1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

2017ko ­otsailaren 28ko 1/2017 FORU DEKRETU-ARAUA, zoru klausulen aplikazioagatik ordaindutako kopuruen itzul­ketak per­tsona fisikoen errentaren gaineko zergan izango duen tratamendua ezar­tzen duena.         

Auzitegi Gorenaren 2013ko maia­tza­ren 9ko Epaiak deusezak deklaratu zituen zoru klausulak, abusuzkoak izateagatik. Hala ere, epaiak denboran mugatu zuen deuseztasun deklarazio horren atze­raeragina, hura ez bai­tzen aplikagarria ez gauza epaitu gisa emandako ebazpen judizialek behin betiko erabakitako egoeretan ez 2013ko maia­tza­ren 9a baino lehen ordaindutako zenbatekoetan (senten­tzia data horretan eman zen).

2015eko mar­txo­aren 25eko epaian, atze­raeragingarritasun horren muga tenporala berre­tsi zuen Auzitegi Gorenak. Finkatu duen doktrinaren arabera, 2013ko epaiak dioena aplika­tzean zoru klausula bat abusuzko klausula­tzat har­tzen bada, 2013ko epaiaren argitara­tze datatik aurrera egingo zaio itzul­keta mailegu-har­tzaileari.

Hala ere, Espainiako hainbat auzitegik arazo prejudizialak planteatu zituzten Europar Batasuneko Justizia Auzitegian eta, Europar Batasunaren Zuzenbidea oinarri hartuta, haietan zalan­tzan jarri zuten Auzitegi Gorenaren jurispruden­tzia.

2016ko abenduaren 21ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak senten­tzia eman du C-154/15, C-307/15 eta C-308/15 gai metatuetan, eta haren bidez arazo prejudizial horiek eran­tzuna izan dute. Epai horretan, Justizia Auzitegiak erabaki du ezen Europako Kon­tseiluaren 93/13/EEE Zuzentarauak, kon­tsumi­tzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulei buruzkoak, 6. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoa jurispruden­tzia nazionalaren aurkako zen­tzuan interpretatu behar dela, jurispruden­tzia horrek denboran muga­tzen dituelako aipatutako klausulak abusuzkoak deklara­tze­agatik egin behar diren diru itzul­keten ondorioak.

Zoru klausulengatik ordaindutako kopuruak itzul­tzeko eskaerak kopuruz handiak izan daitezkeelakoan, Estatuko Gobernuak onartu du urtarrilaren 20ko 1/2017 Errege Lege-Dekretua, kon­tsumi­tzaileak zoru klausulei dagokienez babesteko presako neurriei buruzkoa. Errege Lege-Dekretu horrek, kon­tsumi­tzailea eta kreditu entitatea ados jar­tzeko eta kon­tsumi­tzaileari kopuruak itzul­tzeko bide bat ezar­tzeaz gainera, arau­tzen du zer tratamendu fiskal izango duten itzul­keta horien ondorioz jaso­tzen diren kopuruek.       


Foru dekretu-arau honen xedea da, hain zuzen ere, lurralde historiko honetako foru erakundeen esparruan arau­tzea zer tratamendu fiskal emango zaien per­tsona fisikoen errentaren gaineko zergan maileguen interes tasak muga­tzeko klausulen itzul­ketagatik jaso­tzen diren kopuruei. Finan­tza entitateekin akordioetara iristeagatik edo senten­tzia judizialak edo arbitraje laudoak exekutatu edo bete­tze­agatik jaso daitezke kopuru horiek.   


Hori guztia araututa uzteko, beste xedapen gehigarri bat sar­tzen da urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Per­tsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan.

Kontuan izanik neurri hau beste lurralde historiekin adostuta dagoela eta aplikagarri egon behar duela 2016ko per­tsona fisikoen errentaren gaineko zerga autolikida­tzeko epearen hasieratik bertatik, aldaketa hau lehenbailehen sartu beharra dago Gipuzkoako zerga araudian.           

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xeda­tzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kon­tseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta fun­tzionamenduari.

Foru dekretu-arauak ­Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.         

Horiek horrela, Ogasun eta Finan­tza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kon­tseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDA­TZEN DUT

Artikulu bakarra.  Alda­tzea 2014ko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Per­tsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta preskribatuta ez dauden aurreko zergaldietan ere aplika­tzeko, beste xedapen gehigarri bat, hogeita hamabosgarrena, sar­tzen da Per­tsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, honela dioena:  

«Hogeita hamabosgarrena.  Maileguen interes tasak muga­tzeko klausulen itzul­ketagatik jasotako kopuruen tratamendu fiskala, kopuru horiek finan­tza entitateekin hitzar­tutako akordioetatik edo senten­tziak edo arbitraje laudoak bete­tze­tik datozenean.

1.  Ez da integratuko zerga honen zerga oinarrian maileguen interes tasak muga­tzeko klausulen aplikazioagatik finan­tza entitateei interesen kon­tzep­tupean aurrez ordaindutako kopuruen itzul­keta, ezta kalte-ordain gisa dagozkien interesena ere, itzul­keta hori finan­tza entitateekin hitzar­tutako akordioetatik datorrenean, eskudirutan egin edo bestelako konpen­tsa­zio neurrien bidez egin.

2.  Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako itzul­keta jaso­tzen duen zergadunak aurrez ordaindutako kopuruek zerga tratamendu hau izango dute:

a)  Aurreko ekitaldietan kopuru horiek sartu badira ohiko etxe­bizi­tza erosteagatik aplikatutako kenkariaren oinarrian, galdu egingo da haiengatik kenkaria egiteko eskubidea, eta finan­tza entitatearekiko akordioa ­hitzartu den zergaldiko kuota likidoari zenbateko hauek bakarrik gehitu beharko zaizkio: zerga administrazioak zor tributarioa bidezko likidazioaren bitartez zehazteko duen eskubidea preskribatu ez den ekitaldietan bidegabe kendutako zenbatekoak, berandu­tze interesik aplikatu gabe.   

Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoak ez zaizkio gehitu beharko kuota likidoari, baldin eta finan­tza entitateak, ukitutako zergadunarekin hala adostuta, zuzenean erabil­tzen baditu zenbateko horiek ohiko etxe­bizi­tza­ren erosketa finan­tzatu duen maileguaren tronkoa murrizteko.

b)  Kopuru horiek gastu kengarri­tzat hartu badira aurreko ekitaldietan, eta ekitaldi horiei dagokienez ez bada preskribatu zerga administrazioak zor tributarioa bidezko likidazioaren bidez zehazteko duen eskubidea, gastu kengarriak izateari ­utziko diote, eta ekitaldi horiengatik autolikidazio osagarria egin beharko da finan­tza entitatearekin hitzar­tutako akordioaren egunetik zerga hau autolikida­tzeko hurrengo epea amaitu bitartean, zehapenik, berandu­tze interesik eta errekargurik gabe.           


c)  Zergadunak kopuru horiek ordaindu dituen ekitaldietan zerga honen autolikidazioa aurkezteko epea ez bada amaitu kopuru horiek itzul­tzeko akordioa finan­tza entitatearekin ­hitzartu baino lehen, ez kopuru horiek eta ez aurreko a) letrako bigarren paragrafoan aipatutakoak ez dira sartuko ohiko etxe­bizi­tza­ren erosketagatik aplika­tzen den kenkariaren oinarrian, eta ez dira hartuko gastu kengarri­tzat.     

3.  Aurreko apartatuetan xedatutakoa berdin aplikatuko da aurreko 1. apartatuan aipa­tzen diren kopuruen itzul­keta senten­tzia judizialak edo arbitraje laudoak exekutatu edo bete­tze­aren ondorio denean.»      

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jar­tzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jaso­tzen diren ondorioak erago­tzi gabe.

Donostia, 2017ko ­otsailaren 28a.

                                                           Diputatu Nagusia,         
                                                       Markel Olano Arrese.

                   Ogasun eta Finantza              
                     Departamentuko
                      Foru Diputatua, 
          Jabier Larrañaga Garmendia.    
(1558)