1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

312/2020 Foru Agindua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez arautzen baita zer baldintzatan adierazi ahal izango duten zergapekoek zein egunetan ezingo duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak zerga jakinarazpenik haien esku jarri bere egoitza elektronikoan.     

Ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, zehazten du zer zergapekok egin behar dituzten zerga arloko tramite eta komunikazioak bitarteko elektronikoak erabilita, eta, orobat, esaten du Zerga Administrazioak bere eskumenen barruan egiten dizkien komunikazio eta jakinarazpen administratiboak bide elektronikoz jaso behar dituztela zergapeko horiek.

6. artikuluak dioenez, Ogasun eta Finantza Departamentuak egiten dituen jakinarazpen elektronikoetarako sarbidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egongo da, eta haietan sartzeko beharrezkoa izango da nork bere burua identifikatzea sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak erabiliz edo Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen pasahitz operatiboaren bitartez.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga Kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduak, apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaren bidez onartuak, 63. artikuluaren 8. apartatuan jasotakoaren arabera, zergapekoek, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru aginduz ezarriko duen eran, gehienez ere 30 egun natural adierazi ahal izango dituzte urte natural bakoitzaren barruan, eta egun horietan departamentuak ezin izango du jarri haien esku inolako jakinarazpenik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.

Era berean, apartatu horretan esaten da ezen jakinarazpena atzeratzen bada zergapekoak aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz egindako adierazpenagatik, atzerapen hori Zerga Administrazioari egotzi ezin zaion luzamendutzat joko dela, Zergen Foru Arau Orokorrak 100.2 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako. Dena den, esandakoa ez denean bateragarria jarduketa administratiboak bere eraginkortasuna ziurtatzeko behar duen berehalakotasun edo azkartasunarekin, Ogasun eta Finantza Departamentuko langileek zuzenean entregatu ahal izango dute jakinarazpena.

Aipatutako araudiarekin bat etorriz, foru agindu honen bitartez ezartzen da zer baldintzatan adierazi ahal izango duten zergapekoek edo haien ordezkariek zein egunetan ezingo den jarri jakinarazpenik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.

Horiek horrela, hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.  Jakinarazpen elektronikoak zein egunetan ez diren jarriko adierazteko eremu subjektiboa.

1.  Pertsonak edo entitateak behartuta badaude jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzera Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, edo, behartuta egon gabe ere, modalitate hori lehenetsi edo haren erabilera berariaz baimendu badute, adierazi dezakete zer egunetan ez den jarriko haien eskura jakinarazpenik egoitza elektroniko horretan.          

Egun horien adierazpenak hiru ekintza bilduko ditu, egunak hautatzea, horiek aldatzea eta kontsulta egitea, betiere foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako mugak errespetatuz.      

2.  Egun horiek zergapekoen ordezkariek ere adierazi ahal izango dituzte behar bezala baimenduta eta akreditatuta badaude.

2. artikulua.  Jakinarazpen elektronikoak zergapekoen esku zein egunetan ez diren jarriko adierazteko eremu objektiboa.           

Aurreko artikuluan aipatutako pertsona edo entitateentzat, jakinarazpen elektronikoak haien esku ez jartzeko egunen adierazpenak Ogasun eta Finantza Departamentuak zerga arloko jarduketa eta prozeduretan egiten dituen jakinarazpen guztiak hartuko ditu, bai eta beste ente eta administrazio publiko batzuen baliabideak esleipenez edo mandatuz kudeatzean egiten dituenak ere.

3. artikulua.  Gehieneko egun kopurua eta egunak aldatzeko aukera.

1.  Foru agindu honen 1. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta entitateek gehienez 30 egun natural adierazi ahal izango dituzte urte natural bakoitzeko. Egun horiek libreki hautatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango gutxieneko kopuru bat elkartzea.

2.  Urte naturalean zehar jakinarazpen elektronikoko sistemaren barruan derrigor sartzen diren edo sistema horren bidezko jakinarazpena borondatez aukeratzen duten zergapekoek, uneko urte naturaleko 30 egun natural guztiak baliatu ahal izango dituzte, gainerako urte naturaletik geratzen den denboragatik egunak hainbanatu beharrik gabe.             

3.  Jakinarazpen elektronikoak zergapekoaren esku ez jartzeko egunak urtero eskatu beharko dira, ondorioak sortu baino zazpi egun natural lehenago gutxienez, eta, egun horiek behin adierazita, beti aldatu ahal izango dira berariazko eskaera bat aurkeztuta. Eskaera horrek indarrik gabe utziko du hasieran aukeratutako epea, zergapeko bakoitzak urtean aukera ditzakeen gehieneko egun kopurua eta adierazi den gutxieneko aurrerapena errespetatuz.

Jakinarazpen elektronikoak ez jartzeko egunak ordezkari batek adierazi baditu, ordezkari horrek berak adierazitako egunak baino ezin izango ditu aldatu, eta ez du eskumenik izango zergapekoak edo beste ordezkariren batek adierazitakoak aldatzeko.

4. artikulua.  Jakinarazpen elektronikoak zein egunetan ez diren jarriko adieraztearen ondorioak.

1.  Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga Kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduak, apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaren bidez onartuak, 63. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazpena atzeratzen bada jakinarazpen elektronikoak ez egiteko egunen adierazpenagatik, atzerapen hori Administrazioari egotzi ezin zaion luzamendutzat joko da, erregelamendu horren 54. artikuluan ezarritako terminoetan.

2.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan jakinarazpenak zergapekoaren esku ez jartzeko egunen adierazpenak egun horietan egin zitezkeen jakinarazpenetan bakarrik izango du eragina. Egun horiek ez dira inola ere deskontatuko jakinarazpena adierazitako lehen eguna baino lehen eskura jartzeagatik hasita dauden epeen konpututik.      
               

3.  Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Ogasun eta Finantza Departamentuak atzerapen hori ziurtatu beharko du behar den eran akreditatuz noiz eta zein ordutan jarri ahal izan zen zergapekoaren esku jakinarazpen elektronikoaren xede den egintza.

5. artikulua.  Jakinarazpen elektronikoak zein egunetan ezin diren eskura jarri adierazteko prozedura eta baldintzak.    

1.  Zergapekoen eskura jakinarazpen elektronikoak ez jartzeko egunen adierazpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin beharko da derrigor, https://egoitza.gipuzkoa.eus helbide elektronikoan.         

Egunak behar bezala adierazi ondoren, dagokion aurkezpen agiria sortuko da, egiaztapen kode seguru batek baliozkotuta, eskaeraren eguna eta ordua ere agerian izango dituena. Beste edozein bide erabiliz aurkeztutako eskaerek ez dute ondoriorik izango, eta artxibatu egingo dira, bestelako izapiderik gabe.         

2.  Aipatutako egunak adierazi behar dituen pertsonak foru agindu honen 1. artikuluan ezarritako eremu subjektiboaren barruan egon beharko du eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eduki.

Xedapen iragankor bakarra.  Foru Agindu hau 2020ko ekitaldian aplikatzea.

2020ko ekitaldian, foru agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera, onartzen da ekitaldi osoetarako aurreikusitako 30 egun natural guztiak erabiltzea.

Azken xedapen bakarra.  Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko uztailaren 21a.—Jabier Larrañaga Garmendia, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.        
                (3654)