109. zenbakia | Data 2014-06-11 | 143 orria |
ZUMAIAKO UDALA
Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzaren
behin betiko onarpena.
Zumaiako Udaleko Osoko Bilkurak 2014ko maiatzaren 29ko ohiko
batzarraldian, honako erabakia hartu zuen:
«1. 15.975.927-N NANaren titularrak eta beste batzuk
aurkeztutako alegazioa onartzea, hurrengoari dagokionez:
— Txakurren aisialdirako guneak prestatu. Gune hauek Alkate Dekretuz
ezarri eta erregulatuko dira.
Ez da onartzen goiz ordaintze deskonturik, Araudi Sektorialean ere
ez da agertzen eta.
Aipatutako beste guztiak ez dira onartzen.
Ordenantzan araututako gaien ikuskapena eta kontrolari dagokionez,
argitu udaltzainek egingo dutela.
2. 15.373.836-S NANaren titularrak aurkeztutako alegazioa
onartzea, hurrengoari dagokionez:
— Animaliak leku publikoetan.
Aipatutako beste guztiak ez dira onartzen, zehaztasun gutxiagorekin
bada ere, Ordenantzan txertatuta daude eta.
3. 15.231.838-L NANaren titularrak eta beste batzuk
aurkeztutako alegazioa ez onartzea. janaria kalean uzteak, higiene arazoak
sortu ditzake eta.
4. 15.099.359-C NANaren titularrak aurkeztutako alegazioa
onartzea.
5. Juan Belmonteko jabekideen erkidegoak aurkeztutako
alegazioa ez onartzea, beraien eskaera Ordenantzaren artikuluetan jasota
dator eta.
6. Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Udal
Ordenantza behin betiko izaeraz onartzea».
Zumaia, 2014ko ekainaren 4a.—Ińaki Agirrezabalaga Alkorta, Alkatea. (5409)
Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza.
SARRERA
Ordenantza hau Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legeak eta
Animaliak Babesteari buruzko urriaren 29ko Euskal Autonomia Erkidegoko 6/1993
Legeak eta gainerako xedapen aplikagarriek Udal honi esleitzen dizkioten
ahalmenen indarrez diktatu da.
AZALPENA
Ordenantza honen asmoa da: mota guztietako animalien edukitzea
arautzea, bai konpainiakoena bai konpainiakoak ez direnena, animalien eta
pertsonen arteko bizikidetza bateratzeko helburuz, ingurunearen osasunerako
eta pertsona nahiz ondasunen lasaitasun, osasun eta segurtasunerako izan
daitezkeen arriskuak saihestuz.
Halaber, animaliek tratuaren, higienearen, elikaduraren, babesaren,
erakusketaren, garraioaren eta identifikazioaren ikuspuntutik jaso beharreko
gutxienezko arreta ere arautzen du.
Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide
juridikoa arautzen da, dagokion lizentzia lortzeko neurriak, edukitzeko eta
errolda erregimen baldintza orokorrak.
Animaliak aldi batez edukitzen dituzten establezimenduek bete
beharreko arauak ezartzen ditu, bai eta albaitaritzako kontsultategi,
klinika zein ospitaleen eta animalia saltokien ezaugarriak eta baldintzak ere.
Azkenik, ikuskapen eta zaintza neurriak zehazten ditu, arau-hausteak
eta zigor aplikagarriak sailkatzen ditu eta zehapen prozedura betearazlea
ezartzen du.
I. TITULUA
HELBURUA, DEFINIZIOAK ETA EZARPEN EREMUA
I. KAPITULUA. EZARPEN EREMUA ETA HELBURUAK
1. artikulua.
Ordenantza honen ezarpen eremu geografikoa Zumaiako udalerri osoa da.
2. artikulua.
Ordenantza honen xedea da udalerrian dauden etxeko animaliak,
animalia etxekotuak eta animalia basatiak babesteko, bizikide izateko,
edukitzeko, erabiltzeko, erakusteko eta merkaturatzeko arauak jartzea,
udalerrian zentsatuak edo erroldatuak egon ala ez egon, jabe nahiz
edukitzaileak bizi diren lekuan bizi direla.
Horretarako animaliek tratuari, higieneari, zainketari,
identifikazioari eta babesari dagokionez jaso beharreko arreta minimoak zein
diren ezartzen da eta, halaber, establezimendu berezituetan, osasun-arretan,
merkaturatzerakoan eta saltzerakoan bete beharreko arauak ere ezartzen
dira.
Honako arlo hauek ordenantza honen ezarpen eremutik kanpo daude,
bestelako araudi berezia dutelako:
a) Ehiza.
b) Arrantza.
c) Basoko faunaren babesa eta kontserbazioa bere
ingurune naturalean.
d) Zezenekin eta/edo bigantxa, idi eta zaldiekin egiten
diren festak.
e) Animaliak ikerkuntza eta bestelako helburu
zientifikoetarako erabiltzea.
f) Hegazti-tiroko lehiaketak.
g) Hainbat herri-kirol, elementu
nagusia etxeko animaliak direnean.
h) Nekazaritza ustiaketak.
II. KAPITULUA DEFINIZIOAK
3. artikulua.
1. Konpainiako animalia:
Gizakiak mantentzen duen animalia, batez ere
etxean, etxeko animalia zein animalia basatia izan, eta jostatzeko, hezteko
nahiz apaintzeko, gordetzeko edo babesteko helburuz edukitzen dena, inolako
irabazi asmorik gabe.
2. Ustiaketarako animalia:
Gizakiak irabazi asmoarekin mantentzen dituen
animaliak, irabaziak zuzenean animalien ustiaketatik lortzen direla nahiz
haiengandik eskuratutako produkzioen ustiaketatik lortzen direla.
3. Basa animalia gatibutzan:
Berez basa-animaliak izanda gatibutzan jaio diren animaliak edo
naturan libre jaio arren, gatibutzan dauden animaliak, baina gatibutzaren
helburua ez bada animalia etxekotzea edo heztea.
4. Animalia abandonatua:
Animalia abandonatutzat joko dira jabe edo helbide ezagunik ez
dutenak, animaliaren datuak jakiteko sistemarik ez dutenak eta erroldan ez
daudenak.
Era berean, animalia abandonatutzat joko dira ondorengo egoeretan
daudenak: erroldan egon arren animaliaren jabeak ez badu arautegiak ezarritako
epe barruan haren desagertzearen salaketarik egin, edota bide publikoan
jaberik gabe dabilena.
5. Baldintza berezi batzuk betez
eduki beharreko animaliak:
Ordenantza honi dagokionez, eta segurtasun
publikoari buruzko legerian xedaturikoa baztertu gabe, ondoko hau hartuko da
«baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia» gisa: Udal agintari
eskudunek banaka halakotzat jo eta hala katalogaturiko txakurra. Horretarako
irizpide objektibo batzuk hartuko dira kontuan, hala nola salaketarik jaso
izana, portaera oldarkor edo erasokorra agertu izana, edo pertsona eta/edo
animalientzako arriskua agerian jartzen duen beste edozein inguruabar.
6. Arriskutsua izan daitekeen
animalia:
Oro har, fauna basatiko animaliak izanik
etxeko edo konpainiako animalia gisa erabiltzen direnak, beren oldarkortasuna
alde batera, pertsona edo beste animaliei heriotza edo lesioak eta gauzei
kalteak eragiteko ahalmena dutenak.
Beren oldarkortasuna, tamaina edo barailaren
potentziarengatik pertsona edo beste animaliei heriotza edo lesioak eta
gauzei kalteak eragiteko ahalmena duten etxeko edo konpainiako animaliak ere,
bereziki txakurrak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira.
Arauz zehaztuko da zein diren. (101/2004 Dekretuko I. eta II. eranskinetan
zehaztutako txakur-espezieetakoak).
II. TITULUA
ANIMALIAK EDUKITZEKO LEGE-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
4. artikulua.
Orokorrean baimendu egiten da etxe
partikularretan konpainiako etxeko animaliak edukitzea, baldin eta etxeak,
etxeko instalazioek eta animalien kopuruak zein tamainak horretarako aukera
ematen badute osasunaren eta garbitasunaren aldetik, eta auzokideentzat,
animalientzat edo beste edonorentzat arrisku egoerarik edo eragozpenik
sortzen ez baldin bada.
Debekatua dago balkoietan, garajeetan,
pabiloietan, sotoetan, zabaltzetan, lorategietan edota bestelako edozein lokaletan
animaliak edukitzea, estabulatzea edo erdi estabulatzea, baldin eta
animaliek auzokide zein oinezkoei beren usain, zikinkeria, ulu edo zaunkekin
traba egiten badiete.
Era berean debekatua dago txakurrak eremu
urbanizaezinean dauden baratze eta antzekoetan edukitzea, eremu horiek
baserri edo landetxeen erabilerarako lursail itsatsiak ez badira behintzat.
5. artikulua.
Debekatua dago hirigunean ustiaketa-animaliak
hazteko helburuz edukitzea, eta ezin izango dira estabulatu etxe partikular,
terraza, zabaltza, ganbara, soto, trasteleku, bodega, patio eta antzekoetan.
6. artikulua.
Basa animaliak parke, zoologiko edo antzeko helburua duten bestelako
lekuetatik kanpo edukitzeko indarrean dagoen legeria bete beharko da kasu
bakoitzean, eta jabea arduratuko da auzokideentzat inolako arrisku edo
eragozpenik ez sortzeaz. Horregatik debekatua dago animalia hauek solte
lagatzea gune irekietan edo jendea dabilen lokaletan.
7. artikulua.
Animalien jabeak edo edukitzaileak behartuta daude animaliei janari
eta zainketa egokia ematera, gaixotasunen tratamendua dela zein osabidea dela,
animaliak ahalik eta ongien bizitzeko, bai eta agintariek ezarritako
administrazio neurriak zein osasunaren prebentzioari buruzkoak betetzera ere.
Horiez gain, animalia mota bakoitzak dauzkan ezaugarrien araberako bizitokia
eman beharko diete jabeek animaliei.
8. artikulua.
Animaliak ondo babestuak egon daitezen, erabat debekatuak daude:
1. Animaliak bortizkeriaz edo substantzia toxikoak emanez
akabatzea, bide zein gune publikoetan substantzia toxikoak lagatzea eta
norbere zein inoren animaliak zauritzea, ankerkeriaz tratatzea edo tratu
txarrak ematea, etxeko animalia, animalia etxekotua zein basa animalia izan.
2. Animaliak antzerki, diskoteka, pelikula edo propaganda
jardueretan erabiltzea, baldin eta erabilera horren ondorioz, animaliak
sufritu edo mina hartzen badu edota degradatzen bada.
3. Animalien arteko borroka-saioak, publikoak zein
pribatuak, baldin eta bertan animaliak akabatu, zauritu, izutu eta erasotzen
badira.
4. Animaliei gorputz atalen bat moztea, ez bada,
behintzat, albaitariaren kontrolpean helburu terapeutikoz, arrazoi
funtzionalez edo arrazaren ezaugarriei eusteko egina.
5. Espresuki debekatzen da animaliak abandonatzea.
6. Adin txikikoei animaliak saldu, laga edo ematea.
7. Animalien salmenta ibiltaria, baimendutako merkatu eta
azoketan izan ezik.
8. Animaliak administrazioaren kontrolik gabe klinika eta
laborategiei saltzea.
9. Alkohola, drogak eta botikak ematea edo kalte fisikoak
zein psikikoak eragin diezazkien edozein manipulazio artifizial egitea,
bereziki lehiaketetan errendimendua handitzeko bada.
10. Espezie babestuetako animaliak saltzea, edukitzea
eta erakustea, arlo honetako legeria kontuan izan gabe.
11. Animaliak ematea saritzat, ordainketatzat edo
erosketa baten konpentsazio oparitzat.
9. artikulua.
Kaleko animaliak.
1) Animaliek gizakioi eta ondasunei eragin liezazkiguketen
eragozpenak edota arriskuak saihesteko, herritarrek udal osasun zerbitzuei
jakinaraziko diete kaleko animaliak edo abandonatutako animaliak daudela.
2) Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti,
txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea.
Idatz zati honetan jasotakoa ez betetzea arau-haustea izango da,
Ordenantza honetako 64. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3) Hiri-habitateko edo kontrol gabeko animalia-espezieen
ugalketak hala justifika dezakeenean, udal agintariek beharrezko neurriak
hartuko dituzte animalia horien populazioa kontrolatzeko.
II. KAPITULUA. ‑TXAKUR ETA KATUEI BURUZKO BERARIAZKO XEDAPENAK
10. artikulua.
Txakur jabe edo edukitzaileek derrigorrez identifikatu eta erroldatu
beharko dituzte beren txakurrak, txakurra jaio edo erosi den momentutik hilabeteko
epean. Berdin egingo da bestelako edozein konpainiako animalia bada ere.
Animaliek beren zentsu identifikazioa eraman beharko dute beti
nahitaez.
Animalia ez erroldatzea, edo epez kanpo egitea, arau haustea izango da
animalia babesteari buruzko Legearen 27.1.a artikuluan xedatutakoari jarraituz.
11. artikulua.
Identifikaziorako txakurrari lepoaren ezkerraldean mikrotxipa edo
osagai elektroniko bat jarriko zaio. Mikrotxip hori albaitari ofizial batek
edo horretarako gaitua dagoen albaitari pribatu batek jarriko dio.
Inplantazio hori Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko
maiatzaren 5eko Aginduan ezarritakoari jarraituz egingo da; horren bidez
Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak identifikatzeko metodo elektrikoen
erabilera eta ezar litekeen beste edozein arautan xedatutakoa erregulatzen da
(101/2004 dekretuan xedatzen den moduan).
12. artikulua.
Udalaren ardura da Zumaiako udalbarrutian txakurren errolda egitea eta
kudeatzea. Errolda horretan erregistraturik egongo dira udalbarrutian bizi
diren txakur-jabe edo edukitzaileen txakur guztiak eta baita udalerrian
erroldaturik egon gabe ere udalerrian barrena ibili ohi direnak.
Errolda horretan, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak
Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO) haiek identifikatzeko jasota
dauden datuez gain animalia edukitze-agatik izenpetutako erantzukizun
zibileko aseguruari buruzko datuak ere jaso beharko dira.
Udala datu-basea urtero eguneratua edukitzeaz eta datuen
ezkutukotasunaz arduratuko da.
13. artikulua.
Animalia identifikatzerakoan, albaitari gaitu jarduleak Txakurraren
Kartilla Ofiziala eta animaliaren identifikaziorako agiri bat beteko ditu.
Agiri horren bidez, batetik, identifikatu egingo da txakurra; eta bestetik,
Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Aginduaren
ondorioz sortutako EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean
(AIEO) animalia erregistratzeko eskaria egingo da.
14. artikulua.
Animalien jabeek edo edukitzaileek albaitariari jakinarazi beharko
diote heriotzagatik izandako bajak, eta albaitariak horren berri emango dio
Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari, heriotza gertatzen den egunetik
kontatzen hasita 10 eguneko epean.
15. artikulua.
Animalia lapurtu edo desagertuz gero, salaketa jarri beharko da 24
orduko epe barruan eta hori egin ondoren, gertatutakoaren berri zuzenean emango
zaio Lurralde Erregistroari, 10 eguneko epean.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien kasuan, animalia lapurtu edo
galduz gero salaketa jarri beharko da, goian aipatutako epean, eta jabeak
arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erroldako arduradunari
gertatutakoaren berri eman beharko dio, gehienez ere 48 orduko epean.
16. artikulua.
Txakur-jabeak edo edukitzaileak etxez aldatzen badira edo
txakurraren jabetza eskualdatzen badute, 10 eguneko epea izango dute
albaitariari eta dagokion Lurralde Erregistroari horren berri emateko.
17. artikulua.
Animaliaren jabeak ordainduko ditu identifikazioa, osasun kartilla eta
erroldan izena ematea.
18. artikulua.
Ordenantza honen arabera abandonatutzat jotzen diren animaliak
dagokion udal zerbitzuak edo horretarako kontratatutakoak jasota edukiko
dituzte.
19. artikulua.
«Baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliak» moduan
sailkaturiko txakurren kasuan, derrigorrezkoa da hala sailkatua dagoela
agertzea Txakurren Kartilla Ofizialean eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko
Animalien Identifikazio Elektronikoko Erregistro Orokorrean.
III. KAPITULUA. ANIMALIEN OSASUN KONTROLA
20. artikulua.
Animalia bati gizakientzat zein gainontzeko animalientzat
kutsakorra den gaixotasunen bat diagnostikatzen badiote, edo horrelako
gaixotasun sintomak baditu, edo pertsona nahiz animaliaren bati hozka egin badio,
Udalak agindu dezake animalia hori zaintzapean eta behaketan jartzea.
Animaliaren batek pertsonentzat nahiz animalientzat kutsakorra den
gaixotasunen bat badu (albaitari kolegiatu batek diagnostikatua) eta
albaitariaren iritziz animalia akabatu egin behar bada, baimendutako
sistemaren bat erabiliz akabatuko da, eta gastuak jabeak ordaindu beharko ditu.
Horiez gain, gaixotasun kroniko sendaezinak edukirik jabeek behar bezala
zaintzen ez dituztenak ere akabatu egin beharko dira.
21. artikulua.
Pertsona bati edo gehiagori hozka egin eta lesioak eragin dituela
frogatu zaion animaliari Gipuzkoako Lurraldean animalia haginkarientzat
ezarrita dagoen indarreko zaintza eta behaketa ezarriko zaio.
22. artikulua.
Aipaturiko zaintza eta behaketa aurrera eramango da, soilik hozkada
jasan duen pertsona edo bere ordezkariak Udalean hozkadaren salaketa bat jarri
baldin badu.
IV. KAPITULUA. ANIMALIAK LEKU PUBLIKOETAN
23. artikulua.
Hiriko bide eta leku publikoetan eta eraikin
kolektiboetako guztien erabilerarako zatietan, txakurrak kontrolpean eta uhal
batez loturik eduki behar dira. Uhalak egokia izan behar du animaliaren
ezaugarrietarako.
Txakurren aisialdirako guneak prestatuko dira.
24. artikulua.
«Baldintza berezi batzuk betez eduki
beharreko animaliak» eta «arriskutsuak izan daitezkeen animalia» gisa
sailkatutako animalien kasuan, jabeek, hazleek edo edukitzaileek, aipaturiko
baldintza orokorrez gain eta herri segurtasunari buruzko legerian xedaturikoez
gain, ondoko baldintza berezi hauek bete behar dituzte:
a) Txakurra dagoen leku edo
esparrua segurtasun sistema egokiaz hornitu behar da animaliak ihes egitea
eragozteko edo haurrek bertara erraztasunez sar ez daitezen, auzokoentzat,
kaletik pasatzen direnentzat edo gainerako animalientzat inolako arriskurik
ez dagoela bermatzeko.
b) Debekaturik dago animalia
lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea.
c) Bide publikoetan, eraikin
kolektiboetako guztien erabilerarako zatietan eta, oro har, leku publikoetan,
derrigorrezkoa da txakurrak une guztietan muturrekoa eramatea, bakoitzaren
tipologia kontuan hartuta egokia duena.
d) «Baldintza berezi batzuk
betez eduki beharreko animaliak» katalogaturik dauden txakurrek ezin dute
inola ere parte hartu txakur erakusketa, lehiaketa edo bestelako gertakizunetan.
25. artikulua.
Debekatua dago animaliak honako leku hauetan sartzea eta bertan
edukitzea:
a) Edozein motako elikagaiak fabrikatu, salmenta,
biltegiratze, garraiatu edo saltzeko lekuak. (kafetegiak, tabernak,
jatetxeak, etab.).
b) Ikuskizun publiko, kultural, kirol eta jostetako
lokalak, igerileku publikoak eta osasun zentroak. Bakarrik sartu ahal izango
dira leku horietan animalien lehiaketak edo ikuskizunak antolatzen direnean.
c) Ikastetxeak, salbu eta heziketa prozesuan behar
badira, eta kasu honetan zuzendariaren edo zentroko arduradunaren
erantzukizuna izango da.
d) Hondartzei dagokienez, sarrera debekatuta izango da
Aste Santuan eta hondartza denboraldian, hau da, ekainaren 15etik irailaren
15era.
Goian aipatutako leku horien guztien titularrek debeku hau adierazten
duten seinaleak ipini beharko dituzte ondo ikusteko moduan.
26. artikulua.
25. artikuluan adierazitakoetan sartzen ez diren eta herritarrentzako
irekita dauden denda batzuen jabeek ere txakurrak euren dendetan sartzea eta
bertan egotea debeka dezakete; debeku hori argi eta garbi adierazi beharko da
dendaren sarreran. Txakurrak sartuz gero, ordea, derrigorrez eskatu beharko
dute txakurrek identifikazioa izatea, uhalarekin lotuta egotea eta muturrekoa
ipinita, txakurraren ezaugarriek eta izaerak halakorik eskatzen badute.
Bestalde, txakurrek ezin izango dute gaixotasun sintomarik eduki edo zikinak
egon. Ezin izango da txakurrik sartu janaria egin eta manipulatzen den
lekuetan.
27. artikulua.
Toki komunitario pribatuetan, hau da, kultur elkarte, jolas elkarte,
auzokideen komunitateen erabilerarako leku eta abarretan animaliak sartu eta
egon ahalko dira, baldin eta entitate horiek dituzten arauek onartzen
badituzte eta arauak betetzen badituzte.
28. artikulua.
Gida-txakurren laguntzaz ibiltzen diren pertsonentzat ez dago
debekatua aurreko artikuluetan adierazitakoa.
29. artikulua.
Debekatua dago txakur-gorozkiak bide eta plaza publikoetan,
hondartzetan, haur parkeetan, lorategietan, zelaietan eta oro har,
apaindurarako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea.
Horregatik, txakurrekin doazen pertsonek
gorozkiak jaso egin beharko dituzte.
Txakurrak gorotzak bide eta plaza
publikoetan, hondartzetan, parkeetan, lorategietan, zelaietan eta oro har,
apaindurarako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uzten badu,
txakur-jabeak edo hartaz baliatzen ari dena izango da txakurrak sortzen
dituen kalte, galera eta arazoen erantzule, Kode Zibilaren 1.905. artikuluak
xedatzen duen moduan; baita txakurrak alde egiten badio ere.
Txakur batek bide publikoa zikintzen badu,
herritarrek eskubidea izango dute txakur-jabeari edo eramaileari zikindutakoa
garbi dezala eskatzeko.
30. artikulua.
Animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen
bada, eta norbaiti eta ondasun publiko zein pribatuei kalterik egiten badie,
jabea edo hartaz baliatzen dena izango da erantzulea, Kode Zibilaren 1.905.
artikuluak xedatzen duen moduan.
V. KAPITULUA. ANIMALIAK JASOTZEKO ZERBITZUA
31. artikulua.
Hildako animaliak:
Bide eta errepide publikoetan agertzen diren animalia hilen gorpuak
Udalak edo zerbitzua kudeatzen duen enpresak jasoko ditu. Ez ditu jasoko,
ordea, Lurzoruaren Legearen arabera lurzoru urbanizaezin kalifikatutako
lekuetakoak, udal lurrak ez badira behintzat. Egoerak aginduta, udal
zerbitzuek animalia hildakoren bat jabetza pribatuko lurren batetik jaso
behar badute, sortutako kostuak animaliaren jabeak hartuko ditu bere gain, eta
hala ez balitz lurraren jabeak.
32. artikulua.
Abandonatutako txakur eta katuen kontrola:
1. Herrian zehar edo herri inguruko bideetan zehar jaberik
edo eramailerik gabe dabilen animalia jaso egingo da, eta dagokion zerbitzura
eramango, propioa nahiz itundua dela, udal administrazioak eskatuta.
2. Identifikaziorik gabeko animaliak jasota edukitzeko
epea gutxienez 30 egun naturalekoa izango da. Eta epe horretan inork ez badu
haren galde egin, ondoko hauetakoren bat egin ahal izango da: animaliaren jabe
egin, beste norbaiti eman edo hura hil.
Animaliak identifikaziorik baldin badarama haren jabeari animalia jaso
edo erretenitu dela jakinaraziko zaio eta jabeak 7 egun baliodun izango ditu
hura berreskuratzeko. Animalia zentroan jasota egon den artean izandako
gastuak jabeak ordaindu beharko ditu. Epe hori igaro eta jabeak animalia
berreskuratu ez badu, aurreko idatz zatian adierazitakoa egingo da
animaliarekin.
3. Albaitariaren txostenak animaliaren egoera zein
osasuna txarrak direla eta bere izaera arriskutsua dela adierazten badu,
animalia akabatzeko epea aldatu egin ahal izango da, eta presaz akabatu ahal
izango da.
4. Zerbitzu propio nahiz itunduan utzitako animalia
identifikatuak, jabeak aldez aurretik haien jabetzari espresuki uko egin
badiote, animaliak eskatzen dituen edonori eman ahal izango zaizkio 30 eguneko
epean, gehienez ere. Horrelakoetan animaliari uko egin dionak ordaindu beharko
ditu jasota egon den bitartean sortutako kostuak.
5. Lakiolariak lanean ari diren bitartean Agintaritzaren
Agentetzat hartuko dira, ondorio guztietarako.
VI KAPITULUA. ‑ERASO BATEN AURREAN NOLA JARDUN
33. artikulua.
1) Animalia batek norbait eraso diolako salaketa jaso edo
horren berri daukan udal zerbitzuak erasoa egin duen animaliaren edota haren
jabea identifikatzen lagunduko duen datu oro bilduko du salatzailearengandik
edo gertakarien jakinarazpena egin duenarengandik, eta berehala jarriko ditu
datu horiek administrazio-espedienteaz arduratuko den agintaritzaren
eskuetan, alegia, txakurra erroldatuta dagoen eta, halakorik ezean, jabea bizi
den udalerriko udalaren eskuetan, eta dokumentazio guztia udal horretara
eramango da.
2) Erasoan norbaiti hozka egin badio eta horrek lesioren
bat sortu badio, erakunde eskudunak espedientea ireki dela jakinaraziko die
Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Unitateari eta foru aldundietako abere
osasuneko zerbitzuei.
Lesioak eragin dituen animaliaren jabeak 24 ordu izango ditu animalia
berak aukeratutako albaitari ofizial edo gaitu batengana eramateko; animaliak,
txakurra bada, behaketan egon beharko du hamalau egunez, baina egun-kopuru
hori aldatu egin ahal izango da beste animalia batzuen kasuan edo unean uneko
baldintza epizootiologikoek hala gomendatzen badute, betiere, txosten
tekniko batek hartarako arrazoiak ematen baditu. Hozka egin eta 24 orduen epe
hori igaro, eta jabeak txakurra albaitariarengana borondatez eraman ez badu,
eskumena duen udal agintaritzak eraman dezan eskatuko dio, eta animaliak
jasotzen dituen zentro batean sartzeko edota isolatzeko agindu ahal izango
du. Errekerimendu hau ez betetzea arau-hauste larria izango da ekainaren 26ko
8/1997 Legeko -Euskadiko Antolamendu Sanitarioa- 36.2.b.1 artikuluan
jasotakoari jarraituz, eta han esandakoa bermatzeko kautelazko neurriak
hartzearen kaltetan izan gabe. Dena den, egindako txostenaren edo
egiaztagiriaren kostua animaliaren jabeak edota edukitzaileak ordaindu beharko
du. Animaliak jabe edo edukitzaile jakinik izango ez balu, gertakarien berri
jaso duen udal zerbitzua arduratuko da animalia jaso eta behaketan jartzeaz.
Behaketaren berri eman beharko dio espedientea tramitatzeko eskumendun udalari
gertaerak izan eta 72 orduko epea baino lehen.
Albaitariak behaketa egingo du zoonosia izateko arriskua dagoen ala ez
ikusteko eta animaliaren izaera arriskutsua izan daitekeen ala ez ebaluatzeko
eta, 101/2004 dekretuko 0. eranskinean dagoen ereduari jarraituz, emaitzari
buruzko egiaztagiria/txostena bidali beharko du. Jabeak edota edukitzaileak,
behin animaliari behaketa egin zaionean, 48 ordu izango ditu albaitariaren
egiaztagiria/txostena bidaltzeko espedientea izapidetzen ari den udalari
—lehen paragrafoan adierazitakoari—, udal horrek espedientean sar dezan.
Udalak, dagokion foru aldundiko Abeltzaintza Zerbitzura eta Osasun Saileko
Zaintza Epidemiologikoko Zerbitzura bidali beharko du kopia bat. Behaketa
hori egin ondoren arrisku sanitarioa dagoela ikusten bada, horretan diharduen
administrazioak txakurra zentro batean sartzeko edota isolatzeko edo, egoera
horretan egonez gero, berdin jarraitzeko agindua eman dezake.
3) Erasoan hozkadarik egin ez badio, jabeak edo
edukitzaileak berak nahi duen albaitari ofizial edo gaitu batengana eraman
beharko du txakurra; albaitariak animaliaren izaera arriskutsua den ala ez
ebaluatuko du nahi duen denboran, eta egiaztagiri bat emango du. Jabeak
espedientea izapidetuko duenari bidali beharko dio egiaztagiri hori.
VII KAPITULUA. ‑ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN
ANIMALIEI BURUZKO BERARIAZKO
XEDAPENAK
34. artikulua.
Araubide orokorra.
Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei, Ordenantza honetako 3.
artikuluan zehaztutakoei, aplikatzekoak izango dira arriskutsuak izan
daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko
50/1999 Legean, lege hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege
Dekretuan, eta aplikagarri gerta litekeen beste edozein araubidetan jasotakoak.
35. artikulua.
Lizentzia.
1. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko
araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen babesean animalia
arriskutsutzat sailkatutako edozein animalia eduki ahal izateko,
administrazio-lizentzia lortu behar da, eskatzailea bizi den udalerriko
udalak emango duena edo, bestela, salerosketa edo txakurraren trebakuntza
egin deneko udalak –bizi den udalean horren berri eman ondoren–, betiere
aurrez, gutxienez honako betekizun hauek betetzen direla egiaztatu ondoren:
a) Adinez nagusi izatea.
b) Hilketa, lesio edo torturengatiko, askatasunaren edo
osotasun moralaren, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurka
egiteagatiko, edo talde armatu edo narkotrafikatzaile batekin lotura
izateagatiko delituengatik kondenatua ez izatea, eta ebazpen judizial batek
arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko eskubidea kenduta ez
izatea.
c) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide
juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.3 artikuluan
adierazitako zehapen osagarririk jaso ez izana, arau-hauste larria edo oso
larria egin izanagatik. Lizentzia denbora baterako kendu izanak ez du esan
nahi, hala ere, lizentzia gehiago eskuratzerik edo berritzerik izango ez
denik; hori bai, lizentzia eskatzerakoan, osorik beteta izan behar da
aurreko zehapena, alegia, lizentziarik gabe egon beharreko aldiak bukatuta
egon behar du.
d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eduki ahal
izateko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea.
e) Hirugarren batzuentzako kalteengatiko erantzukizun
zibileko asegurua formalizatuta izatea, estaldura ehun eta hogei mila eurotik
(120.000) gorakoa izanik.
Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek, ekainaren 1eko
101/2004 dekretuko 13-3-e) eta 12. artikuluetan jasotakoarekin bat, aurreko
idatz-zatian ezarritako baldintzapeko asegurua formalizatzeaz gain, animalia
identifikatzen den egunetik hasita hamar eguneko epean kontratatu beharko dute
aseguru hori, dagokion erregistroan sartu baino lehen. Aseguru hori beste
aseguru batzuen barruan egon daiteke, baina edozein kasutan ere, kontratazioak
egiaztagiri baten bidez onetsita egon beharko du, aipatutako 101/2004
dekretuko III. eranskinean jasotako ereduaren araberakoaren bidez. Egiaztagiria
aseguru-konpainiak egindakoa izango da. Bertan, aseguruak babestutako
txakurraren identifikazioari berariazko erreferentzia egingo zaio eta aseguruaren
efektu-data eta mugaeguna zehaztuko dira.
Txakurraren jabearen ardura izango da animalia bizi den artean
erantzukizun zibilerako aseguru horren babespean edukitzea eta asegurua
indarrean mantentzea, horretarako beharrezko berritzeak eginez, hala behar
denean.
f) 1. idatz-zati honetako b) eta c) paragrafoetan
ezarritako betekizunak dagozkien erregistroek egindako egiaztagiri negatiboen
bidez erakutsiko da. Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa lehen ere
aipatutako martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz
lortutako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira.
2. Lizentzia administratiboa, interesatuaren eskariz,
eskumena duen organoak eman edo berrituko du, 50/1999 Legean xedatutakoari
jarraituz, aurreko idatz-zatian ezarritako betekizunak egiaztatu ondoren.
3. Lizentzia bost urterako izango da eta berritu egin
ahal izango da iraupen bereko segidako aldietan. Hala ere, lizentziaren
indarraldia galdu egingo da aurreko idatz-zatian ezarritako edozein betekizun
betetzen ez denean. Lizentzian ageri diren datuetako edozein aldatzen bada,
titularrak eskumena duen organoari jakinarazi beharko dio aldaketa gertatzen
den egunetik zenbatzen hasita hamabost egun baino lehen.
4. Bide judiziala edo administratiboa erabiliz emandako
administrazio-lizentzia bati kautelazko neurriak ezartzen bazaizkio edo
lizentzia hori kentzen bada, ez da izango beste lizentzia berririk ematerik
edo lizentzia bera berritzerik, harik eta egoera hori aldatu arte.
5. Artikulu honetako 1. paragrafoan eskatutako betekizunak
bete gabe emandako lizentziek ez dute inolako baliorik izango eta, beraz,
titularrak ez duela lizentziarik ulertuko da.
36. artikulua.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.
1. Lizentziaren titularrari dagokio txakurra
arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan sartzeko
eginbeharra, lizentzia eskuratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita,
hamabost eguneko epean.
2. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal
erregistroari jakinarazi beharko zaio animaliaren salmenta, eskualdaketa,
dohaintza, lapurreta, heriotza edo galeraren berri, hala jasota utziz
dagokion erregistro-orrian.
3. Arriskutsua izan daitekeen animalia Euskal Autonomia
Erkidegotik kanpoko beste udalerri batera lekualdatzeko, betiko edo hiru
hilabetetik gorako aldirako, jabeak ezinbestean egin beharko ditu dagozkion
inskripzioak udal erregistroetan.
4. Animaliaren titularrak artikulu honetan agindutakoa
betetzen ez badu, dagokion zehapen administratiboa egingo zaio, 50/1999 Legeko
13. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
37. artikulua.
Segurtasun neurriak.
1. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle edo
edukitzaileek indarrean dagoen legerian hiritarren segurtasunerako ezarritako
arau guztiak betetzera derrigortuta daude, animalia horien eta gizakion arteko
bizikidetzarik hoberena bermatzeko xedez eta biztanleriari ahalik eta
eragozpen gutxien eragiteko.
2. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak leku edo
espazio publikoetan egoteko animaliok daramatzanak eta kontrolatzen dituenak
aldean eraman beharko ditu Ordenantza honetako 17. artikuluan aipatutako
lizentzia administratiboa eta animalia hori arriskutsuak izan daitezkeen
animalien udal erregistroan izena emanda daukala egiaztatzen duen ziurtagiria.
3. Etxalde, landetxe, txalet, lursail, terraza, patio
edo beste edozein leku mugatutan dauden eta arriskutsuak izan daitezkeen
animaliek lotuta egon beharko dute, baldin eta leku horietara sartu edo
hurbildu daitezen lagunak eta animaliak babesteko besteko azalera, altuera eta
itxitura egokidun lekuan ez badaude.
4. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien hazle,
hezitzaile eta salerosleek animaliok edukitzeko instalazio eta baliabide
egokiak izan beharko dituzte.
5. Arriskutsua izan daitekeen animalia lapurtu edo
galtzen bada, titularrak gertakari horren berri eman beharko dio arriskutsuak
izan daitezkeen animalien udal erregistroko arduradunari, gertaeraren berri
izan eta, gehienez, berrogeita zortzi orduko epea pasatu baino lehen.
38. artikulua.
Salbuespenak.
Jabeak zenbait betekizunetatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta
inguruabarrak kontuan izanik, halaxe komeni bada. Honako kasu hauetan gerta
daiteke hori:
a) Animaliok funtzio sozial batekin erabiltzen dituzten
erakunde publiko edo pribatuak direnean.
b) Ganadua zaintzeko, babesteko eta maneiatzeko, bai eta
jarduera zinegetikoetarako ere, txakurrak erabiltzen dituzten nekazaritzako
ustiategiak direnean. Txakur horiek ezingo dute 50/1999 Legean jasotako legez
kontrako ekintzatan jardun.
c) Lan eta kirol arloko probetan parte hartzeko aukeratu
behar diren txakurrak direnean; erakunde eskudunak baimendu eta ikuskatuko
ditu txakur horiek. Indarrean dagoen araudian eta Ordenantza honetan
ezarritakoaren arabera, ez dira onartuko borroka eta erasoetan parte hartu
behar dutenak.
39. artikulua.
Arriskutsua izan daitekeen txakurra» dela jaso egin beharko da bai
Txakurraren Kartilla Ofizialean, bai Animaliak Identifikatzeko Erregistro
Orokorrean.
40. artikulua.
Arriskutsua izan daitekeen txakur baten jabeak Dekretu honetan
jasotzen diren neurriak betetzen ez baditu, udal-aginteak kautelazko neurriak
ezarriko ditu, eta aurreikusita daukan zentro batera eramango du. Halaber,
zehapen ekonomikoak ere ezarri ahal izango dira. Zehapen-prozedurari amaiera
ematen dion ebazpenean, behar izanez gero, indarrean dagoen araudian adierazten
diren zehapen osagarriak ezarri ahal izango dira.
41. artikulua.
Garraioa.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien garraioa animalien ongizateari
buruzko berariazko araudiari jarraituz egin beharko da, eta inguruabarrek
eskatutako zuhurtasuneko neurriak hartu beharko dira, garraioaldian eta
zamalanetan pertsonen, ondasunen eta beste animalia batzuen segurtasuna
bermatzeko.
III. TITULUA
ANIMALIEN ALDI BATERAKO MANTENTZEAZ ARDURATZEN DIREN ESTABLEZIMENDUENTZAKO
ARAUAK
42. artikulua.
Titulu honen barruan sartzen dira:
a) Hazkuntza eta hezkuntza zentro eta aterpetxeak.
b) Animaliak saltzeko lokalak.
c) Albaitaritzako kontsultategiak, klinikak eta
ospitaleak.
d) Udalerrietako aldi baterako jarduerak (zirkuak, zoo
ibiltariak).
43. artikulua.
Jarduera horiek guztietarako udal lizentzia beharko da, eta lizentzia
hori sailkatutako jardueren araudian ezarritakoaren araberakoa izango da.
I. KAPITULUA. ‑HAZKUNTZA ZEIN HEZKUNTZA ZENTROAK ETA ALDI BATERAKO ATERPETXEAK
44. artikulua.
Hazkuntza zentroek, hezkuntza zentroek eta animalien egoitzek
animaliaren sarrera eta irteeren erregistro liburua eduki beharko dute. Liburua
arlo honetan eskumenak dituzten osasun agintarien esku egongo da eta baita
Udalaren esku ere.
45. artikulua.
Eraikuntzek, instalazioek eta ekipoek giro garbia sortu beharko dute,
bertan dauden animaliak babestuko dituzte eta egin behar izaten diren jarduera
zoo-sanitarioak erraztuko dituzte.
Halaber animaliak erraz manipulatzeko aukerak eman beharko dira eta
animalien izaerari egokituta egon beharko dute, hartara animaliei
bizi-baldintza egokiak eskaintzeko.
46. artikulua.
Zentroek barruko saneamendu sarea eduki beharko dute eta gorozkiak zein
ur zikinak desagerrarazteko neurri zuzentzaile egokiak edukiko dituzte, arlo
horretako araudiak jasotakoaren araberakoak, osasun publikoan zein inguruko
osasun egoeran egon daitezkeen arriskuak gutxitzeko.
Zentroetan edateko ura egon beharko du, bertan dauden animaliek zein
pertsonek edan dezaten.
47. artikulua.
Zentroetako esparruak, lokalak zein kaiolak erraz garbitu eta
desinfektatzeko moduan eta materialekin eraikiko dira. Esparru horiek
gutxienezko azalera izango dute, animaliaren tamainaren araberakoa izango
dena, animaliaren ongizatea bermatzeko.
48. artikulua.
Lokalak, animaliekin kontaktuan dauden tresnak eta animaliak
garraiatzeko ibilgailuak, halakorik balego, garbitu eta desinfektatzeko
tresnak zein baliabideak eduki beharko dituzte.
49. artikulua.
20 animaliako kaiola bat eduki beharko dute gutxienez, gaixorik dauden
animaliak eta gaixorik dauden susmoa dagoenean, bertan isolatu, bahitu eta
behatzeko. Kaiola horiek erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izango
dira.
Era berean, animalien gorpuak eta material kutsagarriak ezabatu edo
desagerrarazteko bitarteko egokiak eduki beharko dituzte.
50. artikulua.
Zentro hauek garbitasun eta profilaxi programa definitu bat egin
beharko dute albaitari tekniko batek oniritzia emanda, eta honako hau jasoko
du gutxienez: Behar den bakoitzean eta, gutxienez, sei hilabetean behin,
animaliekin kontaktuan dauden materialak eta lokalak sakon desinfektatuko
direla eta intsektuen eta arratoien kontra fumigatuko direla.
Albaitari ikuskatzaile ofizialek instalazioak zein bertako animalien
egoera ikuskatu ondoren osasunaren eta garbitasunaren aldetik akatsen bat
ikusten badute, jardueraren titularrei akatsak zuzentzeko behar diren
neurriak hartzeko eskatuko diete.
II. KAPITULUA. ANIMALIAK SALTZEKO LOKALAK
51. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten establezimenduek albaitari-aholkulari bat
eduki beharko dute. Albaitari-aholkularia animalien sarrera eta irteerako
erregistro-liburuaz arduratuko da, eta honako hauek ere jaso beharko dituzte
bertan: mota, arraza, adina, jatorria, inportazio-baimenaren zenbakia, sarrera
eta irteerako data, animaliaren helburua eta bestelako datu interesgarriak.
Liburuak udaleko Osasun Agintaritzaren esku egon beharko du.
Bizirik dagoen animalia saltzen duenak animaliaren jatorria,
ezaugarriak eta osasun egoera jasotzen dituen agiri bat eman beharko dio
erosleari. Edonola ere, nahiz eta saltzaileak agiri hori eman, animalia
salmentaren unean detektatu gabeko gaixotasunen bat inkubatzen ari bazen, saltzaileak
horren erantzukizuna izango du.
52. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten lokaletako esparru, kaiola edo bestelako
tokiak egokiak izan beharko dira, bertan erakusgai dauden animalien egoera
egokia izan dadin.
53. artikulua.
Inoiz ere ezingo da babestua dagoen faunako animaliarik
komertzializatu.
III. KAPITULUA. ‑ALBAITARIEN KONTSULTATEGIAK, KLINIKAK ETA OSPITALEAK
54. artikulua.
Animalia txikientzako kontsulta klinikoak eta osasun tratamenduak
eskaintzen dituzten anbulatorio izaerako establezimenduak, honela sailkatuko
dira: Albaitari Kontsultategia, Albaitari Klinika eta Albaitari Ospitalea.
1. Albaitari Kontsultategia: Gutxienez itxarongela eta
kontsulta gela eduki behar ditu eta bertan sendaketa eta kirurgia ebakuntza
txikiak egin daitezke.
2. Albaitari Klinika: Gutxienez honako hauek eduki behar
ditu: Itxarongela, kontsulta gela, ebakuntzak egiteko gela, instalazio
erradiologikoak, laborategia eta suspertze-atalak.
3. Albaitari Ospitalea: Albaitari Klinikek dituztenez
gain, ospitaleratze-gela ere eduki behar du, eta bertan 24 orduko
osasun-zainketa eta ospitaleratuta dauden animalien etengabeko zainketa
ziurtatu behar dute.
55. artikulua.
Establezimendu horiek guztiek udal-lizentzia beharko dute, eta
isolatuta dauden eraikinetan edo beheko plantan dauden lokaletan kokatu ahal
izango dira, albaitari-ospitaleak izan ezik. Edonola ere, debekatua dago
etxebizitza erabilerako eraikin batean horrelako jarduerarik jartzea.
56. artikulua.
Albaitari ospitaleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte
baimenak lortzeko: Etxebizitzetatik aldenduta egongo dira, aparteko eraikin
batean. Eraikina itxita egongo da, eta gune librea ere izango du,
ospitale-plaza bakoitzeko 20 m˛.
57. artikulua.
Debekatua dago honako leku hauetan aldi baterako zein aldizkako
albaitari-kontsultategia edukitzea: Merkataritza establezimenduetan zein
bertako lokalen batean (botiketako bulegoetan, janari dendetan, ostalaritzako
lokaletan eta jantokietan bereziki), bai eta animaliak saltzeko lokaletan zein
animaliak babesteko elkarteen lokaletan ere.
58. artikulua.
Ekipamenduek zein instalazioek sektoreko arautegia betetzeaz gain,
honako hauek ere bete beharko dituzte:
1. Lurzorua iragazgaitza, erresistentea eta garbigarria
izango da.
2. Parametro bertikalak lurzorutik gutxienez 1,75 m-ko
altuera arte egongo dira alikatatuta. Gainontzekoen eta sabaiaren materialak
erraz mantendu, garbitu eta desinfektatzekoak izango dira.
3. Edateko ura, ur hotza eta beroa (gutxienez 82° C-ra
artekoa) izango dituzte.
4. Hildako animalien gorpuak kentzeko baimendutako bideak
erabiliko dira.
5. Bertan sortutako hondakinak kentzeko, ontzi itxiak
eta estankoak erabiliko dira eta une bakoitzean indarrean dauden arauak bete
beharko dituzte.
6. Animalien gorozkiak zabor-poltsa iragazgaitz eta
itxietan desagerraraziko dira.
7. Instalazio, tresna eta ibilgailuen garbiketa,
desinfekzio eta desinfektazio lanak era sistematiko, periodiko eta jarduerak
aginduko duen aldietan egin behar dituzte bertako langileek. Horrez gain, eta
urtean behin gutxienez, lokala ofizialki baimendutako enpresa batek
desinfektatu eta desinsektatuko du.
59. artikulua.
Albaitari klinika, kontsultategi edo ospitale bat ireki eta
funtzionamenduan jartzeko beharrezkoa izango da Zuzendaritza Teknikoak
albaitari profesional kolegiatu bat edukitzea eta establezimenduan burutuko
diren jarduera guztiak lanbidean aritzeko baimendutako kolegiatu gaituen bidez
egitea.
IV. KAPITULUA. ‑ALDI BATERAKO JARDUERAK . (ZIRKUAK, ZOOAK, ERAKUSKETA MUGIKORRAK, ETAB)
60. artikulua.
Aldi baterako jarduerek une bakoitzean indarrean dauden udal-baimenak
beharko dituzte.
61. artikulua.
Era berean, hainbat osasun eta garbitasun baldintza bete beharko
dituzte, jarduera finkokoek dituztenen antzekoak, baina aldi baterako
jarduerentzat ezarritako salbuespenekin batera.
62. artikulua.
Honako agiri hauek guztiak eguneratuak eduki beharko dituzte: baimenak,
ziurtagiriak, jabetzari buruzko gainontzeko betebeharrak eta jardueran parte hartzen
duten animalien osasun zein jatorri ziurtagiriak.
IV. TITULUA
IKUSKAPENA ETA KONTROLA
63. artikulua.
Ikuskapena eta kontrola.
1. Ordenantza honetan araututako gaien ikuskapena eta
kontrola udaltzainek edo beste funtzionario batzuek egin ahal izango dute;
eurok agintaritzaren agenteak izango dira eta akta egin ahal izango dute (eta
hor interesatuak bere desadostasuna adierazteko aukera izango du). Akta hori
interesatuari jakinaraziko zaio salaketa akta edo buletinaren bidez, eta
eskumena duen udal organoari bidaliko zaio, beharrezko jotzen dituen neurriak
har ditzan eta, behar izanez gero, zehapen espedientea abiaraz dezan.
2. Arau-hausteak delitu edo hutsegite izan daitezkeenean,
zehapena ezartzeko eskumena duen organo administratiboak jakinaraziko dizkio
gertatutakoak jurisdikzio penalari, eta zehapen-prozedurarekin jarraitzeari
uko egingo dio ebazpen judizial irmoa ebazten ez den bitartean eta, orduan,
ordura arte etengo da preskripzio-epea.
3. Espediente administratiboen instrukzio-agintariek
kontu-hartze judiziala baino lehen hartutako kautelazko neurriak indarrean
egon daitezke agintari judizialen berariazko pronuntziamendurik ez dagoen
bitartean.
V. TITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. ARAU-HAUSTEAK
64. artikulua.
Ordenantza honi jarraituz, arau-hausteak arin, larri eta oso larrietan
sailkatuko dira, osasunerako dituzten arriskuak, arduragabekeria maila,
sortutako kaltearen larritasuna eta berriro egin ote diren kontuan izanda.
A. Arau-hauste arinak izango dira:
a) Errolda identifikaziorik gabeko konpainiako animaliak
edukitzea, identifikatuta egotea derrigorrezkoa bada.
b) Animaliak garraiatzea Lege eta Erregelamenduetan
ezarritakoa bete gabe.
c) Animaliak ondo zaindu eta begiratu ezin diren lekuetan
edukitzea.
d) Animaliak sortaraz ditzakeen kalteetarako
erantzukizun zibileko asegururik ez izatea.
e) AIEOari zentsurako identifikazioaren berri edota,
101/2004 Dekretuko 3. artikuluan jasotakoaren arabera, txakurren zentsuko
identifikazioan izandako aldaketak ez jakinaraztea.
f) Aurkeztutako albaitari-ziurtagiria edo/eta ziurtagirian
jasotako datuak gezurrezkoak izatea.
g) Animaliei tratu iraingarria ematea edo haien izaerari
ez dagozkion jokaerak edo jarrerak edukiaraztea.
h) Animalien gorozkiak uztea kale eta plaza publikoetan,
hondartzetan, haur-parkeetan, lorategietan, zelaietan eta, orokorrean,
apaingarrirako edota pertsonen joan-etorrirako diren lekuetan.
i) Bide eta herriguneko espazio publikoetan eta higiezin
kolektiboen alde komunetan txakurrak kontrol gabe ibiltzea, animaliaren
ezaugarrietarako kate edo uhal egokiarekin eutsi gabe, edo uhal hori bi
metrokoa baino luzeagoa izanik.
j) Bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta
kaleko gainerako animaliei jatekoa ematea.
k) Ordenantza honetan zein bestelako lege eta araudietan
xedatutako bete behar eta debekuak ez betetzea, egin den arau-haustearen
izaera dela eta bestelako kalifikazioren bat duen kasuetan izan ezik.
B. Arau-hauste larriak izango dira:
a) Garbitasun eta osasun egoeraren aldetik egokiak ez
diren lekuetan animaliak edukitzea, janaririk eta beharrezko osasun
asistentziarik gabe.
b) Animaliak antzutzea, gorputz atalen bat moztea eta
akabatzea albaitariaren kontrolik gabe edo legeek zein araudiek ezarritako
baldintza eta eskakizunetan ezarritakoaren kontra.
c) Ez txertatzea eta derrigorrez eman beharreko
tratamenduak ez ematea.
d) Animaliak baimenik gabe saltzea.
e) Ordenantza honen ezarpen eremuan dauden animaliak aldi
batean edukitzea, hazi edo saltzea, Legeek zein Araudiek ezarritako
baldintza eta eskakizunak bete gabe.
f) Animaliei tratu txarrak ematea, alferrik sufriaraziz,
zaurituz edo gorputz atalen bat moztuz.
g) Animaliei alferrikako sufrimendua eta kalteak eragiten
dizkieten substantziak ematea zuzenean zein janariaren bitartez.
i) Kalteak eragin ditzaketen
animaliak behar bezala ez zaintzea eta behatzea.
j) Animaliak min larriak eta
nabarmenak dituela jakin eta albaitaritza asistentzia egokirik ez ematea.
k) Administrazio-baimenik ez duten
ikuskizunetan animaliak erabiltzea.
l) Arriskutsua izan daitekeen
animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia bat solte
lagatzea edo bere ihesa edo galbidea saihesteko beharrezko neurriak hartu ez
izana.
m) Arriskutsua izan daitekeen
animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia
identifikatzeko bete beharra ez betetzea.
n) Arriskutsua izan daitekeen
animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliatzat
katalogatutakoa leku publikoetan muturrekorik gabe edo katearekin nahiz uhal ez
luzagarriarekin lotua ez ematea.
o) Arautegi honetan edo ezartzen
den beste legerian zehazten diren bete beharreko funtzioen arabera, agintari
eskudunak edo agenteak eskatutako informazioa ez ematea, informazio emateari
aurka egitea, zehaztugabeko informazioa edo informazio faltsua ematea.
p) Zehapen espedientea hasi
aurreko bi urteetan zehar hiru arau-hauste arin egin izana, baldin eta zigorra
ezarri bazaio erabaki irmo bidez.
C. Arau-hauste oso larriak dira:
a) Jabeak txakur biltegian (dela propioa nahiz itundua)
jasota dauden animalien ardura hartu nahi ez izatea, nahiz eta jabea
identifikatua egon.
b) Animaliak bortizki edo substantzia toxikoak emanda
akabatzea.
c) Konpainiako edo etxeko animaliak
abandonatzea.
d) Animalienganako krudelkeria, tratu txarrak edo
animalien sufrimendua islatzen duten eszenak grabatzea.
e) Baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten
animaliei anestesia, drogak eta abar ematea, horien bidez haien berezko
portaera guztiz kontrako bihurtu ahal izateko.
f) Pozoitutako janaria lagatzea bide eta espazio
publikoetan.
g) Animaliak debekatutako ikuskizun publikoetan
erabiltzea.
h) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo baldintza
berezi batzuk betez eduki beharreko edozein motatako animalia abandonatzea.
i) Gaitasun ziurtagiria ez duen
pertsonak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak trebatzea.
j) Arriskutsuak izan daitezkeen
txakur edo animaliak baimenik gabe edukitzea.
k) Lizentzia ez duen norbaiti
arriskutsua izan daitekeen txakur edo animalia saltzea edo transmititzea.
l) Animaliak bere oldarkortasuna
areagotzeko edo debekatuta dauden ekintzetarako trebatzea.
m) Animalien oldarkortasuna
frogatu nahian arriskutsuak izan daitezkeen animalia edo baldintza berezi
batzuk betez eduki beharreko animaliekin lehiaketak, ariketak, erakusketak eta
ikuskizunak antolatzea, egitea edo bertan parte hartzea.
n) Zehapen espedientea hasi
aurreko bi urteetan hiru arau-hauste larri egitea, atzera bota ezineko
erabakiaren bidez ordaindu beharreko zehapenarekin.
o) Zakur-arraza arriskutsuak haztea edo nahastea.
II. KAPITULUA. ISUNAK
65. artikulua.
1) Ordenantza honetan jasotako arau-hausteei 60,00 € eta
15.000,00 € arteko isunak jarriko zaizkie, eskala honen arabera:
— Arau-hauste arinak: 60,00 € eta 300,00 € artean.
— Arau-hauste larriak: 300,10 € eta 1.500,00 € artean.
— Arau-hauste oso larriak: 1.500,10 eta 15.000,00 artean.
Isunen zenbatekoa urte osorako izango da eta urtero automatikoki KPIren
arabera errebisatuko dira.
2) Arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan
instalakuntzak, lokalak edo establezimenduak denboraldi batez itxi daitezke.
Arau-hauste larrien kasuan gehienez ere bi urtez itxiko dira eta arau-hauste
oso larrien kasuan, berriz, gehienez lau urtez, eta animaliak erostea
galaraziko zaio lau urtez.
3) Arau haustea egin duenak, egindako arau haustearengatik
jarriko zaion zigorraz gain, arau hauste horrengatik udalari sortzen zaizkion
gastu guztiak ere ordaindu beharko ditu.
66. artikulua.
Zehapen espedientea hasita, arau-hauste gehiago egitea saihesteko
asmoz, honako kautelazko neurri hauek hartu ahal izango dira:
a) Animaliaren batek ondoko zerrendan jasotako egoeraren
bat bizi izan duela susmatzen baldin bada, animaliaren zaintza eta ardura
kendu egingo zaio jabeari:
b) Instalazioak, lokalak edo establezimenduak prebentzio
moduan ixtea.
Kautelazko neurriak ez dira etengo harik eta horretarako arrazoiak
desagertzen ez diren bitartean. Neurri hauek ez dira luzaraziko espedientearen
ebazpen irmoa baino areago, salbu eta ezarritako zehapenak instalazioa epealdi
jakin batez ixtea badarama.
67. artikulua.
Isunak borondatezko epean zein premiamenduzko bidea erabiliz kobratuko
dira, toki-araubidean ezarritakoaren arabera.
68. artikulua.
Arau-hauste arinak lau hilabeteren buruan preskribituko dira, larriak
urtebeteren buruan eta oso larriak bi urteren buruan.
Arau-hausteak 3.000 € baino gutxiagokoak badira, urtebeteren buruan
preskribituko dira, eta bost urteren buruan, aldiz, aipatutako kopurukoa edo
handiagoa izanez gero.
69. artikulua.
Isunen zenbatekoa neurtzeko eta aurreko artikuluan ezarritako zigorren
iraupena zehazteko, honako zirkunstantzia hauek hartuko dira kontuan:
a) Arau-hausteak gizarte-mailan eta osasunean izandako
eragina eta ekarri duen kaltea.
b) Legez kanpoko irabazi asmoak eta horren bitartez
izandako irabazien kopurua.
c) Arau-hausteak behin eta berriro egitea. Arau-haustea
berriro egin dela esaten da lehendik ere, zigor-espedientea hasi aurreko bost
urteen barruan Ordenantza honetako arau-hauste bat dela eta zigorra ezarri
izan bada administrazio bideko erabaki irmoaren bidez.
d) Arau-haustearen gaitzesgarritasun mailan (larritasuna
emanez) eragina izan lezakeen beste edozein gorabehera. Horretarako, modu
berezian kontuan hartuko da adin txikikoen aurrean animalien kontra
erabilitako biolentziak.
Ekintza berak bi arau-hauste administratibo edo gehiago ekartzen
baditu, zenbateko handiena daukan isuna ezarriko zaio. Espedientea izapidetu
eta ebazteko organo aginpideduna ahalmen zigortzailea duena izango da.
III. KAPITULUA. ZEHAPEN PROZEDURA
70. artikulua.
Prozedura.
Titulu honetan erregulatutako arau-hauste guztietarako
zehapen-prozedura administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio
prozedura erkidearen 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, araututako zehatzeko
ahalmenaren printzipioetara doituko dira eta, aurreko ataletan adierazitako
xedapen bakoitzari dagokion araubidearen jatorria zein den arabera, Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalmenari buruzko
otsailaren 20ko 2/1998 Legea ezarriko da, edo zehatzeko ahalmena erabiltzeko
prozeduraren erregelamenduari onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege
Dekretua.
71. artikulua.
Prozesu penalarekin konkurrentzia.
Instrukzio-egileak, prozedurako edozein unetan, uste badu
instrukziopean dauden gertakariek legez kontrako izaera penala izan dezaketela,
ebazteko eskumena duen organoari emango dio horren berri. Organoak bidezkotzat
jotzen badu instrukzio-egilearen ustea, Ministerio Fiskalari jakinaraziko
dizkio gertakari horiek, eta instrukzio-egileari eskatuko dizkio egindako
jarduketei buruzko argibideak.
Halaber, prozedura administratiboak biltzen dituen gertakarien gainean
prozesu penala egiten ari dela jakin ondoren, Ministerio Fiskalari eskatuko
zaio egindako jarduketei buruzko jakinarazpena. Bestalde, prozedura
administratiboak biltzen dituen gertakarien ondoriozko gertakarien gainean
prozesu penala irekita dagoenean ere, horrelako beste jakinarazpen bat eskatu
zaio Ministerioari.
Ministerio Fiskalaren jakinarazpena jasotakoan, prozedura penala
ebazteko eskumena duen organoak prozedura etetea erabakiko du, harik eta
epaileek behin betiko ebazpena eman arte.
Administrazioko prozedura penala eten arren, kautelazko neurriek beren
hartan jarraitu ahal izango dute, betiere bateragarriak badira prozesu penalean
hartutako neurriekin. Hala ere, neurri horiek ez dira bateragarritzat joko,
baldin eta kautelazko neurri penalak nahikoak badira administrazioko prozedura
penalean aintzat hartutako kautelazko helburuak lortzeko.
Ministerio Fiskalari jakinarazi beharko zaio kautelazko neurriak
hartzeko edo beren hartan jarraitzeko egintza.
Nolanahi ere, epaileek ebazpen irmoan frogatutzat jotako gertakariek
lotu egiten dituzte organo administratiboak, bideratzen diren prozedura
penalei dagokienez.
Administrazioak ofizioz berraztertuko ditu ebazpen penalean
frogatutzat jotako gertakarietan oinarritzen ez diren ebazpen administratiboak,
eta bat egin beharko du ofiziozko berrazterketako prozeduren arauekin.
72. artikulua.
Jakinarazpena AIEOari.
Zehatzeko eskumena duten organoek AIEOari bidaliko diote
zehapen-prozedurari amaiera emango dion ebazpenaren kopia bat.
INDARGABETZE XEDAPENA
Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako
udal-ordenantzak, arautegiak zein bandoak indargabetuta geratzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean sartuko da testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta
hurrengo egunean.
101/2004 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
Txakur-arrazen, arraza-tipologien edo arraza arteko gurutzatzeen
zerrenda.
Pit Bull Terrier.
Staffordshire Bull Terrier.
American Staffodshire Terrier.
Rottweiler.
Dogo Argentino.
Fila Brasileiro.
Tosa Inu.
Akita Inu.
1001/2004 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
Xedapen honek eragiten dien txakurrek jarraian adierazten diren
ezaugarri guztiak edo gehienak dituzte:
Muskulatura sendoa, itxura indartsua, irmoa, atleta-gorputza,
bizkortasuna, kemena eta erresistentzia.
Izaera nabarmena eta ausardia handia.
Ile motza.
60-80 zentimetroko perimetro torazikoa, 50-70 zentimetroko altuera
(soingurutzetik), eta 20 kg baino gehiago.
Buru handia, kuboidea, sendoa, kraneo zabala eta masail handiak,
gihartsuak eta irtenak. Masailezur handiak eta sendoak, aho mardula, zabala
eta sakona.
Lepo zabala, gihartsua eta motza.
Bular sendoa, zabala, handia, sahiets-hezur okerrak, bizkarralde
gihartsua eta motza.
Aurreko gorputz-adarrak: paraleloak, zuzenak eta sendoak; atzeko gorputz-adarrak:
oso gihartsuak, hanka handi samarrak, ángelus txikia osatzen dutenak.