3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA

Covid-19K eragindako osasun krisia dela eta, ohiko udalekuak ez egitearen ondorioz errenta baxuko familiei uztailean haurrak zaindu ahal izateko zuzendutako dirulaguntzak.      

2020ko ekainaren 23ko ebazpena, zenbait arau berezi onartzen dituena zuzenean presazko laguntza batzuk emateko errenta baxuko familiei beren seme-alabentzat uztailean zaintzailea kontratatu ahal izateko, Zumaiako Udalak antolatu ohi dituen udaleku irekien faltan haur horiek babes gabeko egoeran gelditu ez daitezen. 

HITZAURREA

2020ko martxoaren 11n Osasunaren Munduko Erakundeak Covid-19ak sortutako egoera osasun publikoaren egora izatetik nazioarteko pandemia egoera izatera igo zuen.

Gaixotasunaren progresioa eten nahirik, Ministroen Kontseiluak, 2020ko martxoaren 14ko bileran, 463/2020 Errege Dekretua onartu zuen, Covid-19ak sortutako osasun krisiaren egoera kudeatzeko alarma egoera deklaratzeari buruzkoa, eta horren 7. artikuluan pertsonen zirkulazio librerako mugak daude ezarrita. Ondoren, Diputatuen Kongresuak baimena eman dio Gobernuari lehendik dekretatutako alarma egoera luzatzeko.

Era berean, Gobernua zenbait errege dekretu lege luzatzen joan da, adibidez 7/2020 Errege Dekretu-legea, martxoaren 12koa, 8/2020 Errege Dekretu-legea, martxoaren 17koa, eta 11/2020 Errege Dekretu-legea, martxoaren 31koa, Covid-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko aparteko presazko neurriak hartzeari buruzkoak.

Osasun krisiaren ondorioz alarma egoerak nahitaez ezarritako mugek eragin negatiboak izan dituzte alor askotan, tartean gizarte alorrean. Eta horiek bereziki eragin diete haurrei. Ikastetxeak itxita daude duela hiru hilabetetik eta uztailean ere ez da udaleku irekirik egingo.  

Tokiko Erregimeneko Oinarriak Arautzen dituen 7/1985 Legearen 21.1.m) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Zumaiako Udaleko alkateak hau

EBATZI DU

Errenta baxuko familiei uztailean haurren zaintzarako pertsona bat kontratatzeko premiazko laguntzak zuzenean emateko arau bereziak onartzea.        

1. artikulua.  Helburua eta xedea.

Deialdi honen helburua da onartzea zenbait arau berezi, arautuko dutenak zuzenean presazko laguntza ematea uztailean udaleku irekien zerbitzua ez ematearen ondorioz, haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatu beharra duten errenta baxuko familientzat.

Laguntza hauen helburua da aurtengo uztailean Zumaiako Udalak udaleku irekiak antolatu ezin izateak eragingo duen hutsuneari aurre egiteko behar handiena duten familiei laguntzea.

2. artikulua.  Finantzaketa.

Eman beharreko laguntzak finantzatzeko gehienez eskura dagoen kreditua 25.000 eurokoa da.

Laguntzak egotziko zaizkio 2020 ekitaldirako Zumaiako Udaleko Aurrekontu Orokorretako 1 0500.480.231.00.03 2020 (2414) Zaintzarako diru-laguntzak.        

3. artikulua.  Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Uztailean haurrentzako zaintzailea kontratu behar duten errenta baxuko familiek gehienez ere mila euro (1.000,00) jasoko dute.

Urteko irabazi garbia 20.000 eurotik beherako duten familiek:

— 1.000,00 euroko dirulaguntza jasoko dute, uztailean hilabete baterako, haurrak zaintzeko pertsona bati egun osoko kontratua egiten dioten familiek.

— Lanaldi partzialeko kontratuak edo iraupen laburragokoak eginez gero, dirulaguntza horren zati proportzionala emango da.

— Dirulaguntza behin bakarrik emango da, ordainketa bakarrean eta uztaileko gastua ordaintzeko izango da.

Urteko irabazi garbia 20.000 eta 30.000 euro bitartekoa duten familiek, gehienez ere bostehun euro (500) jasoko dituzte:

— Pertsona bat kontratatzearen kostua %50ean diruz lagunduko die Udalak gehienez ere 500 euro arte.

— 1.000 eurotik beherako kontratazioetan Udalak kopuruaren %50 estaltzeko dirulaguntza emango du.

— Dirulaguntza behin bakarrik emango da, ordainketa bakarrean eta uztaileko gastua ordaintzeko izango da,

4. artikulua.  Onuradunak.

Dirulaguntza hau jasotzeko aukera izango dute hamabi (12) urtetik beherako seme-alabak dituzten familiek, betiere urteko diru sarrera garbia 30.000,00 eurotik beherakoa baldin badaukate.

5. artikulua.  Onuradunek bete beharreko baldintzak.  

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:          

— Familiako kide guztiak Zumaian erroldatuta egotea.    

— Gutxienez hamabi (12) urtez azpiko seme-alaba bat edukitzea.

— Urteko diru sarrera garbia 30.000,00 euro baino gutxiagokoa izatea. izatea.

6. artikulua.  Baztertzeak.

Laguntza hauetatik baztertuta geratzen dira jarraian zerrendatuta daudenak:

— Oinarri hauen 5. puntuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.

7. artikulua.  Eskabideak eta dokumentazioa.

Zumaiako udaletxean egin behar dira eskaerak, harrerara bertaratuta edota baliabide elektronikoen bidez jarri behar dute harremanetan, bat etorriz APELen 14.3 artikuluarekin.

Eskabidearekin batera ezinbestekoa izango da honako dokumentazio hau aurkeztea:

— Eskatzailearen eta bizikidetzako unitate ekonomiko independenteko gainerako kideen NAN, AIZ edo pasaportearen kopia.

— Bizikidetzako unitateko kide guztien diru sarreren zinpeko aitorpena.

— Besterentzako lana eginez gero: lan kontratua eta azkeneko hileko nominaren fotokopiak edo eskaeraren aurreko 3 hilabetekoak (nomina desberdinak diren kasuetan).

— Enpresari edo profesionalen kasuan, Pertsona Fisikoen Errenta Aitorpenaren kopia.

— Langabezia laguntza edo prestazioa duten langabeak: laguntza edo prestazioaren Lanbide SEPEko ziurtagiria, zenbatekoa eta aldia adieraziaz, edo laguntza ez dagokionaren ziurtagiria.

— Lanbideko DARDE orria. Atzerritar irregularren kasuan (lan baimena ez duten atzerritarrak) DARSE orria.

— Pentsiodunak: azkeneko pentsioaren kopia, edo eguneraketa pentsioa edo pentsioa ez dagokiola kreditatzen duen edozein agiri.

— Aldian behingo beste laguntzen onuradunak: dokumentu egiaztatzailea (pentsio planak, atzerrian pentsioak...).        

— Haurren zaintzaileari egindako kontratuaren kopia.     

Eskabideak nahitaez aurkeztuko dira I, II eta III eranskina beteta eta eskatzen den dokumentazioa gehituta.

Eskabidea aurkezteak berarekin ekarriko du arau hauek onartzea eta aurkezten den informazio guztia egiazkoa dela aitortzea.

Eskabide elektronikoak baldintza hauek betez aurkeztuko dira:

— Ez da arau hauetan ezarritako eskabideak aurkezteko epearen ondoren jasotako eskabiderik onartuko.      

— Egiaztatzen bada eskatzaileak aldatu edo faltsifikatu egin duela aurkeztutako dokumentazioa, kasu horietarako aurreikusitako araudia aplikatuko da, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, eta hala badagokio, legeria penalean ezarritakoa. 

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen APEL 28.2 artikuluaren arabera, Administrazio jarduleak bere esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, salbu eta interesdunak aurka egiten badu. Alde horretatik, prozedura ebazteko jarraian aipatzen diren dokumentuak kontsultatuko dira datu bitartekaritzarako plataformen edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bidez:         

— Udalarekin zorrik ez izatea.

— Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zerga betebeharrak beteak dituela dioen agiria.

— Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela dioen agiria.

— Data zehatzean Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela dioen agiria.

Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko. 

Interesdunek erabili ahal izango dute haien datu pertsonalak kontsultatzeari uko egiteko eskubidea, berariaz adierazita. Interesdunak erabiltzen badu bere datu pertsonalak kontsultatzeari uko egiteko eskubidea, beharrezko dokumentazioa erantsi beharko du, eta aurkezten ez badu ulertu ahal izango da eskabidean atzera egiten duela. 

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez baditu ezarritako baldintzak betetzen, instrukzio organoak errekerimendua egingo dio eskatzaileari, gehienez ere hamar egun baliodun luzaezineko epean gabezia konpontzeko, eta azalduko du, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egiten duela bere eskabidean, eta besterik gabe artxibatuko da, lehendik Ebazpena emanda, APELen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Organo izapidegileak edozein unetan beharrezkoa ikusten duen jatorrizko dokumentazioa edo dokumentazio osagarria jaso ahal izango du hobeto egiaztatzeko betetzen direla dirulaguntza hauek arautzen dituzten arauetan eskatutako baldintzak.

8. artikulua.  Eskabidea eskatzeko modua eta epea.

Eskabideak eta haien dokumentazioa Zumaiako Udalean aurkeztu beharko dira edo haren erregistro elektronikoaren bidez bidali beharko dira.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Eskabideak epez kanpo aurkezteak ekarriko du, beste tramiterik gabe, ez onartzea arrazoi horrengatik, aurrez gertaera horren berri emanez ebazpen bidez.

9 artikulua.  Dirulaguntza emateko prozedura.

Laguntza hauek zuzenean ematen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2c) artikuluan aurreikusitakoaren babesean, aipatutako Legearen 28. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan eta Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 67. artikuluan ezarritakoaren arabera, interes ekonomiko, sozial eta humanitarioko aparteko arrazoiak daudelako.   

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzek izaera berezia dute, prozeduraren zioa diren gertaerek salbuespenezko izaera eta izaera bakana dute eta. Dirulaguntzen xede zehatza dela-eta, beharrezkoa da zuzenean ematea lehiarik gabe.            

Zehazki, dirulaguntzak zuzenean ematea justifikatzen duen interes publikoko arrazoia da premiazkoa dela 12 urtetik beherako haurrak dituzten familia hauen beharrei erantzutea.      

10. artikulua.  Minimis araubidea.

Dekretu honetan araututako dirulaguntzak «minimis» araubidearen mende daude, eta aplikagarria izango zaie Europar Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudian (24/12/2013 EBAO) ezarritakoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107 eta 108. artikuluak aplikatzeari dagokionez, edo hori ez badago, horren ordezkoa den erkidegoko araudian ezarritakoa. Ondorioz, onuradunek ezin izango dituzte erregimen honi berari atxikitako dirulaguntzarik jaso haien zenbatekoa batuta 200.000 eurokoa baino handiagoa denean dagokion zerga ekitaldian, eta aurreko bi zerga ekitaldietan. Muga hori 100.000 eurora murrizten da errepidetik merkantziak garraiatzeko sektorean lan egiten duten enpresentzat.        

11. artikulua.  Eskumena duen organoa.

Dirulaguntza bideratzeko eta haien jarraipena egiteko organo eskuduna Zumaiako Udalako Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuen sailetako teknikariak izango dira, horien eginkizuna izango da ebazpen proposamenaren oinarria izango diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezko esku hartzeak egitea.

Espedientea bideratu eta ebaluatzen denean, dirulaguntzak bideratzeko eta horien jarraipena egiteko ardura duen organoak dagokion ebazpen proposamena egingo du.

12. artikulua.  Ebazpena.

Ebazpena ematea Zumaiako alkatearen eginkizuna izango da, hark erabakiko du tramitatzeko onartu diren eskabideei buruz, dirulaguntza eman, artxibatu edo ezeztatu egingo diren.

Nolanahi ere, emateko ebazpena hartarako kreditu egoki eta nahikoa izatearen mende egongo da.

Dirulaguntzak emango zaizkie arauetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileei.

Ebazpen hori ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa da dagokion eskabidea jasotzen denetik zenbatzen hasita. Ebazpenik ez badago ulertuko da ezetsi egin dela.

Banakako komunikazioaren kaltetan izan gabe, jakinarazpena egingo da Zumaiako Udaleko webgunean onuradunen zerrenda argitaratuta.

Ebazpenak amaiera emango dio bide administratiboari eta horren aurka Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da jakinarazpenaren hurrengo egunetik zenbatuta bi hilabeteko epean, kontuan izanda ekintza bera agindu zuen organoaren aurrean aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela aurrez, hilabeteko epean jakinarazpenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta ezin izango direla aldi berean bi errekurtsoak aurkeztu, APELen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta interesdunek egoki ikusten duten beste edozein eskubide erabili ahal izango dutela.

13. artikulua.  Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak gauzatuko dira ordainketa bakarra eginez onuradunari, ematea ebatzi ondoren, aurrez egiaztatuta eskatutako baldintzak betetzen direla. 

Dirulaguntza kontura ordainduko da, dirulaguntza emateko behin-behineko ebazpena eman ondoren eta ebazpen horretan ezarritako epean.

20.000 eurotik beherako irabazien kasuan, dirulaguntza jasotzeko aurkezten duten kontratua 1.000 euro baino zenbateko txikiagokoa baldin bada, horren araberako dirulaguntza jasoko da.

20.000 eta 30.000 mila euro bitarteko irabazien kasuan berriz, kontratuaren arabera zaintzaileari ordainduko zaionaren %50eko dirulaguntza emang da, gehinez ere 500 euro.             

Ezin izango da ordainketa egin onuradunak ez baditu egunean zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ordainketa betebeharrak edo itzulketa bidezko ebazpenagatik zorduna bada.

14. artikulua.  Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

— Dirulaguntza ematen duen organoaren edo erakundearen aurrean justifikatzea betetzen direla eskatutako betekizunak edo baldintzak edo baimena ematea prozeduraren instrukzio organoari horiek egiaztatzeko.

— Organo emaileari komunikatzea dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan izandako edozein aldaketa, baita onuradunak hartutako edozein konpromiso edo betebeharren aldaketa ere.

— Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta ez izatea Zumaiako Udalarekin ordaintzeko epea amaiturik duen zor likido eta galdagarririk.          

— Laguntza eman duen organoak egiten dituen egiaztapen jarduerak eta Espainiako nahiz erkidegoetako kontrol organo eskudunek burutzen dituzten ikuskaritzak onartzea, eskatzen zaion informazio guztia emanez.           

— Arau hauetan eta DLOean aurreikusitako kasuetan jasotako funtsak itzultzea.

— Oro har, DLOaren 14. artikuluan jasotako beste edozein.           

15. artikulua.  Lehia eta laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri hauek xede duten dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bera duten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, betiere batera ez badute diruz laguntzen diren gastuen kostua gainditzen.

Arautzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du izan, inoiz ere, bera bakarrik edo beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatuek emandako dirulaguntzekin batuta diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.    

Arau honetan araututako helburu bererako dirulaguntza lortzen edo eskatzen duen erakunde onuradunak modu frogagarrian komunikatu beharko dio Zumaiako Udalari.  

16. artikulua.  Dirulaguntzak berraztertzea eta aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan gerta litekeen gorabehera orok edo beste administrazio nahiz erakunde publiko edo pribatuetatik Estatuan nahiz nazioartean laguntzak jasotzeak dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango du.  

17. artikulua.  Ez betetzeak, baliogabetzeak eta dirulaguntzak itzultzea.

Egokia izango da jasotako dirulaguntzak osorik edo zati batean baliogabetzea eta itzultzea, DLOren 36 eta 37. artikuluetan ezarritako kasuetan eta aplikagarria den beste araudi orokorrean ezarritako kasuetan, baita arau hauetan jasotako betebeharrak betetzen ez diren kasuetan ere.

Itzulketarako prozedura egokituko zaio DLOaren II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari. Dirulaguntza itzultzea ebazten duen ebazpena Zumaiako Udaleko alkateak hartuko du.               

Behar ez bezala jasotako funts publikoak itzultzeaz gain, dirulaguntza ordaintzen den datatik itzultzea egokia dela adosten den unera arteko dagokion berandutze interesa exijituko da. Exijitu ahal den interesa kalkulatuko da emandako dirulaguntzatik itzuli behar den zenbatekoaren gainean.       

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.

Ez bazaizkio Zumaiako Udalari erreklamatutako kopuruak borondatezko epean itzultzen, premiamendu bidez kobratuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera.

18. artikulua.  Erregimen juridikoa.

Testu honetan araututako dirulaguntzak arautuko dira jarraian doazen arau xedapenetan ezarritakoaren arabera:

— Azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra.            

— Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudia, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuz onartua.

— Apirilaren 7ko 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.

— 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

— 2020 ekitaldirako Zumaiako Udaleko Aurrekontuaren Exekuzio Araua.

463/2020 Errege Dekretuaren laugarren Xedapen Gehigarriaren 4. atala aplikatuz, epe etetea ez zaio laguntza hauek emateko prozedurari aplikatuko, alarma egoera zuritzen duten egoerei hertsiki loturik dagoen prozedura denez. 

19. artikulua.  Zehapen erregimena.

Arau hauetan araututako laguntzekin lotutako egindako arau hauste administratiboak zehatu ahal izango dira bat etorriz DLOaren IV. Tituluan aurreikusitakoarekin.

Azken xedapen bakarra.   Indarrean sartzea.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau.