2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

Museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia, Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak eta osasun segurtasunari lotutakoak ordaintzeko.

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2020ko ekainaren 16an:

Turismo jarduera aberastasuna eta enplegua sortzen duen sektore ekonomiko bat da Gipuzkoako Lurralde Historikoarentzat, eta seguruenik azken urteotan portaera onena izan duena, gure lurraldera etorri diren turisten kopuruan ikus daitekeenez.   

Gipuzkoa da bere ekonomian turismoaren trakzio inpaktu handiena duen lurralde historikoa. Barne produktu gordinaren % 7,6 da; beraz, lurraldearen erronka da turismoa industria gisa aitortzea, eta gizartean dituen onurak integratze eta ezagutaraztea.

Ikuspuntu horretatik, turismo jasangarria turismo industriaren profesionaltasun eta bikaintasunaren aldeko konpromiso sendoa da; eta bere helburuak dira, batetik, hazkunde ekonomiko jasangarria eta inklusiboa sustatzea, eta, bestetik, enplegua eta aberastasuna sortzea lurralde osoan, desberdintasun sozialak saihestuz.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo Kudeaketa mota bat landu nahi du, non bertako pertsonen eta bisitarien arteko esperientzien truke positiboa gozamenerako izango den; non bisitarien eta komunitatearen arteko erlazioa positiboa izango den; eta non bisitarien jarrera benetan partaidetzazkoa izango den, bere bidaia-esperientzian.

Kudeaketa horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergo irmoa exijitzen du turismoa gobernatzeko interaktiboa, adostua eta horizontalagoa den prozesu gisa; non sektore publikoak eta eragile ekonomikoek eta sozialek parte hartuko duten, eta lankidetza handia eta lurraldearen Kudeaketa egokia erraztuko den.

Alabaina, Covid-19a mundu osoan eragiten ari den osasun publikoko larrialdi egoeraren hedapen esponentzialak eragin handia dauka Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Gipuzkoan ere, eta muturreko egoera bat sortzen ari da turismo sektorean, bereziki museo, interpretazio zentro eta antzokietan, euren jarduerari larriki eraginez.       

Krisi egoera honi erantzuna emateko, neurri batzuk berehala hartu behar dira. Horietako batzuk Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak ordaintzeko eta langile eta bisitarien osasun segurtasunarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko dirulaguntza programa honetan jasotzen dira.              

Dirulaguntza lerro hau ez dago sartuta Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bilkuran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Beraz, lerroa ezarri aurretik, han sartu behar da.     

Ondorioz, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak batera proposaturik, Diputatuen Kontseiluak, eztabaidatu ondoren, honako hau

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.    Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bilkuran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzea ondorengo dirulaguntza hauek: museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzendutakoak, Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak eta osasun segurtasunari lotutakoak ordaintzeko; eta dagokion fitxa onartzea.

Bigarren.    Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak eta osasun segurtasunari lotutakoak ordaintzeko museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzea; erabaki honen I. eranskinean jaso dira.          

Hirugarren.    Onartzea aipatutako dirulaguntzen 2020ko deialdia, erabaki honen II. eranskinean jasota dagoena.        

Laugarren.    Baimentzea 100.000,00 euroko gastua, deialdi hau gauzatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretako ondorengo kontu-sailen kargura:              

— 1 0230.300.470.00.11.2020: 12.500 euro.

— 1 0230.300.461.01.03.2020: 75.000 euro.

— 1 0230.300.481.00.17.2020: 12.500 euro.

Baimendutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du, aurkeztutako eskaerak ebatzi aurretik, aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena duen organoak, deialdi berri bat egin beharrik izan gabe. Zenbateko gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.            

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio-bideari amaiera ematen dio. Interesdunek erabakiaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko diote, zuzenean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik hasita.

Hala ere, aldez aurretik, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Diputatuen Kontseiluari, hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik hasita. Kasu horretan, ezingo da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu berraztertzeko errekurtsoari espresuki erantzun arte edo ustezko ezestea gertatu arte. Horrez guztiaz gain, egokitzat jotako beste errekurtso oro aurkeztu ahalko da.   

Donostia, 2020ko ekainaren 17a.—Segundo Díez Molinero, Departamentuko idazkari teknikoa.   (2847)

I. ERANSKINA

Museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak, Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak eta osasun segurtasunari lotutakoak ordaintzeko.

1. oinarria.  Dirulaguntzaren objektua.

1.1.  Covid-19a mundu osoan eragiten ari den osasun publikoko larrialdi egoeraren hedapen esponentzialak eragin handia dauka Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Gipuzkoako Lurralde Historikoan ere, eta muturreko egoera bat sortzen ari da turismo sektorean, bereziki museo, interpretazio zentro eta antzokietan, euren jarduerari larriki eraginez.             


1.2.  Programa honen objektua da Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak ordaintzeko eta langile eta bisitarien osasun segurtasunarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko dirulaguntzak arautzea.

2. oinarria.  Entitate onuradunak.

2.1.  Gipuzkoako museoen, interpretazio zentroen edo antzokien titularrak diren udalek, enpresek, fundazioek edo elkarteek izango dute dirulaguntza hauek jasotzeko aukera.

2.2.  Antzokien kasuan, Euskadiko Antzoki Sarea osatzen duten Gipuzkoako antzokiek izango dute dirulaguntza hauek jasotzeko aukera.

2.3.  Museo eta interpretazio zentroen kasuan, jendearentzat irekiak egongo dira asteburuetan eta, gutxienez, astean 5 egunez.

2.4.  Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke aurreko ataletan aipatzen diren entitateak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

— Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan ezarritako debekuen eraginpean ez egotea.

— Zigor administratiborik edo penalik ez izatea sexu diskriminazioa dela eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aurreikusitakoaren arabera.     

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztuko du.

— Zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean egotea.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

3. oinarria.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

3.1.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira segurtasun protokoloak aplikatzekoak eta osasun segurtasunarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzekoak.

3.2.  Aintzat hartuko dira soilik dirulaguntzaren xede den jarduerekin zalantzarik gabe identifikatu daitezkeen gastuak.               

Fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

3.3.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko maiatzaren 1etik irailaren 30ra artekoak izango dira.

4. oinarria.  Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

4.1.  Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluari jarraikiz, eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea betez.  

Elektronikoki aurkezten ez bada, aipatu legearen 68.4 artikulua aplikatuko da.

4.2.  Zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabilita entitate eskatzailearen ordezkaria dela egiaztatzen duen pertsonak sinatu behar du dirulaguntza eskaera.

Deialdiak zehaztuko du entitate bakoitzak zenbat proiektu aurkez ditzakeen gehienez, edo zenbat onartu daitezkeen entitate bakoitzeko.

4.3.  Deialdiari buruzko informazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko «dirulaguntzen atarian» eskura egongo da: www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak.

4.4.  Eskaerak aurkezteko epea deialdian zehaztuko da. 

4.5.  Eskaera egin duten erakundeak ez daude beharturik Gipuzkoako Foru Aldundiari aurrez eman diren dokumentuak aurkeztera. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluak zehazten duenari jarraituz. Kasu hauetan, eskaera orrian zehaztu beharko du noiz eta zer organo edo dependentziatan aurkeztu edo igorri ziren aipatutako dokumentuak. Dokumentazioa lortzea ezinezkoa den kasuetan, organo eskumena duen organoak eskatu ahal izango dio eskaera egin duen erakundeari, edo aurkez dezala, edo, ezin badu, beste nolabait egiazta ditzala dokumentuan egiaztatu beharreko eskakizunak.             

4.6.  Aurkeztutako eskaera behar bezala ebaluatu eta ebazteko behar adina dokumentu eta informazio eska ditzake Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak.

4.7.  Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek, identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke eskatzaileari hutsegite horiek konpontzeko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran.     

5. oinarria.  Laguntzak emateko prozedura.

Programa museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzenduta dago; izan ere Covid-19 koronabirusak eragindako krisia dela eta, sektorea nabarmen ukituta gertatu da. Turismo sektoreak eta, bereziki, oinarri hauetan aipatzen diren entitate onuradun guztiek eragin zuzena jasan dute, eta horrek zaildu egiten du deialdia elkarrekiko norgehiagoka prozedura baten bidez egitea.

Horregatik, eskaerak ebazterakoan, kontuan hartuko da eskaeren jasotze hurrenkera, eta horren arabera banatuko dira funtsak, baldin eta deialdian ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte eta 7. oinarrian zehaztutako mugak eta zenbatekoak gainditu gabe.

6. oinarria.  Finantzaketa.

Emango diren dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdian zehaztuko da zein aurrekontu kredituren kargura finantzatuko diren dirulaguntzak.             

7. oinarria.  Dirulaguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak.

Jasotako dirulaguntzak ezingo du gainditu diruz lagungarrien %80, muga hauekin:

— 1.000 euro, diruz laguntzen den aretoak gehienez 3 langile baditu.

— 1.500 euro, diruz laguntzen den aretoak 4 langile edo gehiago baditu.

8. oinarria.  Prozedura izapidetzeko eta antolatzeko eskumena duen organoa.

Prozedura izapidetuko duen organoa Turismo Zuzendaritza Nagusia izango da, aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituena.

9. oinarria.  Ebazpena.

9.1.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia Turismoko zuzendari nagusiak hartuko du.               

9.2.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia eskatzaile bakoitzari indibidualki jakinaraziko zaio. Hala eta guztiz ere, organo emaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9.3.  Onuradunak 10 eguneko epea izango du, jakinarazpenaren datatik aurrera, dirulaguntza onartzeko. Kontrakoa berariaz jakinarazten ez bada, tazituki onartutzat joko da. Dirulaguntzari ondoren uko egitea, aldez aurretik eta garbi justifikatu gabe, ez-betetzetzat ulertuko da eta, beraz, zigorra ekar dezake.   

10. oinarria.  Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.        

10.1.  Erakunde onuradunek dirulaguntza onartzeak berekin dakar honako hauetan ezartzen diren betekizunen pean egotea: oinarri hauek; martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa; eta hura garatzeko Erreglamendua, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartua. Bestalde, konpromiso hauek hartuko dituzte:              

— Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpide nagusiak betetzea diruz lagundutako jardueretan, bereziki alderdi hauei dagokienez: hizkera eta irudiak modu ez sexistan erabiltzea eta diruz lagundutako jarduera ebaluatzeko irizpideetan genero adierazleak sartzea.

— Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea diruz lagundutako proiektuaren ondorioz egiten diren jakinarazpen, material eta jardueretan.             

— Departamentuak dirulaguntzaren xederako ematen duen finantzaketari beharrezko publizitatea ematea. Horretarako, haren irudi instituzionala sartuko da, finantzaketa publikoari eta esku hartze publikoko programaren xedeari buruzko aipamenekin batera, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta abarretan, hedabideetan egiten diren aipamenekin batera.

10.2.  Diruz lagungarri izateak berekin dakar erakundeek Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari proiektuari buruzko informazioa ematea eta baimena ematea komunikaziorako erabil dezaten, betiere baliabide publikoen erabileraren gardentasuna sustatze aldera. 

10.3.  Laguntza onartzearekin, onuradunak baimena ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari legez dagozkion edo programaren kofinantzazioagatik aplikatu dakizkiokeen datu baseetan sartzeko dirulaguntzari buruzko informazioa.

11. oinarria.  Bateragarritasuna eta bateragarritasun-eza beste dirulaguntzekin.

11.1.  Dirulaguntza hauekin ez dira izango bateragarriak Gipuzkoako Foru Aldunditik xede berarekin jaso daitezkeen beste laguntzak; aitzitik, bateragarriak izango dira xede berarekin beste edozein erakunde publiko edo pribatu nazional edo europarrek emandako dirulaguntza, sarrera edo baliabideak, baldin eta ez badute jardueraren kostua gainditzen, betiere beste dirulaguntza horien araudiak horren inguruan ezar dezakeena eragotzi gabe.     


Oinarri hauek arautzen duten dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua, eta ezin da izan ez bakarka, ez beste dirulaguntza batzuekin batera, ez beste herri administrazio batzuen laguntzekin batera.

11.2.  Oinarri hauen arabera diruz lagundutako proiektua garatzeko dirulaguntza bat eskatzen edo lortzen duen entitate onuradunak horren berri eman beharko dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari.    

12. oinarria.  Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hurrengo oinarrian aurreikusitako justifikazioa aurkeztu eta gero ordainduko da.

13. oinarria.  Dirulaguntza zuritzea.

13.1.  Erakunde onuradunek deialdiaren urteko urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute dirulaguntza.            

13.2.  Enpresa onuradunek zuriketa kontu sinplifikatu bat aurkeztu beharko dute, ondorengo agiriak erantsiz:

— Eginiko jardueren memoria zehaztua.

— Gastuen zerrenda sailkatua.

— Fakturak, edo merkatuko trafiko juridikoan pareko froga-balioa duten gainerako agiriak, edo administrazioan eraginkortasuna dutenak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan sartutakoak.

— Beste laguntza batzuen deklarazioa: proiektu beragatik eskatutako edo eskuratutako laguntzak eta bestelako dirulaguntzak.

13.3.  Oinarri honetako aurreko atalean adierazitako agiriak aurkeztutakoan, espedientearen instruktoreak beharrezko egiaztapenak egingo ditu.

Egiaztapen horretatik ondorioztatzen bada diruz lagundu daitekeen kostua emandako dirulaguntza baino txikiagoa dela, doitu egingo da dirulaguntza. Dirulaguntza edo azken horrek xede zeukana justifikatzeko ezarritako eskakizunak erabat edo neurri batean hautsiz gero, interesdunari jakinarazi egingo zaio, egindako egiaztapenaren emaitzekin batera, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela adierazteko prozedura hasiko da, edo, behar izanez gero, 15. oinarrian ezarritakoaren arabera, ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko prozedura.

13.4.  Dirulaguntzaren entitate onuradunek gutxienez 4 urtez gorde beharko dituzte nahitaez laguntza ematea bultzatu zuen jarduera burutu izanaren eta jasotako fondoak aplikatu izanaren egiaztagiriak. Epe hori kontatzen hasiko da enpresa onuradunek aipatu ziurtagiriak aurkezteko ezarrita dagoen denbora amaitzen denetik aurrera.        

13.5.  Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea amaitu eta ez badira bigarren atalean aipatutako agiriak aurkeztu, organo eskudunak 14 eguneko epea emango dio onuradunei agiri horiek aurkezteko. Beste epe horretan ez bada eskatutako dokumentazioa aurkezten, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta hasiera emango zaio jasotakoa itzultzeko 15. oinarrian aurreikusten den prozedurari.  

14. oinarria.  Ebazpena aldatzea.

14.1.  Diruz lagundutako jarduera burutzeko epea amaitu baino 10 egun aurretik, onuradunek eskatu ahal izango diote organo emaileari aldaketak egin ditzala ebazpenean: Hain zuzen ere, zehaztutako epeak zabaltzea, emandako diru kopurua murriztea edo jardueran jasotako ekintzak aldatzea dakarten aldaketak. Aldaketa horiek onartuko dira aurreikusi gabeko gorabeherek eragindakoak badira edo jarduera ondo amaitzeko beharrezkoak badira, baldin eta dirulaguntzaren xedea edo helburua aldatzen ez bada eta hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluak zehazten duenari jarraituz. Ez da eskaerarik aurkeztu beharko jardueraren aurrekontuko balioespen izaera duten kontzeptuetan aldaketak egiteko.

14.2.  Organo emaileak ofizioz aldatu ahal izango du dirulaguntza emateko ebazpena, aldez aurretik enpresa interesatuari entzunda eta fondoak aplikatu aurretik, baldin eta, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu izanaren ondorioz, zaila edo ezinezkoa bada lortu nahi zen interes publikoa lortzea, eta onuradunari kalte ekonomikorik eragiten ez bazaio.

14.3.  Entitate onuradunak egiaztapen-agirian jakinarazten badu aldatu egin direla dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak eta, aldaketa horiek direla eta, lehen adierazi eran ebazpena aldatzea zilegi zatekeela, baina aldaketa onartu aurreko baimen administratiboaren tramitea ez zela egin bere garaian, departamentuak onartu egin ahal izango du aurkeztu dioten egiaztapen-agiria, baldin eta erabaki horrek hirugarren batzuen eskubideak urratzen ez baditu.

15. oinarria.  Ez-betetzeak.

15.1.  Entitate onuradunak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan eta gainontzeko araudi aplikagarrian ezarrita dauden baldintzetakoren bat, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du erabat edo neurri batean, eta jasotakoa itzuli beharko du osorik edo neurri batean, aipatutako foru arauaren 35. artikuluan xedatutakoaren arabera legozkiokeen berandutza interesekin batera, eta, erantzukizunak eskatuko zaizkio, aipatutako foru arauaren 49. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

15.2.  Martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauari jarraituz, aurreikusitakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua ez bada egiten edo zati batean bakarrik egiten bada, eta departamentuari ez bazaio hori zuritzeko jakinarazpenik egiten, zigor prozedura hasi ahal izango da proportzionaltasun irizpideak erabiliz, kontuan hartuta proiektu osotik egindako lanak eta jasotako zenbatekoak.

15.3.  Ez betetzeak mailakatzeko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, eta instruktoreak balioetsiko ditu proiektu osoarekiko eta jasotako zenbatekoekiko egindako lanak kontuan hartuta.

15.4.  Borondatezko itzulketatzat jotzen da pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza ematen duen organoak eskatu gabe egiten duena.

Itzultzeko prozedura hasteko, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari, eta bertan, datu hauek sartu behar ditu, nolanahi ere:

— Entitatearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Ordezkariaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Borondatezko itzulketa egiteko arrazoien azalpena.     

— Tokia eta data.

— Sinadura.

Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa egin dela finantza-erakundearen ES73 2095 0611 09 1061070594 kontu zenbakian.

Borondatezko itzulketa gertatzen denean, dagozkion berandutza interesak kalkulatuko ditu dirulaguntza ematen duen organoak.

16. oinarria.  Araubide juridikoa.

16.1.  Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak arautzeko kontuan hartuko dira martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoan, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako Erregelamenduan, eta dirulaguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarrietan ezarritakoa.

16.2.  Laguntza hau barne merkatuarekin bateragarria den estatu-laguntzatzat jotzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3.b) artikuluaren babesean, Europako Batzordeak «Covid-19ren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruan» eta Aldi Baterako Esparru horren barruan sartuta dago egungo agerraldian ekonomiari laguntzeko ondorengo erako estatu-laguntzak emateko: zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, abantaila fiskalak edo ordainketakoak, maileguen gaineko bermeak eta maileguetarako subsidiatutako interes-tasak, 2020ko martxoaren 27an jakinarazia izan da eta Batzordeak 2020ko apirilaren 2an onartua (SA.56851 espedientean).

II. ERANSKINA

Museoei, interpretazio zentroei eta antzokiei zuzendutako dirulaguntzen 2020ko deialdia, Covid-19 osteko irekiera protokoloen gastuak eta osasun segurtasunari lotutakoak ordaintzeko.

1.    Finantzaketa.

1.1.  Guztira deialdi honetan emango diren laguntzen zenbatekoa ehun mila (100.000,00 €) eurokoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorreko ondorengo kontu sailen kargura:

— 1 0230.300.470.00.11.2020: 12.500 euro.

— 1 0230.300.461.01.03.2020: 75.000 euro.

— 1 0230.300.481.00.17.2020: 12.500 euro.

1.2.  Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.       

2.    Baldintzak.

2.1.  Gipuzkoako museoen, interpretazio zentroen edo antzokien titularrak diren udalek, enpresek, fundazioek edo elkarteek izango dute dirulaguntza hauek jasotzeko aukera.

2.2.  Antzokien kasuan, Euskadiko Antzoki Sarea osatzen duten Gipuzkoako antzokiek izango dute dirulaguntza hauek jasotzeko aukera.

2.3.  Museo eta interpretazio zentroen kasuan, jendearentzat irekiak egongo dira asteburuetan eta, gutxienez, astean 5 egunez.

2.4.  Entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du deialdi bakoitzean, titular den museo, interpretazio zentro eta/edo antzoki bakoitzeko.

3.    Dirulaguntzaren xede diren jarduerak eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

3.1.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira segurtasun protokoloak aplikatzekoak eta osasun segurtasunarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzekoak.

3.2.  Egotzitako gastuak, 2020ko maiatzaren 1etik irailaren 30era artekoak izango dira.

4.    Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoa.

Jasotako dirulaguntzak ezingo du gainditu diruz lagungarrien %80, muga hauekin:

— 1.000 euro, diruz laguntzen den aretoak gehienez 3 langile baditu.

— 1.500 euro, diruz laguntzen den aretoak 4 langile edo gehiago baditu.

5.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.    Jarduera hasteko epea.

Ontzat emango dira bakarrik 2020ko maiatzaren 1etik aurrera egindako gastuak.

7.    Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

7.1.  «Dirulaguntzen ataritik» sartuko da eskatzailea eskaerara. Eredua eranskinean dago eta horrekin batera ondorengo dokumentazioa erantsi beharko zaio:

— Eskaera orria behar bezala beteta.

— Gastuen fakturak edo aurrekontuak.

7.2.  Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak, aurkeztutako jarduerak ondo ebaluatu eta erabakitzeko beharrezkotzat jotako informazio oro eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako hamar eguneko epean informazio hori ez bada aurkeztu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta beste izapiderik gabe artxibatu egingo da, aipatutako legeko 21.1 artikuluan ezarritakoaren araberako administrazio-ebazpenaren bidez.

8.    Dirulaguntzak zuritu eta ordaintzea.

8.1.  Erakunde onuradunek proiektua bere osotasunean egin dutela zuritu beharko dute 2020ko urriaren 31 baino lehen.

8.2.  Dirulaguntza honako hauek aurkeztu ondoren ordainduko da:

— Gauzatutako jardueraren memoria zehatza.

— Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua.

— Merkataritzako trafiko juridikoan pareko froga-balioa duten edo eraginkortasun administratiboa duten fakturak edo dokumentuak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotakoak.            

— Beste laguntza batzuen deklarazioa: proiektu beragatik eskatutako edo eskuratutako laguntzak eta bestelako dirulaguntzak.

9.    Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea.

Dirulaguntza onartzeko ala ezesteko erabakia jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izango da, eskaera jaso den egunetik hasita. Eskaera jaso den eguntzat hartuko da, deialdiko baldintza guztiak betetzen eta espedientea osatua dagoela ziurtatzen den dokumentazioa jaso den azken data. Gehieneko epea amaituta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, interesatuak legitimatuta daude dirulaguntza eskaera isiltasun administratiboagatik ezetsita dagoela ulertzeko.           

Erabakia eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eta, horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 17. artikuluari jarraiki.