Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

52. zenbakia Data 2014-03-18 3 orria

4 Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazioa

GIZARTE POLITIKAKO DEPARTAMENTUA
5/2014 FORU DEKRETUA, martxoaren 4koa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko bigarren mailako arretako gizarteratzeko baliabideak eskuratzeko prozedura arautzekoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

5/2014 FORU DEKRETUA, mar­txo­aren 4koa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko bigarren mailako arretako gizartera­tzeko baliabideak eskura­tzeko prozedura arau­tze­koa.

Bigarren mailako arretaren eremuan gizartera­tzeko zerbi­tzu sozialen garapenak hazkunde nabarmena izan du azken urteetan Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Hazkunde hori zor zaio Gipuzkoako gizarteak, bertako erakundeen eta gizarte zibilaren bidez, gero eta agerikoagoa den problematika baten eskariei emandako eran­tzun sendoari.          

2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbi­tzuei buruzkoak, foru aldundien ardurapeko gaien artean sar­tzen ditu bigarren mailako arretako gizartera­tzeko baliabideak, eta esparru hori da, hain zuzen ere, foru dekretu honek berariaz jorra­tzen duena. Lege horretako 22. artikuluan ezar­tzen da «Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbi­tzuen Katalogoa».

Zehazki, aipatu artikuluan zerrenda­tzen dira foru aldundien eskumenekoak diren bigarren mailako arretako gizartera­tzeko baliabideak:

— 2.1. Bazterketa balora­tzeko eta diagnostika­tzeko zerbi­tzua.

— 2.2.3 Gizartera­tze-premiei eran­tzu­teko eguneko zerbi­tzua edo zentroa.

— 2.3.2 Gizartera­tze-premiei eran­tzu­teko gaueko harrera-zentroa.

— 2.4.5 Bazterketa- eta marjinazio-egoeran dauden per­tso­nen­tzako egoi­tza-zentroak.

— 2.7.3.1 Familiekin gizarte- eta hezkun­tza-arloan eta arlo psikosozialean esku har­tzeko zerbi­tzuak.

Baliabide horiek arreta sare integratu, diber­tsi­fikatu eta koordinatua era­tzeko bokazioarekin konfiguratu dira, sor­tzen diren premiei eran­tzun instituzionala emateko.

Foru dekretu honen helburu nagusiak dira:

1)  Hobeto defini­tzea bigarren mailako arretako gizartera­tzeko baliabideak eskura­tzeko prozedura.

2)  Zeha­tzago defini­tzea baliabide horiek eskura­tzeko proposamena eta orientazio teknikoa erabaki­tzeko behar diren balorazio teknikoa eta diagnostiko espezializatua.

3)  Gizarte Zerbi­tzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeari egoki­tzea.

4)  Prozedura bereziak arau­tzea, ezaugarri berezietako zerbi­tzuetara deriba­tzeko.

Horiek horrela, Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kon­tseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, 

XEDA­TZEN DUT

Lehena.  Xedea.

Foru dekretu honen xedea da arau­tzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko gizartera­tzeko baliabideak eskura­tzeko prozedura. Horiek osa­tzen dute eran­tzu­kizun publikoko bigarren mailako arretako baliabide mul­tzoa, Gizarte Zerbi­tzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak definitutakoaren arabera.

Foru dekretu hau aplikatuko zaien gizartera­tzeko baliabideak 1. eta 2. eranskinetan zerrenda­tzen dira.

Bigarrena.  Onuradunak.

1.  Foru dekretu honen objektu diren gizarte baliabideak, gizartean baztertuta edo marjinatuta dauden per­tsona eta familien­tzat dira, gizartera­tze prozesuak egiteko gogoa eta gaitasuna erakusten badute.

2.  Ez dute aukerarik izango foru dekretu honen objektu diren gizarte baliabideak eskura­tzeko:

a)  Osasun lagun­tza espezializatua behar duten per­tso­nek: Baliabide hauek baino lagun­tza maila handiagoa eska­tzen duten tratamendu edo teknika medikoak edo erizain­tza­koak behar dituztelako.

b)  Gaixotasun infekto-kutsa­korrak dituztenek: Baliabidea dagoen zentroak preben­tzio uniber­tsa­lak hartu arren, ezin bada garantizatu gaixotasuna ez zaiela kutsa­tuko gainerako erabil­tzaileei.

c)  Portaera nahasmendu larria dutenek: Beren jokabidearekin zentroaren fun­tzionamendu normala eragotz badezakete eta/edo zentroko elkarbizi­tza oztopa badezakete.

Hirugarrena.  Baliabidearen egokitasuna.

Baliabidea egokia den eta eska­tzailearen premiei eran­tzun diezaiekeen erabaki­tzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

a)  Erabil­tzailearen gizarte bazterketa eta tipologia. 

b)  Arazoari buruzko kon­tzien­tziaren maila eta alda­tzeko motibazioa.

c)  Profesionalek gidatutako gizartera­tze prozesu bat jarrai­tzeko gaitasuna.

d)  Prozesuaren onarpena eta gizartera­tze prozesu bat egiteko gogoa.

e)  Egoera legala eta administratiboa.

f)  Bizitokiari buruzko egoera.

g)  Laneko egoera edo okupazioa.

h)  Prestakun­tza.

i)  Autonomia fisikoa eta osasun egoera.

j)  Autonomia psikikoa.

k)  Trebetasun eta gaitasun sozialak.

l)  Familia harremana eta elkarbizi­tzako unitatea.

m)  Sostengu sare soziala.

Laugarrena.  Baliabideak eskura­tzeko eskakizun orokorrak.

Baliabideak eskuratu ahal izango dituzte eskaera egiten duten datan eskakizun orokor hauek bete­tzen dituztenek:

a)  Adina: 18 eta 64 urte bitartekoa izatea.

b)  Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera data baino 6 hilabete lehenagotik, eta bertan izatea legezko, eta benetako, bizilekua. Salbuespen gisa, eskaera data baino ­gutxienez 6 hilabete lehenagotik Gipuzkoako gizartean errotuta daudela froga­tzen dutenak legezko bizilekuaren eskakizuna bete­tze­tik salbue­tsita geratu ahal izango dira. Per­tsona bat gizartean errotuta dagoela ulertuko da Gipuzkoako gizartean sar­tzeko borondatea erakusten duten jarduerak egiten parte hartu badu jarraitasunez: Eskola­tzea, enplegua, prestakun­tza jarduerak, ohiko harremana gizarte zerbi­tzuekin edo gizarte entitateekin, etab.

c)  Baliabidearen premia justifika­tzeko adinako gizarte bazterketa jasatea, 2013ko uztailaren 16ko 385/2013 Dekretuak onartutako Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresnan zehaztutakoaren arabera.

d)  Profesionalek gidatutako esku har­tze sozialak eta gizarte eta hezkun­tza arlokoak onar­tzeko gai izatea; eta gizartera­tzeko prozesua egin ahal izateko baliabide per­tso­nalak izatea.

e)  Osasun egoerari dagokionez, osasun erakundeetan asisten­tzia etengabe edo ziklikoaren beharrik ez izatea, eta baliabideetan osasun publikoko neurririk hartu behar ez izatea. Salbuespen gisa, baliabideak eskuratu ahal izango dituzte gaixotasun kroniko edo adikziozkoak dituztenek, baldin eta eskaera egiten duten unean gainbegiratuta badaude eta arazoa gaindi­tzeko prozesu positibo, iraunkor eta egiaztagarrian.

f)  Autonomia per­tso­nalari dagokionez, hirugarren per­tsona baten beharrik ez izatea eguneroko bizi­tzako eginkizunetarako, 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, mendetasun-egoeran dauden per­tso­nen autonomia per­tso­nala susta­tze­ari eta haiek zain­tze­ari buruzkoak, ezarritako terminoetan.

g)  Gizartera­tzeko prozesu bat egitea eragozten duen gaixotasunik ez izatea, Gizarte Politikako Departamentuak aplika­tzen duen bigarren mailako arretako gizartera­tzeko bizitokietarako orientazio baremoaren arabera neurtua. 

h)  Baliabideko elkarbizi­tza asalda dezakeen portaera nahasmendu larririk ez izatea, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresnaren osagarria den bigarren mailako arretako gizartera­tzeko bizitokietarako orientazio baremo foralaren arabera neurtua.

Bosgarrena.  Prozeduraren hasiera.

1.  Prozedura hasiko da interesatuak berak edo bere ordezkariak hura erroldatuta dagoen udaleko gizarte zerbi­tzuetan eskaera egin ondoren.   

2.  Salbuespen gisa, erroldatuta ez egon arren laugarren ataleko b) letran zehaztutakoari jarraikiz gizartean errotuta daudela froga­tzen duten per­tso­nak direnean, gaitutako gizarte entitateen bidez egindako eskaerak onartuko dira.

Seigarrena.  Dokumentazioa.

Eskaera aurkeztu behar da, behar bezala beteta eta sinatuta, dokumentu hauekin batera:

a)  Eska­tzailearen nortasuna egiazta­tzeko dokumentuaren fotokopia.

b)  Diru-sarreren deklarazioa, horrelakorik balu.

c)  Errolda ziurtagiria edo errotuta dagoela froga­tzeko agiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin badu bere kabuz lortu informazio hori.

d)  Gizarte txos­tena: Hirugarren ataleko edukiak zehaztuko dituena; eta deribazioaren motibazioa eta profesionalek egindako aldeko balorazioa eta orientazioa jasoko dituena. Gizarte txos­tenean berariaz baloratuko dira gizartera­tzeko prozesua egiteko baliabide per­tso­nalak.

e)  Behar izanez gero, txos­ten medikoa: Eska­tzaileak laugarren ataleko e) eta g) letretan ezarritako eskakizunak bete­tzen dituela jasoko duena; eta, kasua bada, medika­tzeko jarraibideak zehaztuko dituena.

f)  Horrelakorik balu, desgaitasunaren balorazioa eta/edo mendetasun egoeraren balorazioa.

g)  Gizarte bazterketaren mailaren balorazioa, 2013ko uztailaren 16ko 385/2013 Dekretuak onartutako Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresnan zehaztutakoaren arabera.

h)  Arreta per­tso­nalizatuko plana: Gizarte Zerbi­tzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 19.1 artikuluan aipatua.

i)  Kasu bakoi­tzari orientazio egokiagoa emateko baliagarria izan daitekeen beste edozein informazio.

Zazpigarrena.  Balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa.

1.  Eskaerak, behar bezala beteta, eta eskatutako dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentura bidaliko dira.

2.  Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako Zerbi­tzuak kasuaren balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa egingo du, alderdi hauek kontuan hartuta proposamena lan­tzeko:

a)  Lehenagoko esku har­tze­etan per­tsona horrek emandako eran­tzuna.

b)  Kronifikazioaren edo narriadura per­tso­nalaren gradua.  

c)  Esku har­tze­aren bidez lortu nahi diren helburu estrukturalak.

d)  Baliabide egokiena zein den, har­tzaile izango denaren profila, premiak eta helburuak kontuan izanda.

e)  Esku har­tze­aren aurreikusitako iraupena.

3.  Eskaerak bereziki konplexuak direnean Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako Zerbi­tzuaren iri­tziz, diagnostiko fasean gehitu ahal izango da bigarren mailako arretako gizartera­tzeko bizitokietarako orientazio baremo forala, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresnaren osagarria.      

4.  Eska­tzailearen egoera per­tso­nalean aldaketaren bat gerta­tzen bada, egindako balorazioa alda­tzea justifika dezakeena, balorazio hori berrikustea eskatu ahal izango zaio Gizarte Politikako Departamentuari. Dagoeneko egoi­tza ekipamendu batean edo eguneko arreta zentro batean badago, baliabidea kudea­tzen duen entitateak eskatu ahal izango du balorazioa berrikustea.

Zor­tzi­garrena.  Ebazpena.

1.  Egindako txos­tena ikusita, Haurren Babeseko eta Gizartera­tzeko zuzendari nagusiak eba­tziko du eskatutako baliabidea ematen zaion ala ukatu egiten zaion.

2.  Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskaera Gizarte Politikako Departamentuan jaso­tzen den egunetik aurrera.

3.  Eskatutako baliabidea emateko ebazpenean zehaztu beharko da baliabide mota eta baimendutako esku har­tze­aren iraupena. Ebazpen hori eska­tzaileari edo haren ordezkariari jakinarazi beharko zaio, eta ezagu­tzera eman beharko zaie eskaera aurkeztu zen udaleko gizarte zerbi­tzuei edo gaitutako gizarte entitateari eta baliabidea kudea­tzen duen entitateari.

4.  Baliabidea uka­tzen dute ebazpenak behar adina arrazoituak izango dira.

Bedera­tzi­garrena.  Bigarren mailako arretako gizartera­tzeko sarearen izaera.

1.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak diren gizartera­tzeko zerbi­tzu eta programen sarea osa­tzen duten gizartera­tzeko zentroetan egon ahal izateko, gizarte eta hezkun­tza arloko programa bat bete behar da, kasuaren balorazio profesionala behar da eta Banako Arreta Plana bete behar da. Zentro horiek ez dira izango bertan har­tzen dituzten per­tso­nen ohiko bizilekua edo etxe­bizi­tza.

2.  2008ko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak, Gizartera­tzeko eta Diru Sarrerak Berma­tze­koak, araututako Gizartera­tzeko eta Diru Sarrerak Berma­tzeko Euskal Sistemako prestazio ekonomikoei eta Gizarte Politikako Departamentuak ematen duen Diru Sarrerak Berma­tzeko Lagun­tzari dagokienez, bazterketa eta marjinazioko egoeran dauden per­tso­nen­tzako egoi­tza zentroak aldi baterako harrera zentro­tzat har­tzen dira.           

Hamargarrena.  Itxa­ron zerrendak.

1.  Itxa­ron zerrendaren bidez lehentasunak ordena­tzen ditu Gizarte Politikako Departamentuak gizarte premiei arreta emateko, erabilgarri dauden baliabideen arabera; eta baliabide bat eskura­tzeko aldeko ebazpena lortu duten per­tso­nen sarrera ordena ezar­tzen du.     

2.  Hauek izango dira itxa­ron zerrenda kudea­tzeko irizpideak:

a)  Premiaren maila.

b)  Esku har­tze prozesuaren eboluzio positiboa.

c)  Arriskua edo zaurgarritasuna.

d)  Eskaera data.

e)  Zentroaren hurbiltasuna bizilekuarekiko, edo prestakun­tza edo okupazio zentroarekiko.

3.  Eska­tzaileak edo, kasua denean, eskaera formalizatu duen entitateak, eskaera itxa­ron zerrendan zein lekutan dagoen jakin ahal izango dute.

Hamaikagarrena.  Plaza eslei­tzea eta onar­tzea.

1.  Gizarte Politikako Departamentuak baliabidea eskain­tzen duen entitateari bidaliko dio erabil­tzaileari buruz behar duen informazio guztia.

2.  Zerbi­tzu batean plaza bat ­hutsik gera­tzen denean, zerbi­tzu hori ematen duen entitateak jakinaraziko dio interesatuari noiz hartuko duten; hau da, zein izango den bere sarrera data zeha­tza, Gizarte Politikako Departamentuak egindako itxa­ron zerrendan ezarritako lehentasun ordenaren arabera. Halaber, entitateak Gizarte Politikako Departamentuari jakinaraziko dio behin betiko sarrera data.

Hamabigarrena.  Esleitutako zentrora molda­tzeko epealdia.

1.  Baliabidean sartu aurretik, elkar ezagu­tzeko fase bat ezarri ahal izango da, 15 egunekoa gehienez ere, Gizarte Politikako Departamentuak zentroari komunika­tzen dion egunetik kontatuta.

2.  Erabil­tzailea zentroan sar­tzen denean, baliabideko erreferen­tziako profesionalak azalduko dizkio baliabidean egingo duen egonaldiaren helburuak, aurreikusitako iraunaldia eta ebalua­tzeko irizpideak; eta horien eta zentroko arauen kopia emango dio. Era berean, erabil­tzailearen arauekiko adostasuna eta konpromisoa jasoko ditu ida­tziz.

3.  Kasuaren erreferen­tziako profesionalaren lana eta jarduera Gizarte Zerbi­tzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 19. artikuluan aurreikusitako esku har­tzeko oinarrizko prozedurari egokituko zaio.

4.  Zentroan benetan sar­tzen den egunaren hurrengo hilabetea, zentrora molda­tzeko fase gisa hartuko da; eta epe hori igaro eta ebaluatu ondoren, egonaldia behin betiko onartu­tzat emango da.

5.  Ezagu­tzeko fasean eta molda­tzeko fasean, baliabidea ematen duen entitateak txos­ten arrazoitu bat egin ahal izango du proposatutako per­tsona zentroan behin betiko onar­tzeko zailtasunak alega­tzeko.

6.  Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako zerbi­tzuak txos­ten hori aztertuko du eta 15 eguneko epean gehienez ere proposamena bidaliko dio eskaera behin betiko ebazteko Haurren Babeseko eta Gizartera­tzeko zuzendari nagusiari.

7.  Txos­tena onar­tzeak ez du esan nahi eska­tzaileak baliabidea eskura­tzeko eskubidea gal­tzen duenik, Gizarte Politikako Departamentuak beste orientazio bat proposatu ahal izango duelako kasu horretarako.

8.  Gizarte Politikako Departamentuak ofizioz berrikusi ahal izango du hasierako ebazpena, zentroan sar­tzeko behin betiko onarpena ematea ez dela komeni adierazten duen informazioa jaso­tzen duenean.

9.  Interesatuari plaza esleitu diotela jakitera ematen zaionetik 3 egun baliodun igarotakoan, esleitutako zentrora joan ez bada arrazoi justifikaturik gabe, plazari uko egiten diola ulertuko da; eta plaza libre geratuko da zerrendako hurrengoaren­tzat.

10.  Zentroan sar­tzeak erabil­tzailea behar­tzen du zentroko fun­tzionamendu arauak onar­tzera.

Hamahirugarrena.  Banako Arreta Plana.

1.  Zerbi­tzua hasten denetik hilabeteko epean gehienez ere, erabil­tzaileak Banako Arreta Plan bat adostuko du baliabidea kudea­tzen duen entitatearekin, esku har­tze­aren helburu estrukturalak lor­tzeko egin beharreko ekin­tzak defini­tzeko. Plan hori Gizarte Politikako Departamentuari bidaliko zaio; eta hark erabil­tzaileari dagokion udaleko gizarte zerbi­tzuen esku jarriko du.

2.  Banako Arreta Planak jaso beharko ditu erabil­tzailearen gizarte premiak, planteatutako helburuak eta egin beharreko ekin­tza zeha­tzak. Era berean, zehaztuko du zein arlo landu behar den gizarte zerbi­tzuei, prestakun­tzari, gai juridikoei, osasunari (orokor nahiz mentalari), lanari, aisiari eta denbora libreari edo beste edozeini dagokienez, gizartera­tzeko prozesua hobeto egiteko.

3.  Hiru hilean behin ­gutxienez, Banako Arreta Plana zenbateraino bete­tzen ari den ebaluatuko du zentroak; eta, urtean behin ­gutxienez, helburuak berrikusi eta eguneratuko ditu erabil­tzailearen partaide­tza­rekin, esku har­tzea iraupen horretara hel­tzen denean. Urteko berrikuspen horiek Gizarte Politikako Departamentura bidaliko ditu; eta hark erabil­tzaileari dagokion udaleko gizarte zerbi­tzuen esku jarriko ditu.

4.  Gizarte Politikako Departamentuko teknikariek eta dagokion udaleko gizarte zerbi­tzu­koek iradokizunak egin ahal izango dituzte eta aldaketak proposatu Banako Arreta Planei dagokienez, eta erabil­tzaileak horien berri izan beharko du.   

Hamalaugarrena.  Barne araudia.

Bigarren mailako arreta sareko baliabide guztiek barne araudi bat izango dute; eta araudi horretan jaso beharko dira zentroko elkarbizi­tza­rako arauak, erabil­tzaileen eskubideak eta obligazioak, erabil­tzaileek parte har­tzeko izango dituzten tresnak eta arau hausteen eta zehapenen erregimena. Araudi horren ale bat emango zaie erabil­tzaile guztiei zentroan edo baliabidean sar­tzen diren unean. Gainera, araudiaren kopia eguneratua bidaliko da Gizarte Politikako Departamentura.           

Hamabosgarrena.   Baliabidea erabil­tzeko epealdiaren amaiera.

1.  Erabil­tzailea gizartera­tzea lortu denean eta baliabidean egoteko gehieneko epea igaro denean edo, bestela, zentrotik bota­tzen dutenean ezarritako zehapenen ondorioz, entitate kudea­tzaileak Gizarte Politikako Departamentuari proposatuko dio erabil­tzaile horri baja ematea.   

2.  Errekur­tsoan baja emateko arrazoiak honakoak izango dira:

a)  Programa amai­tzea, Banako Arreta Planean finkatutako helburu guztiak beteta.

b)  Erabil­tzailearekin itundutako baja, Banako Arreta Planean finkatutako helburuak zati batean beteta.         

c)  Erabil­tzaileak programa uztea.  

d)  Zentroz alda­tzea, foru eskumeneko gizartera­tzeko sarearen barruan.

e)  Erabil­tzailearen herio­tza.

f)  Arau hauste oso larriengatik zentrotik bota­tzea. Gizarte Zerbi­tzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 93.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zentrotik bota­tzeak 6 hilabeteko etendura ekarriko du zerbi­tzua eskura­tzeko eskubidean. Epe hori igarotakoan, baliabidea eskura­tzeko prozedura berri bati ekin ahal izango zaio.

g)  Gero gertatutako arrazoiak, baja ematera behar­tzen dutenak.

3.  Era berean, erabil­tzailea erroldatuta dagoen udaleko gizarte zerbi­tzuek proposatu ahal izango dute, justifikatuz, baliabidean baja ematea, eskaera Gizarte Politikako Departamentuari helarazita. Eskaera hori 15 eguneko epean eba­tziko da gehienez.

4.  Baja emateko proposamena justifika­tzen duen txos­tena jaso­tzen duenean, Gizarte Politikako Departamentuak behin betiko erabakia hartuko du, proposamena ebaluatu ondoren.

5.  Zentrotik bota­tzen denean, baliabidea kudea­tzen duen entitateak hori justifika­tzen duen txos­tena bidali beharko dio Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako zerbi­tzuari, erabil­tzailea bota eta 48 ordu igaro aurretik.

6.  Gizarte Politikako Departamentuak eze­tsi ahal izango du erabil­tzailea bota­tzea justifika­tzen duen txos­tena; eta berriro sar­tzea edo beste zentro batera eramatea erabaki ahal izango du.

7.  Edozein kasutan, Gizarte Politikako Departamentuak ofizioz jardun ahal izango du erabil­tzaile bati baliabidean baja ematea komeni den balora­tzeko.

8.  Zerbi­tzua eten ahal izango da aldi baterako, baja eman gabe eta plaza gordeta, ospitalean ingresatu behar denean eta ­antzeko kasuetan, egoera justifika­tzeko txos­tena eginda.          

Hamaseigarrena.  Baliabidearen jarraipena eta luzapena.

1.  Baliabidea ematen duen entitateak edo kasuko erreferen­tziako profesionalak irizten badute erabil­tzaile baten egonaldia luza­tzea komeni dela Gizarte Politikako Departamentuak ezarritako gehieneko egonaldia baino gehiago, eta artatutako per­tsona ados badago, Gizarte Politikako Departamentura horretarako eskaera espresuki bidali beharko dute egonaldia amaitu aurretik, eskaera justifika­tzeko gizarte txos­tenarekin batera.

2.  Erabil­tzaileak ere eskatu ahal izango du luzapena, eta kasu horretan Gizarte Politikako Departamentuak txos­tena eskatuko dio baliabidea ematen duen entitateari.

3.  Bi kasuetan, txos­tenean jaso beharko dira egonaldian zehar izandako eboluzioa, gizartera­tzeko izan litezkeen zailtasunak eta, kasua bada, egonaldiari jarraipena emateko justifikazioa.

4.  Gizarte Politikako Departamentuak espresuki baimendu beharko du emandako baliabidearen luzapena. Jarraipena uka­tzen bada, entitate kudea­tzaileak ­utzi egin beharko dio baliabide hori emateari.

Hamazazpigarrena.  Legez ezgai­tzea.

Baliabide batean sartu ondoren, erabil­tzaileari desgaitasun mentala sor­tzen edo areago­tzen bazaio eta horren ondorioz ez bada gai bere bizi­tza­rako oinarrizko erabakiak har­tzeko, zentroko zuzendari­tzak edo kasua daraman profesionalak familiari egoera horren berri emango dio, beste baliabide bat eslei­tzeko behar diren izapideak has ditza­ten. Familiarik ez badago edo errekerimenduari eran­tzu­ten ez badio, Gizarte Politikako Departamentuari horren berri emango zaio, erabil­tzailearen eskubideak berma­tzeko behar diren erabakiak har­tzeko eta, kasua bada, legezko tutore­tza edo kuradore­tza orienta­tzeko.           

Hemezor­tzi­garrena.  Beste egoi­tza ekipamendu batera alda­tzea.

1.  Beste zentro edo ekipamendu batera alda­tzea eska­tzeko arrazoiak honakoak izan daitezke:

a)  Familiakoak berrelkar­tzea zentroan.

b)  Jatorrizko bizilekura edo prestakun­tza zentrora hurbil­tzea, gizartera­tzeko prozesua errazteko.

c)  Gizarte bazterketako egoera aldatu delako, komenigarria izatea erabil­tzailearen premia berriei hobeto eran­tzungo dien baliabide batera alda­tzea.

2.  Zentroz alda­tzeko eskaera erabil­tzailea dagoen zentroko arduradunak edo erreferen­tziako udaleko gizarte zerbi­tzuek egingo dute. Bi kasuetan, erabil­tzailearekin kon­tsul­tatuta egingo da.

3.  Zentroz alda­tzeko eskaerak Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako zerbi­tzuak aztertuko ditu; eta lekuz alda­tzea proposatu ahal izango du, erabil­tzailearen egoerari eta eboluzioari buruz duen informazioaren arabera.

Hemere­tzi­garrena.  Gizarte Politikako Departamentuko Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbi­tzu­tik etorritako kasuak.

1.  Gizarte Politikako Departamentuko Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbi­tzuan artatutako adingabe batek 18 urte bete­tzen dituenean eta zerbi­tzu horren iri­tziz eman­tzi­pazio prozesua burutu behar duenean, bigarren mailako arretako gizartera­tzeko sarean sar dezatela eskatu ahal izango dio zuzenean Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako zerbi­tzuari.

2.  Proposamen horretan sartuta egongo dira eska­tzailearen berariazko adostasuna eta deribazio horretarako bereziki prestatutako ereduaren arabera egindako gizarte txos­tena.

Hogeigarrena.  Familiekin gizarte eta hezkun­tza arloan esku har­tzeko programetara bideratutako kasuak.

1.  Familiekin gizarte eta hezkun­tza arloan esku har­tzeko programetara bideratutako kasuak direnean, eskaera izapide­tzen duten udaleko gizarte zerbi­tzuek programa horretarako balorazio baremo espezifikoa bete beharko dute.

2.  Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako zerbi­tzuak baloratuko du kasua, foru dekretu honen edukia kontuan izanda.

Hogeita batgarrena.  Desintoxikazio prozesuko kasuak.

1.  Desintoxikazio prozesua egiten ari diren per­tso­nak direnean, baliabidea eskura­tzeko eskaera Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako Zerbi­tzura bidali ahal izango dute horretarako espresuki baimenduta dauden gizarte entitateek.

2.  Edozein kasutan, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a)  Nortasuna egiazta­tzeko dokumentuaren fotokopia.

b)  Errolda ziurtagiria edo errotuta dagoela froga­tzeko agiriak.

c)  Deribazioaren arrazoiak azal­tzen dituen txos­tena.

d)  Banako Arreta Plana.

Hogeita bigarrena.  Oinarrizko gizarte zerbi­tzuetara hel­tzeko zailtasun objektiboak dituzten kasuak.

1.  Eska­tzaileak zailtasun objektiboak dituenean oinarrizko gizarte zerbi­tzuen onuradun izatera hel­tzeko, legezko egoerarengatik, erroldatuta ez dagoelako edo espe­txean dagoelako, eskaera Gizarte Politikako Departamentuko Gizartera­tzeko, Indarkeria Matxis­taren Emakume Biktimen Lagun­tzako eta Gizarte Larrialdietako Zerbi­tzura bidali ahal izango dute horretarako espresuki gaituta dauden gizarte entitateek.

2.  Gainerakoan, baliabideak eskura­tzeko prozedura gainerako kasuetan bezalakoa izango da.

Hogeita hirugarrena.  Presako prozedura.

1.  Larritasun handiko ezusteko zirkunstan­tziak gerta­tzen direnean, Gizarte Politikako Departamentuak plaza huts bat esleitu ahal izango dio, aldez aurretik eskaerarik egin gabe, baldin eta ikusten bada per­tsona hori gai dela foru dekretu honetan arau­tzen diren baliabideen mul­tzoan artatua izateko.     

2.  Lehenago, per­tsona hori urgen­tziaz arta­tzeko premia justifikatu beharko da, gizarte txos­ten baten bidez.

Hogeita laugarrena.  Gizarte Politikako Departa­mentuaren balorazio baremoak.

1.  Gizarte Politikako Departamentuak, foru dekretu hau indarrean sar­tzen denetik urtebeteko epea igaro aurretik, baremo hauek onartuko ditu:      

a)  Bigarren mailako arretako gizartera­tzeko bizitokietarako orientazio baremo forala, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresnaren osagarria.

b)  Familiekin gizarte eta hezkun­tza arloan esku har­tzeko programarako balorazio espezifikoko baremoa.

2.  Aurreko paragrafoan aipa­tzen diren balorazio baremoak onar­tzen diren arte, aplikagarri izango da 2013ko ekainaren 16ko 385/2013 Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresna.

Hogeita bostgarrena.

Foru dekretu honek ondorioak izango ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesatuek erabaki honen aurka zuzenean administratzioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitalpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.           


Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kon­tseiluari, argitalpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekur­tso­rik aurkeztu harik eta berrazter­tze­koaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iri­tzi­tako beste edozein errekur­tso aurkez daiteke.       

Donostia, 2014ko mar­txo­aren 4a.

                                    DIPUTATU NAGUSIA,          
                                  Martin Garitano Larrańaga.

      GIZARTE POLITIKAKO  
        DEPARTAMENTUKO   
         FORU DIPUTATUA,     
       Ander Rodriguez Lejarza.

(3648)   (2536)

1. ERANSKINA

BALIABIDEEN TIPOLOGIA

1)  Bizitokiak.

Gizartera­tzeko bizitokien sarea konplexua da, eta bi ardatz nagusiren inguruan artikula­tzen da: A) per­tso­naren desegitura­tze­aren maila eta etiologia eta b) gizartera­tzeko bidea egiteko borondatea edo borondaterik eza. Bi ardatz horiei ematen zaien eran­tzu­nak definituko du zentro mota egokia.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden baliabideak eta duten konplexutasuna kontuan izanda, horien tipologia zeha­tza 2. eranskinean ematen da.

2)  Eguneko zerbi­tzuak edo zentroak.

Bigarren mailako arretako eguneko zentroak hurbiltasuneko ekipamendu malgu eta balio ani­tze­koak dira, ordu banda zabalean irekita egoten direnak. Erabil­tzeko ordutegia premien arabera alda­tzen da. Horrelako zerbi­tzuen erabil­tzaileak izan daitezke egoi­tza zentroetan daudenak, baina izan daitezke, halaber, beren ­etxean bizi direnak eta gizartearen konpainia behar dutenak eta hezkun­tzako esku har­tze jarraitua behar dutenak.   

3)  Familiekin gizarte eta hezkun­tza arloan esku har­tzeko programak.

Familiekin gizarte eta hezkun­tza arloan esku har­tzeko bigarren mailako arretako zerbi­tzuaren xedea da, aztura, portaera, per­tzep­zio, sentimendu eta jarrera desegokiak bazter­tzea, eta egokiagoak diren beste ­batzuetara alda­tzea, eta behar diren gaitasunak gara­tzea elkarbizi­tza egokiagoa izateko, eta/edo beren kargura dituzten per­tso­nak zain­tzeko, gurasoen fun­tzioak, familiarekikoak eta elkarbizi­tza­koak hobeto bidera­tzeko aldatu beharreko alderdiak aldatuz.       

4)  Lagun egite espezializatuko programak (Gizarte Zerbi­tzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 22. artikuluko 2.7.3.1 apartatua).

Lagun egite espezializatua bigarren mailako arretako gizarte prestazio bat da. Programa horietan, erabil­tzaileak profesional kualifikatu batekin parte har­tzen du autonomiaz balia­tzen eta gizartera­tzen lagunduko dion lagun­tzako harreman batean. Lagun egite espezializatuak aukera ematen dio erabil­tzaileari bere egoera kontrasta­tzeko, autonomia per­tso­nalari eta gizartera­tze­ari buruz dituen helburuak esplizita­tzeko, eta prozesu guztian zehar erreferen­tziako per­tsona bat izateko.     

Programaren helburu nagusia artatutako per­tso­nen bizi baldin­tzak hobe­tzea da eta bizimodu autonomoa egiteko presta­tzea, instituzionalizatu beharrik ez izateko, ahal dela. Lagun egite espezializatua bigarren mailako arretako programa malgu eta oso per­tso­nalizatua da, aurrerago, aldaketarako motibazioa eta arazoari buruzko kon­tzien­tzia landuago daudenean, zentroetan sar­tzeko aukera bazter­tzen ez duena.          

2. ERANSKINA

BIZITOKIEN TIPOLOGIA ESPEZIFIKOA

1.  Sostengu inten­tsi­tate handiko bizitokiak.

1.a)  Exijen­tzia handiko egoi­tza zentroak. 24 orduko arreta ematen duten bizitokiak dira, desegitura­tze prozesu handia izan duten per­tso­nen­tzat eta Gizartera­tzeko prozesua egiteko exijen­tzia handiko esku har­tzea behar dutenen­tzat prestatuak.       

1.b)  Exijen­tzia ertaineko taldeko etxe­bizi­tzak (pisuak). 24 orduko arretako bizitokiak dira, eman­tzi­pazio prozesua burutu ez duten 18 eta 23 urte bitarteko gazteen­tzat, arrisku sozial handia dutelako lagun egite sozial bizia behar dutenen­tzat, prestatuak.

2.  Sostengu inten­tsi­tate ertaineko bizitokiak.

2.a)  Egoera kronifikatua duten per­tso­nen­tzako egoi­tza zentroak. Narriadura prozesu nabarmena duten per­tso­nen­tzako, iraupen luzeko zerbi­tzua (3-6 urte) behar dutenen­tzako, bizitokiak, Gizartera­tzeko ikuspegia beste ikuspegi aringarriago batekin konbina­tzen dutenak.

2.b)  Egonaldi ertaineko egoi­tza zentroak edo pisuak. Desegitura­tze ertaina duten per­tso­nen­tzat, gizartera­tzeko exijen­tzia ertaineko eta inten­tsi­tate ertaineko esku har­tzea behar dutenen­tzat, jarritako bizitokiak dira (normalean 24 orduko arretako zentroak, baina baita pisuak ere).

2.c)  Balorazio zentroa. Balorazio eta diagnostiko osoagoa behar duten per­tso­nen­tzako bizitokiak, egonaldian zehar etengabe behatuta egoteko aukera ematen dutenak. Balorazioa egiten den bitartean, gizartera­tzeko prozesua egiten hasten da.           

3.  Sostengu inten­tsi­tate txi­kiko bizitokiak.

3.a)  Gizartera­tzeko taldeko etxe­bizi­tzak (pisuak). Gizarte bazterketa erdi mailakoa izan arren, gizartean oso ­gutxi errotuta daudelako eta, beraz, egoera larriago­tzeko arrisku handia dutelako, inten­tsi­tate aldakorreko esku har­tzea behar duten per­tsona eta familien­tzako bizitokiak.

3.b)  Lotura amai­tzeko taldeko etxe­bizi­tzak (pisuak). Beste zentro ­batzuetatik pasatu diren baina gizartera­tzeko prozesua osa­tzeko eta bizimodu normalizatuari ekiteko oraindik ere iraupen laburragoko edo luzeagoko lagun egite soziala behar duten per­tso­nen­tzako bizitokiak.