DONOSTIAKO UDALA
Jabari eta erabilera
publikoko espazioen okupazioak arautzeko udal ordenantza. Behin betiko
onarpena.
Donostiako Udalbatzak,
2019ko otsailaren 22an egindako osoko bilkuran, ondorengoa erabaki du:
Gaur egun,
Donostiako Udalak ez du arau orokorrik, espazio publikoan egin daitezkeen
erabilerak arautzeko, batez ere, horren aprobetxamendu berezia edo
erabilera pribatiboa dakarten erabilerak.
Jabari eta erabilera
publikoko espazioen okupazioak ordenantza baten bidez arautzeak helburu du
espazio publikoan egin daitezkeen erabilera guztiak argi eta erraz antolatzea.
Batez ere, espazioaren aprobetxamendu berezia edo erabilera pribatiboa
dakartenak. Espazio publikoaren erabilera komuna areago babestea da jomuga, hau
da, pertsona guztiei era berean eta bereizketarik gabe dagokiena.
Aurreko
ondorioetarako, Donostiako Udalbatzak, 2018ko uztailaren 19an egindako
bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onartzea Jabari eta erabilera publikoko
espazioen okupazioak arautzeko Udal Ordenantzaren aldaketa.
2018ko uztailaren
27an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu zen (145. zk.) aipatutako ordenantzaren aldaketaren hasierako
onarpena.
Iragarki horren
bidez, espedientea jendaurrean ikusgai jarri zen, interesdunek kexak eta egoki
iritzitako iradokizunak aurkezteko, emandako epean.
Ondorio horietarako
alegazioak aurkeztu zituzten honako jaun/andre hauek:
1. Gloria Herrera.
2. Jesus Etxegoien Cillero.
3. Victoriano Santos Mena, Francisco Javier
Peña Bendicho, Iñigo Gimenez Ubillos, Ander Miner Galilea eta Jose Antonio Duo
Trecet.
4. Aitor Basurto.
5. Jose Antonio Urkiola Cuni.
6. Maria Carmen Mugica Lasa.
7. Lab Sindikatua.
8. Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea.
Bestalde, jakinarazi
ziguten alegazio batzuk epez kanpo aurkeztu zirela, Uliako auzo elkarteak
ekarritakoak, hain zuzen.
Aldatzeko
proposamenak aztertu ondoren, arloko Zerbitzu Teknikoek txostena egin zuten
2018ko abenduaren 14an.
Proposatutako
aldaketek ez dute, gure iritziz, ondorio eta eragin nabarmenik izango
aurrekontuetan.
Justifikazioa eta
aurkezpena azalduta, eta aginduzko txostenak egin eta gero, proposatutako
aldaketak onartzeko eskatzen dugu.
Horiek horrela,
Gobernu Batzarrak gaia aztertu eta gero, honako erabaki hauek hartzea
proposatzen diogu Udalbatzari:
ERABAKIAK
1. Honako zuzenketa hauek onartzea:
Erabateko eran
onartutako zuzenketak:
— 27.5 artikulua
(Parte Zaharrean Bizirik elkarteak aurkeztua).
Partzialki
onartutako zuzenketak Saileko txosten teknikoaren idazkeraren baitan:
— 48.7, 49.3, 49.6,
49.8 eta 59. artikuluak eta Azken Xedapenetako Bigarrena (Parte Zaharrean
Bizirik aurkeztuak).
— Bigarren tituloari
dagokion Hirugarren kapituloko hirugarren sekzioaren izenburua eta 52. art.
(Santos Mena jn.k eta beste batzuek aurkeztua).
Gaitzetsitako
zuzenketak: beste guztiak.
Epez kanpo aurkeztu
direlako gaitzetsitako alegazioak: Uliako auzo elkarteak aurkeztutakoak.
2. Behin betiko onartzea, Jabari eta
erabilera publikoko espazioen okupazioak arautzeko udal Ordenantza, Udalbatzarrak
behin-behingoz 2018ko uztailaren 19ko ohiko bilkuran onartua.
3. Agintzea behin betiko onarpenari buruzko
iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratzeko.
Indarrean sartuko da
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu eta hurrengo egunean, Toki Jardunbidearen Oinarriak arautzen dituen
7/1985 Legearen 65.2. artikuluan ezarritako epea igaro baita.
Akordio hauek bide
administratiboa agortzen dute, beraz, Administrazioarekiko Auzi Eskumenari
buruzko, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46 artikuluei jarraiki, ados
ez dagoenak bi hilabete ditu errekurtsoa jartzeko Euskal Herriko Auzitegi
Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailaren aurrean.
Esandako epea
argitalpen honen hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Donostia, 2019ko martxoaren
21a.—Juan Carlos Etxezarreta Villaluenga, Udalbatzako idazkari nagusia. (1810)
Jabari eta erabilera
publikoa duten espazioak nola okupatu arautzeko ordenantza.
Sarrera.
Lehenengo titulua. Xedapen
orokorrak.
1. kapitulua. Xedea
eta aplikazio eremua.
2. kapitulua. Erabilera
motak eta horietarako eskatzen diren titulu motak.
3. kapitulua. Erabilera
irizpideak eta beste xedapen batzuk.
Bigarren titulua. Espazio
publikoa elementuekin okupatzea.
1. kapitulua. Salmenta
ibiltaria.
Lehenengo atala. Definizioa
eta modalitateak.
Bigarren atala. Azoketan
saltzeko postuei buruzko xedapen orokorrak.
Hirugarren atala. Denboraldiko
postu finkoak.
Laugarren atala. Denda
ibilgailuak.
Bosgarren atala. Postu
bereziak.
2. kapitulua. Jabari
publikoko beste okupazio batzuk.
Lehenengo atala. Baimen
bidezko okupazioak.
Bigarren atala. Emakida
bidezko okupazioak.
3. kapitulua. Merkataritza
jarduera espazio publikora zabaltzea.
Lehenengo atala. Salgaien
erakustokiak eta antzeko instalazioak.
Bigarren atala. Kutxazain
automatikoak.
Hirugarren atala. Produktu
salmenta automatikoa eta haurrentzako jolas makinak.
Hirugarren titulua. Zehapen
araubidea.
Xedapen gehigarria.
Xedapen indargabetzailea.
Azken xedapenak.
SARRERA
Ordenantza honek,
Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean eta Administrazio
Publikoen Ondarea araupetzen duen araudian (33/2003 Legeak eratua, batik bat)
ezarritakoaren babesean, hiriko espazio publikoan egiten diren erabilerak arautzen
ditu. Xede horretarako, hiriko espazio publikoa udal jabari publikoko bide eta
espazioak izango dira, bai eta, titulartasun pribatuak izanik ere, oro har
herritarrek erabiltzeko udalerriko beste espazio batzuk ere.
Araudi honen xedea
da espazio publikoan egin daitezkeen erabilerak modu argiagoan eta errazagoan
ordenatzea lortzea, eta bereziki, aprobetxamendu berezia edo erabilera
pribatiboa duten erabilerena, espazio publikoaren erabilera komuna gehiago
babesteko, pertsona guztiei era berean baitagokie.
Ordenantza honen
xede diren baimen eta emakidak ematerakoan Udalak bermatu beharreko herritarren
eskubide nagusia pertsona guztientzako bide publikoaren irisgarritasuna da.
Horri gagozkiola, ordenantza zein hura aplikatzeko ekintzetan, bereziki
izango ditugu kontuan ondoko: espazio publikoetako irisgarritasunaren oinarriko
baldintzei buruzko arauak, batez ere, ondokoak direla oinarri: apirilaren
11ko 68/2000 Dekretua, Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro Sailarena, irisgarritasun baldintzei buruzkoa, hiri
inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko
sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen baititu,
eta otsailaren 1eko VIV/561/2010 Ministerio agindua, espazio publiko
urbanizatuetara iritsi eta haiek erabili ahal izateko irisgarritasunaren eta
bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzen agiri teknikoa garatzen duena.
Ordenantza honen
beste printzipio gidari bat da Donostiako bide eta espazio publikoetan
eginiko erabilera orotarako (berezia nahiz pribatiboa) dagokion gaitze titulua
eskuratu behar dela aldez aurretik Udalaren eskutik, Herri Administrazioen
Ondareari buruzko 33/2003 Legearen 84. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Azkenik, adierazi
behar da establezimendu eta zerbitzuen eskaintzaren askatasunari buruzko
Ordenantza 2006/123/CE Zerbitzuen Zuzentarauan ezarritakoarekin bat etorrita
egina dela. Hori horrela, Zuzentarauaren printzipioak eta gidalerroak
errespetatzen ditu, bai eta haren transposiziorako proiektatutako barne
araudia ere. Baimentzeko teknikari eutsi zaio Herri Administrazioen
Ondareari buruzko Legearen 6. eta 84. artikuluetan ezarritakoaren arabera, bai
eta administrazio isiltasun negatiboari ere, «Omnibus Legea» egin zuen 30/1992
Legearen 43. artikuluaren aldaketan ezarritakoaren arabera (gaur egun, 39/2015
Legearen 24. artikulua). Zehazki, arreta berezia jarri da zerbitzu jardueraren
funtsezko euskarri gisa espazio publikoa erabiltzen duten zerbitzu eskaintzaileei
(merkatariak...) eska dakizkiekeen gutxieneko betebeharren eskakizuna bermatzean,
espazio publikoaren mugaren eta eskasiaren funtsezko premisapean, eta horrek
eman daitezkeen baimenen kopurua mugatzeko premia eragiten du.
Hori gertatzean,
baimenak emateko inpartzialtasun eta gardentasuneko printzipioak ezin
hobeto betetzen direla bermatzen du, eta, era berean, baimenen iraupen
mugatua, horiek automatikoki ez berritzea eta bazter utzitako zerbitzu
emailerentzako edo harekin lotutako pertsonentzako abantailarik ez izatea.
Europar Batasunaren araudiaren aurkako betebehar oro sartzea saihestu da, eta
ezarritakoak nahitaezkoa, neurrikoak eta ez diskriminatzaileak dira, bai eta
argiak eta agerikoak, objektiboak, gardenak eta irisgarriak ere, eta aurretiaz
argitaratutakoak dira. Azkenik, administrazio sinplifikatze handiena lortu
nahi da, eta, horretarako, beharrezkoak ez diren administrazio izapide guztiak
kenduko dira, espazio publikoaren erabilera errazte aldera.
LEHENENGO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. KAPITULUA. XEDEA
ETA APLIKAZIO EREMUA
1. artikulua. Xedea.
Udal jabariko eta
erabilera publikoko espazioetako okupazioak arautzea da ordenantza honen
helburua, herritarrek horien erabilera komun orokorra egiteko eta baimendu
daitezkeen erabilera edo aprobetxamendu bereziak eta erabilera pribatiboak
uztartzea baimen eta emakiden prozedura bat ezarrita.
2. artikulua. Aplikazio
eremua.
1. Donostiako lurralde eremuan udal jabari
publikoko espazioetan egin nahi diren jarduera, instalazio eta aprobetxamendu
guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau, bai eta eremu horretako erabilera
publikoko espazio pribatuetakoei ere, hurrengo artikuluan zehaztutako
salbuespenekin eta beste administrazio batzuek izan ditzaketen gaitasun eta
eskuduntzei kalterik egin gabe.
2. Ordenantza hau, espazio okupazioari
zorrozki dagokionez, ez zaie aplikatuko hondartzei eta portu eremuari, horiek
ez direlako udal jabari publikoa. Nolanahi ere, aplikatu egingo zaie, espazio
horietan egin arren, Udalak baimendu behar dituen jarduerei.
3. artikulua. Salbuespenak.
1. Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo
daude hauek:
a) Ostalaritzako terrazak.
b) Bide publikoan aparkatzeko gordetako guneak eta pasabideak,
garraiobide mota guztien geralekuak barne.
c) Publizitate kartelak eta hesiak.
d) Zangak eta laginketak.
e) Obrarako bitarteko laguntzaileekin jabari publikoa okupatzea,
hala nola aldamio, garabi, hondakinen edukiontzi, obra etxola, eraikuntzako
material eta antzekoak.
f) Hauteskunde kanpainako ekintzen ondoriozko okupazioak
(mitinak...).
g) Ur eta saneamendu hargune partikularrekin lurpea okupatzea.
h) Sare elektrikoak, gas sareak eta telekomunikazio sareak jartzeko
komunikazio elektronikoko sare eta zerbitzuen operadoreek eskatutako sareak
jartzeko lurpeko okupazioak.
2. Dagokion udal ordenantzak eta aplika
daitekeen sektoreko araudiak arautuko dituzte aurreko atalean zerrendatutako
kasuak.
4. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen
ondoreetarako, definizioak hauek dira:
1. Udal jabari publikoa: erabilera publikorako
udal titulartasuneko kale, plaza, zirkulazio bide, pasealeku, etorbide,
espaloi, bulebar, parke eta lorategi, bideko tunel eta gainerako ondasun eta
eskubideak sartzen dira izendapen honetan.
2. Ondare jabetzak: udal titulartasunekoak
izan arren erabilera publiko baterako ez diren edo zerbitzu publiko bati atxikita
ez dauden ondasunak dira, eta Udalari diru sarrerak eragiteko edo aprobetxamenduak
sortzeko gai dira.
3. Erabilera publikoko espazio pribatuak:
titulartasun pribatua izan arren, herritar guztiek erabiltzeko lursailak
dira.
4. Gaitze titulua: Udalak emandako ebazpen
edo erabakia, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskumena ematen diona
udal jabari publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan ordenantza
honetan xedatutako jarduerak, instalazioak eta aprobetxamenduak egiteko.
Horretarako, baldintza batzuk betetzen direla egiaztatu beharko da aurrez,
besteak beste, bermeak, amaierako muntatze ziurtagiriak, udal tasak ordaintzea,
erantzukizun zibileko aseguruak eta antzekoak, baldin eta ebazpen edo
akordio horrek horrelako baldintzarik ezartzen badu.
2. KAPITULUA. ‑ERABILERA MOTAK ETA HORIETARAKO ESKATZEN
DIREN TITULU MOTAK
5. artikulua. Udal jabari publikoaren erabilera motak.
Udal jabari
publikoaren erabileran, ondare legedian ezarritakoarekin bat etorrita, hauek
bereizi beharko dira:
1. Erabilera komun orokorra, pertsona
guztiei era berean dagokiena; hau da, batzuen erabilera ez du gainerakoek
erabiltzea eragozten.
2. Erabilera edo aprobetxamendu berezia,
erabilera komuna eragotzi gabe, baldintza bereziak gertatzea dakar
berarekin, hala nola erabileraren intentsitatea edo arriskugarritasuna,
lehentasuna eskasia izanez gero, errentagarritasun berezi bat lortzea edo antzekoak;
horiek zehazten dute erabilera komun orokorraren gaineko gehiegizko erabilera
edo erabilera hori gutxitzea.
3. Erabilera pribatiboa, jabari publikoko zati
baten okupazioa zehazten du, eta beste pertsona batzuek hura erabiltzea
mugatzen edo baztertzen du.
4. Erabilera anormala, eragindako jabari publikoaren
xede nagusiarekin bat ez datorrena.
6. artikulua. Gaitze tituluak.
1. Librea da jabari publikoaren erabilera
komun orokorra, eta, horretarako, ez da gaitze titulurik behar.
2. Erabilera edo aprobetxamendu bereziko
udal jabari publikoko okupazioetarako baimena beharko da, bai eta instalazio
edo ondasun higigarri desmuntagarriekin soilik egiten diren okupazio
guztietarako ere, eta okupatze epea ez da lau urtetik gorakoa izango.
3. Obra edo instalazio finko edo
iraunkorrekoen erabilera pribatiboa eta erabilera anormala egiteko
administrazio emakida beharko da, eta instalazio desmuntagarriekin edo ondasun
higigarriekin egindako okupazioek ere administrazio emakida beharko dute,
okupazio epea lau urtetik gorakoa bada.
4. Tokiko Gobernu Batzarraren akordioaren
bitartez, ordenantza honetan ezarritako jabari publikoko okupazioak sailkatu
eta kategorizatu ahal izango dira, instalazioen soiltasun edo konplexutasunaren
eta jabari publikoari eragiten dioten moduaren arabera. Horren xedea da
baimenik eskatu behar ez izatea eta aurretiko jakinarazpena soilik egitea
ekitaldi eta jarduera sinpleetarako izan eta jabari publikoan eragin eskasa
izango duten okupazioek.
Ezingo da aurretiko
jakinarazpena egin soilik sektoreko legediak aurrez baimena eskuratzera behartzen
duen okupazioetan.
7. artikulua. Udalaren ondare jabetzak.
Jabari publikoa
okupatzeko ordenantza honetan ezarritako betebehar eta baldintzak
aplikatuko zaizkie, baita ere, modu osagarrian, Udalak udal ondareko jabetzak
okupatzeko eman ditzakeen baimenei, jabetzotan ordenantza honetan
jasotako jarduerak egiten badituzte, izaera horrekin bateraezina den guztian
izan ezik.
8. artikulua. Erabilera publikoko espazio pribatuak.
Ordenantza honetan
jabari publikoari eginiko erreferentzia guztiak eta hura okupatzeko
betebeharrak eta baldintzak ordenantza honetako 4.3 artikuluan zehaztutako
erabilera publikoko espazio pribatuei aplikatuko zaizkie era berean, horien
izaera pribatuarekin bateraezina ez den guztian.
3. KAPITULUA. ‑ERABILERA
IRIZPIDEAK ETA BESTE XEDAPEN BATZUK
9. artikulua. Jabari publikoa erabiltzeko irizpide
gidariak.
1. Udalaren jabari publikoaren erabilera komun
orokorra Gizabideari, bide publikoaren erabilera eta garbitasuna eta hiri
paisaia babesteari buruzko udal Ordenantzan jasotako bizikidetza arauen
mendekoa da.
2. Jabari publikoa okupatzeko baimenak
Udalaren iritziaren araberako ekintzak dira, eta baimendutako pertsona edo
erakundeak gaitzen dituzte eremu horiek okupatu, zehaztutako instalazioak
jarri eta eskatutako jarduera egiteko, Udalak eta/edo administrazio eskudunak
ezarritako baldintza jakinetan.
Nolanahi ere,
Udalak, interes publikoko arrazoiengatik, alde bakarrean kendu eta ondorerik
gabe utzi ahal izango ditu emandako baimenak, erabakia aldez aurretik
justifikatuta, eta ez da kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.
Era berean, Udalak
bertan behera utzi ahal izango ditu emandako baimenak, kalte-ordainik jasotzeko
eskubiderik gabe, interes publikoko egoerengatik okupatutako espazio libre
geratu behar bada honako hauek direla tarteko: desfileak, azokak, merkatuak,
ikuskizunak, kirol ekitaldiak, manifestazioak, lehentasunezko interesezko antzeko
ekitaldiak, obrak, baimendutako aldamioak eta larrialdi egoerak.
Baimena eraginkorra
izango da berriro hura justifikatu zuten baldintzak desagertutakoan, eta,
horretarako, ez da administrazio ebazpenik beharko.
3. Jabari publikoa okupatzeko baimen eta
emakidak emateko, interes publiko eta pribatuak uztartuko dira, eskatutako
aprobetxamendu berezien eta erabilera pribatiboen eta jabari publikoaren
erabilera komun orokorraren artean bateragarritasun irizpideak kontuan hartuta.
Gatazkarik egonez gero, jabari publikoaren erabilera komun orokorra lehenetsiko
da, interes orokorrengatik.
4. Era berean, irisgarritasun arloko araudia
aintzat hartu beharko da, udal jabari publikoa oztoporik gabea izatea lortzeko.
5. Hurbilen dauden eraikinetara heltzen den
gehienezko soinu maila ez da izango kutsadura akustikoa arautzen duen udal
ordenantzan adierazitako mugak baino handiagoa.
6. Udalak arau partikular zorrotzagoak
ezarri ahal izango ditu zenbait eremutan jabari publikoa okupatzeko, eta
horiek aplikatu beharko dituzte lehentasunez ordenantza hauetako arauak baino
lehen.
7. Baimenak eta emakidak honelakoak izan
daitezke: doakoak; kontraprestazio baten edo baldintza batzuen truk emanak,
eta tasa bat ordaindu beharra dakartena, jabari publikoko ondasunen erabilera
pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteagatik, dagokion zerga ordenantzan
ezarritakoaren arabera.
10. artikulua. Elkarrekin izapidetzea.
1. Jabari publikoa okupatzeko eskaeran eremu
horretan hainbat jarduera egiteko eskaera sartzen bada, horietako bakoitzerako
gaitze titulua emateko izapideak batera egingo dituzte, eta Udalak ebazpen
bakarra eman ahal izango du lurzoruaren aprobetxamendu edo okupazioari,
garatuko den jarduerari eta jabari publikoaren erabilerak gauzatzeko
baliatuko diren instalazioei buruz. Dena dela, espedientea izapidetzeaz
arduratutako organoak egoki irizten dien txostenak eskatuko dizkie udal zerbitzuei,
gaitze titulua emateko.
2. Hiru hilekoa izango da eskatutako baimenak
ebazteko eta jakinarazteko epea; epe hori igaro ondoren, ebazpenaren
jakinarazpenik egin ezean, eskatutako baimena ukatu egin diotela jo dezake
interesdunak.
11. artikulua. Antzeko irizpideak aplikatzea.
Ordenantza honetan
berariaz aurreikusita ez dauden kasuetarako, jabari publikoaren okupazioetarako
Udalak aurretik baimena edo emakida eman beharko du. Eskaerak berdintasun printzipioa
oinarri hartuta eta agiri honetan jasotako antzeko irizpideak aplikatuta
izapidetuko eta ebatziko dira, kontuan izanda garatuko den jardueraren baldintza
partikularrak, zein lekutan izango den, jabari publikoaren erabilera komun
orokorrarekin bateragarria izatea eta ingurumenean eta hiri ingurunean duen
eragina, beti Udalak bere iritziaren arabera erabakitzeko duen ahalmenaren
barruan.
12. artikulua. Ikuskaritza eta kontrola.
1. Une oro izango du Udalak Donostiako
udalerriko jabari publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan egiten
edo kokatzen diren okupazio, instalazio eta jarduerak ikuskatzeko eta
kontrolatzeko eskumena. Xede horretarako, ordenantza honetan ezarritakoa
leialki eta osorik betetzen dela zainduko du, bai eta dagokien titulua ez
duten erabilerak edo aprobetxamenduak eragotzi ere. Gainera, eremu horiek
okupatuko dituzten pertsonak edo erakundeak baimenean edo emakidan ezarritako
baldintza eta betebeharretara egokitzen direla zainduko du.
2. Udaltzaingoko agenteek edo ikuskaritza
arloan eskumenak dituzten funtzionarioek egiaztatzen badute, haien kabuz edo
beste udal zerbitzu batzuek edo hirugarrenek eskatuta, jabari publikoa edo
erabilera publikoko espazio pribatuak bidegabe okupatzen ari direla, dela
beharrezko baimena edo emakida ez dutelako, dela baimen edo emakidaren baldintzak
betetzen ez dituztelako, dagokion salaketa edo ikuskaritza akta egingo dute,
bai eta baimen edo emakidaren titularrari (horrelakorik egonez gero) edo
arduradunari eskatuko ere diote bidegabeko okupazioa bertan behera uzteko
eta/edo emandako baimen edo emakidaren baldintzetara egokitzeko.
Beharrezkoa izanez gero, eremua bidegabe okupatzen duten elementu edo
instalazioak borondatez kentzeko eskatuko diote, bai eta ohartaraziko ere,
kendu ezean, Udalak bere kabuz kenduko dituela.
3. Aurreko atalean adierazitako ondoreetarako,
eta hartan adierazitako izapideak bete ondoren, Udaltzaingoak elementuak eta
instalazioak kendu ahal izango ditu, bai eta produktuak eta gauzak, salgaiak
eta diru bilketa konfiskatu ere, sortutako gastu guztiak ordaindu beharra erantzuleari
leporatuta. Xede horretarako eginiko salaketaren aktan jaso beharko dira baldintza
horiek guztiak. Hala ere, beharrezko zehapen prozedura irekiko dute, eta horrek
zehaztuko du neurri horiei eusten zaien ala ez, bai eta egoera horren
ondoriozko zerga erregularizazioari ere.
Dagokion zehapen
espedientea amaitu aurretik itzuli ahal izango dira konfiskatutako ondasunak,
baldin eta horien jabetza egiaztatzen bada eta legezko merkataritzaren
barrukoak badira. Erabiltzailearen kontura izango dira konfiskatzearen eta
udal gordailuan egotearen ondoriozko udal gastu eta tasak. Gastu eta tasa
horiek ordaindu beharko ditu gauzak berreskuratu baino lehen, eta, hori guztia,
isuna ordaintzeari edo aseguratzeari buruz ezarritakoa gauzatu behar
izateaz gain. Udal gastu edo tasa horiek itzuliko dizkiote erabiltzaileari,
ebazpen judizial irmo baten bidez egiaztatzen bada une hartan ez zela bidezkoa
izan elementu horiek erretiratzea edo ondasunak konfiskatzea.
4. Udal sail eta zerbitzu guztiek lagunduko
dute, ahal den neurrian, gauzak kentzeko, konfiskatzeko eta gordailutzeko
lanetan, beharrezkoa izanez gero, horretarako giza eta gauza baliabideak
jarrita, eta, bereziki, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zuzendaritzak edo
bide eta espazio publikoen eta jabari eta erabilera publikoaren arloko
eskumenak dituen atalak.
13. artikulua. Hizkuntza irizpideak eta diskriminaziorik
ezari buruzkoak.
1. Bide publikoko edozein elementutan
(postuak, karpak, salgailuak, tarifak, etab.) kokatzen dituzten edo bide
publikoan antolatutako edozein ekintzarik buruzko errotuluen, idatzien,
iragarkien, abisuen, kartelen, produktuen, tarifen, etab.en testua euskaraz edo
euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo da, eta, bietan egonez gero,
euskarari lehentasuna emango diote.
2. Bide publikoan eginiko ekitaldi eta jardueretan
megafoniaz zabaldutako ahozko mezuak eta komunikazioak euskaraz edo bi hizkuntza
ofizialetan egingo dira, eta elebidunak izanez gero, lehentasuna emango zaio
euskarari.
Hala eta guztiz ere,
bestelako hizkuntzak erabiltzea onartuko da bide publikoan jarritako edozein
euskarritako testuan, edo bide publikoan antolatutako jardueren kasuan,
jarduera, establezimendu eta mezu motak edo pertsona hartzaileek,
objektiboki, hala behar dutenean.
3. Aurreko bi puntuak errazago bete daitezen,
Udalak euskararen erabilera zuzena ahalbidetuko die, doan, ordenantza hau
aplikagarri zaienei.
4. Guztiz debekatuta dago jardunbide
iraingarriak eragin edo sustatzen dituzten edozein mota eta formatutako
edukiak erabiltzea, hala nola bideoak, irudiak eta ahozko zein idatzizko
mezuak, baldin eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aurka egiten
badute edo sexu, arraza nahiz sinesmenetan oinarritzen badira.
BIGARREN TITULUA
ESPAZIO PUBLIKOA ELEMENTUEKIN OKUPATZEA
1. KAPITULUA. SALMENTA IBILTARIA
LEHENENGO
ATALA. Definizioa eta modalitateak
14. artikulua. Kaleko salmentaren definizioa.
1. Ordenantza honen ondoreetarako, hau izango
da «salmenta ibiltaria»: udalerrian, aldez aurretik baimendutako leku eta
datetan, merkataritza establezimendu batetik kanpo, postu edo instalazio
desmuntagarri eta garraiagarrietan nahiz denda ibilgailuetan saltzea.
2. Salmenta ibiltarian jarduteko, udal jabari
publikoan eta erabilera publikoko espazio pribatuetan gauzatuz gero, baimena
lortu beharko dute.
3. Aldizkako edo noizbehinkako merkatuetan
(hurrengo artikuluan aipatuko dira) jardungo dute salmenta ibiltarian, bai eta
denboraldiko postu finkoetan, denda ibilgailuetan edo antzeko postuetan ere.
Nolanahi ere, beharrezko udal baimena eskuratu beharko dute, eta ezingo dute
saldu baimen hori lortu gabe.
Zehazki, erabat
debekatuta dago oinezko salmenta eta manta gainean eginiko salmenta.
4. Ez da salmenta ibiltaritzat hartuko etxez
etxeko salmenta eta xede horretarako prestatutako banaketa makinen bidez
eginiko salmenta automatikoa, instalazio finkoak badira.
15. artikulua. Modalitateak.
1. Salmenta ibiltaria modalitate hauetakoren
baten bidez egin daiteke:
a) Aldizkako merkatuak. Salmenta postuen multzoak dira. Tradizioz
edo berriki, espazio publiko jakin batzuetan kokatzen dira, aldizkakotasun
finko baten arabera.
b) Noizbehinkako merkatuak. Salmenta postuen multzoak dira, eta,
azokak, jaiak edo herri ekitaldiak edo ekitaldi tradizionalak direla kausa,
aurrez zehaztu gabeko espazio publikoetan jartzen dira.
c) Denboraldiko postu finkoak. Salmenta postu bereziak dira, eta
hiriko espazio publikoko hainbat puntutan jartzen dira, denboraldi batean
produktu jakin batzuk merkaturatzeko.
d) Denda ibilgailuetan eginiko salmenta. Furgoneta moduko ibilgailuak
edo ibilgailu bereziak dira, eta, horien bitartez, elikagaiak, edariak eta
gainerako produktuak merkaturatzen dituzte. Jaietan, ekitaldietan, aldizkako
nahiz noizbehinkako merkatuetan eta egutegiko jaiegunetan baimendu daitezke.
e) Postu berezietan eginiko salmenta.
Kokapen zehatzak,
maiztasuna edo aldizkakotasuna, ordutegiak eta saltzeko baimendutako artikulu
edo produktuak zehaztuko dira kasu bakoitzean salmenta ibiltaria baimentzeko
eman beharreko ebazpenean.
2. Ez da zehazten salmenta ibiltarian
jardutetik salbuetsitako hiri eremu hiri perimetrorik.
3. Modalitatea edozein delarik ere, salmenta
ibiltariko postuak ezingo dira kokatu erabilera publikoko eraikinen eta
establezimendu komertzial edo industrialen sarbideetan, ezta joan-etorria eta
zirkulazioa zailtzen dituzten lekuetan ere.
Halaber, okupazio
horietan guztietan ez da onartuko publizitatea instalatzerik, merkatariari
berari buruzkoa izan ezik.
4. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
eskubideak erabat errespetatuta gauzatu beharko dute salmenta ibiltariaren
jarduera, indarreko araudian xedatu bezala.
BIGARREN ATALA. ‑Azoketan saltzeko postuei buruzko
xedapen orokorrak
16. artikulua. Baimenak lortzea.
1. Oro har, xede horretarako sustatutako lehia
prozedurarekin ezarritakoaren arabera emango dira merkatuetarako salmenta
ibiltariko postuen baimenak. Publizitate, objektibotasun, inpartzialtasun,
gardentasun eta lehia irizpideak errespetatuko ditu prozedura horrek.
Udal unitate
eskuduna gaitzen du salmenta ibiltarirako baimenak emateko antolaturiko lehia
prozeduretan parte hartze hutsak, dagokion administrazioetan interesdunaren
egoera zehatza egiaztatzeko, hain zuzen, zerga eta gizarte betebeharrak betetzen
dituela eta udal honekin zorrik ez duela.
Deialdi publikoan
adieraziko dute baimenak lortzeko ezarritako lehia prozedura zehatza.
Lehia prozedura
amaitu ondoren, Udalak baimena eskuratu duten pertsonen zerrenda argitaratuko
du, bai eta itxarote zerrenda edo poltsa bat ere prozedurara aurkeztu arren
baimena lortu ez duten hautagaiak goitik beherako ordenan jarrita, postu huts
bat dagoenean baimena eman ahal izateko soilik.
2. Aldizkako eta noizbehinkako merkatuetako
salmenta postu jakinetarako baimenak baimen bakar batek ordezkatu ahal izango
ditu, merkatuko postu guztietarako orokorra, merkatua antolatzen duen
erakundearekin hitzarmena sinatuz gero Donostiako Udaleko atalek edo sailek
edo udalaren mendeko erakunde edo entitateek zuzenean antolatutako merkatu edo
ekitaldietarako.
Kasu horietan,
publizitate, lehia, inpartzialtasun, berdintasun, objektibotasun eta
gardentasun printzipioei jarraituta esleituko dituzte salmenta postuak
erakunde antolatzaileak, Donostiako Udaleko atal edo sailek nahiz Udalaren
mendeko erakunde edo entitateek.
3. Indarrean dagoen Baserritarren produktuen
eguneroko merkatuaren Erregelamenduaren bitartez edo hori aldatzen edo
ordezten duenaz arautuko dira Bretxako «baserritarren» merkatuan saltzeko
baimenak ematen dituen araudia eta haren funtzionamendu araubidea.
4. Hainbat salmenta ibiltari motatarako
baimenak ematearen ondoreetarako, lehentasuna izan ahalko dute Udalaren Gizarte
Zerbitzuek txosten bidez zehaztutako pertsonek.
Adierazpen ez baztertzaile
gisa, honako hauek izan daitezke: gizarteratzeko prozesuetan dauden pertsonak,
gizarte bazterkeriako arriskuan daudenak, gizarte langintzako edo enplegu
babestuko enpresetan lan egiteko beharrezkoak diren betebeharrak betetzen
dituztenak, aldizkako laguntza modalitateak jasotzen dituztenak eta eskubide
subjektibo ekonomikoko laguntzak jasotzen dituztenak (Diru Sarrerak Bermatzeko
Errenta, edozein modalitatetan).
Baimenak emateko,
Udalaren Gizarte Zerbitzuen aldeko txostenaren bitartez, hitzarmenak
sinatu nahiz emakidak eta baimenak eman ahal izango zaizkie gizarte langintzako
enpresei eta enplegu babesteko enpresei, indarreko edozein modalitatetan.
Halaber, baimenak
emateko, Udalaren Gizarte Zerbitzuen aldeko txostenaren bitartez, hitzarmenak
sinatu nahiz emakidak eta baimenak eman ahal izango dira desgaitasunak dituzten
pertsonak laneratzea errazteko.
17. artikulua. Plaza hutsak sortzea eta horiek esleitzea.
Udalak sortutako
itxarote zerrendan daudenei eskainiko zaizkie aldian behingo merkatuetan hutsik
dauden espazioetarako baimenak, lehiaketa publikoa egin ondoren.
18. artikulua. Udalaren baimena lortzeko eta izaten
jarraitzeko baldintzak.
Hauek dira kalean
saltzeko baimena lortzeko eta indarrean izaten jarraitzeko baldintzak:
a) Titularra Jarduera Ekonomikoen Zergari dagozkion epigrafeetan
izena emanda egotea.
b) Titularra izena emanda egotea Gizarte Segurantzan dagokion
erregimenean eta kuoten ordainketan egunean egotea. Haren ardurapeko laguntzaile
eta langileei ere eska dakieke baldintza hau.
c) Ordainduta edukitzea dagozkion udal zerga eta eskubideak.
d) Aplikatu beharreko osasun arauak eta arau teknikoak betetzea, bai
salgaiei bai instalazioari lotutakoak.
e) Udal baimena ez baliogabetzea ordenantza honetan jasotzen
diren arrazoiak direla eta.
2. Baldintza horiek ez zaizkie aplikatuko
noizbehinkako jarduerei eta erabiltzaileei; eta egoera hori jasota utziko da
salmenta ibiltaria gauzatzeko baimena ematen duten ebazpenetan.
19. artikulua. Udal baimenak eta Kaleko Saltzaileen
Erregistroa.
1. Kontu hauek adierazita emango dira
baimenak:
a) Titularraren identifikazioa eta, halakorik egonez gero, haren
ardurapeko laguntzaile edo langileena.
b) Merkatuaren izena eta postuaren zenbakia edo, bestela,
jarduerarako baimena duen leku zehatza.
c) Baimendutako salgaiak.
d) Jarduera egiteko datak eta ordutegia, eta baimenak noiz arte balio
duen.
e) Baimendutako okupazio azalera.
f) Instalazioaren ezaugarriak.
Jardueran bere kabuz
aritzea dakarkio titularrari baimenak, zuzenean edo ardurapean dituen eta
behar bezala baimenduta dauden langile edo laguntzaileen bidez. Dagokion
identifikazio txartelarekin egiaztatuko du, eta une oro egongo da txartela
ikusgarri saltokian.
Baimen bat emango
da, pertsonako, merkatu bakoitzean eta, aldi berean bi merkatu edo gehiago
izanez gero, ezingo da baimena aldi berean bietan erabili, bakarra aukeratu
beharko dute.
2. Merkatuetako kaleko salmenta kontrolatu eta
kudeatzeko, Kaleko Saltzaileen Udal Erregistroa sortzea erabaki ahal
izango da, eta saltzaileen eta merkatu jakin bakoitzaren arabera prestatuko
da.
Tokiko Gobernu Batzordeak
erabakiko du erregistro hori nola antolatu, arautu eta zein helmen izango duen.
20. artikulua. Baimenen iraupena.
1. Urtebeteko indarraldia izango dute aldian
behingo merkatuetan kaleko salmentan aritzeko baimenek. Urtero, beste
urtebetez berritu ahal izango dute, guztira, lau urte bete arte.
2. Merkatua antolatzeko zio diren ekitaldi
eta festa jakinen iraupena izango dute noizbehinkako merkatuen esparruan
salmentan aritzeko baimenek.
21. artikulua. Instalazioen ezaugarriak.
Baimenetan
zehaztutako ezaugarrietara egokituko dira kaleko salmentan aritzeko
instalazioak eta postuak, eta bildu beharko dituzte, nolanahi ere den,
beharrezkoak diren segurtasun, garbiketa eta estetika baldintzak. Horrez gain,
haietan ez da onartuko publizitaterik, saltzailerena salbu. Modurik zorrotzenean
bete beharko dute osasun eta merkataritza araudi berezia elikagaiak eta
edariak saltzen dituzten postuek edo instalazioek.
22. artikulua. Baimenaren titularren ezaugarriak.
Baimendunen eskubide
dira honako hauek:
a) Baimenean agertzen diren salmenta lekuak okupatzea.
b) Ezarritako ordutegi eta baldintzetan, udalak baimendutako
salmentan aritzea, era publiko eta baketsuan.
c) Baimena indarrean dagoen bitartean baimenaren xede den merkatua
desagertuko balitz, lehentasuna izatea merkatu hura ordezkatzen duen merkatuan
edo beste merkatuetan egon litezkeen plaza hutsetan, beharrezko baldintzak
betez gero.
d) Egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak
aurkeztea, haien eskubideak eta interesak defendatzeko eta haien merkataritza
jarduera egiten duten merkatuak hobeto funtzionatzeko.
e) Hiltzearen edo erretiroa hartzearen ondorioz, baimen horren
titulartasun ordezkari izatea honako hauek: ezkontidea edo dagokion
erregistroan izena emanda dagoen izatezko bikotekidea, lehen edo bigarren
graduko senideak, odolkidetasunekoak edo ezkontza ahaidetasunekoak. Horiek
guztiek ordenantzak eskatutako formalitateak eta baldintzak bete beharko
dituzte. Baimena iraungi arteko epea bukatu arte egongo da indarrean
ordezkapena, eta formalki aitortu beharko du udalak. Ordezkoa ezingo da
ordezkatu inola ere.
23. artikulua. Baimenaren titularren ezaugarriak.
Honako hauek dira
baimendunen betebeharrak:
a) Postu eta instalazio desmuntagarrietan, garraiatzeko errazetan,
egin beharko dute salmenta, edo, bestela, aplikatu beharreko legezko eta
arauzko xedapenek ezarritako baldintzak nahiz udal administrazioak eska ditzakeen
baldintzak betetzen dituzten denda ibilgailuetan. Nolanahi ere, segurtasun,
osasungarritasun eta apaindura baldintza egokiak bete beharko dituzte. Salgai
guztiak publikoari erakutsi beharko zaizkio behar bezala babestuta eta
lurretik, gutxienez, 60 eta 75 cm-ko altueran, salbu haien garaiera edo
pisuagatik nolabaiteko arazoren bat sortu dezaketenak, aldez aurretik udalak
baimena emanda. Berariaz izendatutako espazioa besterik ezingo dute okupatu
postuarekin eta salgaiekin.
b) Leku ikusgarri batean jarri beharko dute udalak ematen duen
identifikazio txartela. Beharkizun hori ez badute betetzen, edo baimenean ez
dauden produktuak saltzen badituzte, postua kenduko diete, kautelaz, eta, hala
badagokio, salgaiak konfiskatuko. Horrek ez du galaraziko zigor jardunbideak
abiarazterik.
c) Kartel ikusgarri baten bidez informatuko dute zein helbidetan
jasoko dituzten kontsumitzaileen erreklamazioak, halakorik egonez gero.
Fakturan edo salmentaren egiaztagirian agertu beharko du, beti, helbide horrek.
Merkatuko postu guztietarako kartel bakarra jarrita ordezkatu ahal izango da
baimendun bakoitzaren betebehar indibiduala, udalak aldez aurretik
baimenduta, eta baimenean adierazitakoaren arabera ezarriko dute.
Euskaraz edo bi
hizkuntza ofizialetan egongo dira idatzita postuetan jartzen dituzten
kartel, errotulu eta halakoetako testuak, eta lehentasuna emango diote
euskarari. Aurrekoa gorabehera, bestelako hizkuntzak ere erabiltzea
onargarria da, establezimendu nahiz mezu motak edo, objektiboki, publiko hartzaileak
hala eskatzen dutenean.
d) Beren merkataritza jardueran, indarrean dagoen araudiak
ezarritakoa bete beharko dute; bereziki, osasun publikoari, merkataritzari,
merkatu diziplinari, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kolektiboaren
defentsari, zerga erregimenari eta Gizarte Segurantzari lotutakoa.
e) Une oro izango dira haien produktuen kalitatearen arduradunak;
produktuak ezin izango dira arriskutsuak izan kontsumitzaileen osasunerako
edo segurtasunerako, ezingo dute iruzurra izan kalitatean edo kopuruan, ez faltsifikatuak,
identifikatu gabeak edo merkaturatzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez
dituztenak.
f) Arauzko baskula eta metroa izango dituzte pisatu edo neurtu
beharreko produktuak saltzen dituzten postuek.
g) Baimena indarrean dagoen bitarte osoan bete behar dituzte baimena
ematea ekarri zuten baldintzak, bai eta ordenantza honen xedapenak eta hura
garatzen dituztenak ere, eta, horiez gain, eskumena duen udal agintariak
emandako jarraibideak.
h) Behartuta egongo dira udaleko langileek edo autoritateek
eskatutako dokumentazioa ematera.
i) Saltokian honako pertsona hauetakoren bat egongo da:
— Pertsona
fisikoei emandakoetan: titularra, ezkontidea edo dagokion erregistroan izena
emanda dagoen izatezko bikotekidea, lehen edo bigarren graduko odolkidetasuneko
edo ezkontza ahaidetasuneko senideak edo haren ardurapean dagoen langilea.
— Pertsona
juridikoei emandakoetan: Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean izen emanda
dagoen erakundeko bazkidea edo haren kontura dagoen langilea.
Titular bakoitzak
laguntzaile bat aukeratu ahal izango du, arestian zerrendatukoen artean.
Udalari dokumentu bidez egiaztatu behar diote eskatutako baldintzak betetzen
dituela, besteak beste, lotzen dituen senide, sozietate edo lan harremana.
Alderdi horiek
egiaztatu ondoren, baimena emango dio eskumena duen administrazio unitateak pertsona
horri laguntzaile izateko, eta berariaz jasoko du nortasun hori titularrari
ematen dion identifikazio txartelean.
Debekatuta dago
baimenik ez duen inor postuan egotea.
j) Dagokien baimenean ezarritako ordutegian sartuko dira ibilgailuak
merkatuaren barrutian produktuen zamalanak egitera. Debekatuta dago salmenta
ordutegian merkatu barruan ibilgailuek zirkulatzea.
k) Merkatua bukatzean, garbi utzi beharko dituzte postuak
okupatutako lekua eta inguruak.
l) Zoladurari, zuhaiztiari edo, oro har, jabari publikoko ondasunei
eragindako kaltea berrezartzeko ardura izango dute, kontuan hartu gabe beren
jarduerak beste batzuei egindako kalte edo lesioetan duten ardura, bai
ondasunetan bai pertsonengan, eta horretarako dagokien erantzukizun
zibileko asegurua izan eta egiaztatu beharko dute.
m) Debekatuta dago gailu akustikoak erabiltzea udalaren berariazko
baimena eduki ezean, zeinak kontuan eduki beharko dituen gatazkan dauden
interes desberdinak.
24. artikulua. Baimenak kentzea.
1. Baimen guztiak kenduko dira titularrak
zigor irmo bat jasotzen badu arau hauste larri edo oso larri bat egiteagatik,
urtebeteko epean, zigorra irmoa denetik; eta epe irmoan, beste arau hauste
larri edo oso larri bat egiten badu. Baliogabetze ebazpenak zehaztuko du, hala
egitea onartzen bada, zein epetan ez zaizkion emango pertsona horri jabari
publikoak erabiltzeko baimenak.
2. Era berean, eta arauzko baimenik ez dutenek
egindako arau hausteen kasuan, epai zehatzaile batek zehaztuko du zein epetan
ez zaizkion emango pertsona horri jabari publikoak erabiltzeko baimenak,
eta epe hori ez da izango urtebete baino laburragoa eta lau urte baino
luzeagoa.
25. artikulua. Baimenak azkentzea.
Aurreko artikuluan
araututako baliogabetzeaz gain, merkatuetan kale salmentan aritzeko
baimenak azkentzeko arrazoi berezitzat hartuko dira hauek: ez betetzea
instalazioen ezaugarri teknikoak eta estetikoak, higienerik eta garbiketarik
eza postuan bertan nahiz inguruan eta hutsak zuzentzeko hiru errekerimendu
edo baimena emateko bidea eman zuten baldintzak ez betetzeagatik jasotako
hiru salaketa pilatzea. Horrek ez du eragotziko esandako arrazoiengatik jaso
beharreko zehapen ekonomikoa ere ezartzea. Urte natural berean egin behar
dituzte errekerimendu horiek.
HIRUGARREN ATALA. Denboraldiko
postu finkoak
26. artikulua. Sasoiko elikagaien eta produktuen salmenta.
1. Sasoiko elikagai eta produktuen salmenta
salgai bakoitzari dagokion denboraldian egingo da, postu desmuntagarri edo
mugikorren bidez, eskumena duen udal organoak horretarako aukeratutako lekuetan
eta saltoki horiek esleitzeko egindako lehia prozeduraren bidez.
2. Urtebetetik lau urtera arteko indarraldia
duten baimenak eman ahal izango dira, nahiz eta salmenta eta postuaren
instalazioa bera denboraldiak irauten duen bitartekoa izan.
3. Udalak saltoki eredu jakin bat ezarri ahal
izango du, orokorrean edo leku jakin batzuetarako bakarrik, eta beti
errespetatu beharko dute eredu hori lizitatzaile eta esleipendunek.
Lizitazioaren tasa gorantz lizitatzea izango da lehiaren oinarrizko elementu
bat, eta dagokion zerga ordenantzan ezarritako tasaren kopuruak zehaztuko du.
4. Izozkiak, txurroak, litxarreriak eta
gozokiak, patata-barkilloak eta krispetak saltzen dituzten postuek, horiez
gain, tradizioz postu horiei lotutako produktuak eta alkoholik gabeko edariak
saldu ahal izango dituzte.
5. Gaztainak saltzen dituzten postuek
gaztaina erreak besterik ezingo dute saldu.
6. Dagokion deialdiak zehaztuko du aurreko
puntuetan aipatutako postuen salmenta denboraldia.
7. Denboraldiko saltoki finkoei ere aplikatuko
zaizkie kapitulu honetako bigarren atalean jasotako xedapenak, baimenak lortzeko
baldintzei, titularren eskubide eta betebeharrei eta baliogabetze eta azkentze
araubideei lotutakoak.
LAUGARREN ATALA. Denda
ibilgailuak
27. artikulua. Denda ibilgailuz saltzea.
1. Ibilgailu egokitu baten bidez egindako
salmenta da, garraioari eta baimendutako produktuen salmentari aplikatzen
zaien araudiaren arabera.
2. Elikagaien salmentari dagokionez, horietako
bakoitzari aplikatu beharreko osasun araudi eta araudi teknikoak bete beharko
dituzte.
3. Aldez aurretik eskaera eginda, festetan,
ekitaldietan, aldian behingo eta noizbehinkako merkatuetan eta egutegiko
jaiegunetan baimendu ahal izango da denda ibilgailuz eta halakoez saltzea.
4. Indarrean dagoen legediaren arabera egin
beharreko eraberritzeak egiaztatu beharko dituzte denda ibilgailuek.
Dituzten
instalazioek dagozkien homologazioak eta instalazio buletinak izan beharko
dituzte, indarrean dagoen legediaren araberakoak (argindar instalazioa, gas
instalazioa, ur instalazioa, saneamendua, etab.).
Era berean,
elikagaiak egin, prestatu eta gordetzeko erabiltzen dituzten instalazio eta
makina guztiak bat datozela indarrean dagoen legediarekin egiaztatu beharko
dute elikagaiak moduren batera saldu, prestatu edota prozesatzen dituzten
denda ibilgailuek.
5. Denda ibilgailuek ezingo dute inola ere
mahairik, aulkirik edo bestelako elementurik jarri, dagokien baimenean berariaz
baimentzen ez badiete. Dena dela, baimena salbuespenezkoa eta behar bezala
oinarritua izango da.
6. Hartarako egindako ebazpenean ezarritako
iraupena izango dute denda ibilgailuetako salmentarako baimenek. Ezingo dira
izan urtebete baino luzeagoak.
BOSGARREN ATALA. Postu
bereziak
28. artikulua. Postu berezietan saltzea.
Aurreko ataletan
aipatutako kaleko salmenta motez gain, salmenta postu bereziak baimendu ahal
izango dira, salbuespenez eta aldez aurretik behar bezala funtsatuta.
Horretarako egindako
ebazpenean ezarritako iraupena izango dute postu berezietan salmentan aritzeko
baimenek, baina ezingo dute urtebete baino luzeagoak izan.
2. KAPITULUA. ‑JABARI PUBLIKOKO BESTE OKUPAZIO BATZUK
LEHEN ATALA. Baimen
bidezko okupazioak
29. artikulua. Xedea.
1. Baimena beharko dute aurreko kapituluan
berariaz aipatu ez diren eta jabari publikoaren erabilera berezi bat dakarten
okupazio guztiek.
Horretarako, eta
ordenantza honetako 5.2 artikuluan xedaturikoaren arabera, erabilera berezitzat
hartuko da okupazioa instalazio desmuntagarrien bidez egiten bada, ez badakar
jabari publikoko ondasunen espazioan aldaketa fisikorik egiterik eta
iragankorra bada. Edozein modutan, erabilera iragankortzat hartuko da haren
iraupena ez bada lau urte baino luzeagoa.
2. Okupazio horien bidez garatzen diren
jarduerak eta ekitaldiak irizpide hauek oinarri sailkatuko dira:
— Instalazioen
konplexutasun maila.
— Trafikoaren eta
pertsonen segurtasunean duten eragina, bai eta ingurumenean dutena ere.
— Hiriko altzarietan
eta jabari publikoko gainerako ondasunetan duten eragina.
3. Aurreko puntuan aipatutako irizpideak aintzat
hartuta, okupazioak kategoria hauek oinarri sailkatuko dira:
a) Ekitaldi eta jarduera sinpleak, adierazitako irizpideetan gutxieneko
eragina dutenak eta pertsona talde txiki batek osatuak. Inolako
instalaziorik gabe egin ahal izango dira, edo zeinahi unetan mugitzeko moduko
elementu txikiak eduki.
Oro har, aldez
aurretik finkatutako espazioetan baimenduko dira horrelako ekitaldi eta
jarduerak.
b) Ekitaldi eta jarduera konplexuak, aurrekoek baino eragin handiagoa
dutenak oinezkoentzako espazioan, trafikoan eta segurtasunean, eta instalazio
handiagoen muntaketa behar izaten dutenak.
Instalazio horiek
behar den bezala homologatuko ditu eskumena duen autoritateak, eta, beharrezkoa
bada, dagozkien segurtasun ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, egokiak
direla erakusten dutenak.
Instalazio guztiek
mantentze eta garbiketa egoera ezin hobea izan beharko dute, eta titular bakoitzaren
ardura izango da betebehar hori.
Instalazio horiek
jartzeko baimena duten pertsonak eta erakundeak izango dira jabari
publikoetan egindako jarduerak eragindako galera eta kalteen erantzule, eta,
horretarako, izenpetuta izan beharko dute aseguru poliza bat, erantzukizun
zibilekoa, beste batzuei egindako kalteena, eta bere gain hartuko dituena
instalazioan lan egiten duten edo hara joandako publikoko inork izan litzakeen
istripuak, ikuskizun publikoen arloan indarrean den araudiak ezarritako
zenbatekoan.
4. Aurreko bi ataletan xedatutako baimenak
eskatu ahala emango dira, eta, ematerakoan, kontuan hartuko da egin nahi den
jarduerak zer eragin izango duen espazio publikoan.
5. Honako okupazio hauek ez dute baimenik
beharko:
— Filmaketek edo
zinemako filmak, telebista programak, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen
arloko beste edozein produkturen grabaketek, baldin eta lantaldeak 6 pertsona
baino gutxiago baditu eta ez bada beharrezkoa jabari publikoko eremu bat mugatzea,
ezta ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioa etetea ere.
— Irabazi asmorik
gabe egiten diren marrazketa edo pintura jarduera artistiko zein akademikoek,
baldin eta 20 parte hartzaile baino gutxiago badituzte.
Era berean, Tokiko
Gobernu Batzarrak hala erabakiz gero, baimenik behar ez duten beste okupazio
egoera batzuk ere ezar litezke.
Egoera horiek
guztiak behar bezala jasota egongo dira izapideen udal katalogoan, eta Udalaren
egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
6. Xaboi burbuilak eta antzekoak egitea
helburu duten okupazioei baimena emango zaie, baldin eta jarduera egiten den
espazioak edo hartu beharreko neurriek bermatzen badute txukuntasuna eta bide
publikoaren erabiltzaileen eta oinezkoen guztizko segurtasuna.
30. artikulua. Eskaerak.
Eskaerak izapideak
egin ahal izateko adina aurrerapenez egin beharko dituzte, gutxienez.
Izapideak aldatu egingo dira, okupazio motaren eta tamainaren arabera, eta
zehaztuta egongo dira dagozkien eskaera orrietan.
a) Okupaziorako aurreikusita dagoen eguna baino, gutxienez, 10 egun
baliodun lehenago aurkeztu beharko dituzte ekitaldi eta jarduera sinpleetarako
eskaerak.
b) Okupaziorako aurreikusita dagoen eguna baino gutxienez 3
hilabete lehenago aurkeztu beharko dituzte ekitaldi eta jarduera
konplexuetarako eskaerak.
31. artikulua. Ematea.
1. Baimenak zuzenean emango zaizkie eskatu
dituzten pertsona edo erakundeei, eskatutako baldintzak betetzen badituzte,
salbu, edozein arrazoi dela eta, kopurua mugatua bada; kasu horretan, lehiaketa
araubidean izango dira, eta, hori bidezkoa ez bada, ez direlako eskatzaileen
baldintza bereziak aztertu behar, onartutako eskaeren zozketa publiko bidez.
2. Edozein modutan, lehentasun osoa izango
dute baimen mota hauetan udal zerbitzuek egindako jabari publikoaren
okupazioek, ulertuta horiek bai udalak bai haren mende dauden erakundeek eginak
direla.
32. artikulua. Epea.
Baimenak iraupen
mugatu baterako emango dira, eta, luzapenak kontuan hartuta, lau urtekoak
izango dira, gehienez. Edozein modutan, baimenak bere kabuz baliogabetu ahal
izango ditu udalak, edonoiz, interes publikoko arrazoiak direla eta,
kalte-ordainak jasotzeko eskubidea sortu gabe, gerora onartutako baldintza
orokorrekin bat ez datorrenean, jabari publikoari kalteak eragiten
dizkiotenean, interes publiko handiagoko jarduerek erabilera eragozten dutenean
edo erabilera orokorrari kalte egiten diotenean.
33. artikulua. Bermea.
1. Udalak aztertuko du, egoera jakin bakoitzaren
eta eskatutako okupazioaren eta jardueraren ezaugarrien arabera, ea eskatuko
duen, gaitze titulua lortu baino lehenago, berme nahiko bat eratzeko, honako
hauek ziurtatzeko: garbiketa, baimenaren epea bukatu ondoren instalazioak eta
tresnak kentzea eta udal jabari publikoan sor daitezkeen kalteak ordaintzea.
2. Donostiako Udalak edo haren mendeko
erakundeek zuzenean antolatzen dituzten ekitaldietan, ez da eskatuko bermea
eratzeko.
34. artikulua. Tasak.
Baimenak doakoak
izan daitezke, kontraprestazioarekin edo baldintzekin emanak, edo erabilera
pribatiboagatik nahiz jabari publikoko ondasunen aprobetxamendu bereziagatik
tasa bat ordaintzea dakartenak, dagokion zerga ordenantzak ezarritakoaren
arabera.
35. artikulua. Erantzukizuna eta aseguru poliza.
1. Baimena jaso duen pertsona edo erakundeak
zuzenean bere egingo ditu bai jabari publikoaren okupaziotik eratorritako erantzukizuna
bai instalazioak gaizki kentzeak eta okupatutako espazioaren eta horrek
eragindako aldea garbitzeak ondasunetan eragin litzakeen kalteak, eta hori
dena bere gain hartzeko, indarrean dagoen erantzukizun zibileko poliza
eskatuko dio udalak. Oro har, salbuetsita egongo dira aseguru poliza bat
izenpetzetik ordenantzaren 29.3.a artikuluetan sartzen diren okupazioak,
txikiagoak izan eta eta bide publikoan eragin txikia izateagatik.
2. Pertsona edo erakunde eskatzaileak
egiaztatu beharko du, aldez aurretik eta udalak okupaziorako gaitze titulua
emateko baldintzatzat, aurreko atalean aipatutako aseguru poliza hori
kontratatuta duela eta indarrean dagoela.
36. artikulua. Baimentzeko ebazpenaren edukia.
1. Okupazioa baimentzen duen udal ebazpenak
adieraziko du bai zein baldintza zehatzetan egingo den jabari publikoaren
okupazioa bai ezein jarduera baimentzen duen ere.
2. Baimendutako pertsonak dira erabilerak
eragindako espazio publikoa garbi mantentzearen arduradunak, bai muntatze
eta desmuntatze lanetan, bai baimendutako erabilera gauzatu bitartean.
Beharrezkoa bada, neurriak eskatuko dizkiote gunea garbiketa egoera ezin
hobeetan edukitzeko.
37. artikulua. Baimena iraungitzea.
Dagokion baimen
ebazpenetan xedatutako arrazoiengatik iraungiko dira baimenak, bai eta legeak
ezarritako arrazoiengatik ere.
BIGARREN ATALA. Emakida
bidezko okupazioak
38. artikulua. Xedea.
1. Emakida bat beharko dute jabari publikoaren
erabilera pribatiboa dakarten okupazio guztiek. Xede horietarako, eta ordenantza
honetako 5.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, ulertuko da erabilera pribatiboa
dagoela obren edo instalazio finkoen bidez egiten diren jabari publikoaren
okupazioak izanez gero, jabari publikoko eremuaren eraldaketa fisikoa badakarte
edo behin betikoak badira. Nolanahi ere, ulertuko da okupazioa behin betikoa
dela iraupena lau urtetik gorakoa denean.
2. Emakidaren mende egongo dira, halaber,
jabari publikoaren erabilera anormala ekartzen duten okupazioak. Jabari
publikoaren helburu nagusiarekin bat ez datorren edozein erabilera joko da
erabilera anormaltzat.
3. Adibidez, hauek dira emakidaren mendeko
okupazioak:
— Publizitate
ustiapenarekin lotutako hiri altzariak dituen espazio publikoak okupatzea;
adibidez, markesinak, zutoinak, erloju termometroak eta antzekoak.
— Irabazizko
jarduerei lotutako okupazioak; adibidez, prentsa kioskoak, Onceren kioskoak
eta lore kioskoak.
— Kabina edo
telefonia euskarrietarako eta posta zerbitzuetako postontzietarako
okupazioak.
— Jolas eta
dibertimenduzko instalazioak; adibidez, tiobiboak, etab.
— Ibilgailu
elektrikoak kargatzeko puntuak.
39. artikulua. Pleguen bidez emakida arautzea.
1. Administrazio baldintza eta preskripzio
teknikoen pleguen bidez arautuko dira gaitzen diren erabilera jakinak. Emakida
zehatz bakoitzak behar dituen harreman juridiko, betebeharren harreman eta harreman
erreal osoak arautuko dituzte pleguok.
2. Dagokion agiri administratiboaren bidez
formalizatuko dira jabari publikoaren emakidak.
40. artikulua. Eskaera.
Pleguetan xedatutako
gutxieneko aurrerapenarekin aurkeztu beharko dute okupazio eskaera,
instalazioaren muntaketa lanak hasteko aurreikusitako datari dagokionez.
41. artikulua. Esleitzeko prozedura.
1. Konkurrentzia araubidean egingo dira
jabari publikoko ondasunen gaineko emakidak. Hala ere, zuzenean eman litezke
legeak xedatutako egoeratan, ohiz kanpoko baldintzak daudenean, behar bezala
justifikatuta, edo legeek ezarritako beste baldintza batzuetan.
2. Bereziki, emakidak zuzenean egin ahal
izango dira emakidaduna administrazio publikoa edo sektore publikoaren barneko
zuzenbide publiko edo zuzenbide pribatuko pertsona juridikoa denean, onura
publikokotzat jotako irabazi asmorik gabeko erakundea denean, edo interes
orokorreko edo zerbitzu publikoko funtzioak betetzen dituen pertsona edo
erakundea denean; baldin eta emakidaren xede den espazio publikoa funtzio
horiek gauzatzeko ezinbestekoa bada eta emakida jasotzen dutenek zuzenean
ustiatzen badute hura, hirugarrenei alokatu edo laga gabe.
42. artikulua. Epea.
Emakida
administratiboetarako gehienezko epea (luzapenak barne) ezingo da 75 urtetik
gorakoa izan, nahiz eta iraunaldia amaitu baino lehen udalbatzak emakida
indargabetzeko ahalmena duen, gerora sortutako interes publikoko arrazoien
bidez justifikatzen bada. Hartarako, eragindako kalteak ordainduko ditu
udalak, bidezkoa izan ezean.
43. artikulua. Bermea.
Behin betiko berme
bat eratu beharko du Emakidaren esleipendunak, okupatutako jabari publikoaren balioaren
100eko 3koa; eta, halakorik egonez gero, egin beharreko lanen aurrekontuarena
ere.
44. artikulua. Tasak.
Doan,
kontraprestazio bidez nahiz baldintzapekoak edo jabari publikoko ondasunen
erabilera pribatiboagatiko tasari lotuta eman daitezke jabari publikoko
erabilera pribatiboen emakidak, zerga ordenantzarekin bat.
45. artikulua. Erantzukizuna
eta aseguru poliza.
1. Zuzenean hartuko du bere gain pertsona
edo erakunde emakidadunak jabari publikoaren okupazioaren ondoriozko erantzukizuna.
Hori estaltzeko, dagokion indarreko erantzukizun zibileko poliza eskatuko
dio udalak.
2. Horrela, pertsona edo erakunde eskatzaileak
aurreko atalean adierazten den aseguru polizaren kontratazioa eta indarraldia
akreditatu beharko ditu, aldez aurretik eta udalak okupaziorako gaitze titulua
emateko baldintza gisa.
3. Halaber, pertsona edo erakunde
esleipendunaren betebeharra izango da okupatutako jabari publikoa erabilera eta
funtzionamendu baldintza ezinago egokietan edukitzea eta kontserbatzea.
Eraikinik edo instalaziorik jasoz gero, horiek ere baldintza hobeezinetan
iraunarazteko betebeharra izango du, eta xede horietarako aseguru poliza bat
sinatu beharko luke.
46. artikulua. Emakida lagatzea.
Emakidadunak ezingo
du emakida osorik edo zati batean laga edo zergapetu. Era berean, ezingo die
hirugarrenei, osorik edo zati batean, edozein titulurengatik, eraikitako
instalazioak, eraikinak edo lanak laga. Horretarako, udalaren berariazko
baimena beharko du.
47. artikulua. Emakida amaitzea.
1. Administrazio baldintza eta preskripzio
teknikoen pleguetan xedatutako arrazoiengatik edo legez adierazitako zioengatik
amaituko dira jabari publikoko emakidak.
2. Emakida amaitzen denean, emakidaren
titularrak berak eraitsi egingo ditu jabari publikoko ondasunean eginiko
obrak, eraikinak eta instalazio finkoak, edo inoren ordez arduratuko da
administrazioa, emakidadunaren kontura, Tokiko Gobernu Batzarrak horiei
eustea erabaki ezean.
Kasu horretan, udal
administrazioak doan eskuratuko ditu obrak, eraikinak eta instalazioak, karga
guztietatik libre.
3. KAPITULUA. ‑MERKATARITZA
JARDUERA ESPAZIO PUBLIKORA ZABALTZEA
48. artikulua. Helburua eta baldintzak.
1. Udal baimena beharko dute merkataritza
establezimendu eta lokalen jarduera udal jabari publikora zabaltzeko bide
hauetako bat erabilita: genero erakustokiak, kartel adierazleak, dekorazio edo
apaindura elementuak, kutxazain automatikoak, saltzeko makina automatikoak
edo antzeko instalazioak. Baimen horiek emateko, bide publikoan instalatu
nahi diren produktu edo elementuei eragin diezaiekeen legeria berezia betetzen
dutela egiaztatuko du udalak.
2. Establezimendu fatxadaren aurrean
baimendu litezke kapitulu honetan xedatutako okupazioak, gutxienez, oinezkoentzat
2 metroko eremu libre bat uzten badute, eta irisgarritasuneko araudian aurreikusitako
gainerako betekizunak errespetatuz gero. Eremu libre horretan, ez da hiri altzaririk
edo elementurik egongo, ez eta oinezkoen zirkulazioa oztopatu dezakeen beste
elementurik ere.
3. Aurrekoa gorabehera, okupazioak oinezkoentzako
kaleetan, plazetan, bulebarretan eta ezaugarri bereziko bestelako espazioetan
egiteko eskaeren kasuan, aldez aurretik azterlan indibidualak egin beharko
dituzte, honako alderdi hauek aztertzeko: espazio bakoitzaren morfologia
espezifikoa, oinezkoentzako funtzionalitatea, beste erabilerekiko
bateragarritasuna eta okupatzeko espazioa handitzea edo murriztea
justifikatu dezakeen beste edozein berezitasun mota. Nolanahi ere, aurreko
atalean adierazitako oinezkoentzako eremu libre hori ez da inola ere murriztuko.
4. Jabari publikoa okupatzeko elementuak eta
instalazioak ezingo dira finkoak izan, eta establezimenduaren barrualdean gorde
beharko dituzte irekitzeko ordutegia amaitzen denean.
5. Baimenaren titular den pertsona edo
erakundearen ardura izango da okupatutako espazioa eta horren eragin eremua
egunero segurtasun, osasungarritasun, garbitasun eta apaindura baldintza
egokietan iraunaraztea.
6. Baimenaren pertsona edo erakunde
titularra izango da erantzule zuzena, halaber, artikulu honetan jasotako
betebeharren betetze ezaren ondorioz pertsona edo ondasunei sortzen
zaizkien kalteen aurrean.
7. Produktuak erakusgai jarri ahalko dituzte,
baina ezingo dituzte saldu kanpoaldean. Debekatuta dago bide publikoan pisatzeko,
neurtzeko edo kobratzeko elementuak instalatzea, bai eta hozkailuak edo
soinua ateratzen duen beste edozein elementu erakusgai jartzea ere.
8. Aurreko kapituluko lehenengo atalean
jasotako zehaztapenak, berme, tasa eta erantzukizun zibileko polizari buruzkoak,
kapitulu honetako lehenengo atalean jasotako baimenetan ere aplikatu beharko
dituzte.
LEHENENGO ATALA. ‑Produktu
erakustokiak eta antzeko instalazioak
49. artikulua. Erakustokiak eta bestelako elementuak.
1. Jabari publikoaren aprobetxamendu berezia
eratzen du merkataritza establezimenduek jabari hori produktu erakustoki,
erakusmahai, kartel adierazle, publizitate erakargarri eta antzekoekin okupatzeak.
Aurreko artikuluan xedatutako baldintzetan baimendu daiteke okupazio hori.
Ondorengo ataletan adierazten dira baimendu daitezkeen elementuen betekizun eta
ezaugarriak.
2. Erakustokiak eta bide publikoa okupatzeko
beste edozein elementu behar bezala margotuta edo korrosiotik babestuta egongo
dira, bai eta garbitasun eta mantenu baldintza bikainetan ere.
3. Ezingo dira finkoak izan; hortaz, eskuz
mugitu ahalko dira, eta gurpilak eta beharrezkoak diren finkatzeko elementuak
izango dituzte, erabiltzen diren bitartean geldi egoteko eta iraulketen aurka
egonkorrak izateko. Egiturak ez du ertz nabarmenik izango, hanketan gomazko
babesak izango dituzte, zaratak arintzeko eta auzotarrei ahalik eta eragozpen
gutxien eragiteko. Ez da baimenik emango erakustokien egonkortasuna bermatzeko
ainguratzeak lurzoruan gauzatzeko.
4. Instalatuko diren elementuek gehienez 0,50
metroko zabalera izango dute, eta, lehentasunez, fatxadan jarriko dira, edo
behintzat altzari publikoekiko, zuhaitzekiko eta terrazekiko linealtasuna
gordeta. Horrela, oinezkoen zirkulazioa zuzena izango da, eta ez dute
sigi-sagan ibili beharko. Nolanahi ere, erabat libre utzi beharko dute
establezimendurako sarrera.
5. Erakusgai jartzen diren elementuek, gutxienez,
0,6 metroko tartea utzi beharko dute alde bakoitzean ondoko atari edo beste
okupazioekiko.
6. Instalazioaren gehienezko luzerak ez ditu
gaindituko establezimenduak okupatutako fatxadaren luzera eta marjinak,
kenduta, bateko, establezimenduaren sarreraren luzera, eta, besteko,
atarietaraino edo ondoko okupazioetaraino errespetatu beharko gutxienezko
tarteak.
Erakustokiak eta antzeko
instalazioak ezartzeak ez du eragotzi behar edukiontziak edo hondakinak
biltzeko guneak jartzea, eta ez die oztoporik jarriko zaborra biltzeko
udal zerbitzuei.
7. Ahal izanez gero, instalatuko diren
euskarriak aluminiozkoak, zurezkoak, plastikozkoak eta kolore neutrokoak izango
dira, inguruarekin eta fatxadekin harmonian egoteko. Baimen edo
establezimendu beraren menpe dauden elementu guztiak kolore edo kolore sorta,
diseinu eta testura bereko elementuekin eginak izango dira.
8. Erakustokiak eta bide publikoa okupatzeko
beste edozein elementu establezimenduaren kanpoan jarri ahal izango dira
merkataritza ordutegian, nolanahi ere den, gehienez ere, 22:30ak arte.
Ordutegia amaitzen denean, elementuak kendu eta okupatutako bide publikoa
garbi utzi beharko dute.
9. Elikagaiak lurrarekiko 75 cm-ko altueran
jarri beharko dituzte, gutxienez, eta, gainerako produktuak, 60 cm-ko
altueran.
10. Erakustokietan nahi beste apal jarri ahal
izango dituzte, lurrarekiko 1,75 metroko gehienezko altueraraino. Erakustoki
eta salgai multzoak ezingo du 2 metroko altuera gainditu.
11. Hauek izango dira oinezkoentzako
eremuetarako baldintza espezifikoak:
a) Establezimenduaren eta eremuaren, instalatzeko elementuaren eta
inguruko egoeraren arabera erabakiko dute oinezkoentzako eremuetan dauden
establezimenduetako euskarrien behin betiko kokapena.
b) Gutxienez, 3 metroko pasabide libre bat utzi beharko dute, eta,
salbuespen gisa, 2,5 metrokoa, pertsonak eta larrialdietako ibilgailuak igaro
ahal izateko.
c) Zamalanetarako ordutegia amaitu arte, ezingo dituzte erakustokiak
edo bide publikoa okupatzeko bestelako elementuak instalatu, oinezkoen eta
larrialdietako ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen ez duten eremuetan izan
ezik.
50. artikulua. Erakustokiak eta bestelako elementuak jartzeko
mugakizunak.
1. Udalak, udal zerbitzu teknikoen aurretik
txosten arrazoitua eginda, eskubidea izango du erakustokiak jartzeko baimena
ukatzeko, hala gomendatzen duten interes berezi edo orokorreko zio garrantzitsuak
daudenean.
2. Udalak, halaber, salbuespenak egin ditzake
baimen mota hauek emateko, egoerak, datak edo gertakizun bereziek hala gomendatzen
dutenean.
3. Salgai dauden produktuak elikagaiak badira,
Udalak, baimenarekin batera, elikagaiak manipulatu, erakusgai jarri eta
biltegiratzeari loturiko osasun aholkuak eta betebeharrak biltzen dituen
dokumentu bat emango du.
BIGARREN ATALA. Kutxazain
automatikoak
51. artikulua. Kutxazainak.
1. Jabari publikoaren aprobetxamendu berezia
da banku eta finantza erakundeek fatxadetan kutxazain automatikoak eta
bestelako antzeko gailuak instalatzea, erabiltzaileek jabari publikoan
horiek modu jarraituan erabil ditzaten. Zerbitzu horiek deskribatutako
moduan ematen dituzten banku eta finantza erakundeek egiaztatu beharko dute
sortutako jabari publikoaren okupazioak ez duela hori normaltasunez erabiltzea
eragozten, ez eta oinezkoen zirkulazioa oztopatzen ere.
2. Kutxazain horiek irisgarriak izango dira
pertsona guztientzat, eta horiek instalatzeko baimena emango du udalak,
soilik, aurretik 2 metro zabaleko oztoporik gabeko eremu bat badute, gutxienez.
HIRUGARREN ATALA. ‑Produktu
salmenta automatikoa eta haurrentzako jolas makinak
52. artikulua. Produktu salmenta automatikoa eta haurrentzako
jolas makinak.
1. Arau orokor gisa, debekatuta dago erabilera
eta jabari publikoko espazioa okupatzea edozein artikulu mota saltzeko mota
guztietako makina automatikoak instalatuta.
Salbuespen gisa, eta
aldez aurretik nahikoa justifikatuta, baimena edo emakida eman ahal izango du
udalak jabari publikoa saltzeko makina automatikoekin okupatzeko.
Baimena emango du
udalak haurrentzako jolas makina txikiekin okupatzeko, baldintza jarrita
irisgarritasun baldintzak eta udalak makinen ezaugarriak eta kokalekuak
kontuan izanda ezartzen dituen gainerako xedapenak.
2. Jabari publikoaren aprobetxamendu berezia
ekartzen du bide publikora jotzen duten fatxadetan baimendutako edari eta
elikagaiak eta mota guztietako produktuak saltzeko makina eta gailu
automatikoak instalatzeak, erabiltzaileek zuzenean eta era jarraituan
jabari publikoan horietaz hornitzeko moduan.
3. Pertsona edo erakunde titularrek nahiz
makinek sortzen duten aprobetxamenduaren onuradunak arduratuko dira Aurreko
atalean deskribatutako makina edo gailuez. Hala, beharrezkoak diren neurriak
aplikatu beharko dituzte jabari publikoaren okupazioak jabariaren normal erabiltzea
ez eragozteko, oinezkoen zirkulazioa ez oztopatzeko eta ez diezaien auzokoei
inolako eragozpenik ez sortzeko.
4. Produktuetarako tenperatura eta higiene
baldintza egokiak izan eta kontrolatzeko beharrezkoak diren bitartekoak izan
beharko dituzte baimendutako edari eta elikagaiak saltzeko makina eta gailu
automatikoek.
HIRUGARREN TITULUA
ZEHAPEN ARAUBIDEA
53. artikulua. Zigor jardunbidea.
Administrazio
Prozedura Erkideari buruzko legeria orokorrean eta aplikagarria den gainerako
araudian ezarritakoarekin bat etorri behar du zigorrak ezartzeko ordenantza
honetan xedatutako prozedurak.
54. artikulua. Erantzuleak.
Hauek dira ordenantza
honen xede den arloan eginiko arau hausteen erantzuleak:
a) Jabari publikoko emakida edo baimenaren titular diren pertsona
fisiko edo juridikoak, ordenantza honetan edo emandako gaitze tituluan
xedatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
b) Udal jabari publikoa edo erabilera publikoko espazio pribatua
okupatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, horretarako gaitzen dituen
titulurik ez badute.
55. artikulua. Arau hauste administratiboak.
Ordenantza hau
aplikatzeari dagokionez, arau hauste administratiboak dira hartan ezarritako
betebeharrak, debekuak eta betekizunak ez betetzea, bai eta haren babesean
emandako baimen eta emakida administratiboetan ezarritako baldintzak ez betetzea
ere.
56. artikulua. Arau hausteen sailkapena eta tipifikazioa.
1. Ordenantza honen aurkako arau hausteak
arin, larri eta oso larri gisara sailkatzen dira.
2. Arau hauste arinak izango dira:
a) Instalazioak, elementuak edo ingurua garbitasun, higiene eta
apaindura baldintza egokietan izateko betebeharra ez betetzea.
b) Ordenantza honen xede diren erabilera publikoko espazio pribatuak
edo jabari publikoa okupatzen duen jardueraren funtzionamendurako xedatutako
ordutegia ez betetzea, ordubete baino epe txikiagoan.
c) Erabiltzaileek, auzokoek edo agintaritzaren agenteek ikusi
ahal izateko lekuan ez egotea ordenantza honen xede diren erabilera publikoko
espazio pribatuak edo jabari publikoa okupatzeko baimen edo emakidaren
agiria.
d) Baimena edo emakidaren beraren baldintzak edo ordenantza honetan
agindutakoa ez betetzea, arau hauste larria edo oso larria ekartzen ez
duenean.
e) Udal baimenik gabe edo baimenaren baldintzak bete gabe,
inprimatutako publizitatea banatu edo zabaltzea ordenantza honetan jasotako
erabilera publikoko espazio pribatuan edo jabari publikoan.
3. Arau hauste larriak izango dira:
a) Instalazioak, elementuak edo ingurua baldintza egokietan edukitzeko
betebeharra ez betetzea, garbitasun, segurtasun edo osasungarritasun
publikoari eragiten dion narriadura larria ekarriz gero.
b) Ordenantza honen xede diren erabilera publikoko espazio pribatu
edo jabari publikoa baimenik edo emakidarik gabe okupatzea, eragin txikia
duenean.
c) Ordenantza honen xede diren erabilera publikoko espazio pribatuak
edo jabari publikoa okupatzen duen jardueraren funtzionamendurako xedatutako
ordutegia ez betetzea, ordubete baino epe luzeagoan.
d) Baimenak edo emakidak berariaz jasotzen ez dituen edo ordenantza
honetan ezarritakoa urratzen duten elementuekin edo instalazioekin egindako
okupazioa.
e) Baimendutako okupazioa gainditzea, altzariak, elementu edo
instalazioak eta okupatutako azalera direla bitarte.
f) Publizitatea jartzea erabilera publikoko espazio pribatuak edo
jabari publikoa okupatzen duen jardueraren elementuetan, ordenantza honetan
ezarritakoarekin bat etorri gabe.
g) Ondasunak hasierako egoerara lehengoratzeko edo ordezkatzeko
betebeharra ez betetzea, gaitze titulua iraungitakoan edo elementuak
titulurik gabe instalatu badituzte.
h) Aintzat ez hartzea jarduera eteteko edo ordenantza honetan
jasotako erabilera publikoko espazio pribatuak edo jabari publikoa okupatzen
duten instalazioak edo elementuak kentzeko eskakizunak.
i) Udal jabari publikoko ondasunei kalte egitea.
j) Ordenantza honen xede diren erabilera publikoko espazio pribatu
edo jabari publikoan garatutako jardueraren funtzionamenduaren ondorioz,
auzoko eta oinezkoei eragozpen larriak sortzea, ordenantzan ezarritako baldintzak
ez betetzeagatik.
k) Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aurka egiten duten edo
sexu, arraza edo sinesmenetan oinarritutako jardunbide iraingarriak eragin edo
sustatzen dituzten edozein mota eta formatutako edukiak erabiltzea, hala nola
bideoak, irudiak eta ahozko zein idatzizko mezuak.
4. Arau hauste oso larriak izango dira:
a) Ordenantza honen xede diren erabilera publikoko espazio pribatu
edo jabari publikoaren edozein okupazio, dagokion gaitze titulurik gabe eginez
gero eta eragin larriak sortzen baditu.
b) Ikuskatzaile edo polizien lanak eragotzi edo oztopatzea, haien
funtzioak erabilita esku hartzen dutenean.
57. artikulua. Zigor mailak.
1. Zigorrak ezartzean, honako irizpide hauek
aintzat hartuko dituzte isunen zenbatekoa zehazteko:
a) Erruduntasun maila edo nahitasuna egotea.
b) Jokaera arau hauslean jarraitzea edo irautea.
c) Zer-nolako kalteak eragiten dituen.
d) Behin eta berriro urratzea, urte berean izaera bereko arau hauste
bat baino gehiago egin izanagatik, hala adierazi dutenean administrazio bidean
irmoa den ebazpen baten bidez.
2. Arau hauste txikiagorako ezarritako
zigorra ezar daiteke, salbuespenez, zigortutako egintzak transzendentzia txikia
edo baliogabea izan duelako eta egoera horretarako ezarritako zigorra argi eta
garbi neurrigabea delako. Horretarako, behar bezala eta berariaz justifikatu
beharko dute erabaki hori zigor espedientean.
58. artikulua. Arau hauste eta zigorrek preskribatzea.
Arau hauste arinek
sei hilabetean preskribatzen dute, larriek, bi urteko epean, eta, oso larriek,
hiru urteko epean.
Arau hauste
arinengatik ezarritako zigorrek urtebetean preskribatzen dute; arau hauste
larriengatik ezarritakoek, bi urteko epean, eta, arau hauste oso larriengatik
ezarritakoek, hiru urteko epean.
Preskripzio epea eta
horren etenaldia zenbatuko dira Administrazio Prozedura Erkidearen araudian
ezarritakoarekin bat.
59. artikulua. Zigor ekonomikoen mugak.
1. Legeak bestela xedatzen ez badu, zenbateko
hauek izango dituzten isunak ezarrita zigortuko dira ordenantza honen aurkako
arau hausteak:
a) Arau hauste arinak: 750 euro arte.
b) Arau hauste larriak: 751 eta 1.500 euro artean, eta, hala erabakiz
gero, baimena, gehienez ere, 30 egun naturalean indargabetzea.
c) Arau hauste oso larriak: 1.501 eta 3.000 euro artekoak, eta, hala
erabakiz gero, baimena, gutxienez ere, 31 eta 180 egun natural artean
indargabetzea.
2. Arau hauste oso larrien eginez gero,
urtebete eta hiru urte bitarteko epean izaera horretako baimenak eta emakidak
lortzeko gaitasunik gabe geratzea ekar dezake zigor osagarri gisa.
60. artikulua. Zigorraren zenbatekoa murriztea, erantzukizuna
onartzeagatik eta goiz ordaintzeagatik.
Isuna borondatez
ordaintzen badute, ebazpena eman aurretik, isunaren zenbatekoa % 50 murriztuko
da. Horrela, berariazko ebazpenik eman behar gabe amaituko da prozedura.
61. artikulua. Borondatezko lana, isunaren ordez.
1. Zigor ekonomikoa jasotzearen ordez,
komunitatearen aldeko borondatezko lanak egin daitezke.
2. Arau hausteak gainerako herritarrei
sortutako kalteak nola edo hala konpontzeagatik, arau hausleak eska dezake
gainerako herritarren onurako borondatezko lanak egiteko, isunaren ordez.
3. Arau hausleak ordezko neurri hori aplikatzeko
eskatu ondoren, ordezko neurri hori ebazpen bidez onar lezake zigorrak ezartzeko
eskuduntza duen organoak, malgutasunaren printzipioa oinarri. Horretarako,
egunen kopurua, egun bakoitzean bete beharreko orduak eta egin beharreko
lanak zehaztuko ditu.
4. Komunitatearen aldeko lana edo jarduera
egiten den bitartean, lan arriskuen prebentzioaren arloko araudiak babestuko
du arau hauslea.
62. artikulua. Kalteak
konpontzea.
1. Erantzuleek konpondu beharko dituzte,
beti, arau hausleek egindako kalteak.
2. Zigor espedientea edo beste prozeduraren
bat abiarazi ondoren, behar beste ekintza egingo du Udalak gauzak arau haustea
gertatu baino lehenago zeuden moduan uzteko, arau hauslearen lepotik, isunak
ezarri ahal izateaz gain.
3. Ordenantza honek xedaturikoaren aurkako
ekintzak bertatik bertara gerarazteko aginduko du Udaltzaingoak, bai eta
galarazi ere agindua betetzen ez duenari ekinean irautea, isuna ezarri ahal
izateaz gain.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Xedapen gehigarri
bakarra.
Baimen edo emakida
berriak eman arte edo dagozkion konkurrentzia prozedurak onetsi arte,
indarrean jarraituko dute ordenantza hau indarrean sartu aurretik emandako baimen
edo emakidetan xedatutako okupazioek.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile
bakarra. Arauak indargabetzea.
Ordenantza hau
indarrean sartzen denetik, honako hauek indargabetuta geratuko dira:
a) Donostiako udal barrutian kaleko salmenta arautzeko Ordenantza,
1981eko otsailaren 20an osoko bilkuran onetsitakoa.
b) Urumea pasealekuko azokatxoan salmenta arautzeko Alkatearen
Bandoa, 1993ko urtarrilaren 27koa.
c) Ordenantza honetan ezarritakoaren aurka egiten duen maila bereko
edo txikiagoko beste edozein udal xedapen.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena. Ordezko
araubidea.
Ordenantza honetan
xedatu ez denari dagokionez, honako araudi hauek bete beharko dituzte: Toki
Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; apirilaren
18ko 781/1986 LED, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden lege xedapenen
testu bateratua onartzen duena; ekainaren 13ko 1372/1986 ED, Toki erakundeen
ondasunen erregelamendua onesten duena; Administrazio Publikoen Ondareari
buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legea; EAEko merkataritza jarduerari buruzko
maiatzaren 27ko 7/1994 Legea; EAEko Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas
Jarduerei buruzko abenduaren 23ko 10/2015 Legea; bai eta aplikagarria den
irisgarritasunari buruzko araudia ere.
Bigarrena. Indarrean
sartzea.
Testu osoa
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko
7/1985 Legeko 65.2 artikuluan xedatutako hamabost egun balioduneko epea igaro
ondoren sartuko da indarrean ordenantza hau.
Hala ere, II.
tituluko 3. kapituluko lehen atala (Salgai erakustokiak eta antzeko
instalazioak), argitaratu eta sei hilabeteko epean sartuko da indarrean.