GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA
DEPARTAMENTUA
270/2015 FORU AGINDUA,
ekainaren 1ekoa, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aitortzeko erabili
beharreko 210, 211, eta 213 ereduak onartu, horiek aurkezteko prozedura eta
baldintza orokorrak finkatu, eta ez-egoiliarren tributazioari buruzko arau
jakin batzuk garatzen dituena.
Urtarrilaren 14ko
29/2014 Foru Aginduak ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aitortzeko
erabili beharreko 210, 211, eta 213 ereduak onartu zituen, eta arau jakin batzuk
ezarri zituen ez-egoiliarren tributazioari dagokionez.
Maiatzaren 23ko
12/2002 Legearen bidez onartutako Ekonomia Itunak 21. artikuluan ezartzen
duenez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga itundutako tributu bat da,
estatuak une bakoitzean ezartzen dituen funtsezko eta formazko arau berberei
jarraituta erregulatu behar dena.
Hala ere, atzerriko
egoiliarrak diren pertsona edo entitateek Euskadin dituzten establezimendu
iraunkorrei zerga honi buruzko araudi autonomoa aplikatuko zaie, Ekonomia
Ituneko 14. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.
Zazpigarren xedapen
gehigarrian, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak,
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duenak,
ezarrita dakar ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren estatuko araudian
ezen Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean
egoitza duten zergadunek salbuespena aplika dezaketela ohiko etxebizitzan
berrinbertitzeagatik, baldin eta estatu horrekin zerga arloko
informazio-truke efektiborik egiten bada. Zazpigarren xedapen gehigarri hori
azaroaren 27ko 26/2014 Legearen bigarren artikuluko hamabigarren apartatuak
gehitu du, eta lege horren bitartez honako hauek aldatu dira: azaroaren 28ko
35/2006 Legea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena; Ez-egoiliarren
Errentaren gaineko Zergaren Legearen Testu Bategina, martxoaren 5eko 5/2004
Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua; eta beste hainbat zerga arau. Bada,
errenta horiek hobeto kontrolatzearren, 210 ereduan errenta motari buruzko bi
kode berri sortu dira salbuespen hori aplikatzen duten zergadunentzat.
Berriki onartu den
abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko
Zergarenak, ez du jasotzen aldaketa hori bere edukian, foru araua indarrean
jarri ondoren onartu baitu estatuak aldaketa hori lurralde erkidean.
Guztiarekin ere, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak direnez,
aipatutako aldaketa, foru araudian oraindik jasota egon ez arren, aplikagarria
gertatzen da Gipuzkoako zergen esparruan ere.
Gainera, 210 eredu
honi dagokionez, Estatuak aitorpen eta egiaztapen prozedurak sinplifikatu ditu
jabetza intelektualeko eskubideak kolektiboki kudeatzeko baimena duten
entitateentzat, eta horren helburua izan da prozedura horiek homogeneizatzea
atxikipen jakin batzuei buruko eredu hauetan ageri denarekin: 216 eredua,
«Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabe
lortutako errentak. Atxikipenak eta konturako sarrerak. Aitorpena-ordainketa
agiria», eta 296 eredua, «Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga.
Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako
sarreren urteko aitorpena». Orobat, aldaketa horiekin hobetu kontrolatu nahi
dira aitortutako errentak.
Ekonomia Itunak
xedatutakoa aintzat harturik, beharrezkoa da 210 eredua aldatzea aipatu diren
berrikuntzak haren barruan sartzeko.
Bestalde,
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru
Araua behin onartuta, komenigarria gertatzen da 210, 211 eta 213 ereduak
arautuko dituen beste foru agindu bat onartzea, haien edukia indarrean dagoen
arau esparru berrira egokitzeko.
Ereduen egokitze
horretan sakonduz, aipatu beharra dago ezen onartzen den 210 eredu berria
orain itzulketa eskatzeko eredu gisa ere erabili daitekeela loteria eta
apustu jakin batzuetako sarien gaineko karga berezia dela-eta Foru Ogasun
honetan diru kopuruak sartu direnean edo karga horren konturako atxikipenak
jasan direnean, baldin eta haien zenbatekoa handiagoa bada zergadun
ez-egoiliarrak zergapetze bikoitza saihesteko aplika dezakeen hitzarmenetik
ondorioztatutakoa baino. Horretarako, foru aginduari eskaera arautzen duen
beste artikulu bat gehitzen zaio, eta kode berri bat sartzen da 210 ereduan
errenta mota kasu horietan identifikatzeko.
Hori guztia aintzat
harturik, foru agindu berri honen bitartez 210, 211 eta 213 ereduak onartzen
dira, gorago aipatu diren aldaketak sartuta.
Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT
1.
artikulua. 210, 211 eta 213 ereduak onartzea.
1. Onarturik geratzen da 210 eredua,
«Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabe
lortutako errentak. Autolikidazioa» izenekoa, foru agindu honetan I. eranskin
gisa jasotzen dena.
Hiru ale ditu
ereduak: «Zergadunaren/ordezkariaren alea», «Erantzule solidarioaren/atxikitzailearen
alea», eta «Administrazioaren alea».
2. Onarturik geratzen da 211 eredua,
«Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabe
lortutako errentak. Atxikipena ondasun higiezinen eskualdaketan.
Autolikidazioa» izenekoa, foru agindu honetan II. eranskin gisa jasotzen dena.
Hiru ale ditu
ereduak, «Eskuratzailearen alea», «Administrazioaren alea», eta «Eskualdatzaile
ez-egoiliarraren alea». Orobat, ereduak hainbat eranskin ditu, eskuratzailea
edo eskualdatzailea bat baino gehiago direnean bete beharrekoak.
3. Onarturik geratzen da 213 eredua,
«Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Entitate ez-egoiliarren ondasun
higiezinen gaineko karga berezia. Autolikidazioa» izenekoa, foru agindu honetan
III. eranskin gisa jasotzen dena.
Bi inprimaki ditu:
«autolikidazioa» eta «ondasun higiezinen zerrenda.
Ereduaren
inprimakiek bina ale dituzte: «Entitate ez-egoiliarraren alea» eta
«Administrazioaren alea».
2.
artikulua. Establezimendu iraunkorrik gabe Gipuzkoan lortutako
errentengatik zergaren autolikidazioa aurkeztera behartuak.
1. Abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak,
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarenak (aurrerantzean zergaren foru
araua), 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta maiatzaren 11ko 49/1999
Foru Dekretuak, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen
duenak (aurrerantzean erregelamendua), 6. artikuluan ezartzen duenez,
ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek zergari lotutako errentak
lortzen badituzte establezimendu iraunkorrik gabe, errenta horien
autolikidazioa aurkeztu behar dute.
2. Aurreko 1. apartatuan xedatutakoa xedatuta
ere, zerga honen zergadunak ez daude behartuta errenten autolikidazioa
aurkeztera, errenta horiei dagoeneko zerga honen atxikipena edo konturako
sarrera aplikatu bazaie –ondare irabazien kasuan izan ezik, baldin eta inbertsio
kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legean araututako inbertsio
funtsetako partaidetzen itzulketatik etorritako ondare irabaziak izanik,
aplikatu zaien atxikipena txikiagoa izan bada zergaren foru arauko 24. eta
25. artikuluetan jasotakoaren arabera kalkulatutako zerga kuota baino–, edo
atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta egon arren, zergaren foru arauko
14. artikuluan edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen batean
jasotakoaren arabera salbuetsitako errentak badira.
3. Zehazki, behartuta daude zergaren
autolikidazioa aurkeztera:
a) Zergari lotutako errentak lortzen dituzten zergadunak, baldin
eta, zergaren erregelamenduko 14.3 artikuluan jasotakoaren arabera, atxikitzeko
edo kontura sartzeko obligaziotik salbuetsita dauden errentak badira.
b) Pertsona fisiko ez-egoiliarrak, zergaren foru arauko 24.5
artikuluan aipatutakoaren arabera ondasun higiezinei egotzitako errentagatik.
c) Atxikipenak edo konturako sarrerak egitera beharturik ez dauden
pertsonengandik etekinak jasotzen dituzten zergadunak.
d) Gipuzkoan kokatutako ondasun higiezinen eskualdaketak direnean,
zergadunek behin betiko zerga aitortu behar dute, eta, dagokion kasuan,
diru-sarrera egin, zergaren erregelamenduko 18.4 artikuluan ezarritakoari
jarraituz.
4. Zergadunaren errentari egin zaion atxikipena
edo konturako sarrera zergaren kuota baino handiagoa denean, kuota horren
gaineko soberakina itzultzeko eskaera zergaren erregelamenduak 20. artikuluan
dioen moduan aurkeztuko da.
5. Gipuzkoan establezimendu iraunkorrik gabe
lortutako errenten autolikidazioa egitean, zerga zorra kalkulatu behar da, eta
bidezko diru-sarrera egin, hala dagokionean. Zergaren araudian aurreikusitako
salbuespenetakoren bat aplikagarria bada, hura kontuan hartuta egingo da
autolikidazioa.
6. Aitortutako errentak lortu dituztenak
zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena Espainiarekin sinatua duten
herrialdeetako zergadun egoiliarrak direnean eta hitzarmen horretara bilduta
daudenean, hitzarmenean jasotako zergapetze mugak edo salbuespenak zuzenean
aplikatuz kalkulatuko dute beren autolikidazioan zerga zorra.
7. Zergaren foru arauak 9. artikuluan aipatzen
dituen erantzule solidarioek ere egin ahal izango dute autolikidazioa, eta
kasua bada, zerga zorra ordaindu. Gainera, itzulketa eskatzen duten
autolikidazioak izanez gero, atxikitzera behartutako subjektuek ere aurkeztu
ahal izango dituzte.
3.
artikulua. 210 ereduaren edukia.
1. Edozein errenta mota (etekinak, ondasun
higiezinen errenta egotziak, ondare irabaziak) autolikidatu daiteke eredu
honetan.
Errenta sortzapen
bakoitza zein bere aldetik autolikidatzeko nahiz epe jakin batean lortutakoak
elkartuta autolikidatzeko erabiliko da eredu hau, honako erregelei jarraituz:
a) Ondasun higiezinak eskualdatzeagatik lortutako errentak: errenta
sortzapen bakoitza zein bere aldetik autolikidatuko da. Salbuespen gisa,
eskualdatutako ondasun higiezinaren titulartasuna senar-emazte batena denean
eta bi ezkontideak ez-egoiliarrak direnean, zilegi da autolikidazio bakarra
egitea. Galerarik gertatu bada, autolikidazio hau ere aurkeztu beharko da
egindako atxikipenaren itzulketarako eskubideaz baliatu nahi denean.
b) Gainerako errentak: zergadun berak hainbat errenta lortu baditu,
posible da horiek elkartzea, baldin eta haien errenta motak kode bera badute,
ordaintzaile berberarengandik badatoz, karga tasa bera aplikagarri bazaie,
eta, gainera, ondasun eta eskubide batetik deribatuak izanik, ondasun edo
eskubide beretik badatoz.
Elkartutako errentak
ezin dira inoiz konpentsatu beren artean.
Autolikidazioen emaitza
ordaintzekoa bada, hiruhilekoa izango da elkartu daitekeen epealdia; aldiz,
autolikidazioen kuota zero bada edo itzultzeko emaitza badute, epealdi hori
urtea izango da.
2. Aitortutako errentak higiezin hiritarren
errenta egotziak badira edo ondasun higiezinen eskualdaketatik badatoz,
zergadunak berak agertu behar du autolikidazioaren egile gisa.
3. Autolikidazioa aurkezteko momentuan, zerga
zorra ordaindu behar da edo, bestela, egindako autolikidaziotik ondorioztatzen
den itzulketa eskatuko da, dagokion kontabilitate agiria erabilita.
Kontabilitate agiria bete beharko da, baita ere, ordaindu edo itzuli beharreko
emaitzarik ez dagoenean.
4.
artikulua. 210 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
Honako hau izango da
eredua aurkezteko eta, hala badagokio, diru-sarrera egiteko epea, aitortutako
errenta motaren arabera:
a) Zergaren erregelamenduak 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera,
ondasun higiezinak eskualdatzeagatik lortutako errenten autolikidazioak, emaitza
zeinahi dela ere, hiru hilabeteko epean aurkeztu behar dira, ondasun
higiezinaren eskualdaketa egunetik hilabeteko epea igaro eta gero.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
b) Gipuzkoan kokatutako ondasun higiezinen errenta egotziak,
zergaren foru arauak 24.5 artikuluan aipatuak: eredua aurkezteko eta
diru-sarrera egiteko epea sortzapen dataren ondorengo urte naturala izango
da.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
c) Gainerako errentak:
1.ª Ordaintzekoak
diren autolikidazioak: aurkezpena eta diru-sarrera apiril, uztail, urri eta
urtarrilaren lehen 25 egun naturalen barruan egingo da, eta autolikidazioak sortzapen
data aurreko hiruhileko naturalean duten errentak jasoko ditu.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
2.ª Zero
kuota duten autolikidazioak: aurkezteko epea aitortzen diren errentak sortu
ondorengo urteko urtarrilaren 1etik 25era bitartekoa izango da.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
3.ª Itzultzekoak
diren autolikidazioak: aitortzen den urte naturala amaitu ondorengo lehen 25
egun naturalak behin igarota aurkeztu behar dira, eta lau urteko epean beti.
Epe hori autolikidazio guztiei aplikatuko zaie, kontuan hartu gabe itzulketaren
arrazoia barruko arau bat den edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen
bat den, baita hitzarmena garatzen duen agindu batek epe laburragoa ezartzen
duenean ere. Autolikidazioa aurkezteko epea aurkezpenaren egunean amaitzen
dela joko da.
5. artikulua. 210 ereduaren autolikidazioetatik datozen
itzulketak egiteko moduak.
1. Itzulketak transferentzia bidez egingo
dira, kontabilitate agirian adierazten den kontura, zeinaren titularra pertsona
hauetako bat izan baitaiteke:
a) Autolikidazioa egiten duen pertsona. Dena den, autolikidazioa
zergadunaren ordezkariak egiten badu, itzulketarako adierazitako
banku-kontuaren titular izan daiteke, soil-soilik, baldin eta zergadunaren
legezko ordezkari bada.
b) Zergaduna bera.
2. Itzulketarako adierazten den
banku-kontuaren titularra autolikidazioa egiten duten pertsonetako bat bada,
izan erantzule solidario gisa, atxikitzaile gisa edo legezko ordezkari
baimendun gisa, kontuak Espainian egon behar du irekita. Aldiz, itzulketarako
kontuaren titularra zergaduna bera bada, kontua Espainiako zein atzerriko
kreditu entitate batean egon daiteke irekita.
3. Kontabilitate agirian Banku Kodearen
Nazioarteko Kodea (IBAN kodea) adierazi behar da beti, transferentzia zer
kontutara egin behar den identifikatzeko.
Kontua atzerrian
irekita badago, banku-kontuaren kodea –IBAN formatua– edo SWIFT/BIC kodea
adierazi behar da.
6.
artikulua. 210 ereduari erantsi beharreko dokumentazioa.
1. Autolikidazioa egitean Espainiako barne
araudian aurreikusten diren salbuespenak aplikatzen badira zergadunaren egoitza
arrazoi hartuta, ereduari tokian tokiko agintari fiskalek luzatutako egoitza-agiria
erantsiko zaio eskubide horiek frogatzeko.
Autolikidazioa
egitean Espainiak sinatu duen eta zergapetze bikoitza saihestea helburu duen
hitzarmen bat aplikatzen bada, zerga-egoitzaren ziurtagiria erantsi behar
da, tokian tokiko agintari fiskalek luzatua, eskubide horiek frogatzeko, eta
agiri horrek berariaz adierazi behar du zergaduna hitzarmenean definitutako
zentzuan dela egoiliarra. Hala ere, autolikidazioa egitean hitzarmen batean
finkatutako zergapetze muga aplikatzen bada, eta hitzarmen hori garatzen
duen aginduak formulario berezi bat erabili beharra ezartzen badu,
ziurtagiriaren ordez formularioa aurkeztuko da.
Zerga oinarria
zehazteko garaian gastuak kentzen badira zergadunak Europar Batasuneko beste
estatu bateko egoiliarrak direlako, edo egoitza Europako Esparru Ekonomikoko
beste estatu batean dutelako, zeinarekin benetako zerga informazio trukea
egiten baita zerga iruzurrari aurre egiteko neurriei buruzko azaroaren 29ko
36/2006 Legeak lehen xedapen gehigarriko 4. apartatuan ezarritako eran,
kendutako gastuen frogagiriak aurkezteaz gainera, egoitza fiskala kasuan
kasuko estatuan duela egiaztatzeko agiria ere erantsi beharko da, estatu
horretako zerga agintaritzak luzatua.
Artikulu honetan
aipatzen diren egoitza-agiriek urtebeteko balioa izango dute ematen diren egunetik
aurrera. Alabaina, zergaduna atzerriko estatu bat, haren azpibanaketa politiko
edo administratiboetako bat, edo bertako toki entitateetako bat denean, egoitza-agiriek
mugagabeko balioa izango dute.
2. Kuotatik atxikipenak edo konturako sarrerak
kentzen direnean, behar diren frogagiriak aurkeztuko dira beti.
3. Autolikidazioak aurkezten dituztenak
baloreak gordailatzen dituzten erantzule solidarioak direnean, nahikoa izango
da haiek preskripzio epeak dirauen bitartean gordetzea zerga Administrazioaren
esku, aurreko 1. zenbakian aipaturiko egoitza-agiriak, formularioak edo
aitorpenak.
4. Autolikidazioek itzulketa eskaera
dakartenean, kontuaren identitatea eta titulartasuna frogatuko dira. Horrez
gain, itzulketa zergadunaren legezko ordezkariaren kontu batera egiteko eskatzen
denean, ordezkaritzaren frogagiria erantsi behar da. Agiri horretan,
klausula batek adierazi behar du legezko ordezkariak ahalmena duela itzulketa
bere izenean eta zergadunaren kontura jasotzeko.
Agiri hori aurkeztea
ez da beharrezkoa izango aipaturiko klausula jasotzen duen ordezkaritza
dagoeneko zerga Administrazioari frogatu zaionean hura zerga ordezkarien
erroldan inskribatuta. Azaroaren 5eko 582/2014 Foru Aginduak, Gipuzkoako Foru
Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko zerga ordezkarien errolda arautzen
duenak, ezarri du errolda hori.
7.
artikulua. 211 eredua aurkezteko betebeharra, eta eredua
aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
1. 211 eredua aurkezteko betebeharra.
Gipuzkoan kokaturik
dauden ondasun higiezinak establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrei
erosten dizkietenek erabili behar dute 211 eredua, egindako atxikipena edo
konturako sarrera aitortu eta ordaintzeko, zergaren foru arauko 25.2
artikuluan eta haren erregelamenduko 18. artikuluan jasotakoaren arabera.
2. Aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
211 ereduaren bidez
egindako autolikidazioa aurkezteko eta, kasua bada, diru-sarrera egiteko epea,
hilabetekoa izango da, ondasun higiezina eskualdatzen denetik aurrera.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
8.
artikulua. 213 eredua aurkezteko betebeharra, eta eredua
aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
1. 213 eredua aurkezteko betebeharra.
Paradisu fiskaltzat
hartutako herrialde edo lurralde batean egoiliar diren entitateak –zergaren
foru arauaren 33. artikuluan aipatutakoak– daude behartuta 213 eredua
aurkeztera, baldin eta, Gipuzkoan edozein tituluren bidez ondasun higiezinen
edo haien gaineko gozamen eskubide errealen jabe badira edo gisa horretako
ondasun edo eskubideak badituzte.
Alabaina, ez daude
eredua aurkeztera behartuta atzerriko estatu eta herri erakundeak nahiz
nazioarteko organismoak, denak ere artikulu horren 5.a) apartatuan aipatuak.
Autolikidazioa
ondasun higiezin bakoitzeko aurkeztuko da. Ondorio horietarako, higiezin
desberdintzat hartuko dira katastroan zenbaki finko berezitu bat dutenak.
Paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean egoiliar den entitate
batek Gipuzkoan edozein tituluren bidez duen ondasun higiezina bat baino
gehiago denean edo gozamen eskubide errealak Gipuzkoako ondasun higiezin bati
baino gehiagori dagozkionean, 213 eredu bakarra aurkeztu beharko du, eta eredu
horretako ondasun higiezinen zerrendan bereizita adieraziko du ondasun bakoitza.
2. Aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
213 ereduaren bidez
egindako autolikidazioaren aurkezpena, eta, kasua bada, ateratzen den
diru-sarrera, urte bakoitzeko urtarrilean egingo dira, aurreko urteko
abenduaren 31n sortutako kargarengatik.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
9.
artikulua. 210, 211 eta 213 ereduak zein modutan aurkeztu eta
identitatea nola frogatu.
1. Modu hauek daude 210, 211 eta 213 ereduak
aurkezteko:
a) Transmisio elektronikoa, erabiltzaileek Gipuzkoako Foru
Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://www.gfaegoitza.eus) eskura izango
duten formularioa erabilita.
Transmisio
elektronikoa Internet bidez egingo da, azaroaren 24ko 1011/2010 Foru Aginduak,
zerga arloko zenbait tramite bide elektronikoz egiteko obligazioa arautzen
duenak, ezarritako prozeduraren arabera.
b) Paperezko euskarria. Aipatutako euskarria eskuratzeko, erabiltzaileek
inprima dezakete Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan
(https://www.gfaegoitza.net helbidean) eskura izango duten PDF artxiboa.
2. Gorago aipatutako 1.011/2010 Foru
Aginduaren 1.1 artikuluan sartzen diren zergapekoek bide elektronikoz bakarrik
aurkeztu behar dute eredu informatiboa.
3. 1.011/2010 Foru Aginduaren 1.1 artikuluko
a) eta b) letretan aipatzen diren zergapekoek beren identitatea frogatu behar
dute dela sinadura elektroniko aitortuaren bitartez, dela pasahitz operatiboa
erabilita, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera
arautzen den irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak 21. artikuluan
xedatutakoari jarraituz.
1.011/2010 Foru
Aginduaren 1.1 artikuluko c) letran aipatzen diren pertsonek edo entitateek
sinadura elektroniko aitortua erabiliz frogatu behar dute beren identitatea,
betiere azaroaren 5eko 582/2014 Foru Aginduak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun
eta Finantza Departamentuko zerga ordezkarien errolda arautzen duenak, 9.
artikuluan eta haren hurrengoetan xedatzen duen moduan.
10.
artikulua. Ordaintzeko edo itzultzeko emaitza, bitarteko
elektronikoz aurkeztutako aitorpenetan.
1. Autolikidazioa bitarteko elektronikoz
aurkeztu eta haren emaitza ordaintzekoa bada, bankuan helbideratuta edo
ordainketa-pasabidearen bitartez egin ahal izango da diru-sarrera.
2. Banku batean helbideratuz gero, ordainketa
kargatuko da zergadunak autolikidazioan adierazten duen kontuan, zeinak haren
izenean irekita egon behar baitu zergak biltzeko baimenduta dagoen entitate
laguntzaile batean. Ondorio horietarako, aplikatuko da abuztuaren 2ko 38/2006
Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Zerga-bilketa Erregelamenduak 30.
artikuluan xedatutakoa.
Zergapekoak Banku
Kodearen Nazioarteko Kodea (IBAN kodea) adieraziko du, zerga zorraren
ordainketa zer kontutan helbideratu behar den identifikatzeko.
3. Diru-sarrera egiteko ordainketa-pasabidea
erabiltzen bada, kontuan hartuko da abenduaren 11ko 1074/2008 Foru Aginduak
ezartzen duen prozedura. Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzenbide publikoko
diru-sarrerak ordainketa-pasabidearen bitartez ordaintzeko era arautzen da
foru agindu horretan. Autolikidazioa ongi transmititutakoan egin ahal izango da
diru-sarrera.
Ordainketa-pasabidea
erabilita ere, autolikidazioak aurkezten direnean nahitaezkoa da helbideratze
kontuaren datuak betetzea.
4. 210 ereduak itzultzeko emaitza badu, foru
agindu honen 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
5. 210 ereduaren emaitza zero kuota bada,
kasu horretan ere Banku Kontuaren Nazioarteko Kodea (IBAN kodea) adieraziko da.
11.
artikulua. Ordainketa eta itzulketa non eta nola egin, paper
bidez aitortzen bada.
1. 210, 211 eta 213 ereduen autolikidazioak
ordaintzekoak badira, haien aurkezpena eta diru-sarrera abuztuaren 2ko
38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Zerga-bilketa
Erregelamenduak bilketan laguntzeko baimentzen dituen entitateetako batean
egingo dira (banku, aurrezki kutxa edo kreditu kooperatibetan).
Hala ere, 210
ereduaren autolikidazioarekin batera dokumentazioren bat aurkeztu behar denean,
hura kartazal batean sartu eta entitate laguntzailean utziko da.
2. Autolikidazioaren emaitza itzultzekoa
bada –210 eredua– edo zero kuota ematen badu –210 eta 213 ereduak–, aurkezteko
lekuak izango dira Ogasun eta Finantza Departamentuko Zuzeneko Zergen Zerbitzua,
herritarren arretarako bulegoak, edo Gipuzkoako Zerga-bilketa Erregelamenduak,
abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartuak, zerga-bilketan laguntzeko
baimentzen dituen entitateetako bat (banku, aurrezki-kutxa edo kreditu
kooperatibak).
12.
artikulua. Establezimendu iraunkor bidez lortutako errentak.
1. Foru agindu honetan xedatutakoa
aplikagarria izango zaie zergaren foru arauaren 18.5 artikuluan aipatzen diren
establezimendu iraunkorrei, baldin eta 5. apartatu horren a) letran
ezarritakoaren arabera zehazten badute zerga.
2. Entitate ez-egoiliar batek establezimendu
iraunkor bidez lortutako errentak atzerrira transferitzen direnean zergaren
foru arauak 19.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, zerga ezarpen horren
aitorpena eta diru-sarrera 210 ereduaren bidez egingo dira.
Kasu horretan,
aurkezpena eta diru-sarrera egingo dira Zerga-bilketa Erregelamenduak,
abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartuak, zerga-bilketan laguntzeko
baimentzen dituen entitateetako batean (banku, aurrezki-kutxa edo kreditu
kooperatibetan).
Aurkezpena eta
diru-sarrera apiril, uztail, urri edo urtarrilaren lehen hogeita bost egun
naturalen barruan egingo dira, errentak atzerrira transferitzeko data aurreko
hiruhileko naturalaren barruan dagoen heinean.
Epea larunbatean edo
egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
3. Establezimendu iraunkorren eragiketek ez
badute ixten ziklo merkantil oso bat, zergaren foru arauak 18.4.b).1 artikuluan
aipatzen duen portzentajea 100eko 15 izango da.
13.
artikulua. Loteria eta apustu jakin batzuetako sarien gaineko
karga bereziaren itzulketa eskaera, hitzarmen bat aplikatuta.
Establezimendu
iraunkorrik gabeko zergadun ez-egoiliarrek loteria eta apustu jakin batzuetako
sarien gaineko karga bereziari lotutako sariak eskuratu badituzte, eta karga
berezi hori dela-eta Foru Ogasunean diru kopuruak sartu edo Foru Ogasunari
ordaindu behar zaizkion atxikipenak jasan badituzte zergapetze bikoitza
saihesteko hitzarmen baten aplikaziotik ateratzen dena baina zenbateko
handiagoan, hitzarmenaren aplikazioa eta dagokion itzulketa eskatu ahal
izango dute, 210 eredua erabilita. Autolikidazio horretarako ezarritako moduan,
tokian, eta epeetan aurkeztuko dute eredua, beharrezkoa den dokumentazioa erantsita.
14.
artikulua. Itzulketa eskaera aitorpen eta egiaztapen prozedura
berezi baten bidez egitea, jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa
kolektiboko entitateen kasuan.
1. Jabetza intelektualeko eskubideen
kudeaketa kolektiboa egiteko baimenduta dauden entitateek, Espainian
egoiliartuek, atxikipenak egin badituzte barruko araudian ezarritako karga
tasaren arabera, eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidazioak
210 ereduaren bidez egitean itzulketa eskatzen badute zergapetze bikoitza
saihesteko hitzarmen bat aplikatuta –likidazio horiek egin behar dira antzeko
eskubideak kolektiboki kudeatzen dituzten beste entitate batzuei, beste
herrialde batean egoiliartutakoei, zeinekin elkarrekiko zein alde bateko
ordezkaritza kontratuak sinatuak baitituzte, ordainketak egiteagatik eta
ordainketa horien likidazioetan ageri diren etekinengatik– aitorpen eta
egiaztapen prozedura berezi bat erabili ahal izango da, baldintza hauek betetzen
badira:
a) Jasotzaileek kudeaketa kolektiboko atzerriko entitatearen
herrialde berean izan behar dute egoitza, hitzarmenaren zentzuan.
b) Jasotzaile bakoitzari dagozkion etekinek 10.000 eurotik
beherakoak izan behar dute urte naturalean.
210 eredua itzulketa
eskatuta betetzen denean, urte osoko etekinak jasoko dira. Bertan adierazi
behar da jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa kolektiboan jarduteko
baimenduta dauden entitate egoiliarretatik zeintzuk aurkezten duten
autolikidazioa atxikitzaile gisa, eta zergadunari dagokion atalean kudeaketa
kolektiboko entitate atzerritarra jarri behar da. Errenta motaren kodea
adierazteko, prozedura berezi hau identifikatzen duen kodea idatziko da.
2. Foru agindu honen 6.1 artikuluan
dokumentazioari buruz xedatutakoa betetzearen ondorioetarako, apartatu
horretan jasotakoaren ordez agiri hauek erantsi daitezke:
a) Kudeaketa kolektiboko atzerriko entitateak egindako ziurtagiria,
hiru datu hauek jaso behar dituena: jasotzaileen zerrenda –haien egoitza,
hitzarmenaren zentzuan, atzerriko entitatearen herrialde berean dagoela
adierazita–, haietako bakoitzari dagokion zenbateko osoa, eta zenbateko horien
batura.
b) Atzerriko entitatearen zerga egoitzaren ziurtagiria,
herrialdeko agintari fiskalek egina. Ziurtagiria urtebeterako izango da
balioduna, egiten den egunetik aurrera.
Sortzapenaren
unean zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak indarrean badaude,
egiaztapen prozedura berezi honek ez du eragotziko hitzarmen horiek garatzen
dituzten aginduetan xedatutakoa aplikatzea, baldin eta itzulketa prozeduran
ezartzen bada berariazko formulario bat erabili behar dela edo zerga egoitzaren
ziurtagiria aurkeztu beharra dagoela. Orobat, horrek ez du eragotziko zerga
Administrazioak exijitu ahal izatea, hala badagokio, kudeaketa kolektiboko
entitateek egindako ordainketa horietan sartutako etekinak jasotzen dituen
edozein onuradunek hitzarmena aplikatzeko eskubidea justifikatu behar duela
zerga egoitzaren ziurtagiria aurkeztuta. Ziurtagiriak egoitzaren
herrialdeko agintari fiskalek egina behar du izan, eta adierazi behar du
onuraduna hitzarmenaren zentzuan dela egoiliar.
Xedapen gehigarri
bakarra. Dibisetan egindako eragiketak.
Foru agindu honetan
onartzen diren autolikidazioak betetzeari begira, euroa ez den
moneta-unitatean egindako eragiketak eurora aldatuko dira sarrerak edo gastuak
sortzen diren egunean indarrean dagoen eta Europako Banku Zentralak edo
Espainiako Bankuak onartutako kanbio-tasa ofiziala aplikatuz. Horretarako,
euroaren sarrera arautzen duen abenduaren 17ko 46/1998 Legeak 36. artikuluan
ezarritakoari jarraituko zaio. Data horretan kanbio-tasa ez bada ofizialki
argitaratu, argitaratuta dagoen azken kanbio-tasa ofiziala hartuko da.
Kanbio-tasa
ofizialik ez badago, moneta-unitatearen merkatuko balioa izango da erreferentzia.
Xedapen indargabetzaile
bakarra.
Foru agindu hau
behin indarrean jarri ondoren, indarrik gabe geratzen da urtarrilaren 14ko
29/2011 Foru Agindua, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aitortzeko
erabili beharreko 210, 211, eta 213 ereduak onartu, horiek aurkezteko prozedura
eta baldintza orokorrak finkatu eta ez-egoiliarren tributazioari buruzko
zenbait arau ematen dituena.
Amaierako xedapen
bakarra.
1. Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den
egunean jarriko da indarrean, eta data horretatik aurrera gertatzen diren sortzapenen
autolikidazioei aplikatuko zaie.
2. Aurrekoa hala izanik ere, 14. artikuluan
xedatutakoa aplikatuko zaie 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatutako sortzapenengatik
aurkezten diren autolikidazioei.
Donostia, 2015eko
ekainaren 1a.—Helena Franco Ibarzabal, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru
diputatua.
(5371)
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA