ERRENTERIAKO UDALA
Gizarte Zerbitzuak
Etxez Etxeko Laguntza
zerbitzua arautzen duen udal arautegia onartzea.
Alkateak 2018ko
irailaren 25ean emandako ebazpenaren bidez, behin betiko onarpena eman zion
«Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua» arautzen duen udal arautegi berria-ri,
hasierako onespenean egin zen baldintza berdinetan.
Hala ere, zenbait
akats antzeman dira bere edukinean eta zuzenketak egin dira.
Aipatutako
erabakiari jarraiki, eta Toki Araubide Oinarri Lege Arautzailearen 65.2
artikuluan aurrikusitako epea igaro ondoren, bai zuzenketak eta erabaki horren
dagoeneko zuzendutako araudiaren testua argitaratuko dira, jendeak jakin dezan
eta bere ondorioak izan ditzan.
Erabaki hau behin
betikoa da eta administrazio bideari amaiera ematen dio. Dena den,
administrazioarekiko auzi errekurtso jar dezakezu, edota egoki deritzozun
beste edozein errekurtso.
Non: Euskal Herriko Justizi Auzitegi
Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan.
Epea: Bi hilabetekoa, jakinarazpena
jaso eta biharamunetik hasita.
Arautegia sartuko da
indarrean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Akats zuzenketak
1. Aurkibidean.
— Honakoa dioen lekuan:
«5. artikulua. Zerbitzuaren
baitako eta zerbitzuaz kanpoko prestazioak.»
— Honakoa esan behar
du:
«5. artikulua. Zerbitzuaren
baitako prestazioak, osagarriak edo ezohizkoak diren beste prestazioak eta
kanpoan geratzen direnak.
5.1. Baitako
prestazioak.
5.2. Beste
jarduera osagarri edo ezohiko batzuk.
5.3. Zerbitzuaz
kanpoko prestazioak.»
— Honakoa dioen lekuan:
«9. artikulua. Zerbitzuan
sartzeko baldintzak.»
— Honakoa esan behar
du:
«9. artikulua. Zerbitzuan
sartzeko baldintzak.»
— Honakoa dioen lekuan:
«I. eranskina. Ekarpen
ekonomikoaren baremoa.»
— Honakoa esan behar
du:
«I. eranskina. Ekarpen
ekonomikoaren baremoa.»
2. 5.1. artikuluan.
— Honakoa dioen lekuan:
«Garbitasun pertsonalarekin
loturikoak:
Garbiketa eta
higiene pertsonala (lagungarri teknikoak baliatuta, halakorik balego;
azazkalak moztea, bizarra egitea, ilea garbitzea, azala hidratatzea eta
arropak aldatzea).»
— Honakoa esan behar
du:
«Garbitasuna eta
higiene pertsonalarekin loturikoak (lagungarri teknikoak baliatuta, halakorik
balego):
Azazkalak moztea,
bizarra egitea, ilea garbitzea, azala hidratatzea eta arropak aldatzea.»
— Honakoa dioen lekuan:
«Gizarte laguntzaren
intentsitatea aldatu egin daiteke pertsonaren beharrizanen arabera.
Horrela, erabiltzailearen laguntza beharrizanaren intentsitatea aldatzea
ahalbidetuko duten ibilbideak plantea litezke (betiere, kontuan harturik intentsitatea
murriztea dela desiragarria).»
— Honakoa esan behar
du:
«Gizarte laguntzaren
intentsitatea aldatu egin daiteke pertsonaren beharrizanen arabera.
Horrela, erabiltzailearen laguntza beharrizanaren intentsitatea aldatzea
ahalbidetuko duten ibilbideak plantea litezke.»
3. I. eranskinean.
— Honakoa dioen lekuan:
«2. Ondarea
onuradunen kapital higigarri nahiz higiezin guztia da, eskaria egin aurreko
bost urteak kontuan hartuta; kanpoan geldituko da saldutako kapital higiezina,
haren etekin ekonomikoa dagoeneko kapital higigarrian sartuta egonez gero.»
— Honakoa esan behar
du:
Ondarea onuradunen
kapital higigarri nahiz higiezin guztia da, eskaria egin aurreko bost urteak
kontuan hartuta; kanpoan geldituko da saldutako kapital higiezina, haren etekin
ekonomikoa dagoeneko kapital higigarrian sartuta egonez gero.»
Etxez Etxeko Laguntza
zerbitzua arautzen duen udal arautegia.
Aurkibidea.
Arrazoien azalpena.
Lehen titulua.
1. artikulua. Xedea.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
3. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
definizioa.
4. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
helburuak.
Bigarren titulua. Etxez
Etxeko Laguntza Zerbitzua.
I. kapitulua. Zerbitzuaren
baitako eta zerbitzuaz kanpoko prestazioak, aldaera eta ezaugarriak.
5. artikulua. Zerbitzuaren baitako prestazioak,
osagarriak edo ezohizkoak diren beste prestazioak eta kanpoan geratzen
direnak.
5.1. Baitako
prestazioak.
5.2. Beste
jarduera osagarri edo ez ohiko batzuk.
5.3. Zerbitzuz
kanpoko prestazioak.
6. artikulua. Zerbitzuaren aldaera: atsedenerako zerbitzua.
7. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
ezaugarriak.
II. kapitulua. Erabiltzaileak.
8. artikulua. Erabiltzaileak zehaztea.
9. artikulua. Zerbitzuan sartzeko baldintzak.
10. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
III. kapitulua. Zerbitzuan sartzeko prozedura.
1. atala. Eskatzaileen
zerrendan sartzea.
12. artikulua. Eskatzaileen zerrenda.
13. artikulua. Zerbitzuaren eskatzaileen zerrendan sartzeko
eskaria.
14. artikulua. Eskariarekin batera aurkeztu beharreko
dokumentazioa.
15. artikulua. Izapidetzea.
15.1. Beharrizanen
ebaluazioa.
15.2. Gizarte
Txosten proposamena.
16. artikulua. Ebazpena.
17. artikulua. Premiazko egoerak.
2. atala. Zerbitzuaren onespena eta zerbitzurako
sarbidea.
18. artikulua. Zerbitzuaren onespena.
IV. kapitulua. Zerbitzuaren
egokitzapena eta jarraipena.
19. artikulua. Jarraipena eta ebaluazioa.
20. artikulua. Egokitzapena.
V. kapitulua. Zerbitzua
etetea eta iraungitzea.
21. artikulua. Zerbitzua etetea eta iraungitzea.
21.1. Zerbitzua
aldi batez etetea.
21.2. Zerbitzua
iraungitzea.
VI. kapitulua. Zerbitzuaren araubide ekonomikoa.
22. artikulua. Prezio publikoa.
23. artikulua. Finantzaketa.
24. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzailearen ekarpena.
Xedapen iragankorra.
Xedapen gehigarria.
Xedapen indargabetzailea.
Amaierako xedapena.
I. eranskina. Ekarpen
ekonomikoaren baremoa.
ARRAZOIEN AZALPENA
Egungo Etxez Etxeko
Laguntza Zerbitzuaren udal-araudiak, Gizarte Zerbitzuen 1996ko Legean
ezarritakoari jarraiki onartutakoak, egokitzapen bat eskatzen du, azken
urteetan legegintzan egin diren garrantzizko aldaketei dagokienez.
Bai Autonomia pertsonala
sustatzeko eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko
abenduaren 14ko 39/2006 Legea, bai Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko
12/2008 Legea onartzeak ondorio nabarmenak izan ditu gizarte zerbitzuen
alorrean.
Zehazki, 12/2008
Legeak erantzukizun soziala duten gizarte-zerbitzuen sistema integratu bat
ordenatu eta egituratzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, herritar
guztiei gizarte-zerbitzuen euskal sistemako gizarte-zerbitzuak jasotzeko
eskubide subjektiboa ziurtatzeko asmoz, prestazio edo zerbitzu bakoitzerako
araututa dauden aipatutako sistemara sartzeko baldintza orokorren eta baldintza
berezien barruan, eta horretarako:
22. artikuluan,
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoa
definitzen du; horrek etxez etxeko laguntza zerbitzua barne hartzen du,
eta zerbitzu horiek emateko eskumena udalei ematen die.
185/2015 Dekretuak,
urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen
zorroari buruzkoak, 12/2008 Legea garatzen duenak, aipatutako eskubide
subjektiboa zedarritzen du, Gizarte Zerbitzuen Legearen katalogoan zehazten
diren baldintzak, irizpideak eta prestazioetarako eta zerbitzuetarako
sarbidea erregulatuz.
Esandako aldaketa
arauemaileez gain, errealitate sozialean ere bilakaera bat antzeman dezakegu:
adinekoen hazkunde demografiko mailakatua, bizi-itxaropena areagotzearen
ondorioz, eta adin-piramidearen aldaketa gure gizartean. Familia-harremanetan
ere aldaketak izan dira, gizarte-zerbitzuen babes eta garapenerako agente
gisa. Haiek dira bizitza oso bat izateko beharrezkoak diren zerbitzuak
definitzea sustatzen ari diren faktore garrantzitsuenetako bat, are
gehiago mendetasun maila altua duten edo babes sozialik gabe dauden pertsonen
kasuan.
Pertsonei beren
mendetasun mailakatuan laguntzeko zerbitzuak nola eman pentsatu eta
zehazteko, lehentasunezkoa da pertsona horiek ahalik eta denbora gehien beren
etxean geratzeko nahia kontuan hartzea, bizitza osoan zehar izan duten
erreferentziazko sare soziala mantenduz. Alabaina, etxebizitzaren
inguruak, sarbideek, komunitateak dituen laguntza-zerbitzuek eta abarrek
beste alderdi asko kontuan hartzea eskatzen dute, eta mendetasuna duen pertsonaren
bizitza garatzeko aukerak mugatzen dituzte.
Mendetasun egoeran
edo mendetasun egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko
behar horrekin batera, egoera sozial konplexuak sortzen ari dira. Izan ere,
zaurgarritasun edo ahultasun sozialeko egoeran bizi diren familia batzuek,
beren beharrizanek oinarrizko arreta jaso dezaten, etxez etxeko laguntza
behar dute.
Horrela, eguneroko
bizitza jasangarriago egiteko, babes eta laguntza-zerbitzuak eskuragarri
izateaz gain, zaurgarritasun edo ahultasun sozialeko egoerak jasaten dituzten
eta mendetasun egoeran dauden pertsonek beren etxeetan eta komunitateetan
haiek zaintzeko norbait izatea ezinbestekoa da, askotariko beharrizaneitara
egokitzeko eta denbora tarte ezberdinetan zatikatzeko gai izango dena,
larrialdiak bere gain hartuko dituena eta zerbitzuaren beharretan eman
litezkeen aldaketei bizkortasunez erantzun ahalko diena. Zentzu horretan,
etxez etxeko laguntza Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman garrantzi
estrategikoa duen zerbitzua da, elkarbizitzarako sostengua ematen baitio
gizartean eta familian. Izan ere, sostengu hori ezinbestekoa da pertsona
askoren bizi-kalitaterako eta lan-bizitza eta familia uztartzeko, emakumeen
kasuan bereziki. Erabiltzaileek eta beren inguruak, familiak zein auzokideek
aintzat hartzen duten zerbitzua da, eta pertsona askoren bizi-kalitatea
bermatzen du (adinekoak, mendetasun egoeran dauden pertsonak, familiaren
zama handia duten pertsonak).
Xede horretarako,
araudi honek 2017. urtean Gipuzkoako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren
artean Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaian adostutako itunak jasotzen
ditu, honako gaien inguruan; intentsitate malguagoak, zerbitzua emateko
aukera zehaztea urteko egun guztietan, izaera mugatua, larrialdietako sarbide
mota finkatzea eta profil ezberdinetara sarbidea izatea.
Etxez etxeko laguntza
zerbitzuaren araudiak ez du Administrazio honetan laguntza pertsonalerako
beste zerbitzu batzuk hasteko aukera alde batera uzten, bide berritzaileak
izan daitezkeenak pertsonen eta beren bizitzarako beharrizanen artean oreka
bat izateko; betiere, eskumena duen organoaren oniritzia izanda.
Horrenbestez,
udal-araudi honek udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzurako sarbidea arautzen
du, zerbitzura sartu nahi duten pertsonak balioetsi eta gero, behin zerbitzurako
eskubidea aitortua izan zaienean eta arreta pertsonalizaturako plan bat landu
denean.
LEHEN TITULUA
1. artikulua. Xedea.
Arautegi honen xedea
da Errenteria udalerriko etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzea.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Arautegi honek arautzen
duen zerbitzua Errenteriako udalerrian emango da, udalak gizarte zerbitzuen
esparruan dituen eskumenen baitan.
3. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
definizioa.
Etxez Etxeko Laguntza
Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzu bat da, erabiltzaileei
ahal bezain luzaro norberaren etxean bizitzen jarraitzeko laguntza ematean
datzana; horretarako, etxeko laguntza edo/eta laguntza pertsonala eskaintzen
zaie, etxean moldatzeko eta beren komunitatean txertatzeko, bakartzea
saihestuz.
4. artikulua. Etxez etxeko zerbitzuaren helburuak.
Zerbitzuak helburu
hauek ditu:
— Autonomia galerari
aurrea hartzea, autonomiari eustea edo/eta autonomia galera konpentsatzea.
Horretarako, laguntza partziala edo/eta erabatekoa emango da norberaren zaintzarako
eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko edo/eta eguneroko bizitzako
jarduera instrumentaletarako.
— Erabiltzaileen
segurtasun sentipena indartzea.
— Beste zerbitzu batzuen
esku-hartzea eska lezaketen beharrizanak antzematea.
— Erabiltzaileak
beren komunitatean integra daitezen bultzatzea eta bakartze edo/eta
bazterketa egoerak saihestea.
— Norberaren etxean
ahalik eta luzaroen eta bizi kalitate egokiarekin bizi daitezen ahalbidetzea,
ahal den heinean; horrela, atzeratu edo saihestu egingo da ostatu zerbitzuetan
edo egoitzetan sartu beharra.
— Erabiltzaileari
laguntzen dion familia-gizarte sareko zaintzaileei laguntzea, eta zaintzari
loturik dituzten eginbeharrak neurri batean arintzea, baldintza egokiak izan
ditzaten beren garapen pertsonal, profesional eta sozialerako.
— Oro har, erabiltzaileaz
arduratzen den zaintzaile nagusiaren ordez jardutea, tarteka, hura falta
denean.
— Adingabeen zaintzan
laguntzea, haien guraso edo tutoreek zaintza egokia ematerik ez dutenean.
— Hainbat faktore
psiko-fisiko-sozialen ondorioz krisi egoeran dauden familien bizikidetza giroa
hobetzea eta faktore horietatik eratorri ohi diren arriskuei aurrea hartzea.
BIGARREN TITULUA
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA
I. KAPITULUA. ‑ZERBITZUAREN BAITAKO ETA ZERBITZUAZ
KANPOKO PRESTAZIOAK, ALDAERA ETA EZAUGARRIAK
5. artikulua. Zerbitzuaren baitako prestazioak,
osagarriak edo ezohizkoak diren beste prestazioak eta kanpoan geratzen
direnak.
5.1. Baitako
prestazioak.
• Informazioa:
Erabiltzaileei beren eskubideei eta zerbitzuari buruzko informazio egokia
eta nahikoa eskuratzeko aukera ematea, behar den denboraz eta behar den
moduan.
• Jarraipenaren
balioespena: Arreta Pertsonalizatuko Planaren aldian aldiko ebaluazioak
egitea, kasuan-kasuan dagokion sakontasunaz.
• Etxeko
laguntza: Erabiltzaileei eguneroko bizitzako jarduera instrumentalak
egiteko laguntza partziala edo osoa eskaintzen dien prestazioa. Laguntza
hori bereziki dagokie elikadurari, jantziei eta erabiltzailea bizi den etxeko
instalazioen mantentze garbiketari, ongi antolatzen laguntzeko; prestazio
honetan sartzen da, halaber, hala dagokionean, jarduera horiek gauzatzeko
beharrezko trebetasunen lanketa.
a) Elikadurarekin loturikoak:
— Otorduak antolatzea
eta prestatzea, erabilitako ontzi eta tresnak garbitzea eta jasotzea
barne.
— Janaria erostea.
— Erabilitako ontziak
eta tresnak garbitzea eta lehortzea.
b) Jantziekin loturikoak:
— Arropa etxean
garbitzea.
— Arropa lehortzen
jartzea.
— Arropa gainbegiratzea.
— Arropa antolatzea
eta gordetzea.
— Arropa etxean
lisatzea eta tolestea.
— Arropa erostea.
— Erabili beharreko
elementu guztiak prestatzea eta jasotzea.
c) Etxebizitza mantentzearekin lotura dutenak:
— Etxea txukuntzea.
— Gainaldeak
produktu egokiekin garbitzea.
— Erabilitako
elementuak garbitzea eta jasotzea.
— Hautsa kentzea.
— Zorua garbitzea
eta xurgagailua pasatzea.
— Errezelak eta
leihoak zabaltzea, etxea aireztatzea.
— Komuna garbitzea.
— Sukaldea garbitzea.
— Leihoetako
kristalak garbitzea.
— Zaborra zaintzea
eta ateratzea.
— Zerbitzua hasi
aurretiko garbiketa orokorra.
— Jabekideen
erkidegoko espazioak garbitzea.
— Ohea egitea eta
oheko arropa aldatu eta arropa zikina kentzea.
• Laguntza
pertsonala: Erabiltzaileei honako jarduera hauek egiteko laguntza partziala
edo osoa eskaintzen dien prestazioa:
a) Zaintza
pertsonalarekin loturiko beharrezko eguneroko bizitzako oinarrizko
jarduerak, bereziki, ohetik altxatzea eta oheratzea, norberaren
garbitasuna, jatea edo oinarrizko beste funtzio batzuk.
— Mugikortasunarekin
eta ingurunean moldatzearekin loturikoak:
Ohetik altxatzeko,
oheratzeko edo eserlekutik altxatzeko laguntza, lagungarri teknikoak
baliatuta, halakorik balego.
Etxean nahiz etxetik
kanpo batetik bestera mugitzeko laguntza (komunera, gela batetik bestera,
eskolara, garraiora, eguneko zentroetara, osasun etxeetara joateko laguntza),
lagungarri teknikoak baliatuta, halakorik balego.
Garbitasun pertsonalarekin
loturikoak (lagungarri teknikoak baliatuta, halakorik balego):
— Azazkalak moztea,
bizarra egitea, ilea garbitzea, azala hidratatzea eta arropak aldatzea.
— Jatearekin
loturikoak:
Jateko laguntza.
Edateko laguntza.
Janaria berotzea.
Erabilitako tresnak
eta ontziak garbitzea eta jasotzea.
Jantziekin
loturikoak:
Janzteko eta
eranzteko laguntza.
Eguneroko arropa
prestatzea.
b) Jarduera instrumentalak, ingurunearekiko lotura ahalbidetzen
dutenak, bereziki, komunikaziokoak (telefonoa erabiltzea, gutunak idaztea...)
eta familiarengana eta komunitatearengana iristeko beharrezkoak.
Oro har, aurreko
egitekoekin lotura duten aurretiko jarduerak, egiteko horiek gauzatzeko
elementuak prestatzea edo/eta haietatik eratorritako jarduerak.
Bereziki, hala
badagokio, edozein eginkizunetarako beharrezko trebetasunen lanketa.
— Komunitatearekiko
harremanarekin loturikoak:
Haurtzaindegi,
ikastetxe, garraio, eguneko zentro, osasun etxe, komunitate-ekipamendu eta
abarretara iristen laguntzea.
— Ingurunearekiko
komunikazioarekin loturikoak:
Eskariak egiteko,
gutunak jasotzeko, gutunen eta abarren edukia ulertzeko laguntza, etxean.
Komunikazioa
erraztea banketxeekin, osasun etxeekin; errekurtsoak izapidetzea;
dokumentazioa eskatzea eta entregatzea, etab.
— Osasunarekin
loturikoak:
Medikuak agindutako
botikak (ahotik hartzekoak) erostea, kontrolatzea eta behar bezala hartzen
diren gainbegiratzea.
Medikuekiko hitzorduen
kontrola eta jarraipena.
— Zaintzarekin
loturikoak:
Adingabeentzako
zerbitzuetan, ingurune komunitarioan aritzeko laguntza eta adingabearen
zaintza gauzatzean suertatzen diren bestelako egitekoak.
• Gizarte
laguntza: gizarte zerbitzuen berariazko zerbitzua, berezkoa, zeinaren bidez
pertsonek aukera duten profesional kualifikatu batekin beren kasa hobeto
moldatzeko eta gizarteratzeko laguntza harreman batean parte hartzeko.
Erabiltzaileari
aukera ematen dio bere egoera aztertzeko, bere autonomia eta gizarteratze
maila mantentzeari edo hura garatzeari buruz zer helburu dituen zehazteko
eta helburu horiek betetzeko erreferentziazko pertsona bat edukitzeko,
zeinaren bidez ondorengo laguntza hauek jasoko dituen prozesuan zehar:
a) Instrumentala (baliabide eta beste sistema batzuetako zerbitzuetara
nahiz laguntzako gizarte/familia sareetara –familia, lagunak, komunitatea–
harreman sareetara iristeko informazioa, orientazioa eta bitartekaritza).
b) Emozionala (kaltea murriztea, sostengua, babes emozionala eta
orientazioa krisi egoeretan...).
c) Hezkuntzakoa (eguneroko bizitzako eta gizarteratzea sustatzeko
oinarrizko jarduerak, jarduera instrumentalak nahiz jarduera aurreratuak
egiteko trebetasunak hartzea, jokabideak aldatzea...).
d) Harremanei loturikoa (entzute aktiboa, gizarte harremanak
edo/eta harreman pertsonalak egiteko edo mantentzeko trebetasunak hartzea,
harremanak egiteko aukerak sortzea).
Gizarte laguntzaren
intentsitatea aldatu egin daiteke pertsonaren beharrizanen arabera.
Horrela, erabiltzailearen laguntza beharrizanaren intentsitatea aldatzea
ahalbidetuko duten ibilbideak plantea litezke.
5.2. Beste
jarduera osagarri edo ezohiko batzuk:
— Higiene arazo
larriak dituzten etxeetako garbiketa orokorra.
— Higiene eta
osasungarritasun arazo larriak dituzten etxeak hustea eta garbitzea.
— Egoera bereziei
erantzunez, zerbitzuaren helburuak lortzeko ezinbesteko jotzen diren
beste jarduera batzuk gauzatu ahal izango dira, gizarte langintzako
teknikariak hala proposatuz gero eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak
jarduera horiek berariaz baimenduz gero.
5.3. Zerbitzuaz
kanpoko prestazioak:
Ondorengo jarduerak
etxez etxeko laguntza zerbitzutik kanpokotzat jotzen dira:
— Etxebizitza
berean bizi arren, udal zerbitzu teknikoek zerbitzuaren onuradun jotzen ez
dituzten pertsonen laguntza pertsonala.
— Etxebizitza
berean bizi arren, zerbitzuaren onuradun jotzen ez diren pertsonak
zuzenean mesedetzen dituen etxeko laguntza.
— Prestakuntza
espezifikoa eskatzen duten osasun arloko jarduerak, hala nola, indizioak jartzea,
intsulina edo heparina ematea, tentsioa hartzea, zundak eta zarakarrak
tratatzea, ezagutza espezifikoa eskatzen duten botikak ematea eta horien antzerakoak.
— Etxean
konponketak egitea: margotzea, etab.
6. artikulua. Zerbitzuaren aldaera: atsedenerako zerbitzua.
Bere helburua da,
mendekotasun egoeran edo egoera horretan egoteko arriskuan dagoen pertsona,
aldi batez EELZn sartzea edo zerbitzu horretan ordura arte eskaintzen zen
laguntzaren intentsitatea areagotzea, zaintzaile nagusiaren atsedena
gauzatzeko.
7. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren
ezaugarriak.
Etxez etxeko laguntza
zerbitzua onuradunak lo egiten duen edo/eta eguna igarotzen duen tokian
(ingurunean) emango da, Errenteriako udalerrian.
— Laguntza emateko
egunak:
Oro har, urteko egun
guztietan emango da zerbitzua, jarraibide teknikoen arabera.
— Zerbitzuaren
intentsitatea:
Zerbitzuaren
denbora mugak erabiltzaileen beharrizanen banakako ebaluazioaren arabera
zehaztuko dira. Gehienez ere, asteko hogeita zortzi orduko laguntza emango
da. Gehieneko hori malgutasunez banatu ahal izango da, baldin eta profesionalen
irizpideen arabera malgutasun hori beharrezkoa bada erabiltzaileak etxean
jarraitzea errazten edo/eta ahalbidetzen duten zaintzak osatzeko edo/eta
ordezkatzeko.
Orduak 15 minutu
baino gutxiagokoak ez diren tarteetan banatuko dira, eta sarrera bakoitzean
zerbitzuak gutxienez 30 minutuko iraupena izango du; fakturatutako ordu edo
tarte bakoitza lanean egindako denborari dagokiola ulertuz.
— Laguntzaren
ordutegiak:
Zerbitzuaren
ordutegia malgua da; nagusiki, 07:00etatik 22:00etarako ordutegiaren barruan
emango da.
Nolanahi ere, zerbitzuaren
ordutegia zabaldu egin ahal izango da, balioespen teknikoaren arabera, muga batzuen
barruan.
— Laguntza pertsonalari
dagokionez, udal teknikariek zehaztuko dute ordutegia, laguntza eskatzailearen
ohiko ordutegiak eta beharrizanak kontuan hartuta.
— Etxeko laguntzari
eta gizarte laguntzari dagokien zerbitzuetarako, udal teknikariek zerbitzua
ematen duen enpresarekin batera zehaztuko dute ordutegia, zerbitzu horiek
ematen dituzten langileen ordutegien arabera.
II. KAPITULUA. ERABILTZAILEAK
8. artikula. Erabiltzaileak
zehaztea.
Oro har, ondorengo
profila izango dute zerbitzu honen erabiltzaileek: autonomia galeraren edo
ahultasun egoeraren ondorioz, norberaren etxebizitzan bizitzen jarraitu ahal
izateko eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza –aldi batekoa
nahiz iraunkorra– behar duten pertsonak edo/eta familiak.
Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen
zorroari buruzko 185/2015 Dekretuak ezartzen duenari jarraituz, mendekotasun
egoeran edo mendekotasuna jasateko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako
zerbitzua da etxez etxeko laguntza zerbitzua.
Honako pertsona
edo/eta familia hauek ere izan daitezke etxez etxeko laguntza zerbitzuaren
erabiltzaileak:
— Beren kasa moldatzeko
zailtasunak direla medio eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak edo/eta
jarduera instrumentalak gauzatzeko laguntza behar duten pertsonak.
— Familiek zaindu
ezin dituzten edo behar duten zaintza eta arreta eman ezin dieten adingabeak.
— Zama astunegia,
harreman gatazkatsuak, gizarte egoera egongaitzak edo/eta gaixotasun fisiko
edo/eta psikikoen ondoriozko arazoak dituzten familiak edo pertsonak,
eguneroko bizitzako jardueretarako laguntza partziala edo erabatekoa behar
dutenak.
— Aldi bateko
gaixotasun edo gaixotasun terminal batek jotako pertsonak, gaixotasunaren
ondorioz eguneroko bizitzako jardueretarako beste norbaiten laguntza behar
dutenak.
— Kasuaren
arduradunaren iritziz eta haren irizpideei jarraituz zerbitzu honen arreta
jasotzea dagokien pertsona edo/eta egoerak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak
baimenduak.
Eskaria talde batek
eginez gero, taldeko kide guztiek bete beharko dituzte zerbitzuan sartzeko
baldintzak.
Zerbitzuaren
titular bat izendatuko da, onuradun guztiak ordezkatzeko; titularra hil
eginez gero, egoitza zentro batean sartuz gero edo bizitokia aldatuz gero,
bizikidetza unitateko beste onuradun batek hartuko du titulartasuna.
Titulartasuna aldatzean,
berriro ebaluatuko dira beharrizanak, gizarte-familia egoera eta egoera
ekonomikoa.
9. artikulua. Zerbitzuan sartzeko baldintzak.
Aurrez aipatutako
talde horietako bateko kidea izateaz gainera, honako baldintza hauek bete
beharko ditu eskatzaileak:
— Baldintza
administratiboak:
Eskaria egiten den
datan Errenteriako udalerrian erroldatuta egotea, eta hartan erroldatuta jarraitzea.
Teknikariek hala proposatuz gero, baldintza hau betetzetik salbuetsita
geldituko dira senitartekoen etxeetan txandaka bizi diren pertsonak.
— Beharrizanari
buruzko baldintzak:
a) Dagokion etxebizitzan bizitzea, izan hura norberarena nahiz
zaintzaile nagusi gisa diharduen senitarteko batena.
b) Etxebizitzaren edo ingurunearen egoerak ez eragoztea edo zailtzea
erabiltzailea han egotea eta ez jartzea arriskuan erabiltzailea nahiz
etxez etxeko langileak.
c) Hala behar izanez gero, etxebizitzan baldintza egokietan bizitzeko
behar adina laguntza izatea, EELZren prestazioarekin batera.
d) Osasun edo gizarte-osasun erakundeetan iraunkorki arreta jasotzea
eskatzen duen osasun egoeran ez egotea.
e) Gaixotasun infekto-kutsakor edo buru gaixotasun bat izanez gero,
uko ez egitea dagokion tratamendua hartzeari.
f) Jokabide asaldurarik izanez gero, etxez etxeko langileentzako
arriskutsua ez izatea.
10. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Gizarte zerbitzuei
buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikuluaren arabera, etxez etxeko
laguntza zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideak dira:
— EAEko hizkuntza
ofizialetatik edozeinetan zerbitzua jasotzea.
— Zerbitzu ematea
eta haren intentsitatea aldatzeko eskaria egitea.
— Zerbitzuaren
baldintzen aldaketen berri aldez aurretik jasotzea.
11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Gizarte zerbitzuei
buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaz gainera,
etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak behartuta egongo dira:
— Zerbitzuan parte
hartzen duten profesionalen lana erraztera, haiek laguntzera eta zuzen eta
errespetuz tratatzera.
— Egoera
sozio-ekonomikoa balioesteko beharrezko dokumentuak gizarte langileari ematera
eta balioespena nahiz jarraipeneko bisitak egiteko etxean sartzen uztera.
— Zerbitzua jaso
bitartean gaixotasun infekto-kutsakor bat harrapatuz gero, udal teknikariei
horren berri ematera, etxez etxeko laguntzaileek hartu beharreko babes
neurriak hartu ahal izan ditzaten.
— Osasun egoerak
hala eskatuz gero, behar den orotan joatea osasun erakundeetara.
— Aurrez hitzartu
gabeko inolako prestaziorik ez eskatzera, eta ez eskatzera, halaber, udal
ebazpenak barne hartzen ez dituen pertsonentzako arreta.
— Etxez etxeko
zerbitzuko langileak zerbitzua ematen ari diren bitartean etxean egotera,
bestelako berariazko baimenik eta agindu teknikorik ezean.
— Zerbitzua etetea
dakarten lekualdatzeen berri aldez aurretik ematera.
— Udal teknikariei
behar adinako aurrerapenaz jakinaraztera eskaintzen den zerbitzua ematean
inolako aldaketarik eragin lezaketen bat-bateko gorabehera pertsonalak.
— Etxez etxeko
langileen esku uztera esleitutako etxeko lanak egiteko eta laguntza pertsonala
emateko beharrezko tresnak eta materialak.
— Etxez etxeko
langileek beren egitekoak behar bezala ez betez gero udal zerbitzu teknikoei
irregulartasun horien berri ematera.
— Dagokion epean
ordaintzera emandako zerbitzu bakoitzari dagokion prezio publikoa/tasa,
nahiz eskatzaileari egotz lekizkiokeen arrazoiak direla medio gauzatu gabe
gelditutako zerbitzuei dagokiena, baita zerbitzua aldi batez eten izanaren
ondorioz zerbitzuaren erreserbari dagokiona ere.
— Udal zerbitzu
teknikoei jakinaraztera bere egoera sozio-ekonomikoan gertatutako aldaketa
adierazgarri oro.
— Udal langile
teknikoei jakitera ematera prezio publikoa/tasa ordaintzeko erabiliko den
banku erakundea eta kontu korrontearen zenbakia.
— Gipuzkoako Foru
Aldundiari mendekotasunaren balioespena edo/eta ezgaitasunaren kalifikazioa
egin dezan eskatzera.
Betebehar
horietakoren bat huts eginez gero, zerbitzua eteteko edo iraungitzeko
prozedura abian jarriko da, arautegi honetan araututako prozedurarekin bat
etorrita.
III. KAPITULUA. ZERBITZUAN SARTZEKO PROZEDURA
1. ATALA. Eskatzaileen
zerrendan sartzea
12. artikulua. Eskatzaileen zerrenda.
Egiten den balorazio
sozialaren arabera, Zerbitzuaren eskatzaileen zerrenda osatzen da zerbitzua
emateko lehentasunaren baitan.
13. artikulua. Zerbitzuaren eskatzaileen zerrendan sartzeko
eskaria.
Arautegi honetan
araututako etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eskatzaileen zerrendan sartzeko,
aldez aurretik eskaria egin behar dute interesdunek edo, hala dagokionean,
bizikidetza unitateko kide guztiek, inprimaki formalizatua erabiliz. Ondoren,
organo eskumendunari helaraziko zaio inprimakia, eskatzaileak sinatuta.
Udalak xede horretarako berariaz gaitutako erregistroetan edo Administrazio
Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean
aurreikusitako moduan edo erregistroetan aurkeztu beharko da eskaria.
Interesdunak
prozesuaren edozein unetan bertan behera utz dezake eskaria, idatziz. Hala
eginez gero, artxibatu egingo da espedientea.
Era berean, gizarte
langileak txostena egin ahal izango du espedientea artxibatzeko, baldin eta
eskatzaileak edo haren ordezkariak hitzez adierazten badu eskaria bertan
behera utzi nahi duela.
14. artikulua. Eskariarekin batera aurkeztu beharreko
dokumentazioa.
Eskariekin batera,
honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
— NANaren fotokopia,
edo beste edozein nortasun agiri baliokiderena.
— Familia liburua,
baldin eta bizikidetza unitatean 18 urtetik beherako adingaberik badago.
— Mendekotasun
edo/eta ezgaitasunen balioespena, baldin eta beste autonomia erkidego batean egina
bada eta espedientea oraindik Gipuzkoako Foru Aldundira aldatu gabe badago.
— Mediku txostena,
gizarte zerbitzuek beharrezkoa dela iritziz gero.
— Zaintzaren
onuraduna adingabea edo ezgaitasuna duen pertsona bat izanez gero, legez edo
izatez, ordezkaritzaren egiaztapena (adingabeak badira: familia liburua,
gurasoen eta seme-alaben arteko neurrien edo tutorearen izendapenaren
dokumentua; ezgaitasuna duten pertsonak badira: tutorearen izendapenaren
ebazpena edo izatezko zaintzailearen dokumentua, ereduari jarraituz egina).
— Egoera
ekonomikoari buruzko datuak (zerbitzuaren onuradun diren pertsona guztiei
dagokien dokumentazioa).
— Eskaria egin
aurreko bost urteei buruzko ondasun higigarrien eta higiezinen erantzunkizunpeko
aitortza.
— Pertsona
Fisikoen Errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia, edo,
bestela, Ogasunaren ziurtagiria, eskatzaileak aitorpena egiteko
derrigortasunik ez duela egiaztatzen duena (ez da agiri hori aurkeztu beharrik
izango aitortutako azken ekitaldian Gipuzkoako zergaduna izanez gero).
— Eskaria egiteko
unean edozein kontzepturengatik jasotzen ari diren diru sarreren
egiaztagiria: pentsioak eta gizarte aurreikuspeneko prestazio publiko,
pribatu nahiz atzerrikoak, nominak, enpresa jardueren etekinak, etab.
— Kapital higiezinen
etekinengatiko diru sarreren ziurtagiria, halako etekinik balego.
— Banku posizio
eguneratuen eta kapital higigarriaren etekinen ziurtagiria.
— Gipuzkoako
lurraldetik kanpoko jabetzen katastro balioaren eta titulartasunaren
egiaztagiria.
— Ezarritako
prezioari dagokion hileko ekarpena ordaintzeko erabiliko den banku erakundea
eta kontu korrontearen zenbakia.
— Udaleko gizarte
zerbitzuek interesekotzat jotzen duten beste edozein dokumentazio.
Eskatzaileak bere
egoera balioesterik nahi ez badu edo modu frogagarrian egiaztatzen ez badu,
ulertuko da uko egiten diela itxaron zerrenda –halakorik balego– osatzeko
baremoan bere egoera ekonomikoa kontuan hartzeari, baita zerbitzua ordaintzeko
eskaintzen diren laguntzei ere. Hala, zerbitzua jasotzeko ezarritako
gehieneko tarifa ordaintzera behartuta egongo da.
Administrazio
Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8.3
artikulua aplikatuz, herritarrak salbuetsita daude aurreko agiriak
aurkeztetik, baldin eta administrazioaren esku badaude. Xede horretarako,
dagokion agiria noiz eta zer organoren aurrean aurkeztu zituzten adierazi
beharko dute interesdunek. Udalak agiri horiek eskuratu ezin izanez gero,
berriro eskatu ahal izango diote interesdunari horiek aurkezteko.
Eskariarekin batera
aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada edo akatsen bat badago, eskatzaileari
10 eguneko epea emango zaio dokumentazioa osatzeko edo antzemandako akatsak
zuzentzeko. Hala egiten ez badu, eskariari uko egin diola ulertuko da.
Eskatzaileak eta,
hala badagokio, bizikidetza unitateko gainerako kideek baimena ematen diote
udalari datuak egiaztatzeari edo dagozkion datuak biltzeari begira egin
beharreko izapideak egiteko. Arautegi honetan ezarritako baldintzak betetzen
diren egiaztatzeko eta, hala dagokionean, zerbitzua finantzatzeko baldintza
eta baliabide ekonomikoak egiaztatzeko besterik ezingo dira erabili datu
horiek.
Datuak faltsutzeak
eta ezkutatzeak zerbitzuaren eskatzaileak eskatzaile izaera galtzea
ekarriko dute, horregatik egotz lekizkiokeen beste erantzukizun batzuen
kalterik gabe.
15. artikulua. Izapidetzea.
Erabiltzaileen
beharrizanen ebaluazioa eta gizarte txosten-proposamena egiteko, Gizarte Zerbitzuen
12/2008 Legean bildutako zehaztapenak hartuko dira kontuan.
15.1. Beharrizanen
ebaluazioa:
a) Balioespena eta ebazpen proposamena eskatzailearen etxebizitzari
(edo, hala dagokionean, txandakako etxebizitzari) dagozkion udaleko gizarte
zerbitzuetako gizarte langintzako teknikariek egingo dituzte.
b) Langile teknikoek dokumentazioa aztertuko dute, eta elkarrizketak,
etxeko bisitak eta egoera bakoitzean zer beharrizan dauden balioesteko egin
beharreko izapide guztiak egingo dituzte.
15.2. Gizarte
txosten-proposamena.
Gizarte langintzako
zerbitzu teknikoek arauzko gizarte txosten bat egingo dute, honako alderdi
hauei buruz:
— Zerbitzuan sartzeko
baldintzak betetzea eta eskaria aurkeztea.
— Hala dagokionean,
baldintzak betetzetik salbuesteko proposamen arrazoitua.
— Eskatzailearen
eta, hala dagokionean, bizikidetza unitatearen egoera pertsonal, familiar
eta sozialak.
— Esku-hartzearen
onuradunak, emango den zerbitzu mota, asteko ordu kopurua eta egunak, proposatzen
den zerbitzuak barne hartzen dituen egitekoak eta haren iraupena.
— Hala dagokionean,
ezohiko zerbitzuak emateko proposamen arrazoitua.
— Eskatzaileak
zerbitzua jasotzeko ordaindu beharreko orduko prezioa.
— Hala dagokionean,
zerbitzua ukatzeko proposamen arrazoitua.
16. artikulua. Ebazpena.
Eskaria aztertu eta
balioespena egin ondoren, udaleko organo eskumendunari helaraziko zaio, hark
ebazpen arrazoitua eman dezan; ebazpen horretan, eskatutako zerbitzuan sartzea
onetsi edo ezetsiko da.
Ebazpen positiboa
izanez gero, honako alderdi hauek adierazi behar ditu:
— Eskaria zerbitzu
eskatzaileen zerrendan sartzea.
— Prestazioaren
onespena, honako hauek zehaztuz: zerbitzuaren iraupena, mota, intentsitatea
eta kostua, baita onuradunari dagokion ekarpen ekonomikoa ere.
Ebazpen negatiboa
izanez gero, eskaria ezesteko arrazoiak azaldu beharko ditu, eta honako kasu
hauetan izango da bidezkoa:
— Arautegi honetako
9. kapituluan zerbitzuan sartzeari buruz adierazitako baldintzak ez betetzea.
— Eskatzaileak,
bere kasa edo/eta senitarteko edo/eta beste baliabide pertsonalen bidez behar
bezala estali ahal izatea eskarian argudiatutako beharrak.
— Zerbitzua
emateko eskumena beste administrazio publiko batena izatea, prestazio motagatik
edo eskatzailearen bizitokia kokatuta dagoen tokiagatik.
— Zerbitzua
emateak erabiltzaileari nahiz zerbitzua ematen duten langileei arrisku
fisikoak edo/eta psikikoak ekar diezazkiokeela balioestea.
— Behar bezala
argudiatutako beste arrazoi batzuk.
Ezespenezko ebazpena
legez ezarritako epeetan eta formalitateak betez jakinarazi beharko da, eta
aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da haren kontra
organo eskumendunaren aurrean, baita zuzenean haren aurka egin ere,
administrazioarekiko auzien jurisdikzio ordenaren aurrean, legez ezarritako epe
eta baldintzetan.
Onespenezko ebazpena
zerbitzua ematen duen erakundeari ere helaraziko zaio, hark ebatzitakoa
betetzen has dadin jakinarazpenetik 7 egun naturaleko epearen barruan.
17. artikulua. Premiazko egoerak.
Aparteko izaeraz,
premia larri edo muturreko premia duten kasuei erantzuteko, prestazioa
berehala ematen hastea proposatuko dute udaleko gizarte zerbitzuek.
Udaleko gizarte
zerbitzuek zerbitzua ematen duen erakundeari jakinaraziko diote zerbitzuaren
premiazko izaera, eta jakinarazpena jasotzen duenetik 24 orduko epearen
barruan zerbitzua gauzatzen hasiko da erakunde hori.
15 egun naturaleko
epean, gehienez ere, premiazko eskaritzat hartutako eskaria ohiko prozeduraren
arabera izapidetuko da.
2. ATALA. Zerbitzuaren
onespena eta zerbitzurako sarbidea
18. artikulua. Zerbitzuaren onespena.
Zerbitzuaren
onespena Gizarte Zerbitzuetako teknikarien balorazio sozialaren baitan egingo
da.
IV. KAPITULUA. ‑ZERBITZUAREN EGOKITZAPENA ETA
JARRAIPENA
19. artikulua. Jarraipena eta ebaluazioa.
Gizarte langintzako
teknikariek jarraipen iraunkorra egingo dute zerbitzuak onuradunen
beharrekiko duen egokitasunari buruz; jarraipen horren bidez, dagozkien
aldaketak proposatuko dituzte, eta proposatutako helburuak lortzen ari diren
ebaluatuko dute onuradunekin lankidetzan. Jarraipena egiteko, egoki irizten
zaionean onuradunaren etxera bisitak egitea eta aldian-aldian etxez etxeko
laguntzaileekin harremana izatea aurreikusten da.
Aldizkako ebaluazioak
egin ahal izango dira, onuradunak hala eskatuta, zerbitzua ematen duen
erakundeak hala eskatuta nahiz protokolo eta kontratuetan ezarritako moduan.
20. artikulua. Egokitzapena.
Zerbitzuan sartu
ondorengo hiru hilabeteak erabiltzaileak zerbitzuaren ezaugarri eta funtzionamendura
egokitzeko alditzat hartuko dira. Erabiltzailearen erreferentziazko
gizarte langileek edo/eta zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako
profesionalek etengabe izango dute harremana erabiltzailearekin, gorabeheraren
bat sortuz gero egokitzapena lortzeko bilatu beharreko konponbideak bilatzeko.
Harekin batera
irtenbideak bilatzen saiatu arren erabiltzailea zerbitzura edo zerbitzua
erabiltzailera egokitzeko zailtasunak daudela edo zerbitzuak erabiltzailearen
beharrak behar bezala estaltzen ez dituela ikusiz gero, udaleko gizarte zerbitzuek
proposamen bat egingo dute, zerbitzuari dagozkion langile teknikoek edo/eta
zerbitzua kudeatzen duen enpresak aurrez egindako txostena kontuan hartuta.
Proposamen hori
erabiltzaileari helaraziko zaio, eta 15 eguneko tartea emango zaio alegazioak
aurkezteko.
Udaleko gizarte
zerbitzuek, alegazioak aztertu ondoren, behin betiko proposamena egingo diote
organo eskumendunari, hark ebazpen arrazoitua eman dezan. Erabiltzailea zerbitzutik
ateratzea ebatziz gero, beste bide bat eskainiko zaio, halakorik balego.
V. KAPITULUA. ZERBITZUA ETETEA ETA IRAUNGITZEA
21. artikulua. Zerbitzua etetea eta iraungitzea.
21.1. Zerbitzua
aldi batez etetea.
Dagokion espedientea
bideratu ondoren, organo eskumendunak ebazpena eman eta udaleko gizarte zerbitzuek
hala proposatuta, zerbitzua aldi batez etetea erabakiko da, interesdunak
esateko duena entzun eta gero. Erabiltzaileari eta, hala dagokionean, zerbitzua
ematen duen erakundeari emango zaie ebazpen horren berri, legeak ezarritako epe
eta baldintzak beteta.
Arrazoi hauengatik
etengo da etxez etxeko laguntza zerbitzua:
a) 10. artikuluan erabiltzaileei ezarritako betebeharren batean
huts eginez gero, hutsegite hori zerbitzua iraungitzeko arrazoia ez bada.
Ofizioz abian jarriko da etena.
b) 9. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat aldi baterako
galduz gero. Ofizioz nahiz erabiltzaileak hala eskatuta abian jarriko da
etena.
c) Ezusteko arrazoiak direla medio erabiltzailea etxean ez badago,
honako egoera hauetan, esaterako:
— Erabiltzailea
erietxean ingresatzea.
— Erabiltzailea
gizarte-osasun baliabideetan sartzea.
— Mediakuarengana
edo/eta tratamendua hartzera joan behar izatea.
— Senitartekoen etxeetan
txandaka bizi izatea.
Etenaldia 3
hilabetekoa izango da, gehienez ere.
Ondorengo egoeretan
gehienez 45 eguneko etenaldia onartuko da:
— Oporraldia.
— Etxeko laguntza
eskatzea eragin zuten egoerak aldatzea eta laguntza behar izateko arrazoia
desagertzea.
Erabiltzaileak
hala eskatuta abian jarriko da etena.
Profesionalen aburuz
egokia izanez gero, luzatu egin ahal izango dira epe horiek.
Zerbitzua eteteko
arrazoia erabiltzailea etxean ez egotea bada eta zerbitzua eteteko
finkatutako epea igarota erabiltzailea etxera itzultzen ez bada, zerbitzua
iraungi egingo da.
21.2. Zerbitzua
iraungitzea.
Dagokion espedientea
bideratu ondoren, organo eskumendunak ebazpena eman eta udaleko gizarte zerbitzuek
hala proposatuta, zerbitzuaren bajak zehaztuko dira, interesdunak esateko
duena entzun eta gero.
Arrazoi hauengatik
iraungiko da etxez etxeko laguntza zerbitzua:
— Erabiltzaileak
uko egitea.
— Zerbitzua
emateko aurreikusitako epea amaitzea.
— Erabiltzailearen
heriotza.
— Erabiltzailea
beste udalerri batera lekualdatzea, senitartekoen etxeetan txandaka bizi
denean izan ezik.
— Erabiltzailea
beste baliabide edo programa batean sartzea.
— Zerbitzua
emateko arrazoia desagertzea.
— Zerbitzua
emateko kontuan hartu beharreko datuak ezkutatzea edo faltsutzea.
— Zerbitzuan sartzeko
eskatutako baldintzaren bat betetzeari uztea.
— Zerbitzuaren
jarraipenerako eskatutako dokumentazioa ez ematea.
— Egoera
sozio-ekonomikoan aldaketaren bat gertatuz gero 30 eguneko epean horren berri
ez ematea.
— Kasuaren arabera
finkatutako aldi baterako etenaren epea amaitutakoan etxebizitzara ez itzultzea.
— Zerbitzua ematen
duten langileei eraso fisiko edo psikologikoa egitea.
— Arautegi honetan
ezarritako erabiltzaileen betebeharrak behin eta berriz huts egitea.
— Bizikidetza
unitateko kideen eta gizarte langintzako teknikarien edo zerbitzua ematen
duten langileen arteko lankidetzarik eza. Arrazoi hau argudiatzeko, aldez
aurreko balioespena egin behar dute gizarte zerbitzuek.
— Erabiltzailearentzat
nahiz zerbitzua ematen duten langileentzat arrisku fisikoak eta/edo
psikikoak egotea. Arrazoi hau argudiatzeko, aldez aurreko balioespena egin
behar dute gizarte zerbitzuek.
Zerbitzua iraungitzeko
ebazpena jaso ondoren erabiltzaileak berriro zerbitzua jaso nahi izanez
gero, beste eskari bat egin beharko du, eta arautegi honetan zehaztutako moduan
izapidetuko da.
Zerbitzua iraungiz
gero erabiltzaileak zerbitzuari dagokion ordainketaren bat egin gabe edukiz
gero, berriro zerbitzua eman aurretik ordaintzea eskatuko zaio.
VI. KAPITULUA. ZERBITZUAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA
22. artikulua. Prezio publikoa.
Zerbitzuaren
enpresa esleipendunak kobratuko dituen prezioak etxez etxeko laguntza zerbitzua
esleitzean zehaztuko dira. Organo eskumendunak urtero eguneratuko ditu
prezioak, hala dagokionean, zerbitzua esleitzeko baldintzetan zehaztutako
igoeren arabera.
Ez zerbitzua
ematen duten langileek, ez enpresa esleipendunak, ezingo dute onartu inolako
dohaintza edo ordainketa gehigarririk, aurreko paragrafoan ezarritakotik
kanpo. Enpresa esleipendunaren ardura izango da baldintza hori betetzen dela
zaintzea.
Aurreko ataletan
ezarritakoari jarraituz erabiltzaileak ordaindu beharreko etxez etxeko zerbitzuaren
prezioa unean-unean horri buruz indarrean dagoen udal arautegiaren arabera
zehaztuko da.
23. artikulua. Finantzaketa.
Zerbitzuak honela
finantzatuko dira:
— Onuradunak zerbitzua
finantzatzen parte hartu beharko du. Hain zuzen ere, bere gain hartu behar du
bere ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta organo eskumendunak emandako ebazpenean
ezarritako zenbatekoari dagokion ekarpena ordaintzeko konpromiso sinatua.
Nahitaezko betebeharra izango da zerbitzua ematen hasteko.
— Errenteriako
udalak ordainduko du orduko prezioaren zenbatekoa, onuradunak ordaindu
beharreko orduko ekarpena kenduta. Onuradunak ordaindu beharreko ekarpena 24.
artikuluaren, I. ranskinean zehaztutako ekarpenen baremoaren eta arlo honi
buruz indarrean dagoen udal arautegiak dioenaren arabera kalkulatuko da.
24. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzailearen ekarpena.
Arautegi honetan
araututako zerbitzuen erabiltzaileek zerbitzuaren kostuaren ehuneko bat
ordaindu beharko dute; ehuneko hori kalkulatzeko, beren ahalmen ekonomikoa
kontuan hartuko da, I. eranskinak eta arlo honi buruz indarrean dagoen udal
arautegiak diotenaren arabera.
Ahalmen ekonomikoari
buruzko datuak faltsutu edo ezkutatuz gero, artxibatu egingo da zerbitzua
jasotzeko eskaria, edo, erabiltzailea aldez aurretik laguntza jasotzen
ari bazen, iraungi egingo da zerbitzua, gertaera horietatik erator litezkeen
erantzukizunen kalterik gabe. Udalak prezioa ordaintzeko laguntzaren bat
edo hobariren bat eman badio erabiltzaileari, diru laguntzak banatzeari
buruzko udal ordenantzan diru laguntzak itzultzeko araututako prozedura
abian jarriko da.
Zerbitzuen erabiltzaileak
eta, hala dagokionean, haien legezko ordezkariak behartuta daude familia
unitatearen errentan, ondarean edo kideen kopuruan gertatutako aldaketak edo
banakako ekarpenak zehaztean eragina izan dezakeen edozein gorabehera udalari
jakinaraztera, 30 eguneko epean. Horren ondoriozko aldaketa ekonomikoek
hurrengo hilabetean izango dute eragina.
Erabiltzaile bakoitzari
dagokion banakako ekarpenak aldatzea eragin lezakeen aldaketaren bat gertatuz
gero erabiltzailearen baldintzetan edo egoeran, ofizioz berrikusiko da
ekarpena, udal zerbitzu teknikoek edo erabiltzaileak nahiz haren ordezkariak
hala eskatuta, horri buruzko udal arautegian ezarritako moduan.
Xedapen iragankorra.
Araudi hau behin
indarrean sartu eta gero jasotzen diren etxez etxeko laguntza zerbitzuko
eskaerei aplikatuko zaie. Aldiz, aurretik jasotako eskaerei 2006ko ekainaren
28an onartutako auraudia aplikatuko zaie.
Xedapen gehigarria.
Etxez Etxeko Laguntza
Zerbitzuaren bidez, erabiltzaileek beren etxe eta ingurune komunitarioan
jarraitzeari begirako esperientzia/jarduera/prestazio berri eta berritzaileak
abian jarri ahal izango dira.
Xedapen
Indargabetzailea.
Indarrik gabe gelditzen
da 2006ko ekainaren 28an (Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean 130 zkia, uztailak 10koa) onartutako udal araudia, hala nola
arautegi honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo haiei kontra egiten
dieten maila bereko nahiz apalagoko arau guztiak.
Amaierako xedapena.
Alkatetzari
ahalmena ematen zaio arautegi hau aplikatu eta garatzeko eman beharreko
arauak eman ditzan.
I. ERANSKINA
EKARPEN
EKONOMIKOAREN BAREMOA
A) Onuradunen ahalmen ekonomikoaren kalkulua:
Honako elementu
hauek balioetsiz kalkulatuko da ahalmen ekonomikoa: errenta, ondarea eta
onuradunen kopurua.
1. Errenta gisa ulertzen da onuradunak edo
onuradunek honako bide hauetatik guztira jasotzen dituzten diru sarrera
garbiak:
— Lanaren etekinak,
barne direla pentsioak eta gizarte aurreikuspeneko prestazioak, edozein
erregimenetakoak direla ere; aldi baterako edo bizi arteko errentak, eta Diru
Sarrerak Bermatzeko Errenta.
— Kapital
higigarriaren nahiz higiezinaren etekinak.
— Enpresa edo
lanbide jardueren etekinak.
Errenta kalkulatzean,
ez dira diru sarrera modura hartuko:
— Etxebizitza
Prestazio Osagarria, PEKen titularrentzako etxebizitzaren osagarria eta
Etxebizitza Legetik erator litezkeen laguntzak.
— Autonomia pertsonala
sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko
legetik eratorritako prestazio ekonomikoak.
— Seme edo alaba
adingabe bat ardurapean edukitzeagatiko Gizarte Segurantzako Institutuaren
prestazio ekonomikoa.
— Lanbide zentro
batean jardutegatik jasotako haborokin ekonomikoak.
— Aurretiko ohiko
etxebizitza batetik alde egin behar izanez gero arkitektura-oztopoengatik edo
salbuespenezko arrazoi batengatik (genero indarkeriaren biktima...), etxebizitza
haren alokairutik jasotakoa, etxebizitza berria alokatzeko edo erosteko
kredituaren gastuei aurre egiteko beharrezko zenbatekoraino (etxebizitza
berriaren gastuaren zenbatekoa gainditzen ez duen partea). Zenbateko baten eta
bestearen artean gaindikinik balego, diru sarrera giza hartuko da.
Diru sarrera
guztietatik, honako hauek kenduko dira:
— Ebazpen judizial
bidezko banantzeagatiko konpentsazio pentsioen edo/eta gurasoen eta
seme-alaben arteko neurriengatikoen ordainketa, halakorik balego; sarrera
horiek kanpo uzteko, dagokien justifikazioa aurkeztu beharko da.
— Etxez etxeko
zerbitzuarekin batera erabiltzaileak beste gizarte zerbitzuetako zerbitzuak
erabiltzen baditu (eguneko zentroa, etxebizitza babestua,...), dirusarrei
kenduko da, zerbitzu hauengatik egiten duen ekarpen kopuru osoa.
2. Ondarea onuradunen kapital higigarri nahiz
higiezin guztia da, eskaria egin aurreko bost urteak kontuan hartuta; kanpoan
geldituko da saldutako kapital higiezina, haren etekin ekonomikoa dagoeneko
kapital higigarrian sartuta egonez gero.
— Kapital higigarritzat
jotzen dira: kontu korronteetako eta epe jakinerako kontuetako gordailuak;
inbertsio funtsak eta pentsio funtsak; balore higigarriak; bizi aseguruak
eta aldi bateko zein biziarteko errentak; arte objektuak, zaharkinak eta bestelako
objektu baliotsuak.
— Kapital higiezintzat
jotzen dira landa eta hiri izaerako ondasunak. Ohiko etxebizitza (garajea
eta trastelekua barne) ez da ondorio hauetarako kapital higiezintzat hartuko.
Era berean, ez da
zenbatuko ondare higiezina, baldin eta haren gaineko titulartasuna % 100ekoa ez bada.
3. Bizikidetza unitatetzat hartuko da ohiko
etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek osatzen dutena.
4. Libreki erabiltzeko kopurua.
Arlo horretan
indarrean dagoen udal arautegiaren arabera zehaztuko da libreki erabiltzeko
kopuruaren zenbatekoa, bizikidetza unitatea osatzen duten pertsonen kopurua
aintzat hartuta, hala dagokionean.
Zerbitzu motaren,
onuradunaren edo onuradunen ondarearen eta haien errentaren arabera, jarraian
adierazitako moduan zenbatuko dira:
— Etxeko laguntza
zerbitzua eta zerbitzu mistoa (etxeko laguntza + laguntza mistoa):
Bizikidetza unitateko kideen araberako kapital higiezina eta higigarria eta
per capita sarrera garbiak.
— Laguntza pertsonaleko
zerbitzua. Onuradunaren kapital higiezina eta higigarria. Ezkontzetan edo
izatezko bikoteetan, bi pertsonen ondarea batu eta zati bi egiten da, eta
zati bat bakarrik hartzen da kontuan.
B) Ezarritako orduko prezioari onuradunek egin beharreko ekarpenaren
kalkulua:
Unean-unean horri
buruz indarrean dagoen udal arautegiaren arabera zehaztuko da erabiltzaileak
arautegi horretan ezarritako gehieneko prezioari egin beharreko ekarpena;
erabiltzailearen ahalmen ekonomikoa hartuko da horretarako kontuan, A)
atalean aurreikusitakoari jarraituz kalkulatua.
Errenterian, 2018ko
azaroaren 15a.—Jaione Karrikiri Garaño, alkateordea. (7622)