3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZARAUZKO UDALA

Iragarkia

Ines Diaz de Villafranca Arzamendi, Zarauzko Udaleko idazkaria naizen honek

Ziurtatzen dut: 2020ko ekainaren 15ean egindako bilkuran (akta onartzeko dago), Tokiko Gobernu Batzarrak honako hau erabaki zuela:

—«Gizarte zerbitzuetako dirulaguntzak emateko deialdia:

Gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako dirulaguntzak.

2020G9990004 espedientea.

2018ko azaroaren 29an egindako osoko bilkuran, Udalbatzarrak onartu zuen gizarte zerbitzuetako dirulaguntzak emateko oinarri espezifikoen aldaketa (2019ko otsailaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 33 zk.).    

Bost dira oinarrietan araututako lerroak, horien artean gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako dirulaguntzak.

Gizarte Zerbitzuetako Departamentuak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak, aho batez,

ERABAKI DU

Lehena.  Gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako dirulaguntzak emateko deialdia onartzea. Dirulaguntzak 2020. urtean emango dira, norgehiagoka araubidez.

Bigarrena.  Dagozkion gastuak onartzea, gehienez ere zenbateko hauetan:

— Partida: 1 0503.481.01.231.31.2020.

— Gastua: 35.988,00 euro.

Hirugarrena.  Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Gizarte Zerbitzuen Arloko jarderak egiten dituzten elkarteentzako dirulaguntzak emateko deialdia. 2020.        

—Xedapen hauek ezartzen dituzte oinarri arautzaileak:

1.  Zarauzko Udalak dirulaguntzak emateko Ordenantza Orokor arautzailea (2018ko abenduaren 3ko Gipuzkoa Aldizkari Ofiziala, 232 zk.).

1.  Gizarte-Zerbitzuetako dirulaguntzak emateko Oinarri Espezifikoak (2019ko otsailaren 18ko Gipuzkoa Aldizkari Ofiziala, 33 zk.).

  1.— Helburua.

  2.— Dirulaguntza eskatzeko baldintzak.

  3.— Eskaerak.

  4.— Elkarte onuradunaren betebeharrak.

  5.— Dirulaguntzak emateko prozedura.

  6.— Balorazio irizpideak.

  7.— Instrukzioa.

  8.— Ebazpena.

  9.— Dirulaguntzaren zenbatekoa.

10.— Dirulaguntzaren ordainketa.

11.— Proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko epea.

12.— Dirulaguntzaren erabilera justifikatzea.

13.— Zuzkidura eta aurrekontuko partida.

14.— Publizitatea.

15.— Araudia.

16.— Errekurtsoak.

1.  Helburua.

Deialdi honen helburua da gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten erakunde sozialei norgehiagoka prozeduraren bidez emango zaizkien dirulaguntzak arautzea.           

Elkarteen funtzionamendurako eta elkartearen jardueraren xede diren kolektiboei zuzendutako programa eta/edo zerbitzuak garatzeko emango dira dirulaguntzak. Eman ahalko dira, baita ere, Udaleko Gizarte Zerbitzuek euren jardunean antzemandako premia zehatzak konpontzeko jarduera-eremuetara zuzendutako programa edo zerbitzuak proposatzen dituzten jarduerak edo proiektuak egiteko, eta kolektibo jakin batzuen parte-hartzea eta ongizatea sustatzen dituzten jarduerak egiteko.      


2.  Dirulagutnzak eskatzeko baldintzak.

Irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko edozein elkartek eskatu ahal izango ditu dirulaguntza hauek; horien jarduerak bat etorriko dira oinarri hauekin, eta Zarauzko udalerrian garatuko dira.

Salbuespen gisa, udalerriarentzat interesgarriak diren jarduera sozialek ere laguntza jaso ahal izango dute, nahiz eta ez diren Zarautzen garatzen.

Ezingo dute oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan:

— Azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, Dirulaguntzei buruzkoak, 13.2 artikuluan aurreikusten duen egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

— 26/2015 Lege Organikoak, uztailaren 28koak, ezarritakoari jarraikiz, sexu-delituengatik administrazio-, lan- edo zigor-arloko zehapenak jaso dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoei.

— Emakume eta Gizonen Benetako Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoei.

— Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioaren aurkako helburuak, sarbide-sistemak, funtzionamendua, ibilbidea, jarduera, antolaketa edo estatutuak dituzten, eta sexuaren, ideologiaren, jaioterriaren, nazionalitatearen edo sexu-joeraren ziozko diskriminazioa egiten duten pertsona fisiko nahiz juridikoei (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zarauzko Udal Ordenantzaren 38. artikulua).

— Berdintasunerako eta sexuagatik diskriminatuta ez izateko eskubidea urratzeagatik administrazio-, lan- edo zigor-arloko zehapenak jaso dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoei (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zarauzko Udal Ordenantzaren 38. artikulua).

Erakundeek, kasuen arabera, lekukotza judizialaren bidez edo ziurtagiri bidez egiaztatu dezakete onuradun izaera lortzeko debekuetan sartuta ez daudela. Eta agiriok eskuratu ezin direnean, horien ordez, aitorpenarenak aurkez daitezke. 


3.  Eskaerak

Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren urteko deialdian zehazten den eskabide ofizialaren eredua betez egingo da eskaera, eta hilabeteko epean aurkeztu behar da deialdia hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita. 

Eskaera Zarauzko Udalaren zerbitzu telematikoen bitartez egin ahal izango da:

https://uzt.Gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/segundaPag.do?ayto=079&aytoE=079&elem=11568.

Edo, bestela, Udalaren Erregistro Orokorrean (Etxezabala, Kale Nagusia 29), astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara, eta ostegunetan 7:30etik 15:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Eskariak aurkezteak, deialdi honetan jasotako baldintza guztiak onartzen direla esan nahi du.       

Proiektuak, II. eranskineko inprimaki ereduari jarraiki aurkeztuko dira.

Erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu bakar bat onartuko da.

Eskabidearekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

— Erakunde eskatzailearen pertsona arduradunaren edo ordezkariaren NANaren fotokopia.

— Elkarteak, dagokion erregistroan eginiko izenematearen kopia.

— Identifikazio Fiskaleko Kodearen kopia.

— Aurreikusten diren gastuen eta diru-sarreren aurrekontua. Eskariaren xede diren ekintzengatik beste edozein laguntza zertan den adieraztea (emanda zein tramitean). II. eranskinean.

— Zinpeko aitorpena, Euskal Administrazio Publikotik dirulaguntzaren bat jaso ondorengo betebeharrak ez betetzeagatik ez dela zigortua izan adieraziz. IV. eranskina.         

— Zinpeko aitorpena, adierazten duena, batetik, sexuaren ziozko diskriminaziorik ez dela egiten kideak aukeratzeko prozesuan ezta lan-jardunean ere, eta bestetik, administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ezarrita eta indarrean ez duela sexuagatik diskriminazioa egin izanagatik. V. eranskina.  

— Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eta Zarauzko Udalarena.   

— Betebehar horiek bete izanaren egiaztapena errazteko, pertsona edo erakunde eskatzaileak eskaeran organo emaileak zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzakoak betetzearen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez lortzeko baimena erantsi ahal izango du, eta kasu horretan ez ditu horiei dagozkien egiaztapenak ekarri beharko. VI. eranskina.           

Entitate eskatzailearen estatutuak, lehendik jada Udalari entregatu bazaizkio izan ezik, baina estatutuak zein egun, organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da, betiere dokumentu horiek loturik diren prozedura bukatu eta bost urte baino gehiago igaro ez bada.    

4.  Erakunde onuradunaren betebeharrak.

— Aurkeztutako proiektua edo jarduera euskaraz edo elebitan gauzatuko da arlo guztietan (hedapenean eta jarduera bera gauzatzerakoan ere bai). Elebietan egiten denean, euskara lehenetsiko da beti. Irizpide honetatik kanpo geratuko dira, jatorriz, euskaldun ez diren hizlari, mahaikide eta antzerakoak, beren solasgaiak edo jatorriak hala eskatuko balu.           

— 18 urtez azpiko haur, nerabe eta gazteentzat berariaz antolatutako jardueretan euskararen erabilera bereziki zainduko da.

— Komunikazio ez-sexista erabiliko da dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan; ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudi edo estereotipo sexistarik; eta berdintasuna, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzunkidetasuna, genero-rol eta identitate ugaritasuna helarazten duen irudia bultzatuko da.

5.  Dirulagutnzak emateko prozedura.

Dirulaguntza hauek norgehiagoka araubidez emango dira, eta prozedura ofizioz hasiko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean urtero argitaratuko den deialdiaren bitartez. 

6.  Balorazio irizpideak.

Irizpide eta balorazio-muga hauek kontuan izanda onartuko diren proiektuak hautatuko dira (gehienez 100 puntu). Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.       

Hartzaileak (gehienez 10 puntu):

— Elkarteko kideak: gehienez 5 puntu.

— Herritarrak orokorrean: gehienez 5 puntu.

Elkartea (gehienez 35 puntu):

— Udal Gizarte Zerbitzuekin izandako lankidetza (gehienez 10 puntu).

— Elkarteak bere egoitza nagusia edo legez eratutako ordezkaritza Zarautzen edukitzea (gehienez 5 puntu).

— Erakunde eskatzaileak Zarautzen duen esperientzia (gehienez 5 puntu).

— Zarauzko bazkide/kide kopurua (gehienez 5 puntu).   

— Elkartearen zuzendaritza-batzordean emakumeen parte-hartzea gutxienez %40koa izatea (gehienez 5 puntu).

— Zarauzko boluntario kopurua (gehienez 5 puntu).

Jardueraren eragina (gehienez 55 puntu).

— Zarauzko parte-hartzaileen edo onuradunen kopurua (gehienez 10 puntu).

— Programa edo zerbitzua Zarautzen egitea (gehienez 10 puntu).

— Proiektuaren kalitatea (gehienez 20 puntu).

— Udaleko Gizarte Zerbitzuetako berezko esku-hartzeen esparruko funtzioak osatzea (gehienez 10 puntu).  

— Genero ikuspegia txertatzea (gehienez 5 puntu).

7.  Instrukzioa.

1.  Hauek dira dirulaguntzaren emakida-prozedura tramitatzeko eskumena duten organoak:

a)  Instrukzioa (instrukzio-organoa): Gizarte Zerbitzuetako Departamentuan adskribatutako teknikaria.

b)  Kide anitzeko organoa: dagokion batzordeko kideek osatutakoa.

2.  Instrukzio-organoak egingo ditu, ofizioz, datuak zehazteko, eskuratzeko eta egiaztatzeko beharrezko iruditzen zaizkion ekintza guztiak, gero, horien arabera, ebazpen-proposamena egiteko.

3.  Eskaera bakoitzari buruz egingo den aurrebaluazioarekin emango zaio hasiera instrukzio faseari. Aurrebaluazioan ziurtatuko da eskaera egin duen pertsonak betetzen dituela dirulaguntzaren onuradun izateko jarritako baldintzak, eta aurkeztutako dokumentazioa osatua eta zuzena dela.               

4.  Instrukzio-organoak eskaeren ebaluazioa egingo du, deialdian jarritako balorazio-irizpideen arabera.    

5.  Eskaerak ebaluatu ondoren, kide anitzeko organoak txostena egingo du, eta hor zehaztuko da zein den egindako ebaluazioaren emaitza.

6.  Espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, instrukzio-organoak behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen-proposamen hori interesdunei jakinaraziko zaie.

Interesdunek argudiatutako egintzak, alegazioak eta probak bakarrik agertzen badira prozeduran eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, orduan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan, ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.

7.  Ebaluazioaren ondorioa dirulaguntza ez ematekoa baldin bada, behin betiko ebazpena eman aurretik, 10 eguneko epea eskainiko zaie interesdunei, entzunaldiaren tramitean nahi dituzten alegazioak aurkez ditzaten.             

8.  Ebazpena.

1.  Ebazpena egitea Zarauzko Udaleko Alkatetzari dagokio, edo, delegazioz, Tokiko Gobernu Batzarrari.

2.  Dirulaguntza lerro bakoitzaren oinarri arautzaile espezifikoetan xedatutakoaren arabera arrazoituko da ebazpena. Dena den, prozeduran frogatuta gelditu beharko dira hartuko den ebazpenaren oinarriak, dirulaguntzak arautzen dituzten irizpide objektiboen arabera.         

3.  Dirulaguntza emateko ebazpenak espresuki adierazi beharko ditu honako hauek: dirulaguntzaren xedea, dirulaguntza eskuratuko duen eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda, zenbatekoa, ordaintzeko erak eta epeak eta dirulaguntza lerro bakoitzaren oinarri espezifiko arautzaileetan eskatzen diren gainerako baldintzak eta betebeharrak. Era berean, ebazpenak adierazi beharko ditu haren aurka zer errekurtso jar daitezkeen, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren eta zein epe dagoen hori egiteko, beti ere interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso erabiltzeko eskubideari utzi gabe.

4.  Gehienez sei hilabetean eman eta jakinaraziko da prozeduraren ebazpena. Deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen epe hori.        

5.  Oinarri hauetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedurari dagokionez, gerta daitezkeen presuntziozko egintzak ezeztatzaileak izango dira, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.           

6.  Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta jakinarazpen hori artikuluak berak jasotzen dituen xedapenenekin bat etorrita egingo da. Horrez gain, Zarauzko Udalaren web-orrian ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak.

9.  Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Aurkeztutako proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du 2.500 euro gainditu.

Onartu beharreko dirulaguntzak murriztu ahal izango dira, hautatutako proiektuen artean aurrekontu-kontsignazio erabilgarriak soilik partzialki estaltzen duen azken proiekturen bat edo batzuk sartzeko.

Baldin aurrekontu-kontsignazio eskuragarriarekin, eskatutako zenbatekoen zati bat estaltzeko soilik iristen bada, emandako zenbatekoak proportzionalki banatuko dira, baldintza berdinetan, onartutako dirulaguntza guztien artean.

10.  Dirulaguntzaren ordainketa.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren ekintzen berezitasunei erreparatuta, zenbatekoaren %70 dirulaguntza ebazten denean ordaindu ahal izango da, eta gainontzeko %30a diruz lagundutako jarduera amaitu eta hori behar bezala justifikatu ostean.

Dena den, ordainketak aurreratu ahal izango dira (dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako moduan), baldin eta aurretik justifikatzen bada finantzazio hori beharrezkoa dela diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko.             

11.  Proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko epea.

Dirulaguntza eman den urtean bertan hasi behar da proiektua, eta justifikazioa aurkezteko azken eguna 2021eko otsailaren 28a izango da.

12.  Dirulaguntzaren erabilera justifikatzea.

Udaleko Ordenantza Orokorraren 22.1.d) artikuluan jartzen duen bezala, onuradunak bere gastu eta diru-sarrera guztien kontuak aurkeztu beharko ditu (urteko jarduerak egiteko dirulaguntzen kasuan) edo jarduera edo programa espezifiko bati dagozkion guztiak (jarduera edo programa zehatz bat egiteko ematen den dirulaguntzaren kasuan). Beraz, diruz lagundutako proiektuaren, jardueraren edo programaren %100 justifikatu behar du. Justifikatutako gastuak aurrekontuan sartutakoak baino txikiagoak badira, portzentaje berean murriztuko da emandako dirulaguntza.      


Justifikatzeko, Justifikazio Kontu Sinplifikatua erabili ahalko da, 887/2006 Errege Dekretuak, uztailaren 21ekoak, 75. artikuluan jartzen duen moduan, eta dokumentazio hau edukiko du:

— Dirulaguntzaren emakidan jarritako baldintzak bete direla justifikatzeko jarduera-memoria bat; egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira bertan.    

— Jardueraren gastuen eta inbertsioen ordainketaren aitorpen arduratsua, honakoak adierazita: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Dirulaguntza gutxi gorabeherako aurrekontu baten arabera ematen bada, gertatutako desbiderapenak adieraziko dira.

— Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen aitorpen arduratsua, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.

— Hala badagokio, aplikatu gabeko soberakinen eta horietatik sortutako interesen itzuleraren ordainketa-gutuna.         

«Moneta-unitateak» izeneko lagin-teknikaren bidez egiaztatuko dira gastuaren frogagiriak, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko.           

Edonola ere, gastuen jatorrizko frogagiriak edo froga-balio bereko beste agiri batzuk izango dira gastuen frogagiriak. Agiriok balioa edota eraginkortasun administratiboa izango dute merkatuko trafiko juridikoan, erregelamendu bidez jarritakoaren arabera.

Dirulaguntza justifikatzeko txostena, lehentasunez, euskaraz idatziko da, interesdunek bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan harremanak izateko duten eskubidea bazter utzi gabe.

13.  Zuzkidura eta aurrekontuko partida.

Deialdi honen bidez dirulaguntzak emateko zenbatekoa gehienez ere 35.988,00 eurokoa da, aurrekontuko 0503.481.01. 231.31 2020 partidan egoztekoa.

14.  Publizitatea.

Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da emandako dirulaguntzen zerrenda.           

Bestalde, diruz lagundutako edonolako programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren izaera publikoari buruzko publizitatea egin beharko du dirulaguntzaren onuradunak (euskaraz).    

15.  Araudia.

Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan arau hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra (azaroaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala); horren garapenerako Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua (uztailaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofiziala); eta Zarauzko Udalak dirulaguntzak emateko Ordenantza Orokor arautzailea (2018ko abenduaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 232 zk) eta Gizarte Zerbitzuetako dirulaguntzak emateko Oinarri Espezifikoak (2019ko otsailaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 33 zk.).           

16.  Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hilabeteko epean deialdia onartu duen organo eskudunari, edo zuzenean aurka egin ahal izango zaio bi hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari.     

Epeak, bi kasuetan, oinarri hauen argitalpenaren biharamunetik hasita kontatuko dira.»

Hala jasota gera dadin eta dagokion lekuan eragina izan dezan, ziurtagiri hau egin eta sinatu dut, alkate jaunak ontzat emana.

Zarautz, 2020ko ekainaren 16a.—Alkatea.       (2880)