GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
32/2017 Foru Dekretua,
abenduaren 27koa, zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen
erregelamendua aldatzen duena.
Foru dekretu honek
aldaketak sartzen ditu zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen
Erregelamenduan, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onartutakoan.
Segurtasun
juridikoak, zerga iruzurraren aurkako borrokak, eta Administrazioak tributuak
aplikatzean izan beharreko eraginkortasunak komenigarri egiten dute
erregelamenduaren erregulazioan zenbait aldaketa eta doikuntza egitea, haren
aplikazioa hobetzeko.
Jarraian,
aldaketarik esanguratsuenak aipatzen dira:
— Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorrari informazio obligazio berri bat ezartzen
zaio, 2018rako, Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri-Finken Errentamendu Kontratuen
Erregistroan jasotako datuei buruz eta fidantzen gordailuari buruz.
— Orobat, ezartzen
da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, udalek eta haien mende
dauden gainerako ente publikoek informazio obligazio bat izango dutela,
2017rako, hiri-finken errentamenduei dagokienez, errentamendu horietan
esku-hartzen dutenean.
— Azkenik, ezartzen
da zergapekoak bere jarduerak egiteko erabiltzen duen helbide elektronikoa
enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan nahitaez adierazi
beharreko datua izango dela.
Aldaketa horietaz
gain, izaera teknikoko beste batzuk sartzen dira, hainbat arauditara egiten
diren igorpenak egokitzeko.
Horiek horrela,
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Lege
Aholkularitzako Batzordeari entzun ondoren, eta Diputatuen Kontseiluak
gaurko bileran eztabaidatu eta onarturik, hau
XEDATZEN DUT
Artikulu bakarra. Zerga
betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen erregelamendua, abenduaren 17ko
47/2013 Foru Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.
Aldaketa hauek
sartzen dira zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen
erregelamenduan, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onartutakoan:
Bat. 3. artikuluko
azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Enpresaburu,
profesional eta atxikitzaileen erroldan jasotako datuetatik abiatuta,
Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren
119., 120. eta 121. artikuluetan aipatzen den entitateen aurkibidea eramango
du Ogasun eta Finantza Departamentuak.»
Bi. 5. artikuluaren 2.
apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Abenduaren
10eko 16/2014 Foru Arauak, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarenak, 6.
artikuluan xedatutakoari jarraituz Espainian egoiliar ez diren pertsonak edo
entitateak, baldin eta Gipuzkoan establezimendu iraunkor bidez jarduten badira
edo lurralde horretan atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako errentak
ordaintzen badituzte, eta, orobat, aipatutako foru arauaren 5. artikuluko c)
letran aipatutako entitateak.»
Hiru. 9. artikuluko 1.
apartatua honela geratzen da idatzita:
«1. Aldi
baterako enpresa elkarteen erregistro berezia Sozietateen gaineko Zergari
buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluaren III. kapituluan
jasotako araubide berezia aplikatzea aukeratzen duten aldi baterako enpresa
elkarteek osatuko dute, hain zuzen ere, enpresen elkarte eta aldi baterako
batasunen eta eskualdeko industria garapenerako sozietateen zerga araubideari
buruzko maiatzaren 26ko 18/1982 Legeak III. tituluan aipatutakoek.
Erregistroa arautzeko, aplikagarriak izango dira aipatutako legea eta foru
araua, artikulu hau berau, eta haietan xedatuta ez dagoen guztian, betebehar
zentsalei dagokienez erregelamendu honetan ezarritako xedapenak.»
Lau. 11. artikuluko c)
letra honela geratzen da idatzita:
«c) Telefono
zenbakia, helbide elektronikoa, eta, izanez gero, jarduerak egiteko erabiltzen
duen Interneteko domeinu-izena edo helbidea.»
Bost. 14. artikuluko 2.
eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«2. Pertsona
edo entitate ez-egoiliar batek establezimendu iraunkor bat edo gehiago
erabiltzen badu lurralde espainiarrean jarduteko, Ez-egoiliarren Errentaren
gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 17ko 11/2016 Foru Dekretuak
2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta establezimendu horiek egiten
dituzten jarduerak argi eta garbi desberdindu badaitezke eta aparte kudeatzen
badira, establezimendu bakoitza banaka inskribatu beharko da Enpresaburu,
Profesional eta Atxikitzaileen Erroldan, pertsona edo entitate
egoiliarrentzat ezarritako datu berdinekin eta baldintza berdinetan. Gainera,
establezimendu bakoitzak identifikatu behar du zer pertsona edo entitate
ez-egoiliarren mende dagoen, eta hari buruzko datuak ere jakinarazi behar ditu,
aurreko apartatuan aipatutakoak.
Establezimendu
iraunkor bakoitza izendapen espezifiko batekin identifikatuko da, eta
ezinbestekoa izango da identifikazio horretan datu hauek agertzea beti: nagusi
duen pertsona edo entitate ez-egoiliarra, identifikazio fiskaleko zenbaki
propio bat, azken horri esleitutakoarekiko independente izan behar duena, eta
establezimendu iraunkorra kokatuta dagoen ondasun higiezinaren erreferentzia
katastrala eta finka zenbakia.
Era berean, zehaztu
beharko da zer modutan zehazten den Espainian eratutako establezimendu iraunkor
bakoitzaren zerga oinarria, abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak,
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarenak, 18. artikuluan xedatutakoarekin
bat.»
«4. Errentak
esleitzen dituzten entitateen kasuan, horiek lurralde espainiarrean badaude
abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko
Zergarenak, 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, Enpresaburu, Profesional eta
Atxikitzaileen erroldan jaso beharko dira entitateko kide edo partaide
bakoitzaren izen-abizenak edo sozietate izen osoa, identifikazio fiskaleko
zenbakia, zerga helbidea eta herritartasuna, haien partaidetza kuota eta
egozpen portzentajea ere adierazita.»
Sei. 15. artikuluaren
3. apartatuko n) letra honela geratzen da idatzita:
«n) Establezimendu
iraunkorrentzat aurreikusita dagoen araubide orokorra aplikatzea
aukeratzeko, abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak, Ez-egoiliarren Errentaren
gaineko Zergarenak, 18.5.b) artikuluan ezartzen dituen baldintzetan, establezimendu
horiek Gipuzkoan egiten duten jarduera honako hauetako bat denean: 6
hilabetetik gora irauten duten eraikuntza, instalazio edo muntaketa lanak,
denboraldiko edo sasoiko jarduera edo ustiaketa ekonomikoak, edo natur
baliabideen miaketa lanak.»
Zazpi. 16. artikuluaren
2. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Pertsona
juridikoek eta gainerako entitateek, eta, orobat, Enpresaburu, Profesional eta
Atxikitzaileen Erroldan sartutako pertsona fisikoek, zerga helbidearen
aldaketa jakinarazteko, Zergen Foru Arau Orokorraren 48. artikuluan jasotakoaren
arabera.»
Zortzi. 25.c
artikuluaren a») letra honela geratzen da idatzita:
«a») Lurralde
espainiarrean establezimendu iraunkor bidez jardunez gero, haien zerga helbidea
Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dagoenean, Ez-egoiliarren Errentaren
gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 11. artikuluan
jasotakoaren arabera.»
Bederatzi. 48.
artikuluaren 2. apartatuko hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Orobat, inbertsio
erakunde espainiarren akzio edo partaidetzak mugaz haraindi merkaturatzen
diren kasuan, informazioa emateko betebeharra akzio edo partaidetza horien titular
gisa hirugarrengo ez-egoiliarren kontura ageri den atzerriko entitate
merkaturatzaileak izango du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ez-egoiliarren
Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 17ko
11/2016 Foru Dekretuak lehen xedapen gehigarriaren 1. apartatuan
ezarritakoarekin bat. Hori guztia kudeatzaileak edo inbertsio sozietateak
zerga Administrazioaren aurrean duen erantzukizunaren kaltetan izan gabe
egingo da, aipatutako xedapen gehigarriaren 2. apartatuan xedatutakoari
jarraituz.»
Hamar. 53. artikuluaren
4. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Haien
titularrak Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru
Arauaren 12. artikuluan aipatutako entitateak badira.»
Hamaika. 54.
artikuluaren 5. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Zergapekoa
Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 12.
artikuluan aipatutako entitateetako bat bada.»
Hamabi. 55. artikuluko
1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1. Zerga
Administrazioari erregelamendu honen 51. artikuluan aipatzen den informazioa
eman behar diotenek lehentasunezko partaidetzen eta beste zor tresna batzuen
inguruko eragiketei buruz informatu behar dute. Eragiketa horien araubidea
xedapen hauetan dago ezarrita: ekainaren 26ko 10/2014 Legean,
kreditu-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkoan (lehen
xedapen gehigarria), eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ekitatea
lortzeko bidean aldatu eta beste zerga neurri batzuk onartzen dituen
abenduaren 26ko 5/2011 Foru Araua (lehen xedapen gehigarria). Eman beharreko
informazioa erregelamendu honen 51. artikuluko 4. apartatuan adierazitakoa
izango da, eta betebehar hori dutenen bitartekaritzaz egindako eragiketak izango
ditu hizpide, hau da, lehentasunezko partaidetzekin eta beste zor tresna
batzuekin egindakoak.»
Hamahiru. 56.
artikuluaren 1. apartatuko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Kreditu-entitateen
antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014
Legearen lehen xedapen gehigarrian eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko
Zerga ekitatea lortzeko bidean aldatu eta beste zerga neurri batzuk onartzen
dituen abenduaren 26ko 5/2011 Foru Arauaren lehen xedapen gehigarrian araututa
dauden baloreen interesak, eta, orobat, xedapen hauetan aurreikusi eta gehienez
hamabi hilabetez deskontura jaulkitako zor tresnetatik eratorritakoak.»
Hamalau. 69.
artikuluaren 6. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Haien
titularrak Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru
Arauaren 12. artikuluan aipatutako entitateak badira.»
Hamabost. 70.
artikuluaren 5. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Haien
titularrak Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru
Arauaren 12. artikuluan aipatutako entitateak badira.»
Hamasei. 71.
artikuluaren 1. apartatuko a) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen da
idatzita:
«Entitateko kideren
bat ez bada egoiliarra lurralde espainiarrean, identifikatu beharko da zeinek
duen haren ordezkaritza fiskala Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari
buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 10. artikuluan ezarritakoaren
arabera.»
Hamazazpi. 72 bis
artikulu berria gehitzen da, eta honela dio:
«72. bis
artikulua. Hiri finken errentamenduei buruz informatzeko
betebeharra.
1. Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak urteko aitorpen informatibo bat
aurkeztu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri-Finken Errentamendu
Kontratuen Erregistroan jasotako datuei buruz eta fidantzen gordailuari buruz,
hori guztia martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuak, fidantzak jartzeari eta
Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri-Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari
buruzkoak, xedatutakoarekin bat. Zer fidantza jarri den adierazi beharko du
aitorpen horretan.
2. Orobat,
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, udalek eta haien mende
dauden gainerako ente publikoek hiri-finken errentamendua kudeatzen badute,
behartuta daude errentamendu kontratu horien urteko aitorpen informatibo bat aurkeztera,
haietan errentatzaile gisa esku-hartzen dutenean edo alokairuan bitartekari
direnean, eta aitorpen horretan ordaindu den urteko errenta adierazi behar
dute.
3. Aurreko
1. eta 2. apartatuetan aipatutako informazioaz gain, honako hau ere adierazi
beharko da, besteak beste: errentan emandako ondasun higiezinen identifikazio
datuak, errentarien eta errentatzaileen zerrenda izenduna, eta dagokion eredua
onartzeko foru aginduak kasu bakoitzerako ezartzen duen informazioa.»
Hemezortzi. 78.
artikuluaren 1. apartatuko c) letra honela geratzen da idatzita:
«c) Sozietateen
gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 120. artikuluko
1. apartatuan araututako kasuak gertatzen direnean. Horrelakoetan, gainera,
zerga Administrazioak baja eman ahal izango dio zergapekoari batasun barruko
operadoreen erregistroan, balio erantsiaren gaineko zergaren hileko
itzulketen erregistroan eta fabrikazio zerga berezien lurralde erregistroan.»
Hemeretzi. 79.
artikuluaren 1. apartatuko f) letra honela geratzen da idatzita:
«f) Identifikazio
fiskaleko zenbakia eman zaion pertsona fisiko edo entitate ez-egoiliarrak ez
komunikatzea Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren
10eko 16/2014 Foru Arauak 10. artikuluan aipatutako ordezkaria aldatu duenik
edo, ordezkariaren izendapena beharrezkoa ez duten egintzak edo tramiteak
egiteko zenbakia lortu badu, ordezkaririk izendatu izanaren berri ez ematea
izendapen hori beharrezkoa duten egintzak edo tramiteak gero egiten
dituenean.»
Xedapen
indargabetzaile bakarra. Araudia indargabetzea.
Indarrik gabe
geratzen dira foru dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila
bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Amaierako lehenengo
xedapena. Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri-Finken Errentamendu Kontratuen
Erregistroan jasotako datuei buruz eta fidantzen gordailuari buruz urteko
aitorpen informatiboa aurkezteko obligazioa.
Zerga betebehar
formal jakin batzuk garatzen dituen erregelamenduko 72 bis artikuluaren 1.
apartatuan aipatzen den informazio obligazioa, foru dekretu honen bidez gehitu
dena, 2018ko zergaldiari buruz informatzeko obligazioari aplikatuko zaio
lehenengo aldiz.
Amaierako bigarren
xedapena. Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Diputatu Nagusia,
Markel
Olano Arrese.
Ogasun eta Finantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Jabier
Larrañaga Garmendia. (8947)