3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ASTIGARRAGAKO UDALA

Astigarragako Emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburua duen Ikerketa beka.

Astigarragako Udalak Emakume eta Gizonezkoen berdintasunaren aldeko konpromisoa hartua du eta, hori dela eta, Astigarragako emakumeek historian izandako ekarpenenak ezagutzeko, berreskuratzeko eta ikustarazteko bidean aurrera egitea sustatu nahi da ikerketa beka honen bidez.

Ildo horretatik, Astigarragako emakumeen historia ezagutu nahi da, berreskuratuz eta ezagutzera emanaz herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoan egin duten ekarpena.

OINARRIAK

1.    Xedea.

Deialdiaren helburua Astigarragako emakumeen historia ikertzea da. Bi iker-lerroren arabera egin daiteke:   

— Izan diren emakume esanguratsuen bizitzak ikertu eta plazaratzea beraien biografiaren bitartez. Emakumeak hautatzeko irizpideak honako hauek izan daitezke: euren garaian emakumeei zegokien rola zalantzan jarri izana, gai edota arlo jakin batean paper aktiboa jokatu izana, emakume sortzaileak izatea, balore jakin batzuen alde (berdintasuna, askatasuna, elkartasuna) borrokatu izana etab. historian zehar.

— Astigarragako emakumeek, kolektibo gisa, herrian arlo desberdinetan (soziala, lanekoa, kulturala, ekonomikoa edo politikoa) egindako ekarpena ezagutu eta ikusarazi.

2.    Edukia.

Astigarragako udalerrian eta udalaren dirulaguntzarekin bekadunari edo bekadunei ikerketa lana egiteko aukera ematea, horretarako, beharrezko material eta informazioa eskuratzeko bideak erraztuko zaizkiolarik.

Bekaren helburua ikerlana burutzea da, Astigarragako emakumeen inguruko historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburua duen ikerketa beka.

Ikerketa proposamenak jatorrizkoak edo argitara eman gabeak izango dira, hau da, ez da inolako lan akademiko, tesi, tesina, ikaslan edota txostenaren parte izango: ez osotasunean, ez atalka ez eta laburpenik ere.

Udalaren esku dago aurkeztutako lanak osorik edo zati batean argitaratzeko edo aurkeztutako proiektuak oinarri hauen baldintzak beteko ez balira beka eman gabe uztea ere.               

3.    Laguntzaren iraupena eta zenbatekoa.

Bekaren iraupena gehienez 2021eko maiatzera arte izango da.

Beka 8.000 €-koa da eta Udal aurrekonturako 1 1000. 481.01.327.12 2020 kontu sailetik bideratuko da.      

Egon daitezkeen itzulpen gastuak zenbatekoan sartzen dira.            

4.    Eskatzaileak edo eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

18 urtetik gorako herritarrek izango dute beka jasotzeko aukera.

Deialdi honetara aurkezteko Ogasun publikoarekiko eta Udalarekiko ordainketak egunean edukitzea.

Ikerketa bakarka edo taldean egin daiteke.       

5.    Eskaera egiteko arauak.

Beka eskaera egiteko bulego orokorrean urriaren 1eko Administrazio Publikoen Ohiko Administrazio Prozedurei buruzko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluak aurreikusten dituen beste moduak erabilita bi kartazal aurkeztuko dira eta kartazal bakoitzaren kanpoaldean honako hau jarrriko da:

— Astigarragako emakumeen historiaren ikerketa-beka: A kartazala.

— Astigarragako emakumeen historiaren ikerketa-beka: B kartazala.

Erregistro zenbakia emango zaio, azalpenean adieraziz ikerketa-bekan parte hartzeko proposamena aurkeztu dela eta zer kartazal aurkeztu diren.

Bulego orokorrean (edo idazkaritzan) eskabide-orriari eta bi kartazalei zenbaki bat emango zaie (erregistro-zenbakiaz bestelakoa). Eskabide-orria bulego orokorrean gordeko da eta bi kartazalak, berriz, Berdintasuna, Elkarbizitza eta Parte-hartze teknikariak jasoko ditu.

*  A gutun-azalean ondorengoak sartu behar dira:

Proiektua edo proiektuak, eta honen edo horien hiru kopia atxikituko dira, izengoitia erabilita, inolako sinadurarik gabe (15 orrialdekoa gehienez proiektuko). Ondorengoak azalduko dira:

— Ikertzaile edo ikertzaile taldearen aurreko esperientzia.

— Lanaren ikerketa esparrua.

— Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera.

— Helburuak.

— Materialak eta lan metodologia.

— Lan plangintza.

— Lanaren xedearen betetze aurreikuspena.

— Ikerketa egiteko beste finantzia biderik jasoko ez den zinpeko idatzia.

*  B gutun-azalean ondorengoak sartu behar dira:

— Ikerketaren arduradunaren/arduradunen datu pertsonalak: izen-abizenak, izengoitia(k), helbidea, harremanetan jartzeko telefonoa(k) eta nortasun agiriaren fotokopia(k).

— Curriculum vitaea(k) eta tituluen egiaztagiriak.           

— Ogasun publikoarekiko ordainketan egunean edukitzearen agiria(k). Udalarekiko ordainketak egunean edukitzea ofizioz egiaztatuko dira.

6.    Agiriak aurkezteko lekua eta epea.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak Astigarragako udaleko erregistro orokorretan aurkeztu beharko dira.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela ikusiz gero, hamar eguneko epea emango zaio informazioa osatzeko.

Era berean, jakitera ematen da ikerketa lana ez egitekotan eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen 39/2015 legeko 68.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.      

7.    Hautagaiak baloratzeko irizpideak.

Beka deialdira aurkeztu litezkeen hautagaitzak Otik 20 puntura bitartean baloratuko dira, ondoren adierazten den arabera:            

1.    Lizentziatura edo unibertsitateko gradua: puntu 1.

2.    Unibertsitako masterra: puntu 1.

3.    Doktoretza: 2 puntu.

4.    Genero arloan ikerketak egin dituztenak edo/ eta lan experientzia dutenak: 3 puntu.

5.    Astigarragan erroldaturik egotea: 2 puntu.

6.    Lan proposamena: 10 puntu.

7.    Ikerlaria edo ikertzaile taldearen %51 emakumezkoa izatea: puntu 1.

Hautagai bakoitzak lan bat edo gehiago proposatzeko aukera izango du, baina gehienez hiru lan ildo aurkeztuko ditu.  

8.    Esleitzeko prozedura.

Epaimahaiak aukeratutako lehenengo hiru lanen zerrenda egingo du. Beka Astigarragako Tokiko Gobernu Batzordeak esleituko du epaimahaiaren proposamena jaso ondoren. Erabakiaren berri aurkeztu diren guztiei emango zaie.

Ikerlan aukeraketa egingo da epaimahaiak egindako merezimendu lehiaketaren puntu banaketaren emaitza oinarritzat hartuta.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

— Astigarragako Udaleko Berdintasun teknikaria.

Mahaikideak:

— Astigarragako Udaleko Kultura saileko teknikaria.

— Historian eta genero gaietan aditua den pertsona bat.

Idazkaria (boto eskubiderik gabe):

— Kultura eta euskara saileko administraria.

Era berean, aurkeztutako gaietan aditu diren pertsonen laguntza edo aholkularitza eska dezake epaimahaiak. 

Beka eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, epaimahaiak informazio osagarria eska diezaioke. Eskatzaileak halakorik onartuko ez balu edo/eta adierazitako merituak egiaztatuko ez balitu, deialditik kanpo geldituko da. 

Hala ere, epaimahaiak aurkeztutako lanen kalitate teknikoa nahikoa ez dela erabakiko balu, beka deialdia bertan behera uzteko proposamena egin dezake.

9.    Bekadunen betebeharrak.

Beka eman baino lehen adierazitako merituak egiaztatu eta beka onartzen duela sinatu beharko du, beka eman zaiola jakinarazi eta ondorengo 10 egunetan.

Lanaren garapenari buruz (egindakoa eta egiteko dagoena) aurkeztutako proiektuaren araberako txotena bidali beharko du beka eman eta lehen sei hilabeteak igaro ostean.          

Astigarragako Udalaren esku jarri beharko ditu lanaren aurrerapen eta emaitzak.

Bekaren onuradunak edo onuradunek une oro bermatu beharko dute herritarrek proiektuan parte hartzen dutenean (galdetegiak, elkarrizketak...) nahi duten hizkuntza ofiziala askatasunez aukeratu ahal izango dutela.

Bekaren epea amaitzen denean, memoria (ikerlanaren azken erredakzioa) aurkeztuko du, euskarri informatikoan Libre Office formatuan.

Testigantzen grabazioak ere aurkeztu beharko dira AVI, MPEDG edo MOV formatuetan eta baita testigantza horien transkripzioak ere. Beste edonolako multimedia euskarriak atxikituko badira, irudiak, aparteko fitxeroan eman beharko dira, ahal den erresoluzio handienean, argitalpena ahalik eta kalitate onenean egin ahal izateko.

Udalak lana bi hizkuntza ofizialetan aurkezteko eskatu ahal izango dio onuradunari edo onuradunei; kasu horretan, onuradunaren edo onuradunen kontura izango dira itzulpen-gastuak. Dokumentazio osoan hizkuntzaren erabilera ez sexista bermatu beharko da; irudiak edo materialak emakumeen edozein irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista sahiestu eta berdintasun baliokideko irudia, ordezkaritza orekatua, aniztasuna, erantzunkidetasuna eta genero rolen aniztasuna eta ez estereotipatua.

Ikerlana entregatzeko epea justifikaziorik edo gainditu ezinezko arrazoirik gabe betetzen ez bada, zigorra ezarriko da. Astigarragako Udalak erabakiko du emandako arrazoiak nahikoak diren ala ez. Bekaren kopuruaren %10 gutxitu ahal izango zaio, hilabeteko atzerapen bakoitzeko.        

10.    Ordainketak.

Ordainketa honela egingo da.

Kopuru osoaren %50a beka ematen den une berean, aurreordainketa moduan.

Kopuru osoaren %30a beka ematen zaionetik sei hilabetera egindako lanaren txostena aurkeztu ondoren.     

Gainontzeko %20a bukaeran behin-betiko lana aurkeztu ondoren.

Bekadunak lana bukatuko ez balu, jasotako diru guztia itzuli beharko dio Udalari: horrenbestez, ikerlanak eragin dituen gastuak bekadunaren kontura izango dira.             

11.    Aurkeztutako lanen jabetza.

Astigarragako Udalaren esku geratuko da diruz lagundutako bekaren ikerketa lana. Udalak lana argitaratzeko ardura hartuko du.

12.  Oinarrien interpretazioa.

Epaimahaiak ahalmena du deialdiaren oinarrietan arautzen ez diren xehetasunen inguruko erabakiak hartzeko eta oinarriak interpretatzeko.

Astigarraga, 2020ko maiatzaren 29a.—Xabier Urdangarin Lasa, alkatea.        (2397)