3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA

Iragarkia

Alkateak, 2020ko maiatzaren 27ko 442/2020 Alkate erabakiz honako deialdi hau onartu du:

Euskara zerbitzuaren deialdia euskarazko errotuluak jartzeagatik dirulaguntzak emateko.

1.  Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak norgehiagoka erregimenean emateko moduan arautzea eta establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzen dituztenei dirulaguntzak ematea.             

Laguntza hauen bitartez euskararen erabilera soziala sustatu, hedatu eta normalizatu nahi du Zumaiako Udalak.           

2.  Onuradunak.

Helbide fiskala Zumaian duten establezimenduen jabe diren pertsonak edo elkarteak izango dira dirulaguntza hauen onuradun, betiere araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.  Eskaerak.

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak prestatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira eskaerak (eranskinean dago eredu hori).

Arau-oinarriak eskuratzeko, agiriak eskuratzeko eta informazioa eskatzeko, jo helbide honetara: Euskara Zerbitzua, Zumaiako Udala, Foruen plaza 1 helbidera edota Udalaren www.zumaia.eus webgunera.        

Eskabideak aurkezteak deialdi honetan jasotako baldintza guztiak berariaz eta oso-osorik onartzen direla esan nahi du. 

4.  Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak eranskinaren jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira eta eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a)  Dirulaguntzaren eskaera normalizatua, behar bezala beteta.   

b)  Errotuluaren edo toldoaren faktura.

c)  Jarritako errotuluaren argazkia.

d)  Hirugarrenen alta emateko agiria, aurrez aurkeztu ez bada.

5.  Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak 2020 amaitu baino lehen aurkeztu behar dira.   

Eskabideak, behar bezala beteta, toki hauetako batean aurkeztu behar dira:

— Zumaiako Udaleko erregistroan edo Euskara Zerbitzuan (Foruen plaza 1, 20750, Zumaia). Ordutegia: 07:45-14:30.

— Posta bulego batean aurkeztekotan, eskabidea gutun azal ireki batean eraman behar da: postetxeko enplegatuak data eta zigilua jartzeko, aurkezteko epearen barruan. Horrela bakarrik ulertuko da eskabidea posta bulegoan utzi zen egunean izan duela sarrera Zumaiako Udaleko Erregistroan.   

— Zumaiako Udalaren www.zumaia.eus egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoaren bidez.

— Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetatik edozein erabilita ere aurkeztu ahalko dira.    

Egiaztatzen bada aurkeztutako dokumentazioa ez dagoela osorik edo dokumentazio horrek ez dituela betetzen oinarri hauetan adierazitako baldintzak, pertsona interesdunari eskatuko zaio akats formalak egutegiko hamar eguneko epean konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Adieraziko zaio, hori egiten ez badu, ezetsitzat joko dela bere eskaera, eta hura artxibatuko dela, bestelako tramiterik egin gabe, indarreko araubideak adierazten duen moduan.

6.  Aurrekontuko diru-hornidura.

Aipatutako dirulaguntzarako 2.000,00 € daude 1 0200. 481.335.10.01 2020 (105) kontu sailean, eta hauek banatuko dira oinarriek diotena betetzen duten eskaintzen artean.   

7.  Eskaerak balioztatu eta laguntzak emateko baldintzak.            

Eskaerak emateko irizpidea izango da ziurtatzea eskatzaileak baldintza guztiak betetzen dituela. Lan hori Euskara Zerbitzuko teknikariek egingo dute.

— Establezimenduak helbide fiskala Zumaian duela.       

— Eskatzaileak betebeharrak eguneratuak dituela.

— Udalaren baimena baduela (toldo eta antzekoak jartzeko).          

— Errotulua euskaraz eta zuzen idatzi dela.

Azken puntuari dagokionez, stablezimenduei gomendatzen zaie aurrez dagokion kontsulta egitea Euskara Zerbitzuan.  

8.  Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak dira dagozkien euskarriak (kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak...) lortzeko egin behar direnak, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten badira. Alderdi horri dagokionez, beti bete beharko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikulua (azaroaren 17ko 38/2003 Legea).           


Ez dira diruz lagunduko errotulu elebidunak, nahitaezkoa izango da euskaraz bakarrik egotea.

Ez da laguntzarik emango izen berezia bakarrik agertzen denean; establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat.

9.  Eskaerak aztertu eta balioztatzea.

Errotulua euskaraz jartzeagatik dirulaguntzak emateko eskaerak aztertu eta balioztatzea Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariei dagokie.

10.  Erabakia.

Euskara zerbitzuburua izango da instrukzioaren arduraduna eta, aurrez Euskara Batzordean txosten teknikoa aurkeztu eta gero, ebazpen proposamena egingo duena.

Eskabidea aurkezten den egunetik hasita, gehienez 6 hilabeteko epean ebatziko beharko da dirulaguntza.      

Aipatutako epea igaro eta gero, Udalak eskabideren bati buruzko erabaki zehatzik hartu gabe izango balu, erantzuna ezezkoa dela esan nahiko du horrek.

11.  Dirulaguntzaren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modua.

Errotulazio elementuaren kostuaren %50 lagunduko da diruz, 300 euroko muga gainditu gabe.

Establezimendurako laguntza jaso eta bi urteko epean ezingo da beste laguntzarik eskatu xede bererako.

Ordainketa.

Banku transferentzia bidez egingo da dirulaguntzen ordainketa, onuradunaren titularitatepeko kontu batean.

Dirulaguntza emango dela jakinarazi eta gero, onartutako zenbatekoaren %100 ordainduko da.

Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du eskumena esleituta duen organoak, aldaketaren zenbatekoaren arabera, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko.               

12.  Araubidea eta errekurtsoak.

Deialdi honek aurreikusi gabeko alderdi guztietan, betetzekoak izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legea, dirulaguntzei buruzko lege orokorra (azaroaren 18an argitaratua Estatuko Aldizkari Ofizialean), lege horren garapeneko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 errege-dekretuaren bidez onartua (uztailaren 25ean argitaratua Estatuko Aldizkari Ofizialean) eta Zumaiako Udalaren dirulaguntzak emateko Ordenantza Arautzaile Orokorra.

Interesdunek deialdi honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete administrazioarekiko auzietako Donostiako epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.          

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtso a aurkezteko oinarri hauek onartu dituen organo eskudunaren aurrean, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.           

Zumaia, 2020ko maiatzaren 27a.—Iñaki Ostolaza Esnal, alkatea.     (2470)