GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA
DEPARTAMENTUA
Ikastetxe gipuzkoarrek
«Fiskalitatea berritzeko ideiak» proposatzeko 2020ko sariaren deialdiaren
iragarkia.
Horrenbestez,
Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak
proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, hau.
Lehenengo. Onartzea «Ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate
didaktikoan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikastetxe gipuzkoarrek
fiskalitatea berritzeko proposatutako ideiak» izeneko sariaren oinarri arautzaileak,
erabaki honetan I. eranskin gisa jasotzen direnak.
Bigarren. Onartzea aipatutako sariketaren 2019/2020 ikasturteko deialdia,
erabaki honetan II. eranskin gisa jasotzen dena.
Hirugarren. Hiru mila (3.000,00 €) euroko gastua baimentzea, hurrengo
partiden kargura, deialdiari aurre egiteko:
0710.110.440.09.01:
1.500,00 €.
0710.110.470.00.01:
1.500,00 €.
Laugarren. Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimentzea
aipaturiko sariketaren hurrengo deialdiak eta dagokien gastua onartzeko.
Bosgarren. Erabaki honetan onartutako oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen
direnetik aurrera izango dituzte ondorioak.
Erabaki hau behin
betikoa da, eta administrazio bidea amaitzen du. Interesdunek erabaki honen
aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete
Administrazioarekiko Auzietarako Donostiako epaitegietan, bi hilabeteko epean,
argitalpenaren biharamunetik aurrera.
Hala ere, horren
aurretik, interesdunek aukera izango dute Diputatuen Kontseiluari berraztertzeko
hautazko errekurtsoa aurkezteko, hilabeteko epean, argitalpenaren
biharamunetik aurrera. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi
errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena
eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako
beste edozein errekurtso aurkez daiteke.
Donostia, 2020ko
otsailaren 25a.—Idazkari teknikoa.
(1151)
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaile
orokorrak
1. Xedea.
Oinarri hauen
bitartez arautzen da «Ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoan
parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikastetxe gipuzkoarrek
fiskalitatea berritzeko proposatutako ideiak» saria, zeinaren helburua baita
ikastetxe horietako ikasleengan ideiak, sormena eta talentua bultzatzea,
zerga obligazioak borondatez betetzeari eta zerga iruzurrari aurre egiteari
begira.
Sarituko diren
ideiak bideratuta egongo dira:
a) Ikusarazi eta sentsibilizatzera zerbitzu publikoak eta
ongizatearen estatua erantzukizunez mantentzen laguntzeak garrantzi
handikoa dela.
b) Ogasunaren webgunean informazio gehiago edo hobea eskaintzera,
eta herritarrei beren zerga obligazioak betetzen laguntzeko zerbitzuak
sortu, zabaldu edo hobetzera.
c) Iruzurraren aurkako borrokarekin lotuta dauden edo lan hori
errazten duten ideia edo tresna berriak proposatzera.
Ideiak idatzizko
zein ikus-entzunezko formatuan aurkez daitezke.
2. Onuradunak.
2.1. Deialdiari lotutako ikasturtean ekonomia eta fiskalitateari
buruzko unitate didaktikoan parte hartzen ari den Gipuzkoako edozein ikastetxe
aurkeztu ahal izango da sari honetara.
Ikastetxe bakoitzak
bi ideia gehienez aurkeztu ahal izango ditu. Dena den, ezin izango ditu lortu
deialdi bakoitzean sari bat baino gehiago.
2.2. Gainera, sariketan parte izateko, ikastetxeek ez dute sartuta
egon behar martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde
Historikoko Dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluaren 2. apartatuan jasotako
debeku kasuetan, eta oinarri hauetan adierazitako gainerako baldintzak ere
bete behar dituzte.
2.3. Aurreko apartatuan adierazitakoa frogatzeko, ikastetxe eskatzaileak
erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
2.4. Sariketan parte hartzekotan, oinarri hauek onartu egin behar
dira.
3. Sariak.
3.1. Sari hauek izango dira:
1. saria:
— 2.000 €.
2. saria:
— 1.000 €.
3.2. Saritutako ikastetxeek diploma bat jasoko dute sariaren
frogagiri moduan; gainera, ikastetxeen izena eta ideia irabazleen laburpen
bat komunikabideetan eta Ogasun eta Finantza departamentuaren web orrian
zabalduko dira.
3.3. Sariketa honetan esku hartzen duten ikastetxe guztiek lehiaketan
parte hartzeari buruzko diploma bana jasoko dute.
4. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
4.1. Ikastetxe bakoitzak eskaera bat baino ezin du aurkeztu, baina
posible da eskaera horretan bi ideia gehienez jasotzea. Eskaera eta gainerako
dokumentazioa Internet bidez aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren
egoitza elektronikoan sartuz (https://www.egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen
atarian klikatuz eta han eskuragarri jarritako inprimaki espezifikoa betez.
Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezterakoan, kontuan izan beharko da
irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko
elektronikoen erabilera arautzen duenak, jasotakoa.
Eskaerarekin batera,
agiri hauek aurkeztu behar dira:
* Ideiaren laburpena idatzita,
gehienez orri batekoa, ideiaren alderdi eta balore nagusiak azaldu eta
nabarmenduko dituena. Laburpena aurkeztuko da nahiz eta ikus-entzunezko
formatua aukeratu ideia garatzeko.
* Ideiaren aurkezpena
ondorengo formatuetako batean:
— Idatzizko formatua: memoria, 2.
gehigarriaren ereduaren araberakoa. Agiria gehienez 3.000 hitz (5 orri) DIN A4
formatuan izango da beti.
— Ikus-entzunezko formatua: bideoak
gehienez 5 minutu iraungo du, ideia berritzailea jasoko du modu argian. Kontu
teknikoak direla-eta, bideoa ezingo da fitxero bat erantsita bidali inolako
formatutan. Hala ere, bideoa plataforma digital batera igo daiteke (YouTube,
Vimeo, Dropbox, Google Drive...). Azken kasu horretan, laburpenaren orrian
bideoari dagokion loturaren helbidea jasoko da.
Ideia originala izan beharko da, eta ezin
izango ditu urratu jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak,
hirugarrenen datuen babesa edo beste edozein izaerakoa.
* Erantzukizunpeko
adierazpena, oinarri hauetako 2.2 klausulan ezarritako beharkizunak betetzeari
dagokionez.
4.2. Eskaerak aurkezteko epea
urteko deialdian zehaztuko da.
4.3. Eskatzaileek ez dituzte
aurkeztu beharko jada Gipuzkoako Foru Aldundiak eskura dituen agiriak,
urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura
Erkideari buruzkoak, 28.2 eta 53.1.d artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz,
betiere agiriak indarrean badaude eta aurkeztu ondoren ez badira bost urte
igaro. Horrelakoetan, eskaera orrian adierazi beharko da agiri horiek noiz eta
zer organoren aurrean edo bulegotan aurkeztu ziren edo, hala badagokio, egin
ziren.
4.4. Ikastetxe parte-hartzailea
sariketara aurkeztutako ideiaren eduki, mezu edota iruzkinen erantzulea
izango da.
5. Saria emateko prozedura.
5.1. Sariak elkarrekiko
norgehiagokaren prozeduraz emango dira, eta deialdi eta hautaketa prozesu
bakarra egingo da.
5.2. Prozedura ofizioz hasiko
da, deialdi publiko bidez. Deialdia organo eskumendunak onartuko du, eta Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratuko
da.
6. Eskaeren ebaluazio irizpideak.
Deialdian aurkezten diren eskaerak irizpide
hauen arabera baloratuko dira:
— Proposamenaren sormena eta
originaltasuna, eta berrikuntza maila: % 50.
— Gizartearenganako inpaktua (balio erantsia):
% 35.
— Proposamenen aurkezpenaren kalitatea: % 15.
7. Prozedura antolatu eta bideratzeko eskumena duten organoak.
7.1. Ogasun eta Finantza
Departamentuko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren ardura izango da saria
emateko prozedura antolatzea eta bideratzea.
7.2. Prozedura bideratzeko
fasearen hasieran, diru laguntzaren eskaeraren aurre ebaluazioa egingo da.
Horretarako, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen
ote diren egiaztatuko da.
7.3. Eskaerak adituek
osatutako batzorde tekniko batek aztertuko ditu, eta haiei buruzko balorazio
txostena egingo du. Txosten hori ebaluazio batzordeari igorriko zaio,
ebaluazioaren emaitzari buruzko ebazpen proposamena egin dezan; eta, ondoren,
eskumena duen organoari aurkeztuko zaio, hark onar dezan.
7.4. Ebaluazio
batzordeak kide hauek izango ditu: Ogasuneko zuzendari nagusia, batzordeko
presidente aritu dena edo, haren ordez, Zerga eta Finantza Politikako
zuzendari nagusia; Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuaren ordezkari bat;
Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuaren ordezkari bat; eta
Herritarren Arretarako Zerbitzuaren ordezkari bat, batzordeko idazkari
lanak egingo dituena.
Ebaluazio batzordea
eratzerakoan, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten
gizonezkoen eta emakumezkoen ordezkaritza orekatua bermatze aldera, ahal den
neurrian, bi sexuak % 40an
ordezkatuta egon behar dira gutxienez, hala jasotzen baitu 21. artikuluan
martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunari
buruzkoak.
7.5. Ebaluazio
batzordeak sariren bat eman gabe uztea proposatu ahal izango du, baldin eta
sariketara aurkeztutako ideiek gutxienez ez badute lortzen gehieneko
puntuazioaren % 50.
8. Sariak emateko ebazpena.
8.1. Ogasuneko
eta Finantzetako foru diputatua izango da oinarri hauetan jasotako sariak
ematea ebazteko organo eskuduna.
8.2. Deialdiaren
ebazpena Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b)
artikuluan ezarritakoaren arabera. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena
ordeztuko du; eta, argitalpen egunaren biharamunetik hasita, jakinarazpena egintzat
joko da lege ondorio guztietarako.
8.3. Sariak
emateko prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da,
gehienez ere, urteko deialdia Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera; data horretantxe
hasiko da prozedura, ondorio guztietarako.
8.4. Aurreko
atalean adierazitako gehieneko epea amaitzerako ez bada jakinarazi ebazpena,
interesdunek Administrazioaren isiltasunez beraien eskaerak ezetsiak izan
direla ulertu ahal izango dute.
9. Onuradunen betebehar eta konpromisoak.
9.1. Ikastetxe
onuradunek sariak jasotzeak berekin dakar nahitaez betetzea martxoaren
27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru-laguntzei
buruzkoak, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartutako
Erregelamenduak, eta diru-laguntzen alorreko gainerako araudi aplikagarriak
ezarritako obligazioak, baita oinarri orokor hauetan ezartzen direnak ere.
9.2. Saria
jasotzearen ondorioz egiten diren komunikazioetan, materialen edizioan eta
hedapen jardueretan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen
erabilera bermatu beharko da, hala jasotzen baitu Euskararen erabilera
normalizatzeko plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo
autonomoen jarduera esparruan 2018-2022 aldirako onartzen duen 2018ko
ekainaren 26ko Diputatuen Kontseiluko erabakiak.
9.3. Hizkera
ez- sexista erabili beharko da sariketara aurkezten den edo saria hedatzean
sortzen den dokumentazio, irudi edo material orotan. Halaber, emakumeen irudi
baztertzaileak edo genero estereotipoak erreproduzitzea saihestuko da, eta
berdintasunezko balioak sustatuko dira, emakumeen eta gizonen presentzia
orekatuaren bidez, batzuk zein besteek modu berean posizio sozial desberdinak
betez eta bai esparru publikoan bai pribatuan antzeko zereginak beren gain
hartuz.
10. Emaitzen konfidentzialtasuna eta jabetza intelektuala.
Sariketan aurkezten
diren dokumentazioa, irudiak edo materiala Ogasun eta Finantza Departamentuak
erabili ahal izango ditu, eta horrek erreproduzitu, jendaurrean zabaldu eta
banatu ahal izango ditu sariketa honen ondorioetarako.
11. Araubide juridikoa.
Oinarri hauen xede
den sariari, bertan ezarritakoaz gain, honako hauek aplikatuko zaizkio: martxoaren
27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru-laguntzei
buruzkoa, arau hori garatzen duen Erregelamendua, apirilaren 29ko 24/2008 Foru
Dekretuaren bidez onartua, eta dirulaguntzen alorrean aplikagarria den
gainerako araudia.
II. ERANSKINA
«2019/2020 ikasturtean
ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoan parte hartzen duten
unibertsitatez kanpoko ikastetxe gipuzkoarrek fiskalitatea berritzeko
proposatutako ideiak» sariaren deialdia.
1. Finantzaketa.
Deialdi honetarako,
gehienez 3.000,00 € bideratuko dira, aurrekontu partida honen/hauen kargura:
0710.110.440.09.01:
1.500,00 €.
0710.110.470.00.01:
1.500,00 €.
2. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaintzak
aurkezteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu eta biharamunean irekiko da, eta 2020ko maiatzaren
15ean bukatuko da.
3. Eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
3.1. Sariketan
parte hartzeko eskaerak aurkeztuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza
elektronikoko diru-laguntzen atarian (https://www.egoitza.gipuzkoa.eus)
deialdi honi dagokionez (1. gehigarria) ezarritako ereduari jarraituz.
Gainera, erantzukizunpeko
adierazpen bat ere aurkeztu beharko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko
Diru-laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan
jasotzen duen onuradun izateko debeku arrazoirik gertatu ez izanari buruzkoa.
3.2. Ideiaren
laburpena idatzita aurkeztuko da, gehienez orri batekoa, ideiaren alderdi eta
balore nagusiak azaldu eta nabarmenduko dituena. Laburpena aurkeztuko da nahiz
eta ikus-entzunezko formatua aukeratu ideia garatzeko.
3.3. Ideia
idatzizko formatuan aurkezten bada, eskaera ereduari (1. gehigarria) erantsi
behar zaio 2. gehigarri gisa eskatzen den informazioa, laburpen eta memoriaren
ereduari dagokiona, eta aipatutako atarian eskuragarri dagoena. Agiria gehienez
3.000 hitz (5 orri), DINA4 formatuan izango da beti.
3.4. Ideia
ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada, bideoak gehienez 5 minutu iraungo
du, eta ideia berritzailea jasoko du modu argian. Kontu teknikoak direla-eta,
bideoa ezingo da fitxero bat erantsita bidali inolako formatutan. Hala
ere, bideoa plataforma digital batera igo daiteke (YouTube, Vimeo, Dropbox,
Google Drive...). Azken kasu horretan, laburpenaren orrian bideoari dagokion
loturaren helbidea jasoko da.