1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

139/2020 Foru Agindua, apirilaren 8koa, 2020ko uztailaren 29ra arte luzatzen duena 2020ko martxoaren 14tik uztailaren 29ra bitartean, biak barne, iraungi diren edo iraungiko diren pasahitz operatiboen indarraldia.

Pasahitz operatiboa Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako identifikazio eta sinadura elektroniko aurreratuan oinarritutako sistema bat da. Pasahitz operatiboa erabili daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko harremanetan, baita hura onartzen duten Gipuzkoako udalekiko eta bestelako erakunde publikoarekiko harremanetan ere.

Irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzekoak, 22.2. artikuluan jasotzen duenez, pasahitz operatiboa arautuko dela Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru aginduaren bidez.               

2018ko otsailaren 20az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du ematen pasahitz operatiborik, eta gaur egun ezin da pasahitz berririk eskatu ezta aurretik lortutako pasahitza berritu ere. Dena den, indarrean dauden pasahitz operatiboak, bai pertsona fisikoarenak bai entitateenak, erabiltzen jarraitu daitezke horiek iraungi arte.

Covid-19 gaitzaren bilakaerak sortutako egoerak berekin ekarri du aurrez aurreko zerbitzuak murriztea, eta, horren ondorioz, identifikazio eta sinadura elektronikoko tresnaren bat eskatzeko jendaurrean dauden arreta zerbitzu gehienak itxita daude segurtasun neurri gisa.

Betalde, martxoaren 26ko 132/2020 Foru Aginduaren bitartez, 2019ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren kanpaina luzatu zen 2020ko uztailaren 29ra arte. Egoera hori dela eta, gomendagarria da egungo osasun-krisian iraungi diren edo iraungiko diren pasahitz operatiboen indarraldia ere luzatzea. Horrela, eragindako pertsonek eta entitateek aukera izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak izateko baliabide telematikoak erabiliz.   

Horiek horrela, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoko Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 40. artikuluan eta irailaren 28ko 23/2020 Foru Dekretuak, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzekoak, 22. artikuluan emandako eskumenen arabera jokatuta, hau           

EBAZTEN DUT

Lehena.  2020ko uztailaren 29ra arte luzatzea 2020ko martxoaren 14tik uztailaren 29ra bitartean, biak barne, iraungi diren edo iraungiko diren pasahitz operatiboen indarraldia.          

Bigarrena.  Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko apirilaren 8a.—Jabier Larrañaga Garmendia, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.  
                (1803)