214. zenbakia | Data 2012-11-09 | 94 orria |
ERRENTERIAKO UDALA
Gizarte Zerbitzuak
Iragarkia
Udalbatzaren Plenoak 2012ko uztailaren 19an eginiko ohiko Osoko
Bilkuran, «Ezintasunak dituzten pertsonenetzako aparkaleku txartela arautzen
duen udal ordenantza»ri hasierako onespena eman zion.
Aipatutako erabakia erakusketa publikoan jarri zen 30 laneguneko epez,
iragarkia 151 zenbakiduna Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean 2012ko abuztuaren 8an argitaratu zelarik.
Erakusketa publiko aldia amaitu da eta epe horretan ez da erreklamazio
edota iradokizunik aurkeztu. Beraz., apirilaren 2ko 7/1985 legea, Errejimen
Lokaleko Oinarriak arautzen dituena, 49 in fine artikuluan adierazitakoarekin
bat etorriz, orain arte behin-behinekoa zen onespenaren erabakia, behin betiko
bihurtu da.
Eta orohar guztiek jakin dezaten eta eraginak izan ditzan argitaratzen
dut. Era berean, jakinarazten da egintza honek administrazioaren bidea agortzen
duela eta horren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal
izango dela bi hilabeteko epean, iragarki hau Gipuzako Aldizkari Ofizialean
argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Halaber, egoki irizten diozun
beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango duzu.
Errenteria, 2012ko azaroaren 6a.—Alazne Korta Zulaika, Alkate ordea. (10387)
EZINTASUNAK DITUZTEN PERTSONENTZAKO APARKALEKU TXARTELA ARAUTZEN
DUEN UDAL ORDENANTZA
AURKIDEA
Zergatien azalpena
Atariko titulua
I. Kapitulua. Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Helburua
2. artikulua. Lurralde esparrua.
II. Kapitulua. Aparkaleku Txartelen
Titularrak
3. artikulua. Aparkaleku txartelen
titularrak.
Lehen titulua. ‑Aparkaleku
txartela lortu, erabili eta funtzionatzeko prozedura.
I. Kapitulua. ‑Aparkaleku
txartela lortu eta berritzeko prozedura.
4. artikulua. Aparkaleku txartela
emateko prozedura
5. artikulua. Aparkaleku txartela
berritzeko prozedura
II. Kapitulua. ‑Txartelaren
ezaugarriak, erabilera baldintzak eta funtzionamendua
6. artikulua. Aparkaleku txartelaren
ezaugarriak
7. artikulua. Erabilera baldintzak
8. artikulua. Funtzionamendua
Bigarren titulua. Erregimen zigortzailea
I. Kapitulua. ‑Arau
hausteak, zigorrak, badaezpadako neurriak eta erantzuleak
9. artikulua. Arau hausteak
10. artikulua. Arau hauste motak
11. artikulua. Zigorrak
12. artikulua. Badaezpadako neurriak
13. artikulua. Arduradunak
II. Kapitulua. Prozedura.
14. artikulua. Zehapen-prozedura
Lehen xedapen gehigarria
Bigarren xedapen gehigarria
Xedapen indargabetzailea
Azken xedapena.
ZERGATIEN AZALPENA
Elbarriak gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak, bere 60.
artikuluan, espreski adierazten du Udalek neurri egokiak hartu behar dituztela
mugitzeko arazo larriak dituzten elbarrien automobilak aparkatzeko
erraztasunak emateko, hori kolektibo horren gizarteratzea eta lanbideratzea
sustatzeko tresna egokia baita. Izan ere, dituzten mugikortasun arazoak direla
eta garraio publikoak erabiltzeko garaian muga handiak dituzten pertsona
askori esparru eta zerbitzu komunitarioetara sartzeko aukera ematen die, eta
ibilgailu partikularrak erabilita modu autonomoan iristen dira esparru
horietara, helmuga duten tokian txartelak aparkatzeko ematen dizkien
abantailak baliatuta.
Europako Batasuneko kontseiluak, 1998ko ekainaren 4an, Estatu kideentzako
gomendio bat onartu zuen ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartel
bateratua ezartzeko, Estatu kideek elkarrekiko onarturiko eredu komunitario
uniformearen arabera, txartel horien titularrek Europa osoan izan ditzaten
haiekin loturiko aparkaleku erraztasunak, betiere pertsona jakin hori dagoen
lurraldean indarrean dauden arau nazionalen arabera.
Gogoan izanik Kontseiluaren Ebazpenaren eta 1996ko abenduaren 20an Kontseiluaren
barnean bilduriko Estatukideen Gobernuen Ordezkarien izpirituaren arabera,
ezintasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari begira, ezintasunak
dituen pertsona orok izan behar du aukera bere lanbideratzea eta gizarteratzea
bultzatzeko neurri gehigarri eta zehatzez gozatzeko.
Ekintza positiboko neurri horien barnean, abenduaren 4ko20/1997
Legearen bidez, Euskadiko Irisgarritasuna Sustatzeko, botere publikoek
betebeharra dute mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuek soilik
erabiltzekoak diren aparkalekuen erreserba egiteko.
Euskal Autonomi Erkidegoak, aurreikuspen horiek betetzeko eta 5/1996
Legeak arau garapenaren eta gizarte zerbitzuen plangintzaren alorrean
emaniko eskumenen arabera, abenduaren 5ean 256/2000 Dekretua eman zuen. 1.
artikuluan jasotakoaren arabera, honako xede hau du dekretu horrek:
«Ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartel bakarra arautzea
eta eredu komunitariora egokitzea», eta 6.artikuluan xedaturikoaren arabera,
pertsona interesatua bizi den Udalaren egitekoa da txartel hori ematea eta
Dekretu horretan arauturiko prozeduraren eta ereduaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalek emaniko txartel horiek, Euskal
Autonomia Erkidegoko udalerri guztietan, lurralde espainiar osoan eta Europako
Batasuneko estatu kide guztietan izango dute balioa, udal komunitario horiek
ibilgailuen antolamendu eta zirkulazioaren alorrean zehaztuta dituzten baldintzetan.
Ildo horretatik, Trafiko, Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide
Segurtasunaren inguruko Legearen Testu Artikulatua berritzen duen abenduaren
19ko 19/2001 Legearen Laugarren Xedapen Gehigarriak, martxoaren 2ko 339/1990
Errege Dekretu Legegilearen bidez onartua, zera xedatzen du:
«Udalerriek, arau horren 7. artikuluak ematen dizkien eskumenak
erabiliz eta apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 60. artikuluak xedaturikoaren
arabera, Lege hori indarrean hasi eta hurrengo urtean, mugikortasun arazo
larriak dituzten pertsona ezinduentzako aparkaleku txartela emateko eta lege
horretatik etorritako eskubideak eraginkor izan daitezen beharreko neurriak
hartu beharko dituzte, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartela
sortzearen inguruan Europako Batasuneko Kontseiluak emaniko Gomendioa
kontuan harturik».
Errenteriako Udala, arazo horrekin aspaldidanik jabeturik, aparkaleku
txartel horiek ematen ari zaizkie ezintasunak eta mugitzeko arazoak dituzten
pertsonei, araudiak zehaztutako ereduaren arabera.
Ordenantza honek legearen eskakizunak bete nahi ditu, indarrean dagoen
legeriak, ezintasunak eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzako
aparkaleku txartelak eman, erabili eta funtzionatzearen inguruan, Udal
Administrazioari ematen dizkion ahalmenak erabiliz.
ATARIKO TITULUA
1. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Helburua.
Ordenantza honen xedea da ezintasunak dituzten pertsonentzako
aparkaleku txartela emateko prozedura eta hura erabiltzeko eta funtzionatzeko
baldintzak arautzea.
2. artikulua. Lurralde
esparrua.
Ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartelak Euskal
Autonomia Erkidegoko udalerri guztietan, lurralde espainiar osoan eta Europako
Batasuneko estatu kide guztietan izango du balioa, eta txartelaren titularrari
eskubidea emango dio erreserbaturiko aparkalekuak erabiltzeko eta ibilgailuak
gelditu eta aparkatzeko eskubide guztiak izateko, dauden lurraldeko udal
komunitario horiek ibilgailuen antolamendu eta zirkulazioaren alorrean
zehaztuta dituzten baldintzetan.
II. KAPITULUA. ‑APARKALEKU
TXARTELEN TITULARRAK
3. artikulua. Aparkaleku txartelen
titularrak.
Errenteriako Udalak emaniko ezintasunak dituzten pertsonentzako
aparkaleku txartelen titularrak izan daitezke, Errenterian erroldaturik egonik
eta urritasun fisiko edo psikiko larriren bat izanik, Foru Aldundiaren
balorazio eta Orientazio Unitatearen baiezko diktamena lortu duten pertsona
fisikoek, indarrean dagoen legerian zehaztutako balorazio irizpideen arabera.
LEHEN TITULUA
APARKALEKU TXARTELA LORTU, ERABILI ETA FUNTZIONATZEKO PROZEDURA
I. KAPITULUA. ‑APARKALEKU TXARTELA LORTU ETA BERRITZEKO
PROZEDURA
4. artikulua. Aparkaleku txartela
emateko prozedura.
1. Espedientea pertsona
interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskatuta hasiko da. Eskaera
Errenteriako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da.
Egiten diren eskaerek, azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen
Erregimen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 70.
artikuluak xedaturikoaz gainera, ondorengo dokumentazioa bildu beharko dute:
— Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
— Minusbaliotasun mailaren egiaztatze-ziurtagiria (Gipuzkoako Foru
Aldundiko Gizarte Politika saileko txostena).
— Karnet tamainako 2 argazki.
Alkatetza edo zinegotzi ordezkariaren ebazpenez aurkeztu beharreko
dokumentazioa aldatu ahal izango da, aldez aurretik Gizarte Zerbitzuak
Sailaren aldeko txostena eman badu.
2. Espedientea hasteko
eskabidea bete beharrekoak bete ezean, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko
epean akatsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan, eta, era
berean, ohartaraziko zaio ezen hori egin ezean, bere eskaerari uko egin diola
ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio
Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1. eta 42.1. artikuluetan
ezarri bezala.
3. Egindako eskaeraren
erabakia aparkaleku txartelaren eskaera egiten denetik hasi eta 3 hileko epean
jakinaraziko zaio interesdunari. Aipatu epean berariazko ebazpena emango ez
balitz, ulertuko da eskaera onartua dagoela, hori guztia berariazko ebazpena
emateko betebeharraren kalterik gabe, kasu guztietan hori berretsi beharko
duena.
4. Udalak egokitzat hartzen dituen gailuak
sartu ahal izango dizkio ematen duen txartelari hura jatorrizkoa dela ziurtatzeko
eta egin daitezkeen legez kanpoko manipulazio edo kopiak baztertzeko. Era
berean, aukera izango du txartelean beharrezko irizten dituen datu osagarriak
sartzeko, txartelaren erabilera egokia bermatzeko.
5. Udaltzaingoak egingo ditu
aparkaleku txartelen erabileraren zaintza eta kontrol lanak.
5. artikulua. Aparkaleku txartela
berritzeko prozedura.
1. Txartela 5 urtean behin
berrituko da, haren titularraren ezintasunaren balorazioan gerta litezkeen
aldaketen kalterik gabe, aldaketa horiek txartelaren indarraldiaren galera
dakartenean, baita balorazio unitateek eginiko diktamenek txartela
berrikusteko muga data 5 urtetik beherako epearekin ezartzen duten kasuan ere,
kasu horretan aipaturiko diktamenean zehaztutako data hartuko baita kontuan.
Txartela berritzeko aurreko artikuluan aurreikusitako prozedura
jarraituko da, eta aurreko txartelaren zenbaki bera duen txartela emango da.
Berria eskuratzeko iraungitako txartela eman beharko da.
2. Interesdunak txartela
iraungi baino 3 bat lehenago gutxienez aurkeztu behar du aparkaleku txartela
berritzeko eskaera, aurrekoaren indarraldia bukatzean txartel berria eduki
ahal izateko.
3. Txartela lapurtu edo galdu
izanagatik berritzeko, dagokion salaketaren justifikazioa aurkeztu beharko du
interesdunak. Hondatu izanagatik berritu behar bada, hondatutako txartela
aurkeztu beharko du, eta Udalak, kasu horietan guztietan, txartel berria
emango dio aurrekoaren zenbaki berarekin eta iraungitze data berarekin.
4. Gipuzkoako Foru Aldundian
eskumena duen Sailak emaniko txostenak behin betiko izaera duen kasuetan,
interesdunak eskatuta hasiko da txartela berritzeko prozedura administratiboa
beste diktamenik eskatu beharrik izan gabe, Udalak espreski halaxe eskatzen
duen kasuetan izan ezik.
5. Udaltzaingoak edozein
unetan beharrezkoa irizten duen dokumentazio osagarria edota informazioa eskatu
ahal izango dio txartelaren titularrari.
II. KAPITULUA. ‑TXARTELAREN
EZAUGARRIAK, ERABILERA BALDINTZAK ETA
FUNTZIONAMENDUA
6. artikulua. Aparkaleku txartelaren
ezaugarriak.
Aparkaleku txartelaren ezaugarriak, abenduaren 5eko 256/2000
Dekretuaren I. Eranskinean zehaztutakoak dira, dekretu horrek arautzen baitu
ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartela eta egokitzen
baitu eredu komunitario uniformera.
Aipaturiko Dekretu horren 5. artikuluan xedaturikoaren arabera,
Ezintasunak dituzten Pertsonentzako Aparkaleku Txartela doan egin eta
emango dio Udalari gizarte zerbitzuen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako
Sailak.
7. artikulua. Erabilera baldintzak.
1. Txartela pertsonala eta
besterenezina da, ezintasuna duen pertsona izango da haren titularra eta
soilik erabili ahal izango da titularrak, gidari gisa edo bidaiari gisa, haren
jabetzako ibilgailuetan edo ezindua garraiatzeko erabiltzen den beste
edozein ibilgailutan bidaiatzen duenean.
2. Aparkaleku txartela,
jatorrizko dokumentua betiere, aurreko parabrisean jarriko da, ibilgailuaren
kanpoaldetik haren gainaldea irakurtzeko moduan, eta kontrolerako erakutsiko
da, eskumena duten agintaritzaren agenteek eskatzen badute.
Inolaz ere ezin izango dira aparkaleku txartelen kopiak erabili.
Aparkaleku txartelen kopiak erabiltzeak ez du inolako balio ofizialik
izango, eta horrenbestez, ulertuko da, fotokopia horiek dituen ibilgailuak ez
duela beharreko baimenik, eta beraz, indarrean dagoen legeriaren arabera
jardungo da haren aurka.
3. Horretarako egokituriko
lekuetan aparkatzeko balio izango du, baita aparkatzea debekatua dagoen
lekuetan ere, behar duten denborarako, honako salbuespen hauekin:
— Oinezkoentzako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoentzako
igarobideak.
— Gelditzea debekatua dagoen lekuak.
— Igarobideak edo larrialdiko irteerak oztopatzen diren lekuak.
— Zirkulazio erreiak murrizten dituzten esparruak.
Ordutegi mugatua duten aparkaleku eremuetan (TAO) aparkatzeari dagokionean, dagokion
Ordenantzak xedaturikoa beteko da.
4. Ordenantza honetan
aparkaleku txartelaren titularrak diren pertsonentzako zehaztutako
eskubideak, Europako Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendaturiko
98/376/CE eredura egokitzen diren txarteletarako soilik onartuko dira.
5. Aparkaleku txartelaren
titularraren betebeharra izango da hura garbitasun baldintza eta egoera
egokietan eduki eta zaintzea, txartelean idatzitako datu espezifikoak
uneoro garbi ikusi ahal izan daitezen.
6. oinarrizko daturen bat irakurtezina duten txartelak ez dira
baliagarriak izango.
8. artikulua. Funtzionamendua.
1. Aparkaleku txartelaren
titularrek Udalari jakinarazi beharko diote, gehienez ere hamabost eguneko
epean, hura emateko arrazoi izan ziren inguruabarrak aldatzen badira, edo txartela
galdu, lapurtu edo hondatu bada. Era berean, aparkaleku txartelaren
titularraren hilez gero epe horren barnean jakinaraziko da.
2. Txartela galdu, lapurtu
edo hondatzen bada, haren titularrei emaniko eskubideak ezin izango dira
erabili berria egiten ez den bitartean.
Txartel berriaren eskaera Ordenantza honen 4. artikuluan
xedaturikoaren arabera egingo da.
3. Iraungitako txartel oro
baliogabea da ondorio guztietarako.
II. TITULUA
ERREGIMEN ZIGORTZAILEA
I. KAPITULUA. ‑ARAU
HAUSTEAK, ZIGORRAK, BADAEZPADAKO NEURRIAK ETA ERANTZULEAK
9. artikulua. Arau hausteak.
1. Arau hauste administratiboa
izango da Ordenantza honek jasotzen dituen xedapenak ez betetzea eta bertan
ezartzen diren debekuak urratzea.
2. Aplikatu beharreko
berariazko araudi sektorialik izan ezean, Alkatetza -Lehendakaritzak edo hark
aukeratutako Organoak zigortuko ditu Ordenantza honetan xedaturikoaren arau
hausteak, Titulu honetan zehaztutakoaren arabera, legeriak ezarritako mugen
barnean eta kasu bakoitzean egon daitezkeen erantzukizun penalei kalterik
egin gabe.
3. Ibilgailuen aparkaleku
erregimenaren inguruko arau hausteak, Trafiko, Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide
Segurtasunaren inguruko Legearen Testu Artikulatua onartzen duen martxoaren
2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuan, Zirkulazio Araudi Orokorra onartzen
duen azaroaren 21eko1428/2003 Errege Dekretuan, eta Errenteriako Trafikoko Udal
Ordenantzan xedatutakoaren arabera zigortuko dira.
Aurreko araudian oinarriturik, ezintasunak dituzten pertsonentzako
erreserbetan baimendu gabeko ibilgailuak aparkatuz gero, arau hauste horri
dagokion zigorra jarriko da behar ez den lekuan aparkatzeagatik eta
ibilgailua garabiak eraman eta izendatzen den tokian gordeko da.
Horretarako, baimendu gabeko ibilgailua izango da, aparkaleku txartelik
ez duena nahiz aparkaleku txartel baliogabea duena edo txartela behar ez
bezala erabili duena.
10. artikulua. Arau hauste
motak.
1. Arau hausteak arinak,
larriak eta oso larriak izango dira.
2. Arau hauste arinak dira
Ordenantza honetan jasotako arauen aurka eginikoak, hurrengo ataletan larri
edo oso larri gisa kalifikatzen ez direnean. Hain zuzen ere, honako hauek arau
hauste arinak dira:
a) Ibilgailuaren kanpoaldetik
txartel orijinalaren aurrealdea ez irakurtzeko moduan jartzea.
b) Aparkaleku txartel
hondatua jartzea edo ezintasuna duten pertsonentzako aparkaleku txartelaren
titularra nor den jakitea ezinezkoa edo zaila egiten duen txartela jartzea.
3. Arau hauste larriak dira
Ordenantza honetan sailkaturiko jarrerak, honako hauekin loturikoak:
a) Aparkaleku txartela erabiltzea,
ibilgailua iristean edo irtetean, titularra bertan ez dagoenean.
b) Jatorrizko aparkaleku txartelaren
kopiak erabiltzea.
c) Udaltzaingoaren agenteekin
ez kolaboratzea edo/eta txartelen zaintzarako beharreko egiaztapenak egiten
ez uztea.
d) Udalarekin ez kolaboratzea,
ikuskatze-lanak egiten ari dela, Udalak informazioa edo dokumentazio osagarria
eskatzen dionean.
e) Iraungitako txartela
erabiltzea.
4. Oso arau hauste larriak
dira honako jarrera hauek:
a) Aparkaleku txartela,
aparkaleku txartelaren titularra garraiatzen ez duen beste ibilgailu baten
erabiltzaile edo jabeari uztea.
b) Txartel manipulatua, faltsutua,
ezeztatua edo hildako pertsona batena erabiltzea.
c) Datu faltsuak edo okerrak
nahita ematea aparkaleku edo erreserba berezien txartelen eskaeretan, txartel
horiek emateko funtsezkoak direnean.
d) Txartela aldi baterako
eteteko ebazpen irmoa betetzeko aparkaleku txartela ez entregatzea.
e) Ordenantza honen aurkako
arau hausteak egiteagatik aldi baterako eten diren txartelak erabiltzea.
11. artikulua. Zigorrak.
1. Zigorrak jartzerakoan,
arau haustea ekarri duen ekintzaren larritasunaren araberakoa izango da
aplikaturiko zigorra, eta aplikatu beharreko zigorraren maila zehazteko
bereziki kontuan hartuko da nahita egin den edo arau haustea errepikatu den,
eragindako kalteen izaera eta berriz egitea, urte batean izaera bereko arau
hauste bat baino gehiago izateagatik erabaki finkoaren bidez halaxe adierazi
denean.
2. Arau hauste arinengatik 100
euro arteko isuna jarriko da, arau hauste larriengatik 101 – 200 euroko isuna
jarriko da eta oso arau hauste larriengatik 201 – 500 euroko isuna jarriko da.
3. Arau hauste larrien kasuan,
gainera, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartela aldi
baterako eteteko zigorra eman ahal izango da, gutxienez hiru hilabeterako eta
gehienez sei hilabeterako.
4. Oso arau hauste larrien
kasuan, gainera, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartela
aldi baterako eteteko zigorra eman ahal izango da, gutxienez sei hilabeterako
eta gehienez urte baterako.
5. Oso arau hauste larriak
errepikatzen badira, gainera, ezintasunak dituzten pertsonentzako
aparkaleku txartela aldi baterako eteteko zigorra eman ahal izango da, gutxienez
urte baterako, eta txartela ezin berritu izatea ere ekar lezake.
6. Aldi baterako eten diren
txartelak erabiltzeak eta txartel horiek entregatzeari uko egiteak txartela
ezin berritu izatea ekar lezake.
12. artikulua. Badaezpadako
neurriak.
Trafikoa zaintzeko ardura duten agintari-agenteek berehala konfiskatu
ahal izango dituzte faltsututa daudela egiaztatutako txartelak, jatorrikoen
fotokopia manipulatuak, baliogabetuak, etenak, iraungiak edo hilik dauden
titularrenak.
Egindako arau haustearen frogatzat hartuko dira horiek, eta tramitatzen
den espediente administratibo edo judizialari batuko zaizkio.
13. artikulua. Arduradunak.
Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau hausteen erantzukizuna
arau haustearen egitatea egin duenarena izango da zuzenean.
II. KAPITULUA. PROZEDURA
14. artikulua.
Zehapen-prozedura.
Gai honetan zehapen-ahalmena gauzatzeko ezarrita dagoen legezko edo
erregelamenduzko prozeduraren arabera ezarriko dira zigorrak.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Udalerri honetan, ordenantza honek mugikortasun gutxitua dutenentzako
ibilgailuak aparkatzeko titularrei aitortutako eskubideak izango dituzte nazio
lurraldean bizi diren espainiarrek eta Europar Batasuneko gainerako Estatu
kideetakoek, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartelaren
titular baldin badira, eredu komunitarioaren arabera, Europako Komunitateko
estatu kideei emandako Gomendioan xedatutakoaren arabera, Europar Batasuneko
Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an onetsia baita, agintari eskudun bakoitzak
egina.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
GIZARTE ZERBITZUETAKO ESTATISTIKAK
Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarte gaietan eskumena duen
departamentuaren bitartez, gizarte zerbitzuen estatistikak planifikatu,
koordinatu eta diseinatzeko zereginak gauzatzea, baita estatistika horien
egin eta mantentze-lanak gauzatzea ere.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege
Organikoaren kalterik gabe, eta aurreko paragrafoan aurreikusitako
helburuetarako, Errenteriako Udalak gizarte gaien alorrean eskumena duen Eusko
Jaurlaritzaren departamentuari igorriko dizkio ezintasuna duten pertsonentzako
aparkaleku txartelekin zerikusirik duten eta dagoeneko tramitatu dituen txartelen
datu guztiak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arau honen maila bereko edo beheragoko araudi guztiak indargabetuta gelditzen
dira, zehazki egun indarrean dagoen Errenteriako Trafikoko Ordenantza
Orokorraren 3. eranskinaren 17. artikulua.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu eta handik hamabost egunera jarriko da indarrean.