GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
3/2019 Foru Dekretua,
ekainaren 29koa, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei
dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzekoa.
Uztailaren 12ko
6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa,
Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, diputatu nagusiari esleitzen dio foru
dekretu bidez Foru Aldundia egituratzen duten departamentuak sortu, kendu,
batu, edo birmoldatzeko ahalmena (64. artikulua), baita, foru dekretu bidez,
departamentu horiek izan behar dituzten jardun esparruak eta eginkizunak
zehaztekoa ere –26.3.b) artikulua–.
Une honetan, aitzinera
eramateko aurreko legealdian hasitako gobernantza eredu ireki eta
kolaboratiboa, Etorkizuna Eraikiz programan jasotako proiektu estrategikoetan
gauzatu dena, egungo departamentu egitura, ekainaren 24ko 3/2015 Foru
Dekretuaren bidez ezarritakoa, egokitzea komeni da; hain zuzen, zehazten
diren departamentuak zuzenduko dituzten foru diputatuak izendatu eta egokitze
horrek eragingo dituen berrantolaketa guztiei ekin aurretik.
Horiek horrela,
uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren
Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 26.3.b) eta 64.
artikuluetan diputatu nagusiari esleitutako eskumenak baliatuz,
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen
xedea da finkatzea Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun
esparruak eta eginkizunak.
2.
artikulua. Departamentuak.
Foru Aldundia
departamentu hauetan egituratzen da:
1. Ekonomia
Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentua.
2. Kultura,
Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua.
3. Gobernantza
Departamentua.
4. Proiektu
Estrategikoetako Departamentua.
5. Mugikortasuneko
eta Lurralde Antolaketako Departamentua.
6. Ogasun
eta Finantza Departamentua.
7. Bide
Azpiegituretako Departamentua.
8. Gizarte
Politiketako Departamentua.
9. Ingurumeneko
eta Obra Hidraulikoetako Departamentua.
3.
artikulua. Departamentuen lehentasun hurrenkera.
Departamentuen
lehentasun hurrenkera aurreko artikuluan xedatutakoa izango da.
4.
artikulua. Diputatu Nagusia.
1. Uztailaren
12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde
Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, eta gainerako xedapenek
ematen dizkioten eginkizunak betetzeko, diputatu nagusiak Kabinete baten
laguntza izango du; eta, halaber, Diputatu Nagusiaren Laguntzarako Idazkaritza
bat eta Identitate Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako Bulego bat
izango ditu.
2. Gainera,
izaera horizontala duten jardun esparru hauek kudeatuko ditu:
a) Etorkizuna Eraikiz.
b) Estrategia eta azterlanak.
c) Kudeaketa Plan Estrategikoa.
d) Komunikazioa.
e) Bizikidetza eta giza eskubideak.
f) Euskararen normalizazioa eta erabilera lantzeko politikak,
gizartean nahiz foru administrazioan.
g) Berdintasuna sustatzeko politikak.
h) Identitate korporatiboa, harreman instituzionalak eta protokoloa.
5.
artikulua. Jardun esparruak eta eginkizunak banatzea.
Uztailaren 12ko
6/2005 Foru Arauak diputatu nagusiari eta Diputatuen Kontseiluari esleitzen
dizkien eskumenak eta diputatu nagusiordeei esleitzen zaizkienak eragotzi
gabe, datozen artikuluetan xedatzen diren jardun esparruetako zereginak
gauzatuko dituzte 2. artikuluan aipatu diren departamentuek, zeinek bere foru
diputatuaren zuzendaritzapean.
6.
artikulua. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko
Departamentua.
1. Ekonomia
Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari jardun esparru eta
eginkizun hauek dagozkio:
a) Ekonomiaren sustapena eta garapena.
b) Berrikuntza eta nazioartekotzea.
c) Turismoa.
d) Nekazaritza eta landa garapena.
e) Abeltzaintza, mendiak eta naturagunea.
f) Baso baliabideak antolatzea eta hobetzea.
g) Natura artatzea.
h) Ehiza eta arrantza aberastasunaren aprobetxamendua babestu,
artatu eta sustatzea.
i) Lurralde oreka.
j) Nekazaritza, landa garapena, natura ingurunea eta lurralde
orekaren koordinazioa.
k) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Etorlur Gipuzkoako Lurra SA» foru sozietate publikoa.
7.
artikulua. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua.
1. Kultura,
Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari jardun esparru eta eginkizun
hauek dagozkio:
a) Liburutegia, kulturaren sustapena eta hedapena.
b) Ondare artistikoa, artxiboak eta museoak.
c) Ikus arteak.
d) Lurraldeko kultur esparruko elkarte eta erakundeekiko harremanak.
e) Lankidetza.
f) Gazteria eta garapen komunitarioa. Gazte egoitzak eta aterpetxeak.
g) Kirola.
h) Kirol ekipamenduaren sustapena eta arrazionalizazioa.
i) Lurraldeko kirol federazioak eta kirol elkarteak.
j) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Kirolgi Fundazioa» foru fundazio publikoa.
8.
artikulua. Gobernantza Departamentua.
1. Gobernantza
Departamentuari, zeinaren foru diputatua Diputatuen Kontseiluko idazkaria
izango baita, jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Diputatuen Kontseiluko Idazkaritza.
b) Foru Aldundiak Batzar Nagusiekin nahiz Arartekoarekin dituen
harremanen eta komunikazioen koordinazioa.
c) Legezkotasunaren barne kontrola, lege aholkularitza orokorra, eta
Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz bere organoak auzitegietan defendatzea.
d) Foru Aldundiari Toki Administrazioari lotutako ondorengo esparru
hauetan dagozkion eskumenak: udalerrietako nahiz udalerriez gaindiko eremuetako
lurralde mugapeak, Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroa, gaikuntza
nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioak eta aholkularitza.
e) Departamentuen arteko koordinazioa araugintza egutegia prestatzeko.
f) Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar
Nagusietako hauteskundeen dei egile den heinean dituen eskumenak.
g) Foru Sektore Publikoaren Jardueren eta Ondasun eta Interesen
Erregistroak.
h) Gipuzkoako Aldizkari
Ofiziala.
i) Funtzio publikoa.
j) Kontratazio publikoa.
k) Gobernu ona eta zuzentasun instituzionala.
l) Administrazioaren berrikuntzarako eta aldaketarako politikak.
m) Administrazio elektronikoa eta digitala.
n) Antolaketa eta informazio sistemak.
o) Zerbitzu orokorrak.
p) Ibilgailuak.
q) Foru inprimategia eta argitalpenak.
r) Gardentasunaren alorreko koordinazioa.
s) Herritarren partaidetza.
t) Prebentzioa, suteen itzalketa eta sorospena.
u) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Gobernantza
Departamentuak beharrezko bitarteko materialak nahiz langileak jarriko ditu, Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordeak, Kontratazio alorreko
Errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboak, Gipuzkoako Lurralde
Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordeak eta
Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak beren lana egin ahal izateko.
3. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (Izfe SA)
foru sozietate publikoa eta «Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa» foru
fundazio publikoa.
9.
artikulua. Proiektu Estrategikoetako Departamentua.
1. Proiektu
Estrategikoetako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu estrategikoen kudeaketa.
b) Elkar-Ekin programaren kudeaketa integrala.
c) Erreferentzia zentro hauen arreta, laguntza eta koordinazioa:
— «Ziur Fundazioa».
— «Fundación
Adinberri Fundazioa».
— «Mubil Fundazioa».
— «2deo».
— «LABe».
d) Gipuzkoarako izaera estrategikoko proiektu sozial eta ekonomiko
berriak aztertzea.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio «Ziur Fundazioa», «Fundación Adinberri Fundazioa» eta
«Mubil Fundazioa» foru fundazio publikoak.
10.
artikulua. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako
Departamentua.
Mugikortasuneko eta
Lurralde Antolaketako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek
dagozkio:
a) Garraioak eta plangintza.
b) Bizikleta bideen azpiegiturak.
c) Lurralde antolaketa eta kohesioa.
d) Hirigintza planak sustatu eta gainbegiratzea.
e) Lurraldea sustatu eta lurzorua kudeatzea.
f) Foru Aldundiak bere erabilera administratiboetarako behar dituen
eraikinak eraiki eta birgaitzea.
g) Ondarearen kudeaketa teknikoa.
h) Lurralde informazioa.
i) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
11.
artikulua. Ogasun eta Finantza Departamentua.
Ogasun eta Finantza
Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Zerga administrazioa.
b) Ekonomi Ituna, Estatuaren aldeko kupoa, eta Autonomia Erkidegoari
nahiz Lurralde Historikoko udalerriei egin beharreko ekarpenak.
c) Eskualdatutako eskumen nahiz zerbitzuen balioespena.
d) Europako funtsen kudeaketa.
e) Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorrak egin, kudeatu,
jarraitu eta kontrolatzea.
f) Barne kontrol ekonomikoa eta kontabilitatea.
g) Diruzaintza, zorpetzea, bermeen eraketa eta finantza
erakundeekiko harremanak.
h) Udalen eta udalez gaindiko erakundeen finantza babesa eta
aholkularitza.
i) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
12.
artikulua. Bide Azpiegituretako Departamentua.
1. Bide
Azpiegituretako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Errepide sarea planifikatzea.
b) Lurraldeko errepide sarea eraiki, artatu eta ustiatzea.
c) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia–Agencia
Guipuzcoana de Infraestructuras SA» foru sozietate publikoa.
13.
artikulua. Gizarte Politiketako Departamentua.
1. Gizarte
Politiketako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Mendekotasuna dutenentzako arreta.
b) Gizarte zerbitzu komunitarioak.
c) Asistentzia zentro propioak nahiz hitzartuak.
d) Desgaitasuna.
e) Enplegu politika aktiboak.
f) Ekintza komunitarioa eta gizarte-inklusioa.
g) Adingabe babesgabeak.
h) Adopzioak.
i) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaizkio «Fundación Uliazpi» eta «Kabia» foru organismo
autonomoak.
14.
artikulua. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua.
1. Ingurumeneko
eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari jardun esparru eta eginkizun hauek
dagozkio:
a) Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka.
b) Iraunkortasun energetikoa.
c) Iraunkortasuna (Agenda 21 eta Agenda 2030), eta ingurumen hezkuntza
eta sentsibilizazioa.
d) Ingurumen eraginaren ebaluazioa.
e) Hiri hondakinen kudeaketaren planifikazioa eta garapena, eta
ekonomia zirkularra.
f) Jarduera sailkatuak.
g) Lurraldearen hornidura eta saneamendu plan orokorra.
h) Uraren kalitate kontrola.
i) Hondartzen eta itsasertzaren kudeaketa integrala.
j) Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Departamentu
honi atxikitzen zaio «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación
de Cambio Climático de Gipuzkoa» foru fundazio publikoa.
Amaierako lehen
xedapena.
Foru dekretu hau
indarrean jartzen den egunetik sei hilabeteko epean, departamentuko egitura
organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuen proiektuak, honetan
xedatutakoaren araberakoak izango direnak, aurkeztuko dituzte foru diputatuek,
onartuak izan daitezen.
Amaierako bigarren
xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzen
den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2019ko
ekainaren 29a.—Markel Olano Arrese, diputatu nagusia. (4402)