2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

«Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa»ren oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia.          

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2020ko ekainaren 9an:

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoarekin bat (non Gipuzkoako garapenerako eredu ekonomiko eta sozial baten alde egiten den), egoerari aurrea hartuz eta proposatzaile eta sustatzaile papera betez, lurralde bat –Gipuzkoa– sustatzen lagundu behar du, politika ekonomiko eta sozialak diseinatuz eta aplikatuz, pertsonen eta gizarte kohesioan oinarrituta. Eta horretarako, lankidetzako gobernantza ereduen bidez, eragile mota desberdinak ahaldunko ditu (pertsonak, enpresak, antolamendu sozio-ekonomikoak eta prestakuntzakoak, eskualdeak eta lurralde bera), jasangarritasun hirukoitza lortzeko ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez, non pertsonak eta enpresak eragile nagusiak diren, konpromisoa eta balio sozial partekatuaren ekarpenaren bidez.

Oro har, eta Gipuzkoan, bereziki, txikizkako merkataritza, jatetxeak (mundu mailako erreferentzia) eta ostalaritza (gero eta gehiago) funtsezko sektore estrategikoak dira Gipuzkoako ekonomiarako, bai garapen sozioekonomikorako, bai enplegua sortzeko.

Sektore honek, lehiakortasun jasangarrira bideratuta garatzeko, honako hauek integratu behar zituen: berrikuntza, kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko; eskarira iristea, omnikanalitatetik abiatuta; informazio eta komunikazio teknologia berriak txertatzea; eta sektoreen arteko sinergiak garatzea. Azken batean, zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna, berezitasunetik abiatuta, tamainak eta globalizazioak definitutako lehia baten aurrean.

Nolanahi ere, elementu komun bat pertsonek azken kontsumoa konfiguratzen duten kontsumo-jarraibideekiko mendetasuna da. Covid-19 kodearen krisiak larriagotu egin du hori, sektore horietako ekonomiaren eta enpleguaren biziraupenean eragin zuzena izan baitu.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da ezohiko laguntza-programa bat egituratzea, kontsumoarekin eta tokiko eskariarekin lotuta, hartara jarduerak ahalbidetzeko, sektore horiek, hasiera batean, beren jarduera ekonomikoa berriro martxan jarriko dela bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduez hornitu ahal izateko; eta, bigarren egoera batean, etorkizuneko erronkei (jasangarritasun hirukoitza) erantzun diezaieketen planteamenduei ekiteko.

Ildo horretan, onartzen da udalek garapen endogenoaren eragile gisa duten funtzioa garatu dezaketela eta garatu behar dutela, eta konpromisoa hartu behar dutela beren udalerrien garapen sozioekonomikorako gaitasunei balioa emateko.

Dirulaguntza lerro hau ez dago sartuta Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bileran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Beraz, ezarri aurretik, sartu egin behar da.            

Ondorioz, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren,

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Sartzea «Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa»ren dirulaguntzak 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3an onartua–, eta dagokion fitxa onestea.

Bigarren.  Onartzea «Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa» arautzen dituzten oinarriak, erabaki honen I. eta II. eranskinetan jasota daudenak.       

Hirugarren.  Onartzea aipatutako laguntzen 2020. urteko deialdia; erabaki honen III. eranskinean jasota dagoena.

Laugarren.  Baimentzea bi milioi euroko (2.000.000,00 €) gastua deialdiari aurre egiteko, aurrekontuko ondoko kontu sailaren kargura: 1.0210.100.761.01.01.2020.            

Aurrekontu zuzkidura honen zenbatekoa handitu ahal izango da, baldin eta kreditu nahikoa dagoela adierazten bada, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egiten bada. Handitze hori organo eskudunak baimenduko du.    


Bosgarren.  Erabaki honen bidez onartutako oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sortuko dituzte ondorioak.

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio bidea amaitzen du. Erabaki honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek, zuzenean, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dute, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hala ere, interesdunek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete.              

Donostia, 2020ko ekainaren 9a.—Segundo Díez Molinero, Departamentuko idazkari teknikoa.        (2678)

I. ERANSKINA

«Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa»ren oinarri arautzaileak.

1. oinarria.  Xedea.

Oinarri hauen xedea da «Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa»ren dirulaguntzen esleipena arautzea. Programaren helburua da Gipuzkoako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea tokiko jarduera sustatuz eta indarberrituz, bi sektore horiek Covid-19ak sortutako krisiaren inpaktuaren eraginei aurre egin diezaieten.    

2. oinarria.  Entitate onuradunak.

2.1.  Entitate onuradunak 1.500 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako udalak izango dira.

2.2.  Udalek ez dute egon behar Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluko debekuen eraginpean.     

2.3.  Halaber, ez dute egon behar martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 26.3 artikuluan aurreikusten dituen egoeretan.

2.4.  Aurreko 2.2 eta 2.3 oinarrietan adierazitakoaren egiaztapena Udal eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egingo da, zeina Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentura zuzenduko baita.

3. oinarria.  Dirulaguntzen xedeko jarduerak.

3.1.  Diruz lagunduko dira merkataritza eta ostalaritza sektoreetan jarduera ekonomikoa indarberritzeko sustatzen dituzten jarduketak, Covid-19aren eragina gutxitze aldera.              

3.2.  Diruz lagundutako jarduketek honako ezaugarriak izango dituzte:

— Txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomo eta ETEi laguntzea.

— Soilik lagunduko dira Covid-19ari aurre egiteko jarduera ekonomikoa prestatzeko inbertsio eta ekipamendu hauek, eta inbertsio horiek egiteko beharrezkoak diren ikerketak:              

— Lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea.

— Merkataritza eta ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, hartara segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko.

— Bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua.     

3.3.  2020ko martxoaren 14 eta 2020ko abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.

4. oinarria.  Dirulaguntza emateko prozedura.

4.1.  Laguntza emateko prozedura elkarrekiko lehiarik gabekoa izango da, deialdi eta hautapen prozedura bakar baten bitartez.

4.2.  Dirulaguntzak emateko prozedurari ofizioz ekingo zaio, organo eskudunak onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den deialdiaren bidez.

5. oinarria.  Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

5.1.  Udal bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du.

5.2.  Eskaeran jasoko da zein jarduketak egiteko eskatu den dirulaguntza.

5.3.    Dirulaguntza eskaera sinatuko du zuzenbidean baliozkoa den edozein bidez udal eskatzailearen ordezkaria dela egiaztatzen duen pertsonak.

5.4.  Deialdiaren informazioa eta eskaeraren inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian (https://
www.Gipuzkoa.eus/eu/web/ekonomia/hasiera).

5.5.  Eskaera orria eta dokumentazioa ondorengo web orri honen bitartez aurkeztuko dira: http://sustapena.Gipuzkoa.eus/
Kudeaketa.

Eskaera orria, eta hari erantsitako dokumentazio osagarria aurkezterako orduan kontuan hartuko da, irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, foru administrazioaren esparruan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duena.           

5.6.  Dena dela, eskaera orriak eta deialdian zehazten diren gainerako agiriak Gipuzkoako Foru Aldundiko erregistro elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira (https://
egoitza.Gipuzkoa.eus).

5.7.  Deialdian finkatuko da eskaerak aurkezteko epea.      

5.8.  Eskaera egin duten Udalek ez daude behartuta Gipuzkoako Foru Aldundiari aurrez eman zaizkion dokumentuak aurkeztera. Ondorio horietarako, interesdunak eskaera orrian zehaztu beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen edo nork eman zituen dokumentu horiek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluak zehazten duenari jarraituz. Dokumentazioa lortzea ezinezkoa den kasuetan, eskumena duen organoak eskatu ahal izango dio eskaera egin duen erakundeari aurkez dezala, edo, ezin badu, beste nolabait egiazta ditzala dokumentuan egiaztatu beharreko eskakizunak.


5.9.  Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke eskatzaileari hutsegite horiek konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran ebazpena eman ondoren.      

5.10.  Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak dokumentazio eta informazio argigarria eskatu ahal izango du behar bezala aztertu dezan.

5.11.  Udal eskatzaileak baliozkotzat joko ditu Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak posta elektronikoaren bidez harremanetarako pertsona gisa identifikatutakoaren helbide elektronikora bidalitako komunikazio guztiak.

6. oinarria.    Finantzaketa.

6.1.  Emango diren dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdian zehaztuko dira dirulaguntzak finantzatzeko zein aurrekontu kreditu erabiliko diren. 

6.2  Dirulaguntzen zenbatekoa ezingo da izan udal eskatzaileak diruz lagundutako jardueraren guztizko kostua gainditzen duen kostu osoa baino handiagoa, ezta administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede bererako eman ditzakeen dirulaguntza, beste sarrerak edo baliabideak batuta ere.              

7. oinarria.    Diruz lagun daitezkeen kostuak.

7.1  Diruz lagundu daitezkeen kostuak dira udal eskatzaileak aurkezten duen jardueraren aurrekontuan jasota egonik, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak.

7.2  Diruz lagundu daitezkeen kostuak ondoren adierazten diren inbertsioak eta ekipamenduak eta inbertsio horiek egiteko behar diren ikerketak izango dira, Covid-19ari aurre egiteko txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomoen eta ETEn jarduera ekonomikoa prestatzeko bideratzen direnak:

— Lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea.

— Merkataritza eta ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, hartara segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko.

— Bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua.     

7.3  Ez dira diruz lagungarriak izango udalen barruko langileen kostuak edo udalarekin lotura duten pertsonei edo erakundeei dagozkienak.

7.4  Kostu hautagarriak ezingo dira merkatuko balioaren gainetik egon eta arrazoizkoak izan behar dira; gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurunekoko Departamentuak mugatu egin ditzake kostu horiek.

8. oinarria.    Dirulaguntzen portzentajeak eta zenbatekoak.

8.1.  Dirulaguntzak kostu hautagarrien %100ekoak izango dira.

8.2.  Eskaera aurkezten duten 1.500 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako udalen arteko dirulaguntzen kopurua aldagai hauen arabera ezarriko da: biztanleria, txikizkako merkataritza eta ostalaritza establezimenduen kopurua eta merkataritza eta ostalaritza dentsitatea.

«Biztanleria» aldagaia zehazteko, Estatistikako Institutu Nazionalak ofizialki onartutako eta argitaratutako tokiko erakunde bakoitzeko zuzenbidezko biztanleriaren azken zifra hartu da kontuan.

Gainontzeko aldagaiak kalkulatzeko Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) eskura dituen azken datuak erabili dira.

8.3.  Udal onuradun bakoitzeko gutxieneko dirulaguntza 10.000 euro izango da eta gehienezkoa 350.000 eurokoa.               

8.4.    Dirulaguntzen banaketa, udalen arabera antolatuta, II. eranskinean ezartzen da.

8.5.    Aurkeztutako jarduketen arabera, aurreikusten den bezala ezin badira dirulaguntza guztiak banatu, erabilgarri dagoen zenbatekoa dirulaguntza jaso behar duten gainontzeko udalen artean proportzionalki banatuko da.      

9. oinarria.    Prozedura ordenatu eta bideratzeko organo eskuduna.

Ekonomia Sustapeneko Zerbitzua izango da prozeduraren instruktorea.

Ekonomia Sustapeneko Zerbitzuak aztertu eta egiaztatuko du aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioak ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

10. oinarria.    Dirulaguntza emateko ebazpena.

10.1.    Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari dagokio dirulaguntza emateko edo, kasua balitz, ukatzeko ebazpena ematea.      

10.2.    Dirulaguntza emateko, edo kasua balitz, ukatzeko ebazpena udal eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio. Hala ere, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, 3/2007 Foru Arauak 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.3.    Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, salbu eta deialdian bertan adierazten bada bere eragina beranduago hasiko dela. Gehieneko epe hori berariazko ebazpena jakinarazi gabe igaroko balitz, interesdunak legitimatuta egongo dira beraiek egindako eskaera ezetsitzat jotzeko isiltasun administratiboaz.

10.4.    Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino txikiagoa denean, organo eskudunak udal onuradunari eska diezaioke eskaera birformulatzeko, konpromisoak eta baldintzak eman dakiokeen dirulaguntzara egokitu ahal izateko.

11. oinarria.    Entitate onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

11.1.    Udal onuradunek dirulaguntzak onartzeak berekin dakar 3/2007 Foru Arauak, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako Erregelamenduak eta dirulaguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarriak ezarritako betebeharrak betetzea, baita oinarri hauetan ezartzen direnak ere.          


11.2.    Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da diruz lagundutako proiektuaren ondorioz egiten diren jakinarazpenetan, argitalpenetan eta zabalkunde jardueretan, hala agintzen baitu 2018ko ekainaren 26ko Diputatuen Kontseiluaren erabakiak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruetan 2018-2022 aldirako onartzen duenak (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 149 zk. 2018ko abuztuaren 3koa).            

11.3.    Genero ikuspegia sartu beharko du diruz lagundutako jarduera garatzerakoan.

11.4.    Hizkuntzaren erabilera ez sexista bermatuko da diruz lagundutako proiektuaren komunikazio eta argitalpen guztietan.

11.5.    Behar besteko publizitatzea eman beharko diote diruz lagundutako jarduera horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren aldetik jasotako sustapenari eta finantzaketari, Aldundiaren erakunde-irudia nahiz finantzazio publikoari eta esku-hartze publikoaren helburuari buruzko aipamenak txertatuz horma-irudi, inprimatutako material, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, eta beste edozein euskarritan, edo komunikabideetan egindako adierazpenetan.

11.6.    Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak ezartzen dituen ebaluazio baldintzak bete beharko dituzte eta horietan parte hartu beharko dute; horien bitartez, eraginkortasunaren eta efizientziaren ikuspegitik neurtzeko gauzatutako jarduerak, lortutako emaitzak eta izandako inpaktuak.

12. oinarria.    Bestelako dirulaguntzekiko bateragarritasuna ala bateraezintasuna.

12.1.    Aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, betiere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada eta, betiere gai horren inguruan beste laguntzetako araudiak esaten duena eragotzi gabe.               

12.2.    Oinarri hauen babesean diruz lagundutako jarduera garatzeko beste dirulaguntzaren bat eskuratu edota eskatu duen udal onuradunak modu fidagarrian jakinaraziko dio zirkunstantzia hori Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurunekoko Departamentuari.

13. oinarria.    Dirulaguntzak ordaintzea.

13.1.    Laguntza programaren xedea eta udalen izaera publikoa aintzat hartuta, laguntzak ematen diren unean zenbatekoaren %100 ordainduko da, dirulaguntzari dagozkion jarduketak egin ahal izateko beharrezkoa den finantzazio gisa.          

13.2.    3/2007 Foru Arauaren 32. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, ezin izango da inolako ordainketarik egin Udal onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko edota entitate laguntzaileekiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean.

Hala, Ekonomia Sustapeneko Zerbitzuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, udalari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

14. oinarria.    Dirulaguntza zuritzea.

14.1.    Kasu guztietan, diruz lagundutako jarduera bukatu duela zuritu beharko dute udal onuradunek, baita diruz lagundutako jarduerak sortutako kostuak ere.

14.2.    Dirulaguntzaren xede den jarduketa 2021eko martxoaren 31 baino lehen zuritu beharko da.

14.3.    Aurreko paragrafoan aipatutako epearen barruan Udal onuradunak kontu zurigarria aurkeztu behar du honako dokumentuekin:

a)  Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen jarduera memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita, diruz lagundutako jardueraren dokumentazio grafikoa, argazkiak edo ikus-entzunezkoarekin batera.

b)  Memoria ekonomikoa, jardueren kostua frogatuko duena. Honako edukiak izango ditu:

— Jardueraren kostuen zerrenda sailkatua.

— Instrumentuaren dokumentazioa, zeinaren bidez bideratu baita emandako dirulaguntza.

— Emandako dirulaguntzaren ordainketen zerrenda xehatua.

c)  Izatekotan, fakturak edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga balio baliokide duten edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan gehitu direnak; eta ordaindutakoaren edo dudarik gabe konprometitu denaren dokumentazioa.

d)  Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko erabili diren bestelako sarrera edo dirulaguntzen xehetasunezko zerrenda, horien zenbatekoak eta jatorriak adierazita.

e)  Entitate onuradunek ekipo ondasunen hornikuntzetan edo aholkularitza nahiz laguntza teknikoko enpresen zerbitzuetan 15.000 euro edo hortik gorako kostu subentzionagarriak egin badituzte, eskatutako hiru eskaintzen artean egindako hautaketa egiaztatzen duen agiria, 3/2007 Foru Arauaren 30.3 artikuluari jarraikiz, non eta laguntzaren ezaugarri bereziengatik merkatuan nahikoa enpresa edo profesional ez dagoenean edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin ez den.               


14.4.    Kostuak egiaztatzeko, jatorrizko agirien kopia elektroniko, informatiko edo telematikoa aurkeztuko da, betiere agiri horiek egiazkoak direla, osorik daudela eta zainduta daudela bermatzen bada.

14.5.    Dirulaguntza zuritzeko ezarrita dagoen epea oinarri honetan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu gabe igarotzen bada, organo eskudunak 15 eguneko epea eman ahalko dio udal onuradunari dokumentazio hori aurkezteko. Epe gehigarri hori zurigarriak aurkeztu gabe igarotzen bada, 16. oinarrian aurreikusten diren ondorioak aplikatuko dira.            

14.6.    Udal onuradunak 4 urtez gorde behar ditu dirulaguntzaren xede izan den jarduera egin izanaren zurigarriak, hala nola jasotako funtsa erabili izanaren egiaztagiriak. Zurigarri horiek guztiak aurkezteko ezarrita dagoen aldia amaitzen den une berean hasiko da kontatzen epe hori.

14.7.    Oinarri honetako ataletan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren, organo instruktoreak egoki diren egiaztapenak egingo ditu.

Egiaztapen horien bidez ondorioztatuko balitz diruz lagundutako jardueraren kostua emandako dirulaguntza baino txikiagoa izan dela, dirulaguntza doitu egingo da. Dirulaguntza zuritzeko baldintza guztiak edo batzuk ez direla bete edo dirulaguntzaren xedea ez dela zati batean edo osoan bete ondorioztatzen bada, Udalari jakinaraziko zaio hori, egindako egiaztapenen emaitzekin batera. Halaber, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat jotzeko prozedurari ekingo zaio edo, kasua balitz, 16. oinarrian aurreikusten den prozedurari, emandako dirulaguntza osoa edo zati bat itzularaztekoari.

15. oinarria.    Ebazpena aldatzea.

15.1.    Diruz lagundutako jarduera burutzeko ezarri den epea amaitu baino lehen, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eska dezake udal onuradunak, ezarritako epea luzatzeko, emandako zenbatekoa murrizteko, diruz lagundutako aurrekontu sailak aldatzeko edota jarduera osatzen duten ekintzak aldatzeko. Aldaketa horiek onar daitezke beren arrazoia ustekabeko zirkunstantzietan oinarritzen denean edota jarduera burutzeko premiazkotzat jotzen direnean, baldin eta dirulaguntzaren xedea edo helburua aldatzen ez bada eta besteren batzuk kaltetzen ez badira.     

15.2.    Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak ofizioz aldatu ahal izango du dirulaguntza emateko ebazpena, erakunde interesatuari aurrez entzunda eta funtsak aplikatu aurretik, dirulaguntza emateko unean kontuan izandako baldintzak aldatu direla-eta ezinezkoa edo zaila denean erdietsi nahi den interes publikoa lortzea eta onuradunari kalte ekonomikorik eragiten ez bazaio.

15.3.    Udal onuradunak, dirulaguntzaren justifikazioan, aditzera ematen badu hainbat aldaketa gertatu dela dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan, aldaketa horietarako beharrezkoa zen baimen administratiboaren tramitera jo gabe, eta ikusten bada aldaketa horiek kontuan hartuz gero ebazpenaren emaitza agian beste bat izango zela, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak onartu ahal izango du aurkeztutako justifikazioa, baldin eta onartze horrek ez badu hirugarren pertsona batzuen eskubideak kaltetzea eragiten; dena den, horrek ez du onuraduna salbuesten 3/2007 Foru Arauaren arabera ezar dakizkion zigorretatik.

16. oinarria.    Ez betetzeak eta itzulketak.

16.1.    Udal onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetan, 3/2007 Foru Arauan eta aplikagarriak diren bestelako araudietan ezarritako betekizun edo baldintzetako edozein, dirulaguntza jasotzeko eskubidea erabat edo zati batez galduko du, eta dirulaguntza osorik edo zati batez itzuli beharko du, dagozkion berandutza-interesak ordaintzeaz batera, aipatutako Foru Arauaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Osterantzean, honetatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunak egokituko zaizkio, foru arau horretako 49. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ildotik.

16.2.    Ez betetzeak mailakatzeko, proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira. Horiek organo eskudunak aplikatuko ditu egindako lanen arabera eta jardueraren osotasunari eta jasotako zenbatekoei begira.

16.3.    Diruz lagundutako jarduerarekin aurrera egitea ezinezkoa gertatzen denean edota interesatzen ez denean, bere bideragarritasun edo ezaugarriengatik, edota bestelako arrazoiren batengatik, horiek behar bezala zuriturik, dirulaguntza amaitzea edo etetea erabaki daiteke, betiere bi parteen adostasunaz.

16.4.    Borondatezko itzulketatzat jotzen da Udal onuradunak egiten duena dirulaguntza ematen duen organoak eskatu gabe.

Itzultzeko prozedura hasteko, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari, eta bertan, datu hauek sartu behar ditu, nolanahi ere:

— Udalaren izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.           

— Ordezkariaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Borondatezko itzulketa egiteko arrazoien azalpena.            

— Tokia eta data.

— Sinadura.

Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa egin dela deialdiak zehaztutako finantza-erakundearen kontu zenbakian.            

Borondatezko itzulketa gertatzen denean, dagozkion berandutza interesak kalkulatuko ditu dirulaguntza ematen duen organoak.

17. oinarria.    Europar Batasuna.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.2.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, oinarri hauetan jasotako dirulaguntzak bateragarriak dira barne-merkatuarekin, salbuespenezko gertaerek eragindako kalteak konpontzera bideratuta baitaude.

18. oinarria.    Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarritakoaz gain, dirulaguntza hauei honako hauek aplikatuko zaizkie: Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua; hori garatzeko Erregelamendua, 2008ko apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaz onartua, eta dirulaguntzen alorrean aplikagarriak diren gainerako araudiak.

II. ERANSKINA

Udala                                            Dirulaguntza zenbatekoa

Aia                                                  13.781.

Alegia                                              17.282

Andoain                                          38.196

Anoeta                                            14.717

Antzuola                                         15.875

Aretxabaleta                                  22.719

Arrasate/Mondragón                    55.559

Asteasu                                           11.765

Astigarraga                                     24.435

Ataun                                              13.320

Azkoitia                                           34.149

Azpeitia                                           47.430

Beasain                                           44.509

Bergara                                           42.274

Deba                                               26.385

Donostia/San Sebastián           350.000

Eibar                                                71.855

Elgoibar                                           34.333

Errenteria                                        84.710

Eskoriatza                                       18.651

Getaria                                            21.057

Hernani                                           51.761

Hondarribia                                    43.494

Ibarra                                              18.568

Idiazabal                                        15.755

Irun                                               147.761

Irura                                                13.043

Lasarte-Oria                                   46.109

Lazkao                                            22.323

Legazpi                                           28.838

Lezo                                                 21.971

Mendaro                                         14.376

Mutriku                                           21.963

Oiartzun                                          36.786

Oñati                                               32.602

Ordizia                                            36.873

Orio                                                  24.741

Pasaia                                             43.950

Soraluze-Placencia de las Armas 18.946

Tolosa                                              62.532

Urnieta                                            21.099

Urretxu                                            28.863

Usurbil                                             28.006

Villabona                                        25.956

Zaldibia                                          14.699

Zarautz                                           64.266

Zegama                                           13.064

Zestoa                                             18.606

Zizurkil                                            13.430

Zumaia                                           33.650

Zumarraga                                     32.967

III. ERANSKINA

«Covid-19ari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko programa»ren 2020ko dirulaguntza deialdia.

1.  Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; eta 2020ko ekainaren 29an, goizeko 12:00etan amaituko da.           

2.  Jarduerak burutzeko epea.

Dirulaguntzak 2020ko martxoaren 14tik aurrera hasi behar dira eta 2020ko abenduaren 31rako amaitu. 

3.  Ebazpena jakinarazteko bidea.

Dirulaguntza emateko, edo kasua balitz, ukatzeko ebazpena erakunde eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio. Dena dela, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 17. artikuluari jarraikiz.

4.  Finantzaketa.

Deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzen zenbateko osoa 2.000.000,00 eurokoa da. Zenbateko hori honako kontu sail honen kargura doa: 1.0210.100.761.01.01.2020.

Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.     

5.  Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaeran, eranskinean dagoen ereduari jarraituz, honako informazioa sartu behar da:

a)  Laguntza eskatzen duen erakundearen datuak.

b)  Dirulaguntzaren xede den jardueraren deskripzio memoria.

c)  Aurkeztutako proiektuaren xehetasunezko aurrekontua.

d)  Ardurapeko adierazpena, eranskin gisa agertzen den ereduaren araberakoa.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

6.  Borondatezko itzulketa.

Udal onuradunak borondatezko itzulketa egin nahi badu, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari 16.4.    oinarrian zehazten den moduan. Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa ES73 2095 0611 09 1061070594 kontuan egin duela.