2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

Bonu Teknologikoak: Telelana programaren oinarri arautzaileak eta 2020. urteko deialdia.

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2020ko martxoaren 31n:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Plan Estrategikoa oso egoera desberdin batean idatzi zen, gaur egungoaren aldean; baina, ikuspegi estrategiko gisa, indarrean dago erabat, nahiz eta aurreikusten diren jarduketek aldaketak behar dituzten, bizi behar dugun testuinguruan lerrokatuta egoteari utzi gabe. Planak dagoeneko adierazten zuenez, «Duda-mudako garaiak bizi ditugu, azeleratuak eta oso aldakorrak», baina ezin zuen gaur egungo egoera aurreikusi; dena den, haren joera baliozkoa da oso, oraingo testuinguruan, eta diseinatutako programak helburuaren parean egon nahi du.

Planak adierazten duenez, «Europan desberdintasun maila txikienak dituen pertsona komunitatea izan nahi du Gipuzkoak». Ikuskera hori eraikitzen duten funtsezko balioak honako hauek dira oraindik ere: etorkizuna, lehiakortasuna, berdintasuna eta lankidetza:

— Guztion artean etorkizun bat eraikitzea ekonomia aurreratu batetik abiatuta;

— Elkartasunaren balio kolektiboa lantzen duen gizarte komunitario baten aldeko apustua egiten dugu;

— Gure ikuspegia komunitatezalea da, eta, ikuspegi horretan, lehiakortasuna komunitatearen motor gisa ikusten dugu. Horregatik, ekimena, erantzukizuna eta konpromiso indibiduala bultzatzen ditugu.

Hala ere, Planak onartzen duen bezala, «Ezin dugu etorkizuna eraiki, ez eta desberdintasunen aurka borroka egin, ez badugu ekonomia lehiakorrik; horregatik, balioa eman nahi diogu enpresari, Gipuzkoan enplegua eta aberastasuna sortzen eta erronka eta beharrizan handien aurrean soluzioak ekartzen eragile nagusi den aldetik», «Estrategia taxutzeak lehentasunak ezartzea eskatzen du. Uko egin ezinezko proiektuak eta ahaleginak, komunitate gisa berdintasun eta elkartasun arloan dugun ikuspegira gerturatzeko, eta aurrez aurre ditugun erronka sozial, ekonomiko, territorial eta politikoei erantzuten laguntzeko». 

Gaur egungo testuinguruan, lehentasuna du enpresa txikienen beharrei arreta jarri eta haien jarduera mantentzen laguntzeak. Horretarako, telelana da lagungarria izan daitekeen formula bat. Egia da Gipuzkoan halako tamaina bat duten enpresek badutela gaitasuna lan eredu hori ezartzeko, baina beharrezkoa da prozesu hori indartzea, bereziki gure ETEetan, gure ehunaren % 99 direlako. Covid-19 gaitza geldiarazteko hartu diren neurriek larriki eragin die Gipuzkoako enpresei, eta horietako askok telelana egiteko neurriak inprobisatu behar izan dituzte, edo laster ezarri beharko dituzte, antzeko egoera baten aurrean prest egoteko. Telelana da antolaketa-eredu bat enpresa-Kudeaketako ereduan behar den bezala planifikatu eta integratu behar dena. Horretarako, irismen handiagoko programak planteatuko dira; azken finean, enpresa-Kudeaketan eredu horren integrazioa sustatzeak bere eragina du ETEek digitalizazio handiagoa izan dezaten.               

Dena den, badaude berehala hartu behar diren neurri jakin batzuk. Horretarako, programa honen helburua da finantzatzea enpresa txikiek telelana egiteko behar diren ekipamenduak eta elementuak erosteko egin dituzten gastuak edo laster egingo dituztenak, enpresa-jarduera mantentzearren, asko eragin baitiote pandemiaren hedapena ekiditeko hartutako neurriek.             


Dirulaguntza hau ez dago sartuta Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bileran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Beraz, ezarri aurretik, sartu egin behar da.         

Horregatik, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta gaiaz hitz egin ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.  Sartzea Bonu Teknologikoak: Telelana programaren dirulaguntzak 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3an onartua–, eta dagokion fitxa onestea.               

Bigarren.  Onartzea Bonu Teknologikoak: Telelana programaren dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak, erabaki honekin batera I. eranskinean doazenak.

Hirugarren.  Onartzea aipatutako dirulaguntzen 2020ko deialdia, erabaki honen II. eranskinean jasota dagoena.        

Laugarren.  Baimentzea 450.000,00 euroko gastua, deialdi hau gauzatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretako kontu sail honen kargura:       

1 0220.220.770.00.07 2020: 450.000 €.

Aurkeztutako eskaerak ebatzi aurretik, aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena duen organoak onartutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du, deialdi berri bat egin gabe. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.               


Bosgarren.  Erabaki honen bidez onartutako oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sortuko dituzte ondorioak.

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio-bideari amaiera ematen dio. Interesdunek erabakiaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko diote, zuzenean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik hasita.

Hala ere, aldez aurretik, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Diputatuen Kontseiluari, hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik hasita. Kasu horretan, ezingo da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu berraztertzeko errekurtsoari espresuki erantzun arte edo ustezko ezestea gertatu arte. Horrez guztiaz gain, egokitzat jotako beste errekurtso oro aurkeztu ahalko da.   

Donostia, 2020ko martxoaren 31.—Segundo Díez Molinero, Departamentuko idazkari teknikoa.  (1721)

I. ERANSKINA

Bonu teknologikoak: Telelana programaren oinarri arautzaileak.

1. oinarria.  Dirulaguntzaren xedea.

Covid-19 gaitza geldiarazteko hartu diren neurriek larriki eragin die Gipuzkoako enpresei, eta horietako askok telelana egiteko neurriak inprobisatu behar izan dituzte, edo laster ezarri beharko dituzte, antzeko egoera baten aurrean prest egoteko.   

Telelana da antolaketa-eredu bat enpresa-Kudeaketako ereduan behar den bezala planifikatu eta integratu behar dena. Horretarako, irismen handiagoko programak planteatuko dira.   

Horretarako, programa honen helburua da finantzatzea enpresa txikiek telelana egiteko behar diren ekipamenduak eta elementuak erosteko egin dituzten gastuak edo laster egingo dituztenak, enpresa-jarduera mantentzearren, asko eragin baitiote pandemiaren hedapena ekiditeko hartutako neurriek.               

2. oinarria.  Entitate onuradunak.

2.1.  Entitate onuraduntzat joko dira enpresa txikiak, autonomo gisa aritzen diren pertsonak barne, 50 langile baino gutxiago dituztenak eta jarduera Gipuzkoan garatzen dutenak, betiere egingo den inbertsioa instalazio horietan zuzenean aplikatzekoa bada.

2.2.  Oinarri hauen ondorioetarako, enpresaren kategoria zehazteko, kontuan hartuko dira Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduren 2. artikulua eta I. eranskina –edo Erregelamendu hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenak–. 651/2014 Erregelamenduak laguntza kategoria batzuk merkatu batuarekin bateragarriak direla deklaratzen du, Itunaren (DOUE L 187 del 26-06-2014) 107 eta 108. artikuluak aplikatuta.

2.3.  Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke aurreko apartatuan aipatzen diren entitateak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

— Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan ezarritako debekuen eraginpean ez egotea.

— Zigor administratiborik edo penalik ez izatea sexu diskriminazioa dela eta, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 legeak aurreikusitakoaren arabera.          

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztuko du.

— Zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean egotea.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

3. oinarria.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

3.1.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira telelana ahalbidetzea helburu dutenak.

3.2.  Aintzat hartuko dira soilik dirulaguntzaren xede den proiektuarekin zalantzarik gabe identifikatu daitezkeen gastuak.

Fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

3.3.  Proiektu bat ez da onartuko definizioan hutsune nabarmenak baditu (azalpen argia) edo emandako daturen bat faltsutu dela ikusten bada. Kasu horretan, gainera, erantzukizunagatiko beste egintza batzuk erabaki daitezke.        

3.4.  Nolanahi ere, proiektuetan ez da onartuko sexuaren araberako bereizkeriarik eta saiatu beharko dira sexuaren araberako zereginak eta estereotipoak ezabatzen.

4. oinarria.  Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

4.1.  Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea betez. Eskaera orria, eta hari erantsitako dokumentazioa aurkezterako orduan kontuan hartuko da, irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, foru administrazioaren esparruan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duena eta irailaren 12ko 40/2006 Foru Dekretua, foru administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzea arautzen duena.     

4.2.  Zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabilita entitate eskatzailearen ordezkaria dela egiaztatzen duen pertsonak sinatu behar du dirulaguntza eskaera.

Deialdiak zehaztuko du entitate bakoitzak zenbat proiektu aurkez ditzakeen gehienez, edo zenbat onartu daitezkeen entitate bakoitzeko.

4.3.  Deialdiari buruzko informazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko «dirulaguntzen atarian» eskura egongo da: www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak.

4.4.  Eskaerak aurkezteko epea deialdian zehaztuko da. 

4.5.  Eskaera egin duten erakundeak ez daude beharturik Gipuzkoako Foru Aldundiari aurrez eman diren dokumentuak aurkeztera. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluak zehazten duenari jarraituz. Kasu hauetan, eskaera orrian zehaztu beharko du noiz eta zer organo edo dependentziatan aurkeztu edo igorri ziren aipatutako dokumentuak. Dokumentazioa lortzea ezinezkoa den kasuetan, organo eskumena duen organoak eskatu ahal izango dio eskaera egin duen erakundeari, edo aurkez dezala, edo, ezin badu, beste nolabait egiazta ditzala dokumentuan egiaztatu beharreko eskakizunak.

4.6.  Aurkeztutako eskaera behar bezala ebaluatu eta ebazteko behar adina dokumentu eta informazio eska ditzake Departamentuak.

4.7.  Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek, identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke eskatzaileari hutsegite horiek konpontzeko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako Legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran.    

5. oinarria.  Laguntzak emateko prozedura.

Programa enpresa txiki eta ertainei dago zuzendua eta zenbateko mugatuko proiektuak laguntzean datza. Horrek suposatzen du urtean zehar sortzen diren proiektuak direla, enpresen tamaina eta proiektu motagatik planifikatzen ez direnak, elkarrekiko norgehiagoka bidezko deialdi bat garatzea zailtzen duelarik.

Horregatik, eskaerak ebazterakoan, kontuan hartuko da eskaeren jasotze hurrenkera, eta horren arabera banatuko dira funtsak, eta deialdian ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte, 7. oinarrian zehaztutako mugak eta zenbatekoak gainditu gabe.

6. oinarria.  Finantzaketa.

Emango diren dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdian zehaztuko da zein aurrekontu kredituren kargura finantzatuko diren subentzioak.

7. oinarria.  Dirulaguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak.

7.1.  Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera zehaztukoa da, betiere aurrekontu baliabideak kontuan hartuta.

7.2.  Entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontu banakatua edo ondorengo aldaketak erreferentziatzat hartuko dira dirulaguntzaren azken zenbatekoa zehazteko; zenbateko hori jardueraren kostu diruz laguntzarriaren portzentaje gisa kalkulatuko da, eta dirulaguntzaren azken zenbatekoak ezingo du hasieran emandakoa gainditu.

7.3.  Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak deialdian zehaztuko dira.

8. oinarria.  Prozedura izapidetzeko eta antolatzeko eskumena duen organoa.

Prozedura izapidetuko duen organoa Berrikuntza Teknologikoko eta Internazionalizazioko Zerbitzua izango da, aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituena.

9. oinarria.  Ebazpena.

9.1.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia Berrikuntzako eta Internazionalizaziko zuzendari nagusiak hartuko du kontuan hartuta departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruz indarrean dagoen foru dekretuan zehaztutakoa.

9.2.  Laguntzak eman edo, hala dagokionean, ukatzeko erabakia eskatzaile bakoitzari indibidualki jakinaraziko zaio. Hala eta guztiz ere, organo emaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 17 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9.3.  Onuradunak 10 eguneko epea izango du, jakinarazpenaren datatik aurrera, dirulaguntza onartzeko. Kontrakoa berariaz jakinarazten ez bada, tazituki onartutzat joko da. Dirulaguntzari ondoren uko egitea, aldez aurretik eta garbi justifikatu gabe, ez-betetzetzat ulertuko da eta, beraz, zigorra ekar dezake.   

10. oinarria.  Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.        

10.1.  Erakunde onuradunek dirulaguntza onartzeak berekin dakar honako hauetan ezartzen diren betekizunen pean egotea: oinarri hauek; martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Dirulaguntzei buruzkoa; eta hura garatzeko araudia, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartua. Bestalde, konpromiso hauek hartuko dituzte:  


— Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpide nagusiak betetzea diruz lagundutako jardueretan, bereziki alderdi hauei dagokienez: hizkera eta irudiak modu ez sexistan erabiltzea eta diruz lagundutako jarduera ebaluatzeko irizpideetan genero adierazleak sartzea.               

— Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea diruz lagundutako proiektuaren ondorioz egiten diren jakinarazpen, material eta jardueretan.             

— Departamentuak dirulaguntzaren xederako ematen duen finantzaketari beharrezko publizitatea ematea. Horretarako, haren irudi instituzionala sartuko da, finantzaketa publikoari eta esku hartze publikoko programaren xedeari buruzko aipamenekin batera, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta abarretan, hedabideetan egiten diren aipamenekin batera.          

10.2.  Diruz lagungarri izateak berekin dakar erakundeek departamentuari proiektuari buruzko informazioa ematea eta baimena ematea komunikaziorako erabil dezaten, betiere baliabide publikoen erabileraren gardentasuna sustatze aldera.            

10.3.  Laguntza onartzearekin, onuradunak baimena ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari legez dagozkion edo programaren kofinantzazioagatik aplikatu dakizkiokeen datu baseetan sartzeko dirulaguntzari buruzko informazioa.

11. oinarria.  Bateragarritasuna eta bateragarritasun-eza beste dirulaguntzekin.

11.1.  Dirulaguntza hauekin ez dira izango bateragarriak Gipuzkoako Foru Aldunditik xede berarekin jaso daitezkeen beste laguntzak; aitzitik, bateragarriak izango dira xede berarekin beste edozein erakunde publiko edo pribatu nazional edo europarrek emandako dirulaguntza, sarrera edo baliabideak, baldin eta ez badute jardueraren kostua gainditzen, betiere beste dirulaguntza horien araudiak horren inguruan ezar dezakeena eragotzi gabe.     


Oinarri hauek arautzen duten dirulaguntzen zenbatekoak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua, eta ezin da izan ez bakarka, ez beste dirulaguntza batzuekin batera, ez beste herri administrazio batzuen laguntzekin batera.

11.2.  Oinarri hauen arabera diruz lagundutako proiektua garatzeko dirulaguntza bat eskatzen edo lortzen duen entitate onuradunak horren berri eman beharko dio departamentuari. 

12. oinarria.  Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza, proiektua amaitutakoan ordainduko da, 13.2. oinarrian aurreikusitako justifikazioa aurkeztu eta gero.     

13. oinarria.  Dirulaguntza zuritzea.

13.1.  Dirulaguntzaren xede diren proiektuak, amaitu eta hilabeteko epean zuritu beharko dira, inbertsioa dirulaguntza onartu aurretik egin denean izan ezik. Kasu horretan, eskaerarekin batera, hurrengo apartatuan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.   

13.2.  Diruz lagundutako proiektua edo jarduera amaitutakoan, enpresa onuradunak zuriketa kontu sinplifikatu bat aurkeztu beharko du, ondorengo agiriak erantsiz:

— Fakturak eta egindako ordainketak.

— Beste laguntza batzuen deklarazioa: proiektu beragatik eskatutako edo eskuratutako «de minimis» laguntzak eta bestelako dirulaguntzak (ereduaren arabera).

13.3.  Oinarri honetako aurreko atalean adierazitako agiriak aurkeztutakoan, espedientearen instruktoreak beharrezko egiaztapenak egingo ditu.

Egiaztapen horretatik ondorioztatzen bada diruz lagundu daitekeen kostua emandako dirulaguntza baino txikiagoa dela, doitu egingo da dirulaguntza. Dirulaguntza edo azken horrek xede zeukana justifikatzeko ezarritako eskakizunak erabat edo neurri batean hautsiz gero, interesdunari jakinarazi egingo zaio, egindako egiaztapenaren emaitzekin batera, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela adierazteko prozedura hasiko da, edo, behar izanez gero, 15. oinarrian ezarritakoaren arabera, ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko prozedura.

13.4.  Dirulaguntzaren entitate onuradunak gutxienez 4 urtez gorde beharko ditu nahitaez laguntza ematea bultzatu zuen jarduera burutu izanaren eta jasotako fondoak aplikatu izanaren egiaztagiriak. Epe hori kontatzen hasiko da enpresa onuradunak aipatu ziurtagiriak aurkezteko ezarrita dagoen denbora amaitzen denetik aurrera.        

13.5.  Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea amaitu eta ez badira bigarren atalean aipatutako agiriak aurkeztu, organo eskudunak 14 eguneko epea emango dio onuradunari agiri horiek aurkezteko. Beste epe horretan ez bada eskatutako dokumentazioa aurkezten, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta hasiera emango zaio jasotakoa itzultzeko 15. oinarrian aurreikusten den prozedurari.

14. oinarria.  Ebazpena aldatzea.

14.1.  Diruz lagundutako jarduera burutzeko epea amaitu baino 10 egun aurretik, onuradunek eskatu ahal izango diote organo emaileari aldaketak egin ditzala ebazpenean: Hain zuzen ere, zehaztutako epeak zabaltzea, emandako diru kopurua murriztea edo jardueran jasotako ekintzak aldatzea dakarten aldaketak. Aldaketa horiek onartuko dira aurreikusi gabeko gorabeherek eragindakoak badira edo jarduera ondo amaitzeko beharrezkoak badira, baldin eta dirulaguntzaren xedea edo helburua aldatzen ez bada eta hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32 artikuluak zehazten duenari jarraituz. Ez da eskaerarik aurkeztu beharko jardueraren aurrekontuko balioespen izaera duten kontzeptuetan aldaketak egiteko.

14.2.  Organo emaileak ofizioz aldatu ahal izango du dirulaguntza emateko ebazpena, aldez aurretik enpresa interesatuari entzunda eta fondoak aplikatu aurretik, baldin eta, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu izanaren ondorioz, zaila edo ezinezkoa bada lortu nahi zen interes publikoa lortzea, eta onuradunari kalte ekonomikorik eragiten ez bazaio.

14.3.  Entitate onuradunak egiaztapen-agirian jakinarazten badu aldatu egin direla dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak eta, aldaketa horiek direla eta, lehen adierazi eran ebazpena aldatzea zilegi zatekeela, baina aldaketa onartu aurreko baimen administratiboaren tramitea ez zela egin bere garaian, Departamentuak onartu egin ahal izango du aurkeztu dioten egiaztapen-agiria, baldin eta erabaki horrek hirugarren batzuen eskubideak urratzen ez baditu.               

15. oinarria.  Ez-betetzeak.

15.1.  Entitate onuradunak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan eta gainontzeko araudi aplikagarrian ezarrita dauden baldintzetakoren bat, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du erabat edo neurri batean, eta jasotakoa itzuli beharko du osorik edo neurri batean, aipatutako foru arauaren 35. artikuluan xedatutakoaren arabera legozkiokeen berandutza interesekin batera, eta, erantzukizunak eskatuko zaizkio, aipatutako foru arauaren 49. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

15.2.  Martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauari jarraituz, aurreikusitakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua ez bada egiten edo zati batean bakarrik egiten bada, eta departamentuari ez bazaio hori zuritzeko jakinarazpenik egiten, zigor prozedura hasi ahal izango da proportzionaltasun irizpideak erabiliz, kontuan hartuta proiektu osotik egindako lanak eta jasotako zenbatekoak.

15.3.  Ez betetzeak mailakatzeko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, eta instruktoreak balioetsiko ditu proiektu osoarekiko eta jasotako zenbatekoekiko egindako lanak kontuan hartuta.

15.4.  Borondatezko itzulketatzat jotzen da pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza ematen duen organoak eskatu gabe egiten duena.

Itzultzeko prozedura hasteko, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuari, eta bertan, datu hauek sartu behar ditu, nolanahi ere: 

— Entitatearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Ordezkariaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Borondatezko itzulketa egiteko arrazoien azalpena.     

— Tokia eta data.

— Sinadura.

Idatzi horrekin batera, agiri bat aurkeztu behar du egiaztatzeko itzulketa egin dela finantza-erakundearen ES73 2095 0611 09 1061070594 kontu zenbakian.

Borondatezko itzulketa gertatzen denean, dagozkion berandutza interesak kalkulatuko ditu dirulaguntza ematen duen organoak.

16. oinarria.  Araubide juridikoa.

16.1.  Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak arautzeko kontuan hartuko dira martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoan, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartutako araudian, eta dirulaguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarrietan ezarritakoa.

16.2.  Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak arau honen mende egongo dira: Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituneko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L 352. zk. 2013/12/24). Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzak ezin dira guztira 200.000 eurotik gorakoak izan dagokion zerga ekitaldian eta aurreko bietan.

II. ERANSKINA

Bonu Teknologikoak: Telelana programaren 2020ko deialdia.

1.  Finantzaketa.

1.1.  Guztira deialdi honetan emango diren laguntzen zenbatekoa laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00 €) eurokoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorreko ondorengo kontu sailaren kargura:

1 0220.220.770.00.07 2020: 450.000 €.

1.2.  Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.       

2.  Baldintzak.

2.1.  Onuraduntzat joko dira 50 langile baino gutxiago dituzten, autonomo gisa aritzen diren pertsonak barne, eta bere jarduera Gipuzkoan garatzen duten ETEak.   

2.2.  Enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake deialdi bakoitzeko. Proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu, lehenik aurkeztutakoa bakarrik hartuko du kontuan prozeduraren organo izapidegileak.

3.  Dirulaguntzaren xede diren jarduerak eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

3.1.  Diruz lagungarriak izango dira enpresek telelana ahalbidetzeko egindako gastuak, hala nola PCak, ordenagailu eramangarriak, web kamerak, mikrofonoak, bideokonferentzia egiteko sistemak, software ofimatikoa, segurtasun informatikorako elementuak eta kasu bakoitzerako bereziak izan daitezkeen beste batzuk, prestakuntza edo aholkularitza gastuak barne.   

3.2.  Diruz lagungarriak izango dira enpresako langileren baten izenean agertzen diren gastuak, baldin eta deialdi hau indarrean jarri aurretik egin badira, eta, ondoren, enpresak ordainketa zuritzen badu.   

Kasu horretan, enpresak, eskaerarekin batera erantzukizunpeko deklarazio bat erantsi beharko du. Bertan, ziurtatuko du inbertsioa Covid-19aren pandemiak sortutako egoeragatik egin dela.

3.3.  Fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

4.  Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoa.

Egin den edo egingo den gastuaren %100 diruz lagunduko da, Balio Erantsiaren gaineko Zergarik gabe, gehienez 4.000 € enpresa bakoitzeko.

5.  Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko da eta 2020ko urriaren 15ean bukatuko da, edo, aurrekontua agortzen bada, lehenago.

6.  Jarduera hasteko epea.

Ontzat emango dira bakarrik 2020ko martxoaren 1etik aurrera egindako gastuak eta inbertsioak.

Gastuak exekutatzeko eta dagokien ordainketak egiteko gehienezko epea, deialdiak proiektuak zuritzeko aurreikusten duen egunean amaituko da.

7.  Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

7.1.  «Dirulaguntzen ataritik» sartuko da eskatzailea eskaerara. Eredua eranskinean dago eta horrekin batera ondorengo dokumentazioa erantsi beharko zaio:

— Aurkeztutako proiektuaren laburpena.

— Inbertsioaren fakturak edo aurrekontuak.

7.2.  Departamentuak, aurkeztutako proiektuak ondo ebaluatu eta erabakitzeko beharrezkotzat jotako informazio oro eskatu ahal izango die enpresa eta erakunde eskatzaileei. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 78. artikuluan ezarritako hamar eguneko epean informazio hori ez bada aurkeztu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta beste izapiderik gabe artxibatu egingo da, aipatutako legeko 21. artikuluan ezarritakoaren araberako administrazio-ebazpenaren bidez.

8.  Dirulaguntzak zuritu eta ordaintzea.

8.1.  Erakunde onuradunek proiektua bere osotasunean egin dutela zuritu beharko dute 2020ko urriaren 31 baino lehen.            

8.2.  Dirulaguntza proiektua amaitzean ordainduko da, honako hauek aurkeztu ondoren:

— Fakturak eta egindako ordainketak.

— Beste laguntza batzuen deklarazioa: proiektu beragatik eskatutako edo eskuratutako «de minimis» laguntzak eta bestelako dirulaguntzak (ikus eredua).

8.3.  Eskaera aurkezten den unean proiektua amaituta badago, eta aurreko apartatuan zehaztutako dokumentazioa erantsi bada, dirulaguntzaren ordainketa ematen den une berean egingo da.

9.  Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea.

Dirulaguntza onartzeko ala ezesteko erabakia jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izango da, eskaera jaso den egunetik hasita. Eskaera jaso den eguntzat hartuko da, deialdiko baldintza guztiak betetzen eta espedientea osatua dagoela ziurtatzen den dokumentazioa jaso den azken data. Gehieneko epea amaituta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, interesatuak legitimatuta daude dirulaguntza eskaera isiltasun administratiboagatik ezetsita dagoela ulertzeko.           

Erabakia eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eta, horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauko 17. artikuluari jarraiki.