GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
DIPUTATU NAGUSIA
50/2019 Foru Dekretua,
urriaren 14koa, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari
buruzko uztailaren 1eko 19/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.
Uztailaren 1eko
19/2019 Foru Dekretuak (uztailaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 125. zk.) Gipuzkoako Foru Aldundiko
oinarrizko departamentu egitura ezarri zuen 2019-2023ko agintaldirako.
Aipatutako foru
dekretuaren 4. artikuluak Gobernantza Departamentuaren egitura organikoa
finkatu zuen, bost zuzendaritza nagusik osatuta. Horien artean dago Estrategia
Digitaleko Zuzendaritza Nagusia, 2017an sortutakoa orduko Gobernantzako eta
Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuan: internet nahiz ingurune digitaleko
beste tresna batzuen bidez Gipuzkoako Foru Aldundiaren komunikazio
gaitasuna optimizatzeko eta ingurune horretan Aldundiaren kokatze zuzena
indartzeko eta kudeatzeko xedez, sortu ere.
Hau da, Estrategia
Digitaleko Zuzendaritza Nagusiak eginkizun asko partekatzen ditu Diputatu Nagusiaren
Alorreko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiarekin. Horregatik, beharrezkoa da bi
zuzendaritza nagusi horiek etengabe koordinatuta egotea; eta hori errazago lortzen
da biak departamentu berdinean izanda. Horrenbestez, oinarrizko departamentu
egitura aldatu behar da, Estrategia Digitaleko Zuzendaritza Nagusia Diputatu
Nagusiaren Alorrean sartzeko.
Halaber, segurtasun
juridikoko arrazoiak tarteko, eta Diputatu Nagusiaren Alorrean bertan dagoen
Estrategia Zuzendaritza Nagusiarekin inolako nahasketarik gerta ez dadin,
izena aldatu eta hemendik aurrera Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusia
izango da.
Hori guztia dela
eta, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren
Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 31.4.c) artikuluan
ezarritakoari jarraikiz, diputatu nagusiak proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak
gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren,
XEDATZEN DUT
Artikulu bakarra. Gipuzkoako
Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzko uztailaren 1eko
19/2019 Foru Dekretua aldatzea.
Bat. Uztailaren 1eko
19/2019 Foru Dekretuaren 1. artikuluaren 2. zenbakia aldatu da, eta honela
gelditu da idatzita:
«2. Diputatu
nagusiaren ardura organiko eta funtzionalaren mendean daude:
a) Estrategia Zuzendaritza Nagusia.
b) Komunikazio Zuzendaritza Nagusia.
c) Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza
Nagusia.
d) Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia.
e) Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusia.
f) Diputatu Nagusiaren Alorreko Idazkaritza, zerbitzu maila izango
duena.»
Bi. Uztailaren 1eko
19/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua aldatu da, eta honela gelditu da idatzita:
«4. artikulua. Gobernantza
Departamentua.
Gobernantza
Departamentuak egitura hau izango du:
a) Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako Zuzendaritza
Nagusia.
b) Zerbitzuetako eta Administrazioaren Berrikuntzako eta
Eraldaketako Zuzendaritza Nagusia.
c) Herritarren Partaidetzako Zuzendaritza Nagusia.
d) Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritza Nagusia.»
Amaierako xedapena. Indarrean
jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen
den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2019ko
urriaren 14a.—Markel Olano Arrese, diputatu nagusia. (6588)