URRETXUKO UDALA
Iragarkia
Udalbatzak 2018ko
uztailaren 12an egindako Bilkuran, «Bide publikoaren erabilera eta garbiketa,
eta herriko paisaiaren babesa arautzen dituen Zibismo Ordenantza» onartu
zuen. Jendaurreko erakustaldian inongo alegaziorik edota iradokizunik aurkeztu
ez denez, Ordenantza behin.betikotzat onartu dela ematen da.
Zibismoari buruzko
ordenantza, bide publikoaren erabilera eta garbiketa, eta herriko paisaiaren
babesa arautzen dituena.
ZIOEN AZALPENA
Udalerri bat
eraikin, kale, parke eta plaza multzo hutsa baino gehiago da. Udalerria
herritarrek eurek osatzen dute, batez ere. Horiexek dute, erakundeekin zein
eragile sozial eta ekonomikoekin batera, udalerria eraikitzeko zeregin
kolektiboa, elkarbizitza hobetzeko asmoz, gainera.
Herria egiteko
ardura partekatuak jokabide zibikorako jarraibide batzuk eskatzen ditu,
herritarren askatasunari bide emanda, besteenganako begirunea muga bakarra
dela, hiri eta natur ondarea eta ondasun publikoak zaintzeko zein herritar
elkarbizitza armoniatsua bermatzeko.
Urretxu gizarte
kohesionatuagoko herri garbia, zibikoa eta abegitsua bihurtzeko eta pertsonen
eskubideak errespetatu ez ezik, ondarea, gune publikoak eta herriko paisaia
babesten dituen herria egiteko helburuak urretxuar guztien partaidetza eta
konplizitatea eskatzen dituen herri eredu bat eratzeko asmoa dakar berez.
Zibismoz jokatzea
dugu urretxuarrok Urretxurenganako eta gainerako herritarrenganako
konpromisoa. Gutxiengo baten jokabide hezigabeak denon ondare diren ondasun
eta espazioei kalte egiteaz gain, elkarbizitzari eraso egiten diote,
herritarraren eskubide eta eginbeharrak betetzen dituzten urretxutar gehien
handi batenganako elkartasunik eta begirunerik gabeko jarrera ere erakusten du.
Baina, gainera,
horren ondorioz milaka euro erabili behar izaten dira urtero-urtero garbitze
eta artatze lanetan, dirutza hori beste zerbaitetan erabili beharrean. Gure
herriko gune publikoak eta ondarea errespetatzea jasangarritasuna hobetzea
da, eta bidea ematen du aurrekontua, zentzuz, gauzarik beharrezkoenetarako
erabiltzea, gainerako herritarrekin solidario izatea eta Urretxu denon artean
eraikitzeko proiektuan partaide izatea.
Zeregin horretan,
jokabide hezigabeak isunen bitartez zuzentzea baino garrantzizkoagoa da
ikastetxeek, familiak, herritar mugimenduak eta urretxuar guztiek parte hartzea
paisaia babesteko zein herria eta urretxuar guztion zerbitzuan den ondarea
errespetatzeko eginkizun kolektibo horretan.
Gure herrian, beste
askotan bezala, arazoak izaten ditugu pintadak, graffitiak, kartelak, etxeko
animalien gorotzak, zorura zikinkeria botatzea, kontrolik gabeko
publizitatea, jokabide bandalikoak kalte eragindako hiri altzari eta haur
jolastokiak, zabor edukiontziak gaizki erabiltzea, isurketa ilegalak eta
abar.
Urretxuko Udalak,
herrian elkarbizitza eta zibismo giroa ezartzeko nahian, honako ordenantza
hau prestatu du, eta beste tresna bat izan nahi du Urretxuko herritar guztien
bizi kalitateari kalte egiten dioten jarrera eta jokabide utzikeriazko eta
arduragabeak zuzentzeko.
Horrela, ordenantza
honen bitartez, batez ere, bide eta espazio publikoetan jokatzeko arau
oinarrizko batzuk ezarri nahi ditu, pertsonen askatasuna baimentzeko,
oinarritzat hartuta herriko eta natur ondarea zein bizi garen ingurumena
ahalik eta gehien errespetatzea eta zaintzea.
ATARIKO TITULUA
I. KAPITULUA. XEDAPEN
OROKORRAK
1. artikulua. Helburua.
Honako ordenantza
honek helburu du herritarrek bide publikoan duten jokabidea eta bideen txukuntasuna
zaintzea, bide publikoan izaten diren erabilerak kontuan:
— Bide publikoaren
erabilera arrunta.
— Bide publikoaren
erabilera berezia.
— Bide publikoaren
erabilera pribatiboa.
— Zerbitzu
publikoen euskarri moduan erabiltzea.
— Obra publiko eta
pribatuak egiteko euskarri nahitaezko moduan erabiltzea.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Honako ordenantza
hau Urretxuko udalerri osoan egongo da indarrean.
3.
artikulua. Bide publikoaren erabileraren gaineko printzipio
orokorrak.
1. Herriko
bideak, espazio publikoak, instalazioak −igogailu publikoak barne
hartuta− eta hiri altzariak herritar guztiok erabiltzekoak dira,
ondasun horietako bakoitzaren ezaugarrien arabera, oinarritzat hartuta
banako askatasuna eta beste pertsonenganako begirunea, biak behar bezala
uztartu beharrekoak direla.
2. Bide
publikoan gauzatzen diren jarduerek ezin dezakete mugatu beste herritarren
erabilera eskubidea, erabilera komun berezirako edo pribatiborako lizentzia
edo emakida eduki ezean.
3. Urretxuko
Gobernu Batzarrak erabakiko du bide publikoan zein erabilera eta jarduera
gauzatu daitekeen, baita bateragarri egingo ere, lehentasunak izendatuko
dituela herri onura oinarri.
4. Erabilera
komun orokorrek lehentasuna izango dute beste mota bateko erabileren aldean,
nahiz eta beste horiek bateratzen eta bideragarri egiten ahalegindu, interes
pribatuari eusteko ezinbestekoak badira eta herri onurari kalte handirik sortzen
ez badiote.
4.
artikulua. Erabilitako kontzeptuen terminologia.
Ordenantza honetan
honako kontzeptu eta adiera hauek erabiliko dira:
1. Bide publikoa: Ordenantza
honen ondorioetarako, bide publikotzat jotzen dira kaleak, plazak, zirkulazio
bideak, pasealekuak, etorbideak, espaloiak, parkeak, lorategi aldeak, bide
tunelak eta herritar guztiek erabili beharreko gainerako ondasun publikoak.
Gainera, arau honen xedapenak aplikatuko dira Udalaren gune urbanizatu gabeetan
eta Udalak gestionaturiko gainerako espazio publikoetan.
2. Altzari urbanoak:
Izendapen horrek barne hartzen ditu zuhaitzak, eserlekuak, zakarrontziak,
jolastokiak, iturriak, farolak, seinaleak, zaborrontziak, estatuak,
eskulturak, lore potoak, markesinak eta Udalak bide publikoetan ezarritako
gainerako elementuak.
3. Hondakinak: uztailaren 28ko
22/2011 hondakinen eta lurzoru kutsatuen Legearen arabera, hondakintzat jotzen
da bere edukitzaileak botatzen duen edo botatzeko asmoa edo obligazioa
duen edozein substantzia edo gauza.
Etxe, denda, bulego eta zerbitzuetako
hondakinak eta ezaugarriengatik edo osaeragatik etxeko hondakinen baliokidetzat
jo daitezkeenak, hondakin urbanotzat joko dira.
Etxeko hondakintzat jotzen dira etxeko
jardueraren ondorioz etxebizitzetan bertan sortzen direnak. Etxeko
hondakintzat jotzen dira baita ere zerbitzuetan eta industrietan sortu eta
aurrekoen antzekoak direnak.
Kategoria honetan sartzen dira baita ere
etxeetan sortzen diren hondakinak, esaterako, aparailu elektrikoak eta
elektronikoak, arropa, pilak, metegailuak, altzariak eta etxeko eraikuntzako
eta konponketarako obra txikietatik datozen hondakinak eta zaborrak.
Era berean, etxeko hondakintzat joko dira
bide publikoen, berdeguneen eta jolasguneen garbiketan sortutako hondakinak,
etxeko animalia hilak eta abandonatutako ibilgailuak.
4. Tresna arriskutsuak:
Ordenantza honen arabera, tresna arriskutsutzat joko dira mozteko eta min
egiteko balio dezaketen tresna guztiak, baldin eta beren ezaugarri eta
nolakotasunengatik herritarren osotasun fisikoa murritz badezakete, baita ere
lanbideetan edo kiroletan ohiko diren tresnak, baldin eta eginak izan diren
erabilerarekin bat ez datozen zirkunstantzia berezietan eta noizbehinkakoetan
eramaten badituzte. Zerrenda orientagarri moduan, hona hemen horietako batzuk:
Mailuak, borrak, beisbol bateak, borroka arteetan edo ukipen fisikozko
kiroletan erabiltzen diren tresnak, kateak, metalezko barrak, pioletak eta
abar.
5. Eskaletza: Ordenantza
honi dagokionez, eskaletzatzat jotzen da bide publikoan limosna eskean
jardutea.
6. Establezimendua: Aipatu
ondorioetarako, establezimendutzat jotzen da aurretik udal lizentzia behar
duen jarduera gauzatzeko lokala.
7. Obrak: Halakotzat joko
dira eraitsi, urbanizatu, eraiki, birgaitu eta zaharberritzeko lanak,
betelanak, lubakiak ebakitzea, kanalizazioak prestatzea eta antzekoak.
5. artikulua. Lizentzia eta
baimenak.
1. Udalaren obra lizentzietan
eta ordenantza honek xedatutako baimenetan bermea eratzeko eska liteke,
ondare publikoaren txukuntasun eta apaindurarenganako eginbeharrei erantzuteko.
Berme horren zenbatekoa obraren aurrekontuaren % 2ko portzentaia ezarriz kalkulatuko da.
2. Azkenak beti emango dira
epe jakin baterako eta epea amaitu baino lehengo ere indargabe utz daitezke.
II. KAPITULUA. BIDE
PUBLIKOEN IZENAK ETA ERROTULUAK
6.
artikulua. Bide publikoen izendapena.
Bide publiko bakoitzak
bere izendapena izango du, eta izendapena Urretxuko Udalbatzarrak onartu
beharko du.
7.
artikulua. Bide publikoen errotulazioa.
1. Bide
publikoen errotulazioak zerbitzu publikoaren izaera du, eta plaka, zutoien edo
antzekoren bat erabilita egin ahal izango da, eta bide publiko bakoitzaren
sarreran eta irteeran, gutxienez, kokatuko dira. Plazetan, eraikinik
ikusgarrienean eta sarbide nagusietan jarriko dira errotuluak.
2. Errotuluak
eraikin pribatuetako fatxadetan jar litezke, eta jabeek jartzea ezinbestean
onartu beharko dute.
I. TITULUA
HERRITARREN JOKABIDEA BIDE PUBLIKOAN
I. KAPITULUA. XEDAPEN
OROKORRAK
8.
artikulua. Bide publikorako jokabide arau orokorrak.
1. Herritarrek
eskubidea dute herriko bide eta gune publikoak aske erabiltzeko, eta
askatasun hori errespetatu behar diote. Eskubide hori zibismoz erabili behar
dute, eta mugatzat ditu ondasun publikoen erabileraren gaineko xedapenak eta
beste pertsonak zein ondasun publikoak errespetatu beharra.
2. Inork
ezin du, bide publikoan duen jokabidea dela bide, beste pertsonen eskubideak
edo jarduteko askatasuna gutxietsi, ezta denok onartu ohi dituzten
konbikzioak edo elkarbizitza arauak ofenditu, beraz, jokaera exhibizionistak
galeraziak daude.
3. Ezin
da herritarren atsedenaldia eragozten duen zaratarik sortu, ezta gauez
zarataka jardun edo aisialdi lokaletatik iskanbila sortuta irten ere.
4. Herritarrek
ez dute bide publikoan ekintza abusuzko, nahierarako edo diskriminatzailerik
eta sexistarik egin behar, ezta bortxa fisiko edo moralik dakarrenik ere.
9.
artikulua. Elkartasuna bide publikoan.
1. Udalak
herritarra akuilatuko du bide publikoan elkartasunezko jokabide erakustera,
ibiltzeko edo orientatzeko laguntza behar duen lagunari, istripua
izandakoari edo halako arrisku egokiera bereziren batean dagoenari laguntzeko.
Sustatu egingo du, bestalde, ibiltzerakoan edo altzari urbanoak erabiltzerakoan
pertsona behartuenei lehentasuna ematea, baita elkartasun eta heziera oneko
bestelako jarrerak ere.
2. Ume
edo minusbaliatu galdurik zein arazo fisiko edo psikiko nabarmen bat duen pertsonarik
aurkituz gero, herritarra behartuta egongo da poliziari esatera, haiek ardura
daitezen pertsona hori babesteaz eta zaintzaile arduradunengana eramateaz.
10.
artikulua. Ondasun publikoen erabilera.
Ondasun publikoak
beren ezaugarrien arabera erabili behar dira, behar bezala eta gainerako
herritarren erabilera eskubidea beti ere errespetatuta.
11.
artikulua. Udal agintaritzaren agenteen eta zerbitzuen
jokabidea.
1. Agintaritzaren
agenteek eta udal zerbitzuetako kideek noiznahi tratatuko dituzte herritarrak
kortesiaz eta zuzentasunez, baita laguntza eta babesa eman ere. Jokatzerakoan
beti emango dizkiote herritarrari ekintzen zioen eta helburuen gaineko azalpenak.
2. Agintaritzaren
agenteek aginduak eta jarraibideak eman diezazkiokete herritarrari, ordenantza
honetan jasota dauden xedapenak betetzea bermatzeko asmoz.
3. Agintaritzaren
pertsonen gaineko aginmena erabili behar denean, gertaera larrietan eta 1.
atalaren arabera jokatuta, ezinbestekoak diren ekintzak baino ez dira
erabiliko, eragindako lagunen duintasuna guztiz errespetatuta.
II. KAPITULUA. JOKABIDE
ZIBIKOA
12.
artikulua. Altzari urbanoak eta espazio publikoak babestea.
1. Herritar
guztiek herriko altzari urbanoak ondo erabili behar dituzte, haiek
errespetatuta eta artapen zein erabilera arruntak ez galarazteko moduko
kalterik ez egiteko moduan usatuta.
2. Debekatuta
daude altzari urbanoak zatartu, zikindu edo hondatzen dituzten edo halakoak
sortzeko moduko ekintza guztiak, batez ere honako hauek:
a) Jarlekuak erabilera arruntez bestela erabiltzea, beraz,
galarazita egongo da zapaltzea, kokalekuetatik kentzea, apurtzea, zikintzea
eta, oro har, erabilera edo artapen egoera honda dezakeen edozer.
b) Debekatuta dago haur jolastokiak hondatu edo suntsitzeko moduan
erabiltzea, baita pertsona nagusiek edo joko bakoitzerako adierazitako
adinetik gorako adin txikiek erabiltzea.
c) Debekatuta dago zaborrak, txikleak edo paperak botatzea
zakarrontzietatik kanpo.
d) Galarazita dago zakarrontziak iraultzea edo errotik ateratzea,
baita halakoen funtzionaltasunari eta/edo itxurari kalte egiten diotenak
ere.
e) Debekatuta dago zakarrontzietara eta hondakin urbanoetarako
edukiontzietara tresna edo gauza arriskutsuak botatzea. Hartara, tresna
edo gauza arriskutsutzat joko dira lagunei kalte egin diezaiketenak:
Animaliak, animalien gorpuzkinak, xiringak, estupefazienteak kontsumitzeko
tresnak, gaixotasunak kutsatu edo zabaldu ditzaketen osasun atentzioko
materialak, droga toxikoak, estupefazienteak, produktu kimikoak,
erradioaktiboak, piroteknikoak edo leherkariak.
f) Debekatuta dago edozein objektu edo hondakin solido zein likido
ibaira botatzea.
g) Debekatuta dago iturri publikoetako hodiak, txorrotak eta beste
osagaiak erabilera arruntetik kanpo erabiltzea.
h) Debekatuta dago zuhaitzak, farolak, estatuak, seinaleak eta
herriko bestelako apaingarriak gora igotzeko, kulunkatzeko edo beste
edozertarako erabiltzea, baita halakoak hondatzeko moduko ekintzarik
egitea ere.
i) Debekatuta dago bide publikoan sua piztea edo produktu
piroteknikoak erabiltzea udalaren eta beste administrazio eskudunen baimenik
gabe. San Joan bezperako suek eta antzekoek udal baimena beharko dute.
j) Galarazita dago pertsonentzat edo/eta ingurumenarentzat
kaltegarri izan daitekeen edozein motatako substantzia botatzea iturrietara
edo bide publikora.
13. artikulua. Debeku bereziak.
1. Debekaturik dago bide
publikoan ezein kirol edo aisialdi ekintzetan jardutea baldin eta pertsonei
edo ondasunei kalterik edo eragozpenik egin diezaieketen gauzak edo tresnak
erabiltzen badira, hartarako baimenduriko leku eta ordutegietan izan ezik.
Plazetan berariaz adieraziko da zein lekutan dagoen debekatuta baloi, pilota,
patin, patinete edo antzekoekin jolasean aritzea.
2. Debekaturik dago bide
publikoan petardoak, bengalak edo jaurtikitzeko ezein tresnarik (arkuak,
zerbatanak, tiragomak, etab.) erabiltzea.
3. Galarazita dago
motozikletak eta ziklomotorrak oinezkoen plazetatik zirkulatzea.
14. artikulua. Parke eta lorategi
publikoak.
1. Herritarren betebeharra da
herriko parke eta lorategi publikoak errespetatzea.
2. Parke, lorategi eta lorontzietako
landareak eta bide publikoetako zuhaitzak behar bezala zaintzeko, debekatuta
daude honako hauek:
a) Landareak lapurtzea eta belarra hondatzea.
b) Zuhaitzak moztea, bakantzea (udal baimena izan ezik) edo apurtzea.
c) Zuhaitz azalean grabatzea, iltzeak jostea, eskailerak,
tresnak, aldamio euskarriak, kartelak edo beste ezer jartzea, baita zuhaitzetara
igotzea ere.
d) Aldi baterako baino ez bada ere, obra materialak jartzeaz uhaitzen
kontra edo haien gainera ezein produktu toxiko botatzea.
Baldin eta beste aukerarik ez balego,
obrako materialak pilatu daitezke, aldez aurretik udal baimena lortuta:
material metatua erretiratu eta gero, lehen zegoen egoera berean utzi beharko
da okupatutako espazioa.
e) Berde guneetan zaborrak, hondakinak, harriak, graba edo beste
ezein produktu botatzea baldin eta halakoei kaltea egin badiezaieke edo
estetika eta erabilera onak zapuzten baditu.
f) Gorozkiak uztea belarretan eta lorategietan.
g) Parke eta lorategietan sua piztea.
15. artikulua. Drogak eta edari
alkoholikoak kontsumitzea. Taldean edatea. Armak eta tresna arriskutsuak.
1. Drogak eta edari
alkoholdunak kontsumitzea eta armak edo tresna arriskutsuak eramatea edo
erabiltzea alorrean alorreko indarreko arauen arabera izango da.
2. Udaltzaingoak berehala
dekomisatuko ditu drogak, substantzia sorgorgarriak, psikotropikoak eta
armak zein tresna arriskutsuak.
3. Tabakoaren kontsumoari
dagokionez, erabat galarazita dago udal esparru guztietan erretzea, salbuespen
direla kanpokoak edo erretzaileentzat egokituriko esparruak. Erretzeko
esparru berezirik xedatu ezean, udal egoitzetan ez da erretzerik egongo.
Nolanahi ere, tabakoaren kontsumoari
dagokion guztia, indarrean dagoen legeriak ezartzen duenari lotuta egongo da.
4. Taldean edatea debekaturik
dago baldin eta ekintza horrek herritarrei espazio publikoak erabiltzea
oztopatzen badie.
16.
artikulua. Eskaletzan jardutea.
1. Debekatuta
dago adingabeek udalerrian eskaletzan jardutea, beraz, adinez txikiak
babestearen gaineko indarrean dauden legeen xedapenak bete beharko dira.
2. Debekatuta
dago dirua edo limosna eskatzea modu behartuan, beldurtuta edo hitzez ala
ekintzez gogaitarazita. Gainera, debekaturik dago gauza edo zerbitzuak diru
truk eskaintzea modu behartuan, beldurra eraginez edo jokabide gogaikarria
erabilita.
3. Agintaritzaren
agenteek Udalaren edo beste erakunde batzuetako gizarte zerbitzuen berri
emango diete behar duten pertsonei, behar duten sorospena eta laguntza
eskatu ahal izan dezaten.
4. Udaleko
gizarte zerbitzuek arreta emango diete bere egoeragatik lo egiteko aterpetxerik
ez dutenei, beharrezko informazioa eta sorospena eskainiz beren eskumenen
esparruan.
17.
artikulua. Kalez kaleko salmenta.
Urretxuko
udalerrian kalez kaleko salmenta, 2010eko apirilaren 7ko 62 zenbakia duen
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratutako Kalez kaleko salmentaren Udal Ordenantzak xedatutakoa betez
egingo da.
II. TITULUA
BIDE PUBLIKOAREN TXUKUNTASUNA
I. KAPITULUA. ‑BIDE
PUBLIKOA ERABILERA ARRUNTAREN ONDORIOZ GARBITU BEHARRA
I. ATALA. ‑Bide
publikoa herritarren erabilera ohikoaren ondorioz garbitu beharra
18.
artikulua. Udalaren eginbeharra.
Udal zerbitzuen
ardura da herriko espazio publikoak txukuntasun eta osasun baldintzetan
izatea. Hori dela eta, Udalak behar bezain maiz beteko du zerbitzu publiko
egokia, eta dagozkion jagon eta polizi eskumenak erabiliko ditu.
19.
artikulua. Herritarren eginbehar eta lankidetzak.
1. Herritar
guztiak behartuta daude herria eta, batez ere, gune publikoak txukun edukitzera.
2. Elurrik
eginez gero, hiriko finka publiko zein pribatuen jabeek espaloietako elurra eta
izotza garbitzen lagundu beharko dute fatxadaren besteko luzeran eta, gutxienez,
1,5 metroko zabaleran, espaloia estuagoa ez bada, elurra espaloi ertzean jarrita,
zuhaitzei kalterik egin gabe eta hustubide zein estoldak oztopatu gabe.
3. Udal
zerbitzuak eta udaltzaingoa noiznahi arduratuko dira herritarrei garbitasun
alorreko eginbeharrak behar bezala betearazteaz, haiek eragin duten kaltea
konpontzeko errekerimendua eginez, baita dagokion salaketa jarriaz ere.
20.
artikulua. Debeku bereziak.
1. Debekaturik
dago bide publikoa zikindu dezakeen ezer egitea, eta, batez ere, ondoko hauek
daude galarazita:
— Ibilgailuak bide
publikoan garbitzea.
— Bide publikoan
kaka edo txiza egitea, eta txitua botatzea.
— Hondakin urbanoak
eta zaborrak eskukatzea edo aukeratzea, horiek zabalduz, bilketa oztopatuz
edo ontziak aldatuz.
— Bide publikora
botatzea edo bertan uztea edozein hondakin, zabor edo paper-orritxoak.
— Ibilgailuen eta
makineriaren olioa aldatzea edo/eta kaleak zikindu ditzakeen edozein likido
maneiatzea.
— Bide publikoan
ibilgailuak konpontzea.
2. Paper-orritxoak
botaz gero, udal zerbitzuek banaketak erasandako espazio urbanoa txukunduko
dute, eta arduradunei zerbitzu ohiz kanpoko horien kostua ordaintzeko
eskatuko diete, legeek xedaturiko isunak jartzeaz gain.
3. Lorontziak
eta landareak ureztatzea eta bide publikora edo pertsonen joan-etorria
duten barruko patioetara jotzen duten balkoi, begiratoki edo leihoetan tapizak
astintzea 23:00etatik 09:00ak bitartean bakarrik egingo da. Inori kalterik
edo eragozpenik ez sortzeko moduan jokatuko da bi ekintza mota horiek gauzatzerakoan.
4. Batez
ere debekaturik dago animalien gorpuak lagatzea.
21.
artikulua. Hondakinak non utzi.
1. Udalak
adierazitako tokietan utzi beharko dira hondakinak, zehaztutako moduan eta
ordutegietan.
2. Debekaturik
dago zabor poltsetan eta bide publikoetako edukiontzietan arakatzea eta
haietatik hondakinak hartzea, baita obra hondarrak jasotzekoetatik ere.
22.
artikulua. Nola erabili zakarrontziak.
1. Birziklatu
ezin daitezkeen hondakin solido txikiak, adibidez zigarro-punta itzaliak, txikleak,
e.a, bide publikoan errefuxarako jarrita dauden zakarrontzietara botako dira.
Material
birziklagarriak izanez gero, adibidez paperak, poltsak, bilgarriak eta antzekoak,
bide publikoan gaikako bilketa egiteko jarrita dauden zakarrontzietara edo
edukiontzietara botako dira.
2. Debekaturik
dago zakarrontzietan uztea piztuta dauden hondakin solidoak eta piztuta
dagoen beste edozer gauza. Baita zabor poltsa beteak ere.
II. ATALA. ‑Jarduera
komertzial eta industrialei dagokien garbiketa
23.
artikulua. Ingurua txukuntzea.
Merkataritza edo
industria jardueraren batek inguruetan edo baimenduriko espazioetan, terrazen
kasuan, zikinkeria sortzen badu, establezimenduaren arduradunak eragindako
bide publikoaren zati hori txukundu beharko du, baita emandako lizentziari
aplikatu beharreko araubidearen ondoriozko obligazioak eta zuzentze neurriak
abiarazi ere.
24.
artikulua. Establezimenduak.
Establezimenduak,
erakusleihoak, salmenta guneak eta antzekoak ahalik eta kontu haundienarekin
garbituko dira, bide publikoa ez zikintzeko, eta oinezkoei eragozpenik ez sortzeko
moduko ordutegietan.
Guztiz debekatuta
geratzen da bide publikora eta sareko estolda-zuloetara isurtzea
garbiketaren ondorioz sortutako hondarrak, aipatutako hondar horiek hondakin
gisa kudeatu beharko direlarik.
25.
artikulua. Toldoak eta pertsianak.
Behe solairuetako
lokalen toldoek eta pertsianek txukun egon beharko dute, eta kanpoko itxurak
hala eskatzen duenean, berriez ordezkatuko dira.
26.
artikulua. Errotulu, plaka eta gainerako ezaugarriak.
Bide publikoan
errotulu, plaka eta ezaugarririk jartzeko, udal lizentzia eskatu behar da.
Txukun egon behar dute, baita hondatuak ordezkatu ere.
27.
artikulua. Saltzeko makina automatikoak. Erakustokiak eta
bestelako osagaiak.
1. Debekaturik
dago kontsumo produktuak saltzeko makinak jartzea baldin eta produktuak
zuzenean bide publikoan banatzen badituzte udal baimenik izan gabe.
2. Debekaturik
dago bide publikoa erakustokiekin edo beste ezein instalazio edo elementurekin
okupatzea arauzko udal lizentziarik eduki gabe.
28.
artikulua. Isurtzea.
Solteko generoa edo
ontziratu gabeko edozein material garraiatzen duten ibilgailuak, bide
publikora ezer ez erortzeko moduan kargatuta eta hornituta joango dira.
29.
artikulua. Zamalanak.
1. Edozein
ibilgailu kargatzeko edo deskargatzeko lanetan espaloiak eta errepideak
zikinduz gero, lan horiek amaitu bezain laster egin beharko da garbiketa.
2. Ibilgailuen
jabeek, eta horien ordez, karga edo deskarga egin den establezimenduen edo
finken titularrek izango dute goian aipatutako garbiketa egiteko obligazioa.
III. ATALA. ‑Animaliak
eraman edo edukitzearen ondorioz garbitu beharra
30.
artikulua. Animalienganako tratua. Gorotzak.
1. Jabeek
behar bezala artatu beharko dituzte etxeko animaliak eta debekatuta dude,
bereziki, tratu txarrak eta hauek abandonatzea.
2. Animalia
bat bide publikoan txiza egitera doanean, haren laguntzaileak ahalegina
egingo du txorkoetan edo berdeguneetan egin dezan, eta ez fatxadetan edo
bide zoru gogorretan.
3. Debekaturik
dago txakurrek eta bestelako animaliek gorozkiak uztea haur jolastokietan,
pasealekuetan, lorategietan edo bide publikoaren beste edozein lekutan. Horiek
daramatzaten lagunek galarazi beharko diete bide publikoan gorozkiak uztea.
4. Gorotza
bide publikoan uztea galarazterik izan ez badu, animaliaren jabeak edo
arduradunak berehala jaso beharko du. Hori guztia bete ezean, animaliaren jabea
eta, horren ordez, animaliarekin doan laguna izango da erantzule.
Horietakoren bat agertu ezean, eta udaltzaingoak hala eskatuta, kale
garbiketa zerbitzuak jasoko ditu gorozkiak.
5. Animaliekin
jai ekitaldiak egiten direnean, pertsona edo erakunde antolatzaileek jaso
beharko dute animaliek sortutako zikinkeria, ekintza bukatu bezain laster.
6. Debekatuta
dago animaliak bide publikoan garbitzea (galtzada, espaloiak, pasealekuak,
parkeak, plaza publikoak, berdeguneak, etab, ...).
7. Debekaturik
dago bide publikoan gizakion kontsumorako jarrita dauden iturrietan
animaliek zuzenean edatea.
8. Debekatuta
dago janaria lagatzea bide publikoan, baimena dutenek izan ezik, Udalak
onartutako jarraibideen edo hitzarmenen arabera jardungo baitute.
Baimendutako pertsonek beti pentsu lehorra emango diete jaten animaliei, eta
inoiz ez dute lagako janaririk bide publikoan animaliek nahi eran jan ez
dezaten. Animaliak/ek jan eta gero, baimendutako pertsonek eraman egingo dute
janari sobera.
31.
artikulua. Animaliak eramatea.
1. Animaliek
ez dute lorategi eta parterretara sartzerik, eta behar bezala kontrolaturik,
hartarako berariaz baimenduriko parkeetatik ibil daitezke.
2. Une
oro bete beharko da 1997ko ekainaren 17an 113 zenbakia duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako
animalien jabetza eta babesa arautzen dituen ordenantza.
II.
KAPITULUA. ‑ERABILERA KOMUN BEREZIAREN, PRIBATIBOAREN ETA
EKITALDI PUBLIKOEN ONDORIOZKO GARBIKETA
32.
artikulua. Erabilera bereziak edo pribatiboak eragindako gunea
garbitzea.
1. Erabilera
komun bereziaren eta pribatiboaren ondorioz bide publikoan gertatutako
zikinkeriaren erantzule izango dira hartarako baimendu diren pertsona
fisiko edo juridikoak, edo erabilera horien emakidadunak.
2. Establezimenduen
eta terrazen titularrak, finkoak izan ala ez, esaterako, edaritegiak,
kafetegiak, kioskoak, saltokiak eta antzekoak, behartuta egongo dira
instalazioak eta eragindako gune urbanoa txukuntasun baldintza egokietan zaintzera.
3. Udalak
exijitu ahal izango die halakoek sortzen dituzten hondakinak sailkatuta biltzeko
eta gordetzeko ontzi homologatuak jartzeko, baita ontzi horiek garbitzeko
ere.
4. Asteko
azokan aritzen diren kalez kaleko saltzaileek, salmentak amaitu ondoren, txukun-txukun
utzi beharko dute okupatu duten gunea.
5. Ostalaritzako
establezimenduek erabiltzen dituzten terraza iraunkorren eta denboraldikoen
garbiketa, baita horko altzariena ere, 2009ko urtarrilaren 9ko 11 zenbakia
duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratutako terrazen eta mahaien instalazioa arautzen duen udal ordenantzaren
arabera arautuko da.
33.
artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Jabari
publikoaren espazioetan egindako ekintzen antolatzaile pribatuak izango dira
ekintzan sortzen diren zikinkerien arduradunak.
2. Herriko
garbiketari dagokionez, antolatzaileak behartuta daude ekintza publikoen
tokia, ibilbidea eta ordutegien berri Udalari ematera. Udalak fidantza uztea
eska diezaieke, beti ere sor daitezkeen garbiketa behar bereziak ordaintzeko.
Erabilitako gune publikoa garbitasun egoera onean egonez gero, fidantza itzuli
egingo zaie. Horrela ez bada, ohiz kanpoko garbiketa lanen kostua kenduko zaie
fidantza horretatik.
3. Partaide
ugari elkartzen dituzten ekitaldi publikoetan, eta edaritegiak, txosnak edo
janaria eta edariak kontsumitzeko antzeko instalazioak jarriz gero,
komunak jarriko dira bildutako jende guztiak erabili ahal izateko. Hori ezean,
antolatzaileek komun eramangarri homologatuak jarriko dituzte, udal zerbitzu
teknikoek adierazitako kantitatean eta kokalekuan.
4. Era berean, horrelako
establezimenduak bide publikoan aldi baterako jartzen direnean, gainera,
aplikatu beharreko neurri higieniko-sanitarioak bete beharko dituzte, ur
hartunea eta saneamendu sarerako hustubideak, baita hondakinak gaika bildu ahal
izateko neurriak hartu ere, horren ondoren birziklatu hala izateko moduan.
34. artikulua. Jai ekitaldiak
animaliekin.
1. Animaliekin egiten diren
ekitaldi edo festetan, animaliek sortutako zikinkeria kendu beharko dute antolatzaileek,
ekintza amaitu eta animaliak erretiratu bezain laster.
35. artikulua. Kanpatzea.
1. Ezingo da kanpatu,
kanpadendarik edo kanpatzeko prestaturiko ibilgailurik jarri hartarako
baimenik ez duten gune publiko eta pribatuetan. Bide publikoan ezingo da
janaria prestatu edo aulkiak eta mahaiak zabaldu.
Surik ere ezingo da piztu, hala eskatzen
duten jardueretarako izan ezik, beti ere aldez aurretik udal baimena eskatu eta
lortuta.
2. Agintaritzaren agenteek
errekerimendua egingo diete kanpadenda, ibilgailu edo bide publikoa arauz kanpo
okupatzen duen edozein materialaren jabeei edo erabiltzaileei, ekintza
bertan behera uzteko, dagokion salaketa jartzea ere baztertu gabe. Uko eginez
gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitzerik ez balego, agintaritzaren
agenteek haiek berehala kentzeko baliabideak erabil ditzakete, sortzen
diren gastuak jabeen gain izango direlarik.
III. KAPITULUA. ‑OBREN
ONDORIOZ BIDE PUBLIKOAREN GARBIKETA
36. artikulua. Neurriak hartu
beharra.
1. Jarduera eta obra guztiek
jabea behartzen dute, lizentzien ondoriozko egin beharrak betetzeaz gain,
bide publikoa ez zikintzeko neurriak hartzera; era berean ukitutako zatia
behar besteko maiztasunarekin garbitzea, eta sortzen diren hondakinak
erretiratzea.
2. Alkate jaun/andreak
arduradunari errekerimendua egin diezaioke dagozkion garbiketa lanak egin ditzan.
3. Eraikitzen, birgaitzen,
zaharberritzen edo eraisten ari diren eraikinak direnean, obrako promotorea
izango da obrek eragindako bide publikoaren zatia garbitzeko arduraduna.
37. artikulua. Obra babestea.
1. Zikinkeriarik sor ez dadin,
bide publikoan eragina duten lanak edo obrak egiten dituztenek lantokiaren
inguruko bide publikoa babestu beharko dute inguruan babes elementu egokiak
jarrita, lurrak eta hondakinak zabaldu ez daitezen baimendutako gunetik kanpora.
2. Debekaturik dago obrak mugatzen
ez duen bide publikoan lurra, harea, graba eta bestelako materialak, edo
eusteko, hondeatzeko eta bestelako eraikuntzako gailu mekaniko laguntzaileak
jartzea, Udalak obra lizentzian berariaz baimenik ez badu, eta espazioak
beti egon behar du garbi.
3. Eguneko lan jarduna
amaituta, bide publikoan egindako lubaki, bideratze lan eta bestelako
lantokiak behar bezain babesturik eta seinalez horniturik utzi beharko dira,
istripurik gerta ez dadin, gauez balizatzeko elementuak barne.
38. artikulua. Garbitzeko
plataforma.
1. Obrako eremuan plataforma
bat jartzeko errekerimendua egin dezake Udalak, galtzada zikin dezaketen
ibilgailuetako gurpilak eta beste elementuak garbitzeko bide publikora irten
aurretik.
2. Prebentzio
hori ez betetzeak, isuna ez ezik, Udaltzaingoaren debekua ere ekar dezake,
hain zuzen ere, obrako ibilgailu horiek bide publikora irtetekoa.
39.
artikulua. Hormigoi-kamioiak.
1. Debekaturik
dago hormigoia hormigoi- kamioian eramatea deskarga ahoa estalita ez badoa,
hormigoia bide publikora erortzea galarazteko dispositiborik gabe.
2. Hormigoi-kamioiak
ezin dira garbitu ez bide publikoan, ez hartarako egoki den beste edonon.
3. Aurreko
bi atalak bete ez izanaren erantzukizuna ibilgailuaren jabearena eta
gidariarena izango da, eta haien ordez obra sustatzailea edo zerbitzuz hornitzen
duten jardueraren titularra dira, isuritako hormigoia eta bide publikoa garbitzera
behartuta daudelarik, beti ere dagozkien isunak baztertu gabe.
40.
artikulua. Lurraren eta hondakinen garraioa.
1. Lurra
eta hondakinak garraiatzeko ibilgailuek edukia bide publikora isurtzea
galarazteko baldintzak bete beharko dituzte.
2. Lurraren
eta hondakinen pertsona garraiatzaileek nahitaez garbitu beharko dute
ukitutako bide zatia zikindu bezain laster, baldin eta bide publikoa
zamalanetan edo garraiatzerakoan zikintzen badute.
3. Era
berean behartuta daude, Udal agintaritzak errekerimendua egiten dienean,
baimendu gabeko lekuetara isuritako lurra eta hondakinak erretiratzera,
dagozkien zigorrak baztettu gabe.
41.
artikulua. Obra edukiontziak.
1. Debekaturik
dago bide publikora botatzea edo bertan lagata uztea edozein obra hondakin,
baita hondakin solido urbanoetarako edukiontzietara botatzea ere.
2. Obrako
zaborra eta gainontzeko hondakinak, sortu diren tokitik hurbilen dagoen
garbigune edo baimenduriko zabortegian utziko dira.
3. Beteta
daudenean, obra edukiontziak modu egokian estali beharko dira, material
hondakinak kanpora eror ez daitezen.
4. Gainera,
nahitaez estali beharko dituzte edukiontziak lan ordutegia amaitutakoan.
III. TITULUA
ERAIKINAK KANPOTIK GARBITZEA
I. KAPITULUA. ‑ERAIKIN
PUBLIKO ETA PRIBATUEN KANPOALDEA ETA HERRIKO PAISAIA GARBITZEA
42.
artikulua. Eraikinen kanpoko elementu eta aldeak garbitzea eta
zaintzea.
1. Eraikinen
jabeak eta establezimenduen titularrak behartuta daude halakoak garbitasun
publikoaren baldintza egokietan edukitzera. Fatxadak, errotuluak, tarteko
hormak, sarrerak, sartzeko eskailerak eta, orokorrean, bide publikotik ikus
daitezkeen elementu arkitektoniko eta erantsiak garbitu, zaharberritu edo
iztukatu behar dituzte, fatxada bakoitzarekin egokien datorrena kontuan
izanik, halakoen zikinkeria nabarmena bada edo Udalak hala agintzen badu, beti
ere udal zerbitzuek txostena egin ondoren.
43.
artikulua. Publizitatea.
1. Kanpoko
publizitatea, edozein euskarritan eta dena dela halakoaren helburua edo
ezaugarriak, hartarako berariaz prestaturiko lekuetan baino ezingo da ezarri.
2. Horiek
horrela, Udalaren baimena eduki ezean, debekaturik dago edozein eratako
iragarkiak jartzea eraikin publiko eta pribatuetako fatxadetan, arkupeetan,
markesinetan, herriko altzarietan, zuhaitzetan, murruetan, tuneletan,
lurpeko igarobideetan eta, orokorrean, hartarako bereziki ezarritako lekuetatik
kanpo. Era berean, galarazita dago aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel,
paskin, pankarta edo banderatxoak –politikoak edo bestelakoak–, honako
ordenantza honetako 46.1 artikuluak arauturiko salbuespenak kontuan.
44.
artikulua. Kontrola eta garbiketa, kartelak, pankartak, banderatxoak,
esku-paperak, eranskailuak, grafitiak eta horma-irudiak jartzen direnean.
1. Definizioak:
a) Kartelak: edozein propaganda, iragarki edo erreibindikazio,
ondasun higiezinetan, higigarrietan edo beste egitura batzuetan.
b) Pankartak: neurri handiko propaganda, iragarki eta
erreibindikazioak, ondasun higiezinetan, higigarrietan eta beste egitura batzuetan
zintzilik jartzeko egokiak direnak.
c) Banderatxoak: zintzilikari gisa elementu komun bati lotuta
egon ohi diren publizitate-iragarkiak edo erreibidinkazio-izaera dutenak; kasu
gehienetan, eraikinaren zatietan edo hiri-altzarietan bermatu ohi da elementu
hori.
d) Panfletoak edo esku-paperak: bide publikoan herritarrei ematen
zaizkien paper zatiak edo antzeko materialak, edo edozein manifestazio
publiko edo pribatutan zabaltzen direnak.
e) Eranskailuak: aurpegietako batean material itsaskorra duten
inprimakiak, zuzenean beste edozein elementu solidoren gainean aplika
daitezkeenak.
f) Pintadak eta grafitiak: bide publikoan, zoladura gainean nahiz
eraikinen horma eta pareta gainean, egiturazko edozein elementutan edo hiri-altzarien
gainean eskuz edo bestela egindako inskripzioak. Horien barruan sartzen dira
hiri-altzarietan eta oro har bide publikoetan kristalak marratzeko ekintzak
ere.
Eremu publiko eta
pribatuei eragiten die kartelak, pankartak, banderatxoak, panfleto edo
esku-paperak, eranskailuak, pintadak eta horma-irudiak jarri edo egiteari
buruzko guztiak.
Eremu pribatuetan,
udal-jarduerak kasu batzuetara mugatu dira, zehazki, pertsonen edo
kolektiboen funtsezko eskubideak iraintzen dituzten edo horiek errespetatzen
ez dituzten kasuetara. Dagokion txosten teknikoaren arabera balioetsiko dira
irizpide horiek, eta gaiari dagokion sail teknikoak egingo du txostena.
2. Kartelak:
Udalak, udalerri osoan, leku batzuk egokitu eta izendatuko ditu kartelak jartzeko
(I. eranskina: Egokitutako guneak, apurka-apurka hedatzen joango direnak).
Kartelak xede
horretarako egokitutako leketan aurretik eskaria egin beharrik gabe jarri ahal
izango dira.
Kartelak xede
horretarako prestatutako lekuetatik kanpo jarri nahi badira, udalaren baimena
beharko da; dena den, zerbitzuen funtzionamenduari buruzko administrazio
publikoaren kartelak jarri ahal izango dira (oharrak, bandoak, abisuak).
Kartelak leku
horietatik kanpo jartzeko, honako kasu hauetan emango da baimena:
— Entzute handiko
kultura-, arte- edo kirol-ekitaldietan, kontzertuetan, ikuskizunetan,
erakusketetan.
— Salbuespenez,
baimena eman daiteke kartelak lehen aipatu ez diren beste kasu batzuetan jartzeko.
Edozein kartelek
irizpide hauek errespetatu beharko ditu:
— Ez du izango
iraingarria izan daitekeen ezer, eta errespetu osoz jokatuko du pertsonen eta
kolektiboen oinarrizko eskubideekin. Dagokion txosten teknikoaren arabera
balioetsiko dira irizpide horiek, eta gaiari dagokion sail teknikoak egingo
du txostena.
— Kartelak zinta
itsasgarriz jarriko dira, inoiz ez kolarekin.
— Ezin izango da
kartelik jarri beste batzuen gainean, baldin eta kartel horiek oraindik
indarrean badaude.
— Debekatuta dago
kartelak urratzea, zikintzea edo kentzea, horretarako egokituta dauden leku
baimenduetan.
— Egokitutako panel
edo leku bakoitzean, publizitate-kartelek ez dute hartu behar panelaren
azalera osoaren % 25
baino gehiago.
Horietako
irizpideetako bat ez dela errespetatzen jabetzen bada udala, kartela/k kendu
ahal izango du/ditu.
Baimendu gabeko
lekuetan kartelak jartzeko baimena eskatzen denean, honako hauek jaso
beharko ditu eskaerak:
— Kartelak jartzea
sustatu duten pertsona fisikoen edo juridikoen identifikazio-datuak.
— Kartelaren edukia
eta neurria.
— Non jarriko diren;
eta, jabetza pribatuko tokiren batean jarriz gero, jabearen baimena.
— Zenbat denbora
egongo diren jarrita.
— Kartelak kentzeko
eta, kalterik eraginez gero, kalte horiek konpontzeko konpromisoa.
Kartelak xede
horretarako egokitutako lekuetan jartzen badira, udalak kenduko ditu
aldian-aldian kartelak, egoki iruditzen zaion maiztasunarekin; zer
maiztasunekin kenduko diren argi adieraziko da panelean edo xede horretarako
egokitutako lekuan.
Kartelak xede
horretarako egokitutako lekuetatik kanpo jarriz gero, emandako epea amaitu
bezain pronto kenduko dira kartelak. Sustatzaile den pertsona fisikoak edo
juridikoak horrelakorik egiten ez badu, udal-zerbitzuek kenduko dituzte, eta
kostuak arduradunari egotziko zaizkio; horrez gain, dagozkion zigorrak ere
jarri ahal izango zaizkio.
Horrelaxe jokatuko
da kartelak ezartzeko baimenik eman ez denean edota baimenduta dagoena betetzen
ez denean ere.
Artikulu honetan eta
hurrengoetan jasotzen diren aurreikuspenak aplikagarriak zaizkie Urretxuko
Udalari berari eta gainerako erakunde eta instituzio publikoei ere.
3. Pankartak:
udalak leku batzuk egokitu eta izendatuko ditu udalerri osoan pankartak jartzeko
(II. eranskina: Egokitutako guneak).
Bai xede horretarako
egokitutako tokietan eta bai baimena jaso dezaketen gainerakoetan pankartak jartzeko,
udal-baimena beharko da nahitaez.
Udalak ahalmena
izango du leku egokituetan aurrez ipinita dauden pankartak ipini gerora baimentzeko.
Pankarta jarri den unetik hiru egun naturaleko epean eskatu beharko da baimena,
gehienez ere.
Pankarta ezartzeko
baimena lortzeko, egokitutako lekuetan pankartak jartzeko zehaztutako
irizpideak bete beharko ditu, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.
Pankartak jartzeko
baimena honako kasu hauetan emango da:
— Kultura-, arte-
edo kirol-ekitaldietan, kontzertuetan, ikuskizunetan eta erakusketetan.
—
Hauteskunde-kanpainetan.
— Salbuespenez,
baimena eman daiteke bide publikoan pankartak jartzeko, lehen aipatu ez
diren beste kasu batzuetan.
Edozein pankartak
irizpide hauek errespetatu beharko ditu:
— Ez du izango
iraingarria izan daitekeen ezer, eta errespetu osoz jokatuko du pertsonen eta
kolektiboen oinarrizko eskubideekin. Dagokion txosten teknikoaren arabera
balioetsiko dira irizpide horiek, eta gaiari dagokion sail teknikoak egingo
du txostena.
— Debekatuta egongo
da pankartak kaleargi eta zuhaitzetara lotzea.
— Lotzeko
elementuek ez dute inola ere kaltetuko lotzeko erabiliko den objektua.
— Debekatuta dago
pankartak urratzea, zikintzea edo kentzea, horretarako egokituta dauden
leku baimenduetan.
— Pankartek azalera
bat izango dute zulatuta, haizearen eragina gutxitzeko nahikoa, eta, kasu
guztietan, zulatutako azalera hori ez da izango pankartaren % 25 baino txikiagoa.
— Pankartak bide
publikoa zeharkatzen badu, gutxieneko altura 4,5 metro izango da.
Horietako
irizpideetako bat/batzuk ez dela/direla errespetatzen jabetzen bada udala,
pankarta/k kendu ahal izango du/ditu.
Pankartak jartzeko
baimena eskatzen denean, honako hauek jaso beharko ditu eskaerak:
— Pankarta jartzea
sustatu duten pertsona fisikoen edo juridikoen identifikazio-datuak.
— Pankartaren xedea
eta tamaina.
— Pankarta jarriko
den tokiaren kokapena, eta, jabetza pribatua bada, jabearen baimena.
— Lotura motaren
definizioa, altuera, etab.
— Zenbat denbora
egongo diren jarrita.
Egokitutako tokietan
nahiz egokitu gabekoetan, pankarta jartzea sustatu duen pertsona fisikoa
edo juridikoa arduratuko da berori kentzeaz. Horrelakorik egiten ez badu,
udal-zerbitzuek kenduko dituzte, eta kostuak arduradunari egotziko zaizkio;
horrez gain, dagozkion zigorrak ere jarri ahal izango zaizkio.
Horrelaxe jokatuko
da pankartak baimenik gabe jartzen direnean edota baimenduta dagoena betetzen
ez denean ere.
Artikulu honetan eta
hurrengoetan jasotzen diren aurreikuspenak aplikagarriak zaizkie Urretxuko
Udalari berari eta gainerako erakunde eta instituzio publikoei ere.
4. Banderatxoak:
banderatxoak jartzeko, udal-baimena behar da.
Banderatxoak jartzeko
baimena eskatzen denean, honako hauek jaso beharko ditu eskaerak:
— Banderatxoak jartzea
sustatu duten pertsona fisikoen edo juridikoen identifikazio-datuak.
— Banderatxoen
xedea eta tamaina.
— Banderatxoak
jarriko diren tokiaren kokapena, eta, jabetza pribatua bada, jabearen baimena.
— Lotura motaren
definizioa, altuera, etab.
— Zenbat denbora
egongo diren jarrita.
Banderatxoak jartzea
sustatu duen pertsona fisikoa edo juridikoa arduratuko da beroriek kentzeaz,
baimenean adierazitako epea amaitu ondoren.
5. Esku-paperak:
Ez dago baimenduta esku-paperak, testu inprimatuak edo antzeko materialak
zabaltzea edo botatzea kalean, edo ibilgailuetan jartzea.
«Eskuz esku» baino
ezin izango dira banatu esku-paperak.
6. Eranskailuak:
debekatuta dago eranskailuak jartzea ondasun higiezinetan edo udal-altzari
orotan.
7. Pintadak
eta grafitiak: Debekatuta dago pintadak eta grafitiak egitea, bai bide
publikoan eta bai eraikin publikoen edo partikularren fatxadetan, hiri-altzarietan,
zuhaitzetan, estatuetan, monumentuetan eta, oro har, udalerriko edozein
kanpo-elementuren gainean.
Udalak pintadak edo
grafitiak garbitzeko lanak egin ahal izango ditu ondasun higiezinetan, bere
antolamenduaren eta programazioaren arabera, udalerria garbi gordetzeko eta
behar bezala apainduta izateko; edo ondasun higiezinen jabeek edo herritarrek
eskatuta ere joka dezake horrela.
Garbiketa horren
ondorioz ondasun higiezinak kalteren bat izanez gero, udala salbuetsita dago
erantzukizun guztietatik, betiere, lanak ondo gainbegiratuta eta udal-zerbitzuek
horretarako dituzten baliabideak erabiliz egin badira.
Eraikin publiko
batean, edozein jabetza publikotan edo hiri-altzarien elementu batean
pintadak edo grafitiak egin direnean, edota paperak edo kartelak ezarri edo
itsatsi direnean, horien kristalak urratu direnean edo berori hondatu duen
beste ekintzaren bat jasan duenean, ardura hartu duen enpresari edo pertsonari
egotz diezaioke udalak garbiketako edo berriro egokitzeko fakturen kostua;
horrez gain, zigorra ere jaso dezake.
8. Horma-irudiak:
horma-irudi artistikoak margotzeko, udalaren baimena beharko da. Orubeen
hesietan, obren itxituretan, hormetan, mehelinetan edo antzekoen gainean
marraztu daitezke.
Horma-irudiak
egiteko baimen-eskarian, honako hauek jaso behar dira:
— Horma-irudiak
sustatu dituzten pertsona fisikoen edo juridikoen identifikazio-datuak.
— Zirriborroa eta
horma-irudiren tamaina.
— Egin nahi diren
tokiaren kokapena, eta, jabetza pribatua bada, jabearen baimena.
— Adierazpen
artistiko libreko espazioen garbiketa aldirokoa izango da, eta eremu horretan
bertan adieraziko du aldirokotasuna; horrez gain, udalak hura garbitu ahal
izango du adierazpen artistiko errespetu gabeak sumatzean edo pertsona eta
kolektiboen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direnean. Dagokion txosten
teknikoaren arabera balioetsiko dira irizpide horiek, eta gaiari dagokion
sail teknikoak egingo du txostena.
45.
artikulua. Eraikin bereziak.
1. Eraikin
katalogatuetan, historiko-artistikoetan eta esanguratsuetan ez da inolako
publizitaterik onartuko, eta ezingo da kartelik, banderatxorik edo
errotulurik erakutsi; salbuespen izango direla eraikinaren ezaugarrien berri
ematekoak, eraikineko jardueren berri ematekoak edo zaharberritzeko edo
birgaitzeko lanen berri ematekoak.
II. KAPITULUA. URBANIZAZIOAK
ETA ORUBEAK GARBITZEA
46.
artikulua. Espazio pribatuak garbitzea.
1. Urbanizazio
pribatuetako espaloi, igarobide, galtzada, plaza eta lorategiak garbitu
beharra jabeena da.
2. Jabea
barruko patioak, orubeak eta abarrak garbitzera behartuta daude.
3. Udalak
elementu pribatu horien guztien garbitasun egoera kontrolatuko eta ikuskatuko
du, eta arduradunei haiek garbitzeko eskatuko die, hartarako udal zerbitzuek
emandako jarraibideen arabera.
4. Merkataritza
lokalen jabeek fatxadak egokitu beharko dituzte eraikinaren apaindura,
zainketa eta ezaugarrien arabera, indarrean dagoen araudiak gai horretaz
xedatutakoen arabera.
47.
artikulua. Orube eta lursail pribatuak.
1. Orube
eta lursailen jabeek hondakinik eta zaborrik gabe edukiko dituzte, osasun,
higiene, segurtasun eta apaindura publikoaren baldintza egokietan. Gainera,
enpresa baimendu bidez karraskariak eta intsektuak hiltzeko tratamenduak
aplikatuko dizkiete.
2. artikulu honetako
lehen paragrafoan xedaturiko egoera gertatzen ez bada edo era nabarmenean
jabeak egon ezean, Udalak halakoaren ordez ekingo dio, legezko mugakizunen
arabera, neurri egokiak hartzeari, aurreko paragrafoan adierazitako helburuak
lortzeko sail hartara sartzea ere izango duela, jabeari leporatuko dizkiola
hala jokatu beharrak eragindako gastuak.
3. Edozein
hirigintza-jarduketa marko baten barruan aurkitzen diren aurri-egoerako
eraikinek hormaz hesituta egon beharko dute, hain zuzen ere hangoak ez diren
pertsonei sarbidea galarazteko.
IV. TITULUA
ZIGORRAK
I. ATALA. Arau
hausteak
48.
artikulua. Arauak haustea.
1. Administrazio
lege haustea izango da Ordenantza honetako xedapenak eta ezartzen dituen
debekuak haustea.
2. Ordenantza
honek xedatutakoak hautsiz gero, Urretxuko Gobernu Batzarrak ezarri
beharko ditu zigorrak honako Titulu honetan arauturikoaren arabera, legeek
baimendurikoaren eta egoeren arabera izan daitezkeen erantzukizun zibil eta
zigor bidezkoak ere kontuan.
49.
artikulua. Lege hauste motak.
1. Arau
hausteak arinak, larriak eta larri-larriak izan daitezke, kontuan izanik asmoa,
jokabidearen zibismo eza, utzikeri maila, pertsonen osasunerako eta
segurtasunerako arriskua, eragindako kaltearen larritasuna eta lehenengo aldia
ez izatea.
2. Horiek
horrela, lehenengo aldia ez dela iritziko diote aurreko hamabi hilabeteotan
zigorrik jaso badu zio bera dela bitarte behin edo gehiagotan.
3. Arau
hauste arintzat joko dira artikulu hauek haustea: 8.3., 12.2. (a, b eta c
salbu), 13, 14.2. (b, d eta e salbu), 17, 20.1.º, 21.2.º, 22.2.º, 23, 26, 27,
29, 30, 31.1.º, 32, 33, 34, 35, eta 38.
4. Urratze
larritzat joko da artikulu hauek haustea: 14.2. d) (obra materialak pilatzea
soilik), 14.2. e), 36, 37, 38, 39, 40, 41.3.º, 41.4.º, 43.2, 45, 46 y 47.
Arau-hauste larritzat
joko da ordenantza honetako xedapenak bete beharraren inguruan Agintaritzaren
agenteek emandako agindua ez betetzea, betiere arau-haustea zigor kodean
jasotakoetakoak ez bada. Gainera, arau-hauste arina berriro egitea hauste larritzat
joko da.
5. Urratze
larri-larritzat hartuko da artikulu hauek haustea: 14.2. b), 14.2. d)
(produktu toxikoak isurtzea soilik), 20.4., 41.1 eta 44.
Gainera, hauste
larria berriro egitea hauste larritzat joko da.
50.
artikulua. Zigorrak.
1. Arau
hauste arinek 50 eta 200 euro bitarteko isuna jasoko dute, larriek 201 eta 500
bitartekoa eta larri-larriek 501 eta 3.000 bitartekoa.
Zenbateko horiek
aplikatuko dira sektorean sektoreko arauek xedatzen dituztenez gain.
2. Aurreko
artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honekin bat etorriz, ordenantza hau
betetzen ez duten kasuetarako, zigor gisa inolako kantitaterik zehaztuta ez
badago, 50 eta 200 euro arteko isuna izango dute.
3. Ezar
litezkeen isunez zain, jabari publikoko ondasunei egindako kalteak eta
eragindako ondorio txarrak ere ordaindu egin beharko dituzte, hori guztia
udaleko zerbitzu eskudunek kalteen zenbatekoa ebaluatu ondoren. Kalte eta
galera horien zenbatekoa nahitaez bete behar moduan xedatuko du zigorra ezartzeko
eskumena duen organoak.
4. Arau
hauste larri eta larri-larrietan behin eta berriro eroriz gero, arau hausleari
desgaikuntza aitor lekioke udal baimen eta emakiden onuradun izateko,
urtebetetik hiru urtera bitarteako epe barruan.
5. Ordenantza
honi dagozkion arau hausteak egiteko erabili izan diren tresnak, salgaiak eta
materiala nahiz haustearen ondorioak bahitzeko eskumena du Udaltzaingoak,
indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera.
51.
artikulua. Borondatezko lana isunaren ordez.
1. Isun
ekonomikoen ordez, beste aukera hauek ere erabil litezke: Kaltea konpontzea
eta borondatezko lana egitea.
2. Arau
hausleak eragindako kalte materiala bere borondatez eta zigor espedienteari
hasiera eman aurretik konpondu baldin badu, aurretiazko informazio aldian
eskaera egin dezake espedienteari ez ekiteko, beti ere Udala jakitun ez badago
arau hausleak behin eta berriro gizabidearen aurkako jokabidea izaten duela.
3. Arau
hauste baten ondorioz gainontzeko herritarrei eragindako kalteak ahal den
neurrian konpontzeko, arau hausleak eskaera egin dezake, isunaren ordez
gainerako herritarrentzat onurako eta borondatezko lanak egiteko konpromisoa
hartuz, dela jokabide zibikoak sorraraztekoak, dela antzeko ekintzek
eragindako kalteak konpontzekoak. Lanak borondatezkoak izango direnez gero,
ez dira zigortzat hartuko.
II. ATALA. Erantzuleak
52.
artikulua. Erantzuleak.
1. Ekintza
publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izango da erantzule.
2. Adin
txikiko batek ordenantza honen xedapenak hausten baditu, erantzule izango
dira gurasoak edo adin txikikoa zaintzen duten nagusiak.
3. Sustatzaileak
eta kontratistak, biok-biotara, izango dute obrek bide publikoan eragindako
zikinkeria kentzeko erantzukizuna, baita ibilgailuek zamalanetan edo obra
sarrera-irteeretan sortutakoarena ere.
4. Ibilgailuaren
jabea eta gidaria 28. eta 39.1. artikuluetan jasotako hausteen erantzule
izango dira.
5. Animalien
jabeak edo horien eramaileak izango dira animaliak sortzen dituen kalte, pertsonen
eta gauzen gaineko afekzioen eta zikinkeriaren erantzule.
6. Kanpoko
publizitateari dagokionez, erantzule iragarlea gertatuko da.
7. Gainerako
baldintzetan erantzule izango da ordenantza honetan xedaturikoa hausten
duen lagunak berak.
III. ATALA. Kaltea
konpontzea eta berriro ere garbi uztea.
53.
artikulua. Kalteak konpontzea.
1. Hausleek
sortutako kalteak beti konpondu beharko dituzte erantzuleek.
2. Arauzko
zigor espedientea abiarazi aurretik, Udalak behar beste ekintza egin ahal
izango du gauzak arau haustea gertatu baino lehen zeuden moduan uzteko, betiere
olbigazioa duen pertsonaren kontura, eta gainera dagozkion zigorrak baztertu
gabe.
3. Udaltzaingoak
aginduko du ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintzak bertan bertara
geldiarazteko, eta galarazi egin beharko du agindua betetzen ez dutenek bere
horretan jarraitzea, dagokion zigorra jartzea baztertu gabe.
IV. ATALA. Prozedura
54.
artikulua. Zigor prozedura.
1. Isunak
ezarriko dira legezko jardunbidea edo gai horren gaineko zigor ahalmena erabiltzeko
araudiek ezarritakoa erabilita.
2. Zigor
prozedurari hasiera emateko eskumena duen organoak jakiten duenean ekintza
horiek administrazio arau haustea ez ezik, zigor kodeko haustea ere izan
litezkeela, auzitegiko organo eskudunari jakinaraziko dio, eta hasitako zigor
prozedura bertan behera utziko du, auzitegi agintariak ebatzi bitartean.
Zigor prozedura
bertan behera geldirik dagoen bitartean, haustea eta prozedura bera iraungitzeko
epeak ere bertan behera geldituta daudela ulertuko da.
Azken xedapena.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta
handik hamabost egunera hartuko du indarra ordenantza honek.
Urretxu, 2018ko
urriaren 9a.—Jon Luqui Albisua, alkatea.
(6841)
I. ERANSKINA
Kartel guneak
Labeaga 33, Kafe 33
parean.
Areizaga plazako
eszenatoki alboan.
Gernikako Arbola 1,
Areizaga kantoian.
Gernika plazako
igogailu ondoan.
Nekolalde 1 alboan.
Labeaga 9 alboan.
Labeaga 14 alboan.
Labeaga 72 alboan.
Labeaga 22.
Lizeo pareko zubi
ondoan.
II. ERANSKINA
Pankarta guneak
Areizaga - Laboral
Kutxa parean.
Gernikako arbola
plaza - estanko gaineko terraza.
Iparragirre 1 -
optika parean.
Ipeñarrieta 1 -
zubian.
Ipeñarrieta 32 -
bidegorri sarreran.
Mugitegi industrialdea
- Ipeñarrieta 32 sarrera parean.