3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMARRAGAKO UDALA

Nazioarteko lankidetzarako eta hirugarren munduaren garapenerako dirulaguntzak arautzeko oinarriak. 2020ko deialdia.

1.  Xedea.

Oinarri hauetan jasotzen den deialdiaren xedea dirulaguntzak emateko erregimena finkatzea da, munduko herrialde pobreetako biztanleen baldintza sozio-ekonomikoak garatzera eta hobetzera zuzendutako jarduerak aurrera ateratzearren lankidetza programak antolatzera eta garatzera begira.           

2.  Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eska ditzaketenak dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira, legez eratuak, bere jarduerak deialdi honen xedearekin bat datozenak, eta baita kongregazio erlijiosoak eta banakakoak ere, dirulaguntzaren xedea den jarduera bat garatzen ari badira. Zumarragako eremuan ordezkaritza dutenek edo herriko pertsonekin lotura zuzena dutenek lehentasuna izango dute.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, berariaz, honakoak: Estatu, Autonomia Erkidego, Foru Aldundi eta aurrezki entitateen mendeko erakunde eta zerbitzuak.      

Eskatzaileek deialdi honetako dirulaguntzetarako sarbidea izateko baldintzak honakoak dira:

a)  Elkartasuna eta baliabide pribatuak mobilizatzeko gaitasuna izatea, eta beste erakunde batzuetatik ere dirulaguntzak lortzea. Horretarako, azken bi urteko balantzea aurkeztuko dute eta, hala egokituz gero, jasotako dirulaguntzak eta hauen sorburu eta zenbatekoa zehaztu, sortutako baliabide propioekin batera.

b)  Eskarmentu egiaztatua izatea subsistentzia eta garapenerako lankidetza jardueretan. Honetarako, azken urtean egindako jardueren memoria aurkeztuko dute.

c)  Diruz lagundutako ekintzei eusteko gaitasuna izatea. Erakunde eskatzaileek dituzten giza baliabideei buruzko txosten bat erantsi beharko dute, horien lotura eta dedikazioaren ezaugarriak argituz, udal, estatu edo atzerriko beste erakunde batzuekin dituzten hartu-eman garrantzitsuenekin batera. 

Eskatzaileek zehaztu egin beharko dute deialdira aurkezten dituzten ekintzak beste erakunde batzuei egindako eskarietan sartu dituzten, edo beste erakunde batzuen laguntza hartu duten. Horrela bada, laguntza horien zerrenda aurkeztu beharko dute, kopuruak eta helburuak zehaztuz, dirulaguntzak ordaintzeko unean bikoizketarik gerta ez dadin eta baliabideak ahalik eta ondoen banatzea ahalbidetzearren.

3.  Eskabideak eta aurkezteko epeak.

Eskaerak pertsona ordezkari eta arduradunek formalizatuko dituzte Udalak prestaturiko instantzia eredu ofiziala betez. 

Dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea: Oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Eskaria osatzeke baldin badago, elkarte, erakunde edo taldeek 10 eguneko epea izango dute, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu ahal izateko. Ezarritako epean egin ezean, eskaria artxibatu egingo da, beste inolako tramiterik gabe.

Eskaera eta dokumentazio osagarria Internet bidez aurkeztu beharko dira Zumarragako Udaleko egoitza elektronikoko diru-laguntzen ataritik (http://egoitza.zumarraga.eus).

Salbuespen modura, Zumarragan kokatutako elkarteen kasuan, banaka hartuta, eta elkarte horietako taldeen kasuan, gizarte-jarduera jakin bat egiteko bildu ohi direnean, paperean aurkeztu ahal izango dute eskaera Udaleko Erregistro Orokorrean herritarrak hartzeko ordutegiaren barruan edo korreo zertifikatu bidez.               

4.  Ekarri beharreko agiriak.

Eskaerak Zumarragako Udalak ezarriak dituen Diru-laguntza Programak Arautzen dituzten Oinarri-Arauetako 6. artikuluan zehaztutako dokumentazioarekin batera helaraziko dira. Oinarri Arau hau, 2020ko otsailaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 39. zenbakian argitaratu zen.

Gainera, ondorengoa agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a)  Kasuan kasuko Elkarteen Erregistroko izen emateari buruzko ziurtagiri eguneratuaren fotokopia; honetan, alderdi hauek jaso beharko dira: Erregistroko izen ematearen data, eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza nagusiaren edota ordezkaritza iraunkorren helbidea.

b)  Erakunde eskatzailearen estatutuen fotokopia, dagokion Elkarteen Erregistroan erregistratuena.

Betebehar honetatik salbuetsiak daude aurreko bi deialdietan aurkeztu duten eskatzaileek, betiere oinarri hauetako d) puntua behar adina bermaturik delarik.               


c)  Beste instituzio, erakunde eta abarri egindako dirulaguntza eskarien zerrenda; eta, dagoeneko eman dizkietenen kasuan, dirulaguntza horien zenbateko eta xedea zehaztuta, dirulaguntzak emateko unean bikoizketarik gerta ez dadin eta baliabideak ahalik eta ondoen esleitzea ahalbidetzearren.

d)  Sarrera eta gastuen aurrekontu xehekatua, hala egokituz gero adieraziz euroaren eta erabiltzen den dibisaren arteko truke-tasa, jartzen diren baliabide propioekin batera.

e)  Egin nahi den proiektuari buruzko informazioa. Honek, besteak beste, hurrenak jasoko ditu:

— Proiektuaren izena.

— Proiektu osoaren deskripzio laburra, fitxako ereduaren arabera (1. eranskina ikusi).

— Kokapen zehatza, mapa adierazgarria erantsiz.

— Ekintzaren onuradun izango den biztanleria.

— Espero diren emaitzak.

— Proiektua gauzatzeko egutegia.

— Kanpo laguntza amaitzean ekintzak izango duen bideragarritasuna –ekonomia, arlo instituzionala, ingurumena, teknologia eta genero kontuak aintzat hartuz–.

f)  Azken bi urteko balantzea, jasotako dirulaguntzak eta hauen sorburu eta zenbatekoa zehaztuz, sortutako baliabide propioekin batera.

g)  Azken urtean egindako jardueren memoria. Identifikatu egin beharko dira Zumarragan gauzatutako jarduerak, sentsibilizazio lanekin edo laguntza humanitarioarekin lotutakoez batera.

h)  Erakundeak dauzkan giza baliabideei (pertsonal liberatua eta boluntarioa) buruzko txostena, horien lotura eta dedikazioaren ezaugarriak argituz, udal, estatu edo atzerriko beste erakunde batzuekin dituzten hartu-eman garrantzitsuenekin batera.

i)  Bigarren Oinarrian adierazitako dokumentuak.

Udalak beharrezko iritzitako guztia eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkezten den proiektua baloratu ahal izateko behar duela ikusten badu.

Espedienteen tramitazioan, dirulaguntzaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Udalak zuzenean sektore publikoko edozein entitatetatik eskuratuko du beharrezko dokumentazioa.    

Baldin eta onuradunak Udalari dokumentazio hori eskuratzeko baimenik emango ez balio, onuradunak ukatze horren arrazoiak justifikatu beharko lituzke (2016/679 (EB) Araudia, Datuen Babeserakoa, 21. artikulua).

5.  Erabakia.

Eskabideak izapidetzeaz arduratzen den administrazio unitatea Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasunaren saila izango da.

6.  Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskarien artean dirulaguntzak banatzeko, honela jardungo da:            

1.  Lehen-lehenik, puntuazio bat emango zaie aurkezten diren proiektu edota ekintzei; horretarako jarraituko den baremoa hauxe da:

a)  Biztanle hartzaileen garapen ekonomiko eta sozialeko beharrei eta, bereziki, sektore desfaboratuenen oinarrizko beharrei erantzutea: gehienez puntu 1.               

b)  Onuradunen giza garapenerako ahalmena areagotzea eta, hala egokituz gero, horiek ekintzaren partaide bihurtzea, hain zuzen kudeaketa-lana beren gainean geratzen denean ekintza horri jarraipena eman ahal izan diezaioten: gehienez puntu 1.

c)  Proiektua komunitatearen garapeneko programen esparruan gauzatzea, komunitate onuradunaren kideen partaidetza eta prestakuntza sustatzea, eta toki mailako erakundeen garapena bultzatzea: gehienez puntu 1.

d)  Garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatearekiko interesa sustatzea hiritarren artean, edota lankidetzarako etorkizuneko proiektuetarako partaidetzaren oinarria izatea: gehienez puntu 1.

e)  Proposatutako ekintzek bere bideragarritasuna bermatuta izatea, batez ere aurreikusitako helburuak betetzeko herrialde onuradunak duen gaitasunaren bidez: gehienez puntu 1.         

f)  Proposatutako ekintzek genero ikuspegia ere jasotzea: gehienez 0,5 puntu.

g)  Jarraipen hobea ziurtatzearren, lehentasunezkoa izango da erakunde eskatzaileak, bere antolaketa-eskemaren barnean, Zumarragako pertsonen partaidetza izatea: gehienez 4 puntu.

2.  Puntuazioa eman ondoren, eta eskari kopurua handia izanez gero agian kreditua denei erantzuteko adinakoa ez dela izango kontuan hartuta, ematen den laguntzak emaitza bideragarriak berma ditzan Udalak aukeraketa bat egingo du proiektu/ekintzen artean. Horretarako, baztertu egingo ditu 5 puntu baino gehiago lortzen ez dituztenak.

Behin gutxiengo puntuazioa lortu ez duten proiektuak kanpo utzi ondoren, Korporazioak, betiere bildutako puntuazioa errespetatuz, puntuazio handiena lortu dutenak aukeratu ahalko ditu dagokien diru-laguntza esleituz (diru-laguntzaren gehiengo kantitatea agortu arte –7. oinarrian adierazia–) euren ustez eta era arrazoituan guztiz edo hein handi batean babestuak izan behar diren proiektuen kostuan lagunduz.                      

7.  Eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa eta diru kopuru horren izaera.

Dirulaguntza deialdi hau gauzatzera bideratutako kopurua 67.500 €koa da, 2020ko ekitaldiari dagokiona, eta Herritartasun Batzordean integratzen den, 2020ko urtarrilaren 30eko Osoko Bilkuraren erabakiaren arabera, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna arloaren aurrekontuko honako diru-ataletatik emango dira:

— 0213 481 230-20 02 148 Gizarte lankidetzako proiektuak, 67.500 eurokoa.

Aurrekontuaren kopurua iritsiko ez balitz dirulaguntza jasotzeko eskubide duten eskabide guztiak betetzeko, dagoen dirua urtean egon diren eskari guztien artean banatuko da proportzionalki, partida agortu arte.

Hala ere, aipatu kopurua gehitu ahal izango da, Udal Aurrekontuaren exekuzio oinarriek aurreikusten dutenaren arabera.             

8.  Dirulaguntza ordaintzeko era eta epeak. Aurrerakinen aukera.

Dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa ezin izango da, inola, bera bakarrik edo beste herri administrazio batzuetatik zein beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako dirulaguntza edo laguntzekin batera, erakunde onuradunak garatu behar duen jardueraren kostua baino handiagoa izan.

Onartutako dirulaguntza bi epetan ordainduko da:           

— Udal akordioa hartu ondoren, dirulaguntzaren zenbatekoaren %80 ordainduko da.

— Bigarren eta azken ordainketa, %20ko zatia, aldeko txostena egin ondoren eta programa gauzatzeko arduraduntzat adierazitako pertsonari diruaren transferentzia egin izanaren frogagiria aurkeztuta egingo da.  

9.  Hasiera eta exekuzio epea eta dirulaguntzaren norakoa frogatzeko epeak eta erak.

Erakunde edota pertsona onuradunek 12 hilabeteko epean (Udalak dirulaguntza emateko erabakia onartu eta hurrengo egunetik hasita) aurkeztu beharko diote Udalari ondoren ezartzen den dokumentazioa:               

a)  Egindako programa edo jardueraren memoria zehatza.

b)  Sarrera eta gastuen balantzea.

c)  Jatorrizko fakturak, edo fakturen kopiak, emandako dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa hartzen dutenak. Jatorrizko fakturarik aurkezten ez bada, GKEk emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kopia horiek egiazkoak direla frogatzearren. Kasu biotan, aurkeztutako frogagirien (fakturen) zerrenda erantsi beharko da.

Artikulu honek zehazten duen epea eskatutako dokumentazioa aurkezteko, hiru hilabete gehiago luzatu daiteke, beti ere onuradunak hala eskatuta eta eskaeraren arrazoiak behar den bezala justifikatuta.

10.  Jakinarazpena.

Deialdiaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du eta, argitalpen egunaren biharamunetik hasita, jakinarazpena egintzat joko da lege ondorio guztietarako.    

Zumarraga, 2020ko martxoaren 26a.—Mikel Serrano Aperribay, alkatea.       (1695)