2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko programaren oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia.

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2020ko ekainaren 9an:

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren bidez, jarraitu egin nahi du Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko konpromisoa sendotzen; eta horrek eskatzen du eskulangintza sorkuntza, ekoizpena eta banaketa bere gain hartzea eta sustatzea, modu proaktiboan, bai ikuspegi tradizionalari bai gaur egungoari dagokionez.

Konpromiso horren bitartez lortu nahi da sektorea bera ahalduntzea; bere ikusgarritasuna indartzea; profesionaltasun, prestigio eta kalitateko ingurune batean kokatzea; eta sektorearen bideragarritasun ekonomikoa eta soziala garatzea. Horretarako, oinarri gisa hartuko da komunitateen eta herrien kultura ondarea eta identitatea eratzen duten ezaugarri multzoa biltzen duten eskulangintzako produktuen bilakaera historikoa; tradizioa eta berrikuntza, lengoaiak eta estetikak uztartuz.

Gipuzkoan, horrek guztiak dakar estrategia bat aurrera eramatea eskulangintzaren sektorearentzat etorkizun iraunkor bat, soziala eta ekonomikoa lortzeko, sektoreko harreman eredu berrietan oinarritua. Eredu horien helmugak honako hauek izango dira: lankidetza, antolakuntza eta sustapena; alegia, eskulangintzaren ikuspegi soziala, kulturala eta ekonomikoa integratuko dituztenak.

Eta aurreko ekitaldietan lortutako emaitzak positiboki baloratzen diren arren eta, oro har, laguntzen oinarri arautzaileak egokiak izanik, beharrezkotzat jotzen da, Covid-19ak Gipuzkoako gizarte eta ekonomia osoari eta, bereziki, eskulangintza-sektoreari eragindako krisiaren aurrean, lortu beharreko helburuak eta lehentasunak birbideratzea eta horiek garatzeko modua lortzea.

Hori dela eta, funtsezko helburu gisa ezarri da sektoreko jarduerari eta enpleguari eusten laguntzea, funtsezko bi lehentasunen bidez: bata, finantzaketa eta likidezia ematea jarduerari eusteko; eta, bestea, merkatuarekiko eta bezeroekiko hurbiltasuna indartzea, bai on line bidez, bai orain arteko biderik funtsezkoena izan den azoka presentzialen bidez.        

Dirulaguntza hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude.           

Ondorioz, Gipuzkoako Eskulangintzako Kontseiluak esandakoa entzun ondoren, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta gaiaz hitz egin ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Onartzea «Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko programa» izeneko dirulaguntzen oinarri arautzaileak, erabaki honen I. eranskinean jasotzen den moduan.        

Bigarren.  Onartzea aipatutako dirulaguntzen 2020ko deialdia, erabaki honen II. eranskinean jasota dagoena.            

Hirugarren.  Deialdi hau gauzatzeko 409.446,00 euroko gastua baimentzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretarako kontu sail hauen kargura:        

1.0210.110.470.00.02.2020: 121.771,00 €.

5.0210.110.470.00.02.2021: 143.325,00 €.

1.0210.110.770.00.01.2020: 67.175,00 €.

5.0210.110.770.00.01.2021: 77.175,00 €.

Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko.       

Laugarren.  Erabaki honen bidez onartutako oinarri arautzaileen aldaketak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio bidea amaitzen du. Erabaki honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek, zuzenean, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dute, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hala ere, interesdunek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete.      

Donostia, 2020ko ekainaren 10a.—Segundo Díez Molinero, idazkari teknikoa.              (2721)

I. ERANSKINA

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko programaren oinarri arautzaileak.

1. oinarria.  Dirulaguntzaren xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da eskulangintza sektorea sustatzeko programaren dirulaguntzak arautzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, eta merkaturatzea eta gizartean duen balioa indartzeko.

2. oinarria.  Entitate onuradunen baldintzak.

2.1.  Entitate onuradunak eskulangintzan aritzen diren enpresak izango dira, batetik, banako enpresaburuak eta enpresa sozietarioak, eta, bestetik, Gipuzkoako eskulangintza sektorearen ordezkaritza entitateak.       

2.2.  Eskulangintza enpresa gisa hartuko da maiatzaren 10eko 28/2005 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Eskulangintza arautzen duenak, 2. artikuluan definitutako enpresak eta/edo unitate ekonomikoak, eskulangile indibidualak eta ondasun erkidegoak barne, betiere deialdia argitaratu den egunean baldintza hauek betetzen badituzte:        

a)  Eskulangintzako jarduna ohikoa izatea.

b)  Iraunkorki lanean ari diren langileak 10 baino gehiago ez izatea, kontuan hartu gabe lanbidea ikasten ari direnak, ezkontidea eta zuzeneko familiartekoak, odol-ahaideak, adopziokoak edo ezkon-ahaideak.

c)  Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorrean izena emanda egotea, Lehen Atalean.

d)  Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea kasuan kasuko jardueran.

2.3.  Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzen onuradun diren entitateek Gipuzkoan izan behar dituzte beren zerga helbide eta zozietate helbidea.

Era berean, produkzio-guneak Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta izan behar du.

2.4.  Ondasun erkidegoen kasuan, edo nortasun juridikoa ez duen ondare oinarriko edozein entitate motari dagokionez, administrazio komun egonkor bat eta diruz laguntzekoa den proiektua edo jarduera burutzeko ahalmena izan beharko ditu.

2.5.  Nolanahi ere, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 10.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, erakunde onuradunen barruan sartuko dira, baita ere, nortasun juridikorik izan gabe ere dirulaguntza emateko arrazoia diren proiektuak, jarduerak edo portaerak burutu ditzaketen edo dirulaguntza jasotzeko egoeran dauden elkarte publiko edo pribatuak. Hala bada, eskaera-orrian jaso beharko dira elkarteko kidea den erakunde bakoitzak bere gain hartzen dituen gauzatze-konpromisoak eta erakunde bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, guztiek ere onuradun-izaera izango dute eta. Eskaerekin batera aitorpen erantzulea aurkeztu beharko du –taldeko erakunde bakoitzak aitorpen erantzule bat aurkeztu beharko du–; izan ere, erakundeak ezin izango dira onuradun izan, baldin eta bertako kideren bat onuradun izateko eragozpenak badaude, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.               

Edozein kasutan ere, erakunde bat elkartearen ordezkari izendatu beharko da, eta dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoak izan beharko ditu. Erakunde hori prozesuaren koordinatzailea izango da, prozesuaren garapenaz eta Kudeaketaz arduratzearen ondorioetarako, eta bere gain hartuko ditu prozesua modu egokian aurrera eramateko beharrezkoak diren solaskidetza eta harreman-eginkizunak.

2.6.  Entitateak ez dira egongo sartuta martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan jasotako debeku egoeretakoren batean.

2.7.  Entitateek ez dute izango zigor administratiborik edo penalik sexu diskriminazioa dela eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aurreikusitakoaren arabera.

2.8.  Ez dira jardungo armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan, abenduaren 28ko 14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

2.9.  2.6, 2.7, eta 2.8 oinarrietan adierazitakoaren egiaztapena pertsona edo entitate eskatzailearen deklarazio arduradun baten bidez egingo da, zeina Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentura zuzenduko baita.

2.10.  Zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean egotea.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

3. oinarria.  Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

3.1.  Eskaerek proiektu bat edo bat baino gehiago bil ditzakete, 4. oinarrian zehaztu diren diruz laguntzeko jarduketa alorretakoa izan behar du.        

3.2.  Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea betez. Eskaera orria, eta hari erantsitako dokumentazioa aurkezterako orduan kontuan hartuko da, irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, foru administrazioaren esparruan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duena eta irailaren 12ko 40/2006 Foru Dekretua, foru administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzea arautzen duena.     

3.3.  Zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabilita entitate eskatzailearen ordezkaria dela egiaztatzen duen pertsonak sinatu behar du dirulaguntza eskaera.

3.4.  Sinadura elektronikorik edo aurkezpen telematikorako baliokoa den nortasuna egiaztatzeko beste inolako modurik izan ezean, aplikazio informatiko horren bidez eskaria egiten duen erakundeak aplikazioak eskuratuko dion eskari inprimakia aurkeztu beharko du, enpresaren ordezkariak izenpetuta, oinarri honetako hurrengo atalean adierazitako moduetakoren bat baliatuta. Nortasuna horrela egiaztatu ondoren, aplikazio informatikoan erregistratzen den data hartuko da baliozko aurkezpen datatzat.

3.5.  Oinarri arautzaile honen 2. atalean ezarritakoa gorabera, banakako enpresek, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren Erregistro Orokorrean ere (Donostiako Gipuzkoa Plaza, z.g.) aurkeztu ahal izango dituzte eskariak, deialdian ezartzen den bestelako dokumentazio guztiarekin batera; edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren Erregistro Zentralean (Donostiako Gipuzkoa Plaza, z.g.); edota Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusten dituen baliabideetako edozeinen bidez.         

3.6.  Deialdiari buruzko informazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko «dirulaguntzen atarian» eskura egongo da: www.Gipuzkoa.eus/dirulaguntzak.

3.7.  Eskaerak aurkezteko epea deialdian zehaztuko da. 

3.8.  Eskaera egin duten erakundeak ez daude beharturik Gipuzkoako Foru Aldundiari aurrez eman diren dokumentuak aurkeztera; ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluak zehazten duenari jarraituz.

Kasu hauetan, eskaera orrian zehaztu beharko du noiz eta zer organo edo dependentziatan aurkeztu edo igorri ziren aipatutako dokumentuak. Dokumentazioa lortzea ezinezkoa den kasuetan, organo eskumena duen organoak eskatu ahal izango dio eskaera egin duen erakundeari, edo aurkez dezala, edo, ezin badu, beste nolabait egiazta ditzala dokumentuan egiaztatu beharreko eskakizunak.

3.9.  Aurkeztutako eskaera behar bezala ebaluatu eta ebazteko behar adina dokumentu eta informazio eska ditzake departamentuak.

3.10.  Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek, identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke eskatzaileari hutsegite horiek konpontzeko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran.     

3.11.  Enpresa eskatzaileak baliozkotzat joko ditu Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak posta elektronikoaren bidez dirulaguntzaren eskaeran harremanetarako pertsona gisa identifikatutakoaren helbide elektronikora bidalitako komunikazio guztiak.

4. oinarria.  Dirulaguntzen xede diren jarduerak.

4.1.  Diruz lagundu daitezkeen jarduketak honako hauek dira:

a)  Makineriaren, tresnen, altzarien eta informazioa prozesatzeko ekipoen inbertsioak, baldin eta jarduerarekin zuzeneko lotura badute.

b)  Web-orriak sortzea eta eguneratzea.

c)  Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko kuotak.              

d)  Negozio lokalaren errentamendua, betiere eskatzailearen etxebizitzaren zati bat edo beste enpresa batekin partekatzen duen gune bat ez bada, lokalaren alokatzailearekin bigarren mailarainoko ahaidetasunik ez badu, eta alokatzaile gisa aritzen den pertsona fisiko edo juridikoarekin kidea edo partaidea ez bada. Halaber, coworking guneak kanpoan geratzen dira.               

e)  Kanpo aholkularitza, tailerraren Kudeaketa hobetzen laguntzeko.

f)  Azoketan parte hartzea.

g)  Eskulangintza sektorean adierazgarriak diren eta eskulangintzako esparruan jarduera esanguratsuak egiten dituzten elkarte edota erakundeen azokak edo eskulangintza lehiaketak antolatzea.

4.2.  Aurreko ataleko 4.1.g epigrafeko jarduerak diruz lagungarriak izateko honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

— Gutxienez bi egun natural irautea.

— Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorreko lehen atalean izena emandako pertsona eta enpresa eskulangileen partaidetza, gutxienez azokako partaideen %50 izatea.

— Parte hartzen duten pertsona eta enpresa eskulangile guztiek, azoka egiten denean, dagokien erregistroan izena emanda egotea eta hori ziurtagiri bidez egiaztatzea.             

— Azokan parte hartzeko beharrezko informazioa helaraztea Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorreko lehen atalean izena emandako pertsona eta enpresa eskulangileei. Prozedura hori agirien bitartez justifikatu beharko dute antolatzaileek Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuan.

4.3.  4.1.a), 4.1.b), 4.1.c), 4.1.d) eta 4.1.e) ataletan aurreikusitako jarduerak eskulangintzan aritzen diren pertsonak eta eskulangintzako enpresek garatu ahal izango dituzte. 

4.1.f) atalean aurreikusitako jarduera bakarrik diruz lagungarria izando da Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorreko lehen atalean izena emandako eskulangintzako pertsona eta lantegientzat.

4.1.g) ataletan aurreikusitako jarduerak bakarriz diruz lagungarriak izando dira eskulangintza sektorea ordezkatzen duten antolakundeentzat.

5. oinarria.  Dirulaguntza emateko prozedura.

5.1.  Laguntza emateko prozedura, lehiaketa bidezkoa izango da, deialdi eta hautapen prozedura bakar baten bitartez. 

5.2.  Dirulaguntzak emateko prozedurari ofizioz ekingo zaio, eskudun den organoak onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den deialdiaren bidez.

5.3.  Deialdian jasotzen den zuzkidura ekonomikoa kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko nahikoa bada, eskaera guztiak lagunduko dira eta adierazitako zenbatekoa emango zaie. Ezarritako gehieneko zuzkidura eskaera guztiak laguntzeko nahikoa ez bada, entitate onuradunen artean hainbanatuko da, funtsa agortu arte.             

6. oinarria.  Proiektuak aukeratzeko irizpideak.

6.1.  Laguntzak zein eskatzaileri emango zaizkien eta zenbatekoak izango diren erabakitzeko, honako irizpide eta haztapen hauek hartuko dira kontuan:

— 4.1.a), 4.1.b), 4.1.c), 4.1.d), 4.1.e), y 4.1.f) atalen kasuetarako:

— Jardueraren edo landutako produktuaren izaera tradizional eta herrikoia: 20 puntura arte.

— Entitate eskatzailearen esperientzia eta ibilbidea: 40 puntura arte. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan eman diren entitateek gehieneko puntuazioa izango dute.

— Egiten den jardueraren eta lortu nahi diren xedeen arteko koherentzia: 40 puntura arte.

— 4.1 oinarriko g) atalaren kasuetarako:

— Erakusketaren kalitatea baita Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorraren lehenengo atalean izena emandako enpresen ordezkaritza mailarekin duen konpromisoa ere: gehienez ere 40 puntu.

— Elkartearen ordezkaritza maila Gipuzkoako eskulangintza sektorean: gehienez ere 20 puntu.

— Aurkeztutako jarduera garatzeko bideragarritasun finantzarioa: gehienez ere 25 puntu.

— Entitateak hartzen duen konpromisoa ingurumenarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzearekin, eta euskararen erabilerarekin: gehienez ere 10 puntu.

— Entitate eskatzailearen esperientzia/ibilbidea: gehienez ere 5 puntu.

6.2.  Atal honetako irizpideei jarraituta, 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute izango dirulaguntza jasotzeko eskubiderik.

7. oinarria.  Finantzaketa.

7.1.  Emango diren dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdiak zehaztuko du zein aurrekontu kredituren kargura finantzatuko diren dirulaguntzak.           

7.2.  Dirulaguntzen zenbatekoa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren guztizko kostua baino handiagoa, ezta beste dirulaguntzak, sarrerak edo baliabideak batuta ere.            

8. oinarria.  Laguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak.

8.1.  Laguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak hauek izango dira:

a)  Makineriaren, tresnen, altzarien eta informazioa prozesatzeko ekipoen inbertsioak, baldin eta jarduerarekin zuzeneko lotura badute: diruz lagun daitekeen kostuaren %75eraino; eskulangintzako lantegi bakoitzeko gehienez ere 1.500 euro eman ahal izango dira.

b)  Web-orriak sortzea eta eguneratzea: diruz lagun daitekeen kostuaren %90eraino; eskulangintzako lantegi bakoitzeko gehienez ere 1.000 euro eman ahal izango dira.

c)  Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko kuotak: diruz lagun daitekeen kostuaren %100eraino; eskulangintzako lantegi bakoitzeko gehienez ere 1.500 euro eman ahal izango dira.

d)  Negozio lokalaren errentamendua: diruz lagun daitekeen kostuaren %90eraino; eskulangintzako lantegi bakoitzeko gehienez ere 800 euro eman ahal izango dira.

e)  Kanpo aholkularitza, tailerraren Kudeaketa hobetzen laguntzeko: diruz lagun daitekeen kostuaren %90eraino; eskulangintzako lantegi bakoitzeko gehienez ere 1.000 euro eman ahal izango dira.

f)  Azoketan parte hartzeko:

— Gipuzkoatik kanpoko azoketara joateko bada, diruz lagundu daitekeen kostuaren %60 adinakoa izango da dirulaguntza, eta, gehienez ere, 2.000 euro azokako. Diruz lagundu daitekeen gastutzat joko da zoruaren eta erakusmahaiaren alokairu faktura, azokaren antolatzaileak egindakoa.

— Gipuzkoako azoken kasuan, azokan izena emateko kostuaren %80rainokoa finantzatuko da, gehienez ere, 1.700 euro azokako.

g)  Azoka edota eskulangintza lehiaketak antolatzeagatik: %65era arte finantzatuko da, gehienez ere 15.000 euro azoka bakoitzeko.

8.2.  Eskulangintza lantegi bakoitzari ezingo zaio guztira 5.500 euro baino gehiago eman jasotako diruz lagungarriak izan daitezkeen jarduerengatik.

8.3.  Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira: entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontu banakatu eta xehatuan jasota egonik, ezbairik gabe jardueraren garapenari lotuak dauden gastuak.

8.4.  Egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko modukotzat joko, baldin eta horietako fakturaren oinarri zerga 100 eurora iristen ez bada.

8.5.  Erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontua eta ondorengo aldaketak mugarria izango dira dirulaguntzaren zenbatekoa erabakitzeko.

9. oinarria.  Prozedura antolatu eta abian jartzeko eskumena duen organoa.

9.1.  Prozedura bideratuko duen organoa Ekonomia Sustapeneko Zerbitzua izango da.

9.2.  Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatze ko, ebaluazio batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:    

— Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia.

— Ekonomia Sustapeneko zerbitzu burua.

— Ekonomia Sustapeneko Zerbitzuko teknikari bat.

— Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko idazkari teknikoa.

9.3.  Prozedura izapidetuko duen organoak bidezko irizten dituen aholkularitza eta txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu aurkeztutako eskaerak behar bezala baloratzeko.

10. oinarria.  Ebazpena.

10.1.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak hartuko du.

10.2.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia eskatzaile bakoitzari indibidualki jakinaraziko zaio. Hala eta guztiz ere, organo emaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 17.artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.3.  Prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan, deialdia argitaratzen denetik aurrera hasita. Gehienezko epea amaituta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, interesatuak legitimatuta daude dirulaguntzaren eskaera isiltasun administratiboagatik ezetsita dagoela ulertzeko.

10.4.  Dirulaguntzaren proposamena eskaerakoa baino txikiagoa denean, erakunde onuradunari eskatu ahal izango zaio berriro formula dezala eskaera, eman dakiokeen dirulaguntzaren konpromisoetara eta baldintzatara moldatzeko.   

11. oinarria.  Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

11.1.  Pertsona eta entitate onuradunek dirulaguntzak onartzeak martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako Erregelamenduak eta dirulaguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarriak ezarritako betebeharrak betetzea dakar, baita oinarri arautzaile hauetan ezartzen direnak ere.  

11.2.  Diruz lagundutako proiektuaren inguruan argitaratzen diren materialetan eta egiten diren komunikazio eta hedapen jardueretan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatu behar dute, euskararen erabilera normalizatzeko plana (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 149 zk. 2018ko abuztuaren 3koa) Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruan 2018-2022 aldirako onartzen duen 2018ko ekainaren 26ko Diputatuen Kontseiluaren erabakiak xedatutakoaren arabera.        

11.3.  Generoaren ikuspegia txertatu beharko dute diruz lagundutako proiektuaren diseinuan eta garapenean.

11.4.  Hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatu beharko dute diruz lagundutako proiektuaren komunikazio eta argitarapen guztietan.

11.5.  Dirulaguntzaren xede diren jarduerei eta proiektuei Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak ematen dien sustapenari eta finantzaketari publizitate egokia eman beharko die. Hori horrela, erakunde irudia jarri beharko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irudi korporatiboaren inguruko arauen arabera eta «Gipuzkoako Artisauak» logotipoa; eta finantzaketa publikoaren aipamena egin beharko dute kartel, idatzizko testu, bitarteko elektroniko eta ikus-entzunezko eta abarretan, eta komunikabideetan egiten diren aipamen guztietan.

11.6.  Dirulaguntza eman zenetik bost urteko epean, Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo helbide soziala, fiskala edo produkzio zentroetako zati nabarmen bat beste toki batera eramanez gero, dirulaguntza itzuli beharko da eta 16. oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

12. oinarria.  Dirulaguntzen arteko bateragarritasun edo bateraezintasuna.

12.1.  Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk xede berarekin eman ditzaketen beste edozein dirulaguntzarekin.   

12.2.  Oinarri hauen babesean jasotako dirulaguntzaz garatutako proiektua garatzeko beste dirulaguntzaren bat eskuratu edota eskatu duen onuradunak modu fidagarrian jakinaraziko dio zirkunstantzia hori dirulaguntza Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari.

13. oinarria.  Dirulaguntzen ordainketa.

13.1. Ordainketa dirulaguntza jaso duen jarduerak gauzatzeko justifikazioa aurkeztu eta gero egingo da.       

Hala ere, jardueraren sektorearen eta entitate onuradunen ezaugarriak (irabazi asmorik gabeko elkarteak eta autoenplegurako enpresa-proiektuak) aintzat harturik, aurretiazko ordainketak egin ahal izango dira dirulaguntza jaso duten jarduerak gauzatzeko ezinbesteko finantzaketa gisa laguntzaren aurrerakinak proiektuari ekiten zaizkionean eta hasiera hori behar bezala egiaztatuta dagoenean ordaindu ahal izango dira, betiere, baliabide nahikoa badago eta dirulaguntza osoaren %60 gainditzen ez bada.

Gainerakoa, laguntzaren xede diren jarduerak bukatzen direnean. Aurrez, dena den, 14.3 oinarrian zehaztutako dokumentazioa jasotzen duen kontu justifikagarria aurkeztu beharko da.        

13.2.  Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 32. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, ezin izango da inolako ordainketarik egin erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean. Hori dela eta, ordaindu baino lehen, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

14. oinarria.  Dirulaguntzaren justifikazioa.

14.1.  Entitate onuradunek diruz lagundatako jarduera gauzatu izana frogatu beharko dute, baita jarduera horrek sortutako gastuak ere.

14.2.  Dirulaguntzaren xedeko proiektua edo jarduera hilabeteko epearen barruan zuritu behar da, eta epe hori diruz lagundutako proiektu edo jarduera hori gauzatzeko epea, urteko deialdian ezarriko dena, amaitzen denetik kontatuko da.

14.3.  Diruz lagundutako proiektua edo jarduera amaitutakoan, pertsona edo entitate onuradunek kontu zurigarri bat aurkeztu beharko dute, honako agiri hauek erantsita:

a)  Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak bete izana zuritzen duen jarduera memoria.          

Eskulangintzako azokak eta lehiaketak antolatzen direnean: eskaera egin dutenen artean onartutako eta baztertutako eskulangintzako pertsonen eta enpresen zerrenda arrazoitua; hautaketa prozesua eta azoka azaltzen duen memoria (jardueren eta burututako lantegien deskripzioa, horiek hedatzeko eta komunikatzeko xedez euskarri batzuetan eta besteetan burututako ekintzak justifikatzen dituzten agiriak).

b)  Memoria ekonomikoa, jardueren kostua frogatuko duena eta eduki hau izango duena:

— Jardueraren gastu eta inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, horren jaulkipen data eta, hala badagokio, ordainketa data bilduko dituena. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera ematen bada, desbiderapenak ere adieraziko dira.

— Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak (orijinalak edo fotokopia konpultsatua) aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan gehitu direnak, alegia, eta beharko balitz, ordainduaren edo dudarik gabe konprometitu denaren dokumentazioa.

— Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko erabili diren bestelako sarrera edo dirulaguntzen xehetasunezko zerrenda, baita horien zenbatekoak eta jatorriak ere.

— Entitate onuradunek ekipo ondasunen hornikuntzetan edo aholkularitza nahiz laguntza teknikoko enpresen zerbitzuetan 15.000 euro edo hortik gorako gastu subentzionagarriak egin badituzte, eskatutako hiru eskaintzen artean egindako hautaketa egiaztatzen duen agiria, non eta laguntzaren ezaugarri bereziengatik, merkatuan nahikoa enpresa edo profesional ez dagoenean edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin ez den.             


Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

14.4.  Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea amaitzean oinarri honetako 3. atalean ezarritako agiriak aurkeztu ez badira, organo eskudunak onuradunari 15 eguneko epean agiri horiek aurkezteko eskatu ahalko dio. Epe hori amaitzean ez baditu aurkeztu onuradunak, 16. oinarrian ezarritako ondorioak gertatuko dira.       

14.5.  Pertsona eta entitate onuradunek 4 urtez gorde beharko dituzte dirulaguntzaren oinarrian dagoen jarduera bete izana eta horretarako jasotako dirubideen aplikazioa egiaztatzen dituzten agiriak. Epe hori kontatzen hasiko da aipatu agiriak aurkezteko ezarrita dagoen denbora amaitzen denetik aurrera.               

14.6.  Oinarri honetako 3. atalean aipatutako agiriak aurkeztu ostean, espedientea bideratzen duen organoak dagokion egiaztapena egingo du.

Egiaztapen horretatik ondorioztatzen badu diruz lagundu zitekeen gastua emandako dirulaguntza baino txikiagoa izan dela, dirulaguntza birdoitu egingo du. Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako eskakizunak edo dirulaguntzaren xedea erabat edo neurri batean hautsiz gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi egingo zaio, egindako egiaztapenaren emaitzekin batera, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela adierazteko prozedura hasiko da, edo, behar izanez gero, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera, ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko prozedura.

14.7.  Kostuak egiaztatzeko, jatorrizko agirien kopia elektroniko, informatiko edo telematikoa aurkeztuko da, betiere agiri horiek egiazkoak direla, osorik daudela eta gorde daitezkeela bermatzen bada.

15. oinarria.  Ebazpena aldatzea.

15.1.  Diruz lagundutako jarduera burutzeko ezarri den epea amaitu baino lehen, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eska dezake onuradunak, ezarritako epea luzatzeko, emandako zenbatekoa murrizteko, diruz lagundutako aurrekontu sailak alda tzeko edota jarduera osatzen duten ekintzak alda tzeko. Aldaketa horiek onar daitezke beren arrazoia ustekabeko zirkunstantzietan oinarritzen denean edota jarduera burutzeko premiazkotzat jotzen direnean, baldin eta dirulaguntzaren xedea edo helburua aldatzen ez bada eta besteren batzuk kaltetzen ez badira.

15.2.  Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak ofizioz aldatu dezake dirulaguntza emateko ebazpena, entitate interesatuari entzun ondoren, eta funtsak aplikatu aurretik, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatu badira eta aldaketa horrek eragotzi edo zaildu egiten badu proiektuaren xede den interes publikoa lortzea, betiere entitate onuradunari kalte ekonomikorik eragiten ez batzaio.

15.3.  Erakunde onuradunak egiaztapen-agirian jakinarazten badu aldatu egin direla dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak eta, aldaketa horiek direla eta, lehen adierazi eran ebazpena aldatzea zilegi zatekeela, baina aldaketa onartu aurreko baimen administratiboaren tramitea ez zela egin beren garaian, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak onartu egin ahal izango du aurkeztu dioten egiaztapen-agiria, nahiz eta horrek ez duen onuraduna salbuesten Gipuzkoako Lurralde Historikoaren dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren arabera jarbide zaizkion zigorretatik.              


16. oinarria.  Ez-betetzeak eta itzulketak.

16.1.  Oinarri hauetan, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako edozein eskakizun edo betebehar ez badu betetzen, pertsona ala entitate onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik edo zati batean galdu duela deklaratuko da, eta jasotako dirua osorik edo zati batean itzuli beharko du, dagozkion berandutza interesekin batera, aipatu Foru Arauak 35. artikuluan xedatutakoaren arabera; halaber, aipatu foru arauaren 49. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituz, hortik erator daitezkeen erantzukizunak eskatuko zaizkio.

16.2.  Ez-betetzeak mailakatzeko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, eta organo instruktoreak balioetsiko ditu, proiektu osoarekiko eta jasotako zenbatekoekiko egindako lanak kontuan hartuta.

16.3.  Proiektuaren bideragarritasunagatik edo izaeragatik, edo behar bezala zuritutako bestelako arrazoiengatik ezingo balitz lana bukatu edo aurrera jarraitzea komeniko ez balitz, dirulaguntza bukatutzat eman eta eten ahal izango da, bi aldeen artean adostuta.

16.4.  Borondatezko itzulketatzat jotzen da pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza ematen duen organoak eskatu gabe egiten duena.

Itzultzeko prozedura hasteko, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari, eta bertan, datu hauek sartu behar ditu, nolanahi ere:

— Entitatearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Ordezkariaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Borondatezko itzulketa egiteko arrazoien azalpena.     

— Tokia eta data.

— Sinadura.

Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa egin dela deialdiak zehaztutako finantza-erakundearen kontu zenbakian.         

Borondatezko itzulketa gertatzen denean, dagozkion berandutza interesak kalkulatuko ditu dirulaguntza ematen duen organoak.

17. oinarria.  Araubide juridikoa.

Oinarri hauez gain, dirulaguntza hauek arautzeko kontuan hartuko dira martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoan, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako erregelamenduan eta dirulaguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarrietan ezarritakoa.

Oinarri arautzaile hauetan dauden laguntzak, enpresei dagokienez, 2013ko abenduaren 18ko Europar Batzordearen 1407/2013 EB Erregelamenduan (ikus 2013ko abenduaren 24ko Europar Batasuneko Egunkari Ofiziala), minimis laguntzak Tratatuko 107 eta 108.artikuluen aplikazioari buruzkoan, xedatutakoa beteko dute. Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, estatu kide batek enpresa bakar bati ematen dion «minimis» laguntzen zenbateko osoak ezingo du hiru ekitaldi fiskaletan 200.000 euroko muga gainditu (oraingo hau izanik egungo urte fiskala eta, aurrekoak, berriz, igaro diren bi urte fiskalak).    



II. ERANSKINA

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko programaren 2020ko deialdia.

1.  Eskaerak aurkeztea.

1.1.  Eranskin gisa jasotzen den eskaera aurkeztu ahal izango dute I. eranskineko 2. oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten entitateek.

1.2.  Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko uztailaren 13an, amaituko da.

2.  Jarduerak gauzatzeko epea.

Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar izan dira eta 2021eko otsailaren 26rako amaituta izan beharko dituzte.

3.  Eskaerak erabakitzeko epea eta jakinarazpena.

Dirulaguntza emateko ala ukatzeko ebazpena eta horren jakinarazpena egiteko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera hasita.

Ebazpena bakarka eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eragotzi gabe, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.          

4.  Finantzaketa.

Guztira deialdi honetan emango diren laguntzen zenbatekoa 409.446,00 eurokoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorreko ondorengo kontu-sailetan banatuta dago:

1.0210.110.470.00.02.2020: 121.771,00 €.

5.0210.110.470.00.02.2021: 143.325,00 €.

1.0210.110.770.00.01.2020: 67.175,00 €.

5.0210.110.770.00.01.2021: 77.175,00 €.

Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea. 


Era berean, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari berariaz ematen zaio eskumena programa honen aurrekontu-kredituetan zenbateko soberakinak geratuz gero baimendutako gastuak murriztea baimendu dezan, zenbatekoak departamentuaren programa honetako edo beste bateko aurrekontu-sailetara transferitzeko.              

5.  Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

5.1.  Eskaeran, eranskin gisa agertzen den ereduaren arabera, honako informazio hau sartuko da:

a)  Eskatzailearen datuak.

b)  Dirulaguntza eskatzen den proiektu edo jardueraren azalpen memoria.

c)  Aurkeztutako proiektuaren xehetasunezko aurrekontua.

d)  Laguntza bateragarrien ziurtagiria.

e)  Ardurapeko adierazpena, deialdi honetan eransten den ereduaren araberakoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauko 12. artikuluan ezarritakoari jarraiki, entitate onuradun izaera lortzeko debekurik ez duela adierazten duena, baita emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin eta Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legearekin zerikusia dutenak. Eta, hala badagokio, dagokion zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan jasotako bestelako minimis dirulaguntzei buruzkoa.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du egunean dagoela zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzakoetan, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren eta hirugarren pertsonekin egindako eragiketa bolumenaren datuak kontsultatuko ditu. Horretarako, zuzenean eskatuko die datu horiek dagozkion organismo igorleei; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio, salbuespen gisa, dagokion dokumentazioa aurkeztea.

5.2.  Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak, aurkeztutako proiektuak ondo ebaluatu eta erabakitzeko beharrezkotzat jotako informazio oro eskatu ahal izango die eskatzaileei. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan ezarritako hamar eguneko epean informazio hori ez bada aurkeztu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta beste izapiderik gabe artxibatu egingo da, aipatutako legeko 21. artikuluan ezarritakoaren araberako administrazio-ebazpenaren bidez.

6.  Borondatezko itzulketa.

Pertsona ala entitate onuradunak borondatezko itzulketa egin nahi badu, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari 16.4 oinarrian zehazten den moduan. Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa ES73 2095 0611 09 1061070594 kontuan egin duela.