ERRENTERIAKO UDALA
Gazteria
Iragarkia
Alkateak 2018ko
azaroaren 20an emandako ebazpenaren bidez behin betiko onartutzat eman zuen
Gazteentzako etxebizitza komunitarioak arautzen dituen Ordenantza,
hasierako onespena egin zen baldintza berdinetan.
Aipatutako
erabakiari jarraiki, eta Toki Araubide Oinarri Lege Arautzailearen 65.2
artikuluan aurrikusitako epea igaro ondoren, erabaki horren testu osoa eta
ordenantzaren testu osoa argitaratuko da jendeak jakin dezan eta bere
ondorioak izan ditzan.
ERABAKIA
1. Behin betiko onartutzat hartzea Gazteentzako
etxebizitza komunitarioak arautzen dituen Ordenantza, hasierako onespenean
egin zen baldintza berdinetan.
2. Erabaki honen berri ematea Estatuko
Administrazioaren erakundeari, baita Autonomia Erkidegoaren Administrazioari
ere, Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 65.2 artikuluak
xedatutakoa betetzeko.
3. Jakinarazpenak jaso ondorengo hamabost
eguneko epea pasatu ondoren erabaki hau argitara ematea, aipatu Araudiaren estu
osoarekin batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean.
ERANSKINA
Ordenantza gazteentzako
etxebizitza komunitarioak arautzen dituena.
ZIOEN AZALPENA
Udalaren Gazteria
azpisailak, «Marea gora» prozesu parte-hartzailearen bidez gazteen iritzia
jaso du, horiek nolako Errenteria irudikatzen duten jakite aldera.
Ondorioztatu dugu
beraien kezka nabarmenena emantzipatzeko zailtasuna dela. Izan ere, gazte
ororentzat bizitzan aurrera egiteko pausu garrantzitsua da emantzipazio
prozesua. Norbere autonomian sakondu ahala eta bizitzaren aurrean erabakiak
hartzeko orduan, beharrezko bilakatzen den errealitatea baita. Haren bi
ardatz nagusiak etxebizitza izatea eta lana eskuratzea dira.
Etxebizitzari
dagokionez, jakina da Errenteriako gazte askok zailtasunak dituztela gurasoen
etxea utzi eta beraien bizi proiektuak era autonomoan eraikitzeko orduan.
Besteak beste, errentamenduen prezioak merkatu librean ez datozelako bat gazte
(eta ez hain gazte) askoren gaitasun ekonomikoarekin.
Udalak irtenbide bat
eman nahi dio honi. Baina ez soilik zenbait gazteri etxebizitza bat
errentamenduan izatea erraztuz. Horrekin batera, ohiko errentamenduekin
alderatuz eredu ezberdin bat sustatu nahi baita, komunitatean oinarritua eta epe
luzera jende askoren egoera hobetzeko nahia duena. Ondorioz, Katalunia,
Holanda eta Danimarkako esperientzia arrakastatsuak oinarri hartuta, gurean
aitzindari den proiektu bat jarriko da martxan: gazteentzako etxebizitza
komunitarioa.
Etxebizitza
komunitarioek hainbat abantaila planteatzen dituzte, halaber, baliabideen
optimizazioa eta zaintzaren ardura partekatua. Dena den, komunitario izaera
emango diona ez da izango, bereziki, baliabide gehienak partekatuak izatea
(errentamenduak gelaka egingo baitira) baizik eta autogestio erara antolatu
beharra eta auzolanean aritu beharra, bizilagunen batuketa bat baino zerbait
gehiago izango den komunitate bat sortze aldera, auzoari eta herriari eskaintza
kolektiboa egiteko gai izango dena.
Bestalde, proiektu
honen hainbat alorrek eredu behar dute izan, bizitza ulertzeko bestelako
erak badaudela azaleratuz. Hortik datorkio, proiektu honi, bere hirugarren
oinarria, gazte eta komunitario izaerekin batera: hazitegi izateko asmoa.
Ekimen berritzaile
honek, batetik, atal ezberdinei eragiten dienez eta, arautu beharreko eskubide
eta betebeharren garrantzia dela eta bestetik, komenigarritzat ikusi da
Ordenantza bidez onartzea proiektu honen oinarri izango diren zutabe
nagusiak. Jakinda, beti ere, hauen garapena unean uneko ebazpen bidez egingo
dela, halaber errentamendu-kontratu bakoitzean, proiektuan parte hartuko
duten hiritarren eta Udalaren arteko harremanetan ezinbestekoa den zehaztasun
maila lortze aldera.
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen
xedea udal jabetza izango duten gazteentzako etxebizitza komunitarioen funtzionamenduaren
oinarrizko elementuak arautzea da.
Gazteentzako etxebizitza
komunitarioek alokairu publikoan eskaintzen diren logeletan dute oinarria.
Errentamendu hauen ezaugarri nagusia da alokairuaren prezioa ez dela soilik
dirutan ordainduko, horrez gain, bizilagun bakoitzak konpromezu aktiboa
adierazi beharko duela komunitateko kide den heinean.
2. artikulua. Errentamentu-kontratuak logelaka.
Logela bakoitzeko
errentamendu-kontratu bana sinatuko da.
Kontratu guztiak
Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan
erregistratuko dira.
Ez da
azpierrentamendurik onartuko.
3. artikulua. Maizter izateko baldintzak.
Maizter izango diren
pertsonek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
— Errenterian
erroldatua egotea, deialdi bakoitzean ezarriko den gutxieneko antzinatasun
jakin batekin.
— 18 eta 30 urte
bitarteko adina izatea, biak barne, eskaerak egiteko epea amaitzen den
egunean. Baldintza hori mantendu beharko da errentamendu-kontratua sinatzerako
unean.
Logelak esleitzeko
egingo diren deialdietako baldintza agiriek baldintza gehiago jaso ahalko
dituzte.
4. artikulua. Komunitatea.
Eraikineko
bizilagunek komunitate bat osatu behar dute. Komunitate gisa funtzionatze
horrek esan nahi du, espazio komunen erabileratik haratago, autogestioan
oinarrituriko proiektu bat konpartitzen dutela.
Hortaz, Udalaren
esku-hartzea ahalik eta txikiena izango da eta komunitatea osatu eta garatzeko
eginbeharretan laguntzera bideratua izango da. Dena den, Udalak bermatu behar
du bizilagun guztiek araudian eta errentamendu-kontratuan jasotakoa betetzen
dutela.
Komunitatearen
antolakuntzaren oinarrian bizilagun guztiek osatutako batzordea dago. Batzordeak
onartuko du barne araudia. Barne araudi horretan finkatu beharko dira elkarbizitzarako
arauak, beti ere legediaren eta ordenantza honetan ezarritako mugen barne.
Barne araudiak jaso
beharko du animaliak onartzekotan soilik onartuko direla etxebizitza bakoitzeko
biztanleek horrela onartzen badute, aho batez.
Era berean, nola
sustatu kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta birziklapena, etab. bezalako
gaiak arautu beharko ditu. Birziklapena gauzatuko da etxeko eta merkataritzako
hondakinen Udal-Ordenantzak arautzen duen eran.
Komunitatean ez da
onartuko jarrera sexistarik ezta xenofobo edo homofoborik ere. Aniztasunaren
errespetua izango da komunitatearen oinarrietako bat eta horrela islatu beharko
da barne araudian nahiz antolatzen diren ekimen guztietan.
Udalarekin jarduteko
ordezkariak aukeratuko ditu komunitateak. Ordezkarien artean sexuen arteko
parekidetasuna bermatu behar da.
5. artikulua. Lan komunitarioa: kolektiboa eta banakakoa.
Errentamendua bi
modutan ordaindu beharko du maizter bakoitzak: zati bat dirutan eta bestea lan
komunitarioa egiten.
Lan komunitarioa bi
modutan gauzatuko da:
a) Lan kolektibo moduan.
b) Banakako lan moduan.
Lan komunitario
kolektibo gisa ulertzen dugu eraikin osoko bizilagunek osatzen duten
komunitateak burutuko dituen jarduera edo ekimen publikoak. Urtean gutxienez
4 lan komunitario kolektibo izango dira.
Banakako lan
komunitario gisa ulertzen dugu bizilagun bakoitzak gizarteari eskainitako
denbora. Gutxienez 9 ordu izango dira hilero.
6. artikulua. Lan komunitario kolektiboaren ezaugarriak.
Lan edo jarduera
kolektiboak ezingo dira txertatu udalaren edo beste administrazio batzuen
zerbitzu publikoek jorratzen dituzten esparru zehatzetan, ezta enpresa
pribatuek era normalizatuan jada jorratzen dituzten horietan ere.
Herriari eskainiko
dizkion lan komunitario kolektiboak finkatu beharko ditu komunitateak, batzarrean.
Udalak bere oniritzia eman beharko du.
7. artikulua. Lan komunitario kolektiboa ez betetzearen
ondorioak.
Errentamendu-kontratuan
espreski jasoko da bere lan komunitario kolektiboa era egokian betetzen ez
duen pertsonari edo barne araudia urratzen duenari, Udalak ohartarazpen idatzia
igorriko diola. Halaber, ohartarazpenaren ostean bere jarrera aldatuko ez balu,
errentamendu-kontratua bertan behera geldituko dela eta etxebizitza utzi
beharko duela.
8. artikulua. Banakako lan komunitarioaren ezaugarriak.
Banakako lan
komunitarioa burutuko da Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak 3.
artikuluan eta Boluntarioei buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legeak 6.1.
artikuluan jasotzen duten esparruko edozein ataletan.
Errentamendu-kontratuak
zehaztuko du bizilagun bakoitzaren banakako ekarpena zein entitateren bidez
gauzatuko den. Entitatea zehazterik ez balego, errentamendu-kontratuak jasoko
luke lan komunitarioa gauzatzeko konpromisoa, hura aukeratu bezain pronto.
Zehaztapen hori
Udalarekin batera egingo da. Bizilagun bakoitzak Udalari eskatu ahal izango
dio bere jarduna bidera dezala Udalak egoki deritzot esparru eta entitatera.
Baita Udalari proposamen zehatz bat egin ere, gustuko duen esparru batean ekite
aldera, aukeratu duen erakunde eta proiektuaren nondik norakoak azalduz. Udalak
bere oniritzia eman beharko du. Bizilagunak proposamenik egingo ez balu,
kontratua sinatu eta hilabeteko epean Udalak zehaztuko luke zein entitaterekin
gauzatuko duen banakako lan komunitarioa. Baliagarria izango da, era berean,
errentamendu-kontratua sinatzean bizilaguna jada elkarteren batekin edo
Garapenerako Gobernutik Kanpoko Erakunde batekin boluntariotza jorratzen ari
bada, bertan jarraitzea, beti ere Udalaren oniritziarekin eta egin beharreko
ordu kopurua era egokian egiaztatuz.
9. artikulua. Banakako lan komunitarioa ez betetzearen
ondorioak.
Errentamendu-kontratuetan
espreski jasoko da banakako lan komunitarioa era egokian betetzen ez duen pertsonari
edo errenta ekonomikoa ordaintzen ez duenari, Udalak ohartarazpen idatzia
igorriko diola. Eta ohartarazpenaren ostean bere jarrera aldatuko ez balu,
errentamendu-kontratua bertan behera geldituko dela eta etxebizitza utzi
beharko duela.
Udalak, edozein
erabaki hartu aurretik, bizilagunen ordezkarien iritzia eskatuko du.
10. artikulua. Formakuntza.
Bizilagun guztiek,
talde dinamiketan trebatze aldera, Udalak eskainiko dituen aipatu saioetan
parte hartu beharko dute errentamendu-kontratua sinatu ondoren.
Errentamendu-kontratuan
jaso beharko da betebehar hori eta ez betetzeak errentamenduaren amaiera
ekarriko duela.
11. artikulua. Bidelaguna.
Udalak bidelagun bat
jarriko du, etxebizitza komunitarioaren ibilbidearen lehen urtean, gutxienez,
komunitatearen osaketan laguntzeko, beti ere bizilagunek autoeratzeko duten
eskubide eta betebeharrari kalterik egin gabe. Bidelagunak, talde dinamikak
sustatuko ditu biztanleak bizitza komunitarioan ahalduntze bidean.
12. artikulua. Errenta.
Errentamendu-kontratuan
zehaztuko da eurotan ordaindu beharreko errenta edo alokairua. Bizilagunaren
diru-sarreren % 15ean
finkatuko da errenta. Gutxienez, 90 euro hileko.
Urtero errebisatuko
da zenbateko hori, maizter bakoitzaren diru-sarreretara egokitze aldera.
Argindarraren eta
uraren kontsumoa prezio horren barne daude, arduratsua den neurrian. Hala
izan ezean, Udalak komunitatearen ordezkariei jakinaraziko lieke. Egoerak bere
horretan jarraituz gero, Udalak erabaki dezake, neurri hori hartzea motibatzen
duen ebazpen baten bitartez, kontsumoak bizilagunei kobratzen hastea.
13. artikulua. Esleipena.
Etxebizitzen
esleipena publikoa eta irekia izango da, udal ondasunei aplikagarri zaion
araudiak zehazten duenaren arabera.
Lehen deialdiaren
ondoren, zozketa bidez zerrenda osatuko da. Zerrenda horretan eskaintzen diren
logela baino pertsona gehiago egonez gero, esleipenetik at gelditzen
direnekin itxaron-zerrenda bat osatuko da.
Edozein
arrazoirengatik logela bat libre geldituko den bakoitzean, itxaron-zerrendako
hurrengo pertsonari eskainiko zaio.
Alkateak edo,
horrela badagokio, Gazteria Zinegotzi Delegatuak, erabaki ahal izango du
deialdi berriak noiz egin. Hain zuzen ere, itxaron-zerrenda agortze bidean
dagoenean edo zerrenda eta itxaron-zerrendaren osaketak 14. artikuluan aipatzen
den parekidetasuna mantentzea era nabarian eragozten duenean, ezinbestean
egingo da aipatu deialdia.
14. artikulua. Parekidetasuna.
Bizilagunen arteko
sexu parekidetasuna bermatu behar da. Ordenantza honen ondorioetarako, sexuen
arteko parekidetasuna egongo da sexu biek % 40 - % 60 portzentaietan
ordezkatuta baldin badaude, alde batera zein bestera.
Gela esleitzeko
zerrendara joko den bakoitzean, hurrenkera errespetatuz, muga horien barne
mantentzea ezinbestekoa izango da. Ondorioz, kasu bakoitzean dagokion
sexuko lehen zerrendakideari esleituko zaio logela.
15. artikulua. Espazio komunen erabilera herritarra.
Bizilagunez gain,
Udalak berak edo herriko elkarteek izango dute etxebizitzan egon daitezkeen
espazio komunak erabiltzeko eskubidea (adibidez, bileretarako eta
ekimenetarako aretoak), betiere baldintza agirian hala jasoa izan bada.
Errenteria, 2018ko
abenduaren 21a.—Jaione Karrikiri Garaño, alkateordea. (8559)