzerako zehaztutako aurrekontu-baliabideak eta dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak. Onartutako zenbatekoa ez da inoiz 7.500 eurotik gorakoa izango. Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da: 

A)  Ardi eta ahuntz azienda: ardi aziendaren 2020ko nahitaezko aitorpenean deklaratutako eme ugaltzaile bakoitzeko 8 euro, aitorpen horretan 100 eme ugaltzaile edo gehiago deklaratzen dituzten ustiategientzat, eta ahuntz aziendaren 2020ko nahitaezko aitorpenean deklaratutako eme ugaltzaile bakoitzeko 12 euro, aitorpen horretan 40 eme ugaltzaile edo gehiago deklaratzen dituzten ustiategientzat.

B)  Sagardoaren elaborazioa: 2.000 euroko zenbateko finkoa sagardo egile bakoitzeko, gehi 0,05 euroko osagarria sagardoa egiteko erabiltzen den sagar kg bakoitzeko, Euskal Sagardoa izenarekin.

C)  Txakolinaren elaborazioa: 2.000 euroko zenbateko finkoa txakolin egile bakoitzeko, gehi 250 euroko osagarria Getariako Txakolina jatorri-deitura duen txakolina egiteko erabiltzen den mahasti bakoitzeko, 2019ko ekoizpen-adierazpenaren arabera. Ondorio hauetarako, ez dira kontuan hartuko eta ez dute laguntza jasotzerik izango uzta-neurri berderako laguntza lerroan lagundutako lursailak, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera; Errege-dekretu horren bidez, ardoaren sektorean ezohiko neurriak hartu ziren, Covid-19 pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta ardoaren sektorean merkaturatzeko arau bat finkatu zen, eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko aitorpenei buruzko araudia eta ardoaren sektoreari laguntzeko programa aldatu zituen.     

D)  Landare apaingarriak (lore moztua): 750 euroko zenbateko finkoa ustiategi bakoitzeko, gehi 0,75 euroko osagarria lore- hazkuntza m²-ko, 2020ko martxoaren 1ean ustiategiaren lurralde-oinarrian zehaztutakoa.

E)  Nekazaritza-turismoa: 1.500 euroko zenbateko finkoa ustiategi bakoitzeko, gehi 1.000 euroko osagarria NLU bakoitzeko.

F)  Behi azienda suharra: 50 euro 6 hilabetetik gorako behi aziendako animalia bakoitzeko, ustiategian 2020ko urtarrilaren 1ean erroldaren arabera. Laguntza ezingo da inola ere izan 2019ko PFEZren aitorpenean zezen-ikuskizunengatik aitortutako diru sarrerak baino handiagoa.

9.  Dirulaguntzak emateko ebazpena.

Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak hartuko du.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, dirulaguntzei buruzko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du; eta jakinarazpena egintzat hartuko da lege ondorio guztietarako argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.               

Ebazpenak eskatzaileak identifikatuko ditu; dirulaguntza jasoko dutenentzat ebazpenak ezarriko du emandako laguntzaren zenbatekoa. Eskaera bati dirulaguntza ukatu bazaio, ukatzearen arrazoia zein den adieraziko da.

Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori amaitutakoan ez bada ebazpena jakinarazi, eskatzaileek eskaera ezetsitzat joko dute, administrazioaren isiltasunagatik.

10.  Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek dirulaguntza onartzeak esan nahi du martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoan, ezarritako betebeharrak eta oinarri hauetatik ondorioztatutakoak bete behar dituztela.   

11.  Dirulaguntzen arteko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Oinarri hauen xede diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako xede bereko beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, direla estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeenak: betiere ez badira dagokion jarduketaren kostua edo europar araudiak ezarritako mugak gainditzen; eta horren inguruan beste dirulaguntzak arautzen dituzten araudiek ezar dezaketenaren kalterik gabe.

Oinarri hauetan jasotakoekin bateragarriak diren dirulaguntzak jaso dituzten onuradunek laguntzak ematen dituen organoari jakinarazi beharko diote modu frogagarrian, hala legokiokeen kasuan, egindako itzulketaren agiriaren kopia erantsita.   

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, eta nolanahi ere, oinarri hauetan baimendutako kasuez kanpo dirulaguntza hauekin batera laguntzak jasoz gero, dirulaguntza emateari buruzko ebazpena aldatua izan daiteke.

12.  Ordainketa.

Dirulaguntzak ematen diren aldi berean ordainketa aginduko da, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.      

13.  Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak ez baditu oinarri hauetan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako baldintza eta betebehar guztiak betetzen, dirulaguntza osoa edo zati bat eta dagozkion berandutza interesak itzuli beharko ditu, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 35. artikuluan ezarritakoari, eta hori garatzeko erregelamenduko 63. artikuluari eta ondorengoei jarraiki; eta hortik ondorioztaturiko erantzukizunei ere aurre egin beharko die, foru arau horren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.  
               

14.  Araudi aplikagarria.

Oinarri hauen xede diren dirulaguntzei, bertan ezarritakoaz gain, honako hauek aplikatuko zaizkie: martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa; eta hori garatzeko erregelamendua, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartutakoa.

II. ERANSKINA

GIPUZKOAKO NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA SEKTOREAN COVID-19AK SORTUTAKO KRISIARI AURRE EGITEKO DIRULAGUNTZAK (DEIALDIA)

1.  Eskaerak aurkezteko epea.

Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean Covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko laguntza eskaerak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratzen den egunetik 2020ko irailaren 11 arte aurkeztu ahal izango dira.

2.  Aurrekontu kredituak.

Deialdi honetarako aurrekontu zuzkidura guztira 1.100.000,00 eurokoa da, 1.0240.400.470.00.12.2020 kontu sailaren kargura.

3.  Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaeran, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren Landa Garapeneko web orrian (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/landagarapena/laguntzak) eskuragarri jarritako berariazko inprimakiaren arabera, erantzukizuneko adierazpena jasoko da –martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan ezarritako onuradun izaera lortzeko ezein debekurik ez izatearena– eta dokumentazio hau erantsiko zaio:

a)  Eskaera egiten duena pertsona fisikoa baldin bada, NAren fotokopia, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuan ez badago.

b)  Eskaera egiten duena pertsona juridikoa baldin bada:

— IFKren fotokopia, sozietatea eratzeko eskritura publikoak, entitateari dagokion erregistro publikoko inskripzioaren ziurtagiria, entitatearen estatutuak eta eskaera izenpetzen duenak duen ordezkaritza ahalmenaren kreditatzea, dokumentazio hori Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren esku egon ezean.       

— a) atalean adierazitako elkarteko kide guztien dokumentazioa.

Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta laguntzen zenbatekoak zehazteko, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du:

— Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

— Gipuzkoako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatzea.

— Ardi eta ahuntz aziendarentzako laguntzen kasuan, nekazaritza jarduerari lotutako epigrafe edo jarduera batean Gizarte Segurantzako Autonomoen Erregimenean alta emanda egotea, eskatzaileak nagusiki nekazari (ATP) izaera betetzen duela egiaztatzen duen zerga-informazioa (PFEZ, Sozietateen gaineko Zerga) eta ardi- eta ahuntz-aziendaren urteko nahitaezko aitorpenaren (DAO) datuak.

— Sagardoa egiteko laguntzetarako, EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan alta emanda egotea (jarduera: sagardoa eta/edo frutetatik hartzitutako beste edari batzuk egitea) eta sagardoa egiteko erabiltzen den sagar kilogramoari buruzko datuak, Euskal Sagardoa izenarekin.

— Txakolina egiteko laguntzetarako, Getariako Txakolina Jatorri Deiturako inskripzioa eta txakolina egiteko erabilitako hektareako datuak, izendapen horrekin, 2009ko ekoizpen adierazpenaren arabera.

— Landare apaingarrientzako laguntzetarako (lore moztua): ustiategiaren lurralde oinarrian zehaztutako lore hazkuntzarako azalerari buruzko datuak, 2020ko martxoaren 1ekoak.

— Nekazaritza-turismoko laguntzetarako, Euskadiko turismo enpresen eta jardueren erregistroan alta emanda egotea, nekazaritza-turismoko modalitatean.

— Behi azienda suharrari laguntzeko, ustiategian erroldatutako aziendari buruzko datuak eta 2019ko ekitaldiko zerga datuak.             

Horretarako, departamentuko datu baseak kontsultatuko dira edota zuzenean eskatuko dira datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea. Hori guztia Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.e) artikuluari lotuta, bai eta Datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz (zortzigarren xedapen gehigarria).