209. zenbakia | Data 2012-11-02 | 2 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
42/2012 FORU DEKRETUA, urriaren 22koa, Oinordetzen eta Dohaintzen
gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duena.
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren gaurko erregelamendua
azaroaren 15eko 85/1994 Foru Dekretuaren bidez onartu zen, eta nahiz eta,
harrez geroztik, urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauak, zerga hori arautzen
duenak, aldaketa handiak izan dituen bere edukian,
erregelamendua aldaketarik gabe mantendu da bere aurreikuspenetan.
Hori aintzat hartuta, komeni da erregelamendua
onartu zenetik foru arauan sartu diren aldaketek zenbateko eragina duten aztertzea,
haren edukia eguneratzeko eta erregelamendu hori zerga arautzen duten
benetako oinarrietara egokitzeko.
Horregatik, foru dekretu honen bitartez Oinordetzen
eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamendu berria onartzen da foru araua
garatze aldera. Erregelamendu horretan edukia murrizten da, garatzekoak
diren alderdiak bakarrik arautzen dira, eta saihesten da foru arauan dagoeneko
araututa dauden edukiak errepikatzea. Horrela, erregelamendua aldatu beharko
da, bakar-bakarrik, foru arauan sartutako aldaketek erregelamenduz garatu
beharreko gaietan eragina dutenean, eta ez foru araua aldatzen den bakoitzean.
Erregelamendu honek bi titulu ditu, berrogeita hamahiru artikulu eta
xedapen gehigarri bat. I. tituluak zergaren antolamenduari buruzko gaiak arautzen
ditu. Horrela, lehen kapituluan printzipio orokorrak jasotzen dira,
bigarrenean zerga-egitatea mugatzen da, hirugarrenean zehazten da zein diren
zergaren subjektu pasiboak eta erantzuleak, laugarrenak oinarri ezargarriaren
zehaztapenari buruz jarduten du, bosgarrenak sortzapena eta preskripzioa
jorratzen ditu, eta, azkenik, seigarren kapituluan arau bereziak jasotzen
dira.
II. tituluak zergaren kudeaketarekin lotutako alderdiak arautzen ditu,
eta hiru kapitulutan dago banatuta: Lehenengoak zerga aitortu eta likidatzeko
arau orokorrak biltzen ditu, bigarrenak foru arauan jaso eta erregelamenduz
garatzekoak diren prozedura bereziak jorratzen ditu, eta azkenik, hirugarren
kapituluak erregistroa ixteko erregelak arautzen ditu zerga obligazioa egoki
betetzea bermatze aldera.
Xedapen gehigarrian aipatzen da zer araudiren arabera aplikagarri
zaien izatezko bikoteei erregelamendu honek dakarren zerga obligazioa.
Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak
proposaturik, Lege Aholkularitzako Batzordearekin bat etorriz, eta Diputatuen
Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau,
XEDATZEN DUT
Artikulu bakarra. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko
Zergaren Erregelamendua onartzea.
Onarturik geratzen da Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren
Erregelamendua, foru dekretu honetan eranskin gisa atxiki dena.
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe geratzen dira foru dekretu honetan eta eranskineko
erregelamenduan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko
xedapen guztiak eta, bereziki, azaroaren 15eko 85/1994 Foru Dekretua, Oinordetzen
eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duena.
Amaierako xedapena.
1. Ogasun eta Finantza
Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio foru dekretu honetan eta
horren bidez onartutako erregelamenduan ezarritakoa garatu eta aplikatzeko
beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
2. Foru dekretu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratu
eta biharamunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2012ko urriaren 22a.
DIPUTATU
NAGUSIA,
Martin
Garitano Larrañaga.
OGASUN ETA FINANTZA
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Helena Franco Ibarzabal.
(2588) (10070)
ERANSKINA
OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN ERREGELAMENDUA
I. TITULUA
ZERGAREN ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ondare gehikuntzaren
kontzeptua.
Pertsona fisiko baten ondareari ondasunak eta eskubideak gehitzea da
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren menpeko ondare gehikuntza,
betiere haren kausa zergaren foru arauaren arabera obligazio tributarioaren
sorrarazle diren zerga-egitateetako bat gauzatzea bada.
2. artikulua. Pertsona
Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekiko bateraezintasuna.
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergak eta Pertsona Fisikoen
Errentaren gaineko Zergak ezingo dute inoiz ere batera zergapetu ondare gehikuntza
bera.
3. artikulua. Baldintzak betetzea.
Baldin eta zergari lotutako ondare gehikuntza ekarri duen egintza edo
kontratuari baldintza bat bete beharra ezarri bazaio, legeria zibilean
ezarritako preskripzioei jarraiki kalifikatuko da. Etengarri bezala kalifikatuz
gero, zerga ez da ordainduko baldintza bete arte, eta ondasunak erregistro
publikoetan inskribatu ahal izango dira baldin eta egindako idazpenaren
bazterrean jasota uzten bada likidazioa geroratu dela. Suntsiarazle bezala
kalifikatuz gero, zerga exijitu egingo da, baina horrek ez du eragotziko
bidezko itzulketa egitea baldintza betetzen bada.
4. artikulua. Eskualdatutako
ondasunak zerga ordaintzeko obligazioari lotzea.
1. Eskualdatzen diren ondasun
eta eskubideak, nor ere den haien jabea, eskurapena kargatzen duen zerga
ordaintzeko erantzukizunari lotuta geratuko dira, zerga hori likidatuta egon
edo ez, salbu eta jabea erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat
denean edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, ondasunen eskurapena
jendeari irekitako establezimenduetan onustez eta titulu zuzenarekin eskuratu
direla justifikatzen denean.
2. Onura fiskal baten behin
betiko eraginkortasunak ezinbesteko baldintza badu zergadunak edozein
beharkizun gerora betetzea, eta jabariaren zatibanaketak ondorengo likidazio
bat egin beharra ekartzen badu hura batzearen ondorioz, Zerga Administrazioak
dokumentuan jaso beharko du zirkunstantzia hori, aurkezleari hura itzuli
baino lehen, eta Jabetzako eta Merkataritzako erregistratzaileek,
albo-oharraren bidez, jasota utzi beharko dute eskualdatutako ondasunak
bidezko likidazioak ordaintzeko obligazioari lotuta geratzen direla onura
fiskalari ezarritako beharkizuna betetzen ez denean edo jabaria zergaren
araudiari jarraiki batzen denean.
II. KAPITULUA. ZERGA-EGITATEA MUGATZEA
5. artikulua. «Mortis causa»
eskurapenak. Oinordetza tituluak.
1. Herentzia, legatu edo
beste edozein oinordetza tituluren bidez egiten diren ondasun eta eskubideen
eskurapenak kausatzailearen heriotza-egunean egindakotzat joko dira, eta,
beraz, zerga exijitzeko aski izango da eskualdaketa sortu duen egitatea
frogatuta egotea, nahiz eta agiriak, inbentarioak edo banaketak formalizatu edo
likidatu gabe egon. Eskurapen hereditarioak hortik kanpo geratzen dira
berehalako eragingarritasuna izateko egiten diren oinordetza itunen ondorio
direnean edo komisarioak testamentu-ahalordea baliatzetik datozenean.
2. Besteak beste, hauek dira,
herentzia eta legatuaz gain, oinordetza tituluak zerga honen ondorioetarako:
a) «Mortis causa» dohaintza.
b) Oinordetza kontratu edo
itunak, haien eragina noiznahi gertatzen dela ere.
c) Hildako kide edo
enplegatuen senideek enpresa eta entitateetatik oro har kopuruak jasotzeko
eskubidea ematen dutenak, haien modalitatea edo izena zeinahi dela ere, baldin
eta berariaz xedatuta ez badago kopuru horiek zergapetzekoak direla zergaren
foru arauko 3. artikuluaren 1. apartatuko c) letran edo Pertsona Fisikoen
Errentaren gaineko Zergan ezarritakoaren arabera.
d) Euren lana egiteagatik
testamentugileek albazeei esleitutako diru kopuruak jasotzeko eskubidea ematen
dutenak, kopuru horiek herentziako ondasunen balio egiaztatuaren 100eko 10
gainditzen dutenean.
e) Ezkontza-itunetan oinordea
izendatzea.
f) Komisarioak
testamentu-ahalordea erabiltzetik datozen egintzak, hartzen duten itxura
zeinahi dela ere.
6. artikulua. Doako eta «inter
vivos» moduko negozio juridikoak.
Besteak beste, ondoko hauek dira, dohaintzaz gainera, doako eta «inter
vivos» moduko negozio juridikoak, zerga honen ondorioetarako:
a) Zorra eskuzabaltasunez jokatzeko
asmoz barkatzea, osorik zein zati batean.
b) Eskubideei uko egitea, pertsona
jakin baten alde.
c) Beste baten zorra
kontraprestaziorik gabe bereganatzea zorduna libratzeko, zergaren foru arauak
16. artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.
d) Epaiketa edo arbitraje
batean bestearen alde atzera egin edo amore ematea, eskuzabaltasunez, eta,
orobat, transakzio bat egitea, horren ondorioa asmo berberaz egindako uko egite
bat, atzera egite bat edo amore emate bat denean.
e) Bizitzaren gaineko
aseguru kontratua, aseguratuak bizirik iraunez gero, eta banakako aseguru
kontratua, aseguratua –kontratugilea ez dena– hilez gero, hala kasu batean nola
bestean onuraduna kontratugilea ez denean.
7. artikulua. Bizitza
aseguruak. Istripu aseguruak zergapetzea.
Istripu aseguruaren onuradunak kopuruak jasotzea zergaren foru arauko
3. artikuluaren 1. apartatuko c) letrako zerga-egitatean sartuta egongo da,
horiek jasotzearen arrazoia pertsona aseguratuaren heriotza denean.
8. artikulua. Aldizkako
prestazioak.
1. Jasotzen diren kopuruak
baldin badira zergaren foru arauak 3. artikuluaren 1. apartatuko c) letran
aipatutakoak edo erregelamendu honen 5. artikuluaren 2. apartatuko c) eta d)
letretan eta 6. artikuluko e) letran aipatutakoak, horiek jasotzea zergari
lotuta egongo da, bai batera jasotzen direnean, eta bai aldizkako, bizi arteko
edo aldi baterako prestazio moduan jasotzen direnean.
2. Aldizkako, bizi arteko edo
aldi baterako prestazioak jasotzea erregelamendu honen 26. artikuluak zergaren
sortzapenari buruz xedatutakoaren arabera arautuko da.
3. Aurreko apartatuko
kasuetan, Administrazioak, oinarri ezargarria zehazte aldera, zilegi izango du
pentsioaren uneko balioaren kalkulu aktuarialera jotzea perituen irizpenaz
baliatuta.
9. artikulua.
Zerga-egitatearen eragingabetasun juridikoa.
Kontratua indarrik gabe geratzen bada alderdi kontratugileek hala adostu
dutelako, ordaindutako kuotak ez dira itzuliko, eta elkarren arteko akordio
hori zergapetu beharreko egintza berritzat hartuko da.
Elkarren arteko akordioarekin parekatuko dira adiskidetze-egintzan
adostasuna lortzea, demandari erabateko amorea ematea eta demandatuak aitortza
judiziala egitea, betiere kontratuaren eragingabetasuna eragiten duten
gertaerak aitortzea dakartenean.
III. KAPITULUA. ‑SUBJEKTU PASIBOAK ETA
ERANTZULEAK
10. artikulua. Zergadunak.
1. Zergaren foru arauak 6. artikuluan
xedatutakoez gain, ondoko hauek egongo dira zerga ordaintzera behartuta,
zergadun gisa:
a) Bizitza aseguruaren
onuraduna, aseguratua bizirik dagoenean, edo banakako aseguruaren onuraduna,
aseguratua –kontratugilea ez dena– hiltzen denean. Kasu bietan, kostu gabeko
«inter vivos» eskualdaketagatik tributatuko da.
b) Aseguratuaren heriotza
kasuetarako egindako bizitza aseguruetan eta erregelamendu honen 7. artikuluan
aipatutakoetan, onuradunak.
2. Zergaren foru arauko 6.
artikuluan eta aurreko apartatuan xedatutakoa aplikagarria izango da, alderdiek
ezarritako estipulazioak edo testamentugileak agindutako xedapenak zeinahi
direla ere.
3. Legatua zergarik gabe
ematea edo zerga hori herentziaren kargura ordaintzea agintzen duen testamentuko
xedapenak ez du inolako aldaketarik eragingo zerga ordaindu behar duen pertsonari
dagokionez.
11. artikulua. Erantzukizun
subsidiarioa mugatzea eta iraungitzea.
1. Zergaren foru arauak 8.
artikuluan aipatzen den erantzukizun subsidiarioa mugaturik dago, beti, erantzukizun
hori sorrarazten duten ondasunen eskurapenari dagokion zerga-zatiagatik, halakotzat
hartuta ondasunen balio egiaztatuari batez besteko karga-tasa efektiboa aplikatzetik
ateratzen den emaitza.
Ondorio horietarako, batez besteko karga-tasa efektiboa eragiketa honen
emaitza izango da: Zerga kuota zati oinarri likidagarria bider 100. Batez
besteko karga-tasa bi hamartarrekin adieraziko da.
2. Autolikidazio partziala
zergaren foru arauan eta erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera egitea
baimenduta dagoenean, haren zenbatekoa izango da balizko erantzukizun
subsidiarioaren muga, baldin eta aurreko zenbakian xedatutakoa aplikatzetik
ateratzen dena baino txikiagoa bada.
3. Erregelamendu honen 46. artikuluan
xedatutakoaren arabera egindako autolikidazio partzialaren zenbatekoa ordaintzen
bada, autolikidazio partzialean sartutako ondasunen eskualdaketa
hereditarioari dagokion zerga zorra ez ordaintzeak zergaren foru arauko 8.
artikuluan aipatzen diren entitate eta pertsonentzat ekar lezakeen erantzukizun
subsidiarioa iraungita geratuko da.
IV. KAPITULUA. OINARRI EZARGARRIA
1. SEKZIOA. ‑«Mortis causa» eskurapenetan eta kostu
gabeko «inter vivos» eskualdaketetan aplikatu beharreko arau bereziak
12. artikulua. Herentziako
ondasunak zehaztea.
1. Kausadun bakoitzaren
banakako partaidetza zein den zehazteko, kausatzaileak utzitako ondasunen
artean sartuko dira, baita ere, zergaren foru arauko 11. artikuluan eta
erregelamendu honen 14tik 17ra bitarteko artikuluetan ezarritako presuntzioen
ondorioz gehitutako ondasunak, salbu eta presuntzioen arabera ondasun horiek
pertsona jakin batzuen oinarri ezargarriari egoztekok direnean.
2. Aurreko zenbakian
xedatutakoa ez da kausadunen banakako partaidetza zehazteko aplikatuko,
testamentugileak kausadun horiei ondasun jakin batzuk utzi dizkienean, herentziako
beste ondasunetatik kanpo utzita. Ondasun jakin batzuk eta gainerako herentzia
masaren partaidetza bat utzi badizkie, proportzionalki dagozkien ondasun
gehituen zatia konputatuko zaie, gainerako herentzia masan duten partaidetzaren
arabera.
3. Erregelamendu honen 10.3
artikuluan aipatzen diren legatuen kasuan, zergaren zenbatekoak ez du
handituko legatudunaren kargura egin beharreko likidazioaren oinarri
ezargarria, baina zenbateko hori ez da inoiz ere kengarria izango gainerako
kausadunen oinarri ezargarria zehazteko.
13. artikulua. Banakako
partaidetzaren balio garbia zehaztea.
1. Kausadun bakoitzaren
banakako partaidetzaren balio garbia zehazteko –balio hori zergaren foru
arauaren 9.a) artikuluan dator aipatua–, ondasun edo eskubideen baliotik honako
hauek kenduko dira:
a) Haien gainean ezarritako
zama edo kargena, baldin eta horiek kengarriak badira zergaren foru arauan eta
erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.
b) Kengarriak izateko baldintzak
betetzen dituzten zorren balioa.
c) Eskuratzen direnean onura
fiskalen bat dutenei dagokiena, onurarako ezartzen den proportzioan.
d) Zergaren foru arauan eta
erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera kengarriak diren gastuen
zenbatekoa.
2. Zamak ukitutako ondasunak
edo onura fiskalaz eskuratutakoak pertsona jakin bati utzi dizkionean
testamentugileak, edo, haren erabakiz zorra ordaintzea kausadunetako baten
obligazioa denean, kenkaria pertsona edo kausadun horrentzat bakarrik izango
da.
14. artikulua. Hil aurreko
urtean kausatzailearenak izateagatik gehitu daitezkeen ondasunak.
1. Zergaren foru arauak 11.
artikuluaren 1. apartatuko a) letran xedatutakoaren ondorioetarako, presuntzio
egingo da ondasunak kausatzailearenak izan direla baldintza hauetako bat betetzen
denean: Lehendik haren izenean agertzea gordailuetan, kontu korronteetan,
aurrezki-kontuetan, bermedun maileguetan edo antzeko kontratuetan, edo,
bestela, haren izenean inskribatuta egotea katastroetan, zerga erregistroetan,
jabetza erregistroetan edo beste erregistro publiko batzuetan.
Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez die galaraziko
interesdunei eskualdaketa egin izana frogatzeko duten eskubidea.
2. Presuntzio honen babesean
egindako gehikuntzak kausadun guztiei eragingo die oinordeko diren proportzio
berean, non eta modu sinesgarrian ez den frogatzen eskualdaketa zergaren foru
arauko 11. artikuluaren 1. aparatuko a) letran adierazitako pertsonetako bati
egin zaiola. Horrelakoetan, gehikuntzak pertsona horri bakarrik eragingo dio,
zeina oinordeko edo legatudun bihurtuko baita zerga ondorioetarako, ordurako
izaera hori ez badu.
15. artikulua. Hil aurreko
hiru urteetan kausatzaileak usufruktuan eskuratzeagatik gehitu daitezkeen
ondasunak.
1. Zergaren foru arauak 11.
artikuluaren 1. apartatuko b) letran ezarritako presuntzioa hutsalduta
geldituko da baldin eta behar bezala frogatzen bada jabetza soilaren eskuratzaileak
eskualdatzaileari behar besteko dirua ordaindu edo balio bereko ondasun edo
eskubideak eman dizkiola eskurapena egiteko.
Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez die galaraziko
interesdunei kostu bidezko eskualdaketa egin izana frogatzeko duten eskubidea.
2. Presuntzio horren babesean
egindako gehikuntzak jabetza soila eskuratu duenarentzat bakarrik izango du
eragina, eta ondasunaren edo eskubidearen jabari osoa «mortis causa» eskuratzeagatik
egingo zaio likidazioa. Likidazio hau egiteak berekin ekarriko du jabari osoa
batzeagatik dagokion likidazioa egin behar ez izatea.
16. artikulua. Hil aurreko lau
urteetan kausatzaileak jabetza soila eskualdatzeagatik gehitu daitezkeen
ondasunak.
1. Zergaren foru arauak 11.
artikuluaren 1. apartatuko c) letran ezarritako presuntzioa hutsalduta
geldituko da behar bezala frogatzen bada herentziako ondasunen artean
badagoela jabetza soila eskualdatzearen kontraprestazio gisa jasotako
dirurik edo balio bereko ondasunik.
Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez die
galaraziko interesdunei eskualdaketa egin izana frogatzeko duten eskubidea.
2. Presuntzio horren babesean
egindako gehikuntzak jabetza soila eskuratu duenari bakarrik egingo dio
kalte. Eskuratzailea ez bada oinordeko bat, legatuduntzat hartuko da, eta
hari likidatuko zaio dena delako ondasun edo eskubidearen jabari osoa «mortis
causa» eskuratzeagatik egin beharreko likidazioa. Likidazio hau egiteak
berekin ekarriko du jabari osoa batzeagatik dagokion likidazioa egin behar ez
izatea.
17. artikulua. Baloreak edo
efektuak endosatzeagatik gehitu daitezkeen ondasunak.
Zergaren foru arauak 11. artikuluaren 1. apartatuko d) letran
xedatutakoan oinarrituta egindako gehikuntzak baloreen endosu-hartzailearentzat
bakarrik izango du eragina, eta hura legatuduntzat hartuko da oinordeko ez
bada.
18. artikulua. Ondasunak ezin
gehitzea eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko
Zerga kentzea.
Aurreko 14tik 17ra bitarteko artikuluetan aipatutako gehikuntzak
ezingo dira egin, baldin eta ondasunak kostu bidez eskualdatzeagatik Ondare
Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ordaindu den
zenbatekoa handiagoa bada presuntzioak eragindako oinordeko edo legatudunari
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan legokiokeen batez besteko tasa
efektiboa eskualdaketaren unean egiaztatutako balioari aplikatzetik ateratzen
dena baino, betiere likidazioan balio hori sartu bada. Batez besteko karga-tasa
efektiboa erregelamendu honen 11.1 artikuluan ezarritako eran kalkulatuko da.
Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko
Zergarengatik ordaindutako zenbatekoa txikiagoa bada, zilegi izango da gehikuntza
egitea, baina subjektu pasiboak zerga horregatik ordaindutakoa kendu ahal
izango du Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren autolikidazioa egiten
duenean.
19. artikulua. Indibiso
egoeran dauden ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen proportzioaren
presuntzioa.
Herentzia onartugabeen, ondasun-erkidegoen eta, nortasun juridikorik
izan gabe, unitate ekonomiko edo ondare bereizi diren gainerako entitateen
ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen partaidetza herentziako ondasunei
gehituko zaie aplikatzekoak diren arauetatik edo interesatuen arteko
itunetatik datorren proportzioan, eta Administrazioak ez badu haien berri
sinesgarririk, interesdun kopuruaren arabera.
20. artikulua. «Mortis causa»
eskurapenetan eta kostu gabeko «inter vivos» eskualdaketetan zamak eta kargak
kentzea.
1. «Mortis causa»
eskurapenetako zamak eta kargak zergaren foru arauko 12. artikuluan kentzearen
ondorioetarako, eta, orobat, kostu gabeko «inter vivos» eskualdaketetakoak arau
horren 15. artikuluaren arabera kentzeko, aurkeztutako agirietan pentsio,
zama eta karga kengarrien iraupena berariaz jasota ez badago, iraupen hori
mugagabetzat hartuko da.
2. Kenkaria aplikatzeari
begira, zentsuko baliotzat hartuko da hura Kode Zibilak ezarritako arauen
arabera luditzeko eman behar den kapitalarena.
3. Pentsioen balioa
zehazteko, diruaren legezko interesaren arabera kapitalizatu behar dira pentsioak,
eta ateratzen den kapitaletik hartu behar da usufruktuak baloratzeko
ezarritako erregelak aplikatuta pentsiodunaren adinari dagokion zatia, pentsioa
bizi artekoa bada, edo pentsioaren iraupenari dagokiona, pentsioa aldi
baterakoa bada. Pentsioduna hiltzean iraungitzen ez diren aldi baterako pentsioen
balorazioan ez da aintzat hartuko usufruktuen kasuetan finkatutako muga.
Horrela lortutako balioa zuzentzeko, interesdunak zilegi du peritu-tasazio
kontrajarria eskatzea.
Pentsioa iraungitzen denean, ondasuna eskuratzen duena behartuta
dago pentsioa eratzeko garaian indarrean zegoen tarifaren arabera kendutako
kapitalari dagokion zerga ordaintzera.
21. artikulua. «Mortis causa»
eskurapenetan eta kostu gabeko «inter vivos» eskualdaketetan zorrak kentzea.
1. Zehazki, «mortis causa»
eskurapenetan, kausatzailearen zorrak kengarriak izango dira epai judizial
irmo batek aitortu dituenean.
Kausatzailearen zorrak agerian jartzen badira Oinordetzen eta Dohaintzen
gaineko Zerga ordaindu eta gero, haiek kentzeko erregelamendu honen 50.
artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2. Dohaintzan emandako edo
doako beste negozio juridiko baliokide baten bidez eskuratutako ondasun edo
eskubideen baliotik, eskuratutako ondasun edo eskubide horien gaineko eskubide
errealaz bermatuta dauden zorren zenbatekoa baino ezingo da kendu, betiere
baldin eta eskuratzaileak bermatuta dagoen zorra ordaintzeko obligazioa bere
gain hartu badu modu sinesgarrian, hasierako zorduna libratzeraino.
Nolanahi ere, zergaren zenbatekoa ordaindu ondoren, eskuratzaileak
sinesgarriro frogatzen badu lau urteko epean –autolikidazioa aurkezteko
arauzko epea amaitzen denetik aurrera– zorra bere kontura ordaindu duela,
eskubidea izango du berak ordaindutako zorrari dagokion zerga-zatia bueltan
jasotzeko. Horrelakoetan, erregelamendu honen 51. artikuluan ezarrita dagoen
prozedurari jarraituko zaio itzulketa egiteko. Epe horrek ez du etenaldirik
onartuko.
22. artikulua. «Mortis causa»
eskurapenetan izandako arbitraje gastuak kentzea.
1. «Mortis causa» eskurapenetan
izandako arbitraje gastuak kengarriak izango dira zergaren foru arauak 14.
artikuluko a) letran jasotzen dituen baldintza berdinetan, jarduketen
testigantzaz frogatuta badaude.
2. Kausatzaileak utzitako
ondasunak administratzeak dakartzan gastuak ez dira kengarriak izango.
23. artikulua. Ezkontza-sozietatearen
edo izatezko bikotearen ondasun erkideak dohaintzan ematea.
1. Irabazpidezko ondasunen
dohaintzak ezkontide biek batera egiten dituztenean, eta horrelako ondasunen
dohaintza bat egin izanaren presuntzio bat aplikatzea zilegi denean, zerga
likidatzeari begira ulertuko da bi eskualdaketa diferente daudela, eta bakoitzaren
oinarria eta karga-tasa kalkulatzeko, dohaintzan emandako ondasun guztien
balioaren erdia hartuko da kontuan.
2. Aurreko apartatuan
xedatutakoa izatezko bikoteei ere aplikatuko zaie.
2. SEKZIOA. Aseguru gaietan aplikatzeko arau bereziak
24. artikulua. Ezkontza-sozietatearen
edo izatezko bikotearen ondasun erkideen kontura kontratatutako aseguruak.
1. Asegurua bi ezkontideetako
batek kontratatu badu irabazpidezko sozietatearen kontura, eta onuraduna
bizirik dagoen ezkontidea bada, oinarri ezargarria jasotako kopuru osoak
eratuko du.
2. Aurreko apartatuan
xedatutakoa izatezko bikoteei ere aplikatuko zaie, baldin eta bikoteko kideek
ezarri duten ondare erregimen ekonomikoa irabazpidezkoarena bada.
3. SEKZIOA. Balioen egiaztapena
25. artikulua. Baloratzeko
eta aurka egiteko arauak.
1. Hiri ondasun higiezinen
kasuan, eskualdatutako ondasunen benetako balio gisa interesdunek jar dezakete
urtarrilaren 26ko 6/1999 Foru Dekretuak zehazki II. tituluan xedatutakoa aplikatzetik
ateratzen dena. Ondasun higiezin hiritarren balio katastrala eta balio
egiaztatua zerga alorreko erregistro ofizialetan ageri diren balioak erreferentziatzat
hartuta zehazteko prozedura onartzen du foru dekretu horrek.
2. Merkatuko batez besteko
prezioak ezarriak dituzten ondasunen kasuan, Zerga Administrazioak aldian
aldiro taula ofizialak onartzen dituenean, eskualdatutako ondasunen benetako
balio gisa interesdunek taula horiek aplikatzetik ateratzen den emaitza jar
dezakete.
3. Kostu gabeko «inter vivos»
eskualdaketen kasuan, balioak egiaztatzeko espedientearen emaitza eskualdatzaileei
jakinarazi behar zaie aldez aurretik, eta emaitzak haien eskubide eta
interesei eragiten badie, haren aurka egin dezakete. Erreklamazioa osorik edo
zati batean onesten bada, ematen den ebazpena Oinordetzen eta Dohaintzen
gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat ere izango da onuragarria.
4. Egiaztapenetik lortutako
balioa handiagoa den kasuetan, ez da zehapenik aplikatuko baldin eta subjektu
pasiboak ondasunen balio gisa aitortu duena Ondarearen gaineko Zergaren
erregela aplikatzetik ateratzen dena edo handiagoa bada.
V. KAPITULUA. SORTZAPENA ETA PRESKRIPZIOA
26. artikulua. Sortzapena.
1. Kontratugile edo
aseguratuaren bizi-iraupen kasurako egindako bizitza aseguruaren onuradunak
kopuruak eskuratzen dituenean, onuraduna eta kontratugilea pertsona bera ez
badira, zerga sortuko da jaso beharreko lehen kopurua edo kopuru bakarra
onuradunak exijitu dezakeenean.
2. Ondasun edo eskubideen
eskurapenak etenda badu eraginkortasuna tartean baldintza bat, epemuga bat,
fideikomiso bat edo beste edozein muga ezarri delako, eskurapen hori muga
horiek desagertzen diren egunean joko da gauzatutzat, eta data horri
erreparatuko zaio bai ondasunen balioa eta bai zerga tasak zehazteko.
3. Eskuratzen diren ondasun
eta eskubideak komisario bidezko testamentu baten eraginpean badaude uztailaren
1eko 3/1992 Legeak, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoak, 164.
artikuluan eta bere hurrengoetan xedatutakoaren arabera, zerga honela sortuko
da:
1.a.— Ondasun edo eskubideen eskurapenak gertatzen badira komisarioari
eman zaion xedatze-ahalmena edo testamentu-ahalordea baliatzeagatik edo
haren esku utzi den eta zerga-egitatea sortzen duen beste edozein ahalmen
erabiltzeagatik, zerga sortuko da ahalmen horiek osorik edo zati batean baliatzen
diren egunean.
2.a.— Eskurapenak komisario bidezko testamentuaren mende dauden ondasun
edo eskubideenak badira, eta xedatzeko ahalmena edo testamentu-ahalordea haiek
osorik edo zati batean baliatu aurretik iraungi badira, ahalmena edo ahalordea
iraungiarazten duen zirkunstantzia gertatzen den egunean sortuko da zerga.
3.a.— Komisario bidezko testamentuan adierazten bada ahalordea baliatzen
ez den bitartean herentziako ondasun guztien edo batzuen usufruktu eskubidea
pertsona jakin bati ematen zaiola, usufruktu eskubideari dagokion zerga
sortuko da usufruktua eratu duena hiltzen den egunean edo, bestela, kausatzailearen
heriotza deklarazioa Kode Zibileko 196. artikuluaren arabera irmo bihurtzen
den egunean.
27. artikulua. Preskripzio
epea konputatzea.
1. Zergaren foru arauak 24.
artikuluan aipatzen duen preskripzio epea egun hauetatik aurrera hasiko da
zenbatzen:
a) Kostu gabeko «inter vivos»
eskualdaketen kasuan, erregelamendu honen 40. artikuluko b) letran
autolikidazioa aurkezteko ezarrita dagoen epea amaitzen den egunetik aurrera.
b) «Mortis causa»
eskualdaketetan, autolikidazioa aurkezteko epe arrunta edo, hala bada, luzapen
epea, hurrenez hurren erregelamendu honen 40. artikuluko a) letran eta 41.
artikuluan aipatutakoak, amaitzen direnetik aurrera.
c) Bizitza aseguruen
onuradunek kopuruak jasotzen dituztenean, erregelamendu honen 40. artikuluko
a) letran autolikidazioa aurkezteko ezarrita dagoen epea amaitzen denetik
aurrera.
d) Zehapenak ezartzeko
akzioari dagokionez, urraketa egiten denetik aurrera.
2. Eskurapenen kausa bada
dohaintza bat edo «inter vivos» egindako eta agiri pribatuan jasotako doako
beste negozio juridiko batzuk, preskripzio epea zenbatzen hasteko kontuan
hartuko da noiz dituen agiriaren datak ondorioak hirugarrenen aurrean Kode
Zibilak 1.227. artikuluan jasotakoaren arabera, preskripzio epea une horretatik
aurrera hasiko baita zenbatzen.
Presuntzio egingo da agiri pribatuek duten data zerga honen
autolikidazioarekin batera haiek aurkezten diren egunekoa dela, betiere
aurretik Kode Zibilaren 1.227. artikuluan aurreikusitako zirkunstantzietako
bat gertatu ez bada. Izan ere, horrelakoetan kontuan hartuko den data
eransketarena, inskripzioarena, heriotzarena edo ematearena izango da,
hurrenez hurren.
3. Preskripzio epea Zergen
Foru Arau Orokorrak ezarritakoaren arabera etengo da.
VI. KAPITULUA. ARAU BEREZIAK
28. artikulua. Usufruktuak.
Zergaren foru arauak 25. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe,
usufruktu eskubidea eta jabetza soilari dagokiona baloratzeko, erregela hauek
aplikatuko dira:
a) Aldi baterako usufruktuaren
balioa zehazteko, urtebetetik beherako denbora-zatiak ez dira konputatuko;
aldiz, urtebetetik behera irauten duen usufruktua ondasunen balioaren 100eko
5ean konputatuko da.
b) Usufruktua pertsona
juridiko baten alde eratu bada, pertsona fisiko bati egotzitako jabetza
soilak zer balio duen zehazteko, aplikatzekoak izango dira zergaren foru
arauak 25. artikuluko a) letran ezartzen dituen erregelak, baina usufrukturako
ezingo da inoiz konputatu ondasunei emandako balioaren 100eko 60 baino gehiago.
Portzentaje hori bera hartuko da kontuan usufruktuak iraupen mugagabea
duenean.
29. artikulua. Erregela
bereziak.
1. Usufruktu eskubidea eskuratzean,
usufruktudunak eskubide horren balioan oinarrituta autolikidatu behar du zerga,
zergaren foru arauak 19. artikuluan aurreikusten dituen murrizketak aplikatuta,
hala badagokio.
2. Jabetza soilaren eskuratzaileak
haren balioa kontuan hartuz autolikidatu behar du zerga, betiere, zergaren foru
arauak 19. artikuluan aurreikusten dituen murrizketak aplikatuta, hala
badagokio.
Aurreko likidazioaren kaltetan izan gabe, usufruktua iraungitzen
denean, lehen jabe soilak autolikidazio bat egin behar du kontzeptu horregatik,
eta bertan kontuan hartu ondasunen balio osotik zer portzentajerengatik ez
den zergarik ordaindu jabetza soila eskuratzean. Jabaria batzeko unean
ondasunek zuten balioaren gainean aplikatuko da portzentaje hori, iraungitzearen
momentuan indarrean izan den zergaren arauei jarraiki.
3. Jabe soilak bere eskubidea
eskualdatzen duen kasuetan, eta bazterrean utzi gabe eskuratzaileak jabetza
soilak une horretan duen balioan oinarrituta eta eskurapen tituluari dagokion
zerga tasa aplikatuta egin behar duen autolikidazioa, jabari osoa jabe soil
berriaren eskuetan batzen denean, horrek lehen jabe soilari egokituko zitzaion
zerga ordaindu beharko du, aurreko apartatuan xedatutako eran.
Nolanahi ere, jabaria lehenengo jabe soilaren edo ondorengo jabe soilen
eskuetan geratzeko arrazoia ez bada aurreikusitako epea bete izana edo
usufruktuduna hiltzea, eskuratzaileak likidazio hauek baino ez ditu ordaindu
beharko: Jabaria zatibanatzeagatik egin gabe dauden likidazioen artetik
handiena, eta usufruktua iraungitzea ekarri duen negozio juridikoari
dagokiona.
Jabaria usufruktudunarengan batzen bada, honek jabe soil bihurtzen
duen negozio juridikoagatik egin beharko du autolikidazioa.
Jabaria usufruktuko eta jabetza soileko eskubideak aldi berean eskuratzen
dituen hirugarren batengan batzen bada, eskurapen horiei dagozkien likidazioak
bakarrik egingo ditu.
4. Horren ondorengo
usufruktuetan, jabetza soilaren balioa portzentajerik handieneko usufruktua
kontuan hartuta kalkulatuko da, eta usufruktu hori iraungitzen denean, jabe
soilak jabetza soilaren balio gehikuntzagatik ordainduko du. Horrela
jokatuko da beti, gainerako usufruktuak iraugintzen diren bakoitzean. Arau
bera aplikatuko da usufruktua bi ezkontideen alde aldi berean eratu denean,
baina jabaria batzeagatik egin beharreko autolikidazioa azkena hiltzen denean
bakarrik egingo da.
5. Onartutako usufruktuari uko
egitea, nahiz eta uko hori hutsa eta soila izan, usufruktudunak jabe soilari
egindako dohaintzat hartuko da, zerga ondorioetarako.
6. Usufruktua usufruktudunaren
bizitzaz besteko baldintza suntsiarazlearekin eratzen bada, usufruktudunak
autolikidazioa egin behar du bizi arteko usufruktuetarako ezarrita dauden
erregelen arabera. Eta baldintza suntsiarazlea betez gero, beste
autolikidazio bat egin behar du aldi baterako usufrukturako ezarritako
erregelei jarraiki, dagokion zenbatekoa ordainduz edo zilegi duen itzulketa
eskatuz.
7. Erabiltzeko eta biztantzeko
eskubideak eskuratzen dituenak, eskurapenaren unean, autolikidazioa egin behar
du haien balioagatik, zergaren foru arauak 19. artikuluan aipatzen dituen
murrizpenak aplikatuta, hala badagokio. Kontzeptu horregatik egiten den
autolikidazioaren oinarri ezargarria aintzat hartzekoa izango da usufruktudunak,
baldin badago, edo, bestela jabe soilak, bere eskubideak eskuratzeagatik egin
behar duen autolikidazioan.
Erabiltzeko eta biztantzeko eskubideak iraungitzen direnean,
usufruktudunak, balego, usufruktuaren balio gehikuntzagatik ordaindu behar du
zerga, zergaren foru arauak 19. artikuluan aurreikusten dituen murrizpenak
aplikatuta, hala badagokio. Eta usufrukturik ez badago, jabe soilak egingo du
eskubide horiek iraungitzeari dagokion autolikidazioa. Erabiltzeko eta
biztantzeko eskubideak baino lehenago iraungitzen bada usufruktua, orduan,
jabe soilak autolikidazio egin behar du usufruktu eskubide hori iraungitzeak
dakarren batze partzialarengatik. Jabetza soilaren balioak iraungitze
horren ondorioz izan duen gehikuntza jaso beharko da autolikidazioan.
30. artikulua. Usufruktu edo
erabilera eskubidearekin pareka daitezkeen instituzioak.
1. Kausatzailearen xedapenen
ondorioz edo oinordetzaren arau zibilak aplikatzeagatik, herentzia bateko
ondasunak osorik edo partez gozatzeko eskubidea pertsona bati ematen
zaionean, dela aldi baterako dela bizi artean, zerga ondorioetarako ulertuko da
erabilera edo usufruktu eskubide bat dagoela, eta eskubide hori, izena zeinahi
duela ere, baloratuko da aldi baterako edo bizi arteko usufruktu edo
erabilera-eskubideetarako ezarritako arauen arabera.
Hala ere, eskuratzaileak ondasunak xedatzeko eskubidea badu, jabari
osoagatik likidatuko du zerga, baina horrek ez du eragotziko jabetza soilari
dagokion zerga-zatiagatik bidezko itzulketa egitea, baldin eta frogatzen bada
ondasun horiek testamentugileak edo araudi aplikagarriak adierazitako pertsonari
eskualdatu zaizkiola.
2. Zergaren foru arauan edo
erregelamendu honetan erregimen berezia ezarrita duten instituzioei ez zaie
aplikatuko aurreko zenbakian xedatutakoa.
31. artikulua. Ordezpenak.
1. Ordezpen arruntean,
ordezkoak kausatzailearengandik heredatzen duela ulertzen da eta, beraz,
autolikidazioa egin beharko du, kausatzailearekin duen ahaidetasunari
erreparatuta, izendaturiko oinordekoa aurretik hil bada, herentzia ezin
onarturik badago edo onartu nahi ez badu.
Izendaturiko oinordeak herentzia onartu nahi ez badu, erregelamendu
honen 35. artikuluak herentziari uko egiten zaionerako xedatutakoa hartuko da
kontuan.
2. Ordezpen pupilar eta
exenplarretan, ordezkoak ordeztuarengandik heredatzen duela ulertzen da eta,
beraz, autolikidazioa egin behar du ordezpena egiten denean, ordeztutako
ondorengoarekin duen ahaidetasuna kontuan hartuta, eta testamentugilea hiltzean
hark ordaindutakoa eragotzi gabe.
3. Fideikomisozko
ordezpenetan, autolikidazioa egingo da fideikomisoa eratzen denean eta
ordezpen bakoitzean, fideikomisodunak edo ordezkoak kausatzailearekiko duen
ahaidetasuna kontuan hartuta. Fiduziarioa eta fideikomisodunak, horietako
azkena izan ezik, usufruktudun hutsak direla joko da, non eta «inter vivos»
edo «mortis causa» egintzak direla medio ondasunak eskuratzeko ahalmena ez
duten, kasu horretan jabari osoagatik egin beharko baitute autolikidazioa, erregelamendu
honen 26.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
32. artikulua. Fideikomisoak.
1. Fideikomisoetan,
autolikidazioa egiteko epeen barruan oinordeko fideikomisoduna zein den ezagutzen
ez denean, fiduziarioak zergaren foru arauak arrotzen arteko oinordetzarako
ezartzen duen tarifa oinarri likidagarriari aplikatuta ateratzen den emaitza
ordaindu behar du, non eta fideikomisoduna ez den pertsona jakinen artean
izendatu behar, horrelakoetan ahaidetasun urruneneko pertsonari dagokion
taldearen tarifa aplikatuko baitzaio oinarri likidagarriari.
2. Aurreko zenbakiaren arabera
ordaindutakoa fideikomisodunaren probetxurako izango da, hura ezaguna denean.
Hari dagokion tarifak fiduziarioari aplikatutakoak baino gutxiago ordaintzea
badakar, gehien ordaindu duenak edo haren kausadunek eskubidea izango dute
soberan ordaindutakoa bueltan jasotzeko, erregelamendu honen 42. artikuluaren
azken bi paragrafoetan xedatutakoaren arabera.
3. Fideikomisoduna zein den
autolikidazioa egiteko epeen barruan ezagutzen bada, fideikomisodunak kausatzailearekin
duen ahaidetasunaren arabera ordainduko du zerga.
4. Fiduziarioak, edo
testamentugileak herentzia eskualdatzeko enkargatutako pertsonak, osorik
edo zati batean gozatu baditzake ondasunak, dela aldi baterako dela bizi
artean, edo fideikomisozko oinordekoari ondasunak eman arte haien errentak edo
produktuak xedatzeko ahalmena badu, usufruktudun gisa ordainduko du zerga,
kausatzailearekiko duen ahaidetasunaren arabera. Kasu horretan, ondasunen jabetza
eskuratzean ere fideikomisodunak dagokion zerga ordaindu beharko du,
fiduziarioak ordaindutakoa bere alde konputatu gabe.
5. Oinordeko fiduziarioari
herentziako ondasunak jabetzan uzten zaizkion fideikomisoetan, nahiz eta
zamaren bat kentzeko izan, berak autolikidatu beharko du jabetza eskuratzeak
dakarren zerga, zama kenduta berau kengarria bada. Horrelakoetan, kargaren
ondoriozko onura eskuratzen duena ezaguna bada, berak ordainduko du zerga,
dagokion tituluarengatik; aldiz, ezaguna ez bada, oinordekoak ordainduko du
zerga, baina zamarengatik ordaindutako zerga onuradunari jasanarazi diezaioke,
onuraduna zein den ezaguna denean.
33. artikulua. Erreserbak.
1. Kode Zibilaren 811.
artikuluaren arabera erreserbatu beharrekoa den herentzian erreserbagileak
usufruktudun gisa ordainduko du zerga; hala ere, erreserba iraungitzen bada
haren onuradun izendatutako ahaide guztiak hil direlako edo uko egin zaiolako,
erreserbagileak jabetza soilari dagokion zerga ordaindu beharko du, zergaren
foru arauko 27. artikuluan eta erregelamendu honetako 26.2 eta 35. artikuluetan
ezarritakoa aplikatuta.
2. Kode Zibilaren 968., 969.,
979. eta 980. artikuluetan aipatzen den erreserba arruntean, erreserbagileak
jabari osoari dagokion zerga autolikidatuko du, baina horrek ez du eragotziko
ondasunen jabetza soilagatik ordaindutakoaren itzulketa jaso ahal izatea
ondasun horiek edo beren subrogatuak erreserba-hartzaileari eskualdatu
zaizkiola frogatzen denean.
3. Bi kasuetan, erreserba-hartzaileak
zerga ordainduko du erregelamendu honen 26.2 artikuluan xedatutakoa kontuan
hartuta eta ondasunak norengandik etorri eta harekin duen ahaidetasun mailari
begiratuta; ez du aintzat hartuko erreserbagilearekiko ahaidetasuna, azken
horrek Kode Zibilaren 972. artikuluan aipatzen den hobetze ahalmena lehendik
erabili arren.
34. artikulua. Alargunaren
senipartea ordaintzea ondasunak jabari osoan emanda.
Kode Zibilaren 839. eta 840. artikuluetan xedatutakoaren indarrez,
bizirik dirauen ezkontideari senipartea usufruktua ez den eran edo kontzeptuan
ordaintzen bazaio, likidazio bat egingo da esleitutako ondasun edo eskubideen
balio egiaztatuan eta usufruktuari esleitutakoan bat datorren kopuruagatik,
zergaren foru arauko 25. artikuluan eta erregelamendu honen 28. artikuluan
jasotako erregelen arabera. Horren ondorioz, oinordekoei ez zaie inolako
likidaziorik egingo jabetza soilarengatik, ezta, bere egunean, usufruktua
iraungitzeagatik ere. Baina usufruktua ez den eran esleitutakoaren balioa
ezkontide alargunari dagokiona baino txikiagoa edo handiagoa bada, soberakina
edo diferentzia soberazko esleipen gisa likidatuko da oinordekoaren edo
oinordekoen kargura lehen kasuan, edo ezkontide alargunaren kargura
bigarrenean.
35. artikulua. Uko egitea.
1. Zergaren foru arauak 27.1
artikuluan aipatzen duen ukoa egiten denean, herentzia edo legatuaren uko
huts, soil eta doakoaren onuradunak kausadunarengandik zuzenean beste ondasun batzuk
jasotzen baditu, artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko da bakar-bakarrik
baldin eta bi ondasun multzoak bereizik eskuratzeagatik egindako
autolikidazioen batura handiagoa bada ondasun guztien balioaren gainean
egindakoa baino. Onuradunak kausatzailearekin duen ahaidetasun mailaren
araberako taldeari dagokion tarifa aplikatuko zaio oinarri likidagarriari.
2. Irabazpidezko sozietatearen
eragin eta ondorioetarako bizirik dirauen ezkontidearen edo izatezko
bikote-lagunaren ukoak ondorio gisa ekar dezan uko egindako ondasunak, zerga
likidatzeari begira, hildakoak utzitako ondasunen parte izatera pasatzen
direla, beharrezkoa izango da ukoa hutsa, soila eta doakoa izateaz gainera,
eskritura publiko bidez egina egotea kausatzailea hil baino lehen. Baldintza
horiek betetzen ez badira, ukoaren onuradunek autolikidazioa egin beharko dute
uko egileak haien alde egindako dohaintza kontzeptuagatik.
36. artikulua. Dohaintza
kargadunak eta ordain gisa emandakoak.
1. Dohaintza kargadunak eta
ordain gisa emandakoak kontzeptu horregatik eta beren zenbateko osoagatik
zergapetuko dira. Elkarrekiko prestazioak badaude edo dohaintza-hartzaileari
kargaren bat ezartzen bazaio, diferentziagatik bakarrik zergapetuko dira kontzeptu
berberagatik. Horrek ez du kentzen, dena den, zerga ordaindu behar izatea
kasuan kasuko prestazioengatik edo ezarrita dauden kargengatik.
2. Bizi arteko edo aldi
baterako pentsioen truke egiten diren ondasun lagapenek dohaintza kontzeptupean
ordaindu behar dute zerga hau, ondasunen balioa pentsioarena baino handiagoa
den zatiagatik. Bi balioak kalkulatzeko, Ondare Eskualdaketen eta Egintza
Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren arauak aplikatu behar dira.
37. artikulua. Dohaintzak eta
kostu gabeko gainerako eskualdaketa parekagarriak elkarren artean metatzea.
1. Zergaren foru arauak 29.1
artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, uneko dohaintza edo eskualdaketa
egin aurreko hiru urteetan dohaintzan emandako edo eskualdatutako ondasun edo
eskubideen balioa batuz egin behar da metaketa.
2. Aurreko dohaintzetan edo
eskualdaketetan ezkontide biek eskualdatu edo eman badituzte dohaintzan ezkontza-sozietatearen
ondasunak, eta dohaintza edo eskualdaketa berria ezkontide batek bakarrik
egiten badu bere ondasun pribatiboekin, dohaintza-emaile berriari egotzi
dakiokeen aurreko dohaintzaren edo eskualdaketaren balioaren zati proportzionalari
eragingo dio soilik metaketak.
3. Metatutako dohaintzak edo
eskualdaketak bere garaian haientzat egiaztatutako balioaren arabera
konputatuko dira, nahiz eta metaketaren unean balio hori aldatuta egon.
38. artikulua. Dohaintzak eta
kostu gabeko gainerako eskualdaketa parekagarriak dohaintza-emailearen herentziari
metatzea.
1. Zergaren foru arauak 29.2
artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, oinordetzari dagokion zerga sortu
aurreko lau urteetan dohaintzan emandako edo eskualdatutako ondasun edo
eskubideen balioa batuz egin behar da metaketa.
2. Aurreko dohaintza edo
dohaintzak ezkontide biek egin badituzte ezkontza-sozietatearen ondasun
erkideak erabilita, kausatzaileari egozgarri zaion balioaren zati proportzionalari
bakarrik eragingo dio metaketak.
3. Metatutako dohaintzak edo
kostu gabeko eskualdaketak bere garaian haientzat egiaztatutako balioaren
arabera konputatuko dira, nahiz eta metaketaren unean balio hori aldatuta egon.
III TITULUA
ZERGAREN KUDEAKETA
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
39. artikulua. Autolikidazio
erregimena. Arau orokorrak.
1. Subjektu pasiboek, zergaren
aitorpena aurkezteaz batera, dagokion zerga zorra kalkulatu behar dute, eta bai
erregelamendu honetan eta bai Ogasun eta Finantza Departamentuko foru
diputatuak hura garatzeko ematen dituen arauetan ezarritako lekuan eta eran
ordaindu.
2. Eskualdatutako ondasun eta
eskubide guztien balioa adierazi behar da autolikidazioan.
Eskuratzaile guztien autolikidazioak aurkeztu behar dira, haiek
guztiek adostasuna emanda. Hala ez bada, autolikidazio batengatik sartzen den
zenbatekoa autolikidazioa aurkezten duen subjektu pasiboaren konturako
ordainketa soiltzat hartuko da.
3. Erregelamendu honetan
ezarritako epeak igaro eta interesdunen batek autolikidaziorik aurkeztu ez
badu, Zerga Administrazioak hilabeteko epea emango dio, errekerimendua
jakinarazten den unetik aurrera, hura aurkezteko. Aurkeztu ezean, Zerga
Administrazioak ofizioz egingo ditu autolikidazioak, eskura dituen datuetan
oinarrituta, eta aplikagarri diren zehapenak ezarriko ditu.
4. Aurreko 2. apartatuan
xedatutakoa gorabehera, erregelamendu honen 46. artikuluan aurreikusitako
kasuetan, onartu egingo da ondasun edo eskubideen zati baten autolikidazio partziala
egitea.
40. artikulua. Autolikidazioa
aurkezteko epeak.
Subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztu eta, hala badagokie, zerga
zorra ordaindu behar dute, epe hauen barruan:
a) «Mortis causa»
eskurapenetan, eta bizitza aseguruen kontratuetan onuradun direnen kasuan,
epea sei hilabetekoa izango da, kausatzailearen heriotza egunetik aurrera edo
heriotzaren deklarazioak irmotasuna hartzen duenetik aurrera.
Epe hori bera aplikatuko da usufruktudunaren heriotzaren zain dauden
usufruktu eskurapenetan, jabaria «inter vivos» egintza bidez zatibanatua egon
arren.
b) Gainerako kasuetan, epea
hogeita hamar egun baliodunekoa izango da, egintza edo kontratua sortzen edo
egiten den egunaren biharamunetik aurrera.
41. artikulua. Aurkezteko
epeak luzatzea.
Hala ere, aurreko artikuluko a) letran ezarritako epea amaitu aurretik,
zilegi izango da «mortis causa» eskurapenei dagokien autolikidazioa aurkezteko
epea beste sei hilabetez luzatzeko eskatzea.
Oinordekoei, albazeei edo oinordetzan utzitako ondasunen administratzaileei
dagokie luzapen-eskaera aurkeztea kausatzailearen heriotza agiriarekin
batera.
Luzapena automatikoki emango da, eta aurreko artikuluko a) letran
adierazitako sei hilabeteko epea amaitzen denean hasiko da kontatzen. Horrek
berekin ekarriko du autolikidazioa aurkezten den egunera arte sortutako berandutza
interesa ordaindu behar izatea.
Luzapenaren epea amaitu eta autolikidaziorik aurkeztu ez bada, 39.
artikuluko 3. apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.
42. artikulua. Epeak etetea.
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari lotuta dauden
zerga-egitateen egintza edo kontratuen inguruan auzia edo borondatezko
testamentu-epaiketa sustatzen bada, interesdunek haren berri eman behar diote
Zerga Administrazioari.
Aurkezpenerako ezarritako epearen barruan auzia edo borondatezko
testamentu-epaiketa sustatzen bada, autolikidazioa aurkezteko ezarrita dauden
epeak eten egingo dira, eta prozedura judizialari bukaera ematen dion behin
betiko ebazpena irmo den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen
berriro. Auzia edo borondatezko testamentu-epaiketa sustatzen bada
autolikidazioa edo, kasua bada, Zerga Administrazioak libratutako likidazioa
egin eta gero, ordainketa atzeratzea adostu daiteke zergaren foru arauak 37.
artikuluan xedatutakoaren arabera.
Artikulu honetan aipatzen diren epeak etetearen ondorioetarako,
dilijentzia judizialak ez dira auzigaitzat hartuko xede hau dutenean:
Testamentuak irekitzea edo horiek eskritura publiko bihurtzea, inbentarioak
osatzea herentzia inbentario-onuraren arabera onartzeko edo onarpenari buruz
deliberatzeko, tutorea, kuradorea edo defendatzaile judiziala izendatzea,
abintestatoa edo testamentu-epaiketa prebenitzea, oinordekoak deklaratzea
oposiziorik formulatu ez denean eta, oro har, borondatezko jurisdikzioan sartzen
diren jarduketak egitea auzi izaerarik hartzen ez dutenean. Orobat, ez da
etenaldirik izango legezko atzera-eskurapena edo doako justiziaren onura eskatzen
denean, ez testamentuaren edo abintestatoaren aurkako zorrak likidatzera
zuzendutako erreklamazioak aurkezten direnean, harik eta epaiketa unibertsala
hartzekodunaren eskariz sustatu arte.
Borondatezko testamentu-epaiketa sustatzeak epeak etenaraziko ditu.
Horiek berriro hasiko dira kontatzen zatitzeko eragiketak onartzen dituen
autoa edo, aurka egin bada, auziari amaiera ematen dion epaia irmo bihurtzen
den egunaren biharamunetik aurrera, edo, bestela, sustatutako judizioan
interesdun guztiek atzera egiten dutenetik aurrera.
Artikulu honen ondorioetarako, ulertuko da auzigaia demanda aurkezten
den egunean hasten dela.
Ondorio horietarako ere, testamentuaren edo eskualdaketa jasotzen duen
dokumentuaren faltsutasunari buruzko zigor prozedurak auzigaiekin parekatzen
dira.
Alderdi auzilariek sei hilabeteko epean uzten badiote auziaren
jarraipena eragiteari, auzia ekarri duen egintza edo kontratua autolikidatu
behar dute, nahiz eta horrek ez duen kenduko bidezko itzulketa jasotzea
baldin eta auzia behin amaituta egintza edo kontratua ondoriorik gabea dela
adierazten bada. Auzitegiek deklaratzen badute auzia sorrarazi duen instantzia
iraungi dela, epeak ez dira etengo, eta Administrazioak dagozkion zehapenak eta
berandutza-interesak exijituko ditu autolikidazioa aurkezteko arauzko epeak
amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Jarduketak eteten badira alde guztiak
ados jarri direlako, etendura eskatu den egunetik aurrera hasiko da berriro
kontatzen etendako aurkezpen epea.
Heriotzaren ondoriozko eskurapenetan, oinordekoak ezagunak ez badira,
herentziako ondasunen administratzaileek edo edukitzaileek, propio
ezarritako epeak amaitu baino lehen, autolikidazioa egiteko exijitzen diren
agiriak aurkeztu behar dituzte, oinordekoen zerrenda izan ezik; gainera,
arrazoi zuzen bat badagoela justifikatuz gero, etendura eskatu dezakete
autolikidazioa aurkezteko epean.
Zerga Administrazioak uste badu etendura ez dagoela justifikatuta,
behin-behineko likidazio bat egingo du kausatzailearen ordezkaritzaren
kargura, oinarri likidagarriari zergaren foru arauak arrotzen arteko oinordetzarako
ezartzen duen tarifa aplikatuta. Hala ere, sobera ordaindutakoa itzuliko da,
hala badagokio, oinordekoak zein diren ezagutzen denean eta horiek kausatzailearekin
zein ahaidetasun duten frogatzen dutenean.
43. artikulua. Autolikidazioa
aurkezteko eta ordaintzeko lekua.
1. Gipuzkoako Lurralde
Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduak aipatzen dituen entitate laguntzaileen
bitartez ordaindu behar da autolikidazioaren zenbatekoa. Hori egin ondoren,
zergapekoek hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu behar
diote Zerga Administrazioari.
2. Autolikidaziotik ez bada
ateratzen ordaintzeko zerga kuotarik, Zerga Administrazioan aurkeztuko da
zuzenean autolikidazioa, dagokion dokumentazioarekin batera.
3. Ogasun eta Finantza
Departamentuko foru diputatuak ahalmena izango du erabakitzeko nola aurkeztu
behar diren autolikidazioak bide telematikoz eta zein modutan ordaindu beharko
den, hala badagokio, haietatik datorren kuota. Orobat, arautu ahal izango du
nola aurkeztu behar den hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera
autolikidazioei erantsi beharreko dokumentazioa.
44. artikulua. Aurkeztu
beharreko agiriak.
1. Autolikidazioaren
zenbatekoa ordaindu ondoren, subjektu pasiboek zerga sortu duen egintza edo
kontratua dokumentatzen duen agiri notarial, judizial, administratibo edo
pribatuaren jatorrizko alea eta kopia soila aurkeztu behar dizkiote Zerga Administrazioari.
Agiri horretan zehaztuta etorri behar du zein den zergaren oinarri ezargarrian
sartutako ondasun edo eskubide bakoitzaren benetako balioa. Ondasun
higiezinak eskualdatzen direnean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren
ondorioetarako esleitutako erreferentzia katastrala eta zenbaki finkoa
adierazi beharko dira agiri horietan.
Horrez gain, honako dokumentazioa aurkeztu behar da:
A. «Mortis causa» eskurapenen kasuan, agiri hauek erantsiko
dira:
a) Kausatzailearen heriotza
agiria eta Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiria. Orobat, kausatzailearen
eta bere oinordekoen edota legatudunen nortasun agiriaren fotokopia atxikiko
da, non eta agirien zenbakiak ez diren ageri lehendik aurkeztutako dokumentu
publikoetan eta ez dagoen zertan aintzat hartu haien adina zein den. Gainera,
kausatzailearekiko ahaidetasun maila frogatu beharko da, familia liburua eta
bestelako egiaztagiriak aurkeztuta, ahaidetasuna mailarik urrunenekoa denean
izan ezik.
b) Testamentu xedapenak, halakorik
badago, edo horren ezean, oinordekoen deklarazioari buruzko testigantza.
Testamenturik gabeko oinordetzetan, oinordekoen deklarazio judiziala egin
gabe badago edo nabaritasun-aktarik eman ez bada, ustezkoen zerrenda bat
aurkeztuko da kausatzailearekin duten ahaidetasuna adierazita.
c) Kentzen diren zama, karga,
zor eta gastuen frogagiriak eta, hala badagokio, bai finantza-entitateetan
irekitako kontuen saldoei eta bai Burtsan kotizatzen ez duten entitate
juridikoetako kapital partaidetzen balio teorikoari dagozkienak. Ibilgailuen
kasuan, zirkulazio baimenaren eta fitxa teknikoaren fotokopia erantsi behar
dira.
d) Oinordetzan sartutako
ondasun higiezinak kausatzaileak eskuratzeko tituluaren frogagiria.
Horretarako, ondasun eta eskubideen eskritura publikoen fotokopia aurkeztu
beharko da, salbu eta agiri publikoak aurkeztu eta horietan ondasunen
deskripzioa eta titulua jasota ageri direnean.
e) Pertsona Fisikoen
Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak, abenduaren 18ko 137/2007 Foru
Dekretuaren bidez onartuak, ezgaitasun eta mendetasun mailak frogatzeko 67.
eta 68. artikuluetan aipatzen dituen ziurtagiriak.
B. Dohaintzetan eta «inter vivos» egindako kostu gabeko
gainerako eskurapenetan, hauek erantsiko dira:
a) Dohaintza-emailearen eta
dohaintza-hartzaileen nortasun agiriaren fotokopia, non eta agirien zenbakiak
ez diren ageri lehendik aurkeztutako dokumentu publikoetan eta ez dagoen zertan
aintzat hartu haien adina zein den. Gainera, kausatzailearekiko ahaidetasun
maila frogatu beharko da, familia liburua eta bestelako egiaztagiriak
aurkeztuta, ahaidetasuna mailarik urrunenekoa denean izan ezik.
b) Kentzen diren zama, karga
eta zorren frogagiriak. Ibilgailuen kasuan, zirkulazio baimenaren eta fitxa
teknikoaren fotokopia erantsi behar dira.
C. Aseguru kontratuetatik jasotako kopuruen kasuan, hauek
erantsiko dira:
a) Kausatzaileak hitzartutako
kontratuen ale bana, edo, aseguru kolektiboa izanez gero, aseguru-entitateak
emandako ziurtagiria, zenbat jasoko den eta onuradunak zein diren adierazi
behar duena.
b) Erregistro Zibilak
luzatutako heriotza agiria. Gainera, kausatzailearekiko ahaidetasun maila
frogatu beharko da, familia liburua eta bestelako egiaztagiriak aurkeztuta,
ahaidetasuna mailarik urrunenekoa denean izan ezik.
c) Onuradunaren eta kausatzailearen
nortasun agiria.
d) Aseguruaren polizan
onuradunak ez badira berariaz eta zehazki aipatzen legezko oinordekoengana
bidaltzen duelako, beharrezkoa izango da kausatzailearen testamentu-xedapenak
aurkeztea, halakorik bada, azken nahien ziurtagiriarekin batera. Testamenturik
ez badago, horren ordez, oinordekoak deklaratzen dituen auto judiziala edo
notario-akta aurkeztuko da.
D. Zergaren foru arauak 19. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusten
duen murrizpena aplikagarria denean, beharrezkoa da aurkeztea bai errolda
agiria eta bai bizikidetzarena, kasuan kasuko udalak eginak, etxebizitza
eskualdatu aurreko bi urteetan eskuratzailea kausatzailearekin edo doako
eskualdatzailearekin etenik gabe bizi izan dela frogatzeko; horrek ez du
eragozten bizikidetza frogatzea zuzenbidean onartuta dagoen beste edozein
bide erabilita.
2. Autolikidazioa aurkeztean
subjektu pasiboak salbuetsitzat hartzen badu eskurapena zergaren foru arauko
5.1 artikuluan xedatutakoaren babesean, agiri hauek erantsi behar ditu:
a) Nekazaritza gaietan
Gipuzkoako Foru Aldundian eskumena duen departamentuak luzatutako ziurtagiria.
Bertan titularra identifikatu behar da, eta jasota utzi eskualdatutako finka
Nekazaritza Ustialekuen Erregistroan inskribatuta dagoela.
b) Bai eskualdatzailea eta
bai eskuratzailea dagokien zentsu fiskalean alta emanda egotearen
frogagiriak.
c) Eskualdatzailea nekazaritza
jardueragatik Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotearen
frogagiria. Eskuratzailearen alta eskaera ere erantsi beharko da.
3. Ogasun eta Finantza
Departamentuko foru diputatuak ahalmena izango du erabakitzeko nola behar den
aurkeztu artikulu honetan zerrendatutako dokumentazioa, eta, orobat, erabaki
dezake bidezko irizten den beste edozein dokumentazio ere aurkeztu beharko dela
ondasun eta eskubideen balorazioa frogatzeko eta salbuespenak, murrizpenak eta
gainerako onura fiskalak aplikatzeko.
45. artikulua. Autolikidazioa tramitatzea.
1. Zerga Administrazioak
aurkeztutako agiri notarial, judizial, administratibo edo pribatua itzuliko
dio aurkezleari, bertan ohar bat jarrita diru sarrera egin dela eta kopia
aurkeztu dela frogatzeko. Diru sarrerari buruzko ohar hori kopian ere jarriko
da. Zerga Administrazioak beretzat gordeko du kopia hori.
2. Autolikidaziotik ez bada
ateratzen ordaintzeko zerga kuotarik, Zerga Administrazioak autolikidazioa
zigilatu eta ohar bat jarriko du jatorrizko agirian, interesdunen iritziz
zilegi den kalifikazioa jasotzeko; gero, aurkezleari itzuliko dio agiria, eta
bulegoan kopia soila gordeko da.
46. artikulua. Konturako
autolikidazio partziala.
1. Erregelamendu honen 39.4
artikuluan xedatutakoari jarraiki, «mortis causa» eskurapenetan, subjektu
pasiboek, aurretiaz denak ados jarrita, bat baino gehiago izanez gero, zilegi
dute zergaren autolikidazio partzial bat egitea kausatzailearen kredituak
kobratzeko, hark sortutako eta jaso gabeko hartzekoak eskuratzeko, edo
gordailaturik dauden ondasunak, baloreak, efektuak edo dirua eramateko. Gauza
bera egin dezakete egoera desberdin batean dauden beste ondasun batzuei
dagokienez, antzeko kasuetan autolikidazio partziala egitea justifikatzen
duten arrazoi nahikoak daudenean.
Autolikidazio partziala aurkezten duten subjektu pasiboek, geroago
autolikidazioa aurkeztu beharko dute eskuratu dituzten ondasun eta eskubide
guztiengatik, kapitulu honetan aurreikusitako moduan.
2. Autolikidazio partziala
egiteko, ondasunen balioari zergaren tarifa aplikatu behar zaio inolako
murrizpenik gabe.
3. Kapitulu honetan ezarritako
eran autolikidazio partziala aurkeztu eta, kasua bada, haren zenbatekoa sartu
ondoren, Zerga Administrazioari aurkeztu behar zaio hura, eta hari likidatutako
ondasunen zerrenda bat bi aletan erantsi. Zerrenda horretan ondasunak deskribatzeaz
gainera, haien balioa eta egoera adierazi behar dira, ordainketa egitea edo
ondasunak entregatzea zer pertsona edo zer entitateri dagokien azaldu, eta
zer tituluk frogatzen duen eskatzailearen edo eskatzaileen eskubidea
zehaztu. Zerga Administrazioak zerrendaren ale bat itzuliko du, aurkezpena eta
diru sarrera egin izanari buruzko oharra bertan jarrita.
4. Autolikidazio partzialaren
indarrez egiten den diru sarrera, dena delako herentzia oinordetzarengatik
gerora egitekoa den likidazioaren konturako sarreratzat hartuko da.
47. artikulua. Bizitza
aseguruen kontratuengatik errenta moduan jasotako diru kopuruei dagokien kuota
zatikatzea.
1. Zergaren foru arauak 38.
artikuluaren 4. apartatuan aipatzen dituen bizitza aseguruetan, onuradunek
errentaren uneko balioa sartu behar dute oinarri ezargarrian.
2. Erregelamendu honen 40.a)
artikuluan ezarrita dagoen epean, onuradunak zilegi du eskatzea bizi arteko
edo aldi baterako errentaren uneko balioari karga-tasa aplikatzetik ateratzen
den kuota zatikatzeko, betiere zergaren foru arauaren 19.4 artikuluan jasotako
kopuruak kenduta, hala badagokio.
3. Zerga Administrazioak hiru
hilabeteko epean jakinarazi behar dio zergadunari eskaeraren ebazpena, eta epe
hori beteta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera onetsi dela
ulertuko da.
Zerbait faltan duenean edo foru arauan zein erregelamendu honetan
ezarritako beharkizunak betetzen ez dituenean baino ezin daiteke ezetsi
eskaera.
4. Ordainketa zatikatuari
urtean zer diru sarrera dagokion kalkulatzeko, eragiketa hau egin behar da:
Zatikatzen den kuota zati errenta jasotzen den urte kopurua, aldi baterako
errenta bada, edo zati hamabost, bizi arteko errenta bada.
Zatikapena onartzen duen ebazpenak ezarritako epeetan egin beharko da
urteko ordainketa zatikatua.
5. Erreskate eskubideaz
baliatuz gero, egin gabe dauden ordainketa zatikatu guztiak eskubide hori
baliatu ondorengo hogeita hamar egunen barruan egin beharko dira.
6. Errenta iraungitzen bada,
benetan jaso eta ordaindu zain dagoen urteko errentari dagokion ordainketa
zatikatua baino ez da exijituko.
II. KAPITULUA. PROZEDURA BEREZIAK
48. artikulua. Zerga-egitateen
presuntzioen inguruko prozedura.
Zerga Administrazioa jakitun bada zergaren foru arauko 4. artikuluan
aipatutako egitateetako bat gertatu dela, hain zuzen ere zergari lotutako
ondare gehikuntzak egoteari buruzko presuntzioak dakartzana, eta egitate
hori ez bada autolikidatu erregelamendu honetan ezarritako epeetan,
interesdunei jakinaraziko die zerga-egitatea gertatu izanari buruzko adostasuna
edo ezadostasuna adieraz dezaten, eta hamabost eguneko epean egoki irizten
dituzten alegazio, froga eta agiriak aurkez ditzaten.
Epe hori igaro ondoren, Zerga Administrazioak, espedientea ikusita,
bidezko den ebazpena emango du, eta, hala badagokio, gertatutzat jotzen
dituen zerga-egitateei dagozkien likidazioak egingo ditu.
49. artikulua. Herentzia
masari ondasunak gehitzeko prozedura.
Heriotzaren ondoriozko eskurapen baten autolikidazioa behin
aurkeztuta, Zerga Administrazioak egiaztatzen badu badirela ondasunak kausatzailearen
ondasunen inbentarioan aipatu ez direnak eta horiek zergaren foru arauko 11.
artikuluan edo erregelamendu honen 14tik 17ra eta 19. artikuluan jasotako
egoeretako batean daudela, jakinaren gainean jarriko ditu interesdunak, eta
hamabost eguneko epea emango die aipatu ez diren ondasunak kausatzaileak utzitako
ondasun-multzoari gehitzearen alde ager daitezen.
Interesdunek gehitze hori onartzen badute, egiten diren likidazioen
oinarri ezargarrian ondasun gehigarrien balioa sartuko da.
Baldin eta interesdunek, eman zaien epean, ondasunak gehitzeko
proposamena errefusatzen badute edo hari ez badiote epean erantzuten, Zerga
Administrazioak espediente bat irekiko du ondasunak gehitzeari buruz erabakitzeko,
betiere interesdunei hamabost eguneko epea emanda egoki irizten dituzten
alegazio, agiri edo frogak aurkez ditzaten. Epe hori igarota, erabakiko da
ondasunak gehitzea bidezkoa den edo ez.
Egoera horietako batean dauden ondasunak gehitzen dituen egintza
administratiboa errekurritu daiteke berraztertze errekurtsoa jarriz edo bide
ekonomiko-administratiboa erabiliz.
Bide administratiboa ondasunak gehitzearen alde amaituz gero, Zerga
Administrazioak bidezko diren behin-behineko likidazioak egingo ditu, hala
badagokio.
50. artikulua. Kausatzailearen
zorrak kentzeko prozedura zerga ordaindu ondoren agerian jartzen direnean.
Interesdunek egindako autolikidazioak ordaindu ondoren agerian jartzen
diren kausatzailearen zorrak kentzeko prozeduran erregela hauek hartuko dira
kontuan:
1.a.— Kendu gabeko zorrarengatik ordaindu den zerga-zatia berandutza
interesik gabe itzuliz egingo da kenkaria. Ordaindutako zenbatekoaren eta
autolikidazioa egitean zorraren zenbatekoa kendu balitz ordainduko zen
zenbatekoaren artean dagoen diferentzia, horixe izango da zerga-zatia.
2.a.— Interesdunek bidezko zuzenketa eskatu behar diote, idatziz,
Zerga Administrazioari, zorra badagoela edo zerga sartu ondoren zorra ordaindu
dela frogatzen duten agiriak ere erantsita.
3.a.— Zerga Administrazioak uste badu zorraren existentzia edo haren
ordainketa sinesgarriro frogatu dela, aldeko ebazpen batean lehen erregelan
aipatutako zerga-zatia itzultzeko eskubidea aitortuko du. Kontrako kasuan,
ezezko erabakia hartuko du, eta interesdunei halaxe jakinaraziko die, aurkez
ditzaketen errekurtsoak ere adierazita.
4.a.— Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko autolikidazioa
aurkezteko epea amaitu denetik lau urte igaro badira edo likidazio
administratiboak irmoak eta behin betikoak badira.
51. artikulua. Dohaintza-emailearen
zorrak kentzeko prozedura, dohaintza-hartzaileak ordaindu dituenean.
Dohaintza-emailearen zor bat hark dohaintzan emandako ondasunen
gaineko eskubide errealaz bermatuta badago, eta zor hori dohaintza-hartzaileak
ordaindu badu dohaintzari dagokion zerga sartu ondoren, erregela hauek aplikatuko
dira zor horri dagokion zerga-zatia itzultzeko:
1.a.— Ordaindutako baina dohaintzaren oinarri ezargarrian kendu
gabeko zorraren zerga-zatia hauxe izango da, alegia, ordaindutako zenbatekoaren
eta autolikidazioa egitean zorraren zenbatekoa kendu balitz ordainduko zenaren
arteko diferentzia.
2.a.— Lau urteko epean, autolikidazioa aurkezteko epea amaitzen den
egunetik aurrera kontatuta, interesdunak zuzenketa eskatu behar du idatziz,
eta zorra bere kontura ordaindu izanaren frogagiriak ere erantsi behar ditu.
3.a.— Zerga Administrazioak uste badu dohaintza-hartzaileak
sinesgarriro frogatu duela zorra ordaindu izana, aldeko ebazpen batean itzulketarako
eskubidea aitortuko du, berandutza interesik sartu gabe. Kontrako kasuan,
ezezko erabakia hartuko du, eta interesdunei halaxe jakinaraziko die, aurkez
ditzaketen errekurtsoak ere adierazita.
52. artikulua. Ondasunei
aplikatutako zerga itzultzeko prozedura, haien gainean Administrazioak eskuratze
eskubidea erabili duenean.
1. Foru Aldundiak erregela
hauei jarraiki erabiliko du zergaren foru arauko 18. artikuluan ezartzen den
eskurapen eskubidea:
1.a.— Zergaren organo kudeatzaileak ofizioz tramitatuko du
espedientea. Organo horrek, likidazioa irmo bihurtu ondorengo hilabetean, zerrenda
bat igorri behar dio Ogasuneko zuzendari nagusiari, bertan agerian jarrita zer
autolikidaziotan betetzen dituzten ondasunek edo eskubideek zergaren foru
arauko 18. artikuluan ezarritako beharkizunak. Eskuratu daitezkeen ondasun zehatzak
eta eskuratzaileen izena, helbidea eta gainerako zirkunstantzia pertsonalak
ere adierazi behar dira zerrenda horretan.
Zerrenda hori jaso ondorengo hilabetean, Ogasuneko zuzendari nagusiak
beharrezko txostenak eskatuko ditu eta, horiek ikusita, erabakiko du zein ondasunen
gainean erabiliko duen Foru Aldundiak lehentasunez eskuratzeko eskubidea, hori
guztia aurreko paragrafoan aipatutako likidazioak irmo bihurtu ondorengo
hirugarren hilabetearen barruan.
Espedientearen tramitazioa interesdunei jakinaraziko zaie, nahi badute
espedientean agertu daitezen eta egoki irizten dituzten alegazioak zein agiriak
aurkez ditzaten. Era berean, espedientea Jabetza Erregistrora, Merkataritzakora
edo Ondasun Higigarrien erregistroetara bidaliko da, ohar baten bidez jasota
utz dezaten dena delako ondasun edo eskubidearen gainean Administrazioak eskuratzeko
eskubidea erabili duela. Espedientea amaituta, bidezko ebazpena proposatuko
zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari.
Aurreko paragrafoan aipatu den lotura-oharra hura egin eta bi urtera
iraungiko da.
2.a.— Foru diputatuaren ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, eta
haren aurka hautazko berraztertze errekurtso aurkeztu ahal izango da,
administrazio prozedura erkidearen araudian xedatutakoari jarraiki.
2. Behin ebazpena emanda,
eskumena duen zerbitzuak espedientea tramitatuko du sobera ordaindutakoari
dagokion zerga-zatia interesdunari ofizioz itzultzeko.
Itzuli behar den zerga-zatia diferentzia honen emaitza izango da:
Ordaindutako zenbatekoa ken ordainduko zena Administrazioak likidazio osagarria
egiteko aintzat hartutako oinarrian balio egiaztatuaren ordez eskuratutako
ondasunarentzat interesdunak aitortutako balioa konputatu izan balitz.
Ondorio horietarako, eta aplikagarri den guztian, kontuan hartuko da
zer dioen II. tituluko V. kapituluan Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorra
administrazio bidean berrikusteari dagokionez garatzeko Erregelamenduak,
irailaren 26ko 41/2006 Foru Dekretuak onartutakoak.
III. KAPITULUA. ERREGISTROA IXTEA
53. artikulua. Erregistroa
ixtea.
1. Jabetza erregistroek,
merkataritza erregistroek, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak, ondasun
higigarrien gaineko hipoteken eta edukitzaren lekualdatu gabeko bahien
erregistroek, herri administrazioen menpeko kooperatiba erregistroek eta
ondasun higigarrien erregistroek ez dute agiririk onartuko, inskribatzeko edo
haien oharra hartzeko, baldin eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari
lotuta dagoen egintza edo kontratuari buruzkoa izanik, aldez aurretik ez bada
frogatzen Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion zerga ordaindu zaiola.
Salbuespen izango dira hipoteka-legerian ezarritako kasuak gertatzen direnean
edo Foru Aldundiak berariazko baimena ematen duenean.
2. Aurreko apartatuan
ezarritako ondorioetarako, ulertuko da zerga ordaindu izana frogatuta dagoela
dokumentuak ordainketaren frogagiria erantsita daramanean, eta harekin batera
ordainketa-gutuna edo autolikidazioaren alea Administrazioak behar bezala
zigilatuta aurkezten denean. Ale horretan, beharrezkoa izango da zerga ordaindu
dela agertzea, edo bestela esatea ez dagoela zergari lotuta edo salbuetsita
dagoela. Ordainketa frogatutzat joko da, zergaren autolikidaziotik ateratako
zorra geroratu edo zatikatzeko eskatu dela egiaztatzen denean.
3. Inskripzioaren albo-ohar
baten bitartez, erregistratzaileak jasota utzi behar du eskualdatutako
ondasun edo eskubideagatik bidezko likidazioa edo likidazioak ordaindu behar
direla. Autolikidazioagatik diru sarreraren bat egin bada, ordaindutako
zenbatekoa adieraziko da.
4. Oharra ofizioz egingo da,
eta eraginik gabea eta, ondorioz, deuseztatu beharrekoa izango da likidazioen
ordainketa-gutuna aurkezten denean, edo haiek ordaindu direla sinesgarriro
frogatzen denean beste edozein modu erabilita, eta edozein kasutan ere, oharra
egin denetik lau urte igaro ondoren.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Erregelamendu honen ondorioetarako, izatezko bikoteei egiten zaizkien
aipamenak izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen
arabera eratutakoei egindakotzat jo behar dira.