3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ELGETAKO UDALA

Iragarkia

Udal Osoko Bilkurak, 2020ko martxoaren 3ko ohiko saioan hasierako onarpena eman zion «Elgetako Udalerrian kolunbario zerbitzua arautzeko Ordenantzari».     

Jendaurreko epea amaitu da, beraren aurka inongo alegaziorik izan gabe, beraz Ordenantza hau behin-betiko izaeraz onartuta geratu da, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluak dioenaren arabera, bere eduki osoa argitaratzen da, adieraziz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik sartuko dela indarrean.      

Administrazio bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Elgeta, 2020ko maiatzaren 18a.—Iraitz Lazkano Garitaonandia, alkatea.          (2199)

Elgetako Udal hilerrian kolunbario zerbitzua arautzeko ordenantza.

1. artikulua.    Xedea.

Elgetako Udal hilerrian kolunbarioen erabilera eta okupazioa arautzea da Ordenantzaren xedea.

2. artikulua.    Kontzeptua.

Erraustutako hilotzaren edo gorpuzkinen errauts-kutxatila gordetzeko lekuari esaten zaio kolunbarioa.          

3. artikulua.    Kokapena.

Kolunbarioak udal hilerrian daude eta bakoitzak errauts-kutxatila bakarra gorde dezake. Era berean, kutxatilak hilotz bakar baten edo horren gorpuzkinen errautsak bakarrik gorde ahal izango ditu; edota hilobi beretik ateratako gorpuzkinenak.       

4. artikulua.    Helburua.

Honako pertsona hauen errautsak gorde ahal izango dira: Udalerrian erroldatu, jaio edota lotura izan dutenenak, aurretik udalari eskatu eta honek aldeko ebazpena eman badu.

Udal honetako hilerrian senitartekoak ehortzita dituztenena, baldin eta hauek lehen gradukoak badira (ama, aita, seme-alabak): hilobiaren administrazio emakida bukatzen denean, edo gorpua hobitik ateratzen denean, errautsak utzi ahal izango dituzte; aurretik eskatu eta gorpuzkinak erraustu ondoren.

5. artikulua.    Eskariak.

Kolunbarioaren eskatzaileak pertsona fisikoa izan behar du, eta Udaleko Erregistroan honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, eskariarekin batera:               

a)  Edozein errausketa-labetan erraustu izana egiaztatzen duen dokumentua.

b)  Aurretik lurperatuak izan ez diren hilotzen errauts-kutxatilak baldin badira, Erregistro Zibileko heriotza-inskrizioa.             

c)  Dagokion udal-tasa autolikidatu izanaren agiria.      

Udalak eskaria onartu eta aldeko erabakiaren berri eman ondoren, gehienez hamabost eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita errauts-kutxatila kolunbarioan utzi beharko da. Hala egiten ez bada, bestelako tramiterik gabe, eskatzaileak emakidari uko egin diola ulertuko du Udalak.

Aldeko erabakiak emakidadunaren izena eta abizenak, kolunbario-zenbakia eta emakidaren data eta epea jaso beharko ditu, gutxienez.

Dena den, erabakia kontrakoa balitz, ordaindutako tasa itzuli egingo zaio eskatzaileari.

Emakida jaso ostean, interesdunak hilerrira joan beharko du bertako lan-ordutegi barruan. Udalaren aldeko erabakiari dagokion dokumentua erakutsi eta errauts-kutxatila hilerriko langileei eman beharko die, eurek gordeko baitute dagokion kolunbarioan.

Ezingo da inolaz ere kolunbarioko aterik ireki emakida-epea amaitu arte. Emakidadunak errauts-kutxatila aldez aurretik erretiratu nahi badu, eskaria aurkeztu beharko dio Udalari, eta honek onartu ondoren, emakida amaitutzat emango da.     

6. artikulua.    Emakida-epea.

Kolunbario-unitatea erabiltzeko epea (behin behineko emakida) 10 urtekoa izango da, baimenaren jakinarazpena egiten den egunetik aurrera.

Interesdunari dagozkion arrazoiak medio epea amaitu aurretik etengo balitz emakida, pertsona horri ez zaio tasagatik ordaindutako zenbatekoa bueltatuko, ez osorik ez zatirik, ez baitu horretarako eskubiderik izango.

Emakida-epea amaitu eta hilabetera inork ez badu errauts-kutxatila jasotzeko eskatu, Udalak hezurtoki komunera eramango du.

Emakida-epea, behin bakarrik, beste 10 urtez luzatu ahal izango da, epe hori amaitu baino hilabete lehenago, gutxienez, eskaria egin eta une horretan indarrean den tasa ordainduz gero.

Emakida-epea ez dute luzatu ahal izango aurretik ehortzitako gorpuzkinak dituzten errauts-kutxatilak badira, udal hilerrikoak zein beste lekukoak izan.

Udalak eskaria aztertu ondoren dagokion erabakia hartuko du. Udalak emakida-epea luzatzea ukatu dezake baldin eta hurrengo urteetako beharrei erantzuteko beste toki ez dagoela uste badu.      

7. artikulua.    Tasak.

Kolunbarioa erabili ahal izateko, Hilerriko Zerbitzu Publikoak eskaini edo Jarduera Administratiboak burutzeagatiko Tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren eranskinean urtero xedatzen den tasa ordaindu beharko da.

8. artikulua.    Errauste-kutxatilak gordetzeko era.

Errauste-kutxatilak modu antolatuan gordeko dira kolunbarioetan, hau da, ezkerretik eskuinera eta behetik gora. Beraz, ezingo da hurrengo ilarako kolunbariorik erabili aurrekoa erabat beteta egon arte.            

Emakida luzatzen denean, errautsak dauden lekuan mantenduko dira emakida amaitu arte.             

9. artikulua.    Kolunbarioen erregistroa.

Udalak kolunbarioen erregistroa izango du, eta bertan eskatzailearen izena eta abizenak, erraustuaren izena eta abizenak, kolunbario zenbakia, emakida-data eta epea jasoko dira, gutxienez.

10. artikulua.    Kolunbarioen ezaugarriak eta apaingarriak.        

Inkripzio elementuak denak berdinak izango dira eta udalak erabilera honetarako araututako eredua jarraituz eginak izango dira. Osagai honen kostua eskatzailearen gain joango da.       

Osagaia egin ondoren, udalaren eskuetan utziko da, honek jarri ahal izateko. Guzti hau emakidaren ebazpena jaso eta gehienez ere hilabeteko epean.

Plaka horretan hildakoren izena eta abizenak edo ezizena azalduko dira, eta horrekin batera heriotzaren data edo jaiotza eta heriotza datak, eskatzaileak eskaria egitean aukeratutakoaren arabera.

11. artikulua.    Kalteak.

Hilerriko esparruaren zaintza egingo du Elgetako Udalak, baina Udalak ez du bere gain hartzen errauste-kutxatilari, plakari edota argazkiari hirugarrenek egindako lapurreta edo kalteen erantzukizunik. Era berean, ez du bere gain hartzen naturak (uholdeek, haizete bortitzak...) eragindako kalteen erantzukizunik.

12. artikulua.    Ordenantzaren interpretazioa.

Alkateak eskumena izango du Ordenantza hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren arauak emateko, eta baita ere Ordenantzaren interpretazioan sortu litezkeen zalantzak erabakitzeko.

Azken Xedapena.

Ordenantza hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera.